69. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

21/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu zen.

Foru dekretu horren eranskinean jasotako eskola mapa aldatu egin zen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 45/2021 Foru Aginduaren bidez.

Aipatutako foru dekretuak 2. artikuluan ezartzen du nolakoa izanen den ikastetxeak, lerroak eta hezkuntza-unitateak sortu, aldatu, bateratu, kendu, integratu eta atxikitzeko prozesua. Artikulu horren 1. apartatuan xedatzen da ezen, foru dekretuari gehitu zaion eranskineko ikastetxeen sarearen egituran edozein aldaketa egin nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak administrazio espedientea tramitatu beharko duela. Aldaketatzat hartzen da ikastetxe berriak sortzea, ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, zenbait ikastetxe bakar batean integratzea eta, azkenik, ikastetxeen, lerroen eta hezkuntza-unitateen atxikipenak aldatzea.

Era berean, 2. apartatuan adierazten da ezen hezkuntza arloko eskumenak esleiturik dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaiola honako hauek aurreikusten dituzten administrazio espedienteak tramitatu eta onesteko: ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, ikastetxeen, lerroen eta hezkuntza-unitateen atxikipenak aldatzea edo antolaketaren beste edozein alderdi aldatzea, baina ez ikastetxeak sortzeko edo kentzeko. Izan ere, eskumen hori Nafarroako Gobernuari dagokio, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Estamentu batek baino gehiagok aldatzeko eskaerak aurkeztu ondoren, Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jo du arau horren eranskina berrikusi eta aldatzea, gaur egungo ikastetxeen erroldaren errealitate berriari egokitzeko eta Nafarroako hezkuntza sistemaren programazioa hobetzeko.

Era berean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak proposatu du aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina, kontuan hartuta landa-eremuetako zenbait udalek egindako eskaera, aintzat harturik derrigorrezko hezkuntzaren ondoko batxilergoko ikasketetan seme-alabak beren ohiko bizilekua ez den beste herri batean eskolatu beharra duten familiek eskatzen dutena, dagokien Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpizonan ez baitago haientzako prestakuntza-eskaintzarik eskolatuak dauden hizkuntza-eredu berean.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatu da kontsulta publikoa egin ondoren, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoa betez, partzialki eraginpean egon daitezkeen herritarren eta erakunde adierazgarrien iritzia jasotzeko.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina honela aldatzea:

1 B/D ereduan, Lakabe herriak (Artzibar), Lehen Hezkuntzako eremu gisa Agoizko “San Miguel” HLHIP duenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpizona gisa Agoizko DBHI, eta Bigarren Hezkuntzako azpizona gisa “Eunate” BHI (zeina Eunate BHI Iruñeko ipar-ekialdeko barrutian eta Iruñeko ipar-ekialdeko departamentuan sartua baitago), aurrerantzean, atxikipen hau izanen du: Garraldako “Orreagako Ama” HLHIP Lehen Hezkuntzako eremu gisa, Garralda DBHI Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpizona gisa, eta “Eunate” BHI Bigarren Hezkuntzako azpizona gisa (zeina Eunate BHI Iruñeko ipar-ekialdeko barrutian eta Iruñeko ipar-ekialdeko departamentuan sartua baitago).

2 Honako atal hauek gehitzea uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskinaren bukaera aldean:

a) Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesua garatu zen. Foru agindu horretan onetsitako xedapenetan aurreikusitakoaren ondorioetarako bakar-bakarrik, Garraldako, Otsagabiako eta Erronkariko DBHIei atxikitako udalerrietatik etorrita derrigorrezko hezkuntzaren ondoko Batxilergoko etapa hasten duten ikasleen bizitokitzat Iruña hartuko da.

b) Era berean, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesua garatu zuen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduan onetsitako xedapenen ondorioetarako bakar-bakarrik, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko Batxilergoko etapako ikasleei dagokienez, baldin eta, beren bizitokiari dagozkion ikastetxeetan batxilergoko irakaskuntzetako prestakuntza-eskaintza izan arren, irakaskuntza horiek ezin badituzte egin etapa horretan ikastaldea eratzerik ez dagoelako, udalerri horiek atxikipen hau dutela ulertuko da: B eta D ereduei dagokienez, Iruñeko Iturrama BHI Bigarren Hezkuntzako zona (Iturrama BHI Iruñeko Erdialdea barrutia eta Iruñeko Erdialdea departamentua), eta, A eta G ereduei dagokienez, Plaza de la Cruz BHI Bigarren Hezkuntzako zona (Plaza de la Cruz BHI Iruñeko Erdialdea barrutia eta Iruñeko Erdialdea barrutia).

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 31n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2204781