21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, erdi mailako tituludunaren lanpostuan eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, betiere Iruñeko Udaleko Ekonomiako Alorrean sortzen diren beharrak bete ahal izateko.

Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak, 2006ko urtarrilaren 23ko 18/PR ebazpenaren bidez, honako oinarri hauek taxutzen duten deialdia onetsi zuen:

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa._Aditzera ematen da deialdia egiten dela, erdi mailako tituludunaren lanpostuan eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, betiere Iruñeko Udalaren Ekonomiako Alorrean sortzen diren beharrak bete ahal izateko.

Prestakuntzarako izangaien zerrenda hau erabiliko da azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuko lehen xedapen iragankorrean aipatzen den zerrenda ezin bada erabili. Foru dekretu horren bidez apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena._Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko izatea, C, D edo E maila edo taldekoa.

b) Lanpostuan egiazki hiru urte eginak izatea, gutxienez ere.

c) Aukerako edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Enpresa zientzietako diplomatura izatea, edo Zuzenbidean, LADEn edo Ekonomian nahiz Enpresa Zientzietan haren parekoa denarena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.2. Baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta prestakuntzak diraueino.

Hirugarrena._Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

3.1. Hautapenerako ariketa teoriko edota praktiko bat eginen da, deialdiaren II. eranskineko gaien inguruko galdera bati edo batzuei erantzunez.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

3.2. Hautaproban 50 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

3.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Laugarrena._Prestakuntzarako izangaiendako deia.

Izangaiendako deia eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa indarra duen legerian ezarritakoaren arabera eginen da.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena._Eskabideak.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Merkatuko kalean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALetik bertatik hartuta.

Parte hartzeko eskabideetan izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Era berean, parte-hartzeko eskabideari erantsi beharko diote baldintza gisa eskatutako tituluaren fotokopia.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra ukatu gabe.

Zazpigarrena._Behin-behineko zerrendak. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren

iragarki oholean (Merkatuko plazan, Udaletxearen gibeleko aldean).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Zortzigarrena._Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haien gainekoa ebatzi ondoren, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena._Epaimahaia.

9.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Juan José Unzué Gaztelu jauna, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Ordezkoa: José Iribas Sánchez de Boado jauna, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: Iñigo Huarte Huarte jauna, Ekonomiako Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Julio Sucunza Azcona jauna, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Ernesto Tohane Eguíluz jauna, kontu-hartzaile delegatua.

Ordezkoa: Juan Bautista Labairu Elizalde jauna, kontu-hartzaile delegatua.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Nuria Larráyoz Ilundáin andrea, Ekonomia Alorreko idazkaria.

Ordezkoa: Pilar Muñoz Soria andrea, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko idazkaria.

9.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarririko arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatzen bada, aldaketa hori argitara emanen da, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

9.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

9.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdietako arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

9.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

Hamargarrena._Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

10.1. Behin proben kalifikazioa amaituz gero, epaimahaiak Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta proba egin den lekuan jarriko du prestakuntzarako zerbitzu berezietan lanean aritzeko probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Halaber, epaimahaiak Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dizkio oinarri honetan aipatzen diren zerrenda horiek, onets ditzan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

10.2. Puntuetan berdinketarik gertatuz gero, kasuan kasuko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da. Zozketa Lehendakaritzako Alorrean eginen da eta bertara deituko zaie ukitutako izangaiei.

Hamaikagarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 23an._Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ..................., adinez nagusia, NAN/nortasun agiria ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna) ............, naziotasuna ...................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza) ............, posta kodea/herria ..................., telefonoa ............, laneko telefonoa .......

Honako hau azaltzen dut:

Deialdian eskatzen den titulua badudala, eta hura ez dela oraingo jarduneko egoerarako dudan bera.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Onartua izatea erdi mailako tituludunaren lanpostuan eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian, Iruñeko Udalaren Ekonomiako Alorrerako, ........... eguneko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrika, 7-9, 31001-Iruñea).

Iruñean, 20...(e)ko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

Oharra._Eskabidearekin batera deialdian eskatzen den titulazioaren fotokopia ekarri.

II. ERANSKINA

1._Udal administrazioa. Udal organoak. Alkatea. Osoko bilkura. Gobernu Batzarra. Bestelako organo erabakitzaile eta informatzaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har.

2._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

3._Kontratazio administratiboa Nafarroan (I). 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa. Aplikazio eremua eta araubide juridikoa; Administrazioaren kontratuen xedapen amankomunak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioaren prerrogatibak.

4._Kontratazio administratiboa Nafarroan (II). Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak: kontratazio espedientea; kontratuaren prestaketa; pleguak. Interesatuen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna.

5._Kontratazio administratiboa Nafarroan (III). Adjudikatzeko prozedurak eta erak. Burutzea, formalizatzea eta jakinaraztea. Kontratuak betearaztea. Xedapen orokorrak; obra kontratuaren betearazpena. Kontratuen aldaketa. Kontratuen iraungipena: betetzea eta onarpena; suntsitzeko arrazoiak eta bere ondorioak.

6._Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Tributuez bestekoak: berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herrilurretako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bestelako prestazioak.

7._Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak.

8._Nafarroako toki ogasunen zergak. Lurraren gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

9._Harreman juridiko-tributarioa. Kontzeptua, izaera eta motak. Zergapeko egintza: kontzeptua eta motak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa eta zerga zorra.

10._Subjektu pasiboa. Tributuaren erantzuleak. Helbide fiskala. Tributu salbuespena. Tributu zorraren ordainketa: ordaintzeko bideak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa.

11._Tributuaren arloko likidazioak: kontzeptua, motak eta jakinazpenen araubidea. Tributuen arloko arau-hausteak: kontzeptua, izaera eta motak. Tributu zehapenak. Tributuen arloko zehapen prozedura.

Iragarkiaren kodea: L0601535