115. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

270/2006 FORU AGINDUA, abuztuaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Patxoi Nafarra zakur arrazari arrazaren eta lanen gaineko estandarra onartzen diona.

Herri baten gizarte, kultur eta ingurumeneko ezaugarriek bertako behar eta ingurunera egokitutako abere arrazak sortzea ekarri ohi dute. Patxoi Nafarra zakur arraza autoktonoa da, ospe handia zeukana, batez ere itxura gogorrekoa eta ingurunera ederki egokitutako ehiza zakurra zelakoz. Azken hamarkadetan, gizartearen aldaketengatik eta ehizarako beste zakur arraza batzuk sartzeagatik, haien kopurua murriztu eta iberiar peninsulan barreiatu egin ziren.

Egun arraza berreskuratu eta harmonizatzeko prozesuan dago eta, hortaz, beharrezkoa da morfologiaren eta lanen gaineko estandarra ezartzea arraza homogeneoa izan dadin. Halaber, arraza berreskuratzeko ezinbestekoa da hazleek arrazaren estandarrean oinarritutako hautatzeko eta berreskuratzeko planak izatea eta arrazaren genealogia liburua sortzea.

"Patxoi Nafarra" zakur arraza Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Ministerioaren Arraza Komitean 2006ko ekainaren 21ean aurkeztu zen eta komiteak maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuaren zakur arraza espainiarren eranskinean sartzea erabaki zuen. Errege dekretu horrek arraza garbiko zakurren hazleen erakundeak edo elkarteak ofizialki onartzeko prozesua arautzen du.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena ikusirik eta aipatu den maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretua kontuan harturik, bidezkoa da "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren estandarra argitaratzea eta haren genealogia liburua ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren eta haren lanen gaineko estandarra onartzen da, I. eta II. eranskinetan adierazten den moduan.

2. artikulua. "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren genealogia liburua sortzen da, III. eranskinean heldu bezala.

3. artikulua. Arrazaren genealogia liburua bateratzeko eta genealogia liburuen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren genealogia liburua kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 14an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

"Patxoi Nafarra" zakur arrazaren gaineko estandarra

_Sarrera.

Arrazaren eredu honek "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren morfologiaren ezaugarriak bildu nahi ditu. Arraza horren egungo populazioak morfologia zehatza baldin badu ere, animalien zentsu mugatuaren egoera ikusirik, berreskuratu, kontserbatu eta hautatzeko programa bat gauzatu behar da.

_Jatorria.

Nafarroa (Espainia).

_Haien historiaren laburpen txikia.

Patxoi Nafarraren arrazaren berreskurapena azken mendeetan autore klasikoek aipatu izan duten Espainiako Zakur Erakuslearen (Old Spanish Pointer) jatorri zaharreko animalien bitartez egin da.

_Lan zooteknikoak.

Zakur erakuslea ehiza xeherako, ehizaki iledun zein lumadunetarako, edozein lur motatan moldatzen dena. Ehizan trostan ibiltzen da, modu ordenatuan eta ehiztariaren ondo-ondoan. Harekin bikote egiten erraza eta bere ehizatzeko modua "burutsua" izaten da. Otzana da eta gaitasun berezia dauka ehizakiak biltzeko.

_Arrazaren ezaugarriak.

.Zakurraren itxura orokorra:

Gorpuzkera sendoa du errektangeluan sartua, burua handia eta muturra indartsua eta karratua, hankak llabur antzean, enborra zilindrikoa eta uki gogorreko ilea eta itxura latzekoa. Arraza honetako animalia gehienak ilaje motzekoak dira, nahiz eta, batzuetan, ile luzeagokoak ere izaten diren, "zetatsuak" deiturikoak.

.Neurriak:

Soina/Soinkurutzerainoko altuera: soina luzeagoa soinkurutzerainoko altuera baino.

