200. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

89/2022 FORU DEKRETUA, irailaren 28koa, Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko lurzoru urbanizaezinean parke eolikoak ezartzea berariaz arautzen zuen lehen testu arauemaileak, eskatzen zuen aurrez izapidetzea plan berezi bat –ukitutako azalera udal-mugarte bakar batena zenean– edo udalez gaindiko proiektu sektorial bat –ukitutako lursailak udal-mugarte batenak baino gehiagorenak zirenean–. Praktikan, parke gehienek udal-mugarte bat baino gehiago ukitzen zuten eta hala, urteetan zehar, udalez gaindiko proiektu sektorialen bidez ezarri dira.

Haatik, parke eolikoak instalatzeko beharrezkoak diren gaikuntza tituluak aldatu egin ziren Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua indarrean jarri zenean. Foru dekretu horrek aipatutako 125/1996 Foru Dekretua indargabetu zuen eta gaiari buruzko araudi berria ezarri zuen. Harrezkero, dagoeneko ez da beharrezkoa udalez gaindiko proiektu sektorialak izapidetzea, eta aski da, hirigintza ondorioetarako, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena lortzea, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen foru legedian araututakoaren arabera.

56/2019 Foru Dekretuak, lehenengo xedapen indargabetzailean, azkendu egin zituen, salbuespenik gabe, ordura arte onartutako udalez gaindiko proiektu sektorial guztiak, aurreko araudiaren arabera udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onartuta dauden parkeen egoera juridikoari erantzuteko –zeina ez zen bateragarria 56/2019 Foru Dekretuak emandako esparru juridiko berriarekin–. Nolanahi ere, guztiz edo partez gauzatu gabe zeuden parke eolikoentzat, aurreikusten zuen eskubide osoz ordezkatzea lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimenekin.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 46.2 artikuluaren arabera (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina –LAHFLTB– onesten duena), Nafarroako Gobernuak erabaki dezake udalez gaindiko proiektu sektorial bat azkentzea, baldin eta proiektua burutu bada eta haren helburua bete bada.

56/2019 Foru Dekretuaren lehen xedapen indargabetzailea LAHFLTBn jasotako udalez gaindiko proiektu sektorialak azkentzeari buruzko aurreikuspenetara hobeki egokitzeko, egiaztatu da xedapen indargabetzaile horren edukia egokitu behar dela eta, horrela, aplikatu beharreko bi arauak modu egokian harmonizatu. Horretarako, osoki edo partez gauzatu gabe zeuden udalez gaindiko proiektu sektorialak azkentzeari buruzko erreferentziak kendu dira, eta argitu proiektu horiek indarra dutela bere garaian onetsi ziren baldintzetan. Horrek ez du galarazten, behin guztiz gauzatzen direnean, Nafarroako Gobernuak, kasua bada, horien azkentzea erabakitzea. Izan ere, onetsi ondoren, haien indarraldia mugagabetzat hartu behar baitzen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, 22 bis artikulu berri bat gehitzen da, parke eolikoen aldaketak hirigintzako foru baimen egokiaren mende egoteari buruzko aurreikuspenak jasotzen dituena. Berrikuntza gisa, nabarmentzekoa da azpiegitura linealetako aldaketak baimendutako jarduketatzat hartzen direla, hala nola euskarriak edo kutxatilak ordeztea edo lekuz aldatzea (trazadura aldatu gabe), horiek ez baitute hirigintza baimen berririk beharko.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko irailaren hogeita zortzian egindako bilkuran harturiko Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.

Aldatu, gehitu edo kendu egiten dira parke eolikoetarako baimena Nafarroan arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu, apartatu eta xedapen hauek:

Bat.–21. artikuluaren 2. apartatua kentzen da.

Bi.–22. artikuluaren 2. apartatua kentzen da.

Hiru.–22 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

"22 bis artikulua. Parke eolikoak aldatzeko hirigintza baimena.

1. Foru dekretu honen 21. eta 22. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueretarako baimena duten parke eolikoen aldaketek, kasua bada, baimen berria beharko dute, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera.

Ez dira berriz eskatu beharko parke eolikoak ezartzeko egindako txosten sektorialak, baldin eta proiektuan sartutako aldaketek horien edukiari eragiten ez badiote, eta automatikoki sartuko dira baimen espediente berrietan.

2. Legedia horretan aurreikusitako ondorioetarako, baimendutako jarduketatzat hartuko dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduetarako baimen berririk beharko energia ateratzeko linea elektrikoen edo horien elementuen aldaketek, trazadura aldatzea ez badakarte.

Lau.–Lehendik dauden parke eolikoei buruzko bigarren xedapen iragankorra kentzen da.

Bost.–Lehen xedapen indargabetzailea aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

"Lehen xedapen indargabetzailea.–Onetsitako udalez gaindiko proiektu sektorialak.

1. Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 46.2.c) artikuluaren arabera, foru dekretu honek indarra hartzen duenean, azkendu eginen dira parke eolikoak ezartzeko behin betiko onespena duten udalez gaindiko proiektu sektorial guztiak, baldin eta erabat gauzatu badira.

2. Foru dekretu hau indarrean sartzean osorik edo partez betearazi gabe dauden udalez gaindiko proiektu sektorialek indarrean jarraituko dute, eta arautuko dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan tresna horietarako xedatutakoaren arabera (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena), onetsitako parke eolikoak handitzeko edo aldatzeko izapidetzea barne".

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indargabetuta geratzen da maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Agindua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitzen parke eolikoetarako baimena Nafarroan arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren lehen xedapen indargabetzailearen 2. apartatuan ezarritako epea, hau da, udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onetsiak izanik, eskubide osoz egindako ordezpena dela-eta orain lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena behar duten parke eolikoak egin eta abian jartzeko ezarri zena.

2. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko irailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2213078