131. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

281/2001 FORU DEKRETUA, urriaren 8koa, Kasedako Udalerriko San Isidro del Pinarko Kontzejua desagertzea ebazten duena.

Kasedako Udalerriko San Isidro del Pinarko Kontzejuko auzo gehienek Kontzejua desagertzeko eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari eta Udal horren adostasun txostena ere aurkeztu dute.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak maiatzaren 23an emandako 353/2001 Ebazpenaren bidez (2001eko ekainaren 27ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 78. zk.a), Kasedako Udalari eta San Isidro del Pinarko Kontzejuari entzutea ematea erabaki zen eta Kontzejua desagertzeko espedientea jendaurrean jartzea.

2001eko ekainaren 25ean, Primitivo Viú Labiano jaunak, San Isidro del Pinarko kontzejuburua den aldetik, alegazio idazkia aurkeztu du eta Kontzejuak 2001eko ekainaren 19an hartutako erabakia oinarritzat harturik, hura desagertzearen kontra azaltzen da. Izan ere, espedientean dauden udal erroldaren datuak okerrak direla alegatzen du.

Udal erroldaren datuek Kasedako Udalaren idazkariaren ziurtagiria baitute, ulertu behar da haiek egia direla eta araudiak galdatutatako baldintzak betetzen direla Kontzeju horren desagerpena eskatzeko.

Jendaurrean egoteko emandako hilabeteko epea bukatu da eta ez da beste alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, bere 44.1 a) artikuluan, ezartzen du kontzejuak desagertuko direla baldin bertako auzo egoiliarren gehiengoak eskatzen badu, Udalari entzunaldia eman ondoren beti ere.

Lurraldea Mugatzeko Batzordeak, 2001ko irailaren 17an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urriaren zortziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kasedako Udalerriko San Isidro del Pinarko Kontzejua desagertzea.

2. artikulua. Desagertze honetan urriaren 25eko 287/1990 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arauei jarraikiko zaie. Foru Dekretu horrek Kontzejuen desagertzeari buruzko Foru Legearen Lehenbiziko Xedapen Gehigarriaren 1. araua betearazten du.

3. artikulua. Toki Entitateen Erregistroa sortu, antolatu eta haren funtzionamendua arautzen duen otsailaren 10eko 382/1986 Errege Dekretua hein batean aldatzen duen azaroaren 23ko 1499/1990 Errege Dekretuak xedatutakoa betetzearren, Toki Administrazioko Departamentuak desagertze horren berri emanen dio Estatuko Administrazioari.

4. artikulua. Foru Dekretu honen berri Kasedako Udalari eta San Isidro del Pinarko Kontzejuari ematea, bai eta aditzera ematea ere Erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, birjarpeneko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek agintzen duenaren arabera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua); zilegi izanen ere da, Erabakia zuzenean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0110754