257. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2336/2022 EBAZPENA, 2022ko azaroaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat (B maila) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko.

19/2022 Foru Legeak, 2022ko uztailaren 1ekoak, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako administrazio publikoetan gauzatzeko neurriak ezartzen ditu -2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa-.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2022ko irailaren 23an hartutako erabaki baten bidez, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatzeko neurriak ezarri zituen -2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa-. Erabakian espresuki arautuak ez dauden alderdi guztietarako, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan ezarria dagoena aplikatuko da, lege horri atxiki baitzaio Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Erabaki horretan adierazitakoa administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan eskaintza jakin batzuetan sartuak dauden lanpostuei aplikatu behar zaie -beheragoko zerrendako lan eskaintzetan daudenei- baldin eta lehenago ez bada egin lanpostu horietarako deialdirik edo deialdia egin eta ebazpena eman arren lanpostuak bete ez badira. Lan eskaintza horiek 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legean, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan eta enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean jasotako aurreikuspenak aplikatzeko onetsi ziren.

–2019rako lan publikoaren eskaintza, 2019ko abenduaren 13ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (2019ko abenduaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–C eta D mailei dagokien lan publikoaren eskaintza, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatzearen ondoriozkoa eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan ezarritako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko abenduaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2022ko maiatzaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Erabakiak xedatzen du egonkortze-prozesuan sartzen diren lanpostuak hornitzeko deialdia oposizio-lehiaketa bidezkoa izanen dela, salbuespen bakar honekin: enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aditzera emandako baldintzak betetzen dituzten lanpostuak. Bestetik, oposizio-lehiaketa bidezko prozedura horiek arautzen ditu, eta haien lehiaketa-faseari aplikatu beharreko merezimenduen baremoa finkatzen.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostu hori III. eranskinean dago zehaztua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari izateko lanpostu bat (B maila) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 22an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

INFORMATIKA ZERBITZUKO OL-KO KUDEAKETARI IZATEKO LANPOSTU BAT (B MAILA) OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari izateko lanpostu huts bat (B maila) oposizio-lehiaketaren sarrera-prozesuaren bidez betetzea da. Oinarri hauen III. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, hartarako betebeharrak eta destinoa.

1.2. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: gradua, diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

c) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketaria, oposizio-lehiaketa" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira lehiaketatik.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara daitezela aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

6.3. Epaimahai kalifikatzailea hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahai kalifikatzailearen osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahai kalifikatzailearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

7.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

7.2. Oposizio-fasea eta balorazioa.

7.2.1. Oposizio-fasea ez da 2023ko azaroa baino lehen hasiko.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2.2. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.3. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.4. Oposizio-fasea baztertzailea izanen da. Oposizio-fasea osatzen duten probak ez dira baztertzaileak izanen. Oposizio-fasea gainditzeko, 30 puntu lortu behar dira.

7.2.5. Probak.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.5.1. Lehenbiziko proba:

Gai zerrendako parte orokorreko eta espezifikoko gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Akatsak

Nota = Erantzun zuzenak –

––––––––––––––

k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez ere.

7.2.5.2. Bigarren proba:

Idatzizko itzulpen-ariketa bat egin beharko da, gaztelaniatik ingelesera eta alderantziz. Itzulpena, funtsean, teknikoa izanen da, deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunei buruzkoa.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 5 puntukoa izanen da gehienez ere.

7.2.5.3. Hirugarren proba:

Jarduera eta/edo galdera teoriko, praktiko edo teoriko-praktiko batzuk ebatzi beharko dira, idatziz, oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzkoak.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bost ordu gehienez ere.

Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.

Epaimahaiak ariketak irakurriko ditu, eta, ondoren, dei eginen die izangaiei ariketa irakurri eta defenda dezaten epaimahaiaren aurrean, jendaurreko bilkuran. Ariketa osoa irakurri ondoren, epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen galdera guztiak eginen ditu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, honako hauek zehazteko: zenbateraino den egokia proposatutako soluzioa, izangaiak zenbateraino dakizkien oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den programako gaiak, eta izangaia egokia ote den lanpostuaren eginkizunak betetzeko. Arbela edo antzeko elementu bat erabiltzen ahalko da.

