76. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

220/2004 FORU DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Murillo-Berroiako Kontzejua, Erromantzatuko Udalekoa, desagertzea erabakitzen duena.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, maiatzaren 9ko 116/2001, otsailaren 20ko 54/2002, otsailaren 11ko 32/2003 eta otsailaren 11ko 33/2003 Foru Aginduen bidez, ofizialtzat jo zituen Nafarroako Kontzejuek 1999, 2000, 2001 eta 2002ko urtarrilaren 1ean, hurrenez hurren, zituzten populazio zifrak.

Datu ofizial horien arabera, Murillo-Berroiako Kontzejuko populazioa 15 bizilagunekoa zen data horietan. Beraz, hiru urtez elkarren segidan, hamasei bizilagun baino gutxiago izan ditu.

Toki Administrazioko kontseilariak, apirilaren 9ko 123/2003 Foru Aginduaren bidez, Erromantzatuko Udalari eta Murillo-Berroiako Kontzejuari entzunaldia eman eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean paratu zuen. Foru agindua 2003ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

Entzuteko eta jendaurrean egoteko emandako hilabeteko epea bukatu da eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1 b) artikuluak zuzenbideko hamasei biztanle izatera iristen ez diren kontzejuak iraungiko direla ezartzen du.

Arau horren 1. xedapen gehigarriak dioenez, 44.1 b) artikuluan ezarritako arrazoiaren bidez iraungiko dira hiru urtez segidan zuzenbideko hamasei biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak indarra hartu ondoren argitaratutako datuen arabera.

Lurralde Mugaketaren Batzordeak, 2004ko maiatzaren 18an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Murillo-Berroiako Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Hori horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Murillo-Berroiako Kontzejua, Erromantzatuko Udalekoa, desagertzea erabakitzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 44. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Murillo-Berroiako Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa egin eta Erromantzatuko Udalarenari gaineratuko zaio.

2. Murillo-Berroiako Kontzejuaren kontuak itxiko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Erromantzatuko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den Kontzejuaren baliabide finantzario guztiak Udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Erromantzatuko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazioari jakinaraziko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren ondorioak sor daitezen.

4. artikulua. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen du. Erromantzatuko Udalari eta Murillo-Berroiako Kontzejuari jakinarazi beharko zaie eta adierazi, haren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 31n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0408841