146. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92/2022 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroan Natura 2000 Sarekoak diren mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dira, 2022-2023 kanpainarako. Laguntza horiek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren 07.06 azpineurriko 01 eragiketan daude jasota. DDBN identifikazioa: 635538.

Natura 2000 Sarean jasotako mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan daude zehaztuta. Horien helburua da Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetan jasotako larre habitatekin zerikusia duten neurriak aplikatzea. Horretarako, babes ekonomikoa emanen zaie toki entitateei, baldin eta horien lurraldean Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetan jasotako naturagune bat badago, ingurumeneko babes kategoriaren bat edo balio natural handia badu, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarekin hitzartzen edo adosten bada aipatu naturaguneak hobetu eta zaintzeko jarduketak edo programak gauzatzea, larratze kudeaketa habitat horien kontserbaziora eta hobekuntzara egokitzeko, larreak antolatzeko proiektu egokiak aplikatuz. Beharrezkoa da Natura 2000ko lekuetan dauden Europar Batasunaren intereseko larratze habitatak abeltzaintza antolatuz babestu eta hobetzea, bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, artzaintza gehiegizkoa nahiz behar adinakoa ez izateagatik. Laguntza hauek erraztu behar dute abeltzaintzaren egokitzapena larre mota hauetan, trantsizioak iraun bitartean.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa, Europar Batasunari jakinarazi ondoren, Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen –C (2015) 8143 azkena–, eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako 07 neurria jasotzen du, “landa inguruetako oinarrizko zerbitzuei eta populazioen berritzeari” dagokiona. Neurri horretarako laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 20. artikuluan araututa daude. Erregelamendu hori Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenerako laguntza emateari buruzkoa da, eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

7. neurri hori garatze aldera, oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako Natura 2000 Sarean jasotako mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak arautzea, 2022-2023 kanpainarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 20. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du landa garapenerako laguntza Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

Horrenbestez, laguntzari dagokion denbora eremuari dagokionez, kontuan hartu behar da 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa, indargabetuta geratu dela 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 154.1 artikuluaren bidez. Hala ere, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, alde batetik, zenbait xedapen iragankor ezartzen baitira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzarako, 2021. eta 2022. urteetan, eta, bestetik, aldatzen baitira 1305/2013, 1306/2013 eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, baliabideei eta 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeari dagokienez, eta 1308/2013 (EB) Erregelamendua, baliabideei eta laguntza hori 2021. eta 2022. urteetan banatzeari dagokionez, landa garapenerako programen exekuzioa aplikatzen jarraituko da, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera, 2025eko abenduaren 31ra arte. Aplikatuko zaie, baldintza berberetan, 2025eko abenduaren 31ra arte landa garapenerako programa horien esparruan onuradunek egindako eta erakunde ordaintzaileak ordaindutako gastuei.

Horren arabera, neurri horretako laguntzen 2022. urterako deialdia onestea bat dator Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren 1.1 artikuluarekin, zeinaren bidez, batetik, zenbait xedapen iragankor ezarri baitziren Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) laguntzarako, 2022. eta 2023. urteetan, eta bestetik, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aldatu baitzen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatutako programen iraunaldia 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu zuena.

Adierazitakoaz gain, neurri honen esparru juridikoa honako hau izanen da:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

Deialdiaren oinarrietan sartutako hautapen irizpideek badute 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordearen adostasuna.

Ebazpen honen eta bertan jasotako oinarrien ondorioetarako, “laguntza” eta “dirulaguntza” terminoak erabiliko dira (bata zein bestea) erreferentzia egiteko ebazpen honetan eta bertan jasotako oinarrietan xedatutakoa betetzen duten pertsonen alde egindako edo egin beharreko diru xedapenei.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen honek badu Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren kudeaketa agintaritzaren (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuaren) aldeko txostena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. artikuluan aipatzen dena.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, batetik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, laugarren xedapen gehigarrian egindako deskontzentrazioa dela medio, bestetik, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea, batetik, 2022-2023 kanpainarako Nafarroan Natura 2000 Sarekoak diren mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasota dauden moduan, eta, bestetik, ebazpen honen II. eranskinetik VIII. eranskinera artekoak. Laguntza horiek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren 07.06 azpineurriko 01 eragiketan daude jasota.

