99. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1372/2005 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, honako instalazio proiekturako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena: "Comansa industria gas naturalez hornitzeko hartunea, Eguesibarko udal mugapean (Nafarroa)".

2005eko martxoaren 18an, José Daniel Barúa Odiagak, Gas Natural SDG, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, eskatu zuen Eguesibarko mugapean aipatu proiektuko instalazioak egiteko administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Proiektua Julián Diez Gómez Bide ingeniariak erredaktatu du eta 2005eko martxoaren 11n ikus-onetsia (128980 zenbakia) eman dio Elkargo profesionalak.

Eskatzailea, Gas Navarra, S.A., administrazio baimen baten titularra da, Nafarroako zenbait udalerritan, besteak beste Eguesibarren, industrian erabiltzeko gas naturala hodi bidez banatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat. Xedapen horrek indarrik gabe utzi du Nafarroako Gobernuko Industria zuzendari nagusiak, uztailaren 21eko 597/1995 Ebazpenaren bidez, Enagas, S.A.ri eman zion administrazio kontzesioa, eta haren titulartasuna Gas Natural SDG, S.A. enpresak beretu du. Halaxe jakinarazi zitzaion Departamentu honi 99-08-19an, aipatu legeko 73. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat. Atal honetan aipatzen diren instalazioak egiteko administrazioaren baimenaren eskabidea sareak garatu eta hedatzeko zerbitzu publikoaren eginbeharretan oinarritzen da, kontzesio haren arabera ezarri baitziren eta hala xedatzen baita 34/1998 Legeko hamabosgarren xedapen iragankorrean.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Proiektu honetako banaketa adarra Papeles El Carmen, S.A. industria hornitzeko DN 4"-ko hartune adarretik abiatuko da, V-0 eta V-71.7 erpinen artetik. Lotura karga-hartune baten bidez eginen da bertan dagoen DN 4"-ko hoditik, eta horretarako 4" x 4"-ko T bat izanen da, eta jarraian 4" x 2"-ko murriztapen kontzentrikoa, nondik aterako baita DN 2"-ko adar berria, 3 metro luzekoa; DN 2"-ko balbula bat paratuko da kutxetan eta 2"-ko cap bat hartunearen azken muturrean.

Adarra altzairuzko hodia izanen da (API 5L gr. B), kanpotik polietileno estrusionatuz estalia eta hotz-estaldura zinta plastikoekin osagarrietan, pieza berezietan, eta obrako soldaduren estaldura, bai eta harkaitzen kontrako babesa ere beharrezkoa den eremuetan, eta babes katodikoa saihets-adarraren lotura mekanikoaren bidez, abiapuntuko sareak duen babes sistemaz baliatuta.

Diseinuko presioa 16 bar-ekoa eta diseinuko tenperatura 15 °C-koa. Aurreikusi den kontsumoa: 250 Nm³/h.

Aurrekontua hamabi mila eta hamaika euro eta laurogeita hemezortzi zentimokoa da (12.011,98 euro).

Industria Segurtasuneko Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean paratu baitu, 2005eko maiatzaren 18ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen, 2005eko 69. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 10ekoan, eta Eguesibarko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuz; arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Gas Natural SDG, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintza-orria. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Gas Natural SDG, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, ondoko instalazioen proiektua gauzatzeko: "Comansa industria gas naturalez hornitzeko hartunea, Eguesibarko udal mugapean (Nafarroa)".

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Natural SDG, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 240,24 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratzen ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien sare eta hartuneei buruz Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura).

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Laugarrena._Gas Natural SDG, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Bosgarrena._Baimen honek ez du erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Seigarrena._Industria Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia-eskatzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Baimentzen diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden legezko xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Natural SDG, S.A enpresak "Comansa industria gas naturalez hornitzeko hartunea, Eguesibarko udal mugapean (Nafarroa)" egiteko aurkeztu duen proiektua onestea, eta hura egiteko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta 2 hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egin eta lanak hasten diren egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen hau Gas Natural SDG, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko uztailaren 5ean._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0515895