227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERA

Deialdia, oposizioaren bidez bete dadin udal agentearen plaza bat, euskara hizkuntza-eskakizuna duena

Alkatetzaren 2025eko urriaren 28ko 325. Ebazpenaren bidez, onetsi dira deialdi bat eta haren oinarriak, oposizioaren bidez bete dadin udal agentearen plaza bat, euskara hizkuntza-eskakizuna duena, funtzionario izaerarekin.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko arauekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizioaren bidez betetzea udal agentearen plaza bat, euskara hizkuntza-eskakizuna duena, Berako Udalaren zerbitzukoa. Lanpostuak 10 zenbakia du plantilla organikoan. 31/2022 Legearen 20.Bi.4 artikuluko berariazko ordezte-tasa gehigarria, eta sartuta dago urte anitzeko plangintza-tresnan eta 2024rako enplegu publikoaren eskaintzan.

Euskara hizkuntza-eskakizunari dagokionez, C1 mailakoa izanen da ahozko ulermenean eta adierazpenean, eta B2 idatziaren ulermenean eta idazmenean.

1.2. Izendapenak Berako Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaren jabetza hartzen duenetik aitzina, eta kidetuko da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta, hala behar badu, alta emanen zaio hartan.

Deialdi honen bidez udal agente izendatzen den izangaiak beteko ditu poliziei dagozkien eginkizunak, baita Udalak esleitzen dizkienak ere, lege-esparruaren barnean, eta bere eskubideak eta betebeharrak izanen dira ezarrita daudenak azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian (aipatutako foru legea da Nafarroako Poliziei buruzkoa); gainera, C mailan sailkatuko da, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.

1.3. Lanaldi osoa izanen du. Edukiko du Udaleko gainerako langileek urtean duten lanaldia, eta ordutegi zehatza zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekiko oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.

c) Titulu hauetako bat izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, titulu horietako bat lortzeko moduan egotea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez izatea deialdiaren IV. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetako bat.

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izana, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, indarrean.

g) Konpromisoa hartzea armak aldean eramateko eta, behar denean, erabiltzeko. Konpromisoa hartuko da eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

h) Edukitzea eskatzen den euskararen jakite-maila frogatzen duen ziurtagiria: C1 ahozko gaitasunean eta B2 idatzizko gaitasunean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izanen da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.

Hizkuntzaren ezagutza-maila hori frogatzeko, orobat, berariazko proba bat egiten ahalko da. Kasu honetan, aipatutako proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako jarritako tokian. Proba hori eginen da oposizioko probak hasi baino lehen.

3.2. Aurreko betebeharrak frogatu beharko ditu oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko behin-behinean proposatzen den izangaiak, deialdi honen 7.4.3 oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori dena bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Berako Herriko Etxearen erregistro orokorrean (Herriko Etxeko plaza 1), egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bera.eus) edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, azken eguneko 13:30ak arte. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

Baldin erabakitzen bada eskaera postetxe batean aurkeztea, honako aukera hauek izanen dira:

–Bide telematikoz bidaltzea, Erregistro Birtualeko Bulegoaren bidez, destinoko Kode Digital honetara: L01312508 - Berako Udala.

–Gutun-azal irekian aurkeztea, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Horrez gainera, frogagiria bidali beharko da mezu elektroniko bidez, helbide honetara: bera@bera.eus. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

b) Deialdi honen I. eranskinean adierazitako ereduari egokituko zaizkio eskabideak. Eranskin hori argitaratuko da, deialdiarekin batera, Berako Udalaren webgunean (https://bera.eus/es/empleo-publico/), bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, deialdiaren argitalpena dela-eta.

4.2. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

b) Eskatzen den euskara-maila (C1 ahozkoa eta B2 idatzizkoa) frogatzeko dokumentazioa, edo, hala badagokio, hizkuntza gaitasuneko proba egiteko eskabidea.

c) Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo baliokidetzat jotako tituluaren fotokopia.

d) B motako ibilgailuen gidabaimen indardunaren fotokopia.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berako alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta modu berean argitaratuko da.

