113. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

319/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arau batzuk ematen baitira 2024ko ekainaren 9an eginen diren Europako Parlamenturako hauteskundeei begira, egun horretan asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileek errazagoa izan dezaten botoa emateko eskubidea erabiltzea.

Apirilaren 9ko 363/2024 Errege Dekretuaren bidez, 2024ko ekainaren 9an eginen diren Europako Parlamenturako hauteskunde orokorretarako dei egin zen. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezko da egun horretan asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako arau hauek onestea 2024ko ekainaren 9an eginen diren Europako Parlamenturako hauteskundeei begira, egun horretan asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileek errazagoa izan dezaten botoa emateko eskubidea erabiltzea:

1. Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2024ko ekainaren 9an ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan, alegia, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita dagoena. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.

Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileen kasuan, beren lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera.

Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.

2. Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.

Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal diren langileek, baita artekariek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal honetan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde-egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.

3. Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

Iragarkiaren kodea: F2406833