8. ALDIZKARIA - 2024kourtarrilaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2708/2023 EBAZPENA, 2023ko abenduaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko 3 lanpostu (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 144. zk., 2023ko uztailaren 11koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko hiru lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak (A maila).

Estatuko 2023. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2022ko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritakoa aplikatuz onetsi zen lan publikoaren eskaintza hori. Izan ere, lege horrek administrazio eta erakunde publikoen lan publikoaren eskaintzak arautzen ditu, eta aditzera ematen du ezen, unibertsitate publikoei dagokienez, langileen birjarpen tasa hauen bidez artikulatuko dela eskaintza:

–Tasa orokor bat, %120koa, unibertsitate publikoentzat ezarria, lehentasunezko sektoretzat jotzen baitira legearen 20. artikuluaren Bi.3.A) apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Tasa espezifiko bat, zeina, aipatutako legearen 20. artikuluaren Bi.4 apartatuan ezarritakoaren arabera, administrazio bakoitzak baimentzen ahalko baitu, salbuespen gisa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako helburua betetzeko, alegia, enplegu publikoan behin-behineko lanpostuak egiturazko lanpostuen ehuneko 8 baino gehiago ez izatea bere arloetako bakoitzean, betiere justifikatua baldin badago eduki beharreko urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera, 2024ko abenduaren 31rako bete behar dira behin-behinekotasuna murrizteko helburu horiek, eta, beraz, data horretarako gauzatu behar dira aipatutako tasa espezifikoa aplikatzearen ondorioz onetsitako lan publikoaren eskaintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2023ko urriaren 18an emandako 2211/2023 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko lanpostu hutsak (A maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko. 2023ko abenduaren 27ko 2690/2023 Ebazpenaren bidez, amaiera eman zaio lekualdatze lehiaketa horri.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko hiru lanpostu oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko 3 lanpostu (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2023ko abenduaren 28an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

INFORMATIKA ZERBITZUKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO 3 LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko 3 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak) oposizio bidez betetzea da. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–Lanpostu bat txanda librean.

–2 lanpostu igoera-txandan.

1.2. Oinarri hauen II. eranskinean ageri dira lanpostu zenbakiak, bete beharreko baldintzak eta destinoa.

1.3. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako hutsik gelditzen diren igoera-txandako lanpostu hutsak txanda librera pasatuko dira.

Bestalde, igoera-txandan dauden lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda hori gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdi honen 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

1.4. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.5. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Lizentziako, ingeniaritzako, arkitekturako edo graduko titulua edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar diren zereginak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

c) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

d) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruz deialdi honen 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "NUP Opos Inform Teknikaria" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, hargatik eragotzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. zangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizioa 2024ko apiriletik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Probak.

7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.3. Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1. Lehenbiziko proba.

Gai zerrendako parte orokorreko eta espezifikoko gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Nota = Erantzun zuzenak –

Errores

k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

7.2.3.2. Bigarren proba:

Idatzizko itzulpen-ariketa bat egin beharko da, gaztelaniatik ingelesera eta alderantziz. Itzulpena, funtsean, teknikoa izanen da, deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunei buruzkoa.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

7.2.3.3. Hirugarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko ariketa praktikoak egin beharko dira.

Epaimahaiak ezarriko du, ariketa hasi baino lehen, ariketa egiteko zenbat denbora izanen den; bost ordu gehienez ere.

Epaimahaiak ariketak irakurriko ditu, eta, ondoren, dei eginen die izangaiei ariketa irakurri eta defenda dezaten epaimahaiaren aurrean, jendaurreko bilkuran. Ariketa osoa irakurri ondoren, epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen galdera guztiak eginen ditu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, honako hauek zehazteko: zenbateraino den egokia proposatutako soluzioa, izangaiak zenbateraino dakizkien oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den programako gaiak, eta izangaia egokia ote den lanpostuaren eginkizunak betetzeko. Arbela edo antzeko elementu bat erabiltzen ahalko da.

7.2.3.4. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.2.4. Oposizioko proben balorazioa.

Oposizioko proben balorazioan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

7.2.4.1. Lehenbiziko proba (30 puntu gehienez):

0tik 30era kalifikatuko da.

