99. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

96/2005 FORU DEKRETUA, uztailaren 4koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsia) eta fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua (maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsia) aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Urtarrilaren 12ko 4/2004 Foru Dekretuaren 1. artikuluko hirugarren eta laugarren idatz-zatiek kendu egin zituzten Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.1.28 eta 23.5 artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako salbuespenak.

Aldaketa horren bitartez, birziklatzen diren materialekiko eragiketa batzuei aplikatzen zitzaien salbuespena indargabetu zen eta araubide horren ordez beste bat ezarri; araubide berrian, halako transakzioetako enpresaburu edo profesional hartzailea da Zergaren subjektu pasiboa. Halaber, neurriaren eremu objektiboa handitu egin zen, zenbait zerbitzu eta produktu erdilanduekin egiten diren zenbait eragiketa barnean sartu baitziren. Azkenik, araubide horren aplikazioa produktuen ezaugarri objektiboei bakar-bakarrik lotu zitzaien. Hori horrela, 2004ko urtarrilaren 1az gero, abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 31.1.2 artikuluko c) letran aipatzen diren ondasun eta zerbitzuekin egiten diren eragiketa guztietan enpresaburu edo profesional hartzailea da eragiketari dagokion Zergaren subjektu pasiboa.

Horren ondorioz, lehenbizi, jada ez du zentzurik martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 8 bis artikuluko arauak, arestian aipatu eragiketa horietako batzuei lehenago aplikatzen ahal zitzaien salbuespena garatzen duenak, eta beharrezkoa da arau hori indargabetzea.

Bigarrenik, arau berrien ondorioz, neurriaren eremu objektiboaren barneko eragiketak egiten dituzten enpresek jada ez diete Zerga bezeroei jasanarazten; beraz, ondasun eta zerbitzuak eskuratzean jasaten dituzten kuotak ezin dituzte Ogasun Publikoarengandik berehala berreskuratu, subjektu pasibo direneko kuota sorraraziak nahikoa ez izateagatik. Hori dela eta enpresek finantza-kostu handiak izan ditzakete. Beraz, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 20. artikuluak garatzen duen itzulketa bereziaren prozeduraren aplikazioa ezarri beharra dago. Halaber finantza-errentamenduko eragiketak itzulketa-prozedura berezi hori izan dezaketen eragiketen multzoan sartu behar dira, haietan ere enpresek finantza-galera izaten baitute, eskuraketari dagozkion kuotak jasaten dituztenetik eragiketako hartzaileari Zerga jasanarazten dioten arte iragaten den denboraren ondorioz.

Urtarrilaren 12ko 4/2004 Foru Dekretuaren 2. artikuluak testu berria eman zion 19/1992 Foru Legearen 28. artikuluko 3. zenbakiari. Horrela 19/1992 Foru Legea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legera moldatu zen. Izan ere, Konkurtsoari buruzko Legeak indarra hartu zuenean, 2004ko irailaren 1ean, porrotaren eta ordainketa-etenduraren prozedurak kendu egin ziren eta haien ordez hartzekodunen konkurtsoaren prozedura ezarri. 19/1992 Foru Legearen testu berria 22/2003 Legean ezarritako prozedurari lotzen zaio. Foru dekretu honen lehenbiziko xedapen iragankorrean arauak ezarri dira 22/2003 Legearen aurreko zuzenbideak arautzen dituen porrot edo ordainketa-etenduren prozedurei aplikatzeko.

Bestalde, 4/2004 Foru Dekretuaren 1. artikuluko 5. idatz-zatiak testu berria eman zion 19/1992 Foru Legearen 28. artikuluko 4. zenbakiari. Hartzaileak ordaindu ezik eragiketaren zerga oinarria gutxitzeko aukera ezarri zuen baita hartzailea partikularra den kasuetarako ere, zenbait baldintza betez gero.

Zerga oinarrian halako aldaketa egin ahal izateko, erregelamenduz ezarritako betekizunak bete behar direla dio 28. artikulu horretako 7. zenbakiak. Hain zuzen ere Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarri dira zerga oinarria kasu horietan aldatu ahal izateko betekizunak. Alabaina, aurreko bi lerroaldeetan esan bezala legezko arauari testu berria eman zaionez, beharrezkoa da Erregelamenduko artikulu horren testua berrikustea goian aipatutako aldaketetara egokitzeko.

Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zuen. Europako Kontseiluaren 2001eko abenduaren 20ko 2001/115/EE Zuzentarauaren transposizio-prozesuaren barnean onetsi zen foru dekretu hori. Zuzentarau horrek aldatu egin zuen 77/388/EEE Zuzentaraua, Balio Erantsiaren gaineko Zerga dela-eta fakturazioari ezarritako baldintzak erraztu, modernizatu eta harmonizatzeko xedearekin.

Erregelamendu horren 13. artikuluan fakturak edo ordezko agiri zuzentzaileak nola luzatu arautzen da. Arlo honetako erregelamenduzko arau berriek indarra hartu zutenetik, betetzen zailak direla egiaztatu da. Horregatik komenigarritzat jo da haien edukia argitzea. Agiri zuzentzaileek bete behar zituzten baldintzetako batzuk mantendu egin dira Erregelamenduaren testu berrian, baina hauxe argitu da: aipatu agiri horietan zuzenean adieraz daitekeela egindako zuzenketa, zeinua edozein dela ere, eta beraz, zenbateko negatiboa duten agiri zuzentzaileak luzatzen ahal direla.

Era berean egokitzat jo da fakturen erregistro idazpenak arautzen dituen manua berrikustea, alegia, erregistro idazpenen zuzenketa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 61. artikuluan arautzen dena, zein kasutan den bidezkoa argitzea.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko uztailaren lauko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretua aldatzea.

Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan, ondoren azaltzen diren artikuluak honela idatzita geldituko dira:

Bat. 8.bis artikulua kendu da.

Bi. 15. artikulua.

"15. artikulua. Zerga oinarria aldatzea.

1. Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan aipatutako kasuetan, subjektu pasiboak eragiketako hartzaileari beste faktura edo ordezko agiri bat eman beharko dio eta bertan zuzendu edo, hala behar denean, deuseztatu egin beharko du jasanarazitako kuota, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduak, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 13. artikuluan ezarritako moduan.

Zerga oinarria gutxitu ahal izateko edo, hala denean, eragiketako hartzaileak kendu behar dituen kuotak handitzeko, lehenago luzatutakoa zuzentzen duen agiria luzatu eta igorri behar da.

2. Zergaren kargapeko eragiketetako hartzailearen konkurtsoa deklaratzeko auto judiziala ematen denean, eta jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak osorik edo hein batean kobraezinak diren gainerako kasuetan, zerga oinarriaren aldaketa jarraian ematen diren arauei lotuko zaie:

a) Baldintza hauek bete beharko dira zerga oinarria aldatu ahal izateko:

1. Zerga oinarria zuzendu nahi zaien eragiketek behar diren garaian eta moduan fakturatuak eta hartzekodunak luzatutako fakturen liburuan idatziak izan behar dute.

2. Hartzekodunak zerga oinarrian egindako aldaketa jakinarazi beharko dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, hilabeteko epean, zuzenketa-faktura igortzen duen egunetik hasita, eta agerrarazi beharko du aldaketa hori ez dagokiela kreditu bermatu, fidantzatu edo aseguratuei, elkarri lotutako pertsona edo entitateen arteko kredituei, erakunde publikoek zordundu edo fidantzatutako kredituei edo Zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan eta Melillan establezimendurik ez duten hartzaileentzako eragiketei, Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan ezarritako eran.

Jakinarazpenari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

_Zuzenketa-fakturen kopiak. Zuzenketa-fakturetan zuzendutako fakturak zein egunetan luzatu ziren jarri behar da.

_Konkurtsoa badago, zerga oinarria aldatu zaien eragiketetako hartzailearen konkurtsoa deklaratzeko auto judizialaren kopia, edo Merkataritza Erregistroak konkurtsoa egiaztatzeko emandako ziurtagiria, hala behar denean.

_Kreditu kobraezinak badaude, hartzekoduna zordunari erreklamazio judizialaren bidez kreditua kobratzen saiatu dela frogatzen duten agiriak.

b) Eragiketetako hartzailea enpresaburu edo profesionala bada, hark Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi beharko dio hartzekodunak igorri dizkion zuzenketa-fakturak jaso izana, eta kuota zuzenduen zenbateko osoa jarriko du, baita, halakorik bada, kendu ezin diren kuotena ere, hurrengo lerroaldean aipatzen den aitorpen-likidazioa aurkezteko ezarritako epe berean. Betebehar hori ez betetzeak ez dio hartzekodunari zerga oinarria aldatzea galaraziko, betiere a) letran aipatutako baldintzak betetzen badira.