Bularraren sakonera/Soinkurutzerainoko altuera: gorputz enborrak ukondotik lurrerainoko altuera dauka, edo handiagoa.

Muturraren luzera/Buruaren luzera: oro har, muturra motzagoa da burezurraren luzera baino.

.Izaera eta portaera:

Otzana, lasaia eta argia. Taldekoia bai gizakiekin bai beste zakurrekin. Aske dagoenean lasterkari indartsua da, zaila eta, berez, ehiztariarekin batera, taldean, ehizatzea maite duena.

_Atalez ataleko ezaugarriak.

.Burua:

Handia, karratu antzean, burezur zabalekoa. Oro har, aurpegiaren luzera motzagoa izaten da burezurrarena baino.

.Burezurraren aldea.

Burezurra: zabala, kopetako sinuak ederki markatuak, burezurreko ildoa sakona du, burezurra bitan banatzen duena muturreraino. Stop nabarmenekoa.

.Aurpegia.

Sudurra: zabala, sudur zuloak handiak eta irekiak, aurreko profila zuzena. Zenbait zakurrek sudur puskatua edo bikoitza izaten dute. Ezaugarri hau autore klasiko gehienek aipatzen dute. Sudur puntaren eta muki mintzaren kolorea ilearena bera izaten da.

Muturra: zabala eta karratua. Burezurra bezain luzea edo motzagoa. Profila gehienetan zuzena, nahiz eta batzuetan sudur punta goratuxe egon daitekeen muturraren profilaren aldera.

Ezpainak: lodiak eta zintzilika, eta muturraren itxura karratuari laguntzen diote. Ongi pigmentatuak.

Matelezurrak/Hortz-haginak: matelezurrak sendoak, hortz-haginak osorik eta guraizeen gisara ixten dira.

Matelak: masailezurrek muskulu indartsuak dauzkate.

Begiak: handiak eta ia borobilak. Aurrealdera begiratzen dute. Ongi aldenduak. Gaztain eta ezti koloreen artekoak.

Belarriak: Eite altukoak eta txertatze zabalekoak begiaren lerroaren gainetik. Lodiak dira eta aurrealdera erortzen dira, borobilduak, zapalak eta zabalak behean eta beheko ertza ere borobildua. Zabaltzen direnean ezpain ertzetatik beheiti pasatzen dira.

_Lepoa:

Konbexu samarra, luzera ertainekoa, lodia eta oso gihartsua. Kokospe bikoitza, baina ez sobera handia.

_Soina:

Goiko lerroa: zuzena eta sendoa.

Soinkurutzea: luzea eta nabarmena. Lepoa oso ongi ezarria dago besagainetan.

Bizkarraldea: indartsua eta sendoa, oso gihartsua.

Gerrialdea: zabala, gihartsua eta malgua.

Zerra: zabala, luzea eta gihartsua, borobila eta inklinatu-eroria.

Bularra: hagitz zabala eta mardula, hanken artean tarte ederra dago. Sakona eta ongi jaisten da ukondoraino. Saihetsaldea borobila, zilindrikoa eta saihetsen arteko tarteak zabalak. Bularrezurra luzea.

Sabela: gutxi atzeratua.

.Buztana:

Lotune ertaina. Zuzena, lodia. Laxaturik dagoenean zerraren luzapen gisa erortzen da, eta ehizan batetik bestera mugitzen du alaiki. Ohitura izaten da luzeraren heren bat moztea.

_Gorputz-adarrak:

.Aitzinekoak.

Itxura orokorra: hezur sendoak. Ongi jarriak. Izaten ahal dira pixka bat ezkerrak diren zakurrak.

Besagainak: gihartsuak eta inklinazio egokikoak. Luzeak eta angelu eskapulo-humerala nahiko itxia daukate, 90º-tik hurbil.

Besoa: ez oso luzea, gihartsua, hezur sendo eta mardulekoa.

Ukondoa: zabala eta gorputzari itsatsia.

