Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
59C/2025 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako ardogintza industrien sektorerako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Aztertu da Nafarroako ardogintza industrien sektorerako hitzarmen kolektiboa (kodea: 31007605011981). 2025eko martxoaren 20an sartu zen erregistro honetan, eta 2025eko martxoaren 11n sinatu zuten, enpresaburuen aldetik, Asociación Navarra de Empresas Vinícolas, Alcoholeras, Licoreras y Sidreras (ANEVID) eta Unión de Cooperativas Agroalimentarias de Navarra (UCAN) elkarteek eta, langileen aldetik, Nafarroako Langileen Batasun Orokorra (UGT) eta Langile Komisioak (CCOO) zentral sindikalek.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Ardogintza industrien sektorerako hitzarmen kolektiboa (kodea: 31007605011981) inskribatzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko martxoaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
NAFARROAKO ARDO, ALKOHOL, LIKORE ETA SAGARDO INDUSTRIARAKO PROBINTZIAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA
ATARIKO KAPITULUA.–ALDERDIAK ZEIN DIREN
Hitzarmen kolektibo hau, enpresaburuen aldetik, Asociación Navarra de Empresas Vinícolas, Alcoholeras, Licoreras y Sidreras (ANEVID) eta Unión de Cooperativas Agroalimentarias de Navarra (UCAN) elkarteek izendatutako ordezkariek eta, langileen aldetik, Nafarroako Langileen Batasun Orokorra (UGT) eta Langile Komisioak (CCOO) zentral sindikalen ordezkariek ituntzen dute.
I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean dauden lantokietan, bai eta egoitza nagusia Nafarroatik kanpo duten beste enpresa batzuen agentzia eta sukurtsaletan ere, baldin eta enpresa horiek ordezkaritzak Nafarroan badituzte.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo honetako manuek jarduera nagusi hauek dituzten enpresa edo lantoki guztietako lan harremanak arautzen dituzte: ardoak egin, ondu eta esportatzea, ardo apardunak, ardo gasdunak, ozpinak, bermutak eta aperitibo alkoholdunak egitea, pattarrak, holandak eta ardo alkoholak egitea, horien jatorria edozein dela, muztio irakin gabe natural edo kontzentratuak egitea, muztio egosiak, mistelak edo mahatsetik ateratako beste deribatu batzuk, sagardoak, bai eta industria horretan sagarretik aterata egiten diren eta sagardogintzaren osagarri diren jarduera guztiak ere.
Aipatu diren jardueretakoren bat egiten duten kooperatibak hitzarmen kolektibo honi lotuko zaizkio, soldata jasotzen duten langile guztiei dagokienez.
Halaber, aipatu industria horien menpeko establezimenduetako (sukurtsal edo gordetegietako) lan harremanak ere arautuko ditu hitzarmen kolektibo honek. Industria horietako produktuen biltegiak ere horretan sartzen dira, haien menpekoak direnean edo horietan botilaratze edo ontziratze lana edo beste edozein industri lan egiten denean.
3. artikulua. Eremu pertsonala.
Hitzarmen honen eremuan sartzen dira aipatu eremu funtzionaleko enpresen konturako langile diren pertsona guztiak, salbu eta Langileen Estatutuaren 1.3 eta 2. artikuluetan aipatzen diren harremanak.
4. artikulua. Denbora eremua.
4.1. Iraupena. Hitzarmen kolektibo honek 2 urte iraunen du, 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko baitu indarra, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko, salbu eta berariaz beste indarraldi batzuk ezarrita dituzten artikuluen kasuan edo artikuluen idazketatik data jakin batetik aurrera aplikatzen direla argi eta garbi ondorioztatzen den kasuan.
4.2. Hitzarmena salatzea eta indarraldia luzatzea. Hitzarmenaren bukaera iragarritzat jotzen da une honetatik beretik.
Alderdiek berariaz adosten dute hitzarmenaren eduki guztiak hitzarmena ordeztuko duen beste bat sinatu bitarte indarrean segituko duela eta aplikatuko dela.
5. artikulua. Konpentsazioa, bermeak eta xurgapena.
Hitzarmen honetan jasotako baldintzek osotasun organikoa eta zatiezina osatzen dute, eta aplikazio praktikoari begira, guzti-guztiak hartuko dira kontuan urteko zenbaketan.
Hitzarmen honetan ezarritako hobekuntzak xurgatu edo konpentsatzen ahalko dira enpresek borondatez edo itunduta ezarriak edo emanak dituzten edozein mota eta formatako hobekuntzekin, eta etorkizunean ezartzen direnekin, edozein maila edo titulutako xedapenen bitartez.
Hitzarmenaren izaera kontuan hartuta, etorkizuneko legezko xedapenek, ordainsari kontzeptu guztietan edo bakarren batean aldaketa ekonomikoa ekartzen badute, eraginkortasun praktikoa izanen dute bakar-bakarrik indarra dutenei batuta edo oro har hartuta horien guztirako maila gainditzen badute urteko konputuan.
Hala ez bada, hitzarmen honetan itundutako hobekuntzak xurgatutzat joko dira. Hitzarmen hau gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatu eta ad personam gisa baino ez dira mantenduko.
5.bis artikulua. Konpentsazioa, bermeak eta xurgapena 2024. eta 2025. urteetarako.
2024. eta 2025. urteetan ez da aplikatuko 5. artikuluaren (aurrekoa) 2. paragrafoa hitzarmenaren tauletako urteko guztizko zenbatekoaren gehi antzinatasunaren %15 (ehuneko hamabost) gainditzen ez duten soldatentzat.
II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA
6. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz, enpresaburuari dagokio, eta hark eginen du, antolaketa ekonomiko eta teknikorako, zuzendaritzarako eta lanaren kontrolerako dituen ahalmenen legezko erabileraren bitartez eta egin behar diren lanetarako aginduak emanez.
Lanaren antolaketan modu egonkorrean eragiten duten agindu orokorrak ukitutako guztiei eta langileen legezko ordezkariei jakinaraziko zaizkie.
Enpresan produktibitate maila egokia lortzea da antolaketaren helburua, horretarako baliabide tekniko eta materialak ahalik eta ongien erabiliz eta eskulanaren arrazoizko aprobetxamendua eginez.
Produktibitate maila hori lortzeko ezinbestekoa da alderdi batek eta besteak jarrera aktiboa eta arduratsua izatea, enpresaburuen eta langileen nahia izanik produktibitatea hobetzea, horren helburua errentagarritasuna eta lehiakortasuna handitzea baita funtsean.
Langileen legezko ordezkariak arduratuko dira, aipatu ahalmenak erabiliz, indarra duen legeria inork hauts ez dezan begiratzeaz; hori ez da kontratuko onustea haustea izanen.
7. artikulua. Lana antolatzeko sistemak ezartzeko, aldatzeko edo ordezteko prozedura.
Sistema bat ezarri nahi duten enpresek edo ezarria duten sisteman funtsezko aldaketaren bat egin nahi dutenek (lanaldia, ordutegia edo txandakako lan araubidea) honela jokatuko dute:
a) Zuzendaritzak egin nahi duen ezarpen edo aldaketaren berri emanen die aldez aurretik langileen legezko ordezkariei.
b) Langileen ordezkariek, hamabost eguneko kontsulta aldiaren barreneko lau eguneko epean, enpresak proposatutako neurriak onartzeari edo baztertzeari buruzko txosten arrazoitua emanen dute.
Alderdien artean desadostasunik baldin badago, hurrengo bost eguneko epean Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren bitartekotza eskatuko da.
Batzorde misto bat eratu dezakete bi alderdiek, gutxienez bi kide eta gehienez zortzi bilduz. Kideen erdiak langileen legezko ordezkarietatik hautatuko dira eta, halakorik ez bada, langileek berek hautatuko dituzte; gainerakoak enpresak izendatuko ditu, ordezka dezaten.
Sistema –banakakoa zein taldekoa– aplikatzearen ondoriozko banakako erreklamazioen gaineko eskumena izanen du batzordeak, baina erreklamazioak ez du ezartzen den sistema geldiaraziko.
III. KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
8. artikulua. Langileen sailkapena.
Hitzarmen honetan ageri diren lanbide kategoriak adibide moduan jarri dira, eta ez du esan nahi kategoria horiek guztiek beterik egon behar dutenik.
Hala ere, enpresan kategoria jakin bateko berariazko funtzioak dituen langileak kategoria horretako ordainsaria izan beharko du gutxienez.
Langile batek goragoko kategoria bati dagozkion funtzioak betetzen baditu lau hilabetetik gora urtebetean edo sei hilabetetik gora bi urtean, eskubidea izanen du kategoriaz igotzeko eskatzeko.
Sailkapen berriaren bidez produkzio egitura arrazoizkoagoa lortu nahi da, langile bakoitzaren duintasuna, aukerak eta ordainsari justua inola murriztu gabe.
Oraingo lanpostuak hitzarmen kolektibo honetan ezarritako lanbide kategorien/taldeen/mailen arabera moldatuko dira, eta ez dira inola ere oztopo izanen beheragoko mailetako lanetan oinarrizkoak izanen liratekeen lan osagarriak egiteko.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen langile guztiak lanbide kategoria zehatz bati eta lanbide talde/maila bati atxikiko zaizkio, eta ordainsari koefiziente bat du esleitua horrek.
8.1. Departamentuak.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen enpresetako langileak departamentu hauetako batean sailkatuko dira:
–Administrazio arloko langileak: talde horretan sartzen dira ezagutzagatik eta/edo esperientziagatik administrazio lanak, antolaketakoak, informatikakoak eta, oro har, bulegoko lanpostuetako berariazko lanak egiten dituzten langileak; zeregin horien bidez kudeaketaren eta jarduera ekonomiko zein kontabilitatekoaren berri ematen da, produkzio lanak koordinatzen dira eta lan osagarriak egiten.
–Arlo teknikoko langileak: prestakuntza maila handia, esperientzia eta goi, erdi eta behe mailetako titulazioekin lor daitezkeenen pareko gaitasunak dituzten langileak, eta beren kategoriari dagozkion prestakuntza eta konplexutasuneko lanak egiten dituztenak.
–Arlo komertzialeko langileak: beren ezagutza eta/edo esperientziagatik sustapen eta salmenta lanak egiten dituzten langileak dira.
–Ekoizpen arloko langileak: talde horretan sartzen dira ezagutzagatik eta/edo esperientziagatik produkzioarekin lotuta dauden eragiketak egiten dituzten langileak, dela zuzenean produkzio prozesuan arituz, dela mantentze, prestaketa, garraio, biltegiratze lanean edo beste eragiketa osagarri batzuetan arituz; gainbegiratze eta koordinazio funtzioak ere sartzen dira.
–Laguntzaileak: lanbide talde horretakoak dira etengabe lan osagarriak egiten dituzten langileak.
–Enoturismo arloko langileak: talde horretakoak dira bisita eta ekitaldietan gidari/laguntzaile lanak egiten dituzten langileak, bai eta bisitariei arreta ematen dieten langileak ere –sukaldari eta zerbitzariak–.
8.2. Lanbide taldeak/mailak.
Halaber, langileak lanbide talde/maila hauetako batean sailkatuko dira:
8.2.1. 1.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretako langileek enpresako jarduerak planifikatu, zuzendu eta koordinatzen dituzte. Beren funtzioak dira politikak prestatzea, jardueren orientazio eta kontrola, produkzio eta laguntza egiturak antolatu, ezarri eta mantentzea, bai eta enpresak izanen duen industria, finantza eta merkataritzako politika eta giza baliabideei dagokiena garatzea. Erabakiak hartu behar dituzte edo horietan parte hartu, eta erantzukizun osoko lanpostuak dituzte lanbide talde bakoitzean.
Prestakuntza: goi mailako unibertsitate titulazioa edo pareko ezagupenak, lanbidean lortuak, gehi esperientzia zabala izatea bere lanpostuan.
8.2.2. 1.2 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen dira 1.1 lanbide taldean/mailan sailkatutako langileen ezagutza berdinak edo antzekoak dituzten langileak, baldin eta horien edo enpresako arduradun nagusiaren mende badaude. Lortu beharreko helburuen zehaztapenean parte hartzea, autonomia eta ekimen maila orokor handi batekin.
Erdi mailako unibertsitate titulazioa edo pareko ezagutzak, lanbidean lortuak, gehi esperientzia zabala izatea bere lanpostuan.
8.2.3. 2.1 lanbide taldea/maila.
Talde horretako langileek erantzukizun osoz garatuko dute enpresako eremu funtzional baten edo gehiagoren kudeaketa lana, nagusiek emandako jarraibide orokor zabaletatik abiatuta; nagusiei kudeaketaren berri eman beharko diete.
Prestakuntza: erdi mailako unibertsitate titulazioa edo pareko ezagutzak, lanbidean lortuak, gehi esperientzia zabala izatea bere lanpostuan.
8.2.4. 2.2 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen dira 2.1 lanbide taldean/mailan sailkatutako langileen ezagutza berdinak edo antzekoak dituzten langileak, baldin eta hierarkiako nagusiak emandako funtzioak betetzen badituzte, betiere haren jarraibideen arabera.
8.2.5. 3.1 lanbide taldea/maila.
Maila horretako langileen funtzioa da laguntzaile talde batek egiten dituen lanak integratu, koordinatu eta gainbegiratzea. Zeregin konplexu baina homogeneoak, eduki intelektual edo giza erlazio handia dutenak, konplexutasun teknikoko jarraibide orokorren esparruan.
Batxilergoan/goi mailako lanbide heziketan eskuratutako prestakuntza edo ezagutzak, eta bete beharreko lanpostuaren inguruko prestakuntza zabala.
8.2.6. 3.2 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horri atxikitako langileek, 3.1 lanbide taldeko/mailako langileen ezagutza berdinak edo antzekoak izaki, hierarkiako nagusiak agindutako eragiketak gauzatzen dituzte, betiere haren jarraibideen arabera.
8.2.7. 4.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretako langileek beren zereginak jarraibide zehatzak jasota egiten badituzte ere, ezagutza profesional egokiak eta gaitasun praktikoak izan behar dituzte horretarako. Beren erantzukizuna mugatua da, gainbegiratze zuzena baitute.
Batxilergoan/erdi mailako lanbide heziketan eskuratutako prestakuntza edo ezagutzak, eta bete beharreko lanpostuaren inguruko prestakuntza zabala.
8.2.8. 4.2 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horri atxikitako langileek, 4.1 lanbide taldeko/mailako langileen ezagutza berdinak edo antzekoak izaki, hierarkiako nagusiak agindutako eragiketak gauzatzen dituzte, betiere haren jarraibideen arabera.
8.2.9. 5.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartutako langileek egin beharreko lanak, goragokoek aginduta egonik ere, ezagutza profesional eta gaitasun praktiko egokiak behar dituzte eta zuzeneko gainbegirale batek mugatutako erantzukizuna dakarte.
Batxilergoan edo erdi mailako lanbide heziketan eskuratutako prestakuntza edo ezagutzak, eta bete beharreko lanpostuaren inguruko prestakuntza zabala.
8.2.10. 6.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen diren langileek, behar adinako ezagutzak izanik, gorago duten pertsonaren jarraibide espezifikoen arabera gauzatzen dituzte euren zereginak. Independentzia eta eraginkortasun osoz erabiltzen dituzte ezarritako makina guzti-guztiak, mendekotasun maila handiarekin, ahal dela esportzu fisikoa, praktika eta arreta eskatzen dutenak.
Titulazio akademikoko prestakuntza, DBHren antzeko ikasketak edo lanbidean esperientzia aitortuaren bidez eskuratutako ezagutzak.
8.2.11. 7.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen diren langileek behar bezala eta eraginkortasun ez egiten dituzte beren lanbide kategoriari dagozkion zereginak.
Lanbide heziketa edo lanbide heziketaren baliokidea, edo egin beharreko lanerako behar besteko esperientzia egiaztatuta.
8.2.12. 8.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen dira beren zereginak eskuz edo erraz erabiltzeko moduko elementuen laguntzarekin egiten dituzten langileak, argiro ezarrita dauden eta normalean esfortzu fisikoa eta arreta eskatzen duten jarraibide zehatzak bete behar dituztenak.
Eskola ziurtagiriaren, DBHko egiaztagiriaren edo egin beharreko lanerako esperientzia egiaztatuaren baliokidea den prestakuntza.
8.2.13. 8.2 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horri atxikitako langileek, 8.1 lanbide talde/mailakoen antzeko prestakuntza izanik, esfortzu fisikoa baino behar ez duten lan osagarriak egiten dituzte.
8.2.14. 9.1 lanbide taldea/maila.
Lanbide talde/maila horretan sartzen dira egin beharreko lanean eta batez ere esfortzu fisikoa eskatzen duten lanetan esperientzia duten langileak.
8.3. Kategoriak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko enpresako langileek, dagokien lanbide taldean, esleitu zaien lanpostuaren araberako lanbide kategoria izanen dute, nahiz eta horrek ez duen esan nahi nagusiek emandako beste lan batzuk egin behar ez dituztenik.
Enpresa batean kategoria gehiago egon daitezke, baina lanbide talde bakoitzean hauek daude nolanahi ere:
8.3.1. Administrazio arloa.
Talde horretan sartzen dira bulegoko lanak, kontabilitatekoak, komertzialak eta antzekoak egiten dituzten langileak eta, oro har, merkataritzaren inguruko ohituren arabera bulegokoak diren lanak. Kategoria hauetan banatuta:
a) Administrazio zuzendaria.
Enpresako administrari eta menpeko langile guztiak agindupean dituela eta bere funtzioetara mugatutako ahalmena duela, enpresako administrazio lan guztia zuzentzen du. Kategoria hori betetzeko, ezagutza zabala izan beharko du arlo hauetan: antolaketa eta administrazioa, lan metodoak, goi mailako kontabilitatea, azterketa eta aurreikuspen ekonomiko eta finantzarioak, agintzeko dohaina eta giza harremanetarako erraztasuna. Gaitasuna izan behar du administrazio sistema enpresaren beharretara egokitzeko, eta bere lanean sortzen den edozein arazo konpontzeko.