2. Onestea Nafarroan Natura 2000 Sarekoak diren mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzen deialdia, 2022-2023 kanpainarako.

3. Diruz lagundutako inbertsioak bost urtez mantendu beharko dira, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 71. artikuluan jasotako konpromisoak betetzeko. Ondorioz, aldi horretan inbertsioak:

–Mantendu egin beharko dira, funtsezko aldaketarik gabe, horren ondorioz izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

–Baliagarriak izan beharko dira aipatu epean, aurkeztu den larreen kudeaketa jasangarrirako plana (aurrerantzean, LKJP) garatzeko konpromisoari eusteko. Laguntza hau eskatu den eguna baino lehen LKJP bat aurkeztu duten entitateek, baldin eta planaren indarraldia 5 urteko epea amaitu baino lehen bukatzen bada, beste bat aurkeztuko dute. Azken hori garatzen lagunduko du diruz lagundutako inbertsioak. Indarreko LKJPrik ez daukatenek plan bat aurkeztuko dute, sinatu eta hurrengo 5 urteetan garatzeko, IV. eranskinean jasotako edukiarekin.

4. 222.273 euroko gastua baimentzea, 2022. urteko aurrekontuko 740002 74200 4609 456308 partidaren (LGP LGENF 2014-2020. Mendi Larreak) baliokidearen kargura, 2023ko gastuen aurrekontuan, ebazpen honen ziozko konpromisoei eusteko, betiere aurrekontu kreditu nahikoa baldin badago.

5. Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDBS) erregistratu beharko dira.

7. Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako Natura 2000 Sarean jasotako mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak arautzea, 2022-2023 kanpainarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 20. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du landa garapenerako laguntza ematea Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. Oinarri horiek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren 07.06 azpineurriaren 01 eragiketaren barruan sartzen dira, natura ondarea kontserbatzeko eta baliarazteko hitzarmenak edo akordioak ezartzeko laguntzei buruzkoan.

2. oinarria.–Neurri honi aplikatu beharreko baldintza orokorrak.

Eragiketa Nafarroako toki entitateei zuzentzen zaie, baldin eta horien lurraldean naturagune bat badago, ingurumeneko babeseko kategoria edo balio natural handia duena, eta, gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin adostu edo hitzartu bada aipatu naturaguneak hobetu eta zaintzeko jarduketak edo programak gauzatzea.

Abian jarriko diren eragiketak koherenteak izanen dira landa eremuetako udalerri eta herrietako garapen planekin, baldin eta halako planik badago, bai eta dagozkien toki garapeneko estrategia guztiekin ere.

Toki entitateek sinatutako hitzarmenean edo akordioan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai helburuei dagokienez, bai jarduketen garapenari dagokionez, baldintzen arabera.

Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu badira, toki entitateek ez dute laguntzarik lortzen ahalko, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jasotzen ahalko ere, harik eta toki entitate horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze interesak.

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin, nekazaritzan eta basogintzan eta landa eskualdeetan 2014tik 2020ra ematen diren laguntzei aplikatu beharreko Europar Batasunaren jarraibideekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programarekin, laguntza hauen helburua da sustatzea aplika daitezen larratze habitatekin lotutako neurriak, zeinak Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuen (aurrerantzean, KBE) kudeaketa planetan jasota baitaude. Horretarako, titular diren toki entitateei edo larreen kudeatzaileei ekonomikoki lagunduko zaie habitat horiek kontserbatzen eta hobetzen, dagozkion antolamendu proiektuak aplikatuz eta abeltzaintza estentsiboa erabiliz, habitat horien kontserbazioan funtsezko elementua den aldetik. Behar handia dago bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, artzaintza gehiegizkoa izateagatik nahiz behar adinakoa ez izateagatik. Laguntza hauek erraztu behar dute abeltzaintzaren egokitzapena larre mota hauetan, trantsizioak iraun bitartean.