Aipatutako ebazpenean, beharrezkoa baldin bada soilik, ezarriko dira hizkuntza gaitasuneko proba egiteko eguna, ordua eta tokia.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Berako Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik, eta haiek ebatzi ondoren, halakorik izanez gero, Berako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

Ebazpen horretan berean jasotzen ahal da oposizioko lehen ariketa egiteko deia.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak.

Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertutakoan, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Aitor Elexpuru Egaña, Berako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Inés R. Matxiarena Aldalur, Berako Udaleko alkateordea.

1. epaimahaikidea: Mattin Leiza Larralde, Berako Udaleko udal agentea.

Ordezkoa: Mikel Gotzon Ortiz de Urbina Olaetxea, Lesakako Udaleko udal agentea.

2. epaimahaikidea: Xabier Huarte Ruiz, Baztango Udaleko udaltzainburua.

Ordezkoa: Miren Josune Iturzaeta Barnó, Baztango Udaleko udaltzain agentea.

3. epaimahaikidea: Raúl Iglesias Álvarez, kultura koordinatzailea, Berako Udaleko langileak ordezkatuz.

Ordezkoa: José Javier Taberna Agesta, mantentze-lanetako ofiziala, Berako Udaleko langileak ordezkatuz.

Epaimahaikide idazkaria: Miguel J. Belarra Tellechea, Berako Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: M. José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaiburuak deitu ondoren, epaimahaia eratu beharko da, hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da, gutxienez.

Kide anitzeko organo horren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko du epaimahaiburuak edo haren legezko ordezkoak.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa, gutxienez ere, deialdia argitaratu eta bi hilabeteren buruan hasiko da, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari.

7.2. Oposizioan, aurretiaz, euskara proba bat eginen da. Ondoren, hautapenaldia, eta horren barnean, proba baztertzaileak eginen dira: II. eranskineko gai zerrendari buruzko proba, gaitasun fisikoa neurtzeko proba, proba psikoteknikoa, eta proba medikoa. Bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

7.3. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Izangai guztiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Deialdiko 7.4.1. a), b), c) y d) oinarrietako proba bakoitza kalifikatutakoan (hautapenaldia), epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu, Berako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea emanen du, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak onartuko ditu, baita hurrengo proba egiteko lekua, eguna eta ordua ere. Argitaratuko da Berako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.4. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.4.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen fasean honako proba hauek izanen dira:

a) Hautapenaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute izangaiek, baztertzailea, baldin ez badute agiri bidez frogatu deialdi honen oinarrietan eskatutako jakite-maila. Proba horretan, idatzizko eta ahozko ariketak eginen dira, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, ahozko C1 hizkuntza mailari dagokionez eta idatzizko B2 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek edo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko langileek egiten ahalko dituzte.

b) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. Idatzi erantzun beharko zaio 80 galdera teoriko-praktikoko sorta bati. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Baliozko erantzun bakoitza puntu batekin baloratuko da. Epaimahaiak, proba hasi aurretik, zehaztuko ditu erantzun okerren penalizazioa eta probaren iraupena.

Proba honetan 80 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 40 puntu lortzen ez dituztenak.

Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.

c) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitza baztergarria izanen da, eta ez da puntuatuko. Ariketa bakoitzean "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Proba hau eginen dute proba teorikoa gainditu duten izangaiek soilik.

Honako ariketa hauek eginen dira proba honetan, eta III. eranskinean azaltzen eta zehazten da nola:

–Pisua jasotzeko proba (bankako press-a).

–Uretako trebetasun proba.

–Zalutasun proba (Barrow testa).

–Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).

Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

Izangai guztiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu analisiak, jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko. Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren Ebazpenaren eranskinean jasotako substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, alegia, deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean den ebazpenean jasotakoak.

Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

d) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba horiek (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 10 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

e) Proba medikoak:

Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira, eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, jarraikiz deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari. Berako Udalaren Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du osasun azterketa.

Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Dauden plaza guztiak zehaztu eta osasun-azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak zerrenda bat eginen du, eta bertan sartuko ditu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan plazak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko onartutako izangaiak, betiere lortutako puntuazioaren arabera.

7.4.2. Lanpostuen adjudikazioa.

Prestakuntza-ikastaroa hasi baino lehen eginen da lanpostuaren adjudikazio ekitaldia.