Besaurrea: gihartsua, inklinazio onekoa eta hezur sendokoa.

Karpoak: karpoaldea sendoa, bolumen ederrekoa.

Metakarpoak: motzak, sendoak, eta aldeetatik ikusirik inklinazio onekoak.

Aitzineko oinak: borobilak, behatzak arkuen gisara eta bildu-bilduak, irmoak, eta kuxin handiak eta gogorrak. Behatz-mamien eta azazkalen pigmentazioa ilearena bera.

.Gibelekoak.

Itxura orokorra: hagitz sendoak eta gihartsuak, belaunetan angelu ona daukatenak, ongi jarriak eta luzera ertaineko hezur-erradioarekin.

Izterra: hezur-erradioa ez dauka oso luzea. Erliebe markatuko gihar ederrak.

Belauna: angelu izter-tibiala nahiko itxia.

Hanka: luze samarra, gihartsua eta hezur sendokoa.

Belaunburua: zabala, gogorra, ongi angulatua eta lurretik hurbil.

Metatarsoa: hezur sendokoa, okerrik gabe eta ongi jarria.

Gibeleko oinak: borobilak, behatzak bildu-bilduak, azazkal zuzenak eta kuxin gogorrak, pigmentazioa ilearena bera dutenak.

_Mugimendua:

Ehizan, trosta zabalean ibiltzen da, harmoniaz eta kementsu.

_Azala:

Lodia, pixka bat eroria baina sobran izan gabe, toles berezi bat sortzen zaio eta kokospe bikoitza erakusten du. Gorputzaren zenbait tokitan finagoa izaten da (belarriak eta aurpegia) eta zainen sarea ikusten da.

_Ilajea:

.Ilea:

Arraza honetako animaliek ile motza daukate, kizkurrik gabea, gogorra eta lakarra. Umealdi batzuetan ile luzeagoko animaliak jaiotzen dira eta "zetatsu" erraten zaie. Hauek gorputz muturretan izaten dituzte ile luzeak eta ilajea ukitzean leunagoa izaten da ile motzeko zakurrena baino.

.Kolorea:

kolore ohikoenak zuria eta laranja kolorea, zuria eta gaztain kolorea, zuria eta beltza eta zuria eta gibel kolorea izaten dira, eta alde zurian beste kolorearen orbanak eta tantoak izaten dituzte. Hala ere, beste kolore batzuetakoak ere onarturik daude: kolore bakarrekoak, bikoak, bai eta hirukoak ere.

_Tamaina eta pisua:

.Soinkurutzearen altuera:

48 cm gutxienez eta 60 cm gehienez, arraren batezbestekoa, goiti beheiti, 55 cm izaten da eta emearena 52 cm.

.Pisua: 20 eta 30 kg bitarte.

_Onartzea galarazten ez duten akatsak:

Guraizeen gisara egiten ez den ausikia.

Hortz-haginetakoren bat falta eta matelezurrak desitxuratuak.

_Onartzea galarazten duten akatsak:

karratuan gorpuztutako zakurrak, sobera luzeak edo proportzioak gordetzen ez dituztenak.

Gorpuzkera sobera arina.

Izaera oso bizia eta sobera asaldakorra.

Buru txikiak, estuak eta mutur punta-zorrotzak edo oso luzeak.

Ausikitzeko modua sobera prognatikoa (ezpaina) edo agnatikoa (goiko hortzak).

Belarri atipikoak.

Hankak sobera luzeak.

Saihetsaldea zapala, estua edo gutxi beheititua.

Kolore nabarrak.

Ektropiona-Entropiona

Animalia buztangabeak.

Monorkidoak edo kriptorkidoak.

