71. ALDIZKARIA - 1998ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 1998ko ekainaren 1ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Erlezaintzako Urteko Programa Nazionalaren barnean erlezaintzarendako laguntzak ezartzen dituena.

Europako Kontseiluaren 1997ko ekainaren 25eko 1221/97 (EE) Erregelamenduak eztiaren produkzioa eta komertzializazioa hobetzeko neurriak jartzeko arau orokorrak ezarri zituen, eta Batzordearen 1997ko azaroaren 20ko 2300/97 Erregelamenduak aurrekoa aplikatzeko xedapenak finkatu. Erregelamendu bien bitartez Erlezaintzari Laguntzeko Neurrietarako Urteko Programa Nazionalean aurreikusitako jarduketen kofinantzazio komunitarioa ezarri dira. Aipatu Programa 1998ko martxoaren 11n Europako Batzordeak hartutako erabakiaren bidez onetsi zen.

Urteko Programa Nazional honek FEOGA-Bermea entitatearekin batera finantzatuko diren laguntzen araubide bat eratu du, eztiaren produkzioa eta komertzializazioa hobetzeko, zeina arautegi oinarrizko gisa ezarri izan baita Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 1998ko maiatzaren 5ean emandako Aginduaren bitartez.

Oraingo honetan laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitatean arautuko dira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru Agindu honen xedea da eztiaren produkzioa eta komertzializazioa hobetzera bideratutako jarduerak sustatzeko 1998. urterako laguntza lerroak ezartzea Nafarroan.

2. artikulua. Laguntzen xede izanen dira ondokoetara bideratutako jarduerak:

a) Prestakuntza eta laguntza teknikoa:

-Erlezainei laguntza emateko zerbitzu tekniko espezializatuak kontratatzea.

-Zabalkunde teknikoa eta prestakuntza.

b) Varroasiaren kontrako borroka:

-Varroasiaren kontrako tratamendu kimioterapikoak edo biologikoak egitea.

-Tratamenduaren baldintzak hobetzea, erlauntzak aldatuz.

-Varroasia elkarrekin tratatzeko taldeak eratzea eta horrela funtzionatzea, eta gainera gaitz horrekin loturiko gaisotasunen osasun zainketa egitea.

c) Transhumantzia arrazionalizatzea:

-Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.

-Bertako erreginen hazkuntza, erlauntzak berritzeko.

d) Eztiaren analisia:

-Erlezain taldeek analisi zerbitzuak kontratatzea.

3. artikulua. 1. Languntzak honelakoak izan daitezke:

-Prestakuntza eta laguntza teknikorako % 90.

-Varroasiaren kontrako borrokarako % 90.

-Transhumantzia arrazionalizatzeko % 75.

-Eztia analizatzeko % 60.

2. Laguntzak ez dira aurrekontuetako baliabideak baino handiagoak izanen, 6.000.000 pezeta hain zuzen ere 1998an, 72120-4700-7151 kontusailaren, 28261-1 lerroaren kontura.

4. artikulua. Laguntza horien onuradun izan daitezke Foru Agindu honek indarra hartu baino urtebete lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Erlezainen Erregistroan inskribatuta dauden erlezaintzako ustiategien titularrak.

Onuradun izan daitezke, halaber, nortasun juridiko propioa duten elkarte nagusienak, beti ere, gehienbat aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira.

5. artikulua. Laguntzak ematerakoan kontuan hartuko da lehentasunen hurrenkera hau:

1.-Erlezainen elkarteen eskaerak;

2.-Gainerako eskaerak, eskatzailearen adinaren alderantzizko hurrenkeran.

6. artikulua. Laguntzarako eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira 1998ko uztailaren 1a baino lehen, ondoko agiriekin batera:

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titularra pertsona fisikoa edo juridikoa denean:

-Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

-Eskatzailearen NAN edo IFZ.

-Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

b) Eskatzailea ekoizleen elkarte bat bada:

-Entitatearen nortasun juridikoa justifikatzeko dokumentazioa.

-Jardueran, zeinetarako eskatzen baita laguntza, aritzeko erabakiaren ziurtagiria.

-Elkartea osatzen duten erlezainen zerrenda, ustiategien, zeinetarako eskatzen baita laguntza, erregistro zenbakia eta ustiategi bakoitzaren erlauntza kopurua.

-Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

-Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

7. artikulua. 1. Laguntzak 1998ko irailaren 1a baino lehen emanen dira, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada eskaera ezetsia izan dela ulertuko da.

2. Laguntzak kobratzeko, onuradunek, jardueran aritu izanaren adierazpenarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute irailaren 8a baino lehen:

-Izandako gastuen fakturak.

-Aldatu diren erlauntzak desegin izanaren egiaztapena, halakoetan Abeltzaintza Ataleko Albaiteroaren ikus- onespenarekin.

3. Beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu, nazional nahiz nazioarteko, batzuen dirulaguntzak lortzen badira, kontzesioaren ebazpena aldatzerik izanen da.

8. artikulua. Onuradunek laguntzak hartzeko baldintzak bete ez dituztela frogatzen baldin bada, edo ikuskapenetan laguntzen ez badute edo datuak faltsutzen badira, dirulaguntzak ukatu ahal izanen dira edo itzularazi, kasua bada.

9. artikulua. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuak kudeatu eta kontrolatuko ditu laguntza horiek. Kontrolak, gutxienez, Erlezaintzako Urteko Programa Nazionalaren Kontrolerako Planean ezarritakoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren batean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9805276