71. ALDIZKARIA - 1998ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

179/1998 FORU DEKRETUA, ekainaren 1ekoa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa aldatzen duena.

Irailaren 26ko 406/1996 Foru Dekretuaren bidez Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Denboraldi honetan izandako esperientzia dela-eta Departamentuaren Idazkaritza Teknikoaren antolaketan zenbait aldaketa sartzeko premia ikusi da, bereziki koordinazio administratiboaren eginkizunen arloan, eta horren ondorioz unitate organiko berak gaur egun esleituak dituen eginkizunak bereiztea komenigarria dela dirudi.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren batean egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Barne Araubideko Atala sortzea, Osasun Departamentuaren Idazkaritza Teknikoari atxikia. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Behar den guztia prestatzea Departamentuaren zerbitzu administratibo eta orokorrek funtzionamendu egokia izan dezaten.

-Departamentuaren zerbitzuen lan metodoak hobetzeko beharrezkotzat jotzen dituen erreformak proposatzea.

-Departamentuko informatika sarea eta aplikazioak kudeatu eta administratzea.

-Altzarien, ekipoen eta higiezinen konponketa eta mantenimendua kudeatzea.

-Askiespen eta konpultsa lanak antolatu eta, hala behar denean, exekutatzea.

-Departamentuko dokumentuen erregistro zerbitzua antolatu eta exekutatzea.

-Nafarroako Gobernuaren bilkuretarako espedienteen prestaketa administratiboa.

-Agintzen zaizkion zereginak burutzeko koordinazioa eramatea, horiek egiteko unitate antolatzaile desberdinek esku hartu behar badute.

-Idazkaritza Teknikoko beste unitateei laguntza ematea, lan handia dagoenean.

-Departamentuko idazkari teknikoari laguntzea hala eskatzen zaionean.

2. artikulua. Barne Araubidearen Atalean sartu dira egungo Barne Araubidearen Bulegoa eta Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa, zein bere eginkizunekin eta giza baliabide eta baliabide materialekin.

3. artikulua. Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atala hemendik aurrera Kudeaketa Ekonomikoaren Atala deituko da eta eginkizun hauek izanen ditu:

-Laguntza teknikoa eta administratiboa ematea Departamentuaren aurrekontuak prestatu, onetsi, aldatu eta betetzeko.

-Aurrekontuen arloan unitateei aholku ematea.

-Aurrekontuen inguruko kudeaketa eta exekuzioaren gaineko informazio eguneratua eta iraunkorra prestatzea.

-Idazkaritza Teknikoaren kontratazio espedienteak tramitatzea.

-Dirusarrera eta gastuen kudeaketarekin zerikusirik duten eragiketen kontrola, jarraipena eta barne kontabilitatea.

-Departamentuko Zerbitzu Zentralen fondo libratuak, justifikatu beharrekoak, kontrolatu eta gainbegiratzea.

-Material suntsigarri eta inbentariagarriaren erosketa tramitatzea eta burutzea, ekipo informatikoena salbu.

-Departamentuko idazkari teknikoari laguntza ematea eskatzen zaion guztietan.

4. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalean sartzen dira egungo Kontabilitate Bulegoa eta Aurrekontuen Kontrolerako Bulegoa, beren giza baliabide eta baliabide materialen dotazioa eta guzti, eta egun dituzten eginkizunekin, non eta Foru Dekretu honekin bateraezinak ez diren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ekonomi eta Ogasun Departamentuak burutuko ditu Foru Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren aurrekontuetako aldaketa guztiak.

Bigarrena.-Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Hirugarrena.-Osasun kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak dikta ditzan.

Laugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A9805330