Aurreko letran aipatutako jakinarazpenaz gain, eragiketen zuzenketa-fakturak jaso diren aldiari dagokion aitorpen-likidazioan, aipatu hartzaileak kuota zuzenduen zenbatekoa jarri beharko du kendutako kuoten murrizketa gisa.

Hartzailea enpresaburu edo profesionala ez denean, Zerga Administrazioak eskatzen ahalko dio hartzekodunak bidaltzen dizkion zuzenketa-fakturak aurkezteko.

c) Hartzekodunen hitzarmena onesten bada, horrek ez du eraginik izanen aurretik zerga oinarrian egindako aldaketan.

3. Batasunaren barneko ondasun-eskuraketetan, eskuratzaileak zerga berezien itzulketa lortzen badu ondasunen bidalketa edo garraioa abiatzen den Estatu kidean, itzulketaren zenbatekoari dagokion heinean murriztuko da zerga oinarria.

Hala ere, ez da bidezkoa izanen Erregelamendu honetako 67. artikuluan aipatutako Batasun barneko eragiketei buruzko aitorpen laburtuan jarritako zenbatekoak aldatzea.

Sortutako kuotaren zenbatekoaren aldaketa itzulketa lortu den aldiari dagokion aitorpen-likidazioan agertuko da, subjektu pasiboak dagoeneko osorik kendu ez badu. Azken kasu horretan ez da bidezkoa izanen aitortutako datuak inola ere erregularizatzea."

Hiru. 20.1 artikuluari l) eta m) letra berriak erantsi zaizkio.

"l) Zergari buruzko Foru Legeko 31. artikuluko 1. zenbakiko 2. idatz-zatiko c) letran aipatutako eragiketak.

m) Kreditu entitateen diziplina eta esku-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen finantza-errentamenduko eragiketak."

Lau. 61. artikulua.

"61. artikulua. Erregistro idazpenen zuzenketa.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen diren erregistro idazpenak egiterakoan enpresaburu edo profesionalek akats materialen bat egiten badute, zuzendu egin beharko dute. Zuzenketa hori likidazio aldiaren amaieran egin beharko da. Idazpen bat edo idazpen multzo bat eginen da, likidazio-aldi bakoitzean sortutako eta jasandako Zerga zehazteko bide emanen duena, behin zuzenketa eginda.

2. Inbertsio-ondasunen kasuan, zuzenketak, ondasunak eskuratzeagatiko kenkarien erregularizazioari dagozkion heinean, inbertsio-ondasunen erregistro liburuan idatziko dira, kasuan kasuko ondasunari buruzko idazpenaren ondoan."

2. artikulua. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren aldaketa.

Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen fakturazio betebeharrei buruzko Erregelamenduan, ondotik aipatzen diren manuak honela idatzita geldituko dira:

Bat. 4.2. artikulua.

"2. Artikulu honetako aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, faktura luzatu beharra ezin izanen da tiketa emanez bete Erregelamendu honetako 2. artikuluko 2 eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan."

Bi. 13. artikulua.

"13. artikulua. Zuzenketa-fakturak edo ordezko zuzenketa-agiriak.

1. Zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu beharko da faktura edo ordezko agiri jatorrizkoak Erregelamendu honetako 6. edo 7. artikuluan ezarritako baldintzetako baten bat betetzen ez duen kasuetan.

2. Halaber, zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu beharko da jasanarazitako zerga kuotak gaizki kalkulatuta daudenean, edo Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan xedatutakoaren arabera zerga oinarria aldarazten duten inguruabarrak gertatzen direnean.

Alabaina, zerga oinarriaren aldaketa salgaien edo ontzi eta enbalajeen itzulketaren ondorioz egiten bada, hartzaile berari geroago egiten zaion beste hornidura batean, eta haiek eman ziren eragiketarengatik faktura edo ordezko agiria luzatu bazen, ez da beharrezkoa izanen zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatzea; aldiz, hornidura horrengatik luzatzen den fakturan edo ordezko agirian egiten ahalko da zuzenketa, itzulitako salgaien edo ontzi eta enbalajeen zenbatekoa geroagoko eragiketa horren zenbatekoari kenduz. Zuzenketa modu horretan egiten ahalko da eragiketa guztiei zerga tasa bera aplikatu behar zaienean, emaitza positiboa nahiz negatiboa izan.

3. Aurreko idatz-zatietan esandakoaren arabera zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria egitera behartzen duten inguruabarrak gertatu direla jakin bezain laster, zuzenketa-faktura edo ordezko zuzenketa-agiria luzatu behar duenak hala eginen du, salbu eta lau urte iragan badira Zerga sortu zenetik edo Zergari buruzko Foru Legeko 28. artikuluan aipatzen diren inguruabarrak gertatu zirenetik.