Bete beharreko lanpostu bakarra dagoenez, plaza hutsa adjudikatuko zaio hautapenaldian puntuazio handiena lorturik proba medikoetan "gai" kalifikatu den izangaiari.

Berdinketarik gertatuz gero puntuazio osoan, joko da lehenbiziko proban (teorikoa) puntu gehien lortu dutenen alde, eta, berdinketak badirau, aintzat hartuko dira proba psikoteknikoan lortutako puntuak.

Ekitaldi horren ondorioz plaza adjudikatuta duen izangaia proposatuko da, behin-behinekoz, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutako izangaien kopuruak ezin du gainditu deialdiko plazen kopurua. Epaimahaiak Berako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko du proposamena, izangaiak lortutako kalifikazio orokorrarekin.

7.4.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko behin-behineko proposamena argitaratu eta hurrengo zazpi egun baliodunen barnean, proposatutako izangaiak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Berako Udaleko Erregistro Orokorrean:

–Nortasun Agiri Nazionala (NAN), jatorrizkoa edo aurrealdearen eta atzealdearen fotokopia konpultsatua.

–Euskararen ezagutza frogatzen duen tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, hala badagokio.

–Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailako tituluaren edo titulu baliokide baten fotokopia konpultsatua.

–B motako ibilgailuen gidabaimen indardunaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau jasotzen duena: izangaia ez dela kondenatua izan dolozko delitu bat dela kausa, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik kendua izan, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, jarraikiz zigor eta administrazio arloetako arauei.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko.

–Gizarte Segurantzaren txartela, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Aurreko izapideak bete ondoren, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, eta bertan agertuko da oinarrizko prestakuntza-ikastarorako onartutako izangaia. Baldin oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangaiak ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, horren ordez beste bat jarriko da, hain zuzen ere puntuazio handiena duen izangaia, probak gainditu eta baldintzak betetzen dituztenen artetik.

7.4.4. Praktiketako funtzionario izendatzea.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Berako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionario bada.

7.4.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).

Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluekin, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen du Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Horretarako, ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko du, frogatzen dituena, alde batetik, ikastaroetako edukiak berdinak edo baliokideak direla, eta bestetik, baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Ziurtagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere eman beharko du.

Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko ditu C mailari dagozkion oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Ikastaroa egiteko onartutako izangaia, lehendik funtzionario baldin bada, jarduneko egoera administratiboan mantenduko da ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.

Bestetik, izangai onartua Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, salbu eta lehendik afiliatuta bazegoen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean, kasu horretan, horrexetan segituko baitu.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, izangaiak gainditu beharko ditu ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan agintzen zaizkion osasun proba guztiak, frogatzearren segitzen duela deialdiaren 3.1 d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen. Proba horien bidez atzematen baldin bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horri baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, galduko du praktiketako funtzionario izaera.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionario izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaia kalifikatuko da, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Kalifikazio-epaimahaiarendako lotesleak izanen dira Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak, aipatutako ikastaroan.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.

7.4.6. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak, alegia, hautapen fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, eta igorriko du gainditu duena izendatzeko proposamena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiak zin egin edo hitzeman beharko du errespetatu eta defendatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion betebeharrak.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Berako Udaleko polizia eta funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, baldin aurreko apartatuan ezarritakoa bete badu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz.

Plazaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Berako Udalean sartzeko.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Berako Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia afiliatuko da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo izena emana badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Datu pertsonalak babestea.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Berako Udala.

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@bera.eus.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Beran, 2025eko urriaren 28an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

HONAKO HONETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: DEIALDIA, OPOSIZIOAREN BIDEZ BETE DADIN UDAL AGENTEAREN PLAZA BAT, EUSKARA HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA DUENA

I.–Hautapen-prozesua:

Deialdia egiten duen erakundea: Berako Udala.

Lanpostuaren izena: udal agentea.

II.–Datu pertsonalak:

Deiturak eta izena: ...........................................................................................................................

NANa: ..................................................................................................................................................

Helbidea: .............................................................................................................................................

1. telefonoa: .......................................................... 2. telefonoa: ..........................................................

Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI/EZ.