2. Prestatutako deialdia estrategikotzat jotzen da, hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailerako Europa 2020 Estrategiari laguntzen diolako eta Europar Batasunaren landa garapeneko laugarren lehentasunean sartzen delako, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitakoaren arabera; zehazki, helburutzat dauka leheneratu, zaindu eta hobetzea biodibertsitatea (Natura 2000 Sareko guneetan eta naturako mugak edo beste muga espezifiko batzuk dituzten guneetan), balio natural handiko nekazaritza sistemak eta Europako paisaien egoera; horixe da, hain zuzen ere, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 10. artikuluan aurreikusitako Esparru Estrategiko Erkideari dagozkion helburu tematikoetako bat.

4. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako toki entitateak, naturagune baten jabe, erabiltzaile edo kudeatzaile badira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin lankidetza hitzarmen bat ezarrita badaukate edo ezartzen badute naturagune hori hobetu eta zaintzeko jarduketak edo programak gauzatzeko, eta, betiere, 5. oinarrian zehazten diren irizpideak betetzen badituzte eta hitz ematen badute 5 urtez mantenduko dituztela oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak.

Hitzarmenak berariaz adierazi beharko du bere xedea dela “naturaguneko larreak kudeatzea”, eta deialdi honen VIII. eranskina dena delako naturaguneari egokituko dio; laguntza eskaerarekin batera aurkeztuko da deialdi honetan sinatzeko, aurreko urteetan sinatu ez bada.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa betez, dirulaguntza eskatzen duen toki entitatearen eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko hitzarmena 88.-94. bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da.

Lankidetza hitzarmenak indarrean egon beharko du ordainketa ebazpena eman aurretik, eta indarrean jarraitu beharko du, gutxienez, diruz lagundutako jarduketak egiten diren bitartean.

5. oinarria.–Entitateak onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri hauen onuradun izan daiteke 6. oinarrian agertzen den jardueraren bat egiten duen edozein toki entitate, aurreko oinarrian ezarritakoa betez gero.

2. Jarduketek dirulaguntza jasotzeko, gainera, espedienteek onarpen irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

–Laguntzaren xede diren larreak kontserbazio bereziko eremu (KBE) deklaratutako eremu batean egotea.

–Laguntzaren xede diren larreetarako, Larratze Antolamendurako Plana (LAP) izatea.

–Larreen erabiltzaileak diren abeltzainen eta toki entitatearen artean akordio bat izatea larreen erabilera jasangarrirako aurkeztu den proposamena garatzeko.

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

–Eskatzaile guztiek eduki beharko dute larreen kudeaketa jasangarrirako plan bat indarrean. Plan horrek bat etorri beharko du inguru horretako Larratze Antolamendurako Planarekin; horretarako, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txosten teknikoa beharko du. Horrez gain, proposamenak eta KBEaren Kudeaketa Planen jarraibideek eta araudiak bateragarriak izan beharko dute. Aurreko urteetan aurkeztutako planak indarrean dituzten toki entitateek hitz eman beharko dute beste plan bat aurkeztuko dutela, indarrean dagoena iraungitzen denean, gutxienez 2027ko abendura 31ra bitartean geratzen den aldirako.

–Eskatutakoaren ingurumen eta oihan arloko baimena. Laguntza emateak jarduketetarako ingurumen baimena behar izatea ekarriko du berekin.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez egotea.

–Toki entitateek indarrean eduki beharko dute, ordainketa ebazpena ezarri baino lehen, aurreko oinarrian aipatzen den lankidetza hitzarmena edo, bestela, idatziz adierazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari hura formalizatzeko asmoa, berariaz jakinaraziz beren xedea dela “naturaguneetako larreak kudeatzea”.

–Toki entitateek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin sinatutako hitzarmen edo akordio honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira, habitaten kontserbazio egoera hobetze aldera naturaguneak mantentzeko eta landaretza kudeatzeko gastu gisa, honako hauek:

a) Abereak maneiatzeko gastuak: toki entitateek funtzio hori garatzeko zuzenean kontratatutako langileen gastuak eta funtzio bera garatzeko kontratatutako enpresek egindako fakturen ondoriozkoak sartzen dira.