Enpresako zuzendaritzak eskuordeturik arituko da, hari kudeaketa lanaren berri eman beharko dio eta bere zereginean ardura osoz jokatuko du.
b) Administrazio burua.
Langile horrek, boterea izanik edo izan gabe, atal bat du bere kargu, eta atala zuzendu, lanak egin eta bere menpeko langileen artean lanak banatu behar ditu, bere karguari dagokion erantzukizunarekin.
c) Administrazioko 1. mailako ofiziala.
Langile horrek, ekimenez eta erantzukizun osoz, funtzio hauetakoren bat edo antzekoren bat dauka bere kargu: gutunak idaztea atzerriko hizkuntzan, sinadura eta fidantzarik gabeko kutxazaintza, enpresako eta finantzetako kontabilitatea, etab.
d) Administrazioko 2. mailako ofiziala.
Langile horrek, bere lanera mugatutako erantzukizuna eta ekimena dituela, kontabilitateko lan osagarriak egiten ditu, artxiboak eta fitxategiak antolatu, fakturak prestatu, etab.
e) Administrari laguntzailea.
Langile horrek, ekimenik izan gabe, administrazioko oinarrizko eragiketak egiten ditu, batik bat horiei dagozkien lan mekanikoak, datu prozesuko eragiketak, etab.
8.3.2. Arlo teknikoa.
Lanbide talde horretako langileek enpresa barruan edo kanpoan beren espezialitate teknikoko funtzio propioak betetzen dituzte. Kategoria hauek daude:
a) Zuzendari teknikoa.
Enpresako antolaketa tekniko eta produktibo guztia pertsona horren menpe dago. Enpresako zuzendaritzaren agindupean arituko da, eta hari kudeaketaren berri eman beharko dio; kudeaketa lanean erantzukizun osoa hartuko du bere gain. Bere agindupean aritzen diren langileak zuzentzeko gaitasuna izan beharko du, eta enpresako gai guztien produkzio eta fabrikazioari buruzko ezagutza zabala.
b) Enologoa.
Zuzendaritza teknikoaren menpe eta enologiako ezagutza zabala izanik, kargu horretako lanak egiten ditu, produkzioko langileei halako lanak egiteko agindua ematen die eta horiek ongi egiteko erantzukizuna du nagusien aurrean.
c) Laborategiko arduraduna.
Enologiako ezagutza praktikoak izanik, laborategian egiten diren proba guztien erantzukizuna du, bere menpe langileak izan ala ez. Aparatuen erabilera onaren gaineko erantzukizuna ere badu.
d) Laborategiko urgazlea.
Laborategiko ezagutza praktikoak izanik, lan praktikoak egiten ditu nagusien agindupean, eta emandako funtzioak ongi betetzearen erantzulea ere bada haien aurrean.
e) Laborategiko laguntzailea.
Oinarrizko ezagutza praktikoak izanik, erantzukizun teknikorik gabeko lanak egiten ditu, hierarkiako nagusien jarraibideen arabera.
8.3.3. Arlo komertziala.
hitzarmen kolektibo hau aplikatuz, enpresako produktuak saltzeko zeregina duten langileak dira komertzialak, erabateko dedikazioaz eta esklusibitatez aritzeko kontratatu badira. Talde horren barruan kategoria hauek daude:
a) Zuzendari komertziala.
Enpresako antolaketa komertzial guztia bere menpe dago, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan. Kategoria horretan aritzeko, antolaketa komertzialari, merkatu prospekzioari eta publizitateari buruzko ezagutza zabala izan beharko du, bai eta merkataritza taldea gidatzeko harreman publiko eta giza harremanetarako behar beste gaitasun ere.
b) Salmenta arduraduna.
Zuzendaritza nagusiak edo komertzialak esleitutako eremuan salmenten ardura du, eta zuzendaritza horri bere lanaren berri eman behar dio; salmenten ikuskatzaileak, artekariak, sustatzaileak eta saltzaile bidaiariak bere zuzendaritzapean arituko dira.
c) Salmenten ikuskatzailea.
Nagusiek adierazten diotenari jarraikiz, aldian-aldian bisitak egiten ditu esaten zaion eremuan, salmentak bultzatzeko, artekari, saltzaile bidaiari edo ordezkarien lana egiaztatzeko, enpresak emandako aginduak kudeatzeko, esate baterako kobrantzak; enpresako produktuak banatu eta saltzeko xedea duen beste edozein eginkizun izan dezake.
d) Artekaria, sustatzailea, saltzaile bidaiaria.
Enpresarentzat esklusibitatez lan eginez, esleitzen zaion eremuan salmenta eta sustapen lana egiten du. Bere lanaren berri eman behar dio beti enpresari, bai eta izaten diren gorabeheren berri ere, eta horiek nagusien jarraibideez baliaturik konpontzen saiatu behar du.
8.3.4. Ekoizpen arloa.
Talde horretan sartzen dira lan material eta mekanikoak egiten dituzten langileak. Ematen zaien zereginean zer gaitasun duten kontuan hartuta sailkatuko dira, kategoria hauetako baten barruan beti:
a) Upeltegi eta fabriketako arduradun nagusia.
Beharrezko ezagutzak izanik eta industria zentroko langileburuei zuzenean aginduta, enpresaren produktuak egiteko, fabrikatzeko eta prestatzeko prozesua osatzen duten lanak zuzentzeko eta antolatzeko ardura du.
b) Upeltegi edo fabrikako langilezaina.
Enpresako produktuen fabrikazio, elaborazio eta kontserbazioko ezagutza praktikoak izanik, eta zuzendarien edo teknikarien agindupean, upeltegietako, fabrikako edo haren agindupeko departamentuko lanak agindu eta zaintzen ditu, zereginak banatuz eta lanak nola egin behar diren azalduz lantaldeko edo ataleko arduradunei. Nagusiek ontziz aldatzeari, nahasketei, produktuen kontserbazioari eta abarri buruz emandako jarraibideak behar bezala interpretatzeko eta gauzatzeko beharrezko ezagutzak izan behar dituzte, bai eta beren agindupeko langileei helarazteko ere.
c) Ataleko arduraduna.
Langile talde bat du bere kargu (ofizialak eta/edo peoiak). Koordinatu egiten ditu, lana nola egiten duten begiratzen du eta haiekin batera egiten du; lan horiei buruzko ezagutza praktikoa izan behar du, eta bere ardura talde horretara mugatzen da.
d) 1. mailako ofiziala.
Langile horrek hitzarmen kolektibo honen eraginpeko enpresetan dauden lanbide edo lanpostuetakoren bat guztiz menperatu eta ezagutzen du, lana erabateko perfekzio eta errendimenduz egiten du, bere kargu dagoen makineriaren mantentze lanez eta funtzionamenduaz ere arduratzen da eta nagusien aginduak interpretatu eta garatzen ditu.
e) 2. mailako ofiziala.
Langile horrek, 1. mailako ofizialei eskatzen zaien espezializazio osoa ez badu ere, behar bezalako zuzentasun eta errendimenduarekin egin behar du bere lana, nagusiek adierazitakoari jarraikiz.
f) 3. mailako ofiziala.
Langile horrek lanbide edo lanpostu zehatz baten gaineko ezaupideak ditu, eta praktika ere bai, eta nagusien aholku eta zuzendaritzapean aritzen da bere zereginean.
g) Peoi espezializatua.
Langile horrek, lanbide jakin bat izan gabe, lan jakin batzuk aldizka egin eta praktika hartzen du, eta, horiek gauzatzean arreta jartzeari esker, behar bezala burutzen ditu, nagusien jarraibideei jarraituz.
h) Peoia.
Espezializaziorik behar ez duten lanak egiten ditu; esfortzu fisikoa eta praktika dira nagusi. Era berean, trebatzerik eta ezagutza espezifikorik behar ez duten makina errazak erabiltzen ahal ditu.
8.3.5. Zerbitzu osagarrien arloa.
Hitzarmen honen eraginpeko industrietan, arlo horretako langiletzat joko dira oinarrizko erantzukizuneko funtzio espezifikoak etengabe betetzen dituztenak. Kategoria hauek daude:
a) Zaindaria, gauzaina edo jagolea.
Langile horren zeregin nagusiak gau edo eguneko ordena eta zaintza dira, beharrezkoa den baimenarekin beti.
b) Atezaina.
Nagusien jarraibideak betez lantokiko sarrerak zaintzen ditu, eta babesa eta zaintza dira bere funtzioak.
c) Garbitzaileak.
Enpresako lan eremuak (bulegoak, zerbitzuak, biltegiak) garbitzen dituzten langileak dira.
8.3.6. Enoturismoa.
Kategoria horretan sartzen dira enpresaren instalazioetan (upeltegia, mahastiak) egin ohi diren bisita eta ekitaldietan arreta emateko ardura duten langileak. Kategoria horretakoak dira honako langile hauek:
a) Bisiten gidaria.
Hizkuntzak jakinda bisitak gidatzen eta instalazioak (upeltegiak eta mahastiak) erakutsi eta azaltzen dituen pertsona da.
b) Sukaldeburua, cateringeko burua, sukaldaria, zerbitzaria, sukaldeko urgazlea.
Egin beharreko lanari buruzko ezagutzak izanik (Ostalaritza Sektorerako Estatuko V. Lan Akordioan zehaztutako funtzioak), jatetxe lanez arduratzen diren langileak dira.
8.4. Parekatzea.
Ardo apardunen elaborazioan, ontzi aldaketetan, tirajean, botilak mugitzen eta abarretan lan zehatz eta jarraituak egiten dituzten langileek, beren sailkapenari eutsiz betiere, produkzioko bigarren mailako ofizialen ordainsariak jasoko dituzte.
Botilaratze, hozte eta iragazte ekipoetako lanetan aritzen diren langileei enpresa bakoitzean esleituko zaie lanbide kategoria, aldez aurretik lanpostu bakoitza aztertuz eta makineriaren konplexutasun teknikoa kontuan hartuz, era askotakoak baitira enpresetan erabiltzen diren ekipoak.
8.5. Mugigarritasun funtzionala.
Hitzarmen honek ukitutako enpresetako mugigarritasun funtzionalari dagokionez, Langileen Estatutuaren 39. artikuluari jarraikiko zaio.
Dena den, lanpostu hutsak betetzeko erreklamazioei dagokienez, enpresek 3. artikulu horretan adierazitako epeak ez beste batzuk ezartzen ahalko dituzte, langileekin adostuz gero.
IV. KAPITULUA.–PLANTILLAK ETA ESKALAFOIAK
9. artikulua. Kontratu egonkorrak.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresek enplegu egonkorreko maila bat mantenduko dute, aldi baterako kontratuekin alderatuta portzentaje hauek betez:
Kontratu egonkorrak (aldizkako kontratu finkoak, prestakuntzakoak, errelebokoak, ordeztekoak eta genero edo etxeko indarkeriako biktimei egindako kontratuak barne) %90 izanen dira gutxienez, eta aldi baterako beste kontratu batzuen gehieneko portzentajea %10 izanen da, ABLEek kontratatutako langileak barne.
Enpresa bakoitzeko plantilla osoaren gainean, urteko konputuan hartuta, kalkulatuko dira gehieneko eta gutxieneko indizeak.
10. artikulua. Lan kontratua.
Enpresak langile bakoitzarekin dituen lan harremanak kontratu idatzi baten bidez formalizatuko ditu, eta enpresako alta data, kategoria eta legez eska daitezkeen arloak azalduko dira kontratuan. Era berean, legezko ordainagiriaren edo nomina ofizialaren bidez jasoko dute soldata, eta jasotzen diren diru kopuru guztiak eta ordaintzen diren kontzeptuak azalduko dira agiri horretan.
Langileen Estatutuaren 8.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, goi zuzendaritzako lan kontratu berezietan izan ezik, enpresak hamar eguneko epean emanen die langileen legezko ordezkariei egiten diren lan-kontratuen oinarrizko kopia. Agiri horretan lanarekin zerikusia duten datu guztiak agertuko dira, kontratatuaren intimitateari dagozkionak salbu.
Kopia hori hartutakoan, langileen ordezkariek sinatuko dute, enpresaburuak frogatu ahal izateko entregatu duela.
11. artikulua. Kontratuaren iraupena luzatzea, ekoizpenaren inguruabarrak direla eta.
Langileen Estatutuaren Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, ekoizpenaren inguruabarrek baldintzatutako iraupen mugatuko kontratuen gehieneko iraupena 12 hilabetekoa izanen da.
12. artikulua. Prestakuntzarako kontratua.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresek prestakuntzan dauden langileak kontrata ditzakete, Langileen Estatutuak eta indarra duen legeriak ezarritako muga eta baldintzen barrenean.
Plantillan halako kontratuko langileak dituzten enpresek edozein ataletan jartzen ahal dituzte langile horiek, dela modu finkoan dela ataletik atalera txandakatuz, horrela lan batzuk eta besteak hobeki ikasi eta gehiago trebatuko direlako.
Lanaldi osoa duten prestakuntzako langileen ordainsaria ez da izanen lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.
13. artikulua. Kanpainako langileen erregulazioa.
Aldizkako langile finkoen lan kontratu mugagabea berariazko modalitate bat da ardogintzaren industrian, eta jarduera horren ezaugarriei egokitzen zaie, zeren eta urteko garai batzuetan eskulan gehiago behar izaten baita, hala nola mahats biltzean eta Gabonetako kanpainan.
Kontratu mota horretan enpresaren interesak eta langileenak biltzen dira; enpresarenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez duen kontratu mugagabea delako. Horregatik, alde batetik Nafarroako ardogintza sektoreko enpresaburuen ordezkariek eta, bestetik, langileen ordezkari sindikalek, Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluaren babesean, aldizkako langile finkoen lan kontratu mugagabea arautzeko akordio hau hartu dute:
1. Aldizkako langile finkotzat joko dira enpresaren ohiko jarduera bolumenaren barnean aldizka, zikloka edo kanpainetan egin beharreko lanetarako kontratatzen direnak, kontuan izanda ez dela urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritu behar, eta zerbitzu egunak enpresako lan jarduerako denboraldi batean edo gehiagotan beteko direla.
2. Aldizkako kontratu finkoa idatziz formalizatu beharko da ezarriko den eredua erabiliz, eta bertan adieraziko da zein izanen den jardueraren iraupena eta langileei nola eginen zaien dei; horrekin batera, orientazio moduan, lanaldia zein izanen den eta ordu banaketa.
Langileen Estatutuaren 14. artikuluari jarraikiz, probaldia bi hilabetekoa izanen dela adieraziko da, eta aldizkako langileak denbora hori kanpaina batean edo gehiagotan betetzen duenean bukatutzat joko dela.
3. Antzinatasunaren arabera eginen zaie dei aldizkako langile finkoei. Kanpaina bakoitzaren hasieran deituko zaio jakinarazpen idatziaren bitartez, lanean hasi baino hiru egun natural lehenago.
Deialdia WhatsApp, SMS edo posta elektroniko bidez egiten ahalko da. Aldez aurretik enpresak deia telefonoz edo hirugarren baten bidez egiten badu (beste lankide baten bidez, adibidez), idatziz berretsiko du denboraldiaren hasieran. Langileak telefonoz edo hirugarren baten bidez egiten badio uko deiari, enpresak posta ziurtatuaren bidez berretsiko du.
4. Langileak pixkanaka sar daitezke lantokian, enpresak dituen beharren arabera; enpresak ez die beste langile batzuei dei egiten ahalko, edozein kontratazio mota dela eta, harik eta plantillako aldizkako langile finko guztiak alta emanda egon arte edo haietako denei dei egin arte.
5. Deialdia egin ondoren, legezko edozein arrazoi dela eta lanpostura itzuli ezin duten langileek horren berri eman beharko diote enpresako zuzendaritzari deia jaso eta 24 ordu igaro baino lehen.
6. Enpresak, urte bakoitzeko abenduaren 31n, aldizkako langile finkoen errolda eginen du, eta enpresa batzordeari, langileen ordezkariei edo ordezkari sindikalei kopia bat emanen die urtarrilaren 31 baino lehen. Errolda iragarki taulan jarri beharko da, bai eta kanpainako hasiera edo bukaerako altak eta bajak ere. Enpresan egiazki egindako lanegunen arabera ezarriko da aldizkako langile finkoen antzinatasuna.
7. Aurreko 3. puntuan ezarritakoari jarraikiz deitu den aldizkako langile finkoa esaten zaion egunean lanean hasten ez bada (arrazoi bidezko eta frogatua izan ezik, nahiz eta ez den arrazoi bidezkoa egun horretan beste enpresa batean edo norberaren kontura aritzea eta horregatik agertzerik ez izatea), aldizkako langile finkoaren izaera galduko du, eta egoera hori enpresako borondatezko bajarekin parekatuko da.
8. Aldizkako langile finko guztiak lanean hartzeko nahikoa lan jarduerarik ez izatearen ondorioz deirik ez jasotzea ez da kaleratzetzat joko. Egoera horrek kontratuaren aldi baterako etetearen jarraipena ekarriko du, baldin eta ez badira sartzen enpresak egindako erroldaren arabera deien hurrenkeran beherago dauden langileak.
9. Honako hauek izanen dira kontratua eteteko arrazoi eta, horren ondorioz, langilea eta enpresa elkarrekin dituzten betebeharretik askatuko dira, eta lanik eza ez da kaleratzetzat hartuko:
–Gorabehera atmosferikoak.
–Banaketarako garraioak edo baliabideak geldiaraztea.
–Indar eragilea moztea edo lehengairik ez izatea, enpresari ezin egotz zaion arrazoiren batengatik.
Halakoetan enpresak gertaera eragilearen berri eman beharko dio langileen legezko ordezkaritzari, bai eta egoera horrek ukitzen dituen langileei ere.
10. Deia egin eta lanean ez hasteak ez du ekarriko antzinatasun erroldako hurrenkera galtzea, honako egoera hauetan dagoenean: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondorengo kontratu etenaldia, eszedentzia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, behar bezala egiaztatuta baldin badaude.