4. Faktura edo ordezko agiri berria luzatuz eginen da zuzenketa, eta bertan jarriko dira zuzendutako fakturan edo ordezko agirian dauden identifikazio-datuak. Hainbat faktura edo ordezko agiriren zuzenketa egiten ahalko da zuzenketa-agiri bakarrean. Betiere, zuzendutako faktura edo ordezko agiri guztiak identifikatu beharko dira. Hala ere, zerga oinarria aldarazten duen inguruabarra eragiketen kopuru handiagatik deskontuak edo hobariak ematea denean, hala nola Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena ematen duen gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izanen faktura edo ordezko agiri zuzenduak identifikatzea, aski izanen baita zein aldiri dagozkion zehaztea.

5. Zuzenketa-fakturek eta ordezko zuzenketa-agiriek hurrenez hurren Erregelamendu honetako 6. artikuluan eta 7. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, agiria zuzentzailea dela adieraziko da eta zuzenketa zergatik egin den azalduko da agirian bertan.

Zuzenketa-faktura luzatzen denean, Erregelamendu honetako 6. artikuluko 1. idatz-zatiko f), g) eta h) letretan aipatzen diren datuek egin den zuzenketa adieraziko dute. Bereziki, 6. artikuluko 1. idatz-zatiko f) eta h) letretan arautzen diren datuak zuzenketaren zenbatekoa zuzenean adierazten dutelarik jarri ahalko dira, zeinua gorabehera, edo bestela, zuzenketa egin ondoren geratzen diren moduan; kasu honetan ere zuzenketaren zenbatekoa adieraziko da.

Ordezko zuzenketa-agiria luzatzen denean, 7. artikuluko c) eta d) letretan aipatutako datuek egin den zuzenketa adieraziko dute, dela zuzenketaren zenbatekoa zuzenean adieraziz, dela zuzenketa egin ondoren geratzen diren moduan; azken kasu horretan ere zuzenketaren zenbatekoa adieraziko da.

Zuzenketa-agiria Zergaren jasanarazpenaren zuzenketaren ondorioz luzatzen bada eta horrek epez kanpoko aitorpen-likidazioa aurkeztera behartzen badu edo bidegabeko dirusarreren itzulketaren eskaera aurkeztuz gauzatzen ahal bada, zuzenketa-agirian adierazi beharko da eragiketak zein aitorpen-likidazio alditan egin ziren.

6. Bakar-bakarrik 1 eta 2. idatz-zatietan azaldutako arrazoiengatik luzatzen direnak hartuko dira zuzenketa-fakturatzat. Bereziki, lehenago luzatutako ordezko agirien ordez luzatzen diren fakturak ez dira zuzenketa-fakturatzat joko baldin eta behinola luzatu ziren ordezko agiriek Erregelamendu honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte."

Hiru. Xedapen iragankor bakarra, 2.a) idatz-zatia.

"a) Martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuko 2.1 artikuluko d) letrarekin bat etorriz Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako baimenak, fakturarik ez luzatzekoak."

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zerga oinarriaren aldaketa konkurtso prozeduretan

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapeko eragiketei dagokien zerga oinarria aldatzen den kasuetan, hartzaileak ez baditu ordaindu jasanarazitako kuotak eta, eragiketaren sortzapenaren ondoren, ordainketa-etendura tramiterako onartzeko probidentzia judiziala edo hartzailearen porrota adierazteko auto judiziala eman bada, arau izanen da martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 15. artikuluko 1 eta 2. zenbakietan xedaturikoa, foru dekretu honek indarra hartu bitarte, ordainketa-etenduraren edo porrotaren prozedura horiek Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen aurreko Zuzenbideari loturik egonez gero.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Zuzenketa-fakturen eta ordezko zuzenketa-agirien luzapena eta erregistro idazpenen zuzenketa

Foru dekretu honetako 1. artikuluko laugarren idatz-zatian eta 2. artikuluko lehen eta bigarren idatz-zatietan xedaturikoa 2004ko ekainaren 30etik aurrera luzatutako agiriei eta haien erregistro idazpenei aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei egun igarotakoan hartuko du indarra. Hala ere, foru dekretu honetako 1. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera Zerga sorrarazi behar zuten eragiketei soilik aplikatuko zaie.

Iruñean, 2005eko uztailaren 4an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0515954