113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

DEIALDIA, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Tuterako Zentro Elkartuko zuzendaria aukeratzeko lehiaketa iragartzeko.

Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Tuterako Zentro Elkartuaren Patronatuak, 1998ko irailaren 7an Iruñean bildurik, errektore jaun txit argiak eskumena emanda, erabaki du, zuzendari gisa lau urtez aritzeko errektore jaun txit argiari proposatuko zaion pertsona aukeratzeko lehiaketa publikorako deia egitea.

O I N A R R I A K

I. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdian parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.-Nazionalitate espainiarra izatea.

2.-Doktore titulua izatea.

3.-Dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez izatea.

4.-Estatuko, autonomi erkidego bateko edo toki entitate bateko zerbitzutik disziplina espediente bidez baztertua ez izatea eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua ez izatea.

5.-Toki Adiministrazioko Funtzionarioen 1952ko Erregelamenduaren 36. artikuluan agertzen diren ezintasun egoeretatik batean ere ez egotea, aplikagarri baldin bazaio.

6.-Eskabidea aurkezten duen egunean 65 urtetik beherakoa izatea eta agintaldiak dirauen bitartean adin hori ez betetzea.

7.-Gerta liteke aukeratuari dedikazio esklusiboa eskatzea zentroan aritzeko. Bateragarritasun araubidea aplikatzen bazaio, ordainsariak ekitaldi honetako aurrekontuetan zehaztutakoak izanen dira. Esklusibitatea aplikatzen bazaio, ordainsarien zenbatekoa aukeraturiko pertsonarekin adostuko da.

II. Eskaerak.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Zentro Elkartuko Idazkaritzan aurkeztu beharko dute eskabidea, Patronatuko lehendakariari zuzendua, oinarri hauek argitara eman eta biharamunetik hasita hamabost egun balioduneko epe luzaezinaren barruan, eta bertan adierazi beharko dute deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela.

Eskabideari curriculum vitae-a erantsiko zaio eta, halaber, alegatzen diren merezimendu guztien agiri fede- emaileak. Izan ere, aipatu den moduan egiaztatzen ez diren merezimenduak ez dira konputatuko, ez eta baloratuko ere.

Horrez gainera, izangaiek Zentroko Zuzendaritza Proiektua garatzen duen memoria aurkeztu beharko dute.

III. Izangaien onarpena.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Patronatuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Zentro Elkartuko iragarki oholetan argitaratuko.

Erreklamazioak, horrelakorik badago, Patronatuko lehendakariak ebatziko ditu, alde ala kontra, behin betiko zerrenda onestearekin batera. Erreklamazioak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da. Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, beste tramiterik egin behar izan gabe.

IV. Hautapen Batzordea.

Hautapen Batzordea gaur egun Tuterako Zentro Elkartuko Patronatuko kide direnek osatuko dute, honakoek:

-Patronatuko lehendakaria, eta eskuordeturik, lehendakariordea.

-UHUNeko Egoitza Zentraleko bi ordezkari, errektoreak aukeratuak.

-Tuterako Udaleko ordezkari bat.

Batzordea ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen erdiak gehi bat bertan ez badaude, titularrak nahiz ordezkoak nahiz bietarikoak izan.

V. Lehiaketaren garapena.

Hautapen Batzordeak izangaiek aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu:

Balorazioa honako irizpide hauei jarraikiz eginen da:

1. Titulazio akademikoak: 5 puntu.

2. Izangaien lana:

a) Ikerkuntza lanak eta argitalpenak: 5 puntu.

b) Irakaskuntzako esperientzia: 5 puntu.

3. Urrutiko irakaskuntzan duen esperientzia: 5 puntu.

4. Kudeaketa arloko merezimenduak: 5 puntu.

5. Zentroko antolamendurako proiektua: 10 puntu.

6. Elkarrizketa (aukerakoa, Batzordearen erabakiaren arabera): 5 puntu.

UHUNeko funtzionamendua eta antolamendua ezagutzea, izangaia bertako irakaslea edo ikaslea izan delako, lehentasunezko merezimendutzat hartuko da.

Zentroko antolamendurako proiektuan gutxienez 5 puntu lortu beharko dira.

Zilegi izanen da izangaiei deitzea Hautapen Batzordearekin elkarrizketa bat egitera.

VI. Hautapen Batzordearen proposamena.

Merezimenduen kalifikazioa eginda, Batzordeak izangai egokienen aldeko proposamena aurkeztuko dio Patronatuari. Patronatuak aukeratuko du horietatik zein proposatu UHUNeko errektoreari, honexek izendapena egin dezan. Batzordeak hala erabakita, lehiaketa bete gabe utz daiteke.

Proposamena Zentroko iragarki oholean argitaratuko da.

Patronatuaren proposamenaren aurka helegite arrunta jarri ahalko da, Patronatuko lehendakariari zuzendua, hamabost egun balioduneko epearen barruan. Helegite horrek amaiera emanen dio administrazio bideari.

VII. Izendapena eta kontratua formalizatzea.

UHUNeko jaun txit argiak zuzendaria izendatuko du. Hori eginda, Patronatuak behar den kontratua formalizatuko du.

VIII. Gorabeherak eta inpugnazioak.

Izangaiek eskabideak sinatzearekin batera, deialdiko oinarri guztiak ezagutu eta onartzen dituzte.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka inpugnazioak aurkeztu ahalko dira, Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera.

Lehiaketak irauten duen bitarten sor litezkeen gorabeherak Hautapen Batzordeak ebatziko ditu.

Iragarkiaren kodea: A9808406