11. Aldizkako langile finkoek enpresaren beharren arabera utziko dute lanpostua, enpresaren erroldan duten antzinatasunaren alderantzizko hurrenkerari segituz. Kontratuaren etenaldia 48 ordutik gorakoa bada, idatziz jakinaraziko da. Denbora laburragoko kasuetan, ahoz jakinaraziko da.
12. Enpresak, zerbitzu aldia bukatzen denean, egiazki egindako lanegunen ziurtagiria emanen du.
13. Aldizkako langile finkoek hileko soldata moduan jasoko dute ordainsaria, eta aparteko pagak hainbanatuta.
14. Aldizkako langile finkoek baldintza berberetan lehentasuna izanen dute, antzinatasunaren hurrenkeran, enpresarekin adosten diren modu jarraituko lanpostu finkoetan sartzeko.
14. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratua.
Lanaldi partzialeko kontratua eginen da zerbitzuak eguneko, asteko, hileko edo urteko zenbait ordutan eginen direla adosten denean, betiere hitzarmen honetan ezarritako lanaldi osoa baino ordu gutxiago direnean.
Lanaldi partzialeko kontratua mugagabea da zenbaitetan eta iraupen jakin batekoa, berriz, beste kasu batzuetan.
14.1. Erretiroa lanaldi partzialeko kontratua izanda.
Langileek erretiro partziala hartzeko eskubidea izanen dute; horretarako, enpresak errelebo kontratua eginen du legeak ezarritako baldintzak betetzen dituen langile batekin, eta erretiro partziala hartzen duen langilearen kontratua lanaldi partzialeko kontratu bihurtuko du. Kontratu partzial hori erretirorako ohiko adinera iristean azkenduko da, alderdiek hala erabakitzen badute.
Baldintza hauek bete beharko ditu erretiro partzialak:
1. Langileak idatziz egin beharko du, hiru hilabete lehenago, errelebo kontratuaren bidez erretiratzeko eskaera. Eskatzaileak erretiro partziala hartzeko unean-unean indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen baldintzak bete beharko ditu (gabealdia, antzinatasuna, etab.).
2. Errelebo kontratuaren bidez erretiro partziala hartu nahi duten langileak ez dira izanen, urte bakoitzean, plantilla osoko %5 baino gehiago. Erretiro partzialeko eskaera gehiago izanez gero, enpresarekin adostuta emanen da, eta langilea ados ez badago, batzorde parekidearen bitartekaritza eskatu beharko du.
3. Langileak eta enpresak hitzartuko dute errelebo kontratuaren lanaldia, legez ezarritako mugak errespetatuta.
15. artikulua. Enplegu aniztasuna.
84/1996 Errege Dekretuaren 41. artikuluari jarraikiz, enplegu aniztasuneko egoeran dauden langileek horren berri eman beharko diote enpresari, Gizarte Segurantzari jakinarazteko eta kuotak langilea enplegu aniztasunean aritzen den enpresen artean banatzeko. Egoera hori ezkutatzea edo legezko beharkizun hori ez betetzea falta oso astuna izanen da.
16. artikulua. Lanpostu hutsak.
Enpresako plantillan sortzen diren lanpostu hutsak, lehenik, plantillako gainerako langile finkoen bidez beteko dira, eta horiekin betetzen ez badira, aldizkako langile finkoekin edo lanaldi partzialekoekin, enpresak eskatzen dituen baldintzak betez gero.
V. KAPITULUA.–ENPRESAN SARTZEA ETA MAILAZ IGOTZEA
17. artikulua. Enpresan sartzea. Probaldia.
Probaldi bat ezar daiteke, gehienez ere sei hilabetekoa, teknikari tituludunentzat, eta gehienez ere bi hilabetekoa gainerako langileentzat.
Probaldia idatziz jaso beharko da. Baja denbora, aldi baterako ezintasunagatik izanda ere, ez da kontuan hartuko probaldia zenbatzeko.
Probaldian, langileek beren lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (alderdietako edozeinek eskatuta suntsitzen ahal da lan harremana).
Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagokion modalitateko ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.
Lan kontratuaren aurretik praktika profesionala lortzeko edo ikas-ekinezko prestakuntzarako kontratu bat izan bada, prestakuntza edo praktikaldiko denbora probaldi gisa zenbatuko da, baldin eta lanpostu bera bada.
18. artikulua. Mailaz igotzea.
Enpresan sortzen diren lanpostu hutsak kategoria txikiagoko langileekin beteko dira, baldin eta enpresak horretarako gaitzat jotzen baditu, edo horrelakotzat jotzen badira gaitasun proba batean.
Gaitasun proba, horrelakorik egiten bada, epaitzeko, lau kideko batzorde bat eratuko da: enpresaren bi ordezkari, langileen ordezkari bat eta bete behar den lanpostuaren kategoria baino handiagoa duen langile bat. Boto bat izanen du kide bakoitzak eta, berdinketa izanez gero, batzordeburuaren –enpresaren ordezkari baten– kalitateko botoa hartuko da kontuan.
Enpresek, gaitasun proba hasi baino hamabost egun lehenago gutxienez, deialdia eginen dute eta eskatzen diren baldintzak argitaratuko. Halako baldintzek argi eta zehatz azalduko dituzte hitzarmen honetan lanbide kategoria bakoitzerako ezarritako funtzioei dagozkien arlo eta ezagutzak.
Gaitasun hori daukan langilerik ez badago, plantillatik kanpoko langileak onartzen ahalko dira.
Atezain edo zaindarien lanpostuetan lehentasuna izanen dute istripu edo gaixotasunagatik gaitasuna murriztua duten eta hori dela-eta sorospen eskubiderik ez duten langileek, enpresa barnekoek betiere.
Halakorik ezean, enpresak bere kabuz izendatuko ditu kategoria horietako langileak, indarra duen araudiak horri buruz ezarritakoa errespetatuz beti.
VI. KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK
19. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia urtero ezarriko da hitzarmen kolektiboaren negoziazioan.
Enpresak eta langileen legezko ordezkariek, ados jarrita, urtero urtarrilean ezarriko dute lan ordutegia.
Urteko egiazko lanorduak azalduko dira lanaldian, Langileen Estatutuaren 34. artikuluan (lanaldia) ezarritakoa errespetatuz beti.
Artikulu honen lehenengo paragrafoan ezarritakoarekin bat, hurrengo urteetarako urteko lanaldi osoa 1.762 lanordukoa izanen dela adosten da, salbu eta legez beste lanaldi bat ezartzen denean, beharrezko gutxieneko eskubideekin.
Eguneko lanaldia ez da inola ere 9 ordu arruntetik gorakoa izanen, eta lanaldien artean 12 orduko atsedenaldia utzi beharko da gutxienez.
Asteko lanaldia astelehenetik larunbatera (14:00ak arte) izanen da. Hitzarmen honek indarra hartzean astelehenetik ostiralera arteko lanaldia ezarria duten enpresek errespetatu egin beharko dute asteko lanaldi hori.
Astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldi orokorra ezartzearren, hitzarmenak indarra hartzen duen egunerako ezartzen ez duten enpresek programa honetara egokitu beharko dute, hitzarmen honek indarra duen denboran:
–Astelehenetik ostiralera arteko lanaldia, urtarriletik irailera bitarte.
–Astelehenetik larunbateko hamabiak arteko lanaldia, irailetik abendura bitarte, biak barne.
Kooperatibek, beren produktuak saltzeagatik ezaugarri bereziak dituztenez, lan egutegian urteko larunbat guztiak sar ditzakete salmentan aritzen diren langileentzat.
Eguneko lanaldi jarraitua sei ordutik gorakoa denean, hamabost minutuko atsedenaldia jarri beharko da eta tarte hori egiazko lan denboratzat hartuko da. Enpresak aukera izanen du langileen artean txandak programatzeko, produkzioa geldi ez dadin.
Abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko lanaldiak arratsaldeko ordu bietarako beteta egon beharko du.
Hitzarmen honek indarra duen bitartean, legezko xedapen baten ondorioz aldaketaren bat izaten bada itundutako ordu kopuruan, berehala aplikatuko da, bukaerara arte itxaron gabe.
Beti errespetatuko dira, osorik hartuta, hitzarmen honetako gutxienekoak gainditzen dituzten enpresaren eta langileen arteko akordioak, lanaldiari eta lanaldi irregularrari buruzkoak; akordio horiek, osorik hartuta, modu homogeneoan eta urteko zenbaketa eginda baloratuko dira.
19.1. Lanaldi irregularra.
Langileen Estatutuan lanaldiaren banaketari buruz ezartzen denaren ondorioetarako, lanaldia jarraian agertzen den bezala banatzen ahalko da eta enpresak ez du lanaldi irregularra banatzen ahalko jarraian ezartzen den ehunekotik gora.
Enpresek eta langileen legezko ordezkariek urte bakoitzeko urtarrilean ezarriko dute lan egutegia. Enpresek aukera izanen dute lanaldi irregularra jartzeko; hau da, horren barrenean lanaldia bederatzi ordura bitarte luzatzeko, baina 25 egunetan gehienez.
Lanaldi irregularreko beste 40 egun ere jartzen ahalko dituzte enpresek urtean, produkzioak eskatzen duenean, baldintza hauek betez betiere:
1. Enpresak gutxienez ere 36 ordu lehenago jakinaraziko die langileen legezko ordezkariei eta langileei, eta beti errespetatuko da eguneko gehieneko lanaldia eta lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia, legeak ezarritako moduan.
2. Enpresak jakinarazpenean adieraziko ditu lanaldia aldatzeko arrazoiak eta horrek zenbat iraunen duen.
3. Lanaldia ez da luzatzen ahalko larunbat, igande eta jaiegunetan.
4. Konpentsazioa emanen diete enpresek langileei; hain zuzen ere, ordu bat eta hogeita hamar minutu, luzatutako lanaldiaren ordu bakoitzeko, honela hartzeko moduan:
a) Ekainean, uztailean eta abuztuan lanaldi jarraitua eginen da 07:00etatik 14:00etara.
b) Lanaldi irregularra egiteagatik langile bakoitzari dagozkion gainerako orduak langileak nahi bezala hartuko ditu (opor egun gehiago, norberak hartzeko egunak), hurrengo apirila bukatu baino lehen betiere. Lanaldi irregularra izateko behar handieneko garaiak errespetatuko dira, eta enpresarekin ados jarri beharko da aldi berean zenbat langilek har ditzaketen jakiteko, enpresako ohiko jarduerari kalte egin ez dakion. Gutxienez ere 48 ordu lehenago jakinarazi beharko da.
19.2. Larunbateko lanaldia uzta biltzeko garaian.
Uzta biltzeko garaian enpresek egoera berezia izaten dutenez, garai horretan behar beste langilek larunbateko lanaldia egin beharko dutela adosten da. Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:
1. Larunbateko lanaldia ezar daiteke mahatsa biltzeko garaian, gehienez ere sei larunbatetan.
2. Larunbateko lanaldia 14:00ak arte izan daiteke, eta ordu horretatik aurrerakoak aparteko orduak izanen dira.
3. Enpresek konpentsazioa emanen diete langileei; hain zuzen ere, larunbateko lanaldian egindako orduak zenbat, horrenbeste opor ordu edo norberak hartzeko ordu, hurrengo apirilera bitarte.
4. Larunbateko lanaldi hauek egiten dituztenek honako prima hau jasotzeko eskubidea izanen dute orduko:
a) 2024. urtean: 10,43 euro.
b) 2025. urtean: 10,54 euro.
5. Errespetatu eginen da kontzeptu horrengatik enpresek langileei emandako edozein hobekuntza, orokorrean hartuta (ordu konpentsazioa eta prima).
20. artikulua. Lan egutegia.
Enpresan lan egiteko ordutegi mota ezberdinak jasoko dira lan egutegian. Bertan lanaldiaren hasierako eta bukaerako ordua zehaztuko dira.
Lan egutegia urtero adostuko da langileen legezko ordezkariekin, urte bakoitzeko urtarrilean, eta iragarki taulan jarriko da.
21. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak dira enpresako egutegian (adiera nagusian hartuta) ezarritako lanalditik kanpo edo horren gainetik egiten direnak, eta, orobat, atal batzuek ohituragatik, produkzioaren antolaketagatik edo akordio batengatik dituzten edo izaten ahal dituzten ordutegi bereziak.
Enpleguaren alde egitearren, bi alderdiak ados jarri dira aparteko orduak ezinbesteko kasuetara murrizteko.
Era berean, ardogintza sektorearen ezaugarri bereziak direla-eta (kanpaina garaian batez ere), egoera bereziak sortzen direnez, irizpide hauek ezarri dira:
a) Ezbeharrak izan edo aurreikusteagatik, ohiz kanpoko kalteengatik edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskuagatik egiten diren aparteko orduak: ezinbesteko orduak bakarrik, eta ez dira zenbatuko langileak egin dezakeen gehienerako.
b) Lanaren egitura eta antolakuntzan ohiz kanpoko egoerak sortzeagatik egin behar diren aparteko orduak (lanera ez agertzea, txanda aldaketak, ohiz kanpoko lanak, lan metaketa handiak, etab.): hitzarmen honetan eta legezko xedapenetan aurreikusitako produkzio zirkunstantzien edo antzekoen modalitatean langileak kontratatu ezin direnean eginen dira.
Langileek ezin dute aparteko laurogei ordu baino gehiago egin urtean, eta nominan agertuko dira, indarra duen legerian ezarritako moduan.
22. artikulua. Aparteko orduen konpentsazioa edo ordainketa.
Langileen Estatutuaren 35.1 artikuluaren arabera, enpresek honela konpentsatuko dituzte aparteko orduak: langileak eskatzen duen atsedenaldiaren bidez (ordu bat, lan egindako ordu bakoitzaren truke), enpresako lan pilaketak (mahatsa biltzeko aldia eta Gabonak) errespetatuta, edo honako diru kopurua jasoz. Langileak bata zein bestea hautatzen ahalko du:
- 2024. urtean: 18,71 euro.
- 2025. urtean: 18,90 euro.
23. artikulua. Oporrak.
Langileek eskubidea izanen dute hogeita hamar egun naturaleko oporraldi ordaindua izateko urtearen barrenean; egun horiek ezin dira diruz konpentsatu.
Urtearen barrenean enpresan hasi edo enpresa uzten duen langileak oporren zati proportzionala izateko eskubidea du.
Langilea oporretan dagoela, lizentzia ordainduak sorrarazten dituzten egintzek ez dute halako lizentziarik onartzeko eskubiderik sortuko.
Lizentzia ordainduek eta aldi baterako ezintasun prozesuek ez dute kenketarik izanen opor egunen ondorioetarako.
Oporrak bi zatitan bana daitezke.
Enpresak urte bakoitzeko urtarrilean oporren egutegia erabakiko du, langileen legezko ordezkariekin batera edo bakarka; oporretako zati bat udako hilabeteetan jartzen ahalegindu beharko da.
Enpresan lan gehien dagoen garaietan ez da oporrik hartzen ahalko.
Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez baditu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere oporretako urtea bukatu zenetik hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.
VII. KAPITULUA.–LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK
24. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Ordainsari eskubidea duten baimenak eta lizentziak izanen dira Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 3. zenbakian aipatzen direnak, artikulu honetan ezartzen diren hobekuntzekin.
Enpresek lansaria (laneratze plusa izan ezik) galdu gabeko lizentzia emanen diete eskatzen duten langileei, kasu hauetan:
–Ezkontza edo izatezko bikotea erregistratzeagatik: 18 egun natural. Ospakizun eguna jaieguntzat hartuko da langile horrentzat, eta 18 eguneko lizentzia hurrengo egunean hasiko da.
–Bost egun, istripu nahiz gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik nahiz etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa jasan behar badu langilearen ezkontideak, izatezko bikotekideak edota odolkidetasuneko nahiz ezkontza ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senide batek (izatezko bikotekidearen odolkidetasuneko senideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta zaintza behar duen beste edozein pertsonak.
–Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat, gertaera eragilekoa, alegia.
–Ezkontidearen, izatezko bikotekidearen eta seme-alaben heriotzagatik: 5 egun natural, gertaera eragiletik hasita.
–Gurasoen eta anai-arreben heriotza: 4 egun natural, gertaera eragiletik hasita.
–Aitaginarreba edo amaginarrebaren, suhi-errainen, koinatu-koinaten, aitonaren edo amonaren eta biloben heriotzagatik: 2 egun. Arrazoi horrengatik langileak bidaia egin behar badu, epea bi egunez luzatuko da.
–Osaba-izeba propioen heriotzagatik: egun bat, gertaera eragiletik hasita.
–Ohiko bizilekua aldatzea: egun bat. Aldaketa bidezko udalean egindako erregistroaren bidez justifikatu beharko da.
–Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezin bat betetzeko, boto ematekoa barne.
Arestian aipatu den betebehar hori betetzeagatik, lanorduen ehuneko hogei baino gehiago ezin izan bada bete, hiru hilabeteko tartean, enpresak eszedentzia egoerara pasatzen ahalko du langilea, Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 1. apartatuan arautu bezala.
Langile batek, betebeharra betetzeagatik edo kargu batean aritzeagatik, kalte ordaina kobratzen badu, diru kopuru hori deskontatuko zaio enpresak ordaindu ohi dion soldatatik.
–Gizarte Segurantzako mediku espezialisten kontsultetara joateko: beharrezko denbora, hitzordua eta kontsultatik irteteko ordua adierazten dituen egiaztagiria emanda.
–Etxeko medikuaren kontsultara joatea edo lehen mailako ahaide bati kontsultara laguntzea, bidezko egiaztagiria emanda: 20 ordu urtean. Familia bereko kide batek baino gehiagok lan egiten badute, ordu horiek erabiltzeko eskubideaz haietako bat baizik ez da baliatzen ahalko.
–Ezkontideari eta lehen mailako ahaideei tratamendu onkologikoa dela-eta laguntzeko, urtean 16 orduko mugarekin.
Ordaindutako lizentziak gertaera eragilearen unetik hartuko dira, baldin eta langilearen lanaldiaren barruan gertatzen bada. Gertaera eragilea langilearen lanaldia bukatuta gertatzen bada, lizentzia hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.
