27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren txoko, biltoki eta etxeei 2005eko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak beste estatu batzuetan dauden nafar etxeekin lankidetza-harremanak izaten ditu, hango ekintzak bultzatzeko dirulaguntzen bidez, argitalpenak igorriz eta bestelako jarduera egitarauen bidez.

Nafar etxeek Espainiatik kanpo egiten dituzten jarduerak mantendu eta bultzatzeak interes soziala duela iritzirik, bidezko da nafar etxeei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat egitea, horrela kultur eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta bestelakoak finantzatzeko.

2005. urterako aurrekontu orokorretan badaude horretarako kontusail berariazkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden nafar etxeei eta haien federazioei 2005eko laguntzak emateko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako foru agindu honen eranskinean bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4810-144100 kontusaila: 65.609 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B00 kontusaila: 19.800 euro.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2005eko otsailaren 7an._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

E R A N S K I N A

Espainiatik kanpo dauden nafar etxeei laguntza emateko 2005eko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa: Laguntzak 2005ean izandako gastuak finantzatzeko erabiliko dira, helburu hauetarako hain zuzen:

a) Nafar etxeek edo haien federazioek dauden herrialdeetan, Espainian edo nafar etxeak dauzkaten beste herrialde batzuetan egiten dituzten kultur, kirol eta gizarte jarduerak.

b) Hizlarien, artisten edo artista taldeen ekitaldiak, joan-etorriak eta egonaldiak.

c) Entitatearen ohiko jardueraren, lokalen erabileraren, alokairuen ondoriozko funtzionamendu eta finantza-gastuak.

d) Nafar etxeen egoitzak eraiki edo hobetzeko lanak, baita egoitza janzteko gastuak, eta kultur, kirol edo gizarte jardueretarako ekipamenduen eta informatikako tresneriaren gastuak.

e) Egoitzatako edo beste instalazio batzuetarako lokalak edo lurrak erostea.

f) Nafar etxeek bultzaturiko kultura, hezkuntza edo laguntza proiektuak, beraiek eginak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuekin batera eginak.

g) Nafarren taldean premia larria duten pertsonei banakako laguntzak emateko planak.

Bigarrena: Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.

Hirugarrena: Laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:

_Jatorri, gai, interprete edo esanahiagatik Nafarroari lotutakoak diren kultur jardueren proiektuek lehentasuna izanen dute.

_Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.

_Halaber, lehentasuna izanen dute atzerriko nafar etxe batzuen arteko harremanak eta lankidetza dakarten kultur, kirol eta gizarte jardueren proiektuek.

Laugarrena: Egoitza Espainiatik kanpo duten nafar etxeak edo beren federazioak eska ditzakete laguntza hauek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nortasun juridikoko elkarte edo entitate gisa legez eraturik eta dagokien erregistro ofizialean izena emanik egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta sozialak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutakoa.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Erakundearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

f) Federazioen kasuan izan ezik, 30 bazkide aktibo eta kotizatzaile baino gehiago izatea.

Bosgarrena: Laguntza hauek hartzeko interesa duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusian:

a) Elkartea legez eratuta eta dagokion erregistro ofizialean izena emana dagoela azaltzen duen ziurtagiria.

b) Entitatearen estatutu indardunak (ez da beharrezkoa aurkeztea aurretik aurkeztu baziren, ordutik aldaketarik izan ez bada).

c) Kotizatzen duten bazkideen izenen zerrenda, entitateko buruak edo idazkariak ziurtatua.

d) Estatutuen arabera hautaturiko Zuzendaritza Batzordearen osaera, entitateko buruak edo idazkariak ziurtatua, zein egunetan eratu zen adierazita.

e) 2005erako gastu eta dirusarreren aurrekontu arrunt eguneratua.

f) Banku kontuaren zenbakia, titular bakarra entitatea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta kontuaren IBAN eta SWIFT direlakoak ere.

g) Foru agindu honen 1. arauko d), e), f) edo g) letren inguruko laguntzak eskatzen dituzten entitateek aurkeztu beharko dute, halaber, proiektu bakoitza azaltzen duen memoria bat, honakoak behintzat bilduko dituena:

_Proiektuaren motibazioa.

_Bere ezaugarrien azalpen zehatza.

_Gastuen aurrekontua.

_Aurreikusi den finantzabidea. Beste diru ekarpen batzuk, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz gain.

_Proiektua gauzatzeko egutegia.

Nafarroako Gobernuak bestelako finantzabiderik ez duten proiektuen parteak baizik ez ditu lagunduko diruz.

Agiriak aurkezteko epea 2005eko martxoaren 31n amaituko da.

Seigarrena: Nafarren etxe eta federazioek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen, iragarki, seinaleen euskarri eta abarretan, Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

Zazpigarrena: Eskabide horiek organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den, bai berehala emanen direnak, bai onetsi behar direnak, horretarako diru gehiago baldin badago.

Organo horretan Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua eta Izapide Administratiboen Bulegoko burua egonen dira.

Eskaerei buruzko txostena egin eta gero, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, laguntzak emanen dira, Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, aurrekontuan dagoen diruaren arabera, eta ukatu eginen dira arautegia betetzen ez dutenak edo aurrekontuko diru kopurutik kanpo gelditzen direnak.

Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak aurkeztuz. Faktura horiek 2005ean aurkeztuko dira, ahal dela ondoko bi epe hauetan: maiatzaren 31 baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da beste fakturarik onartuko.

Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakaria oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.

Zortzigarrena: Salbuespen gisa, dirulaguntza onartu ondoren horren erdia ordain liteke gastuak justifikatu baino lehenago, dirulaguntzak nori eman erabakitzen duen foru agindua onetsitakoan.

Entitateren batek aurten laguntzari uko eginen balio, edo horretarako kontusailetan dirurik gerdituko balitz, beste laguntza batzuk ematen ahalko lirateke, proposamena egiten duen organo kolegiatuak adostasun txostena egin eta gero.

Bederatzigarrena: Entitateek eska dezakete laguntza jaso duten programetako gastuen artean Espainian sortzen direnak (hegazkin txartelak, ordainsariak, argitalpenak, garraio-kostuak, e.a.) Nafarroako Gobernuak zuzenean ordain ditzala, horien zenbatekoa eman den dirulaguntzatik kenduta. Horrelako kasuetan, laguntza emateari buruzko foru aginduan zehaztuko da laguntza horren zein zati izanen den Nafarroako Gobernuak zuzenean ordaintzeko Espainian izandako gastuak.

Hamargarrena: Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4810-144100 kontusaila: 65.609 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B00 kontusaila: 19.800 euro.

Hamaikagarrena: Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Hamabigarrena: Deialdi honen arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0502596