Proba hau baztertzailea izanen da. Epaimahaiak, ariketa egiteko zailtasunaren arabera, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa ezarriko du. Nolanahi ere, puntuazio hoberenaren % 75etik % 50era bitartekoa izanen da. Era berean, gutxieneko balorazioa ezin izanen da inola ere gehienekoaren % 40tik beherakoa izan. Muga horien barruan, epaimahaiak, ahal den guztietan, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa zehaztuko du, ariketa gainditzen duten izangaien kopurua deitutako lanpostuen kopurua halako bost izan dadin gutxienez. Zehaztapen hori plikak ireki baino lehen eginen da.

7.2.4.2. Bigarren proba (10 puntu gehienez):

0tik 10era kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.2.4.3. Hirugarren proba (60 puntu gehienez):

0tik 60ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alegatu dezaten.

7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2. Berdinketa oro hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, txandaren eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia.

9.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

9.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 10.6 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, betiere haientzako behar adina lanpostu baldin badaude.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaien salbuespena kontuan hartuta.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Hautapen-ekitaldia bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia erkatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionarioen izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Informatika Zerbitzuko OLko teknikari izateko lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko die.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

11.5. Aurreko bi apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautaketa-prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Izangaiek zerrendetan izanen duten ordena zehazteko, kontuan hartuko da nork gainditu dituen proba gehiago, eta, horren barrenean, egindako proba guztiak batuta nork duen puntuaziorik handiena.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, kontratua formalizatzen den unean kopiak aurkeztuta.

12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarbide deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Parte Espezifikoa.

–Informazio sistemen antolaketa eta kudeaketa.

1. gaia.–Informazio sistemen definizioa, egitura eta dimentsionamendu efizientea.

2. gaia.–Informazioa erakundeetan. Informazioan oinarritutako erakundeak. Administrazioa, antolamendu mota horren kasu espezifiko bat.

3. gaia.–IKTen gobernantza-ereduak. Eraldatze digitala erakundeetan.

4. gaia.–Informazio sistemetako eta teknologietako zuzendariaren estrategia, helburuak eta eginkizunak Administrazioan. Plangintzarako eta kontrolerako tresnak. Aginte koadroa.

5. gaia.–Informazio sistemen zentro baten antolaketa eta funtzionamendua. Garapen funtzioak, mantentze-lanak, sistemak, datu-baseak, komunikazioak, segurtasuna, kalitatea, mikroinformatika eta erabiltzaileen arreta.

6. gaia.–Informazio teknologietako proiektuen zuzendaritza eta kudeaketa. Plangintza estrategikoa, baliabideen kudeaketa, proiektuen segimendua, erabakiak hartzea.

7. gaia.–Proiektuak kudeatzeko metodologiak: GANTT, PERT.

8. gaia.–Auditoretza informatikoa. Kontzeptua eta edukiak. Administrazioa, plangintza, antolaketa, azpiegitura teknikoa eta jardunbide operatiboak.

9. gaia.–Informazio teknologien erosketa publikoaren kudeaketa. Alternatibak aztertzea, bideragarritasuna ebaluatzea eta erabakiak hartzea. Informazio teknologietako proiektuetako inbertsioen errentagarritasuna.

10. gaia.–Ordenagailuko programen babes juridikoa. Softwareen legezkotasuna egiaztatzeko eta haiek kontrolatzeko bideak.

11. gaia.–Eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna. W3C. Diseinu unibertsala. Webgunearen diseinu moldatzailea. Gailu eta plataforma anitzetarako aplikazioak. Gailu mugikorretarako aplikazioak.

12. gaia.–Sistemen elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala. Elkarreragingarritasunaren arau teknikoak. Administrazio publikoen arteko dokumentuen eta espediente elektronikoen elkarreragingarritasuna eta datuen trukerako arauak.

13. gaia.–Sistemen segurtasuna. Arriskuen analisia eta kudeaketa. Tresnak. Segurtasunaren Eskema Nazionala. Segurtasunaren Eskema Nazionalerako egokitzapena. Segurtasunaren Estrategia Nazionala. CCN-STIC.

14. gaia.–Administrazio elektronikoa. Araudia. Denbora-zigilua. Erregistro elektronikoa. Egoitza elektronikoa. Tramitazioa eta prozedurak. Komunikazioa eta jakinarazpenak.

15. gaia.–Administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasunerako azpiegiturak eta zerbitzu komun eta partekatuak. Cl@ve, Herritarren Karpeta, Erregistroen Interkonexio Sistema, Datuen Bitartekaritzarako Plataforma, SCSP zerbitzuak eta beste batzuk.