Hitzarmen honetan ezarritako lizentzien ondorioetarako, ezkondu gabeko izatezko bikote egonkorren balioa onartzen da, Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarri bezala.
25. artikulua. Ordaindu gabeko lizentziak.
Langileek, egun ordainduez gainera, ordaindu gabeko baimena izateko eskubidea izanen dute familiako arrazoi larria dagoenean, interbentzio medikoa, ikasketak, etab. Urtean hogeita hamar egun natural izanen dira gehienez. Behar bezala justifikatu beharko dira baimenak.
26. artikulua. Eszedentziak.
Enpresek eszedentzia emanen diete eskatzen dutenei, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; esan behar da legerian aldaketaren bat izaten bada berehala aplikatuko dela. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke.
–Nahitaezko eszedentzia: derrigorrezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetean eskatu beharko da lanera itzultzea.
–Borondatezko eszedentzia: enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentziara igarotzeko aukera izateko, lau hilerako gutxienez eta bost urterako gehienez. Langile bat eskubide horretaz berriro baliatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da aurreko borondatezko eszedentzia bukatu eta lau urte igarotzea.
Borondatezko eszedentzia ez da eskatzen ahalko jarduera bereko edo antzeko bateko beste enpresa batera joateko, eta hori betetzen ez bada, lan harremana iraungi daiteke eta lortutako eskubidea galdu.
–Seme-alabak eta ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentzia: langileek eskubidea dute hiru urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo adoptatzeko zaintzan hartua nahiz harrera iraunkorrean hartua. Hiru urte horiek kontatuko dira haurra jaiotzen denetik edo, bestela, ebazpen judizialaren edo administratiboaren egunetik aurrera.
Era berean, langileek gehienez ere bi urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute, negoziazio kolektiboan iraupen luzeagoa ezarri ezean, ezkontidea edo izatezko bikotekidea zaintzeko, edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza ahaide bat zaintzeko, izatezko bikotekidearen odol ahaidea barne, baldin eta adinagatik, istripuagatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu eta ez badu ordaindutako jarduerarik egiten.
Apartatu honetan jasotzen den eszedentzia, zatika hartzen ahal dena, langileen banakako eskubidea da. Hala ere, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, enpresak mugatzen ahalko du eskubide hori aldi berean baliatzeko aukera, funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Halakoetan, enpresak ordezko plan bat eskaini beharko du bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio eskubideak baliatzea ahalbidetzeko. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia aldi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hura hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Lehenengo urtean, langileak lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo balio bereko kategoria batekoa izanen da.
Aurrekoa hala izanik ere, langilea aitortutako familia ugari bateko kidea baldin bada, lanpostua hamabost hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria orokorreko familia ugaria denean, eta hemezortzi hilabetez, gehienez, kategoria berezikoa denean. Langileak eskubide hori baliatzen badu beste gurasoaren iraupen eta araubide berarekin, lanpostuaren erreserba hemezortzi hilabetera luzatuko da gehienez.
Eskubide hori erabiltzean, kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea eta, halaber, genero rolak eta estereotipoak betikotzea saihestea.
27. artikulua. Lanaldi murrizketa.
Langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37. artikuluan jasotako kasuetan, apartatu honen berezitasunekin.
Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ordubeteko absentzia eskubidea ageri da, jaiotza, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetarako. Langileek eskubide horren ordez lanaldia ordu erdiz murrizten ahal dute, helburu berarekin, edo, bestela, 15 lanalditan metatzen ahal dute.
28. artikulua. Amatasunaren babesa.
28.1. Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 16. artikuluan aipatzen diren arriskuen ebaluazioa egiteko, zehaztu beharko da haurdun dauden edo haurra izan berri duten emakumezko langileek zein eratan, zenbateraino eta zenbat denboran dauden beren osasunari edota fetuari kalte egin diezaieketen eragileen, prozeduren edo lan baldintzen eraginpean, berariazko arriskua izan dezakeen edozein jardueratan. Ebaluazioak erakusten badu emakume horien segurtasun eta osasunerako arriskua dagoela, edo haurdunaldian edo bularra ematean eragina izateko arriskua dagoela, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu eta, beraz, emakumearen lan baldintzak edo lan denbora egokituko ditu, langilea arrisku horren eraginpean egon ez dadin. Gaueko lanik edo txandakako lanik ez egitea izanen da neurri horietako bat, behar izanez gero.
28.2. Ezinezkoa denean lan baldintzak edo lan denbora egokitzea edo, egokitu arren, lanpostu baten baldintzek kalte egin badiezaiokete emakumeari edo fetuari, eta halaxe ziurtatzen badute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo mutualitateetako zerbitzu medikoek, langilea aztertzen duen Osasun Zerbitzu Nazionaleko txosten medikoarekin batera, orduan emakumeak beste era batekoa eta bere egoerarako egokia den lanpostu edo eginkizuna bete beharko du. Enpresak, langileen ordezkariei kontsulta egin ondoren, halako arriskurik ez duten lanpostuen zerrenda prestatuko du.
Mugigarritasun funtzionaleko kasuetarako aplikatzen diren arauak eta irizpideak erabiliko dira lanpostua edo funtzioak aldatzeko. Aldaketak indarra izanen du harik eta emakumezko langilearen osasun egoera lehengo lanpostura itzultzeko modukoa izan arte.
Aurreko paragrafoan aipatutako arauak aplikatuta ere lanpostu edo funtzio egokirik ez badago, zilegi izanen da langileari beste talde edo kategoria bateko lanpostu bat ematea, baina bere jatorrizko lanpostuko ordainsariak jasotzeko eskubideari eutsiko dio.
Lanpostua aldatzea teknikoki eta objektiboki ezinezkoa bada, edo eskatzea bidezkoa ez bada justifikatutako arrazoiengatik, emakumezko langileari kontratua eten dakioke haurdunaldirako arriskua izateagatik, Langileen Estatutuaren 45.1.e) artikuluan ageri den moduan.
28.3. Artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan xedatutakoa haurrari esnea emateko garaian ere aplikatuko da, lan baldintzek eragin kaltegarria badute emakumezko langilearen edo haurraren osasunean eta Gizarte Segurantzako araubide aplikagarrian langileari arreta ematen dion medikuak hala ziurtatzen badu.
28.4. Langile haurdunek eskubidea izanen dute lanetik alde egiteko, dagokien ordainsaria jasotzeko eskubidea galdu gabe, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik arduradunari abisatu beharko diote, eta horiek guztiak lanaldiaren barrenean egin beharra justifikatu.
VIII. KAPITULUA.–ORDAINSARIAK
29. artikulua. Ordainsariak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek honako zenbateko hauek jasoko dituzte hitzarmeneko soldata edo gutxieneko soldata gisa:
29.1. 2024. urtea.
2024. urterako, %2,8ko igoera aplikatuko da jada berrikusitako 2023ko soldata taulen gainean, eta ondorioak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu, 1. eranskineko taularen arabera. Taula horiek 2024rako behin betikoak izanen dira.
Aurretik adostutako igoerak atzeraeraginezko ondoreak izanen ditu 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Aldeak hitzarmeneko atzerapen gisa erregularizatuko dira, tauletako kontzeptuei dagokienez, atzerapenen ordainsari batean.
Enpresek atzerapenak erregularizatu beharko dituzte, hitzarmen kolektibo hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gehienez bi hilabeteko epean.
29.2. 2025. urtea.
2025. urterako, %1eko igoera aplikatuko da 2024ko soldata taulen gainean, eta ondorioak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu, 2. eranskineko taularen arabera.
2025. urtea bukatuta, 2025eko abenduko urte arteko KPIa %1 baino handiagoa bada, 2. eranskineko 2025. taulei igoera gehigarri bat aplikatuko zaie, hau da, KPI horren eta %1aren arteko aldea; 2025. taulen gehieneko igoera %4koa izanen da 2024. taulekiko. Balio handitze horren ondoriozko zenbatekoak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak, eta aldeak hitzarmeneko atzerapen gisa erregularizatuko dira, tauletako kontzeptuei dagokienez, atzerapenen ordainsari batean.
29.3. Beste kontzeptu batzuk.
Hitzarmeneko gainerako soldata kontzeptuak urte bakoitzeko taulak igotzen diren ehuneko berean igoko dira.
Nolanahi ere, ezein langilek ezin izanen du jaso dagokion urterako ezarritako LGSa baino kopuru txikiagoa.
30. artikulua. Soldatetan ez aplikatzea.
Hitzarmen honetan ekitaldi bakoitzerako ezarritako soldata igoera ez da nahitaez aplikatu beharko enpresek objektiboki eta modu frogagarrian egiaztatzen badute aurreko bi kontabilitate ekitaldietan defizit edo galera egoerak izan dituztela. Hurrengo urteetarako aurreikuspenak ere kontuan hartuko dira.
Kooperatibek kontabilitate modu berezia dutenez, defizit edo galeratzat joko da kooperatibako bazkideentzako likidazio zenbatekoaren diferentzia; entregak merkatu prezioan baloratuko dira.
Kasu horietan soldata igoera finkatzea alderdien –enpresaren eta langileen– esku geldituko da. Horrelako egoera aintzat hartzeko, produkzio eta salmenten maila eskasa kontuan hartuko da, eta enpresaren kontabilitatetik, balantzeetatik eta emaitza kontuetatik ateratzen diren datuei begiratuko zaie.
Inguruabar horiek alegatzen dituzten enpresek soldaten tratamendu berezia arrazoitzeko dokumentazioa (balantzeak, emaitzen kontuak) aurkeztu beharko diete langileen ordezkariei. Dokumentazio bera aurkeztuko zaio hitzarmen kolektiboko batzorde parekideari, soldata igoera ez aplikatzeari buruzko txosten loteslea eman dezan, langileen ordezkariek bezala.
Ukitutako enpresak atzerakinak berreskuratzeko eta indarra duen hitzarmeneko soldatak eguneratzeko proposamena itundu beharko du langileen ordezkariekin, eta gero batzorde parekideari aurkeztu, onets dezan eta betetzen den begira dezan.
Langileen legezko ordezkariek eta batzorde parekideak aurreko paragrafoetan ezarritakoaren ondorioz erabiltzen dituzten datuak eta informazioak diskrezio handiz tratatu eta gorde beharko dituzte, lanbideko isilpekotasunari eutsiz.
31. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.
Goragoko kategoria bateko funtzioak esleitzen badira, betetzen den kategoriari dagokion ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen da, funtzio horiek gauzatzen diren bitartean, Langileen Estatutuaren 39.2 artikuluan araututako baldintzetan.
32. artikulua. Antzinatasuna.
Soldata tauletan adierazten den antzinatasunaren oinarrizko soldataren gainean aplikatzen diren antzinatasun sariko portzentajeak hauek dira:
ALDIAK | PORTZENTAJEAK | ALDIAK | PORTZENTAJEAK |
3., 4. eta 5. urteak | %5 | 16., 17., 18., 19. eta 20. urteak | %40 |
6., 7. eta 8. urteak | %15 | 21. eta 22. urteak. | %55 |
9. eta 10. urteak | %20 | 23. urtetik aurrera | %60 |
11., 12., 13., 14. eta 15. urteak | + %25 |
Antzinatasuna kalkulatzeko oinarria urtero eguneratuko da oinarrizko soldataren portzentaje berean.
33. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Lanaldi arruntean aritzeko kontratatutako langileek, salbuespenezko arrazoiak tarteko, 22:00etatik 06:00etara lan egiten badute, gaueko lanari dagokion osagarria jasoko dute; hain zuzen ere, langileari dagokion lanbide kategoriari esleitutako oinarrizko soldataren %25.
Gaueko lana egiteko berariaz kontratatutako langileen kasuan, soldata taularen ordainsarien %15eko (ehuneko hamabosteko) soldata osagarria jasoko dute, antzinatasun osagarria salbu.
Txandaka lan egiteko berariaz kontratatutako langileek beren kategoriari dagozkion soldaten %15eko (ehuneko hamabost) soldata osagarria jasoko dute gaueko txandan lan egitea dagokien egunetan, antzinatasun plusa izan ezik.
34. artikulua. Laneratze plusa.
Produktibitatean eragina duten elementuei lotutako soldata kontzeptu aldakorrak sustatzearren, 1993an soldata kontzeptu berri bat sortu zen, LANERATZE PLUSA izenekoa, lantokian bertan lanean egiazki egindako egun osoagatik jasotzen dena (oporretako lanegunak barne).
Laneratze plus hori urtero eguneratuko da, oinarrizko soldataren ehuneko berean.
35. artikulua. Aparteko haborokinak.
Uztaileko eta Gabonetako haborokinak hileko sari batekoak izanen dira langile guztientzat.
Kalkulatzeko, hileko soldata eta antzinatasuna sartuko dira, eta uztailaren 15a eta abenduaren 21a baino lehen jasoko dira, hurrenez hurren.
Langileen dedikazio handiagoa eta, beraz, enpresen produktibitate handiagoa konpentsatzeko, Ardantzeetako Ama Birjinaren eguneko jaiarekin batera (jarduera horren zaindaria, irailaren 10a), hitzarmen honen eraginpeko enpresek honako haborokina emanen diete:
- 2024. urtean: 1.488,45 euro.
- 2025. urtean: 1.503,33 euro.
Enpresarekin egiten den kontratu mota edozein dela ere, emakida hori jasotzen dutenek ezin izanen dute behin-behinekotasunagatiko osagarririk eskuratu etorkizuneko kontratuetan.
Urtean zehar lan harremana hasten edo bukatzen dutenek lan egindako denboraren proportzioan jasoko dituzte haborokin horiek.
35.1. Aparteko pagen hainbanaketa.
Langileen Estatutuaren 31. artikuluaren arabera, enpresek urteko hamabi hilabeteetan hainbanatzen ahalko dituzte aparteko ordainsariak; plantillari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio.
36. artikulua. Dietak eta kilometrajea.
Gutxieneko kopuru hauek ezarri dira, dieta gisa, hitzarmen hau indarrean dagoen urteetarako:
KONTZEPTUA | 2024. URTEA (euroak) | 2025. URTEA (euroak) |
Bazkaria | 16,32 | 16,49 |
Afaria | 16,32 | 16,49 |
Ohea eta gosaria | 26,40 | 26,65 |
Egun osoa | 59,04 | 59,63 |
Afariagatik dieta jasotzeko eskubidea izanen da langilea gaueko hamarrak eta gero itzultzen bada etxera.
Gastu gehiago baldin baditu enpresaren agindua betetzen ari denean, ordaindu eginen zaizkio, agiri bidez frogatu ondotik.
Bidaia enpresaren aginduz ibilgailu partikular batekin egiten bada, kilometroa 0,35 eurotan ordainduko da.
IX. KAPITULUA.–GIZARTE LAGUNTZAK
37. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Laneko istripu baten ondorioz aldi baterako sortzen den ezintasuneko edozein kasutan, jasotzen den egiazko soldataren %100 ordainduko da.
Langileak, enpresarekin lan harremanak dituen bitartean, eta eritasun arrunten edo lanetik kanpoko istripuen ondoriozko aldi baterako ezintasunengatik Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea baldin badu, enpresek Gizarte Segurantzaren edo enpresaren prestazioa osatu beharko dute langileak jasotzen duen egiazko soldataren %75era arte, laneratze plusa sartu gabe, baja bakoitzeko lehenengo zazpi egunetan, eta %90era arte, zortzigarren egunetik aurrera.
Haurdunaldian arriskua izateagatik aldi baterako ezintasuna duenean emakumeak, bere kotizazio soldataren %100 jasoko du egoera horrek irauten duen bitartean.
38. artikulua. Aseguru poliza.
Hitzarmen honen indarraldian, enpresek handitu eginen dute ezarrita izan beharko duten aseguru kolektiboaren poliza, langileek eskubidea izan dezaten honako kalte ordain hauek jasotzeko:
–Lan istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondoriozko heriotza: 58.000 euro.
–Lan istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondoriozko baliaezintasun iraunkor osoa, erabatekoa edo baliaezintasun handia: 70.000 euro.
X. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA
39. artikulua. Laneko segurtasuna eta higienea.
Oro har, hitzarmen honen eremu pertsonaleko langileek eskubidea izanen dute segurtasun eta higiene arloan babes eraginkorra izateko, beren zerbitzuak betetzean. Enpresek Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea aplikatuko dute.
Ukitutako langileek segurtasun eta higienearen inguruko legezko eta arauzko neurriak bete beharko dituzte beren lanean.
Arriskuei aurrea hartzeko, enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek prebentzio ordezkariei buruzko arauak beteko dituzte, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen V. kapituluan ageri den moduan.
Enpresak segurtasunari eta higieneari buruzko informazio praktiko eta egokia emanen die kontratatzen dituen langileei, beste lanpostu batera aldatzen direnei edo langilearentzat, lankideentzat edo beste batzuentzat arrisku handikoa izaten ahal den teknika berri bat aplikatu behar dutenei, dela bertako zerbitzuen bidez, dela kasuan kasuko zerbitzu ofizialek esku hartuz. Bestalde, langileak behartuta daude prestakuntzan ikasitakoa betetzera eta behar diren praktikak egitera bai lanaldiaren barnean bai lanalditik kanpo.
Langileak behartuta daude prestakuntzan ikasitakoa betetzera, eta prestakuntza, ahal dela, lan ordutegian egin beharko da, edo, bestela, beste ordu batzuetan, baina horretarako erabilitako denbora deskontatu beharko da lan denboratik. Enpresak ematen ahalko du prestakuntza hori, bereak diren baliabideak erabiliz edo beste zerbitzu batzuekin hitzartuta, eta haren kostua ez da inolaz ere langilearen kontura izanen.
40. artikulua. Laneko arropa.
Enpresek laneko arropa hau emanen diete langileei:
–Urtean bi buzo edo mantal, menpekoei eta langileei.
–Bi soingaineko edo saharar alkandora, administrariei.
–Toki hezeetan edo kanpoan maiz ibili behar duten langileei bi jantzi iragazgaitz, eskularruak eta gomazko oinetakoak.