b) Abereak maneiatzeko ekipamenduen instalazioa eta mantentzea, horren barruan sartzen direlarik ur harguneak, artzain elektrikoak, mahuka eramangarriak, eta gatz puntuak egokitzeko lanak, itxituren mantentze lanak (bideak salbu), mahuka iraunkorrak, eta itxitura berrien sorrera: horren baitan sartzen dira, era berean, toki entitateek eginkizun hori garatzeko zuzenean kontratatu dituzten langileen gastuak, bai eta eginkizun hori garatzeko kontratatutako enpresek igorritako fakturen ziozko gastuak ere. Lehen kasuan (toki entitateek langileak kontratatzea), diruz lagunduko dira ekipamenduak instalatu eta mantentzeko erabilitako materialen erosketarako gastuak, bai eta erosi ordez makinak edo tresnak alokatzearen ziozko gastuak ere.

c) Larreen kudeaketa jasangarrirako plana prestatzea, bai eta larratze habitaten bilakaeraren emaitzei buruzko azken txostena ere. Atal honetan lurzoruen analisia egiteko kostuak ere sar daitezke. Jarduketa honekin lotuta, beronetarako kontratatutako enpresek igorritako fakturen ziozko gastuak soilik sartzen dira.

Hala ere, diruz lagunduko dira, soilik 2022ko urriaren 15aren eta 2023ko urriaren 15aren artean benetan ordaindu diren gastuak, hots, 16. oinarrian ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehenagokoak.

2. Gastu mota bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

–Aurreko 1. epigrafeko a) eta c) letretan aipatzen diren gastuen % 100, betiere goian adierazitako epean ordaindu badira.

–Aurreko 1. epigrafeko b) letran aipatzen diren gastuen % 70.

Nolanahi ere, kanpoan geratzen dira enpresaren konturako gizarte segurantzako kotizazioak (toki erakundeek langileak zuzenean kontratatzen badituzte) eta BEZa (enpresekin kontratatzen badira).

2.1. Kostuak neurrikoak izateko printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

2.2. Eskaera bakoitzeko, urteko gehieneko aurrekontu onargarria 20 eurokoa izanen da larre hektareako lehendabiziko 1.000 hektareetan, eta 10 eurokoa aurreko kopurua gainditzen duen larre hektareako. Entitate bat dirulaguntza hauen aurreko deialdietan onuraduna izan bada oinarri hauetan jasotako kontzeptuetan, aurrekontu hori atal honetan ere hartuko da aintzat, eta eskaera berria gehi lehendik emandakoaren batura ez da izanen gehieneko aurrekontua baino handiagoa.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.

2. Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordeak 2021eko ekainean onetsitako hautapen irizpideei jarraituz, balorazio irizpideak aplikatuta emandako puntuak batuz eginen da eskaerak lehenesteko hurrenkera.

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

PUNTUAZIOA EMATEKO MODUA

1. Larreen kudeaketa jasangarrirako proposatu den planaren kalitatea

Gehienez ere 15 puntu eskaera bakoitzeko (1)

Baloratuko da planaren zehaztasuna, eta ea egokia den kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa-helburuetarako, kalifikazio hauek emanez: bikaina (15 puntu), egokia (10 puntu) eta onargarria (0 puntu).

2. Europar Batasunaren intereseko larratze habitaten azalera

10 puntu 100 hektareako, gehienez 60 puntu emanez eskaerako (2)

–Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honako hauek dira: larratze izaera duten Europar Batasunaren intereseko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren (92/43/EEE) I. eranskinean jasotakoak, “Europar Batasunaren intereseko habitat motak interpretatzeko eskuliburuan” egindako aldaketen ondotik.

–Azalerak kalkulatzeko, lehentasunez erabiliko da 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) jasotzen den habitaten kartografia eguneratua (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

3. Lehentasunezko larratze habitaten azalera

10 puntu 50 hektareako, gehienez ere 25 puntu emanez eskaerako (2)

–Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honako hauek dira: larratze izaera duten lehentasunezko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren (92/43/EEE) I. eranskinean jasotakoak, “Europar Batasunaren intereseko habitat motak interpretatzeko eskuliburuan” egindako aldaketen ondotik. Hauek dira habitatak: 4020*, 6210* eta 6230*.

–Azalerak kalkulatzeko, lehentasunez erabiliko da 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) jasotzen den habitaten kartografia eguneratua (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

(1) Ezin da hamartarrik sartu.

