24. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2008 FORU DEKRETUA, otsailaren 11koa. Honen bidez Atezko Udalerriko Eguarasko Kontzejua iraungitzen da.

Eguarasko Kontzejuko 24 bizilagunek eskatu diote Nafarroako Gobernuari kontzejua toki entitate gisa iraungitzeko, eta kopuru horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran ezarritako gehiengoa osatzen du. Atezko udalak hori adierazten duen udal erabaki bat aurkeztu du, 2006ko urriaren 30ekoa.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 15eko 1285/2006 Ebazpenaren bidez, 2006ko abenduaren 8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, Atezko Udalari eta Eguarasko Kontzejuari entzutea eman zitzaien eta Kontzejuaren iraungipen espedientea jendaurrean paratu zen.

Jendaurreko eta entzunaldi epean Atezko Udalak alegazio-idazkia aurkeztu du, bertan 2006ko urriaren 30eko erabakiaren baieztapenak berretsi eta 2006ko abenduaren 18ko osoko bilkuran onetsitakoak eransten dira. Alegazio horiek guztiak, azpiegitura lanak egin direla eta, Eguarasko Kontzejuaren ordaintzeko zenbait betebeharrek udal ogasunean izanen dituzten ondorio ekonomikoei buruzkoak dira.

Erantzuna: Kontzejuen iraungitzea, bertako bizilagunen gehiengoak eskatua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.1.a) artikuluko agindua da, udalarendako izaten ahal dituen aldeko nahi kontrako ondorioak alde batera utzita, eskubide eta eginbeharren titulartasunaren ondorengotza unibertsala ematen baita, beraz, bidezko da alegazioa ezestea.

Iraungitze espedientea 2007ko otsailaren 16ko Lurralde Mugaketaren Batzordearen gaien zerrendan sartu zen. Eginbide berriak egiteko bertatik erretiratu zen. Hortik aurrera zenbait jarduera burutu dira, espedientean interesa duten alderdiek alegazioak eta idazkiak aurkeztu dituzte, bestalde, 2007ko maiatzaren 27an udal eta kontzejuetako hauteskundeak egin ziren, bertan espedienteari hasiera eman zitzaionetik Eguarasko bizilagunen gehiengoak kontzejua toki entitate gisa iraungitzearen aldeko borondatea adierazi du, beraz, bidezko da prozedura horren alde ebaztea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44.1.a) artikuluak xedatzen du Kontzejuak bertako bizilagun gehienek eskaera idatzia aurkezturik iraungitzen direla, Udalari entzun ondoren.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatiak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola kontzejuak iraungitzat jotzea, Lurralde Mugaketaren Batzordeak txostena eman ondoren.

Lurralde Mugaketaren Batzordeak, 2008ko urtarrilaren 31n, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Eguarasko Kontzejua iraungitzearen aldeko txostena eman du.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko otsailaren 11n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Atezko Udalerriko Eguarasko Kontzejua iraungitzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Eguarasko Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa egin eta Atezko Udalarenari gaineratuko zaio.

2. Eguarasko Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Atezko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den Kontzejuaren baliabide finantzario guztiak Udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Atezko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Nagusiari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, Eguarasko Kontzejuaren izena desagertaraziko da Nafarroako Toki Entitateen Erregistrotik.

4. Foru dekretuari Atezko Udalari, Eguarasko Kontzejuari eta eskatzaileei jakinaraztea. Aditzera ematen zaio haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko otsailaren11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F0802432