40. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Sarirako deialdia egiten duena.

Nafarroako gazte ekintzaileek artearen eta kulturaren arloetan duten ekimena babestu eta bultzatzeko asmoz, bai eta gazteen erreferente bihurtzeko eta Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazteko eta profesionalizatzeko bidean laguntzeko ere, Kultura eta Kirol Departamentuak uste du egokia dela Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Sarirako deialdia egitea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Sarirako deialdia egitea, eta deialdi horren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

2. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Foru agindu hau igortzea epaimahaikideei, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

TALENTU ARTISTIKOA SUSTATZEKO 2023KO SARIAREN OINARRIAK

1.–Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria.

Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariak helburu du gazte ekintzaileek artearen eta kulturaren arloetan duten ekimena babestu eta bultzatzea, bai eta gazteentzat erreferente bihurtzea ere, eta Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazteko eta profesionalizatzeko bidean laguntzea.

2.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak posta elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, dg.cultura.ipv@navarra.es helbidearen bitartez.

Proposamenak, orobat, Kultura eta Kirol Departamentuaren egoitzan aurkezten ahalko dira (Navarrería kalea 39-1.a, 31001 Iruña), edo posta ziurtatuaren bidez, posta-helbide horretara bidalita. Gutun azalean honako hau adierazi beharko da: "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria".

Posta ziurtatuaren bidez igorriz gero, mezu elektroniko bat bidali beharko da dg.cultura.ipv@navarra.es helbidera, eta igorpenaren berri eman beharko da, proposamenak aurkezteko epearen barnean.

2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko martxoaren 20an bukatuko.

3.–Hautagaitzak aurkezteko baldintzak.

3.1. Hautagaiek 18 eta 30 urte bitartekoak izan beharko dute, eta legezko bizilekua Nafarroan eduki, hautagaitzak aurkezteko epea bukatu baino lehen. Hautagaiak legezko bizitokia Nafarroan ez badu, egiaztatu beharko du Nafarroarekin erlazionatutako edo lotutako proiektu edo jardueretan parte hartu duela.

Legez eratutako entitateak ere hautagai izaten ahalko dira, entitatea osatzen duten pertsona guztiek aurreko paragrafoan aipatu baldintza indibidualak betetzen badituzte.

3.2. Saria eskatzen duten pertsonek beren buruarentzat edo legez ordezkatzen dituzten entitateentzat aurkez ditzakete hautagaitzak.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak edo, kasua bada, proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Azalpen memoria bat (1.000 hitz gehienez), delako pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartuko diren merezimenduen frogagarri. Memoria osatzeko, gehienez ere bi minutuko bideo edo ikus-entzunezko pieza bat aurkezten ahalko da.

c) Hautagaitza babesten duen gutun bat gutxienez, artearen eta kulturaren arloan ospea duen pertsona edo entitate batek sinatua.

d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

e) Epaimahaiak eskatzen badu, hautagai diren pertsona edo entitateek hautagaitzaren defentsa egiten ahalko dute haren aurrean.

5.–Tramitazioa.

5.1. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira jotzen ahal da, telefono bidez (848 424608) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: dg.cultura.ipv@navarra.es.

5.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria eta Museoetako Zerbitzuko zuzendaria, denak zuzendaritza nagusi horri atxikiak baitaude, eta, horiez gainera, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren hiru kide. Kontseilu horretako idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

6.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta, bakoitzaren merezimenduez gainera, honako hau ere baloratuko du: hautagaiak zer proiektu edo jardueratan parte hartu duen, horiek Nafarroan izan duten eragin sozial eta kulturala.

6.3. Bozketa. Lehenbiziko bozketa bat eginen da hautagaitza guztien artean, eta boto gehien lortzen duten bi hautagaitzekin bigarren bozketa-txanda bat eginen da, non boto gehien eskuratzen duena izanen den irabazlea.

Hala badagokio, berdinketak hausteko bozketak eginen dira lehenbiziko eta bigarren txandetan.

Hautagaitzetako batek botoen erdia gehi bat eskuratzen badu lehenbiziko bozketan, hura izanen da irabazlea.

6.4. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; bertan aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.5. Kultura eta Kirol Departamentuko titularrak emanen du saria, foru agindu bidez eta epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

6.6. Sari banaketa jendaurrean eginen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, behar bezala iragarriko den egunean.

7.–Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Sariaren zabalkundea egiteko proiektua.

Kultura eta Kirol Departamentuak, irabazlearekin adostuta, proiektu artistiko edo kultural bat (gehienez ere 10.000 eurokoa) ekoitzi, programatu eta/edo erakutsiko du, bere proiektu edo programa propioen barnean edo agente kulturalekin elkarlanean garatzen dituen beste batzuen barnean, 2024an.

8.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau argitara eman eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2302664