Jantziak norberak erabiltzeko izanen dira, eta higatuta edo hautsita daudela egiaztatzen denean berrituko. Behin-behineko langileek ere jantzi horiexek izateko eskubidea dute, beren lana zein den, enpresan hasten diren egunetik beretik.
IX. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
41. artikulua. Antolamendu printzipioa.
41.1. Diziplina araubide horren bidez laneko diziplina mantendu nahi da, funtsezkoa baita elkarbizitza ona izateko, enpresaren ordenamendu teknikoari eta antolaketari eusteko, bai eta langileen zein enpresen eskubide eta interesak bermatu eta defendatzeko ere.
41.2. Enpresako zuzendaritzak zehapenak ezar ditzake faltengatik, kontratuan ezarritakoa hausteagatik gertatzen direnean falta horiek, kapitulu honetan ageri den mailaketari segituz.
41.3. Langileek egindako faltak hiru motatakoak dira: arinak, astunak edo oso astunak.
41.4. Enpresak faltari buruzko jakinarazpen idatzi eta arrazoitua helarazi beharko dio langileari, faltaren kalifikazioa edozein dela ere.
41.5. Langileen Estatutuari lotutako langileei falta astun eta oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzen zaizkienean (enpresan goi zuzendaritzako kontratua duten langileak alde batera utzita), langileen legezko ordezkariei horren berri emanen zaie, halako ordezkaririk baldin bada, eta horiek isilik gorde beharko dute informazioa eta inolaz ere ez zabaldu. Langilearen legezko ordezkariak, bidezkoa iruditzen bazaio, legeak ematen dizkion eskudantziei jarraikiz jokatuko du.
42. artikulua. Falten mailakatzea.
42.1. Hauek dira falta arinak:
a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hogei minutu bitarte, hiru aldiz gehienez hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) Justifikatutako arrazoirik gabe lanetik alde egitea, labur izan bada ere. Horren ondorioz enpresari edo lankideei nolabaiteko kaltea sortzen bazaie edo istripuren bat eragiten bada, falta astuntzat edo oso astuntzat har daiteke, kasua nolakoa den.
c) Justifikatutako arrazoiengatik lanera joan behar ez denean aurretik behar den denboraz ez jakinaraztea (24 ordu lehenago ez jakinaraztea), jakinarazi ezina frogatu ezean.
d) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.
e) Jendea behar den adeitasunez eta arduraz ez hartzea.
f) Enpresari bizileku edo helbide aldaketen berri ez ematea.
g) Lankideekin eztabaida izatea lanaldi barrenean.
h) Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
i) Elikagaien produkzio prozesuan zuzeneko lanak egiten ez dituzten langileen garbitasun eza.
j) Adierazpen edo portaera espontaneoak, aldez aurretik pentsatu gabekoak, eta sexu orientazio, genero adierazpen eta/edo identitate, sexu eta genero aniztasun edo familia aniztasunaren aurkako aurreiritzietan oinarritutako eraso ez-intentzionatu bat dakartenak.
42.2. Hauek joko dira falta astuntzat:
a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz gehienez hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) 30 eguneko epean, bitan edo hirutan lanera ez agertzea, justifikatutako arrazoirik izan gabe. Absentzia bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.
c) Lanaldian jokoan ibiltzea.
d) Familian izandako aldaketak behar den garaian ez jakinaraztea, Gizarte Segurantzaren kotizazioa edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena kalkulatzeko ondorioak izan baldin badituzte. Datu horiek faltsutzen badira edo maltzurki eman gabe uzten badira, falta oso astuntzat joko da.
e) Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, bai eta laneko orriak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea ere. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen dionean, falta oso larritzat jotzen ahal da.
f) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren izenean sinatuz edo fitxatuz.
g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, lanaren kaltetan.
h) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, falta oso astuntzat jotzen ahal da. Nolanahi ere, zuhurtziagabekeriatzat joko da zerbitzuak egitean nahitaezkoak diren segurtasun arropak eta ekipamenduak ez erabiltzea.
i) Lanaldian, eta horretarako baimenik izan gabe, lan partikularrak egitea, bai eta enpresako tresnak norberarentzat erabiltzea ere.
j) Langileak ez jakinaraztea bi enpresatan edo gehiagotan aritzen dela, bidegabeko lehiarik eragin gabe bada ere.
k) Enpresako sistema informatikoak eta internet norberaren gauzetarako erabiltzea. Internet legez debekatutako orriak ikusteko erabiltzen bada (adibidez, haur pornografia), oso astuna izanen da falta.
l) Produkzio prozesuetan higienerik ez izatea.
m) Elikagaien produkzio prozesuan zuzenean aritzen diren langileek edo zeregin horretarako instalazioek garbitasunik eta higienerik ez izatea.
n) Urtebeteko aldian beste falta arin bat egitea, nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zehapena jarri izan bazaio.
o) Txisteak, isekak eta/edo iruzkin iraingarriak egitea, laneko beste edozein pertsona alderdi hauengatik barregarri uzteko: sexua, arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina, sexu orientazioa, genero adierazpena eta/edo identitatea edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial.
42.3. Hauek joko dira falta oso astuntzat:
a) Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz edo gehiagotan berandu iristea, edo hogei aldiz baino gehiagotan, urtebetean.
b) Lanera ez agertzea hiru egun jarraian edo bost egun tartekatutan hilabeteko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
c) Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.
d) Eritasuna edo istripua simulatzea. Falta egin dela ulertuko da langilea, bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean. Apartatu honetan sartzen da istripuaren edo gaixotasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
e) Lanorduetan mozkortuta eta drogak hartu ondotiko egoeran egotea. Langilea arestian aipatutako egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, enpresako osasun zerbitzuak edo, bestela, enpresak izendatzen duen medikuak egin beharreko azterketa onartu beharko du. Azterketa horietan ahalik eta gehien errespetatuko da haren duintasuna eta intimitatea, eta bertan egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, lantokian ez badago, enpresako beste langile bat, ahal izanez gero.
f) Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.
g) Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.
h) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien senideei, baita lankide eta menpekoei ere.
i) Istripu larriak eragitea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.
j) Erantzukizun berezia izanik, lanpostua uztea abisurik eman gabe.
k) Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.
l) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
m) Edozein eratako sexu jazarpena.
n) Hiruhileko berean falta astun gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, eta horiengatik zehapenak jaso izana.
o) LGTBI kolektiboko kideak behin eta berriz makurtu, umiliatu, iraindu, barregarri utzi edo diskriminatzeko helburua duten jarrera, ekintza, adierazpen, iseka edo jokabide guztiak.
p) Jazarpena, xantaia edo hertsapena, LGTBI kolektiboko kide dela ezagutzera emateko mehatxupean.
q) LGTBI+ kolektiboarekiko gorrotoaren ideologia sustatzea plantillan edo biktimaren inguruan.
r) Pertsonen intimitatearen aurkako irudiak, bideoak edo mezuak zabaltzea, baita eduki LGTBIfobikoa dutenak ere.
43. artikulua. Zehapenak.
Egindako faltaren arabera, zehapen hauek ezarriko dira:
–Falta arinak: hitzezko kargu hartzea, idatzizko kargu hartzea, egun batetik hirura bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea.
–Falta astunak: hiru egunetik hamarrera bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea, hurrengo oporraldian txanda hautatzeko eskubidea galtzea, eta goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea hiru urtez.
–Falta oso astunak: hamar egunetik hirurogeira bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea, goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea bost urtez gehienez, oporraldian txanda hautatzeko eskubidea galtzea, eta kaleratzea.
Bidezko kaleratzea galarazi gabe, enpresek erabaki hori har dezakete, eta ez dute bestelako zehapenen bat ezarri beharrik izanen, honako kasu hauetan:
a) Lana bertan behera uztea, hau da, elkarren segidako lau egunetan lanera ez agertzea, abisatu gabe eta hori justifikatzen duen arrazoi oso larriren bat ez badago.
b) Diziplinarik eza edo desobeditzea, horrek kalte larriak sortzen badizkie enpresari, lankideei eta ohiko lan jardunari; halaber, eragin hori ez izan arren, jendaurreko eskandalua denean.
c) Normalean mozkortuta edo toxikatuta egotea, agerikoa denean bai lantokian bertan bai lantokitik kanpoko lan funtzioetan.
d) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea; behin gertatzea nahikoa da lesio larriak eragiten direnean edo instalazioetan kalteak, bai eta lana nabarmen eteten denean ere.
e) Enpresarekiko desleialtasuna, isilpean gorde beharreko datuak edo sekretuak ezagutaraztea.
f) Enpresa, zuzendariak eta lankideak jendaurrean eta larriki iraintzea, eta horiei lantokian bertan edo kanpoan erasotzea.
Arduradunek edo tarteko buruek agintekeriaz jokatzen badute eta menpekoak laidotzen badituzte, gizaki gisa duten duintasuna irainduz, enpresek falta oso astuntzat joko dituzte gertaera horiek eta dagokien zehapena ezarriko dute.
Enpresari dagokio langileek egindako falta arin, astun edo oso astunengatiko zehapenak ezartzeko ahalmena, indarra duten legezko xedapenak ezarritakoa betez betiere.
Enpresek lan espedienteetan adieraziko dituzte falta astunengatik edo oso astunengatik langileei ezartzen zaizkien zehapenak. Falta arinetan berregileak badira, horren berri ere jasoko da.
44. artikulua. Faltak baliogabetzea.
Faltak epeotan baliogabetuko dira:
a) Falta arinak bi hilabeteren buruan.
b) Falta astunak sei hilabeteren buruan.
c) Falta oso astunak hamabi hilabeteren buruan, kaleratzearekin zehatu ez badira.
Kontrakoak diren oharrak baliogabetzeko ezinbestekoa da zehapena jaso duen langileak jarrera eta jokabide ona erakustea.
45. artikulua. Falten preskripzioa.
Enpresak langileei zehapenak ezartzeko duen ahalmena honela preskribituko da:
a) Falta arinak hamar egunen buruan.
b) Falta astunak hogei egunen buruan.
c) Falta oso astunak hirurogei egunen buruan.
Epe horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenean hasiko dira eta, betiere, gertatu eta sei hilabetetik aurrera.
XII. KAPITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK.
46. artikulua. Langileen eskubideak.
Enpresek errespetatu eginen dute langile guztiek sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela.
47. artikulua. Langileen ordezkariak edo enpresa batzordea.
Enpresako langileen legezko ordezkariek eskumen hauek izanen dituzte:
1. Hiru hilean behin bederen honako hauen gainean emanen zaien informazioa jasotzea: enpresaren sektore ekonomikoaren bilakaera orokorra, entitatearen produkzioaren eta salmenten egoera, enpresaren produkzio programa eta enpleguak seguruenik izanen duen bilakaera, bai eta enpresaburuek kontratu berriak egiteko dituzten aurreikuspenak ere, zenbat eta zein mota eta modalitatetakoak izanen diren zehaztuz eta, berdin, azpikontratazio asmoei dagokienez.
2. Langileen Estatutuaren 8. artikuluaren 3. apartatuaren a) paragrafoan aipatzen diren kontratuen oinarrizko kopia jasotzea, eta horien luzapen eta bukaerak jakitea, hori gertatu eta hamar eguneko epean.
3. Balantzea, emaitzen kontua eta memoria ezagutzea eta, enpresa akzio edo partaidetza bidezko sozietatea baldin bada, bazkideei ematen zaizkien gainerako agiriak, horien baldintza berberetan.
4. Txostena egitea, enpresak honako arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:
a) Plantillaren berregituratzeak eta enpresan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.
b) Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.
c) Enpresaren lanbide prestakuntzako planak.
d) Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.
e) Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.
5. Txostena egitea, enpresaren "status" juridikoaren bat-egiteak, xurgapenak edo aldaketak enplegu kopuruan eragina dutenean.
6. Enpresak erabiltzen dituen idatzizko lan kontratuen ereduak ezagutzea, baita lan harremana bukaerako agirienak ere.
7. Falta oso astunengatik jartzen diren zehapen guztien berri izatea.
8. Hiru hilean behin bederen honako hauei buruzko estatistikak jasotzea: absentismo indizea eta horren arrazoiak, lan istripuak eta gaixotasun profesionalak eta horien ondorioak, istripu tasak, laneko ingurumen arloko aldian aldiko azterketak edo azterketa bereziak, eta erabiltzen diren prebentzio baliabideak.
9. Honako lan hauek egitea:
a) Lanaren, Gizarte Segurantzaren eta enpleguaren arloetan indarrean dauden arauak eta enpresako gainerako itun, baldintza eta ohiturak betetzen direla zaintzea, eta enpresaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.
b) Enpresako lanetan segurtasun eta higiene baldintzak betetzen diren begiratzea eta kontrolatzea, Langileen Estatutuaren 19. artikuluan horren inguruan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.
10. Enpresako langileen edo haien familiakoen alde ezartzen diren gizarte ekintzen kudeaketan parte hartzea, hitzarmen kolektiboan azaltzen den moduan.
11. Enpresako zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, produktibitatea mantentzen eta handitzen laguntzeko neurriak ezarri ahal izateko, hitzarmen kolektiboetan itundutakoari jarraikiz.
12. Ordezkatuei aipatu diren gai eta arlo guztien berri ematea, lan harremanetan zuzeneko edo zeharkako eragina izan dezaketen aldetik. Langileen ordezkariek edo enpresa batzordeak hamabost eguneko epean prestatu beharko dituzte aurreko 4. eta 5. apartatuetan onartutako eskumenak erabiliz egin behar dituzten txostenak.
48. artikulua. Ahalmena eta isiltasun profesionala.
Langileen ordezkariek eta enpresa batzordeak ahalmena edukiko dute, kide anitzeko organo diren aldetik, egintza administratiboak edo judizialak burutzeko beren eskumenen eremuan, kideen gehiengoak erabakiz gero.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek, eta horiek denek oro har, aurreko artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotakoaren inguruan isiltasun profesionalez jokatuko dute, baita enpresa batzordeko kide edo ordezkari sindikal izateari utzitakoan ere, eta bereziki zuzendaritzak sekretutzat jotako gaien inguruan. Dena den, enpresak langileen ordezkariei emandako agiri bat ere ez da erabiltzen ahalko enpresaren eremutik kanpo, ezta entregatzen den helburuaz besterako ere.
49. artikulua. Ordezkari sindikala.
Askatasun Sindikalari buruzko 11/1985 Lege Organikoaren 10. artikuluari jarraikiz, enpresetan izendatzen den ordezkari sindikala dagokion sindikatuan afiliatutako kideek beren artean hautatzen badute eta enpresa batzordeko kide ez bada, batzordeko kideentzat legez ezarritako berme berberak izanen ditu, bai eta eskubide hauek ere:
1. Enpresak enpresa batzordearen eskura jartzen duen informazio eta dokumentazio bera eskuratu ahal izatea; ordezkari sindikalak isiltasun profesionalez jokatu behar du legez bidezkoa den gaietan.
2. Enpresa batzordeak eta enpresako barne organoek segurtasun eta higiene arloan egiten dituzten bileretara joatea, hizpidea bai baina botorik izan gabe.
3. Enpresak ordezkariak esan beharrekoa entzun beharko du, langile guztiei eta, bereziki, bere sindikatuko afiliatuei eragiten dieten neurri kolektiboak hartu aurretik, batez ere kaleratze eta zehapenetan.
50. artikulua. Sindikatu kuota.
Enpresak sindikatu kuotaren deskontua eginen du soldatetan, eta dagokion transferentzia, afiliatuta dagoen langilearen sindikatuak eskatuta eta langileak berak adostasuna emanda, betiere.
51. artikulua. Ordu ordainduak lagatzea.
Lantoki bakoitzean enpresa batzordea osatzen duten langileen sindikatuak edo langileen ordezkarienak eskaturik, eta horiek ados badaude, enpresak baimenduko du ordu ordaindu guztiak kide bakar batek metatzea, kasu hauetan:
a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko ikastaroetara joateko.
b) Sindikatuek ematen dituzten prestakuntza sindikaleko ikastaroetara joateko.
c) Hitzarmen kolektiboko negoziazio mahaiko parte hartzaile izanez gero, mahaiaren bileretara joateko.
52. artikulua. Etengabeko prestakuntza.
Hitzarmen honen sinatzaileek argi dute langileen etengabeko prestakuntzak balio estrategikoa duela eta enpresako giza kapitalean egiten den inbertsioa dela; horregatik, antolaketa eta produkzio esparruan bizi ditugun aldaketak ikusita, etengabeko prestakuntzako programak sustatzea erabaki dute, Nafarroako Komunitatean ardogintza sektoreko enpresei zuzenduta.
53. artikulua. Batzorde parekidea.
Hitzarmen kolektibo honen aplikazioan sortzen diren zalantzak argitzeko, batzorde parekdiea izendatzen da. Hitzarmena sinatu duten alderdiek osatzen dute: lau batzordekide langileen aldetik, eta beste lau enpresaburuen ordezkari gisa, sinatzaileen artetik izendatuak. Aholkulari baten laguntza izan dezakete, eta bi aldeek izendatuko dute idazkaria.
Langileen aldetik, bi kide UGTk izendatuko ditu eta bi CCOOk.
Patronalaren aldetik, hiru kide ANEVIDek izendatuko ditu, eta kide bat UCANek.
Honako hauek dira batzorde parekidearen funtzioak:
1. Hitzarmen hau aplikatu eta interpretatzearen ondoriozko auzien berri izatea.
2. Hitzarmen honetan berariaz esleitzen zaizkion gainerako funtzioak, hitzarmenaren testu artikuluduna aldatzekoa izan ezik, hori negoziazio batzordearen eskumen esklusiboa baita.
3. Hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela begiratzea.
Batzorde parekideak 30 eguneko epea izanen du ebazpena emateko, auzi batean esku hartzeko eskaera jasotzen duen egunetik hasita.