7.2.5.5. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.2.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahai kalifikatzaileak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

7.2.7. Epaimahai kalifikatzaileak, oposizioa bukaturik, fasea gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

7.3. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

7.4. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

7.4.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizioa gainditu duten izangai guztiek, epaimahaiak ezarritako epean, modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharra dago, helbide elektroniko honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako zerbitzuak, epaimahaiari helaraziko baitzaizkio barema ditzan.

7.4.2. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

7.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

7.4.4. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahaiak izangaiei.

7.4.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

7.4.6.–Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.

8.–Azken puntuazioa.

8.1. Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

8.2. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak iraunez gero, II. eranskineko merezimenduen baremoaren b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da, eta, puntuazio bera badute, a) apartatuan puntuazio handiena duenaren alde; irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahaiak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

8.3. Lehiaketa-fasea eta oposizio-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

9.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

9.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

e) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua.

f) Alegatutako merezimenduak eta baldintzak egiaztatzen dituzten gainerako agirien jatorrizko dokumentuak edo haien kopia konpultsatuak.

9.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

9.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

9.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza.

Egun horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Izangaia funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

10.5. Aurreko apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira prozeduran parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Prozesua gainditu ez dutenen zerrenda. Lehenbiziko proban gehieneko puntuazioaren erdira ailegatzen direnak sartuko dira zerrendan.

Zerrenda horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko hautaketa-prozedura baten ondorioz eratzen diren kontrataziorako izangaien zerrenda indardunak osatzeko aplikatuko dira.

11.2. Zerrendako ordena erabakitzerakoan, kontuan hartuko da nor ailegatu den proba gehiagotan gehieneko puntuazioaren erdira. Berdinketarik baldin badago, gehieneko puntuazioaren erdira iritsitako probetan lortutako puntuazioaren batura hartuko da aintzat zerrendako ordena erabakitzerakoan. Berdinketak iraunen balu, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketa-kasuetarako ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gaien zerrenda

Parte espezifikoa.

–Informazio sistemen antolaketa eta kudeaketa.

1. gaia.–Informazio sistemen definizioa, egitura eta dimentsionamendu efizientea.

2. gaia.–Informazio sistemen zentro baten antolaketa eta funtzionamendua. Garapen funtzioak, mantentze-lanak, sistemak, datu-baseak, komunikazioak, segurtasuna, kalitatea, mikroinformatika eta erabiltzaileen arreta.

3. gaia.–Informazio teknologiei buruzko proiektuen kudeaketa. Baliabideen kudeaketa, proiektuen jarraipena, erabakiak hartzea.

4. gaia.–Proiektuak kudeatzeko metodologiak. GANTT, PERT.

5. gaia.–Informazio teknologien erosketa publikoaren kudeaketa. Alternatibak aztertzea, bideragarritasuna ebaluatzea eta erabakiak hartzea.

6. gaia.–Ordenagailuko programen babes juridikoa. Softwareen legezkotasuna egiaztatzeko eta haiek kontrolatzeko bideak.

7. gaia.–Eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna. W3C. Diseinu unibertsala. Webgunearen diseinu moldatzailea. Gailu eta plataforma anitzetarako aplikazioak. Gailu mugikorretarako aplikazioak.

8. gaia.–Sistemen elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala. Elkarreragingarritasunaren arau teknikoak. Administrazio publikoen arteko dokumentuen eta espediente elektronikoen elkarreragingarritasuna eta datuen trukerako arauak.

9. gaia.–Sistemen segurtasuna. Arriskuen analisia eta kudeaketa. Tresnak. Segurtasunaren Eskema Nazionala. Segurtasunaren Eskema Nazionalerako egokitzapena. Segurtasunaren Estrategia Nazionala. CCN-STIC.

10. gaia.–Administrazio elektronikoa. Araudia. Denbora-zigilua. Erregistro elektronikoa. Egoitza elektronikoa. Tramitazioa eta prozedurak. Komunikazioa eta jakinarazpenak.

11. gaia.–Administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasunerako azpiegiturak eta zerbitzu komun eta partekatuak. Cl@ve, Herritarren Karpeta, Erregistroen Interkonexio Sistema, Datuen Bitartekaritzarako Plataforma, SCSP zerbitzuak eta beste batzuk.

12. gaia.–Datu pertsonalak babesteko politika. Araubide juridikoa. 2016/679 EB Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Printzipioak eta eskubideak. Betebeharrak. Datuen babeserako delegatua administrazio publikoetan. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.

–Oinarrizko teknologia.

