198. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

111E/2022 EBAZPENA, irailaren 16koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, honako foru agindu hau argitaratzea xedatzen duena: 61E/2022 Foru Agindua, apirilaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Arangurengo Udal Plan Orokorra, Arangurengo Udalak sustatuta.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren apirilaren 26ko 61E/2022 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Arangurengo Udal Plan Orokorra, Arangurengo Udalak sustatuta, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baldintza bat ezarri zuen, hots, aldaketaren testu bategin bat aurkeztea, non foru agindu hartan adierazitako zuzenketak bildu beharko diren.

Eskatutako testu bategina aurkeztu denez, eta kontuan hartuz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena eman duela 2022ko irailaren 2an, bidezkoa da behin betiko onespenari buruzko foru agindu hori argitaratzea.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea 61E/2022 Foru Agindua, apirilaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Arangurengo Udal Plan Orokorra, Arangurengo Udalak sustatuta. Foru agindu horren testu osoa ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak zenbatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau Arangurengo Udalari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 16an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

61E/2022 FORU AGINDUA, APIRILAREN 26KOA, LURRALDE ANTOLAMENDUKO, ETXEBIZITZAKO, PAISAIAKO ETA PROIEKTU ESTRATEGIKOETAKO KONTSEILARIAK EMANA, BEHIN BETIKO ONESTEN DUENA ARANGURENGO UDAL PLAN OROKORRA, ARANGURENGO UDALAK SUSTATUTA

Arangurengo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Ingurumen Eraginaren Atalaren 2021eko uztailaren 30eko txostenaren arabera, behar bezala gehitu zaizkio espedienteari abuztuaren 29ko 798E/2020 Ebazpenak ezarritako baldintzak (Arangurengo Udal Plan Orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa, 2020ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 25ekoa).

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena, egokitzat jotzen da behin betiko onestea, eta, dauden txostenen arabera, atzemandako akatsak zuzentzeko zehaztapenak gehitu dira. Eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 71.16.b) artikuluaren arabera, determinazio horiek jasotzen dituen testu bategin bat aurkeztu behar denez hiru hilabeteko epean.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Arangurengo Udal Plan Orokorra, Arangurengo Udalak sustatu duena, determinazio honekin:

Udalak, hiru hilabeteko epean, testu bategin bat aurkeztuko du, honako zehaztapen hauek jasoko dituena:

A.–Labioko A3ren gaineko ukipena.

Eremu horretako araudian arroko erakundearen aldeko txostena lortzeko betebeharra sartu behar da, unitatean egiten den edozein jardueratarako.

B.–Eremu hauetarako plan bereziak: A1 LAB, A2 LAB, A3 LAB, A4 LAB, A5 LAB, A6 LAQ, A7 LAB, A8 LAB eta A10 T.

Udal Plan Orokorrean aurreko planeamendura igortzen duen araudia mantentzen bada,

–Labioko A2 LAB Plan Bereziari dagokionez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1997/05/05), Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da bere garaian onetsitako araudia –idatzia eta grafikoa–.

–Labioko A8 LAB Plan Bereziari dagokionez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2011/03/18), Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da bere garaian onetsitako araudia –idatzia eta grafikoa–, eta tresnaren kopia bat eta dagokion dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko dira Planeamenduaren Erregistroan.

Gainerako plan berezien kasuan (A1 LAB, A3 LAB, A4 LAB, A5 LAB, A7 LAB, A6 LAQ, A10 T), onetsitako planeamenduaren erreferentziak ezabatu behar dira.

C.–60.1 artikuluaren idazketa.

60.1 artikuluan, onetsita eta indarrean dauden plan berezietan sartuak ez daudenen gaineko erreferentzia kendu beharko da; izan ere, lurralde antolamenduko planaren atalen araudia kasu guztietan aplikatzen da.

Artikulu horretatik kendu behar da Labioko, Lakidaingo eta Taxoareko baratzeak “Aisiako baratzezaintzako gune” gisa asimilatzeko zatia, ez baitituzte betetzen 3. lurralde antolamenduko planean tipologia horretarako ezarritako baldintzak.

D.–Lehengo planeamenduan araututako areak.

Udal plan orokorraren eremuak “lehengo planeamenduan araututako area” gisa onartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

–Hirigintza-tresna behin betiko onesteko erabakia izatea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

–Araudi idatzia eta grafikoa onetsia izatea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

–Tresna hori Nafarroako Gobernuko Planeamenduaren Erregistroan sartzea.

Beraz, udal plan orokorrean, aipatutako hiru baldintzak betetzen dituztenak soilik jasotzen ahalko dira “lehengo planeamenduan araututako area” gisa.

Plangintza egikaritzeko tresnetara –hots, birpartzelazio proiektuetara eta urbanizazio proiektuetara– igortzen dituzten erreferentziak kendu behar dira; izan ere, legez, planeamenduko determinazioak arautzeko eskumenik ez duten tresnak dira.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintza-araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau Arangurengo Udalari jakinaraztea, ziurtatutako testu bategina bidal dezan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, testu bategin hori aurkeztu beharko da, ziurtatuta.

Iruñean, 2022ko apirilaren 26an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2212558