II. ERANSKINA

"Patxoi Nafarra" zakur arrazaren lanen gaineko estandarra Lanen eta estiloaren gaineko estandarra

Patxoi Nafarra zakur erakuslea da, kontinental klasikoa, balioaniztuna, eta zaletasun eta adimen handikoa. Ehiztari porrokatua, bai ehizaki iledunena bai lumadunena. Gaitasun nagusiak zakur erakusle oso batenak ditu, bilatzen asmatzen duena, eskopetaren azpian ehizatzen duena, edozein lurretan eta edozein ehiza mota. Ehizakien berezko biltzailea da eta haren gaitasunak direla medio, ehizaki zaurituen harrapatzaile aparta da.

A._Ehizan izaten duen ibilera.

Patxoi Nafarra trostari hutsa da, ibilera bizkorrekoa, aurrera zuzen-zuzen egiten duena eta erritmo alaia eta iraunkorra eramaten duena. Buruak eta lepoak lerro horizontala egiten dute eta, ehizaren beharren arabera, kulunka aritzen da goiti, usnatzeko, eta beheiti, arrastoari jarraitzeko. Zakurraren mugimenduak eta ibilera aritu beharreko lurraren ezaugarrien araberakoak izanen dira. Oztoporik gabeko eremu zabaletan bizkor joaten da, urrats arin eta kementsuekin, betiere trosta utzi gabe, hura luzeagoa baldin bada ere. Mugitzen ari den zakurraren urrats luzeak behar du harmonikoa izan, elastikoa, lasterra eta zabala. Buztana horizontal eraman ohi du, edo pixka bat goititua edo beheititua, modu alaian, eta ehizakiaren hurbiltasuna mugimendu gehiagorekin adierazten du.

B._Ehiza bilatzeko modua.

Patxoi Nafarra zakur erakuslea da eta toki malkartsuetan dauka trebeziarik handiena. Ausarta da sastraketan aritzeko, langilea, metodikoa, xehetasun guztiei erreparatzen die, gogotsu eta alaia ehizan, erraz ikasten du eta, gehienetan, eskopetaren ondoan aritzen da. Patxoi Nafarrak eremu guztietarako balio du, trostaria, indartsua, toki zabaletan aireko arrastoa harrapatzeko eta toki itxi eta sasitsuetan arakatzeko gauza da, eta lur motaren, ehizakiaren eta ehiztariaren jarreraren eta distantziaren arabera moldatzen da.

Patxoi Nafarrak ehizan duen "adimenaz" baliatuz, ohartu egiten da ez dagoela ehizan bera bakarrik, ehiztariarekin baizik. Eskopetaren ondoan ehizatzen du taldeko lana dela ohartzen delakoz, eta horrela ikasten du ehizan eskarmentua hartzearekin batera. Izatez laguntzailea da eta antzinatik horretarako izan da prestatua, beraz, agudo ikasten du ehizatzen ehiztariarendako eta ehiztariarekin.

Patxoi Nafarrak aireko eta lurreko arrastoak harrapatzeko gaitasunak bateratzen ditu eta, eremuaren eta haizearen arabera, aukeran erabiltzen du sudurra lurrean arrastoa bilatu edo jarraitzeko edo goian haizea usnatzeko. Bilatzen ari denean, Patxoi Nafarrak bizia eta aktiboa behar du izan, kementsua. Arrastoen bila ari denean, haizearen norabidea kontuan hartu gabe ere lan egiten ahal du eta arrastoren bat harrapatzean ehiztariari ohartarazten dio. Usaimen zakurra denez, Patxoi Nafar onak ibilera mantsotzen du ehizakiaren susmoa hartzen duenean, burua bizkarreraino goititu eta mugimendu linealagoak egiten ditu. Mendi itxian gogor egiten du lan, basoberak, sastrakak eta zuhaixka eremuak urratu egiten ditu eta, erakutsiz gero, lahardiak ere bai. Lasai aski konbinatzen ditu ehiza buru-belarri bilatzea, lurraren gaineko gutizia eta eskopetari kasu egitea.