13. gaia.–Datuak prozesatzeko zentroak: diseinua, ezarpena eta kudeaketa. Birtualizazioa datuak prozesatzeko zentroetan.

14. gaia.–Prestazio handiko konputaziorako sistemak. Grid Computing.

15. gaia.–Sailetako ekipoak. Zerbitzariak. Sailetako ekipoetarako eta zerbitzarietarako segurtasun neurriak.

16. gaia.–Gailu mugikorrak eta PC gailu pertsonalak. Gailu pertsonalen konektibitatea. Ekipo pertsonaletarako eta gailu mugikorretarako segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

17. gaia.–Urrutiko kudeaketarako eta ekipoak klonatzeko sistemak. Urrutiko mahaigaina. Mahaigain birtualak (VDI). Lanpostuen birtualizazioa.

18. gaia.–Cloud Computing. IaaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.

19. gaia.–Sistema handietarako eta sailetako sistemetarako biltegiratze sistemak. Multimedia informazioa tratatzeko gailuak. Biltegiratzearen birtualizazioa. Segurtasun kopiak.

20. gaia.–Erabiltzaile anitzeko informazio sistemak. Datuen eta aplikazioen zerbitzariak. Zerbitzarien birtualizazioa. Edukiontzien sistemak.

21. gaia.–Prozesamendu kooperatiboa eta bezeroaren eta zerbitzariaren arteko arkitektura. SOA arkitektura.

22. gaia.–Sistema eragileen kontzeptuak eta oinarriak. Bilakaera eta joerak.

23. gaia.–UNIX-LINUX eta Microsoft sistema eragileak. Oinarriak, administrazioa, instalazioa eta kudeaketa.

24. gaia.–Gailu mugikorretarako sistema eragileak. iOS eta Android sistemei buruzko oinarrizko kontzeptuak.

25. gaia.–Datu-baseak kudeatzeko sistemak. ANSI erreferentzia-eredua.

26. gaia.–Entitatea/erlazioa eredua. Datu-base erlazionalak. Normalizazioa. Osotasun erreferentziala. SQL lengoaia. Datu-baseen administrazioa eta kudeaketa: Oracle eta MySQL.

27. gaia.–Garapen arkitektura webgunean. Front-end web garapena. Bezeroen arretarako scriptak. Frameworks. UX. Zerbitzariko web garapena, datu-baseetarako konexioa eta sistema eta zerbitzuekiko interkonexioa.

28. gaia.–JAVA garapen ingurunea. JDBC, Java Beans, JSP, JEE. PHP garapen alternatiborako ingurune moduan.

29. gaia.–Kode irekiko softwarea. Software librea. Oinarrizko kontzeptuak. Lizentzia motak. Aplikazioak inguru ofimatikoan eta web zerbitzarietan.

30. gaia.–Adimen artifiziala: egoera-espazioaren errepresentazioa, bilaketa exhaustiboak eta bilaketa heuristikoak. Sistema adimendunak. Sistema adituak eta ikaskuntzako oinarrizko algoritmoak.

31. gaia.–CRM sistemak (Customer Relationship Management) eta ERP sistemak (Enterprise Resource Planning). Txostenak sortzea zuzendaritzarako.

32. gaia.–E-learning: kontzeptuak, tresnak, ezarpen sistemak eta normalizazioa.

33. gaia.–Datu korporatiboen kudeaketa. Erabakiak hartzen laguntzeko sistemak (Business Intelligence). Datuen biltegia (Data-Warehouse). OLAP arkitektura. Datuen meatzaritza.

34. gaia.–Big Data. Datu sorta masiboak atzitzea, analizatzea, eraldatzea, biltegiratzea eta esplotatzea. Hadoop inguruneak edo antzekoak. NoSQL datu-baseak.

35. gaia.–Sare globalak erabiltzeko lengoaiak eta tresnak. HTML, CSS eta XML. Web nabigatzaileak eta bateragarritasuna estandarrekin.

36. gaia.–Merkataritza elektronikoa. Ordainketa-mekanismoak. Negozioaren kudeaketa. Faktura elektronikoa. Ordainketak egiteko pasabideak.

37. gaia.–Zifratzea. Zifratze algoritmo simetrikoak eta asimetrikoak. Hash funtzioa.

38. gaia.–Sinadura elektronikoaren formatuak. Ziurtagiri digitalak. Gako publikoko azpiegitura (PKI). Norbera identifikatzeko eta sinatzeko mekanismoak: «Smart Cards», NAN elektronikoa, mekanismo biometrikoak.

