126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

229/2022 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi publiko bat onesten baita diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko 2022-2023 ikasturtean. DDBN identifikazioa: 630035.

2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legeak 29.6 artikuluan ezartzen du hezkuntza-laguntza premia bereziak dituzten ikasleak edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako langileak eta diru baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko ekainaren 8an hartutako erabakiaren bidez, 5.274.000 euroko urte anitzeko gastua onetsi zuen hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenei arreta emateko langileak eta baliabideak esleitzeko deialdi publikoa finantzatzeko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatzen du 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoa onestea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi publiko bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2022-2023 ikasturtean, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko eta emateko, horri esker hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko, I., II. eta III. eranskinetan xedatutakoarekin bat.

2. Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 5.274.000 euroko gastua onestea, honela banaturik:

2.1. 4.545.000,00 euro “Hezkuntza premia bereziak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak” izeneko 410003-41600-4811-322402 partidaren kargura. Horietatik, 1.515.000 euro 2022ko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 3.030.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

2.2. 729.000 euro “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak” izeneko 410003-41600-4811-322403 partidaren kargura. Horietatik, 243.000 euro 2022ko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 486.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko ekainaren 10ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken kasu honetan, eta salbuespenez, gaztelaniazko zeinu-hizkuntzaren interpreteentzat eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleei hezkuntza-laguntza emateko espezialistentzat bakarrik) ikasleak dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza-laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko profesionalak izan ditzaten 2022-2023 ikasturtean.

Ikasle horiek hezkuntza sisteman aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa. Horretarako, lankidetza handia behar da irakasle espezialisten edo laguntzako irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Aniztasunari arreta emateko ohiko neurriak aplikatu ondoren emanen da laguntza hori, ikasleak eskolan integra daitezen; horretarako, metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliko dira, eta antolamendu eredu malguak, oinarrizko gaitasunen garapena ahalbidetuko dutenak (II. eranskina).

Hauek sartzen dira:

–Hezkuntza premia bereziak izateagatik (izan desgaitasun fisikoaren, intelektualaren edo zentzumenezkoaren ondorioz edo izan portaera-nahasmendu larrien ondorioz) edo ikasteko berariazko zailtasunak izateagatik hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak. Laguntza hori ondoko hauetan ezartzen da: Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 12. artikuluan eta Ikastearen nahasmenduarengatik eta arreta faltagatiko nahasmenduarengatik (hiperaktibatearekin) berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 2. artikuluan.

–Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren eta/edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapena dutenak (bi ikasturte edo gehiago). Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 23., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren ikasleak dira.

Nahitaezkoa da aurreko ataletan aipaturiko ikasleak EDUCA programaren kasuan kasuko erroldan egotea. Horretarako, jarraituko zaio EDUCA kudeaketarako programaren hezkuntza-laguntzako berariazko premien fitxa eguneratzeko gidan ezarritakoari. Ikastetxearen ardura da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuak edukitzea, ikuskatzeko eskatzen ahalko baitira, eta, orobat, ikasleak errolda horietan sartzen direnean familiei edo, hala dagokionean, legezko tutoreei horren berri ematea. EDUCAn agertzen ez diren ikasleak ez dira aintzat hartuko baliabideak banatzeko orduan.

Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta gela alternatiboetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.

Bigarren oinarria.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

1. Aipatu ezaugarrietako ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 5 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.

Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.

2. Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako bosgarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2022ko irailaren 30ean bukatuko da. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, eta leku beretan aurkeztuko.

Hirugarren oinarria.–Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

1. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe. Horrek ez du inolako lan harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.

2. Gainerako giza baliabideen –irakasle ez diren langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio ikastetxeko titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, kontratua aurkeztuko du, jarduera hastean, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean.

3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko dira ikastetxe itundu bakoitzerako ebazpen honen ebazpenaren ondorioz onesten diren baliabideak.

4. Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek aplikatu egin beharko dituzte Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak, hain zuzen, ebazpen honen 5. oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak eta itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak. Giza baliabidea emanen da baldin eta ikasleak ikastetxean jarraitzen badu eta baliabide horren beharra badago.

Laugarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.

1. Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten eta egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko langileak kontratatzekoa, 5.274.000,00 euro izanen da guztira gutxi gorabehera, eta partida hauen kargura ordainduko da:

1.1. 4.545.000,00 euro “Hezkuntza premia bereziak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak” izeneko 410003-41600-4811-322402 partidaren kargura. Horietatik, 1.515.000,00 euro 2022ko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 3.030.000,00 euro, 2023ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

1.2. 729.000,00 euro “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak” izeneko 410003-41600-4811-322403 partidaren kargura. Horietatik, 243.000,00 euro 2022ko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 486.000,00 euro, 2023ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

2. 2022-2023 ikasturterako, hasierako esleipenean, honenbeste laguntza-ordu banatzen ahalko dira gehienez, espezialitateen arabera:

a) 1068 eskola-ordu astean, pedagogia terapeutikoko irakasleek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

b) 472 ordu astean, Entzumena eta Hizkuntzako irakasleek Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan emateko.

c) 1268 ordu astean, desgaitasunak dituzten ikasleentzako zaintzaileentzat.

d) 5 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretazioko goi mailako teknikariarentzat.

e) 322 eskola-ordu astean, egoera soziokultural ahulean dauden eta bi ikasturte edo gehiagoko curriculumeko atzerapena duten ikasleentzako irakasleentzat, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako.

Espezialitate bakoitzerako onartutako orduen kopurua aldatzen ahalko da, betiere gastua, osotara, esleitutako kopurua baino handiagoa ez bada.

Bosgarren oinarria.–Aparteko deialdia.

Ordu kopuru bat erreserban utziko da, bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik irailaren 30era bitarte sortzen diren premia berriei erantzuteko. Ordu horiek III. eranskinean jasotakoaren arabera banatuko dira.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.

1. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroarekin koordinaturik, eskaerak berrikusiko ditu eta deialdi honen ondoriozko dirulaguntzen banaketa kudeatuko du.

2. Balorazio prozesuaren ohiko epea bukatu ondoren, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak baliabideen behin-behineko proposamena eginen du, eta Hezkuntzako zuzendari nagusiak behin-behineko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpenetarako. Ebazpen horren kontra alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezten ahalko dira, 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko ditu alegazioak, ikastetxearen izena adierazita.

3. Epe hori bukatutakoan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioak ebatziko ditu, eta errekurtsoak esleitzeko behin betiko ebazpen proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari.

Esleitzen diren giza baliabideekin arreta eman beharko zaie hezkuntza premiak dituzten ikasle guztiei, eta ikastetxearen eskumena da baliabide horiek antolatu eta kudeatzea.

4. Deialdi berezian aurreikusten diren erreserba-orduak (bosgarren oinarria) Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez esleituko dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak txostena berretsi ondoren, 2022-2023 ikasturtea hasi ondoren sortzen diren premia larrien arabera.

5. Erreserban dauden baliabide horiek agortzen ez badira behar berririk ez izateagatik, erreserban mantenduko dira ikasturtea bukatu bitartean sor daitezkeen beharretarako.

6. Nafarroako Gobernuak bere webgunean argitaratuko du behin betiko ebazpena, non ikastetxe interesdunek egiten dituzten erreklamazioen ondoriozko aldaketak sartuko baitira, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Emandako baliabideen erabilera honela justifikatu beharko da:

7.1. Sarrera horiek justifikatzeko, ikastetxeko titularrak Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko du, 2023ko uztailaren 15a baino lehen, langile osagarriek sinatutako adierazpen bat, egun horretaraino dagozkien soldatak kobratu dituztela dioena, baita ikastetxearen ziurtagiri bat ere, azaltzen duena ordaindu direla Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehaztuko direnak.

7.2. Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren berri izan dezan.

7.3. Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean zerga horren baliokide diren ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.

Hezkuntza-administrazioak ikastetxe itunduen laginketa bat eginen du, eta horretarako eskatuko eta berraztertuko ditu logopeden eta hezkuntza-laguntzako espezialisten nominak eta haiei egindako ordainketak.

8. Ikastetxeak behartuak daude 2022ko azaroaren 30a baino lehen jakitera ematera, EDUCA programaren bidez, hezkuntza premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik hezkuntza-laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orduak nola erabili diren.

II. ERANSKINA

Hezkuntza-laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orientabideak

Arrazoia edozein dela ere, eskolatze prozesua bitartean hezkuntza-laguntzako premia berariazkoren bat duten ikasleei arreta egokia eman behar zaie.

Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira proposatutako neurriei segimendua egiteko, betiere ikastetxeetan irakasle taldearen koordinazioa bultzatuz eta hezkuntzako inklusioaren printzipioa errespetatuz.

Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan berean planifikatuko dira. Besteak beste, antolaketa eta metodologia neurri hauek hartuko dira, elkarlana oinarri: talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle jartzea, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak...

Komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan beharrak dituzten ikasleekin esku hartzeko orientabideak:

–Haur Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek (EH) arreta berezia emanen diete, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleei. Haur Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza/EH arloko profesionalak eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrak arreta emanen diete atzerapen edo nahasmendu larriengatik hezkuntzan eta komunikazioan zailtasun handiak dituzten ikasleei, atzerapen edo nahasmendu horiek curriculumean sartzea eragozten dutenean eta ikasteko arazo larriak ekartzen dituztenean.

–Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarte, desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak izanik mintzamenean eta komunikazioan garapen funtzional bat lortu duten ikasleei dagokienez, mintzamenaren eta idazmenaren arloko premiei arreta ematea, batez ere, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen ardura izanen da.

–Irakurmenaren eta idazmenaren nahasmendua dagoen kasuetan, Lehen Hezkuntzan Entzumena eta Hizkuntza/EH arloko profesionalen eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistraren esku-hartzearen helburu nagusia izanen da irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea. Nahasmendu horren ondoriozko beste arlo batzuetan gertatzen diren curriculum atzerapenei heltzeko, ikastetxeak aniztasunari arreta emateko garatzen dituen beste neurri batzuk aplikatuko dira.

–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, eta ikasle berarekin profesional bat baino gehiago ez aritzea, bana-banako arreta beharrezkoa den kasuetan. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; ahal den guztietan, ohiko ikasgelan edo talde txikitan lan eginen da.

III. ERANSKINA

Aniztasunari erantzuteko baliabideak epe berezian berrikusteko prozesua

Baliabideen berrikuspena eska daiteke baldin eta, deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea ixten den egunean, eskaeraren xede diren ikasleak oraindik ez badaude EDUCA erroldan sartuak eta jarraian azaldutako irizpideak betetzen badituzte.

Baliabideak epe berezian eskatuz gero, eskabide-orriari orientazio txostenak erantsi beharko zaizkio:

9.–Berandu eskolatu den edo/eta egoera soziokultural ahulean dagoen ikaslearen txostena.

13.–PTko eta EHko baliabideak eskatzeko txostena.

14.–Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako zaintzaileen baliabidea eskatzeko txostena.

Pedagogia Terapeutikoa.

PTko baliabidea kasu hauetan berrikusiko da epe berezian:

1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak EDUCAren erroldan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Adimen desgaitasun larria edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra) edo adimen desgaitasun sakona (20-25etik behera).

–Disfuntzio oso larria mugimenean (mugimendua oso murriztuta badago).

–Desgaitasun sentsorial larria edo oso larria.

Gaur egun, EDUCAren egituran, loturiko bi ardatz adieraz daitezke bakarrik. Hori dela-eta, askotariko desgaitasuna arrazoitu behar izanez gero, hirugarren inguruabarra oharretan sartu beharko da:

Adibidez:

Ardatz nagusia: Askotariko desgaitasuna.

Loturiko 1. ardatza: Adimen desgaitasun larria edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra).

Loturiko 2. ardatza: Haurren garun-paralisia.

Oharrak: Hipoakusia oso larria (70 dBtik 90era bitartean).

2. Desgaitasun psikikoari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.

MATRIKULA OSOA, IKASTETXEAN

FAKTOREA

1 eta 50 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke

51 eta 100 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete)

101 eta 200 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete)

200 ikasle baino gehiago

Ezaugarri hauek dituzten lau ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 20 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek hiru ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete)

3. Desgaitasun sentsoriala (ikusmenarena, entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, baldin eta sarbide-egokitzapena badute eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badute, eta jokabidearen nahasmendu larria duten ikasleak. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle horien premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

Entzumena eta Hizkuntza.

EHko baliabidea kasu hauetan berrikusiko da epe berezian:

1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak (*ikus gorago eman definizioa).

2. Desgaitasun psikikoarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urteko edo gehiagoko curriculum atzerapena badute, eta/edo hizkuntzaren nahasmendu espezifikoaren diagnostikoa duten ikasleak, baldin eta bi urteko edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.

ZENBAT IKASLE IKASTETXEAN

FAKTOREA

1 eta 100 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke

101 eta 200 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete)

200 ikasle baino gehiago

Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete)

3. Desgaitasun sentsoriala (entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, (HE/CE) sarbide-egokitzapena eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badituzte. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle horien premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako laguntzako irakasleak.

1. Epe berezian, hezkuntza sisteman berandu sartu diren eta hizkuntza ezagutzen ez duten 6 ikasle edo gehiago hartu izana.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

Iragarkiaren kodea: F2208708