(2) Hektarea kopurua 100aren multiploa edo 50aren multiploa ez bada, hurrenez hurren, proportzionalki dagokion puntuazioa emanen da; adibidez, 122 hektareak 12,20 puntu ematen dituzte 2. irizpidean eta 24 puntu 3. irizpidean.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hauek tramitatzeko, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da eskaeren artean, aurreko oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz. Balorazio handiena lortu duten eskaerei emanen zaie laguntza, deialdian zehaztutako kreditua gainditu gabe. Gehienez ere 100 puntu emanen dira. Espedientearen gutxieneko puntuazioak gehieneko puntuazioaren % 30 izan beharko du laguntzak eman ahal izateko (30 puntu).

2. Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, lehen irizpidean puntu gehien dituen espedientea lehenetsiko da, eta, berdinketa ez bada hausten, hautatzeko bigarren irizpidea lehenetsiko da. Bai laguntza emateko ebazpenean, bai ordaintzeko ebazpenean, berariaz adieraziko da eskaeretako bakoitzak irizpide guztietan jasotako puntuazioa, aurreko ordenaren arabera. Hala, berdinketarik badago, errazagoa izanen da ebaztea.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki 9. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak.

2. Entitate onuradunek, orobat, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratazioaren arloan ezarritako arauak bete beharko dituzte.

3. Entitate onuradunak bere gain hartzen du larreetako azpiegiturak modu egokian edukitzeko konpromisoa, bereziki idoiak, askak, itxiturak eta gatz guneak, onuradunari laguntzaren azken ordainketa onesten duen ebazpena eman eta hurrengo 5 urtean.

4. Entitate onuradunak dirulaguntza eskaerari erantsiko dio larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda, espezieak bereiziz. Zerrenda hori 2023ko martxoan eguneratuko du erakunde onuradunak, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan aurkeztu beharko du. Zerrenda horretan, gutxienez, abere mota bakoitzeko eta larrean egondako aldi bakoitzeko AzLU kopuruari buruzko informazioa jaso beharko da.

5. Entitate onuradunak, bere ordainketa eskaerarekin batera, laguntzaren aplikazioari buruzko txosten bat aurkeztuko du, eskumena duen teknikari batek egina, adieraziko duena larratze habitaten egoera eta haietan izandako bilakaera.

Organo kudeatzaile egokiak txostena erantsiko dio ordainketa proposamenari edo, bestela, gastuaren justifikazioari, dirulaguntzaren ordainketa aurreratua izan bada; txosten horren bidez egiaztatuko da dirulaguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

6. Entitate onuradunak inbertsioak egin beharko ditu Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, KBEaren kudeaketa planaren eta Larratze Antolamendurako Planaren arabera, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Jarduketa berean aldaketa partzialak egiten ahalko dira hasieran eskatutakoarekin alderatuta, baldin eta aldaketa horiek arrazoituta badaude, diruz lagundu beharreko kopurua handitzea ez badakarte, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak onartzen baditu, loteslea ez den txosten teknikoa egin bada eta LKJParekin bateragarriak badira.

7. Ordainketa ebatzi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

8. Entitate onuradunak inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak emanen ditu, baita eskatzen ahal zaion informazioa ere laguntza honi buruz, laguntzaren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

9. Entitate onuradunak onartu eginen du behar diren kontrolak egitea egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela.

10. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, entitate onuradunak horren berri emanen dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kargura ematen direnekin edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ematen dituenekin.

11. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izan behar dira.

12. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gorde beharko dira, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian.

13. Onuradunek bete beharko dituzte goian aipatutako 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren III. eranskinean adierazten diren onuradunen erantzukizunak. Honako hauek dira garrantzitsuenak:

(a) Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, onuradunak informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean (esaterako, eraikin baten sarreran).

(b) Ordainketan guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen badu LGP baten barruko eragiketa batera bideratutako inbertsioetarako, onuradunak gutxienez informazio panel bat (gutxienez ere A3 tamainakoa) edo proiektuari buruzko plaka bat ezarri beharko du, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean. Gainera, Europako ikurra agertuko da, helbide honetan dauden arau grafikoen araberakoa: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

14. Urriaren 26ko 327/1992 Foru Dekretuak (ingurumenarekin zerikusia duten jarduerei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duenak) 6. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, dirulaguntzen onuradunek informazio publiko orotan adierazi beharko dute jarduera Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren babesarekin egiten dela.