39. gaia.–Aplikazioak eta inguruneak datuen babeserako araudiaren baldintzetara egokitzea, segurtasun mailaren arabera. Zifratzea eta auditoria egiteko tresnak.

40. gaia.–Irudien trataera. Digitalizazio eta inprimatze teknologiak. Karaktereen errekonozimendu optikoa. Inprimatzea, kopia eta digitalizazioa kudeatzeko sistema zentralizatuak.

–Informazio sistemen ingeniaritza.

41. gaia.–Informazio sistemen bizi zikloa. Sistemak garatzeko metodologiak. Prozesuen modelaketa. Metodologia arinak: Scrum eta Kanban.

42. gaia.–Alderdi ez-funtzionalen analisia: errendimendua, segurtasuna, pribatutasuna.

43. gaia.–Softwarea diseinatzeko oinarriak eta teknikak. Programazio egituratua. Objektuetara bideratutako lengoaiak. Geruzakako diseinua eta diseinuak egiteko txantiloiak. Sistemen diseinua eta arkitektura. Aplikazioen hedapena.

44. gaia.–Garapen inguruak, IDE inguruak, tresnak. Prototipoen eta interfazeen garapena. Git bertsioen eta azpibertsioen kontrola. Garapenerako eta talde-lanerako metodologiak.

45. gaia.–Proba-prozesuak eta kalitatearen bermea softwarearen garapenean. Planifikazioa, proben estrategia eta estandarrak. Softwarean probak egiteko mailak, teknikak eta tresnak. Softwarea onartzeko irizpideak.

46. gaia.–Integrazio jarraiturako ereduak. Softwarearen kalitatearen metrikak eta ebaluazioa. Kalitate funtzioaren ezarpena.

47. gaia.–Sistemen mantentze-lanak. Mantentze-lan prediktiboa, moldatzailea eta zuzentzailea. Mantentze-lanen plangintza eta kudeaketa. Ingurune operatiboen kudeaketa. Konfigurazioaren eta bertsioen kudeaketa.

48. gaia.–Dokumentuen kudeaketa. CMIS estandarra. Edukien kudeaketa. Ezarpen handiko CM eta DMS teknologiak.

49. gaia.–IKTen planifikazioa eta kontrola: IKT zerbitzuen eta azpiegituren kudeaketa, IKTen balioaren kudeaketa. Zerbitzu mailari buruzko akordioak. Gorabeheren kudeaketarako sistemak. ITILen oinarri kontzeptualak (IT Infrastructure Library), eta CoBIT (Control Objectives for Information and Related Technology), kontrolerako helburuak eta metrikak.

–Sareak, komunikazioak eta Internet.

50. gaia.–Telekomunikazio sareak. Kontzeptuak. Transmisio bitartekoak. Zirkuituen eta paketeen trukaketa. Bideraketa-protokoloak. Sarbide azpiegiturak. Sareen interkonexioa. Zerbitzuaren kalitatea.

51. gaia.–Internet sarea eta oinarrizko zerbitzuak. DNS eta NTP azpiegiturak.

52. gaia.–Kable sistemak eta sareen interkonexiorako ekipoak.

53. gaia.–ISOren sistema irekiak elkarrekin konektatzeko erreferentzia-ereduak (OSI): arkitektura, geruzak, interfazeak, protokoloak, helbideratzea eta bideratzea.

54. gaia.–Sarbide sareak: zuntz bidezkoak (GPON, FTTH), mugikorrak (LTE), haririk gabekoak. Garraio sareak: WDM, MPLS.

55. gaia.–Haririk gabeko sareak: IEEE 802.11 estandarra. Ezaugarri funtzional eta teknikoak. Sarbide sistemak. Autentifikazio motak eta RADIUS protokoloa. Eragiketak egiteko moduak. Bluetootha. Segurtasuna, araudia.

56. gaia.–IP sareak: sareen arkitektura, bideratzea eta zerbitzuaren kalitatea. IPv4tik IPv6rako trantsizioa eta elkarbizitza. IPv6ren funtzionalitate espezifikoak.

57. gaia.–Belaunaldi berriko sareak eta zerbitzu bateratuak (NGN/IMS). VolP, TolP eta komunikazio bateratuak.

