21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, erdi mailako tituludunen lanpostuetan eta aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, betiere Iruñeko Udalaren Ekonomiako Alorrean sortzen diren beharrak bete ahal izateko

Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak, 2006ko urtarrilaren 23ko 17/PR ebazpenaren bidez, honako oinarri hauek taxutzen duten deialdia onetsi zuen:

O I N A R R I A K

1. Deialdia egiten da hautaproben bidez erdi mailako tituludunen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalaren Ekonomiako Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatu beharreko izangaien zerrenda hau erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osatzen dena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aurretik, halako lanpostuan lan kontratupeko langile finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den pertsonarik ba ote dagoen; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

Izangaien zerrenda hau erabiliko da, orobat, B mailako beste lanposturen batean izan daitezkeen beharrei erantzuteko, betiere ez bada hartan aritzeko titulazio berezirik eskatzen.

2. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra eta adinez nagusi izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

b) Enpresa zientzietako diplomatura izatea, edo Zuzenbidean, LADEn edo Ekonomian nahiz Enpresa Zientzietan haren parekoa denarena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar diren gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren lehiakideek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua izenpetu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak dirauteino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira; hura Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan eskuratzen ahalko da, Merkatuko karrikan, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik hartuta, deialdia argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabideetan izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek eskatutako titulazioaren eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

3.2. Ezintasunen bat duten lehiatzaileek hura frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haien gainekoa ebatzi ondoan, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Kontrataziorako dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertzerakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7. Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Juan José Unzué Gaztelu jauna, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Ordezko mahaiburua: José Iribas Sánchez de Boado jauna, Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: Iñigo Huarte Huarte jauna, Ekonomiako Alorreko zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Julio Sucunza Azcona jauna, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Ernesto Tohane Eguíluz jauna, kontu-hartzaile delegatua.

Ordezko mahaikidea: Juan Bautista Labairu Elizalde jauna, kontu-hartzaile delegatua.

Mahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Nuria Larráyoz Ilundáin andrea, Ekonomia Alorreko idazkari teknikoa.

Ordezko mahaikide idazkaria: Pilar Muñoz Soria, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko idazkari teknikoa.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Lehendakaritza Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarririko arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatzen bada, aldaketa hori argitara emanen da, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

8.1. Hautaprobak ez dira hasiko 2006ko martxoa baino lehen. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpen berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

8.2. Hautapenerako ariketa teoriko edota praktiko bat eginen da, deialdiaren II. eranskineko gaien inguruko galdera bati edo batzuei erantzunez.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

8.3. Hautaproban 50 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.5. Hautaprobak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean hori eskatzen duten minusbaliatuendako.

9. Hautapen probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Probaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian proba gainditu duten izangaien zerrenda, osotara lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari zerrenda helaraziko dio, bai eta espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, Iruñeko Udaleko Ekonomiako Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatian ezarritakoa (Foru Komunitatean ezgaitasunak dituzten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 23an._Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Alorreko zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena ..................., adinez nagusi. NAN/nortasun agiria ............, Jaioteguna (urtea/hila/eguna) ..........., Jaioterria (udalerria, probintzia) ............, Nazionalitatea ..............., Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, etxebizitza) ..........., posta kodea/herria ........, telefonoa ............, sakelako telefonoa ..............

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

fMinusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek luzatua.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuan erdi mailako tituludunen lanpostuetan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian (.....eko .....: bon.ean, ...... egunean argitaratua) onartua izatea.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrika, 7-9, 31001-Iruñea).

Iruñean, 20...(e)ko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1._Udal administrazioa. Udal organoak. Alkatea. Osoko bilkura. Gobernu Batzarra. Bestelako organo erabakitzaile eta informatzaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har.

2._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

3._Kontratazio administratiboa Nafarroan (I). 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa. Aplikazio eremua eta araubide juridikoa; Administrazioaren kontratuen xedapen amankomunak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioaren prerrogatibak.

4._Kontratazio administratiboa Nafarroan (II). Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak: kontratazio espedientea; kontratuaren prestaketa; pleguak. Interesatuen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna.

5._Kontratazio administratiboa Nafarroan (III). Adjudikatzeko prozedurak eta erak. Burutzea, formalizatzea eta jakinaraztea. Kontratuak betearaztea. Xedapen orokorrak; obra kontratuaren betearazpena. Kontratuen aldaketa. Kontratuen iraungipena: betetzea eta onarpena; suntsitzeko arrazoiak eta bere ondorioak.

6._Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Tributuez bestekoak: berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herrilurretako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bestelako prestazioak.

7._Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak.

8._Nafarroako toki ogasunen zergak. Lurraren gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

9._Harreman juridiko-tributarioa. Kontzeptua, izaera eta motak. Zergapeko egintza: kontzeptua eta motak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa eta zerga zorra.

10._Subjektu pasiboa. Tributuaren erantzuleak. Helbide fiskala. Tributu salbuespena. Tributu zorraren ordainketa: ordaintzeko bideak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa.

11._Tributuaren arloko likidazioak: kontzeptua, motak eta jakinazpenen araubidea. Tributuen arloko arau-hausteak: kontzeptua, izaera eta motak. Tributu zehapenak. Tributuen arloko zehapen prozedura.

Iragarkiaren kodea: L0601534