21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2006 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Osasun kontseilariak emana, Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzen duena.

Osasun kontseilariak urtarrilaren 25ean emandako 9/1996 Foru Aginduak Nafarroako Txertaketen Batzorde Aholku-emaile Teknikoa eratu zuen, besteak beste honako lan hauetarako: txertaketa programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen laguntzeko, immunizazioaren bidez galaraz daitezkeen eritasunen egoera epidemiologikoa aztertuz, eta gaisotasun kutsagarriak kontrolatzeko osasun erakunde nazionalen eta nazionartekoen gomendioak kontuan hartuz. Batzorde horren lana da, bestetik, irizpide horien arabera, Foru Komunitateko txertaketen egutegia irizpide horietara egokitzea.

Osasun kontseilariak, azaroaren 5ean emandako 134/2003 Foru Aginduaren bidez, gaur egun indarra duen Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala onetsi zuen.

Nafarroako herritarren babespena C motako meningokokoaren kontra hobetzearren, Nafarroako Txertaketen Batzorde Aholku-emaile Teknikoak Osasun Departamentuari proposatu dio C motako meningokokoaren kontrako errefortzu-txerto konjugatuaren dosi bat jartzea hamabost hilabeteko haurrei.

Halaber, Nafarroako Txertaketen Batzorde Aholku-emaile Teknikoak aholku eman du, barizelak kutsatzen ahal dituen haurren kasuan, haren kontrako txertoa lehenago jartzeko, hau da, hamalau urteak betetakoan jarri beharrean, hamarrekin egiteko.

Bestetik, adoleszentzian sartzear dauden Nafarroako haurrei B hepatitisaren kontrako txertoa jaiotzean jarri zitzaien. Beraz, ez da beharrezkotzat jo oroitzapen-dosi hori txertaketen egutegian mantentzea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteren artean, Osasun Publikoaren arloa planifikatu eta antolatzeko eginkizunak. Esparru horretan sartzen dira osasuna babesteko jarduerak, hala nola Txertaketen Egutegi Ofizialean diren txertaketa sistematikoak.

Hori horrela, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak proposatuta,

AGINDU DUT:

1. Txertaketen Egutegi Ofizialaren aldaketa onestea. Eranskinean ageri da. Aldaketaren ondorioz, 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako ume guztiei C motako meningokokoaren kontrako txertoa jarriko zaie hamabost hilabeteak betetzean.

2. 2006ko bigarren hiruhilekoan, eskoletan barizelaren kontrako txerto-kanpaina egitea, 1992ko urtarrilaren 1etik 1996ko abenduaren 31ra bitarte jaio diren eta gaixotasun hori izan ez duten haurrei zuzendua. 1992an eta 1993an jaiotakoei bi dosi emanen zaizkie eta hurrengo urteetan jaiotakoei, berriz, dosi bakarra. Hurrengo urteetan, gaixotasun horren aurrekaririk ez duten eta hamar urte betetzen dituzten haurrei jarriko zaie.

3. Hamahiru urtekoen kasuan B hepatitisaren kontra egiten zen lehen txertoaldia bertan behera uztea.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Ahalmena ematen zaio Osasun Departamentuko zuzendari nagusiari jarraitu behar diren irizpide teknikoak emateko eta Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala behar bezala gara eta ezar dadin behar diren jarduketak egiteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da, maila bereko edo txikiagoko arauetan, foru agindu honetan xedatutakoaren kontra espresuki jotzen duen guztia.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 31n._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

E R A N S K I N A

T X E R T O A K A D I N A

HB (1), DTPa (2), Hib (3), VPI (4), McC (5) 2 hilabete

HB, DTPa, Hib, VPI, McM 4 hilabete

HB, DTPa, Hib, VPI 6 hilabete

TV (6) (7) McC 15 hilabete

DTPa, VPI,Hib 18 hilabete

TV, DTPa 6 urte

HB, DTPa, Hib, VPI, McM 4 hilabete

HB, DTPa, Hib, VPI 6 hilabete

TV (6) (7) McC 15 hilabete

DTPa, VPI,Hib 18 hilabete

TV, DTPa 6 urte

Td (8) 14 urterekin eta

10 urtean behin

VVZ (9) 10 urte

(1) HB: B hepatitisaren txertoa.

(2) DTPa: difteriaren, tetanoaren eta kukutxeztul azelularraren txertoa.

(3) Hib: b motako haemophilus influenzaeren txertoa.

(4) VPI: poliomielitisaren kontrako txerto inaktibatua.

(5) McC: C meningokokoaren kontrako txerto konjugatua. Hirugarren dosia aukeran, emandako txertoaren osaeraren arabera.

(6) TV: hiru birusen kontrako txertoa (elgorria, errubeola, parotiditisa).

(7) Arrisku bereziko egoeran 9 hilabeteetara aurrera daiteke.

(8) Td: tetanoaren eta difteriaren txertoa, helduendako.

(9) VVZ: barizelaren kontrako txertoa kutsa litezkeen pertsonendako, dosi bakarra.

Iragarkiaren kodea: F0601873