197. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, euskara itzultzaile aritzeko bi plaza oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko irailaren 18an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat,

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura euskara itzultzaile aritzeko bi plaza, funtzionario araubidean eta A mailakoak. Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 1/2025 Foru Lege Dekretua, 2025eko maiatzaren 7koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plazak Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrari atxikiak dira, plantilla organikoan 1-100600-1 eta 1-100600-7 zenbakiak dituzte, eta txanda hauetan banatuko dira:

–1 plaza txanda irekian.

–1 plaza igoera txandan.

Deialdiaren xede diren plazek euskararen ezagutza eskatzen dute, C1 jakite-mailakoa, EGA edo horren baliokidea.

Baliteke plaza horietan aldaketak izatea, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onetsi baitu, 2025eko irailaren 15eko ebazpenaren bidez, euskara itzultzaile aritzeko bi plaza lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta igoera txandan probak gainditzen duten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko plaza hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoarekin zehaztutako eran, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute, Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere -betiere zuzenbidez bereizita ez badaude-, eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Edukitzea gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako titulu bat, edo horien baliokidetzat jotzen den beste bat, edo halakoak erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea noiz amaitu eta egun horretan.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, homologazioa frogatzeko egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Titulu edo ziurtagiri bat edukitzea Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz euskarazko C1 jakite-maila frogatzen duena, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenak onetsitako zerrendakoa edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zer plazatatik egin nahi den eta horretan.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 eta 8.2 zenbakietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuan-kasuan, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako unibertsitate-titulu bat, edo horien baliokidetzat jotzen den beste bat, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea noiz amaitu eta egun horretan.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena eman ahal izanen dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, homologazioa frogatzeko baliozkotze-agiria edo egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan-kasuan.

–Titulu edo ziurtagiri bat euskarazko C1 jakite-maila frogatzen duena, bat etorriz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin eta deialdi honen 2.1.1.d) puntuan adierazitakoarekin.

–Deialdian igoera-txandan parte hartzeko eskatzen duten izangaiei dagokienez, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, eskabidearekin batera deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

–%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

  • IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, ezertan galarazi gabe eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzunbeharra.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak galdatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko, Udalaren webgunean.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen- prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Mari Inmaculada Errea Cleix, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua.

Epaimahaiburu ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Sergio San José Cosme, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea.

Epaimahaikide ordezkoa: Ainhoa Hualde Caballero, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea.

Epaimahaikidea: Pello Agirre Sarasola, Euskarabideko Itzultzaile-interpretea (Nafarroako Gobernua).

Epaimahaikide ordezkoa: Alberto Errea Irisarri, Euskarabideko Itzultzaile-interpretea (Nafarroako Gobernua).

Epaimahaikidea: Xabier Aristeguieta Oquiñena, Nafarroako Parlamentuko itzultzaile-interpretea.

Epaimahaikide ordezkoa: Ander Arana Bareño, Nafarroako Parlamentuko itzultzaile-interpretea.

Epaimahaikidea: Aitor Leoz Blanco, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararako Atal Teknikoko burua.

Epaimahaikide ordezkoa: Blanca Susana Preboste Iraizoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Gurutze Santxo Gaskue, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Maite Catalán Oiz, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Julen Ros Indurain, Iruñeko Udaleko abokatua.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Amaia Elkano Garralda, Iruñeko Udaleko abokatua.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko otsailetik aitzina hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioa.

6.3.1. Proba-motak eta arau komunak.

–Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.3.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.

–Proba gehienak ordenagailu bidez eginen dira, epaimahaiak utzirik eta zuzentzaile ortografikoa desaktibatuta. Salbuetsita daude bigarren proba (ahozkoa: aldibereko interpretazioa) eta hirugarren probako bigarren ariketa (test erakoa).

–Proba gehienak egiteko, plika-sistema erabiliko da. Salbuetsita daude bigarren proba (ahozkoa: aldibereko interpretazioa) eta hirugarren probako bigarren ariketa (test modukoa).

–Ariketa eta proba guztietan bazterturik geratuko dira ariketa edo proba bakoitzari gehienez zenbat puntu esleitzen zaizkion eta horien erdiak lortzen ez dituzten izangaiak.

–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.

6.3.2. Egokitzapenak.

Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3.3. Probak.

Oposizioak hiru proba izanen ditu: bi praktiko eta teoriko bat.

–Lehen proba.

Proba praktikoa izanen da, eta hiru ariketa izanen ditu, gehienez ere hiru (3) orduan egitekoak.