Zakur langilea da, saiatua eta zaletua, trostari hutsa, alaia, sendoa, serioa, fidatzeko modukoa, erakustaldi faltsurik egiten ez duena, agertarazpenetan kontrolatzen erreza. Ehizan behar den distantzia badaki gordetzen eta ehiztariari adi egoten da.

C._Erakustaldia.

Patxoi Nafarraren erakustaldia berezkoa da eta usnatzearen ondorioz ehizakiarengana hurbiltzean gertatzen da. Geldialdia ikusgarria da eta, maiz, zakurraren begiek ehiztariari ere begiratzen diote. Aitzinean burua goititua, buztana luzatua, gorputza eta giharrak tinkatuak. Patxoi Nafarraren erakustaldia hagitz horizontala da, gorputza luzatu egiten du eta gorputz-adarrak tolestu, zakurraren siluetak ehizakia seinalatuko balu bezala. Buztanak zurrun segitu behar du, mugitu gabe.

Zakurra ehizakia bertan dagoela ohartzen denean, estatua baten antzera geldi daiteke edo, gehienetan, "gida" hasten da ehizakiaren aldera, hankak tolestuak eta arreta osoa haren gainean. Zakur hauen kasuan gida erakustaldia bezain garrantzitsua da, helburua ehiztariari errreparaztea baita ehizakia altxatu eta tiro egiteko.

D._Ekartzea eta jasotzea.

Gauzak eramatea berezkoa du Patxoi Nafarrak txiki-txikitatik, ohitura natural baten antzera egiten du zakurkumea denetik. Arrazaren ezaugarria da arrastoa jarraitzeko gaitasuna, ezinbestekoa hegaletan zauritutako hegaztiak eta animalia iledun zaurituak jaso ahal izateko. Ongi ekartzen du edozein ehizaki, zuzenean eta ahoarekin indarrik egin gabe. Lan probetan ez du ehizakia mastekatu behar. Ehizakia eskura ekarriko du, baita pieza handiak ere, erbia kasu.

E._Ehizarako trebatzea eta izaera.

Patxoi Nafarra zakur otzana da, menderatzen eta entrenatzen erreza. Jabe bakarreko zakurra da, mantsoa, lasaia, jatorra, gogorra eta pairamen handikoa. Zakur emeak, denak, eta zenbait ar oso goiz hasten dira ehizan. Beste zakurrak ongi onartzen ditu, ez da liskarzalea, nahiz eta berea dena defenditzen duen eta, behar izanez gero, borrokatu ere egiten duen jatekoarengatik edo ehizakiengatik.

Ehizan beste zakurrekin batera aritzeko gaitasuna erakusten du. Ehizan beste zakur batzuekin batera aritzen denean ere, ahoa ez du gogortu behar eta ehizatzeko tartea gorde behar du.

F._Ehiza probak.

Liburua kudeatuko duen entitateak "Patxoi Nafarra" arrazako zakurrendako ehiza proba monografikoen erregelamendua prestatuko du. Erregelamendu horrek, gutxienez, ondokoak arautuko ditu:

Helburua.

Antolamendua, deialdia eta onarpena.

Antolamendu Batzordea.

Epaileak.

Parte-hartzaileak eta betebeharrak.

Egin beharreko proba motak.

Probak nola gauzatu eta animalien balorazioa.

Ehiza probetako kalifikazioa.

Parte hartzen duten animalien adinaren arabera, 3 proba mota daude. Izan ere, 5 eta 12 hilabete bitarteko zakurkumeendako Gaitasun Naturalen Test bat prestatuko da, 12 hilabete eta 4 urte bitarteko animaliei hautapen probak eginen zaizkie eta 4 urtetik goitiko helduekin lan probak eginen dira. Haietan animalien jarrerak, gaitasunak eta egintzak baloratuko dira eta alderdi bakoitzari puntuazio bat emanen zaio.

Erdietsi den puntuazioaren arabera, zakurrek bikain, oso on, on edo ez-gai kalifikazioa izanen dute.