Langileen Estatuaren 41. artikuluan aurreikusitako kasuetan, langileen legezko ordezkaritzarik ez dagoenean eta ordezkaritza hori enpresaren sektoreko sindikatu nagusiek hitzarmenaren negoziazio batzordeko partaide izateko legitimitatea dutenen artetik ordezkagarritasunaren arabera hautatutako kide kopuru bereko batzorde batek hartzen duenean, edo enpresak, kasu horietarako, kidetua dagoen enpresa elkarte baten esku uzten duenean ordezkaritza hori, erakundea sektorekoa edo sektoreartekoa den kontuan hartu gabe, prozedura honelakoa izanen da:
1. Kontsultaldia akordiorik izan gabe bukaturik, enpresak batzorde parekideari idazki arrazoitu bat igorriko dio, lan baldintzak nabarmen aldatzeko eskaera justifikatzeko zergatikoak azaltzen dituena. Idazkian ukitutako langileen kopurua azalduko da, arrazoiak, eta zenbat denborarako izanen den. Gainera, eskaera justifikatzeko agiriak erantsiko ditu. Hitzarmenaren batzorde parekideak idazkia jaso eta hurrengo 30 egunetan ebatziko du.
2. Adostasunik ez badago, alderdiak Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioan ezarritako adiskidetze prozeduraren menpe geldituko dira.
Batzorde parekideak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, batzordekide guztien erdiek gehi batek eman beharko dute aldeko botoa.
Jakinarazpenen ondorioetarako, helbide hauek erabiliko dira:
CCOO: Zaragozako etorbidea 12, 4. solairua, 31003 Iruña.
UGT: Zaragozako etorbidea 12, 3. solairua, 31003 Iruña.
ANEVID: Benjamín Tuterakoaren kalea 30, 2-B, 31008 Iruña.
UCAN: Antso Azkarraren etorbidea 49 bis, etxabea, 31007 Iruña.
Batzorde parekidea bilduko da batzorde horretako alde bakoitzari bidalitako idazki baten bidez eskatzen den aldiro (horien helbidea eraketa aktan adierazi da), eta Nafarroako Lan Auzitegiari kopia bidaliko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.
Batzorde parekidea eratutzat joko da alde bakoitzeko –langileen eta enpresaren– gehiengoa biltzen denean, eta balioa izanen dute gehiengo horren aldeko botoarekin hartzen diren akordioek.
Bukatutzat joko da batzorde parekidearen aldez aurreko tramitea, erabaki bat onartzea lortzen ez badu edo, nolanahi ere, eskaria jaso eta 30 egun natural igarotzen badira. Hori dagokion aktan jasoko da eta kopia bat emanen zaie interesdunei.
Batzorde parekideak hartzen dituen erabakiak hitzarmen kolektibo honen parte izanen dira, eta horiek ere nahitaez bete beharko dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
54. artikulua. Lan gatazken konponketa.
Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek erabaki dute hitzarmen hau interpretatu eta betetzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, batzorde parekidearen esku jartzea; batzorde horrek zilegi du bere erabakia Nafarroako Lan Auzitegiko Arbitraje Batzordearen esku jartzea, irizpena eman dezan, eta, horrek konponbiderik ematen ez badu, Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren bitartekotzaren esanetara jarri beharko da, edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik, gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea galarazi gabe.
55. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko lan arloko berdintasuna.
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan, eta horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu behar dituzte.
Enpresak berrogeita hamar langile edo gehiago baditu, aurreko apartatuan aipatutako berdintasunerako neurrien barrenean, berdintasun plan bat prestatu eta aplikatuko da, kapitulu honetan ezarritako edukia eta hedadura izanen dituena. Plana laneko legerian adierazita dagoen bezala negoziatu beharko da.
Plantillaren txosten estatistikoak erabiliko dira, egon daitekeen bereizkeria antzemateko.
–Emakumea izatea ez da irizpidea izanen inor kaleratzeko edo lanpostuak kentzeko.
–Emakumeen enpleguko bereizkeriarik eza bermatzea, baita emakumeen eta gizonen aukera berdintasun eraginkorra izateko eskubidea ere, bakar-bakarrik haien lanbide kalifikazioak kontuan hartuta.
XIII. KAPITULUA.–HITZARMENA EZ APLIKATZEKO LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehen xedapen gehigarria. Hitzarmena ez aplikatzea.
Arlo horri dagokionez, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Enpresako zuzendaritzak emanen dio hasiera prozedurari, eta idatziz jakinaraziko die kontsultaldia hasi dela langileen legezko ordezkaritzari eta hitzarmen honen batzorde parekideari.
Kontsultaldiaren hasiera jakinaraztearekin batera, enpresako zuzendaritzak hitzarmena ez aplikatzeko alegatzen dituen zergatiak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Dokumentazio horretan, hauek jasoko dira:
1. Honako hauek jasotzen dituen azalpen memoria:
a) Proposatutako neurrien xehetasunak.
b) Prozedura ekarri duten arrazoi ekonomikoen, teknikoen, antolaketaren edo produktiboen justifikazioa.
c) Lortu nahi diren helburuak.
d) Proposatzen diren neurriek enpresaren bilakaera ekonomikoan izaten ahal duten eragina, eta neurriak hartu ezean etortzen ahal diren ondorioak.
e) Ukitutako langileengan hitzarmena ez aplikatzeak ekartzen dituen ondorioak leuntzeko proposatzen diren bestelako neurriak.
2. Enpresaren ekonomia eta finantza egoeraren gaineko txosten teknikoa, enpresaren arduradunek edo enpresatik kanpoko teknikari independenteek egiten ahalko dutena. Txosten horri behar diren agiriak erantsiko zaizkio (balantzeak, emaitzen kontua, sozietateen gaineko zergaren aitorpena eta, behar izanez gero, auditoreen txostena).
Langileen ordezkariek aurreko paragrafoetan ezarritakoaren ondorioz erabiltzen dituzten datuak eta informazioak diskrezio handiz tratatu eta gorde beharko dituzte, lanbideko isilpekotasunari eutsiz.
Batzorde parekideari egin beharreko jakinarazpenari langileen legezko ordezkaritzari egindako jakinarazpena gehituko zaio.
Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz izendatutako batzorde baten esku uzten ahalko dute ordezkaritza hori.
Kontsultaldia hamabost egun naturalekoa izanen da, gehienez ere, batzorde parekideari haren hasieraren berri ematen zaion egunetik aurrera, eta, hartan alderdiek fede onez negoziatu beharko dute, akordio bat lortze aldera.
Kontsultaldiaren iraupena luzatzen ahalko da, enpresako zuzendaritza eta langileen legezko ordezkaritza ados badaude. Luzapenerako akordioa idatziz jaso beharko da aktan.
Kontsultaldia, besteak beste, enpresaren erabakia eragin duten arrazoiei buruzkoa, haren funtsari buruzkoa eta haren eraginari buruzkoa izanen da. Epe horretan, enpresako zuzendaritzak egiaztatu beharko du alegatutako arrazoiak egiazkoak direla, proposatutako neurriak justifikatuak eta proportzionalak direla eta enpresaren egoera hobetzen eta enpleguari eusten laguntzen dutela modu frogagarrian.
Edozein unetan, alderdiek erabakitzen ahalko dute lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan araututakoak) erabiltzea kontsultaldiaren ordez. Ordezpen hori egiteko, alderdien (hots, enpresako zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkaritzaren) idatzizko eta berariazko akordioa beharko da. Bertan agertu beharko da alderdiek kontsultaldia ordezteko asmo argia eta berariazkoa dutela, bai eta bitartekotza edo arbitraje prozedurari lotzeko berariazko erabakia hartu dutela ere (betiere, borondatezkoa izanen da).
Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da lehenago adierazi diren arrazoiak daudela. Akordio hori iruzurra, doloa, hertsapena edo eskubide abusua izateagatik bakarrik aurkaratzen ahalko da lan arloko jurisdikzioan. Akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresan aplikatzekoak diren lan-baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ezin izanen da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera. Horrez gain, erabakitakoa batera jarraitzeko sistemak ezarri beharko ditu, behar bezala aplikatzen den zaintzeko, bai eta akordioa urtero berrikusteko prozedurak ere, haren kausak desagertzen edo aldatzen diren kasuetan. Gainera, hitzarmena ez aplikatzeko akordioak soldata baldintzak ukitzen baditu, enpresako soldata baldintzak hitzarmeneko soldata baimenduen taulei jarraikitzeko plana beharko da. Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero arrazoiengatiko bazterketa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo enpresan aplikatzekoa den berdintasun planean aurreikusitakoak, halakorik bada. Orobat, hitzarmeneko batzorde parekideari jakinarazi beharko zaio akordioa, sinatu eta hurrengo zazpi egunean, gehienez ere.
Kontsultaldian adostasunik ez bada, edo, kontsultaldiaren ordez Nafarroako Lan Auzitegiaren aurrean bitartekotza tramite bat erabiltzen bada eta alderdiek akordiorik erdiesten ez badute, edozein alderdik jartzen ahal du desadostasuna hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren mende, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Batzordearen esku-hartzea eskatzen ez bada edo batzordeak akordiorik lortu ez badu, alderdiek lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan ezarritakoak) erabili beharko dituzte, salbu eta alderdiek aldez aurretik kontsultaldiaren ordez lan gatazken konponbide autonomorako organo horren aurrean bitartekotza tramite bat erabili badute.
Arbitraje prozedurari lotzea borondatezkoa da eta, horregatik, beharrezkoa da alderdiek horren mende jartzeko adostasuna izatea.
Kontsultaldia akordiorik gabe bukatzen denean eta aurreko paragrafoko prozedurak ezin badira aplikatu, edo azken horiek desadostasuna konpondu ez badute, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikora jotzen ahalko du edo, hura eratu ez bada, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalera, eskuduna bada. Organo horien erabakia organoan bertan hartuko da, edo haiek horretarako eta behar diren bermeekin izendatutako arbitro batek hartuko du. Hogeita bost eguneko gehienezko epean emanen da, gatazka organo horien mende jartzeko erabakiaren datatik hasita. Erabaki horrek kontsultaldian lortzen diren erabakien eraginkortasun bera izanen du, eta haren kontrako errekurtsoa jartzeko, Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eta arrazoien arabera jokatu beharko da.
Aurreko paragrafoetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, horren berri eman beharko zaie lan arloko agintaritzari eta Batzorde Paritarioari, haren gordailua egin dezaten, besterik ez.
XIV. KAPITULUA.–XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Hitzarmen honek, 2022ko urtarrilaren 14ko aktaren arabera, negoziazio batzordeak onetsitako Nafarroako ardo, alkohol, likore eta sagardo industriarako aurreko hitzarmen kolektiboa indargabetzen du, eta ondoriorik gabe uzten.
XV. KAPITULUA.–AZKEN XEDAPENA
Azken xedapen bakarra.
Hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Soldata taulei dagokienez, hitzarmen honen 29. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
I. ERANSKINA.–LANBIDE TALDEAK/KOEFIZIENTEAK
ADMINISTRAZIOA | ARLO TEKNIKOA | ARLO KOMERTZIALA | PRODUKZIOA | ENOTURISMOA/ MENPEKOAK | KOEFIZIENTEA |
1. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Zuzendari kudeatzailea | Zuzendari teknikoa | Zuzendari komertziala | 2,50 | ||
2. LANBIDE MAILA | |||||
Eskualdeko burua | 2,00 | ||||
2. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Administrazio burua | Upeltegiko arduraduna | 1,75 | |||
2. LANBIDE MAILA | |||||
Enologoa | 1.60 | ||||
3. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Salmenten burua | 1,50 | ||||
2. LANBIDE MAILA | |||||
Laborategiko arduraduna | 1,40 | ||||
4. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Salmenten ikuskatzailea | 1,35 | ||||
2. LANBIDE MAILA | |||||
1. mailako ofiziala | Langilezaina | 1,30 | |||
5. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Programatzaile informatikoa | Sustatzailea/Saltzaile bidaiaria Hizkuntzak dakizkien harreman publikoetarako langilea | Ataleko arduraduna | Sukaldeburua Cateringeko burua | 1,25 | |
6. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
2. mailako ofiziala Hizkuntzak dakizkien telefonista | Laborategiko urgazlea | 1. mailako ofiziala Ibilbideetako gidaria Autosalmenta | Sukaldaria | 1,20 | |
7. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
2. mailako ofiziala | Zerbitzaria Bisiten gidaria | 1,15 | |||
8. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Telefonista Harreragilea | Laborategiko laguntzailea | 3. mailako ofiziala Peoi espezializatua | Sukaldeko urgazlea Zaindaria/Gauzaina | 1,10 | |
2. LANBIDE MAILA | |||||
Peoia | Atezaina | 1,06 | |||
9. TALDEA | |||||
1. LANBIDE MAILA | |||||
Garbitzaileak Lorezaina | 1,00 | ||||
II. ERANSKINA.–2024KO SOLDATA TAULAK
KATEGORIAK | KOEFIZIENTEA | LANERATZE PLUSA | ARDANTZEETAKO AMA BIRJINA | HILEKO | URTEKOA, | ANTZ. OINAR. |
TEKNIKARIAK | ||||||
Zuzendari teknikoa | 2,5 | 272,10 | 1.488,45 | 2.867,29 | 44.895,77 | 819,76 |
Enologoa | 1,6 | 174,15 | 1.488,45 | 1.835,07 | 29.269,14 | 819,76 |
Laborategiko arduraduna | 1,4 | 152,38 | 1.488,45 | 1.605,68 | 25.796,55 | 819,76 |
Laborategiko urgazlea | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
Laborategiko laguntzailea | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
ADMINISTRARIAK | ||||||
Administrazio zuzendaria | 2,5 | 272,10 | 1.488,45 | 2.867,29 | 44.895,77 | 819,76 |
Administrazio burua | 1,75 | 190,47 | 1.488,45 | 2.007,10 | 31.873,58 | 819,76 |
1. mailako ofiziala | 1,3 | 141,49 | 1.488,45 | 1.490,99 | 24.060,26 | 819,76 |
2. mailako ofiziala | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
Administrari laguntzailea | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Programatzaile informatikoa | 1,25 | 136,05 | 1.488,45 | 1.433,65 | 23.192,11 | 819,76 |
Hizkuntzak dakizkien telefonista | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
Telefonista | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Harreragilea | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
KOMERTZIALAK | ||||||
Zuzendari komertziala | 2,5 | 272,10 | 1.488,45 | 2.867,29 | 44.895,77 | 819,76 |
Eskualdeko burua | 2 | 217,68 | 1.488,45 | 2.293,83 | 36.214,31 | 819,76 |
Salmenten burua | 1,5 | 163,26 | 1.488,45 | 1.720,38 | 27.532,84 | 819,76 |
Salmenten ikuskatzailea | 1,35 | 146,94 | 1.488,45 | 1.548,34 | 24.928,40 | 819,76 |
Artekaria/Sustatz./Saltz. bidaiaria | 1,25 | 136,05 | 1.488,45 | 1.433,65 | 23.192,11 | 819,76 |
Hizkuntzak dakizkien harr. publikoetako lang. | 1,25 | 136,05 | 1.488,45 | 1.433,65 | 23.192,11 | 819,76 |
PRODUKZIOA | ||||||
Upeltegiko arduraduna | 1,75 | 190,47 | 1.488,45 | 2.007,10 | 31.873,58 | 819,76 |
Langilezaina | 1,3 | 141,49 | 1.488,45 | 1.490,99 | 24.060,26 | 819,76 |
Ataleko arduraduna | 1,25 | 136,05 | 1.488,45 | 1.433,65 | 23.192,11 | 819,76 |
Ibilbideko gidaria/Autosalmenta | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
1. mailako ofiziala | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
2. mailako ofiziala | 1,15 | 125,17 | 1.488,45 | 1.318,95 | 21.455,82 | 819,76 |
3. mailako ofiziala | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Peoi espezializatua | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Peoia | 1,06 | 115,37 | 1.488,45 | 1.215,73 | 19.893,15 | 819,76 |
ENOTURISMOA | ||||||
Sukaldeburua | 1,25 | 136,05 | 1.488,45 | 1.433,65 | 23.192,11 | 819,76 |
Sukaldaria | 1,2 | 130,61 | 1.488,45 | 1.376,30 | 22.323,96 | 819,76 |
Zerbitzaria | 1,15 | 125,17 | 1.488,45 | 1.318,95 | 21.455,82 | 819,76 |
Sukaldeko urgazlea | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Bisiten gidaria | 1,15 | 125,17 | 1.488,45 | 1.318,95 | 21.455,82 | 819,76 |
MENPEKOAK | ||||||
Zaindaria/Gauzaina | 1,1 | 119,73 | 1.488,45 | 1.261,61 | 20.587,67 | 819,76 |
Atezaina | 1,06 | 115,37 | 1.488,45 | 1.215,73 | 19.893,15 | 819,76 |
Garbitzaileak | 1 | 108,84 | 1.488,45 | 1.146,92 | 18.851,38 | 819,76 |
Lorezaina | 1 | 108,84 | 1.488,45 | 1.146,92 | 18.851,38 | 819,76 |
III. ERANSKINA.–2025EKO SOLDATA TAULAK
KATEGORIAK | KOEFIZIENTEA | LANERATZE PLUSA | ARDANTZEETAKO AMA BIRJINA | HILEKO | URTEKOA, | ANTZ. OINAR. |
TEKNIKARIAK | ||||||
Zuzendari teknikoa | 2,50 | 274,82 | 1.503,33 | 2.895,97 | 45.344,73 | 827,96 |
Enologoa | 1,60 | 175,89 | 1.503,33 | 1.853,42 | 29.561,83 | 827,96 |
Laborategiko arduraduna | 1,40 | 153,90 | 1.503,33 | 1.621,74 | 26.054,52 | 827,96 |
Laborategiko urgazlea | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
Laborategiko laguntzailea | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
ADMINISTRARIAK | ||||||
Administrazio zuzendaria | 2,50 | 274,82 | 1.503,33 | 2.895,97 | 45.344,73 | 827,96 |
Administrazio burua | 1,75 | 192,38 | 1.503,33 | 2.027,18 | 32.192,31 | 827,96 |
1. mailako ofiziala | 1,30 | 142,91 | 1.503,33 | 1.505,90 | 24.300,86 | 827,96 |
2. mailako ofiziala | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
Administrari laguntzailea | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Programatzaile informatikoa | 1,25 | 137,41 | 1.503,33 | 1.447,98 | 23.424,03 | 827,96 |
Hizkuntzak dakizkien telefonista | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
Telefonista | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Harreragilea | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
KOMERTZIALAK | ||||||
Zuzendari komertziala | 2,50 | 274,82 | 1.503,33 | 2.895,97 | 45.344,73 | 827,96 |
Eskualdeko burua | 2,00 | 219,86 | 1.503,33 | 2.316,77 | 36.576,45 | 827,96 |
Salmenten burua | 1,50 | 164,89 | 1.503,33 | 1.737,58 | 27.808,17 | 827,96 |
Salmenten ikuskatzailea | 1,35 | 148,40 | 1.503,33 | 1.563,82 | 25.177,69 | 827,96 |
Artekaria/Sustatz./Saltz. bidaiaria | 1,25 | 137,41 | 1.503,33 | 1.447,98 | 23.424,03 | 827,96 |
Hizkuntzak dakizkien harr. publikoetako lang. | 1,25 | 137,41 | 1.503,33 | 1.447,98 | 23.424,03 | 827,96 |
PRODUKZIOA | ||||||
Upeltegiko arduraduna | 1,75 | 192,38 | 1.503,33 | 2.027,18 | 32.192,31 | 827,96 |
Langilezaina | 1,30 | 142,91 | 1.503,33 | 1.505,90 | 24.300,86 | 827,96 |
Ataleko arduraduna | 1,25 | 137,41 | 1.503,33 | 1.447,98 | 23.424,03 | 827,96 |
Ibilbideko gidaria/Autosalmenta | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
1. mailako ofiziala | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
2. mailako ofiziala | 1,15 | 126,42 | 1.503,33 | 1.332,14 | 21.670,38 | 827,96 |
3. mailako ofiziala | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Peoi espezializatua | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Peoia | 1,06 | 116,53 | 1.503,33 | 1.227,89 | 20.092,09 | 827,96 |
ENOTURISMOA | ||||||
Sukaldeburua | 1,25 | 137,41 | 1.503,33 | 1.447,98 | 23.424,03 | 827,96 |
Sukaldaria | 1,20 | 131,92 | 1.503,33 | 1.390,06 | 22.547,20 | 827,96 |
Zerbitzaria | 1,15 | 126,42 | 1.503,33 | 1.332,14 | 21.670,38 | 827,96 |
Sukaldeko urgazlea | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Bisiten gidaria | 1,15 | 126,42 | 1.503,33 | 1.332,14 | 21.670,38 | 827,96 |
MENPEKOAK | ||||||
Zaindaria/Gauzaina | 1,10 | 120,92 | 1.503,33 | 1.274,22 | 20.793,55 | 827,96 |
Atezaina | 1,06 | 116,53 | 1.503,33 | 1.227,89 | 20.092,09 | 827,96 |
Garbitzaileak | 1,00 | 109,93 | 1.503,33 | 1.158,39 | 19.039,89 | 827,96 |
Lorezaina | 1,00 | 109,93 | 1.503,33 | 1.158,39 | 19.039,89 | 827,96 |
IV. ERANSKINA.–LGTBI PERTSONEN BERDINTASUNERAKO ETA DISKRIMINAZIORIK EZERAKO NEURRIAK ETA LGTBI PERTSONEN AURKAKO JAZARPENARI ETA INDARKERIARI AURRE EGITEKO JARDUKETA PROTOKOLOA
1.–Arau amankomunak.