Proba honetan, gehienez ere, 60 puntu eskuratu ahalko dira.

a) Lehen ariketa. Epaimahaiak emandako bi testu itzuli beharko dira gaztelaniatik euskarara: testu bat juridiko-administratiboa izanen da, eta bestea, teknikoa edo dibulgaziozkoa.

Ariketa honetan 24 puntu eskuratu ahalko dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 12 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa. Epaimahaiak emandako testu bat itzuli beharko da euskaratik gaztelaniara.

Ariketa honetan 16 puntu eskuratu ahalko dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 8 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

c) Hirugarren ariketa. Epaimahaiak emandako testu bat posteditatu (zuzendu) beharko da, jada gaztelaniatik euskarara itzulia, adimen artifizialaren bidez (itzultzaile automatikoa).

Ariketa honetan 20 puntu eskuratu ahalko dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 10 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

Bi ariketetan, paperean argitaratutako hiztegiak erabiltzen ahalko dira. Hiztegi horiek izangaiek beraiek eraman beharko dituzte.

Ez da onartuko beste testu edo dokumentaziorik kontsultatzea, ez eta kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzea ere, salbu eta punta lodiko bolaluma, tinta urdin edo beltzezkoa, eta epaimahaiak proba egiteko emandako materialak.

–Bigarren proba.

Proba praktikoa izanen da: aldibereko interpretazio-ariketa bat, euskaratik gaztelaniara egitekoa, gehienez ere hamabost (15) minutuan.

Proba honetan, gehienez ere, 30 puntu eskuratu ahalko dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 15 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko, ez da onartuko beste testu edo dokumentaziorik kontsultatzea, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzea ere, salbu eta punta lodiko bolaluma, tinta urdin edo beltzezkoa, eta epaimahaiak proba egiteko emandako materialak.

–Hirugarren proba.

Proba teorikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu (eta bien artean, etenaldi bat).

Proba honetan, gehienez ere, 60 puntu eskuratu ahalko dira.

a) Lehen ariketa.

Proba honetan izangaiek idatziz ihardetsi beharko dute, hiru ordu eta erdian (3’5 ordu) ihardetsi ere, erantzun laburreko 60 galdera gehienez ere, I. eranskinean jasotako gai-zerrendako I. zatiko gaien inguruan.

Enuntziatuan bestelakorik esaten ez bada, erantzunak euskaraz eman beharko dira.

Proba honetan, gehienez ere, 50 puntu eskuratu ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 25 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko, ez da onartuko beste testu edo dokumentaziorik kontsultatzea, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzea ere, salbu eta punta lodiko bolaluma, tinta urdin edo beltzezkoa, eta epaimahaiak proba egiteko emandako materialak.

b) Bigarren ariketa.

Proba honetan, idatziz erantzun beharko zaio, gehienez ere ordu erdian (30 min), test erako galdetegi bati, zeinak gehienez ere 20 galdera izanen baititu, deialdiko I. eranskinean jasotako gai-zerrendako II. zatiko gaiei buruzkoak.

Ariketan, gehienez ere, 10 puntu eskuratu ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 5 puntu erdietsi ez dituzten izangaiak.

Ariketa hau egiteko, ez da onartuko beste testu edo dokumentaziorik kontsultatzea, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzea ere, salbu eta punta lodiko bolaluma, tinta urdin edo beltzezkoa, eta epaimahaiak ariketa egiteko emandako materialak.

6.3.4. Behin proba bakoitza amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta plaza hutsen hautaketa.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrendak oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko ariketetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak batuta, txandetan banatuta, eta zerrenda horiek Giza Baliabideetako Zuzendariari bidaliko dizkio, betekizunak egiaztatu eta plaza hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Alfabetoko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta.

7.3. Giza Baliabideetako Zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du aurkezteko, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, izangaiek bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiriak:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) eta 2.1.1.d) oinarrietan eskatutako tituluen fotokopia konpultsatuak, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriena, salbu eta aldez aurretik aurkezturik badaude.

7.4. Giza Baliabideetako zuzendariak plaza hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu betetze aldera hautatu beharreko plazak, izangaien zerrendak -plaza hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandatan bananduta- eta plazak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako plazetatik zein nahiago duten.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasunik duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

7.5. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori frogatzen badute, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute plazak hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.