16. gaia.–Datu pertsonalak babesteko politika. Araubide juridikoa. 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Printzipioak eta eskubideak. Betebeharrak. Datuen babeserako delegatua administrazio publikoetan. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.

–Oinarrizko teknologia.

17. gaia.–Datuak prozesatzeko zentroak: diseinua, ezarpena eta kudeaketa. Birtualizazioa datuak prozesatzeko zentroetan.

18. gaia.–Prestazio handiko konputaziorako sistemak. Grid Computing.

19. gaia.–Sailetako ekipoak. Zerbitzariak. Sailetako ekipoetarako eta zerbitzarietarako segurtasun neurriak.

20. gaia.–Gailu mugikorrak eta PC gailu pertsonalak. Gailu pertsonalen konektibitatea. Ekipo pertsonaletarako eta gailu mugikorretarako segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

21. gaia.–Urrutiko kudeaketarako eta ekipoak klonatzeko sistemak. Urrutiko mahaigaina. Mahaigain birtualak (VDI). Lanpostuen birtualizazioa.

22. gaia.–Cloud Computing. IaaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.

23. gaia.–Sistema handietarako eta sailetako sistemetarako biltegiratze sistemak. Multimedia informazioa tratatzeko gailuak. Biltegiratzearen birtualizazioa. Segurtasun kopiak.

24. gaia.–Erabiltzaile anitzeko informazio sistemak. Datuen eta aplikazioen zerbitzariak. Zerbitzarien birtualizazioa. Edukiontzien sistemak.

25. gaia.–Prozesamendu kooperatiboa eta bezeroaren eta zerbitzariaren arteko arkitektura. SOA arkitektura.

26. gaia.–Sistema eragileen kontzeptuak eta oinarriak. Bilakaera eta joerak.

27. gaia.–UNIX-LINUX eta Microsoft sistema eragileak. Oinarriak, administrazioa, instalazioa eta kudeaketa.

28. gaia.–Gailu mugikorretarako sistema eragileak. iOS eta Android sistemei buruzko oinarrizko kontzeptuak.

29. gaia.–Datu-baseak kudeatzeko sistemak. ANSI erreferentzia-eredua.

30. gaia.–Entitatea/erlazioa eredua. Datu-base erlazionalak. Normalizazioa. Osotasun erreferentziala. SQL lengoaia. Datu-baseen administrazioa eta kudeaketa: Oracle eta MySQL.

31. gaia.–Garapen arkitektura webgunean. Front-end web garapena. Bezeroen arretarako scriptak. Framework-ak. UX. Zerbitzariko web garapena, datu-baseetarako konexioa eta sistema eta zerbitzuekiko interkonexioa.

32. gaia.–JAVA garapen ingurunea. JDBC, Java Beans, JSP, JEE. PHP garapen alternatiborako ingurune moduan.

33. gaia.–Kode irekiko softwarea. Software librea. Oinarrizko kontzeptuak. Lizentzia motak. Aplikazioak inguru ofimatikoan eta web zerbitzarietan.

34. gaia.–Adimen artifiziala: egoera-espazioaren errepresentazioa, bilaketa exhaustiboak eta bilaketa heuristikoak. Sistema adimendunak. Sistema adituak eta ikaskuntzako oinarrizko algoritmoak.

35. gaia.–CRM sistemak (Customer Relationship Management) eta ERP sistemak (Enterprise Resource Planning). Txostenak sortzea zuzendaritzarako.

36. gaia.–E-learning: kontzeptuak, tresnak, ezarpen sistemak eta normalizazioa.

37. gaia.–Datu korporatiboen kudeaketa. Erabakiak hartzen laguntzeko sistemak (Business Intelligence). Datuen biltegia (Data-Warehouse). OLAP arkitektura. Datuen meatzaritza.

38. gaia.–Big Data. Datu sorta masiboak atzitzea, analizatzea, eraldatzea, biltegiratzea eta ustiatzea. Hadoop inguruneak edo antzekoak. NoSQL datu-baseak.

39. gaia.–Sare globalak erabiltzeko lengoaiak eta tresnak. HTML, CSS eta XML. Web nabigatzaileak eta haien bateragarritasuna estandarrekin.

