141. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

JENDAURREKO INFORMAZIOA: Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren ingurumen azterketa estrategikoa.

Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bitarteko erakunde gisa garatzen du, 2021/1060 eta 2021/1058 (EB) erregelamenduen arabera, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Nafarroako 2021-2027ko programa. Programak garapen integrala eta jasangarria lortzeko asmoa du, Europar Batasunaren lurralde eta sustapen estrategietan oinarriturik, erronka ekonomikoei, ingurumenekoei, klimatikoei, demografikoei eta sozialei aurre egiteko helburuarekin, 2021/1058 (EB) Erregelamenduan azaltzen den bezala.

Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/42/EEE Zuzentarauaren helburua da “ingurumenari babes maila handia ematea eta, garapen jasangarria sustatzeari begira, planak eta programak prestatzen eta onesten direnean ingurumen arloko kontsiderazioak sar daitezen laguntzea”. 9/2006 Legearen bidez egin zen zuzentarau horren transposizioa Espainiako zuzenbidera eta, aurrerago, lege hura bertan behera utzi eta ordeztu zuen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak.

Nafarroako Foru Komunitatean, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea da indarrean. Lege horren 8. artikuluaren arabera, ingurumenean eragina duten planak, programak, instalazioak, proiektuak eta jarduerak dira ingurumen arloko esku-hartzea behar dutenak, ingurumen ebaluazioari buruzko oinarrizko legerian aurreikusitakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren ingurumen ebaluazio estrategiko (IEE) arrunta egin beharra dago, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluko 1. apartatuko kasuetan sartzen delako.

IEEaren prozedura 2022ko martxoaren 2an hasi zen, data horretan aurkeztu baitzitzaion ingurumen organoari hasierako dokumentu estrategikoa, EGEF programaren zirriborroarekin batera, eta 2022ko maiatzaren 30ean ebatzi zen irismeneko dokumentua, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin ondoren.

Jendaurreko informazioaren tramiteari buruz 21/2013 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak, organo sustatzaile gisa jardunez, iragartzen du Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen azterketa estrategikoa argitaratu direla hemen:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/participacion/procesos/evaluacion-ambiental-estrategica-del-programa-feder-navarra-2021-2027

Paperean, hemen kontsulta daitezke: Arrieta kalea 1, behea. 31002- Iruña

21. artikuluan ezarritakoaren arabera, jendaurrean jartzen dira programaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen azterketa estrategikoa, berrogeita bost (45) egun balioduneko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, oharrak egin daitezen.

Nafarroako EGEF 2021-2027 programari eta haren ingurumen azterketa estrategikoari buruzko ohar eta ekarpenak programas.europeos@navarra.es postontzi elektronikora igorri behar dira, gaian “Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren ingurumen azterketa estrategikoa” idatzita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 29an.–Europako Programen Ataleko burua, Ana Osés Marín.

Iragarkiaren kodea: F2209543