MOTAK JARRERAK GAITASUNAK EGINTZAK

GNT.* zakurkumeak Prestutasuna Erakustaldia Tiro hotsa

5 eta 12 hilabete bitart. Bilatzea Gida Sasi artean ibili eta

bilatzea

Mugikortasuna Arrastoa Ehizakia eramatea

Ahoa gogortu gabe Estiloa

HAUTAPENA Estiloa Zaletasuna Bilatzea

12 hilabete eta Otzantasuna Haizeak Gelditzea

4 urte bitartekoak Distantzia Arrastoa Gidak

Trostaria Adimena Jasotzea

Ahoa Bizitasuna

Tipoa Gogortasuna

Neurria Erakustaldia

Jasotzea

LANEKOAK Estiloa Zaletasuna Bilatzea

4 urtetik goitikoak Otzantasuna Haizeak Gelditzea

Distantzia Arrastoa Gidak

Trostaria Adimena Jasotzea

Ahoa Bizitasuna

Tipoa Gogortasuna

Neurria Erakustaldia

Jasotzea

(*) Gaitasun Naturalen Testa.

G._Laneko akatsak.

Arrazaren gaineko ehiza probetan bikain kalifikazioa galdu daiteke arrazoi hauetako batengatik:

_Ibileran trosta maiz uztea _Erakustaldia erabat ez jarraitzea _Bilatzeko grina falta _Gidariari edo/eta ehiztariari kasu gutxi edo kasurik ez egitea _Ehizaki zauritu guztiak ez jasotzea _Basoberan eta sastraketan lan eskasa egitea _Ahoa sobera gogorturik erabiltzea.

Ez-gai kalifikazioa izanen dute:

_Ibileran lauhazka etengabe doazenak _Erakustaldirik egiten ez dutenak _Eskopetatik sobera urruti egoten direnak _Gidariari adi egoten ez direnak _Gidariari kasu egiten ez diotenak _Ahoa gogortu eta ehizakia zulatu edo txikitzen dutenak.

III. ERANSKINA

"Patxoi Nafarra" zakur arrazaren Genealogia Liburua

1._Genealogia Liburuan inskribaturiko animalien identifikazioa.

Animalien identifikazioa, nahitaez, larruaren azpiko transponder sistema baten bidez eginen da, ahal baldin bada lepoaren ezkerreko aldean. Identifikazio osagarri gisa, tatuajea ere erabiltzen ahalko da.

Transponderrek kode digital bat eramanen dute animaliak banan-banan eta bizi osorako identifikatuko dituztenak. Kode horiek datu base batean erregistratuko dira eta hartatik zakur bakoitzaren genealogiari, jabeari, produkzioei, indize morfologikoei eta abarri buruzko informazio guztiak erdiesten ahalko dira.

Patxoi Nafarraren genealogia liburua kudeatzeko baimena izanen duten entitateek, sei hilabetetik sei hilabetera, inskribaturiko zakurren datu basea eman beharko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

Kode horiek datu base batean erregistratuko dira eta hartatik zakur bakoitzaren genealogiari, jabeari, produkzioei, indize morfologikoei eta abarri buruzko informazio guztiak erdiesten ahalko dira.

2._Genealogia Liburuaren titulartasuna eta kudeaketa.

a) Patxoi Nafarra arrazaren genealogia liburua "Patxoi Nafarra" arraza garbiko zakurrak inskribatzen diren erregistroa, fitxategia edo sistema informatizatua da. Hartan datu batzuk bilduko dira: zakurraren aurrekoak, ondorengoak eta haren morfologiaren kalifikazioetan (fenotipoa), ugaltzaile gisa eta lan probetan izandako merezimenduak (baldin badira). Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua organo erantzulea eta eskuduna izanen da eta liburuaren kudeaketa delegatzen ahalko du aginte ahaldunak ofizialtasuna eman dion erakundean, maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuak, abenduaren 23ko 1557/2005 Errege Dekretuak eta haiekin bat heldu den legeriak ezartzen dutenaren arabera.