15. Jasotako funtsak itzuli egin beharko dira, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

16. Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, baldin eta ezagutzen baditu, zerbitzuak behar diren neurriak har ditzan inbertsioei eustea egiaztatzeari buruz.

10. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaeran adierazi beharko da toki entitateak nahitaez izan behar dituela harremanak bitarteko elektronikoen bidez administrazio publikoekin. Ondorioz, jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso behar dira, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerantzean, APEL) 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta hasierako eskaerak bete egiten badu laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua, baina ez baditu aipatu arauaren 66. artikuluko gainerako baldintzak edo legeria espezifiko aplikagarrian eskatutako gainerakoak betetzen, interesdunari errekerimendua eginen zaio, hamar eguneko epean (hots, legezko gehieneko epean) zuzendu dezan akatsa edo aurkez ditzan nahitaezko agiriak. Halaber, adieraziko zaio hala egiten ez badu bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, inguruabar hori adierazten duen ebazpena eman ondoren, gertatutakoak eta aplikagarriak diren arauak adierazita.

Hala ere, APELen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ez dira aurkeztutzat joko laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eskaera ereduarekin bat ez datozen eskaerak. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

2. Laguntza eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

(a) Eskaera orria, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberakoa.

(b) Lankidetza hitzarmena, deialdi honetako VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, salbu eta aurreko urteetan sinatu bada eta hitzarmenak indarrean jarraitzen badu.

(c) LKJP bat indarrean ez daukaten entitateak: larreen erabilera jasangarriari buruzko memoria baloratua, bost urteko aldirako (gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte), Larratze Unitateen Inbentarioko fitxak erantsita, IIIa eranskineko ereduaren arabera). Memoria gai honetan eskumena duen teknikari batek eginen du.

(d) Martxan dagoen kanpainarako jarduketen eskaera, IIIb. eranskinaren arabera.

(e) Larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda. Zerrenda hori 2023ko martxoan eguneratuko da berriz, eta gutxienez larre bakoitzari buruzko informazio hau jasoko du:

–Larrea erabiltzen duten abeltzaintzako ustiategien zerrenda.

–Abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren jatorrizko herria.

–Ustiategi bakoitzak larrean sar ditzakeen abelburuen kopurua, mota eta arrazak.

–Ustiategi bakoitzari baimendutako aprobetxamenduaren aldia.

(f) Udalaren edo toki entitatearen osoko bilkuran hartutako erabakia, konpromisoa hartzen duena LJKPa betetzeko eta betearazteko, aurreko kanpainetan entregatu ez badute.

(g) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik. Helbide honetan eskuratzen ahal da inprimakia: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aurkeztutako eskaerak aldatzea onartuko da, eskaerak aurkezteko epearen barnean soilik.

2. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, betiere, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpen proposamenak ere eginen ditu.

14. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusita eta aurrekontu baliabideen arabera, aurkeztutako eskaera guzti-guztiak ebaluatuko ditu.

2. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, proposatuko du kontrol guztiak gainditzen dituzten inbertsioetarako dirulaguntzak ematea eta, bestalde, ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako eta laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako dirulaguntzak ukatzea.

3. Laguntza emateko proposamena jakinarazi eginen da, hura oinarri hartuta akatsak zuzendu ahal izateko.

15. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea, arrazoituta, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur aipatuta.

2. Laguntza emateko ebazpenean berariaz adieraziko da, hala badagokio, zein eskaerari ez zaion dirulaguntzarik eman dagokion aurrekontuko partidaren kreditua agortu delako posizio hobea lortu duten eskaerekin (puntuazioagatik edo berdinketa hausteko ebazpenagatik izan).

4. Laguntza emateko ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, 17. oinarrian ezarritakoaren arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideetatik, hiru hilabeteko epean, deialdia onesten duen ebazpena argitaratzen den datatik aurrera; bertan, informazio aski jaso beharko da, berariaz justifikatuta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta onuradunak bete beharreko konpromisoak.

Eskatzaileak identifikatutako helbide elektronikora jakinarazpen oharrak bidaliko dira, baina helbide horiek ez dira erabiliko jakinarazpenak egiteko.