–Adierazitako helbidean jakinaraztea: BAI/EZ.

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.–Aditzera ematen dut:

–Euskararen jakite-maila frogatzea:

Titulua erantsi da.

Ezin dut aurkeztu euskararen jakite-maila frogatzen duen agiririk, eta, bete beharreko baldintza izanik, konpromisoa hartzen dut eginen diren egiaztatze probetara aurkezteko.

Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:

1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.

2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Eskabide honi eransten dizkiot deialdiaren 4.2 oinarrian eskatzen diren agiriak.

Horrenbestez,

ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.

Eguna eta sinadura

Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta izapideetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehen probarako gai zerrenda (teorikoa).

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: hitzaurrea; atariko titulua; I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak; IV. titulua. Gobernua eta Administrazioa; VI. titulua, Botere Judiziala.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Udalerria; III. titulua, V. tituluaren barnean, toki-erakundeei buruzko xedapen komunak, I. kapitulua, Funtzionamenduaren araubidea; XI. titulua, zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. tituluaren barnean, toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua, udalerriak; III. tituluaren barnean, Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapituluko 1. atala eta 2. atala, Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: atariko titulua, xedapen orokorrak; II. tituluaren barnean, Administrazio publikoen jarduera, II. kapitulua, Epemugak eta epeak; III. tituluaren barnean, Administrazio-egintzak, II. kapitulua, Egintzen efikazia.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa: I. titulua, Segurtasun indar eta kidegoak; II. titulua, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak; III. titulua, Autonomia erkidegoen polizia kidegoak; IV. titulua, Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa; V. titulua, Tokiko poliziak; Bosgarren xedapen gehigarria; Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.

6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: atariko titulua, Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa; I. titulua, Arau-hauste penala; Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak; III. titulua, Zigorrak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: I. titulua, Xedapen orokorrak; IV. titulua, Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta; VII. titulua, Polizia arreta eta babes eraginkorra.

8.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: Hitzaurrea; I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema; III. titulua, Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.

9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburutik, I. titulua, Salaketa, III. titulua, Polizia judiziala, VI. titulua, Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea; IV. liburutik, III. titulua, Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

11.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa: hitzaurrea; I. kapitulua, Xedapen orokorrak; II. kapitulua, Dokumentazio eta identifikazio pertsonala; eta III. kapitulua, Herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak; V. kapitulua, Zehapen araubidea.

13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

14.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

15.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: atariko titulua; I. titulua, Legearen aplikazio eremua; III. titulua, Prozeduraren instrukzioa.

16.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak.

17.–Berako Udalaren ordenantzak:

17.1.–Udal ordenantza, arautzen duena animaliak edukitzea eta babestea.

17.2.–Udal ordenantza, arautzen duena mugikortasuna eta trafikoa.

17.3.–Udal ordenantza, arautzen dituena bide publikoetako ibien lizentziak.

17.4.–Udal ordenantza, arautzen duena nola erabili mendiko pistak eta bideak.

18.–Berako geografia, historia eta kale-izendegia.

19.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

20.–Informatikari buruz jakin beharreko oinarrizko ezagupenak: hardwarea, softwarea, memoriak, disko gogorra, atakak, sistema eragilea, Internet eta posta elektronikoa, segurtasun informatikoa. Planoen interpretazioa.

III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK

1.–Bankuko press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonendako eta 20 kg emakumeendako.

Deskripzioa: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 35 kilokoa izanen da gizonentzat, eta 20 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

20 edo gehiago

GIZONAK

30 baino gutxiago

30 edo gehiago

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

EMAKUMEAK

50" edo gehiago

50" baino gutxiago

GIZONAK

45’’ edo gehiago

45" baino gutxiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

Saiakera baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako ezarritako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kronometroak irakurri bezala, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Kronometraje nagusiak huts egiten badu, erreserbako kronometrajea aplikatuko da. Eskala:

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

EMAKUMEAK

28’’8 baino gehiago

28’’7 edo gutxiago

GIZONAK

26’’8 baino gehiago

26’’7 edo gutxiago

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Nola eginen den: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 tarte edo gehiago

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 tarte edo gehiago

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko ihesa.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Aparatu genitourinarioa.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

Iragarkiaren kodea: L2513979