1.1. Aplikazio eremua.
Hemen araututako neurriek eta jarduketa protokoloak hitzarmen honetan oro har ezarritako aplikazio eremu bera izanen dute lurraldeari, funtzioei, langileei eta denborari dagokienez, Enpresetan LGTBI pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako neurrien multzo planifikatua garatzen duen urriaren 8ko 1026/2024 Errege Dekretuaren zehaztapenekin. Alde horretatik, LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko jarduketa protokoloa aplikatuko zaie, halaber, lanpostua eskatzen dutenei, lagatzeko langileei, hornitzaileei, bezeroei eta bisitariei, besteak beste, aipatu 1026/24 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen den legez, eta une bakoitzean indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera.
1.2. Neurri sektorialen izaera osagarria.
Nolanahi ere, neurri horiek eta horien protokoloa enpresa bakoitzean ezarrita dituzten edo etorkizunean ezar ditzaketen neurrien osagarri gisa aplikatuko dira.
2.–LGTBI pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako neurriak.
2.1. Helburuak.
2.1.1. Helburu orokorra.
Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek, sindikatuek zein enpresek, beharrezkotzat jotzen dute sektoreka esku hartzeko esparru orokor bat ezartzea, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen eta Enpresetan LGTBI pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako neurrien multzo planifikatua garatzen duen urriaren 8ko 1026/2024 Errege Dekretuaren aginduak eraginkorrak izan daitezen, LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako oinarrizko eskubidea bermatze aldera.
Neurri horiei esker, LGTBI pertsonen eskubideen berdintasun erreal eta eraginkorra errazten da, bai eta hitzarmen honen eta eranskin honen esparruan bildutako lan harremanetan zuzeneko eta zeharkako diskriminaziorik ez egotea ere.
2.1.2. Helburu bereziak.
Hitzarmen kolektiboa sinatzen duten alderdiek, 4/2023 Legean eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 1026/2024 Errege Dekretuan ezarritakoa bete eta garatzeko helburuarekin, sektore horretako enpresek neurri horiek hartzea adosten dugu (50 langile edo gehiagoko enpresentzat nahitaezkoak dira, eta sektore horretako gainerako enpresek borondatez onartu behar dituzte, indarrean dagoen legeriak xedatutakoaren arabera).
Helburu horrekin, sektorearen helburu berezi hauek ezartzen dira:
1) Sexu orientazioan, genero identitatean, genero adierazpenean, sexu ezaugarrietan eta familia aniztasunean oinarritutako diskriminazio eta/edo jazarpen oro ezabatzeko politika espezifikoak sustatzea.
2) LGTBI kolektiboko pertsonentzako lan ingurune aske eta errespetuzkoak bultzatzea.
3) Enpresetako langileak LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideen eta aukera berdintasunaren inguruan sentsibilizatzea.
2.2. LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako neurri planifikatuak.
Enpresek eta plantillek neurri planifikatuen edukia zehazteko duten askatasunari kalterik egin gabe, sektoreko hitzarmen honen eremuko enpresek gutxienez honako neurri hauek jaso beharko dituzte (neurri propioak izan ezean):
2.3. Tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren klausulak.
a) Printzipioen deklarazio bat ezartzea, eta, bertan, honako konpromiso esplizitu eta irmo hau adieraztea: enpresan ez da onartuko sexu orientazio eta identitatean, genero adierazpenean eta/edo sexu ezaugarrietan oinarritutako inolako praktika diskriminatzailerik.
b) Enpresek LGTBI kolektiboarekiko diskriminaziorik ezarekin duten konpromisoa txertatzearren, diskriminaziorik ezaren eta jazarpen egoeren prebentzioaren bermeak sartzea beren dokumentuetako testuetan (adibidez, erantzukizun sozial korporatiboan eta kode etikoan), aniztasuna bultzatzen duten eta LGTBI pertsonen diskriminazioari bukaera ematen dioten lan ingurune inklusiboak sortzen direla bermatzeko.
c) Ahal izanez gero, enpresa laguntzaileei, hornitzaileei edo azpikontratei LGTBI kolektiboari dagokionez hartutako konpromisoak jakinaraztea.
2.4. Enplegua lortzea.
a) Irizpide argiak eta zehatzak ezartzea hautaketa eta kontratazio prozesuan berma dadin lehentasuna emanen zaiola pertsona horrek lanposturako duen prestakuntzari edo egokitasunari, haren sexu orientazioa eta identitatea edo genero adierazpena gorabehera; arreta berezia eskainiko die bereziki zaurgarriak diren kolektiboetako pertsonei.
b) Hautaketa-prozesuetan esku hartzen duten eta prozesu horiek kudeatzen dituzten pertsonei prestakuntza egokia ematea, LGTBI pertsonek enplegua lortzeko orduan topatzen dituzten estereotipoak desagerrarazteko.
c) Lankidetzak sustatzea LGTBI pertsonen laneratzea errazten duten erakundeekin, arreta berezia eskainiz pertsona bereziki zaurgarriei eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren biktimei.
2.5. Lanbide sailkapena eta sustapena.
a) Barnean irizpide objektiboak arautzea, LGTBI pertsonen zuzeneko edo zeharkako diskriminazioa saihesteko lanbide sustapeneko sailkapen eta prozesuetan, eta, horrela, lanbide karrera baldintza berdinetan garatzen dutela bermatzea.
b) Pertsona transen eta ez-bitarren lanbide sustapeneko prozesuetan ekintza neurri positiboak sustatzea, eskatutako baldintzak betetzen badira, eta gainerako hautagaien baldintza berdinetan.
2.6. Prestakuntza, sentsibilizazioa eta hizkera.
a) Plantillaren prestakuntza planetan LGTBI pertsonek lan eremuan dituzten eskubideei buruzko modulu espezifikoak sartzea, honako hauek, gutxienez: sexu, familia eta genero aniztasunari buruzko definizioen eta oinarrizko kontzeptuen glosarioa; hizkera inklusiboa erabiltzeko gida, eta sexu orientazio eta identitatea, genero adierazpena eta sexu ezaugarriengatiko jazarpen diskriminatzailea edo indarkeria prebenitzeko, antzemateko eta horien aurrean jarduteko protokoloa.
b) Langileei jakinaraztea enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektibo honetan jasotako LGTBI neurri planifikatuak, bai eta horien irismena eta edukia ere.
c) Sexu eta genero aniztasunari buruzko prestakuntza, salaketak jasotzeko kanaletan erantzukizuna duten pertsonentzat eta sexu orientazio eta identitatea, genero adierazpena eta sexu ezaugarriengatiko jazarpen diskriminatzailearen edo indarkeriaren prozeduren organo edo batzorde instruktoreetan parte hartzen dutenentzat.
d) Barne dokumentazioa eta identifikazioak (enpresa txartela, sarbide mezuak, etab.) langileen generoa errespetatuz egokitzea.
2.7. Askotariko lan ingurune seguru eta inklusiboak.
a) Langileen artean LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko hitzarmen honetan araututako protokoloa zabaltzea.
b) Langileen ordezkari bat izendatzea, sexu orientazioa, identitatea, adierazpena eta sexu ezaugarriengatiko jazarpen diskriminatzailearen edo indarkeriaren salaketak jakinarazteko eta izapidetzeko, II. eranskineko protokoloan aurreikusitakoaren arabera.
c) Konponbideak ematea enpresen instalazioetan, hala nola aldageletan eta komunetan, langileen pribatutasuna eta intimitatea bermatzeko, bereziki trans pertsonena.
d) NBEen eta laneko jantzien neurria hautatzeko aukera ematea langileei, haien generoaren arabera zer lehentasun izan dezaketen aurresuposatu gabe.
e) Enpresak lan giroaren ingurua egiten dituen inkestetan, sexu orientazioa, genero identitatea, genero adierazpena eta sexu ezaugarriengatiko jazarpen diskriminatzaileari edo indarkeriari buruzko faktoreak sartzea.
2.8. Baimenak eta onura sozialak.
a) Alderdiek hitz ematen dute etengabe berrikusiko dutela hitzarmen honetan erabilitako terminologia, eta, zehazki, familia baimenei dagokienez; hitz neutroak erabiliko dituzte. Horrela, esaterako, familia aniztasuna errekonozitze aldera, lehentasuna emanen zaio "guraso" terminoari, "aita" edo "ama" erabili beharrean.
b) Hitzarmen kolektiboan jasotako baimenen, onura sozialen eta eskubideen interpretazioa berdintzea, orientazio eta identitate sexualagatik eta genero adierazpenagatik bereizketarik egin gabe.
c) Hitzarmen kolektiboan jasotako kontziliazio baimenak eta gizarte onurak zabaltzea, langileek horien berri izan dezaten.
2.9. Diziplina araubidea.
Alderdi sinatzaileek, sexu orientazio, genero identitate eta/edo adierazpen, sexu eta genero aniztasun edo familia aniztasunaren askatasunaren printzipioak bermatzeko, jokabide zehagarri hauek txertatzen dituzte diziplina araubidean:
–Falta arinak:
a) Adierazpen edo portaera espontaneoak, aldez aurretik pentsatu gabekoak, eta sexu orientazio, genero adierazpen eta/edo identitate, sexu eta genero aniztasun edo familia aniztasunaren aurkako aurreiritzietan oinarritutako eraso ez-intentzionatu bat dakartenak.
–Falta astunak:
a) Txisteak, isekak eta/edo iruzkin iraingarriak egitea, beste edozein langile alderdi hauengatik barregarri uzteko: sexua, arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina, sexu orientazioa, genero adierazpena eta/edo identitatea edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial.
–Falta oso astunak:
a) LGTBI kolektiboko kideak behin eta berriz makurtu, umiliatu, iraindu, barregarri utzi edo diskriminatzeko helburua duten jarrera, ekintza, adierazpen, iseka edo jokabide guztiak.
b) Jazarpena, xantaia edo hertsapena, LGTBI kolektiboko kide dela ezagutzera emateko mehatxupean.
c) LGTBI+ kolektiboarekiko gorrotoaren ideologia sustatzea langileen artean edo biktimaren inguruan.
d) Langileen intimitatearen aurkako irudiak, bideoak edo mezuak zabaltzea, baita eduki LGTBIfobikoa dutenak ere.
3. II. ERANSKINA.–SEXU ORIENTAZIOA ETA IDENTITATEA, GENERO ADIERAZPENA ETA SEXU EZAUGARRIENGATIKO JAZARPEN DISKRIMINATZAILEA EDO INDARKERIA PREBENITZEKO, HAUTEMATEKO ETA HORREN AURREAN JARDUTEKO PROTOKOLOA
3.1.–Printzipioak.
Espainiako Konstituzioak dio pertsonaren duintasuna dela ordena politikoaren eta gizarte bakearen oinarrietako bat, eta aitortzen du pertsona orok duela diskriminaziorik ez izateko, tratu berdintasuna izateko, nortasuna askatasunez garatzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea.
Langileen Estatutuak berariaz jasotzen du langileek eskubidea dutela beren intimitatea errespetatzeko eta beren duintasuna behar bezala kontuan hartzeko, baita arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta gertatzen den jazarpenaren aurkako babesa eta sexu jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta laneko jazarpenaren aurkako babesa ere.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46.2 eta 48. artikuluek eta Sexu askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoak honako betebehar hau ematen diete enpresei: "sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan baldintzak sustatzea, eta horiek prebenitzeko eta jazarpena jasan dutenek aurkez ditzaketen salaketak edo erreklamazioak bideratzeko prozedura espezifikoak arbitratzea". Horrela, langile guztien duintasuna, osotasuna eta tratu berdintasuna bermatuko da.
Era berean, Espainiak lan munduan indarkeria eta jazarpena ezabatzeari buruzko NLEren Hitzarmenari atxikitzea sinatu du. Hitzarmen horren testua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko ekainaren 16an, eta protokolo honek bere gain hartzen ditu haren printzipioak.
Printzipio horien arabera, hitzarmena sinatu duten enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek hitzarmenaren eremuan esparru bat ezartzeko konpromisoa hartzen dute, enpresek eta langileek beharrezko tresnak izan ditzaten pertsonaren duintasuna eta aipatu diren eskubideak eta balioak errespetatuko dituen lan ingurunea bermatzeko.
3.2.–Protokolo honen helburua.
Protokolo honen bidez, neurri esparru bat ezarri nahi da, enpresek eta langileek eranskin honetan garatzen diren neurrietara beren borondatez jotzeko aukera izan dezaten, hain zuzen ere, genero diskriminazioko egoerak prebenitzeko eta desagerrarazteko (sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena). Horretarako, isilpeko kanal azkar eta irisgarria ezarriko da.
Ildo horretan, hitzarmen hau aplikatzen duen enpresan jazarpena prebenitzeko eta haren aurka jarduteko prozedurarik ez badago, protokolo hau aplikatzen ahalko dute, eta enpresak bere gain hartuko du pertsonaren duintasunaren eta balioen aurkako jokabideek, haren osasun fisikoari edo psikikoari eragin diezaioketenek, eragindako giroa desagerrarazteko erantzukizuna.
Halaber, jazarpen protokolo honek jarraian jasotako printzipioak betetzen ditu, Berdintasun planak arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Horretarako, protokolo honetan funtsezko bi alderdi hartzen dira kontuan: sexu jazarpenaren eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzioa eta enpresak horrelako egoeren salaketen aurrean duen erantzuna. Beraz, honako jarduketa hauek ezartzen dira:
a) Jazarpen egoerak edo sexu jazarpena eta/edo sexuan oinarritutako jazarpena izan daitezkeen egoerak prebenitzera eta saihestera bideratutako neurriak ezartzea.
b) Jarduteko barne prozedura bat jartzea, egoera horiek prebenitzen saiatu arren, langileren batek salaketa edo barne kexa bat aurkezten duenean sexu-jazarpenagatik eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenagatik.
3.3.–Definizioa eta jazarpen jokabideak.
3/2007 Lege Organikoaren 7.1 artikuluaren arabera, Zigor Kodean ezarritakoari kalterik egin gabe, sexu jazarpena izanen da pertsona baten duintasunaren kontrako helburua edo ondorioa duen sexu kutsuko portaera, dela hitzen bidezkoa zein fisikoa, eta batez ere giro larderiatsua, degradatzailea edo iraingarria sortzen denean.