5. Eskaera ezetsi dela ulertuko da berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko eta ebazpena jakinarazteko epean.

16. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2023ko urriaren 14a izanen da 2022-2023 kanpainako laguntza eskaeretarako.

2. Dagozkion laguntzak jasotzeko, onuradunak hurrengo puntuan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko ditu 2023ko urriaren 18a baino lehen.

3. Laguntza eskaera guztiak formatu telematikoan aurkeztu beharko dira, hurrengo oinarrian azaltzen den bezala. Ordainketa eskaera (V. eranskina) ere aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuko web-orrian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan dagoena (“Ordainketa eskaera egitean aurkeztu beharreko inprimakiak”), eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau:

(a) Onetsitako dirulaguntza gauzatu dela ziurtatzen duen memoria eta egindako gastuak eta inbertsioak justifikatzen dituen dokumentazioa. Memorian adierazi beharko dira, gutxienez ere, jarduketen helburua, deskribapena, lokalizazioa eta betearazpenaren analisia, egindako kudeaketa, larratze habitaten egoera eta bilakaera, eta emaitzen kontua. Gainera, egindako lanen argazkiak jasotzen dituen eranskin bat ere batu beharko da. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

(b) Toki entitateek langileak kontratatu badituzte diruz lagun daitezkeen jarduketak egiteko: kontratuaren, eskaeraren datatik 2023ko urriaren 14ra arte igorritako nominen eta soldatak ordaindu direla justifikatzen duten agirien fotokopiak. Aipatutako jarduketa horiek enpresekin kontratatzeagatik sortutako gastuei dagokienez: horiek igorritako fakturak, eskaeraren datatik 2023ko urriaren 14ra arte, eta horiek ordaindu direla justifikatzen duten agiriak.

(c) Ordainagiriak: zuzenbidean onartutako guztiak emanen dira ontzat, betiere ordainketa oinarri hauetan jasotako epeen barruan egin dela egiaztatzen bada eta horretarako ezarritako epeen barruan egindako jarduketekin bat badatoz.

(d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuak emateko gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute (VI. ERANSKINA).

Aurreko salbuespenak ordainketa eskatzen den unean bertan justifikatu beharko dira. Horretarako, toki entitateko legezko ordezkariak (alkatea edo burua) sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, alderdi hori argi eta garbi azaltzen duena. Bertan, honako esaldi hau adierazi beharko da: “____________ hornitzailea (IFZ/IFK: _______________) ez da hautatu eraginkortasun eta ekonomiako irizpideen araberagastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez dagoelako zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski,gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin delako”, x bat jarriz dagokion laukian () eta hornitzailea bere izenarekin eta IFZrekin/IFKrekin identifikatuz.

(e) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, haren kopia bat aurkeztuz, ordainketa jasotzeko eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.

2. Ordainketa eginen da baldin eta instrukzio organoak kontrol horiek egiten baditu, oinarritzat hartuz Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ordainketa ebazpen baten bidez ordainduko dira. Horren berri elektronikoki emanen da, 17. oinarrian ezarritakoaren arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideei jarraikiz, hiru hilabeteko epean, deialdia egiten den datatik aurrera. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

Eskatzaileak identifikatutako helbide elektronikora jakinarazpen oharrak bidaliko dira, baina helbide horiek ez dira erabiliko jakinarazpenak egiteko.

4. Ez dira diruz lagunduko emandako zenbatekoa gainditzen duten jarduketa diruz lagungarrien ziozko gastuak. Hala ere, aldakuntzak onartzen ahalko dira hasieran aurreikusitakoa betetzean, jarduketa jakin baten zioz diruz lagundu beharreko zenbatekoa handitu arren, baldin eta, aldi berean, hura murriztea eragiten duten beste aldakuntza batzuk gertatzen badira, zenbateko berean edo handiagoan. Horretarako, beharrezkoa izanen da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko teknikariaren aldeko txostena, hura onartu edo ez onartu erabakitzen duena (horren gaineko erreferentzia egin beharko da ordainketa ebazpenean).

5. Aurreko dokumentazioa dagokion epean aurkeztu ezean, emandako dirulaguntzari % 1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.