8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin plaza hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzordeari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duten izangaiak izendatze aldera, zenbat plaza eskaini diren eta horiek betetzeko beste izendatu ere.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokide baten fotokopia.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten ahal dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak: desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean -behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan adierazitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta horretarako aurreko oinarrietan adierazitako prozedura bera baliatuko da.

8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

9.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta plazaz jabetzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, euskara itzultzaile lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie, erabaki bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.

Epe horretan, salbu ezinbesteko kasuetan, plazaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 8.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangai-zerrendak.

11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, proposatutako hurrenkeran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

1.–Oposizioa gaindituta plazarik gabe gelditutako izangaien zerrenda.

2.–Hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Hurrenkera honetan: lehenik, lehen bi probak gainditu dituztenak, eta, bigarrenik, lehen proba soilik gainditu dutenak.

3.–Hautapen-prozesuko lehen proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontratatuak izateko deituak izan daitezkeen izangaiek kontratua formalizatu behar den unean egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako eskakizunak betetzen dituztela.

11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan beteta eduki behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangai-hurrenkera: plazarik lortu ez baina oposizioa gainditu dutenen kasuan, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, gainditu dituzten probetan lortutako puntuazio altuenaren arabera.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

11.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere haiek kasuko hautaketa-probak gaindituz gero eta beren izaera frogatuz gero.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten den egunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala aurkeztutako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta epatzeko.

Iruñean, 2025eko irailaren 18an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA.–GAITEGIA

I. zatia.

1. gaia.–Perpausa: definizioa eta motak. Perpausaren egitura eta osagaiak.

2. gaia.–Hitzen ordena perpausaren barnean. Ordena markatua eta ordena markatu gabea. Euskarazko tradizioak, ordenari dagokionez. Galdegaia, mintzagaia eta iruzkina. Testu-antolatzaileen eginkizuna.

3. gaia.–Testu mailako kohesioa: prozedurak. Erreferentzia- eta konexio-mekanismoak. Testu-antolatzaileak: motak eta egitekoak.

4. gaia.–Izen-sintagma: funtzioak eta osagaiak. Izenak eta izenordainak: funtzioak eta motak. Determinatzaileak: sailkapena.

5. gaia.–Adjektiboak: funtzioa eta motak. Aposizioa.

6. gaia.–Aditz-sintagma: funtzioa, egitura eta osagaiak.

7. gaia.–Aditza euskaraz: sailkapenak. Aspektua, tempusa, modua, pertsona eta numeroa. Komunztadura. Forma alokutiboak.

8. gaia.–Aditz laguntzailea euskaraz: sailkapena eta formak. Aditz trinkoak.

9. gaia.–Adberbioak: funtzioa, ezaugarriak eta sailkapenak. Lokuzio eta perpaus adberbialak. Postposizioa.

10. gaia.–Deklinabidea euskaraz. Definizioa. Formak eta kasuak. Kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera. Deklinabide mugagabea.

11. gaia.–Perpaus elkartuak: motak. Juntadurazko perpausak eta mendeko perpausak. Juntagailuak eta menderagailuak.

12. gaia.–Euskararen ortografia: arau nagusiak.

13. gaia.–Puntuazioa euskaraz. Arauak eta irizpideak (Euskaltzaindia eta EIMA).

14. gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): letra-estiloak, kakotxak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak. Euskaltzaindiaren eta EIMAren arauak eta irizpideak.

15. gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak eta xeheak; maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko era. Euskaltzaindiaren eta EIMAren arauak eta irizpideak.

16. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan: Euskaltzaindiaren eta EIMAren arauak eta irizpideak.

17. gaia.–Gaztelaniaren ortografia eta ortotipografia. Arau eta irizpide nagusiak. Gaztelaniaren ortotipografiako eskuliburuak.

18. gaia.–Hizkuntza estandarra, hizkuntza-erregistroak, soziolektoak eta espezialitate hizkerak: kontzeptua, ezaugarriak eta diferentziak. Gazte-hizkera: euskararen berariazko kasua.

19. gaia.–Ahozko hizkera eta idatzizkoa: diferentziak eta alderdi komunak. Haien ondorioak itzulpengintzan eta ele biko komunikazioan. Euskara kolokiala.

20. gaia.–Ele biko edukien eta eleaniztunen adierazpena ingurune digitaletan: komunikazio elektronikoa, sare sozialak, webguneak... Ondorioak euskararen kasuan.

21. gaia.–Ele biko komunikazioa. Elkarreragina tipologian urrun baina kontaktu estuan dauden hizkuntzen artean. Ondorioak diseinu grafikoan. Ele biko formatuak, errotulazioa eta seinaleak.

22. gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Terminologia-bankuak. Terminologia juridiko-administratiboa ES-EU eta EU-ES itzulpenetan: arazoak, irtenbideak eta baliabideak.

23. gaia.–Hizkuntza-baliabideak eta -tresnak Interneten, ES-EU eta EU-ES itzulpen-lanetarako aproposak: hiztegiak, entziklopediak, corpusak, kontsulta-zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak, terminologia-bankuak...

24. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak eta argitalpenak.

25. gaia.–Estilo-liburuak: kontzeptua, funtzioak eta motak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.

26. gaia.–Estiloa euskaraz: estilo-arazoei aurre egiteko estrategiak.

27. gaia.–Toponimia eta hizkuntza-normalizazioa. Nafarroako toponimia kontsultatzeko baliabideak. Nafarroako Toponimia Erabiltzeko Oinarrizko Jarraibide Teknikoak (2019).

28. gaia.–Kale-izenak: Euskaltzaindiaren irizpideak kaleen eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko (2019).

29. gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz. Baliabideak eta teknikak hizkera ez-sexista saihesteko itzulpenetan.

30. gaia.–Kalko okerrak, euskaraz: sailkapena, hautemateko jarraibideak eta saihesteko baliabideak (EBE, EIMA, Behatokia...).

31. gaia.–Euskal lexikoa. Hitzak sortzeko bideak. Hitz elkartuak eta eratorriak. Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.

32. gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak. Nafarroako euskalkiak.

33. gaia.–Euskarari dagokion hizkuntza-zuzenbideko arau nagusiak: nazioartekoak, Europakoak, Espainiakoak eta Nafarroakoak.

34. gaia.–Euskara Iruñean: egoera soziolinguistikoa eta juridikoa. Datu soziolinguistiko garrantzitsuenak. Iruñean aplikatu beharreko araudia.

35. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara, hizkuntza gutxitua.

36. gaia.–Hizkuntza-normalizazioa eta -normatibizazioa: zertan diren desberdin eta zertan datozen bat. Estandarizazioa: ereduak. Euskararen normatibizazioa eta estandarizazioa.

37. gaia.–Euskararen egoera Nafarroako toki-administrazioetan. Nafarroako toki-entitateetako euskara zerbitzuak. Nafarroako Udaletako euskara teknikarien sarea (NUETS): helburuak, ezaugarriak, eskaintza digitala eta bestelako proiektuak.

38. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen-motak. Itzulpen-printzipioak, -prozesuak, -teknikak eta -baliabideak.

39. gaia.–Itzulgarritasuna eta itzulezintasuna. Itzulpengintza eta kulturak. Munduari buruzko ikuskerak. Hizkuntzaren unibertsalak.

40. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun-motak.

41. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.

42. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, komunitate-itzulpengintza, crowdsourcing-a eta CT3; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.

43. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.

44. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

45. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

46. gaia.–Itzulpengintzaren rola administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

47. gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

48. gaia.–Itzulpen-arazo nagusiak ES-EU binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

49. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Irizpideak eta mailak testu itzulien zuzenketan. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan eta itzultzaile automatikoen bidez egindakoetan. Postedizioa: kontzeptua, motak eta mailak.

50. gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.

51. gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak. Joera eta ikuspegi nagusiak XX. eta XXI. mendeetako itzulpen-teorietan.

52. gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.

53. gaia.–Interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta. Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.

54. gaia.–Itzultzaileen eta interpreteen lan-estatusa. Sekretu profesionala, etika eta deontologia itzulpengintzan eta interpretazioan. Profesionalen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Elkargo profesionalak.

II. zatia.

1. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa. Ikuspegi eta egitura orokorrak. Eremu mistoaren berariazko azterketa.

2. gaia.–Iruñeko Udalean indarra duen Euskarari buruzko Ordenantza eta Iruñeko Udalean aplikatu beharreko foru-araudia.

3. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, Euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan: ikuspegi eta egitura orokorrak, eta eremu mistoaren berariazko azterketa.

4. gaia.–5/2018 Foru Dekretua, irizpideak ezartzen dituena Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko.

5. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

6. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

7. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua. III. titulua. Administrazioarteko harremanak.

9. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

11. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.

12. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

13. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

14. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

15. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

16. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

17. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra.

18. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: Diagnostikoa eta Ekintza Plana.

Iragarkiaren kodea: L2512388