Bereziki, sexu jazarpena da, askatasunez onartzen ez duelarik, sexu erantzuna lortzeko asmoz pertsona bati lan eremuan zuzentzen zaion jokabide oro –hitzak, keinuak, jarrerak edo ekintza zehatzak izaten ahal dira–. Argi izan behar da, zenbait inguruabarretan, gertaera bakar bat bada ere, hura jotzen ahalko dela sexu jazarpentzat.
Sexu jazarpeneko jokabideak:
3.3.1. Giroaren inguruko jokabideak.
Lan-ingurune beldur-eragilea edo iraingarria edo aurkakoa sortzen dutenak; ez da beharrezkoa ekintzaren eta lan baldintzen artean zuzeneko lotura bat egoterik. Honako hauek, besteak beste:
–Sexu kutsuko jokabide fisikoak, beharrezkoak ez diren ukituetatik hasi eta gehiegizkoa den edo beharrezkoa ez den hurbilketa fisikoraino. Eraso fisikoak.
–Sexu kutsuko hitzezko jokabidea: sexu iradokizun deserosoak, proposamenak, flirt iraingarriak, iruzkin eta iradokizun lizunak, nahi ez diren telefono deiak, sexu itxurari buruzko txantxak edo iruzkinak, nahita egindako ahozko erasoak.
–Hitzik gabeko sexu kutsuko jokabidea, hala nola eduki sexuala edo pornografikoa duten argazkiak edo material idatzi sexualak erakustea edo keinu lizunak egitea. Gutunak edo posta elektronikoko mezu iraingarriak eta eduki sexuala dutenak.
3.3.2. Truke jokabideak.
Hierarkian goragoko maila duen pertsona batek edo langilearen enpleguaren egonkortasuna edo lan baldintzak hobetzea bere mende duen pertsona batek egindako proposamenak edo jokabideak izan daitezke, bai eta lankideengandik edo lana dela-eta biktimarekin zerikusia duen beste edozein pertsonarengandik datozenak ere. Kontaktu fisikoa, etengabeko gonbidapenak, sexu mesedeak eskatzea eta abar izaten ahal dira.
3.3.3. Sexuan oinarritutako jazarpena.
3/2007 Foru Legearen 7.2 artikuluaren arabera: "Pertsona baten sexua dela-eta haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten diren jokabide guztiak sexuan oinarritutako jazarpentzat hartuko dira".
3.3.4. Sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideak.
Sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideak dira, besteak beste, honako jokabide hauek:
–Pertsonari kontrako tratua ematea dakartenak, baldin eta haurdunaldia edo adingabearen zaintza badira arrazoiak.
–Pertsona baten sexuaren arabera edo aurreko apartatuan zerrendatutako beste edozein inguruabarren arabera hartutako antolamenduaren arloko erabakiak, iraintzeko asmoz egiten badira (baztertzea, isolatzea, jarduna bidezko moduan ez ebaluatzea, egiteko iraingarriak, zentzugabeak edo gaitasun profesionalaren azpikoak esleitzea, etab).
–Modu esplizituan edo inplizituan pertsonaren sexuaren arabera gauzatzen diren jokabideak, jarrerak edo praktikak, lan baldintzen gainean eragina badute.
–Pertsonak barregarri uztea, beren gain hartzen dituzten zereginak ez datozelako bat kulturalki edo sozialki inposatutako eta sexuan oinarritutako rolarekin edo estereotipoarekin.
–Sexua, sexu orientazioa edo adierazpena edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial barregarri uzten duten txisteak eta isekak.
–Pertsonen lana eta gaitasun intelektuala gutxiestea, aurreko apartatuan jasotako inguruabarrengatik.
–Ziberjazarpena edo jazarpen birtuala.
Adibide horiek ez dira, inola ere, sexuan oinarritutako jazarpen egoeratzat har daitezkeen jokabide guztien zerrenda zehatza. Kasu bakoitzean, jokabideen eragina ebaluatu beharko da.
3.4.–Jazarpena prebenitzeko neurriak.
Jazarpena edo jazarpena izan daitezkeen egoerak prebenitzeko, protokolo honetaz gain, enpresei honako neurri hauek hartzea gomendatzen zaie hitzarmen honen barruan:
–Jazarpen kasuetarako prebentzio eta jarduketa protokoloa langile guztiei zabaltzea, eta eskuragarria dela ziurtatzea.
–Sentsibilizazio neurriak sustatzea eta prestakuntza eskaintzea pertsonak sexu jazarpenetik eta sexu indarkerietatik babesteko.
–Sexu indarkeria laneko arrisku faktoretzat hartzea lanpostuen arriskuen ebaluazioan.
–Emakumeen eta gizonen lan baldintzen aurretiazko diagnostikoa egitea, langileen legezko ordezkariekin adostutakoari jarraikiz (halakorik egin ez bada).
–Sexu jazarpenari, genero indarkeriari eta sexu indarkeriari buruzko galderak gehitzea arrisku psikosozialen eta lan giroaren ebaluazioetan.
–Errespetuzko eta bidezko lan giroa sustatzea, eta, horretarako, berdintasun, errespetu eta duintasun balioak irakastea.
–Langile berrien integrazioa erraztea, haien isolamendua saihestuz eta, hasierako harrera prozesuan ez ezik, ondoren ere etengabeko jarraipena eginez.
–Langile berrien integrazioa erraztea, haien isolamendua saihestuz eta etengabeko jarraipena eginez.
–Berdintasunaren eta errespetuaren printzipioen aurkako iradokizunak eta adierazpenak debekatzea, eta eduki sexista oro ezabatzea.
–Enpresako zuzendaritzak berehala jardunen du onargarriak ez diren jokabideen aurrean, arduradunari jakinarazi eta dagokion protokoloa aplikatuta.
Enpresak jarrera aktiboa izanen du neurri berriak hartzean edo daudenak hobetzean, lanean bizikidetza ezin hobea lortzeko eta langileen eskubideak babesteko.
3.5.–Aplikazio eremua eta indarraldia.
1.1 apartatuan adierazten den bezala, jarduketa protokolo honek hitzarmen honetan oro har ezarritako aplikazio eremu bera izanen du, lurraldeari, funtzioei, langileei eta denborari dagokienez, urriaren 8ko 1026/2024 Errege Dekretuaren zehaztapenekin.
Horren harira, honako hauei ere aplikatuko zaie: lanpostua eskatzen duten pertsonei, lagatzeko langileei, hornitzaileei, bezeroei eta bisitariei, besteak beste, aipatu 1026/24 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta unean-unean indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera.
3.6–Jazarpen salaketen kasuan jarduteko prozedura.
Jazarpen salaketen kasuan jarduteko prozedura propiorik garatu ez duten hitzarmen honen aplikazio eremuko enpresei hitzarmen kolektiboaren eranskin honetan ezarritako prozedura hau aplikatzen ahalko zaie.
3.7.–Prozedurarekin batera izanen diren bermeak.
–Ukitutako pertsonen intimitatea, konfidentzialtasuna eta duintasuna babestea (baita salatuarena ere).
–Ustez jazarpena jasan duen pertsonaren segurtasuna eta osasuna babestea.
–Salatzailearen eta salatuaren nortasuna babesteko bermea.
–Entzunaldi inpartziala eta bidezko tratamendua ukituriko pertsona guztientzat.
–Kasuan inplikatuta ez dauden alderdiei edo pertsonei ez zaie informaziorik zabalduko, ikerketarako beharrezkoa denean izan ezik.
–Premiaz izapidetzea, bidegabeko atzerapenik gabe.
–Salatutako egintzen ikerketa profesional eta sakona.
–Era guztietako neurriak hartzea, diziplina neurriak barne, jazarpen jokabideak egiaztatuta dauzkaten pertsonen aurka.
–Inplikatutako pertsonek aholkulari baten laguntza izan dezakete prozeduraren fase guztietan.
–Jazarpenak, edozein modalitatetan, falta astun eta oso astunetarako aplikatu beharreko diziplina araubidean ezarritako tratamendua izanen du.
3.8.–Prozedura.
Prozedura salaketa aurkeztean hasten da.
Egoeraren salaketa zuzenean aurkezten ahalko du ukitutako pertsonak edo egoeraren berri duen edozein pertsonak, bai eta langileen legezko edozein ordezkarik ere.
Aukera hauetako edozeinen bidez aurkeztuko da:
–Giza Baliabideen departamentuan.
–Langileen ordezkarien aurrean.
–Enpresa bakoitzak prestatutako posta elektronikoaren bidez.
–Enpresa bakoitzean gaitzen den beste edozein bitarteko.
3.9.–Salaketaren betekizunak.
Salaketa idatziz eginen da beti. Prozeduraren instrukzioaren arduradunek espediente zenbaki bat esleituko diote, salaketa aurkeztu eta gehienez ere bi eguneko epean.
Salaketak informazio hau jaso beharko du:
–Salatzailearen identifikazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak.
–Salatuaren identifikazioa eta haren lanpostua.
–Ustezko biktimaren identifikazioa eta haren lanpostua.
–Gertaeren deskribapen kronologiko zehatza (noiztik ezagutzen diren gertaerak, inplikatutako pertsonak, gatazkaren jatorria, gertaerak, tokia eta datak, etab.).
–Balizko lekukoen identifikazioa.
–Gertaerak egiazta ditzakeen dokumentazio guztiaren kopia edo egokitzat jotzen den beste edozein informazio.
–Salatzailearen sinadura, ados dagoela adierazteko.
Salaketa aurkezten duen pertsonak idazki bat jasoko du, salaketa kudeatuko duen pertsonaren identifikazioarekin, salaketa entregatu duen datarekin eta espediente zenbakiarekin.
Nolanahi ere, paragrafo honetan ezarritako daturen bat ez betetzeak ez du instrukzio batzordearen jarduna eragotziko, baldin eta bidalitako idazkitik jazarpen egoera bat egon daitekeela ondorioztatzen bada; dena den, ikerketan eskatutako datu guztiak zuzentzen ahalko dira.
Instrukzio batzordeak beti hartu beharko du esku lan agintaritzak, lan arloko jurisdikzioak edo beste ordena bateko jurisdikzioak hala eskatzen dionean, nahiz eta aurretik salaketarik egon ez.
3.10.–Instrukzio batzordea.
Instrukzio batzordearen erantzukizuna izanen da prozedura honen instrukzioa. Hauek osatuko dute:
–Gai horri buruzko ezagutzak dituen instruktore bat, enpresak izendatua, dela giza baliabideetakoa, dela kanpoko edozein profesional.
–Idazkari bat, hori ere enpresak izendatua.
–Batzordekide bat, langileen legezko ordezkaritzak izendatua.
Instruktore eta idazkari postuak nahitaez izendatu beharko dira. Batzordekideen izendapena borondatezkoa izanen da. Batzordekideak instrukzio batzordearen jarduketetara ez agertzeak ez du prozedura geldiaraziko.
Instrukzio batzordea osatzen duten pertsona guztiek eskuratzen ahalko dute ikerketa espedientea. Espediente horren kopiarik ez da eginen, eta ale bakarra egonen da (paperean edo formatu digitalean), idazkariaren zaintzapean.
Batzordeko kideek prozedurarako beharrezkoak diren gaitasun, objektibotasun eta inpartzialtasun baldintzak bete beharko dituzte.
Salatzaileak edozein kide modu arrazoituan salatzen ahalko du inpartzialtasunik ezagatik edo alderdietako edozeinekin harreman zuzena, ahaidetasuna edo lan mendekotasuna izateagatik. Orduan, beste kide batzuk izendatu beharko dituzte alderdiek.
Era berean, ez dira izaten ahalko prozedura horien instruktore ez salatua, ez salatzailea.
Instrukzio batzordeak prozedura hasiko du, baldin eta kide izan daitekeen edozein pertsonaren kasuan zantzu nahikoak badaude sexu jazarpeneko eta/edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabide bat dagoela pentsatzeko.
Ustez jazarpena jasan duten pertsonei babesa eta laguntza emanen die, kautelazko neurriak gomendatuko ditu, eta gertaerak argitzeko beharrezkoak diren kudeaketak eta izapideak eginen ditu. Horretarako, egokitzat jotzen duen informazio guztia bilduko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen elkarrizketak eta gainerako jarduketak eginen ditu.
Besteak beste, prebentzio zerbitzuaren adierazleei buruzko informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa biltzea.
Prozeduraren arabera, batzorde hori gehienez ere 5 laneguneko epean bilduko da, salaketa jasotzen den egunetik edo jokabide desegoki baten berri duenetik.
3.11.–Prozedura laburtua.
Helburua arazoa arin konpontzea da, salatuari bere jokabidearen ondorio iraingarriak eta larderiazkoak jakinaraztea nahikoa denean arazoa konpontzeko.
Prozedura hasi ondoren edo ofizioz, edo dagokion salaketa egin ondoren, instruktoreak arduratuko dira, bakoitza bere aldetik, salatzailearekin eta salatuarekin edo beharrezkotzat jotzen den beste edozein pertsonarekin elkarrizketatzeaz.
Egindako bileren emaitzak ikusita, instruktoreak Giza Baliabideen Zuzendaritzari, ukitutako alderdiei eta berdintasun batzordeari helaraziko die irizpena. Ezin izanen da horretarako 7 lanegun baino gehiago luzatu.
Egoera ezin bada konpondu salatuari portaera aldatu behar duela jakinarazita, edo gertaera larria bada, prozedura formalari helduko zaio.
3.12.–Prozedura formala.
Erasandako pertsonari eta salatuari egindako elkarrizketekin batera, beharrezkotzat jotzen diren froga dokumental, elkarrizketa edo bestelako proba guztiak eginen dira, jazarpen egoera etetea lortze aldera.
Espedientea izapidetzen den bitartean, sexu jazarpenaren eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenaren zantzuak egon bezain laster, instrukzio batzordeak inplikatutako pertsonak banantzeko neurria proposatzen ahalko dio enpresako zuzendaritzari, haien lan baldintzei edo kautelazko beste edozein neurriri kalterik egin gabe. Hori berehala egin beharko da.
Instrukzioa txosten batekin akituko da, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, berdintasun batzordeari eta eragindako alderdiei helaraziko zaie. Prozedurak ez du 15 lanegun baino gehiago irauten ahalko.
3.13.–Txostena prestatzea.
Txostenak informazio hau jaso beharko du:
–Kasuaren aurrekariak, inplikatutako alderdi bakoitzak planteatutako argudioen laburpen batekin.
–Kasuaren egitate nagusien deskribapena.
–Gauzaturiko eginbideen laburpena.
–Azken balorazioa, izan litezkeen ekarpen partikularrekin eta neurketa probekin.
–Jazarpena dagoen edo ez berariaz zehaztea.
–Instrukzio batzordeko kideen sinadura.
3.14.–Prozeduran burutu beharreko ekintzak.
Jazarpena dagoela erabakitzen bada, adostutako azken txostena enpresa zuzendaritzari helaraziko zaio 10 egun naturaleko gehieneko epean, dagozkion diziplina neurriak har ditzan.
Ezarritako zehapenak ez badakar berekin jazarpen egintza gauzatu duen pertsona kaleratzea, neurri egokiak hartuko dira jazarlea eta biktima batera egon ez daitezen lan ingurune berean. Biktimak bere lanpostuan geratzeko aukera izanen du edo lekualdatzea eskatzekoa, eta hartutako neurrien ondorioz ezin izanen dira bere lan baldintzak hobetu edo okertu.
Jazarpenik ez dagoela frogatu bada, espedientea artxibatu eginen da.
Egindako ikerketa dela-eta, jazarpenik ez dagoela egiaztatzen bada, baina lanak eragindako gatazka pertsonal nabarmen bat dagoela agerian uzten bada, ikerketa batzordeak ondorio hori txostenean jasoko du, enpresako zuzendaritzak horren arabera joka dezan.
3.15.–Jazarpena egiaztatu den prozedura akitu ondoren hartu beharreko neurriak.
Prozedura akitutakoan, instrukzio batzordeak honako neurri hauek proposatzen ahalko ditu:
–Jazarpena jasan duen pertsonari laguntza psikologikoa eta soziala ematea.
–Enpresak jazarritako pertsonaren eskura jarriko ditu genero indarkeriaren edo sexu indarkeriaren biktimak babesteko adostutako neurri guztiak.
–Jazarpena jasan duen langileak aldez aurretik baimena emanda, hura indarberritzeko onuragarritzat jotzen diren lan baldintzak aldatzea.
–Jazarpena jasan duen langilea babesteko zaintza neurriak hartzea.
–Enpresak neurri egokiak hartuko ditu zehatutako pertsonak berriro ez dezan halakorik egin.
–Biktima aldi baterako ezintasunean denbora luzez egon bada, prestakuntza edo eguerapenak emanen zaizkio, lanbidean eguneratuta egon dadin.
–Enpresaren estandar etiko eta moralak errepikatzea.
–Enpresako arrisku psikosozialak ebaluatzea.
3.16.–Beste ohar batzuk.
Espresuki debekatzen dira salaketa bat jartzen dutenen, lekukotza ematen dutenen eta egiten diren ikerketetan lagundu edo parte hartzen dutenen kontrako errepresaliak, bai eta beren edo beste batzuen kontrako jazarpenei aurre egiten dieten pertsonen kontrakoak ere.
Hala ere, egindako ikerketatik agerian geratzen bada jazarpena salatu duen pertsonak fede onik gabe edo kalte egiteko asmoz jokatu duela, enpresak Langileen Estatutuko kontratuzko fede ona urratzeko kasuetarako aurreikusitako neurriak hartzen ahalko ditu.
Protokolo honetan ezarritako arauketak eta prozedurek ez dute eragozten unean-unean beste edozein ekintza sustatzea eta izapidetzea, kasuan kasu dagozkion erantzukizun administratiboak, sozialak, zibilak edo penalak eskatzeko.
Gerardo Díaz (ANEVID) | Jesús C. Pavía (ANEVID) | Eduardo Llorente (ANEVID) |
Juan G. Cantalapiedra (ANEVID) | José Miguel Beneroso (ANEVID) | Javier Zabaleta (UCAN) |
Carlos Goñi (UGT) | Javier Velasco (UGT) | Eva Ciaurriz (CC.OO) |
Iragarkiaren kodea: F2505060
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
