138. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

340/2000 FORU DEKRETUA, urriaren 23koa, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 73. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Zorra sortzea, baldin eta hori Foru Legearen bidez baimendu bada. Foru Lege horrek finkatuko du Zorraren gehieneko zenbatekoa.

Bestalde, 2000ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legearen 17. artikuluak baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari maileguak edo kredituak hitzartu edo Zor Publikoa jaulkitzeko, merkatuan diren ohiko baldintzetan, eta muga bakarra ezartzen du, alegia 2000ko abenduaren 31ko saldo biziak 2000ko urtarrilaren 1eko saldoa 2.872 milioi pezeta baino gehiagotan ez gainditzea.

1998ko abenduaren 17ko Euroa Sartzeari buruzko 46/1998 Legeak aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak onetsi zuen abenduaren 28ko 367/1998 Foru Dekretua, Espainiako Bankuko Konturako Idazpenen Zentralean erregistraturiko Nafarroako Zorra euroetan berrizendatzeko prozedura ezartzen zuena. Ondorio guztietarako, eurotan berrizendatzeko data 1999ko urtarrilaren 4a jarri zen.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako urriaren hogeita hiruko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Zorraren jaulkipena.

Nafarroako Zorraren jaulkipena xedatu da, 42.000.000 eurokoa, Nafarroako Zorraren bonoen 7. jaulkipena, mugaeguna 2000ko urriaren 18a zuena, hein batean berritzeko. Nafarroako Zorra, ondorio guztietarako, fondo publikoa da.

2. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Jaulkitzailea: Nafarroako Foru Komunitatea.

Instrumentazioa: obligazio arruntak -bakoitza 1.000 euroko balio izendunekoa-, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.

Jaulkipenaren prezioa: parean.

Korritu-tasa: korritu-tasa finkoa izanen da, eta bigarren mailako merkatuko antzeko aktiboen errentagarritasunaren arabera finkatuko da.

Amortizazioa: parean, jaulkitzen den egunetik hamabost urtera.

Korrituen ordainketa: urtero, urtea amaitutakoan.

Kotizazioa: Espainiako Bankuko konturako idazpenen Zentralean.

Zerga tratamendua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat korrituek sortu etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen lege arauteriaren arabera. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat ez da obligaziorik izanen ez kontura atxiki ez eta dirusarrera egiteko ere, abenduaren 30eko 371/1998 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aseguratzea: jaulkipenak erabat aseguratuta egon beharko du, harpidetza aldia irekitzen den egunean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Jaulkipen honetarako Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren esku uzten da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 73.4 artikuluan aurreikusitako korritu-tasa finkatzeko ahalmena.

Bigarrena.-Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren Foru Aginduaren bidez zehaztuko dira jaulkipenaren baldintzak, besteak beste, jaulkitzeko egunari, harpidetza aldiari eta korritu-tasari dagokienez.

Hirugarrena.-Ahalmena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako urriaren hogeita hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0010227