b) Horretarako, Patxoi Nafarraren genealogia liburua kudeatu nahi duten entitateek edo erakundeek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren onarpen ofiziala jaso beharko dute, maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuak, abenduaren 23ko 1557/2005 Errege Dekretuak eta haiekin bat heldu den legeriak ezartzen dutenaren arabera, eta genealogia liburua zuzen kudeatzeko baliabideak, baldintzak eta azpiegiturak baldin baditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak entitate edo elkarte horri ematen ahalko dio eginkizuna liburuaren kudeaketa eramateko.

c) Arrazaren genealogia liburua bateratzeko eta genealogia liburuen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Patxoi Nafarra" zakur arrazaren genealogia liburua kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

3._Patxoi Nafarraren Genealogia Liburuak honako erregistro hauek izanen ditu.

1. Atal Erantsia:

1.1. Jaiotzen Erregistroa (JE).

1.1.1. Jaiotzen Erregistro Laguntzailea (JEL).

1.2. Helduen Erregistroa.

1.2.1. Hasierako Erregistroa (HE).

1.2.2. Helduen Erregistro Laguntzailea (HEL).

2. Atal Nagusia.

2.1. Jaiotzen Erregistroa (JE).

2.1.1. Jaiotzen Erregistro Nagusia (JEN).

2.2. Helduen Erregistroa.

2.2.1. Behin betiko Erregistroa (BE).

3. Merezimenduen Atala.

3.1. Jaiotzen Erregistroa (JE).

3.1.1. Gaitasun Naturalen Testaren Erregistroa (GNT).

3.2. Helduen Erregistroa.

3.2.1. Hautapen Proben Erregistroa.

3.2.2. Lan Proben Erregistroa.

Animalia bat dagokion genealogia erregistroan inskribatu ahal izateko, titularrak edo legezko ordezkariak eskaera egin beharko du inprimaki normalizatuan eta foru agindu honetan ezarritako inskripzio irizpideak kreditatu ondotik.

Animaliak automatikoki pasatuko dira erregistro batetik bestera, arau hauetan ezarri den bezala.

Genealogia liburu honen erregistroak berresteko eta zakurren inskripzioak eta identifikazioak berme handiagoa izateko, liburua kudeatzen duten entitateek egoki derizten eginbideak eta ikerketak egiten ahalko dituzte beharrezko jotzen dituzten alderdi guztiak argitzeko, baita, ahaidetasuna frogatu behar izanez gero, aitatasun probak egiteko ere.

Arraza honen genealogia liburuak hiru atal izanen ditu: Atal Erantsia, Atal Nagusia eta Merezimenduen Atala, eta haietako bakoitzak erregistro batzuk izanen ditu.

a) Atal Erantsia:

Hemen inskribatzen ahal dira haien aurrekoen genealogia frogatzeko agiri gutxi edo agiririk ez daukaten zakurrak, baldin eta euren ezaugarri etnikoak direla medio arraza hobetzen laguntzen ahal badute.

Jaiotzen Erregistro Laguntzailea (JEL): hemen inskribatzen ahal dira aita-amak Hasierako Erregistroan edo bata Hasierako Erregistroan eta bestea Behin betiko Erregistroan dauzkaten zakur guztiak.

Hasierako Erregistroa (HE): hemen erregistratzen ahal dira aita-amak ezezagunak edo erregistratu gabeak dauzkaten 18 hilabete baino gehiagoko zakurrak, arrazaren berrespena pasatu ondotik.

Erregistro honen indarraldia mugatua izanen da, eta agintari eskudunek ezarriko dute.

