135. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

287/2001 FORU DEKRETUA, urriaren 8koa, Castejongo Udaleko 29.791 metro koadroko herrilurraren onura soziala deklaratu eta haren desafektazioa onesten duena, ondoren Áridos Gamen S.L. enpresari saltzeko.

Castejongo Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio 29.791 metro koadroko herrilurraren desafektazioa onets dezala. Lursail horiek katastroko lurzati hauei dagozkie: 5. poligonoko 279, 280, 282, 294, 295, 296, 297, 300, 302, 304, 306 eta 307, denak La Sarda izeneko parajean.

Proposaturiko desafektazioaren xedea da lur horiek Áridos Gamen S.L. enpresari saltzea, lur horiek legar-hobi gisa baliatzeko, enpresak herrilurraren mugan dituen beste lurzati batzuekin batera.

Castejongo Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urriaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Castejongo Udaleko 29.791 metro koadroko herrilurraren onura soziala deklaratu eta haren desafektazioa onesten da. Lursail horiek katastroko lurzati hauei dagozkie: 5. poligonoko 279, 280, 282, 294, 295, 296, 297, 300, 302, 304, 306 eta 307, denak La Sarda izeneko parajean.

2. artikulua. Castejongo Udalari baimena ematen zaio desafektatutako lur horiek Áridos Gamen S.L. enpresari saltzeko, lur horiek legar-hobi gisa baliatzeko, enpresak herrilurraren mugan dituen beste lurzati batzuekin batera.

3. artikulua. Aipatu desafektazioaren onespena Castejongo Udalak gai honetaz onetsitako baldintza plegua hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua gauzatzen duen agiri publikoan eta, gero, Jabetzaren Erregistroko inskribapenean ere agertaraziko da

4. artikulua. Castejongo Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri beharko ditu, katastroko kartografia ofizialean agertuko da eta aldaketaren berri eman beharko zaie Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0110760