6. Salbuespen gisa eta arrazoiturik, 2023ko urriaren 14a baino lehen luzapenak eskatzen ahalko dira lanok egiteko. Data horretan, izan ere, amaituta egon beharko dira diruz lagun daitezkeen laguntzak. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, ofizio baten bidez, berariaz baimendu beharko ditu luzapen horiek. Zerbitzu horrek beste gauzatze epe bat zehaztuko du, gehienez ere hilabetekoa, oinarri honen aurreko epigrafeetan aipatzen den dokumentazioa aurkezteko beste epe bat adieraziz. Azken epe hori ez da 2023ko azaroaren 15a baino gehiago luzatzen ahalko. Lanak ez badira luzapen epean amaitzen edo dokumentazioa ez bada epe barruan aurkezten, emandako dirulaguntza galtzen ahalko da.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza eskaera eta interesdunak aurkeztu beharreko agiri guztiak modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

3. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

18. oinarria.–Dirulaguntzen kontrola, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Esleipenean ezarritako konpromisoak, baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako diru kopurua ez ordaintzea edo jasotako dirulaguntzak itzularaztea, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat, berandutze interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.

2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, onartutako LKJParen gauzatzea edo instalazioak nabarmen kaltetzen dituena.

b) Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik instalazioak ustekabean suntsitzea, baldin eta istripuaren ondorengo hilabetean idatziz jakinarazi badio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuz, dagokion espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela aitorpen faltsu bat, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta eskatuko zaio berandutze interesa ordaintzeko, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko tarteari dagokiona (35.2.a artikulua).

Dirulaguntza bat eskuratzea hura lortzeko baldintzak faltsutuz edo eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz arau-hauste administratibo oso astuna da, 42.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafearen a) letraren arabera, eta 43.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafean aurreikusitako zehapenak ezarriko zaizkio. Zehapen horien artean, dagokion isunaz gain, administrazio publikoen edo beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak lortzeko aukera galtzea dago, bai eta entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea (foru lege horretan araututako dirulaguntzei dagokienez) eta administrazio publikoekin kontratuak egiteko debekua ere. Zehapen horiek guztiak bost urtera arteko epean ezar daitezke, dagokion zehapen prozeduran hautemandako larritasunaren arabera.

6. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, dagozkion zehapen prozedurak abiarazten ahalko dira, eta, kasua bada, modu bidegabean jasotakoa itzuli beharko da.

7. Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean, ordaindu ahal izateko, organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, akta edo egiaztapen-txosten baten bitartez.

Salbuespen gisa, aurreko egiaztapen materialaren ordez dokumentu bidezko egiaztapena egin liteke, baldin eta dokumentuek modu zentzuzkoan eta behar adina justifikatzen badute diruz lagundutako jarduera egin dela.

19. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Oro har, emandako dirulaguntza beste laguntza batzuekin metatzen ahalko da, betiere horri buruzko araudia errespetatzen bada.

2. Hala ere, bateraezinak dira Natura 2000 Sarekoak diren mendi larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak eta helburu bera duten abeltzaintzako azpiegituretarako direnak.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoa betez, dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta bertan jasoko dira erakunde eskatzaileen zerrenda, erakunde onuradunen zerrenda eta bakoitzari emandako zenbatekoa, bai eta dirulaguntzaren helburua ere.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenak eranskin bat izanen du, eta eranskin hori aurreko paragrafoan aipatzen den argitalpenaren parte ere izanen da. Eranskin horretan, puntuazioaren arabera zerrendatuko dira entitate onuradun guztiak, bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. Eranskina.–Eskaera.

III a eranskina.–Larratze unitateen inbentarioko fitxa.

III b eranskina.–Diruz lagun daitezkeen gastuen zerrenda.

IV. eranskina.– LKJParen eta larreetan egindako jarduketak justifikatzen dituen memoriaren edukia.

V. eranskina.–Ordainketa eskatzeko inprimakia.

VI. eranskina.–Kontratazio publikoari buruzko informazioa.

VII. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena: gardentasun betebeharrak betetzea.

VIII. eranskina.–Natura ondarea zaindu eta baliarazteko hitzarmen eredua (larreen kudeaketa).

Deskargatu II.etik VIII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2209385