Helduen Erregistro Laguntzailea (HEL): hemen sartuko dira Jaiotzen Erregistro Laguntzailean inskribatuak izan diren zakurrak eta 12 hilabeteetatik aitzina nahitaez arrazaren berrespena pasatu behar dutenak.

b) Atal Nagusia:

Arraza garbiko zakurrak inskribatzen ahal dira.

Jaiotzen Erregistro Nagusia (JEN): hemen izena emanen dute halako animaliak, baldin eta haien aita-amak, aitatxi-amatxiak eta birraitatxi-birramatxiak jadanik Arrazaren Genealogia Liburuan inskribaturik baldin badaude.

Behin betiko Erregistroa (BE): Jaiotzen Erregistro Nagusitik heldu diren animaliek, 12 hilabeteetatik goiti, arrazaren berrespena pasatu beharko dute Behin betiko Erregistro honetan inskribatu ahal izateko.

c) Merezimenduen Atala:

Atal honetan ehiza probak egin dituzten animaliak inskribatuko dira, erdietsitako puntuazioa eta probak noiz egin diren aipaturik. Zakurraren adinaren arabera, hiru erregistro hauetako batean sartuko da:

Gaitasun Naturalen Testaren Erregistroa: testa egin duten zakurkume guztiak inskribatuko dira.

Hautapen Proben Erregistroa: ehiza probak egin dituzten 4 urte bitarteko animalia helduak sartuko dira erregistro honetan.

Lan Proben Erregistroa: ehiza probak egin dituzten 4 urte baino gehiagoko animalia helduak inskribatuko dira.

4._Inskripzioa egiteko irizpideak.

Zakur hazleak 6 hilabeteko epea izanen du umealdiko zakurkumeak inskribatzeko.

1. Arraza garbiko zakurrak Jaiotzen Erregistro Nagusian inskribatzeko baldintzak:

a) Aita-amak, aitatxi-amatxiak eta birraitatxi-birramatxiak agintari eskudunek ofizialki onetsitako arrazaren genealogia liburuan inskribatuak izatea.

b) Estaltzea deklaratua izatea eta umealdiaren jaiotza gertatu eta hurrengo 30 eguneko epean jakinaraztea. Horretarako, aita-amen jabeek inprimakiak bete eta sinatu beharko dituzte eta kumeen kopurua adierazi.

c) Foru agindu honetan biltzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, jaiotakoan identifikatuak izatea.

d) Arrazaren estandarra eta gutxieneko baldintzak betetzea, foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Arraza garbiko zakurrak Jaiotzen Erregistro Erantsian inskribatzeko baldintzak:

a) Arrazaren estandarrari eustea.

b) Estaltzea deklaratua izatea eta umealdiaren jaiotza gertatu eta hurrengo 30 eguneko epean jakinaraztea. Horretarako, aita-amen jabeek inprimakiak bete eta sinatu beharko dituzte eta kumeen kopurua adierazi.

c) Foru agindu honetan ezarritako baldintzak beterik, jaio ondotik identifikatuak izatea.

d) Foru agindu honetan ezarritako baldintzak beterik, gutxieneko ezaugarriak izatea.

3. Zakur helduak Behin betiko Erregistroan edo Helduen Erregistro Laguntzailean inskribatu ahal izateko, arrazaren berrespena pasatu beharko dute. Azterketa langile adituek eginen dute, genealogia liburua kudeatzen duten entitateek horretarako propio izendaturik, ugaltzeko gaitasuna dutela eta transmititzen ahal den akats zootekniko edo psikikorik ez dutela egiaztatzeko.

Arrazaren berrespenean nahitaezkoa izanen da emaitza positiboa, zakurrei ugaltzeko aukera emateko eta sortuko liratekeen ondorengoak arrazaren genealogia liburuan sartzeko.

Genealogia liburuko inskripzioak leinuzko jarraitzaile gisa edo leinu-buru gisa egin daitezke. Azken kasu hori Hasierako Erregistroan inskribatu daitezkeen animaliei dagokie.

Iragarkiaren kodea: F0613858