40. gaia.–Merkataritza elektronikoa. Ordainketa-mekanismoak. Negozioaren kudeaketa. Faktura elektronikoa. Ordainketak egiteko pasabideak.

41. gaia.–Zifratzea. Zifratze algoritmo simetrikoak eta asimetrikoak. Hash funtzioa.

42. gaia.–Sinadura elektronikoaren formatuak. Ziurtagiri digitalak. Gako publikoko azpiegitura (PKI). Norbera identifikatzeko eta sinatzeko mekanismoak: Smart Card direlakoak, NAN elektronikoa, mekanismo biometrikoak.

43. gaia.–Aplikazioak eta inguruneak datuen babeserako araudiaren baldintzetara egokitzea, segurtasun mailaren arabera. Zifratzea eta auditoria egiteko tresnak.

44. gaia.–Irudien trataera. Digitalizazio eta inprimatze teknologiak. Karaktereen errekonozimendu optikoa. Inprimatzea, kopia eta digitalizazioa kudeatzeko sistema zentralizatuak.

–Informazio sistemen ingeniaritza.

45. gaia.–Informazio sistemen bizi zikloa. Bizi zikloaren ereduak. Plangintzarako eta garapenerako metodologiak.

46. gaia.–Informazio eta komunikazio sistemen plangintza estrategikoa. Informazio sistemen plana.

47. gaia.–Sistemen analisi funtzionala, erabilera-kasuak eta erabiltzaile historiak. Sistemak garatzeko metodologiak. Prozesuen modelaketa. Metodologia arinak: Scrum eta Kanban.

48. gaia.–Alderdi ez-funtzionalen analisia: errendimendua, segurtasuna, pribatutasuna.

49. gaia.–Softwarea diseinatzeko oinarriak eta teknikak. Programazio egituratua. Objektuetara bideratutako lengoaiak. Geruzakako diseinua eta diseinuak egiteko txantiloiak. Sistemen diseinua eta arkitektura. Aplikazioen hedapena.

50. gaia.–Garapen inguruak, IDE inguruak, tresnak. Prototipoen eta interfazeen garapena. Git bertsioen eta azpibertsioen kontrola. Garapenerako eta talde-lanerako metodologiak.

51. gaia.–Proba-prozesuak eta kalitatearen bermea softwarearen garapenean. Planifikazioa, proben estrategia eta estandarrak. Softwarean probak egiteko mailak, teknikak eta tresnak. Softwarea onartzeko irizpideak.

52. gaia.–Integrazio jarraiturako ereduak. Softwarearen kalitatearen metrikak eta ebaluazioa. Kalitate funtzioaren ezarpena.

53. gaia.–Baliabideen eta esfortzuaren zenbatespena informazio sistemen garapenean.

54. gaia.–Sistemen mantentze-lanak. Mantentze-lan prediktiboa, moldatzailea eta zuzentzailea. Mantentze-lanen plangintza eta kudeaketa. Ingurune operatiboen kudeaketa. Konfigurazioaren eta bertsioen kudeaketa.

55. gaia.–Kalitatea informazio zerbitzuetan. EFQM eredua eta zerbitzuetarako ISO 9004 gida.

56. gaia.–Dokumentuen kudeaketa. CMIS estandarra. Edukien kudeaketa. Ezarpen handiko CM eta DMS teknologiak.

57. gaia.–Informazioa errekuperatzeko sistemak. Informazioa kontserbatzeko politikak, prozedurak eta metodoak.

58. gaia.–IKTen planifikazioa eta kontrola: IKT zerbitzuen eta azpiegituren kudeaketa, IKTen balioaren kudeaketa. Zerbitzu mailari buruzko akordioak. Gorabeheren kudeaketarako sistemak. ITILen oinarri kontzeptualak (IT Infrastructure Library), eta CoBIT (Control Objectives for Information and Related Technology), kontrolerako helburuak eta metrikak.

–Sareak, komunikazioak eta Internet.

59. gaia.–Telekomunikazio sareak. Kontzeptuak. Transmisio bitartekoak. Zirkuituen eta paketeen trukaketa. Bideraketa-protokoloak. Sarbide azpiegiturak. Sareen interkonexioa. Zerbitzuaren kalitatea.

60. gaia.–Internet sarea eta oinarrizko zerbitzuak. DNS eta NTP azpiegiturak.

61. gaia.–Kable sistemak eta sareen interkonexiorako ekipoak.

