41. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

25/2005 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, Gerezko Kontzejua, Urraulbeiti Udalekoa, desagertzea erabakitzen duena.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren otsailaren 20ko 54/2002 Foru Aginduak, otsailaren 11ko 32/2003 Foru Aginduak, otsailaren 11ko 33/2003 Foru Aginduak eta apirilaren 22ko 119/2004 Foru Aginduak, hurrenez hurren, Nafarroako kontzejuek 2000ko, 2001eko, 2002ko eta 2003ko urtarrilaren 1ean zituzten biztanle kopuruak ofizial deklaratu zituzten.

Datu ofizial horien arabera, urtarrilaren batean Gerezko Kontzejuak 14 biztanle zituen 2000. urtean eta 11 baino ez hurrengo hiru urteetan. Beraz, kontzeju horrek hamasei biztanle baino gutxiago izan ditu hiru urtez segidan.

Toki Administrazioko zuzendariak, ekainaren 16ko 766/2004 Ebazpenaz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen 2004ko uztailaren 21ean (87. zk.), Gerezko Kontzejuari eta Urraulbeitiko Udalari entzunaldia ematea erabaki zuen, eta Kontzejua desagerrarazteko espedientea jendaurrean jartzea.

Jendaurrean egoteko eta entzunaldirako emandako hilabeteko epea bukatu da eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.b) artikuluak xedatzen du hamasei biztanle izatera iristen ez diren kontzejuak iraungi eginen direla.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriaren arabera, 44.1.b) artikuluan ezarritako zioarengatik iraungi egin behar dira hiru urtez jarraian hamasei biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak berak indarra hartu ondoren argitaratutako datuen arabera.

Lurraldea Mugatzeko Batzordeak, 2005eko urtarrilaren 20an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Gerezko Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta 2005eko otsailaren 14an izandako bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, Urraulbeiti Udaleko Gerezko Kontzejua desagertzea.

2. artikulua. Iraungitze honetan ondoko prozedura-arauei jarraikiko zaie:

1. Gerezko Kontzejuko ondasun guztien inbentarioa osatuko da, Urraulbeitiko Udalarenean sartzeko.

2. Gerezko Kontzejuaren kontuak likidatuko dira. Ordaindu gabe dauden obligazioak eta kobratu gabe dauden eskubideak Urraulbeitiko Udalaren aurrekontuetan sartuko dira, eta iraungitako Kontzejuaren finantza-baliabide guztiak Udaleko diruzaintzan sartuko dira.

3. Ondasunak, artxiboak eta zigiluak Urraulbeitiko Udalari ematearen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Toki Entitateen Erregistroko inskripzioa deuseztatuko da, urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz.

4. artikulua. Foru dekretu hau Urraulbeitiko Udalari eta Gerezko Kontzejuari jakinaraziko zaie eta ohartaraziko haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, eta aurretik errekerimendua egiten ahal diotela Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2005eko otsailaren 14an._Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria, Francisco J. Iribarren Fentanes._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0502728