88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRURTZUNGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Izangaien zerrenda bat eratzeko deialdia, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko

Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren ebazpena, 2023ko apirilaren 5ekoa.

Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan laster izanen diren beharrak direla-eta, zenbait langile erretiratuko delako berehala eta balitekeelako ordezkapenak egin behar izatea, eta egoki bete behar direnez administrari-ofizialen eginkizunak, zerbitzuen funtzionamendu onak kalterik hartu ez dezan,

EBAZTEN DUT:

Deialdiaren honako oinarri hauek onestea administrari-ofizial lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko izangaien zerrenda eratzeko eta orobat agintzea oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, tramitazioa abiarazteko.

Irurtzunen, 2023ko apirilaren 5ean.–Mankomunitateko burua, Eduardo Murugarren Francés.

DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO ADMINISTRARI-OFIZIAL LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO IRURTZUNGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ZERBITZURA

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko administrari-ofizialaren lanpostuak aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda eratzea, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren. Lanpostuak euskarazko C1 hizkuntza-eskakizuna du.

Deialdi honek indarrik gabe uzten ditu deialdia egiten duen administrazioan lehendik egon daitezkeen kontratazio-poltsak.

1.2. Lanpostua Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrazio arloan dago.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita enpresaren hitzarmen kolektiboan eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta ofizialaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den pertsonak beteko ditu eskatzen zaizkion eginkizunak eta zerikusia dutenak horiekin eta/edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Deialdi honen babesean egindako edozein kontratu azkentzeko kausa izanen da Administrazio publikoetako langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 5. eta 8. artikuluetan aipatzen den edozein kausa.

1.7. Hilabeteko probaldia egonen da, eta epe horretan edozein alderdik deuseztatzen ahalko du kontratua, alde bakarretik.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskarazko C1 titulua edo baliokideren bat edukitzea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

2.2. Interesdunek baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte eskabidea aurkezten dutenean.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira (Irurtzungo Foruen plaza), 09:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabidearen ereduari jarraituz.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia eta deialdi honetako 2.1. c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura lortzeko baldintzetan daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Eduardo Murugarren Francés, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: Beatriz Alsua Noain, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: Juana Jaka Garmendia, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko koordinatzailea.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: Ekhiñe Ramos Zubiria, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko hezitzailea.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: Imanol Goñi Razquin, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasoak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautaketa-prozeduraren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Onartutakoen zerrendarekin batera epaimahaiak zehazten duen egunean hasiko da hautapen prozesua. Deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo agiri baliokidea aldean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2. Ondotik zehazten diren probak eginen dira hautapen prozesuan. Egun berean eginen dira eta plika sistema erabiliko da.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izango dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

–Lehenengo proba: lanpostuaren ezagutzei buruzko proba teorikoa. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Proba honetan test motako 50 galdera erantzun beharko dira idatziz, deialdi honetako II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Epaimahaiak, hasi aurretik, zehaztuko du ariketaren iraupena, gehienez ere 75 minutukoa izanen dena.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute, galderari emandako balorazioaren laurden batekoa.

–Bigarren proba: praktikoa. Lanpostuaren eginkizunei buruzko bi kasu praktiko landu beharko dira. Proba hori ahoz eginen da epaimahaiaren aurrean. Proba honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 25 puntu behar dira. Bigarren ariketak zuzentzeko, izangaiek 25 puntu lortu beharko dituzte gutxienez lehenbiziko ariketan. Epaimahaiak, era berean, hasi aurretik erabakiko du ariketaren iraupena, gehienez ere 75 minutukoa izanen dena.

6.3. Probak egiten diren egunean jakinaraziko da zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan eginen den ariketen plikak irekitzeko ekitaldi publikoa.

6.4. Proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Mankomunitatearen iragarki-taulan zein den lortu den puntuazioa, eta epeak ezarriko ditu erreklamazioak egiteko.

7.–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Proben balorazioa bukaturik eta, erreklamaziorik bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak iragarki-taulan argitaratuko du aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendaren proposamena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa.

7.2. Halaber, epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio oinarri honetan aipatzen den zerrendaren proposamen hori, onets dezan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

7.3. Izangaien artean gerta daitezkeen berdinketak zozketa berariazko baten bidez ebatziko dira, eta zozketa horretara bertaratzeko deituko zaie izangai ukituei.

7.4. Mankomunitateko buruak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Mankomunitateko iragarki-taulan argitaratuko da.

8. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

8.1. Gutxienez 50 puntu eskuratuz prozesuko bi probak gainditu dituzten izangaiek baizik ez dute zerrenda osatuko.

8.2. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta onesten denetik hasita, gehienez ere 5 urteko indarraldia izanen du.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Deitzea.

Izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiak aisa atzeman ahal izateko, kontakturako telefono batzuk, posta elektronikoaren helbidea edo fax-a eman beharko dituzte, eta datuok eguneraturik izan beharko dituzte, Mankomunitateari edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa harturik.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (Administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari bi dei, bederen, egingo zaizkio emandako zenbakietan eta helbideetan, eta bi egunez.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 6 hilabetean udal berean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

9.2. Kontratazioa hobetzea.

Langile batek kontratua hobetzen du indarreko kontratu bati uko egiten dionean iraupen luzeko beste bat izenpetzeko, baldin eta bere zerrendaren eremukoa bada eta lehentasun hurrenkerari jarraituz berari badagokio.

9.3. Uko egiteak.

a) Izangairen batek uko egiten badio eskainitako lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1. Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi honengatik kontratuari uko egiten diotenei ez zaie berriz deituko hiru hilabete bat iragan arte, uko egin dutenetik hasita.

4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5. Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

b) Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen antzeko egoeretan daudenek, bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

c) Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.4. Zerrendatik baztertzea.

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

1. Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

2. Sinatutako kontratuari uko egitea.

3. Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.5. Lan-kontratuak.

Administrari-ofizialaren lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterako iraupena izango duena, kasuan kasuko beharraren arabera iraungo baitu, eta haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal du, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Espainiako Konstituzioa. Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak.

2. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: Udalerria. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.

3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Mankomunitateak.

4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Aurrekontua.

5. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: Gizarte zerbitzuen sistema. Gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak. Oinarrizko gizarte zerbitzuak. Oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizunak. Gizarte zerbitzuetako zentroak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Ikuskapena eta zehapen araubidea. Ikuskapena. Arau-hauste administratiboak.

6. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena. Xedea eta helburua. Prozedura. Errenta Bermatua (Eskubidearen titularrak. Prestaziorako eskubidea ematen duen ahalmen ekonomikoa. Betebeharrak. Prestaziorako eskubidea azkentzea. Gizartean bazterketa larriko egoeran dauden pertsonak).

7. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema. Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean garatzen diren programak.

8. gaia.–Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak.

9. gaia.–Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak onetsitako ordenantzak.

Iragarkiaren kodea: L2305865