62. gaia.–ISOren sistema irekiak elkarrekin konektatzeko erreferentzia-ereduak (OSI): arkitektura, geruzak, interfazeak, protokoloak, helbideratzea eta bideratzea.

63. gaia.–Sarbide sareak: zuntz bidezkoak (GPON, FTTH), mugikorrak (LTE), haririk gabekoak. Garraio sareak: WDM, MPLS.

64. gaia.–Haririk gabeko sareak: IEEE 802.11 estandarra. Ezaugarri funtzional eta teknikoak. Sarbide sistemak. Autentifikazio motak eta RADIUS protokoloa. Eragiketak egiteko moduak. Bluetootha. Segurtasuna, araudia.

65. gaia.–IP sareak: sareen arkitektura, bideratzea eta zerbitzuaren kalitatea. IPv4tik IPv6rako trantsizioa eta elkarbizitza. IPv6ren funtzionalitate espezifikoak.

66. gaia.–Belaunaldi berriko sareak eta zerbitzu bateratuak (NGN/IMS). VolP, TolP eta komunikazio bateratuak.

67. gaia.–Sareen diseinua, plangintza, hedapena eta operazioa. Sare lokalak eta hedadura zabaleko sareak. Trafikoaren monitorizazioa eta kontrola. SNMPren kudeaketa. Sareen birtualizazioa (SDN).

68. gaia.–Sare lokalak. Tipologia. Transmisio bitartekoak. Ethernet estandarrak. Sarbiderako metodoak. Interkonexio gailuak. Gailuen kudeaketa eta helbideratzea (DHCP). LAN sareen administrazioa. Sare birtualak (VLAN).

69. gaia.–Intranet eta Extranet sareen arkitektura. Kontzeptua, egitura eta ezaugarriak. Haien ezarpena organizazioetan. Geruzen eredua: aplikazioen zerbitzariak, datuen zerbitzariak, zerbitzariguneak.

70. gaia.–Datuen transmisiorako sare publikoak. SARA sarea.

71. gaia.–Posta elektronikoa. SMTP, POP, IMAP eta beste protokolo batzuk. Mezularitza-zerbitzuak. Direktorio zerbitzuak. LDAP protokoloa.

72. gaia.–Mugikorretarako aplikazioak. Ezaugarriak, teknologiak, banaketa eta joerak.

73. gaia.–Segurtasuna sareetan. Eraso motak eta prebentziorako tresnak: suhesiak, sarreren eta intrusioen kontrola, teknika kriptografikoak, etab. Mugikorren bidezko komunikaziorako neurri espezifikoak. Sare pribatu birtualak (VPN).

74. gaia.–Segurtasuna aplikazio mailan. Web zerbitzuetako, datu-baseetako eta erabiltzaile interfazeetako eraso motak eta horien aurreko babesa.

75. gaia.–Zibersegurtasuna. Segurtasun gorabeheren kudeaketa. Analisi forentsea.

76. gaia.–Eskuragarritasun handiko sistemak eta estrategiak. Ezbeharren aurreko errekuperazioa. Negozioaren Jarraitutasun eta Kontingentzia Planak.

77. gaia.–Lankidetzako eta talde-laneko tresnak. Bideokonferentzia-sistemak. Komunikazioen dimentsionamendua eta zerbitzuaren kalitatea eta aretoen eta ekipamenduen egokitzapena. Bideo streaminga. Sare sozialak.

78. gaia.–Atari korporatiboak. Identitateen kudeaketa, single sign-on. Sistema korporatiboetarako urruneko sarbidea. Telelana.

Parte Orokorra.

79. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

80. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

81. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

82. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak zehazteko parte-hartzea.

83. gaia.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak.

84. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

85. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.

86. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

87. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Irakaskuntza berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

88. gaia.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.

89. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

90. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

91. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

92. gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa. Espainian dirulaguntza publikoak arautzen dituen legeari buruzko aipamena,

93. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

94. gaia.–Kalitatea LOUn eta NUPeko Estatutuetan.

95. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

96. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko.

97. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

98. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

99. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

100. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

II. ERANSKINA.–INFORMATIKA ZERBITZUKO OLKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUAK (A MAILA)

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

HERRIA

LANALDIA

254

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / SISTEMEN ETA KOMUNIKAZIOEN ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

256

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / SISTEMEN ETA KOMUNIKAZIOEN ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

467

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

Iragarkiaren kodea: F2318607