27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

29/2005 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2005-2007 urteetarako Erlezaintza Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko 2005erako erlezaintzarako laguntzak ezartzen dituena.

Europako Kontseiluak, 2004ko apirilaren 26ko EE 797/2004 Erregelamenduaren bidez, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko neurriak hartzeko orotariko arauak ezarri zituen. Batzordeak, 200ko apirilaren 29ko EE 917/2004 Erregelamenduaren bidez, aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezarri zituen. Bi Erregelemanduetan hiru urtean behin programa nazionalak prestatzeko aukera aipatzen da. Programa horiek urtero aurkezten dira eta Batzordeak onesten ditu, erabaki baten bidez, Kontseiluaren EE 797/2004 Erregelamenduarekin bat. Arau horiekin bat, Europako Batasuneko Batzordeak onetsi zuen Espainiak 2005-2007 urteetarako aurkezturiko erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko urteko programa, 2004ko abuztuaren 25eko Erabakiaren bidez.

Erregelamendu horietan, gainera, FEOGA-Bermearen finantzaketa ere aipatzen da, dirulaguntzaren xede diren programa nazionaletan aurreikusten diren ekintzek sortzen dituzten gastuen ehuneko berrogeita hamar egiten ahal duena.

Horren ondorioz, martxoren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak eztiaren ekoizpena eta merkaturatzeko hobetzeko jarduerak bulatzeko laguntzak emateko araubidea ezartzen du eta Estatuaren finantzaketaren baldintzak zehazten. Xedatzen ere du Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hartu beharreko neurrien kostu osoaren ehuneko hogeita bost finantzatuko duela gehienez. Diru kopuru hori lurraldeen arabera banatuko da, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorreko 153. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Nafarroaren eta Estatuaren Hitzarmen Ekonomikoa dela eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Ministerioak ez du finantzatu gastu hori. Horregatik, Foru Komunitateak berak finantzatu beharko du hartu beharreko neurrien kostu osoaren ehuneko berrogeita hamar, gutxienez.

Beraz, bidezko da 2005erako laguntzak Nafarroako Foru Komunitaterako arautzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzera bideratutako jarduerak sustatzeko 2005. urterako laguntzak ezartzea Nafarroan.

2. artikulua. Dirulaguntzaren xede diren jarduera eta inbertsioak.

Kontseiluaren 797/2004 EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:

a) Prestakuntza eta laguntza teknikoa:

_Erlezainak prestatzea.

_Erlezainei laguntza emateko teknikariak kontratatzea.

_Zabalkunde teknikoa.

b) Varroosiaren kontrako borroka:

_Varroosiaren kontrako borrokarako erlezaintzako ADS sustatu eta sortzea.

_Varroosiaren kontra tratamendu kimioterapikoak egitea.

_Borroka biologikoko metodoak.

_Tratamenduko baldintzak hobetzea.

c) Transhumantzia arrazionalizatzea:

_Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.

_Trashumantzariako behar den ekipamenduan inbertitzea (maneiatzea eta garraioa).

_Trashumantziarako erlategien berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibila.

_Trashumantziako erlezaintzako praktika egokiak zabaltzea.

d) Eztiaren analisia:

_Erlezain taldeek analisi zerbitzuak kontratatzea.

_Eztiaren analisi fisiko eta kimikoa egiteko ekipamenduan inbertitzea.

e) Europako Batasuneko erleak ugaltzen laguntzeko neurriak.

_Nafarroako erle beltzen erreginak hazteko inbertsioak.

_Erle galduak ordezteko erlategiak erostea.

Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberica azpiespezieeen aleak joko dira Nafarroako erle beltztzat..

3. artikulua. Onuradunak.

1. Laguntza horien onuradun izan daitezke 2004ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden banakako erlezaintzako ustiategien titularrak.

2. Onuradun izan daitezke, halaber, nortasun juridiko propioa duten elkarte nagusienak, betiere, gehienbat aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Betiere, laguntzak Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena eman duten kideendako izanen dira bakarrik.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntzak honelakoak izan daitezke:

_Prestakuntza eta laguntza teknikorako % 95.

_Varroosiaren kontrako borrokarako % 90.

_Trashumantzia arrazionalizatzeko % 55.

_Eztia analizatzeko % 55.

_Europako Batasuneko erleak ugaltzeko % 75.

2. Laguntzak aurkezturiko gastuen zenbatekoaren arabera kalkulatuko dira, BEZa sartu gabe.

3. Laguntzak 2005erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik finantzatuko dira eta ezin gaindituko dute "Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea" izeneko 711001-71310-4700-412205 kontusaileko dirua, alegia, 50.000 euro.

5. artikulua. Laguntzen kontzesioa.

Laguntzak ematerakoan kontuan hartuko da lehentasunen hurrenkera hau:

1. Erlezainen elkarteen eskaerak. 2.

Beste eskabideetan, gazteena lehenetsiko da.

6. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

1. Laguntzarako eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusten diren beste erregistro administratiboetan. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titularra eta pertsona fisikoa edo juridikoa denean:

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

b) Eskatzailea ekoizleen elkarte bat bada:

_Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ezik.

_Laguntzaren xede den jardueran aritzeko erabakiaren ziurtagiria.

_Erakundea osatzen duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: helbidea, IFZ/IFK, erlategiko zenbakia eta bertako erlategien zentsua.

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

2. Eskabideak aurkezteko epea 2005eko martxoaren 31n bukatuko da.

7. artikulua. Ebazpena.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar den ebazpena emanen du, aurkezturiko agiriak eta luzaturiko txostenak ikusirik.

2. Sei hilabetekoa da administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik hasita. Epealdi horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, ezetsi egin zaiola pentsatu beharko du.

8. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru agindu honen bidez ezarririko laguntzak bateraezinak dira beste administrazio edo erakundeek, publiko edo pribatu, Espaniako edo atzerriko, helburu bererako emaniko dirulaguntzekin.

9. artikulua. Gastuen justifikazioa eta ordainketa.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek, jardueran aritu izanaren adierazpenarekin batera, aurkeztu beharko dituzte 2005eko irailaren 6a baino lehen 2004ko abuztuaren 31tik 2005eko abuztuaren 30a bitarte eginiko gastuen faktura eta agiriak.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak hartzen dituztenen betebeharrak:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onartu edo emandako dirulaguntzen gaineko egiaztapenak onartzea.

b) Helburu bereko beste dirulaguntza publikorik eskatuz gero, haien berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

c) Hartutako dirulaguntza kontabilitatean edo erregistro liburuan erregistratzea, indarra duen araudiaren arabera horretara beharturik egonez gero.

11. artikulua. Ikuskapenak, ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetako 3. artikuluan eskatzen diren betebeharrak eta 9. artikuluan ezarritako konpromisoak bete ezik, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, hala badagokio, zehapen batzuk ezarriko dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21., 27., 28. eta 30. artikuluek arautuko dituzte diru-itzulera, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan aipatzen dena izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Foru agindu honetan zehazten ez diren gaietan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak ekainaren 9an emandako 8/1997 Foru Legea aplikatuko da, haren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Bigarrena._Deialdi honen eta foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko otsailaren 21ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0503041