58. gaia.–Sareen diseinua, plangintza, hedapena eta operazioa. Sare lokalak eta hedadura zabaleko sareak. Trafikoaren monitorizazioa eta kontrola. SNMPren kudeaketa. Sareen birtualizazioa (SDN).

59. gaia.–Sare lokalak. Tipologia. Transmisio bitartekoak. Ethernet estandarrak. Sarbiderako metodoak. Interkonexio gailuak. Gailuen kudeaketa eta helbideratzea (DHCP). LAN sareen administrazioa. Sare birtualak (VLAN).

60. gaia.–Intranet eta Extranet sareen arkitektura. Kontzeptua, egitura eta ezaugarriak. Haien ezarpena organizazioetan. Geruzen eredua: aplikazioen zerbitzariak, datuen zerbitzariak, zerbitzariguneak.

61. gaia.–Datuen transmisiorako sare publikoak. SARA sarea.

62. gaia.–Posta elektronikoa. SMTP, POP, IMAP eta beste protokolo batzuk. Mezularitza-zerbitzuak. Direktorio zerbitzuak. LDAP protokoloa.

63. gaia.–Mugikorretarako aplikazioak. Ezaugarriak, teknologiak, banaketa eta joerak.

64. gaia.–Segurtasuna sareetan. Eraso motak eta prebentziorako tresnak: suhesiak, sarreren eta intrusioen kontrola, teknika kriptografikoak, etab. Mugikorren bidezko komunikaziorako neurri espezifikoak. Sare pribatu birtualak (VPN).

65. gaia.–Segurtasuna aplikazio mailan. Web zerbitzuetako, datu-baseetako eta erabiltzaile interfazeetako eraso motak eta horien aurreko babesa.

66. gaia.–Zibersegurtasuna. Segurtasun gorabeheren kudeaketa. Analisi forentsea.

67. gaia.–Eskuragarritasun handiko sistemak eta estrategiak. Ezbeharren aurreko errekuperazioa. Negozioaren Jarraitutasun eta Kontingentzia Planak.

68. gaia.–Lankidetzako eta talde-laneko tresnak. Bideokonferentzia-sistemak. Komunikazioen dimentsionamendua eta zerbitzuaren kalitatea eta aretoen eta ekipamenduen egokitzapena. Bideo streaminga. Sare sozialak.

69. gaia.–Atari korporatiboak. Identitateen kudeaketa, single sign-on. Sistema korporatiboetarako urruneko sarbidea. Telelana.

Parte orokorra.

70. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

71. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

72. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

73. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua: langile funtzionarioen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzeko eta galtzeko prozesua; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak finkatzeko parte-hartzea.

74. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

75. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio publikoen arteko harreman elektronikoak.

76. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

77. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Irakaskuntza berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

78. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

79. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

80. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

81. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

82. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

83. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

84. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

85. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak deialdia argitaratzen den egunera arte, 30 puntu gehienez, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste lanpostu batzuetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

3. Deialdiaren xede den lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,6 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

4. Beste lanpostu batzuetan beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,3 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

–30 puntukoa izanen da gehienez ere a) apartatuari dagokion puntuazioa.

–Langileak emandako zerbitzuak aldi baterako erlazio bakoitza hasi zen egunetik amaitu arte hartuko dira kontuan, lanaldiaren ehunekoa edozein izanik ere.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian aritu bada, egiatan bete duen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan egoera horretan egindako aldiak.

Izangaia beste motibo batzuengatiko zerbitzu berezietako egoeran edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari izan bada, egoera horretara sartzean izangaiak zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan aldi horiek.

–Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

b) Bestelako merezimenduak, 10 puntu gehienez ere:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana baina lanposturik lortu gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 7 puntu.

2. Hizkuntzak, 3 puntu gehienez ere:

i. Frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

ii. Ingelesa jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 1,5 puntu gehienez ere.

iii. Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 2,5 puntu gehienez ere.

Oharrak 2. apartatuari buruz:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa lortuko du aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzean.

Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

–Euskara merezimendu gisa baloratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako "urrats" bakoitzari gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen zaio.

III. ERANSKINA

Informatika Zerbitzuko OLko kudeaketari lanpostuak, B maila

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZA

HERRIA

LANALDIA

609

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / CAMPUSEKO ZERBITZUEN ATALA

FUNTZIONARIOA

IRUÑEA

ZATITUA

Iragarkiaren kodea: F2217027