125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 629331.

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen ardurakidetza garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa sustatzen dute jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen, banaka zein taldeka.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak xedatzen du Nafarroako Gobernuaren politikak, programak eta jarduketak ebaluatu behar direla urtero, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Laguntzen deialdi honek Garapen Jasangarriko hainbat helbururen (GJH) xedeak lortzen lagundu nahi du:

–12.8 xedea. Jasangarritasunaren kultura sustatzea gizarte sentsibilizaziorako ekintzen bitartez (12. GJHa);

–13.3 xedea. Ingurumen heziketa eta gizarte sentsibilizazioa hobetzea klima aldaketaren aurrean (13. GJHa);

–15.5 xedea. Habitat naturalen degradazioa murriztea eta dibertsitate biologikoaren galera etetea (15. GJHa).

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4.bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea.

Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia onestea.

2. Oinarri arautzaileak onestea.

Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Gasturako baimena ematea.

Baimena ematea 276.963,00 euroko gastua egiteko 2022ko gastuen aurrekontuko 740002 74200 4819 456200 partidaren kargura (“PFEZren % 0,7ko funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza”) ebazpen honetatik sortutako konpromisoei aurre egiteko, hain zuzen ere ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren inguruko konpromisoei.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

• 166.178,00 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

• 110.785,00 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean taldeetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motetan gastua ematea baimenduko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalaren aurrean deialdia onetsi eta hurrengo egun baliodunetik bi hilabete iragan baino lehen. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egiten ahalko zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen diren moduan eta epeetan.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2022ko deialdienak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek ingurumena hobetzeko laguntza helburuak erdiestearren sustatzen dituzten proiektuetarako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen % 0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Mota hauetako bateko proiektuak izan beharko dira:

a) Ingurumen hezkuntzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizabanakoek zein taldeek ezagutzak, balioak, trebetasunak eta esperientziak jasotzea helburu dutenak, egungo eta etorkizuneko ingurumen arazoak konpontze aldera bakarka zein taldeka jarduteko gaitu daitezen.

b) Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizakiak ingurumenean duen eragin kaltegarria gutxitzea helburu dutenak, baita egun dagoen natura ondarearen, animalia eta landare espezieen, ekosistemen eta baliabide naturalen garrantzia nabarmentzea ere.

c) Zientzia herritarreko proiektuak: deialdi honen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira herritarren, orokorrean, borondatezko partaidetza duten ikerketa zientifikoari buruzko jardueretakoak, herritarren parte hartze hori aktiboa denean, bai ahalegin intelektualaren bidez bai inguruneari buruzko ezagutzaren bidez bai beraien tresnak eta baliabideak jarriz.

Mota horietan guztietan, proiektuak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira eta ingurumenaren arloko jarduketak bildu behar dituzte, halakotzat hartuta honako hauei buruzkoak:

a) Kutsaduraren prebentzioa.

b) Klima aldaketa.

c) Hondakinak, ura, energia, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra.

d) Habitaten, ekosistemen, paisaiaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa, lehengoratzea eta mantentzea.

e) Naturaguneen babesa eta ezagutza areagotzea.

f) Baso kudeaketa jasangarria (baso aprobetxamenduak, ehiza, izurriteen aurkako borroka... barne).

g) Mugikortasun jasangarria.

h) Nekazaritza eta abeltzaintza ekologiko edo jasangarria.

i) Hiri ingurunearen kalitatea hobetzea.

j) Ingurumen-osasuna.

k) Animalien babesa eta ongizatea.

l) Aurreko kategorietan sartzen ez diren baina biztanleriaren ingurumen-sentsibilizazioa bilatzen duten beste batzuk.

Jarduketak denetariko pertsonentzat izan daitezke, herritar guztientzat zein talde jakin batzuentzat, eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 25era bitartean egin beharko dira. Azken egun horretarako justifikazio-memoria aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, jarduera jende artean hedatu beharko da. Hori ez egitea proiektua ezeztatzeko arrazoia izanen da. Ez dira diruz lagungarritzat hartuko promozio eta/edo publizitaterako jarduerak ez besterik egiten duten proiektuak, lehenago deskribatu diren ingurumenari buruzko ekintzekin lotura badute ere.

2. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honen laguntzen onuradun izaten ahalko dira nortasun juridikoa duten elkarteak eta fundazioak, hain zuzen ere sozietate-egoitza Nafarroan dutenak eta 1. oinarriko motetako jarduerak egiten dituztenak aipatzen diren ingurumenari buruzko gaien inguruan.

Horretarako, deialdiaren xedetzat hartzen dira Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak arautzen dituen entitateak eta Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legeak arautzen dituenak.

Laguntza hauekin bateraezintzat jotako laguntzaren bat jaso duten elkarteek eta fundazioek ez dute laguntzarik lortzen ez emandako laguntzen ordainketarik jasotzen ahalko harik eta bateraezintzat jotako laguntzaren zenbateko osoa itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte, berreskuratze-interesak barne.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

Jarduera garatzen laguntzen duten gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta, bereziki, hauek:

–Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak formatu fisiko edo elektronikoak editatzea, betiere haien edukia adierazten badute eta Departamenduak hura onesten badu.

–Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzultzeko gastuak.

–Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileen, hizlarien, irakasleen eta boluntarioen hezitzaileen kontratazioa, ostatua, mantenua eta garraioa, baita monitoreena eta jarduera gauzatzeko behar diren pertsonena ere. Txostengileen eta hizlarien ostatu eta mantenuaren ondoriozko gastuak ez dira izaten ahalko onartutako aurrekontuaren % 10 baino handiagoak.

–Proiektuko parte-hartzaileak eta boluntarioak jarduketa eremura eramateko gastuak.

–Jarduerak egiteko behar diren material suntsikorrak eskuratzea, betiere modu arrazoizkoan eta proportzionalean erabilita.

–Jarduerak egiteko behar diren material ez-suntsikorrak eskuratzea, betiere material horiek ezin badira alokatuz eskuratu eta haien kostua ez bada 600 euro edo proiektuaren aurrekontu onartuaren % 10 baino gehiago.

–Ekintza egiteko behar diren instalazioak edo materiala alokatzea edo renting edo leasing bidez eskuratzea proiektuak iraunen duen aldirako: hitzaldi-aretoak, proiektagailuak, tresnak, etab.

–Proiektuari buruzko informazioaren, gizartearen parte-hartzearen eta publizitatearen ondoriozko gastuak.

–Jarduera egin bitartean sortzen diren hondakinak ahalik eta gutxien izatea laguntzen duten materialak.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua boluntzariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako. Aseguru horren gastuak aukeratzen ahalko dira, boluntarioak eta monitoreak ez ezik, proiektuan inplikatuta dauden eta parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik dagoenean) estaltzen badituzte. Proiektuan egiten den jarduera estaltzen duen aseguruaren zatia baino ez da sartuko dirulaguntzan.

Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren % 100 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Azpikontrataziorako bete beharreko baldintzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezartzen dira.

Proiektuaren zati bat edo proiektu osoa onuradunarekin lotutako pertsona edo entitateekin kontratatu nahi izatera, aurretik dirulaguntza eman duen organoaren baimena beharko da.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuen kasuan, honako hauek ere izanen dira diruz lagungarriak:

–Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetako boluntarioen mantenu-gastuak, gehienez 6 euro egunean boluntarioko eta ekintzako, eta guztira onartutako aurrekontu osoaren % 10 (600 euro).

Gastu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, baldin eta berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

b) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

c) Inbertsioak.

d) Beste entitate batzuekin egindako hitzarmenen ondoriozkoak.

e) Beharrezkoak ez direnak edo behar ez bezala justifikatzen direnak. Beharrezkoak ez diren edo behar ez bezala justifikatzen diren gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta ebazpen honek ezarritako epean egiten ez direnak.

f) Banku-transferentzien ondoriozko komisioak eta gastuak.

g) Eskuratutako produktuen bermeak eta aseguruak.

h) Txostengileentzako sariak edo opariak.

i) Ingurumen hezkuntzako eta zientzia herritarreko proiektuetan, catering edo janari gastuak hitzaldietan, aurkezpenetan, ikastaroetan, tailerretan eta proiektuaren barruan eginiko gainerako ekintzetan parte hartzen dutenentzat.

j) Administrazio publikoen eskumenen ondoriozko gastuak, baldin eta eskumenak deialdiaren xede diren elkarteei eskuordetzen badizkiete. Batez ere hemen ezartzen dena: 996/2021 Ebazpena, irailaren 13koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena 2021. urterako Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak eman dakizkien lagun egiteko animalien babeserako jarduketak egin ditzaten Nafarroan.

Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurrigabea ere, ekonomiaren eta kostua/eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera.

Gastuak proiektuko ekintza zehatz batekin lotuta egonen dira. Gastu guztiak fakturen edo nominen bidez frogatu behar dira, eta honako bi datuak xehatu behar dira: BEZaren ehunekoa (salbuetsita egonen litzateke Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.1. 6 artikuluan aipatzen diren gaiei buruzko prestakuntza) eta PFEZen atxikipena (salbuetsita ez badago.). 600 eurotik beherako gastuak erosketa-tiketen bidez frogatzen ahalko dira, baldin eta argi adierazten bada zer eskuratu den (artikulua edo zerbitzua). Ez da egonen ordainketa-frogagiririk aurkeztu beharrik.

4. oinarria.–Laguntza eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Elkarte bakoitzak eskaera bat bakarrik aurkeztuko du. Horrekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, III. eranskineko ereduaren arabera, bertan zehaztuko baita zer modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, honako honekin batera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Proiektu diruz lagungarri bakoitzeko deskripzio-memoria, III. eranskineko ereduaren arabera. Bertan jasoko dira, gutxienez:

1.–Proiektuaren izena.

2.–Proiektu mota.

3.–Proiektuaren deskribapen laburra.

4.–Jarduketa esparrua edo eremua.

5.–Gaia.

6.–Entitate eskatzailearen datuak.

7.–Entitate laguntzaileak.

8.–Proiektuaren xedea.

9.–Proiektuaren beharrak.

10.–Proiektuaren deskribapena.

11.–Proiektuaren ebaluazioa.

12.–Proiektuaren zabalkundea.

13.–Helburu-hartzaileak.

14.–Ekintzen kronograma.

15.–Proiektuaren aurrekontu orokorra; ekintza bakoitzaren kostua xehatu behar da, zerga-oinarria eta lotutako BEZa zehaztuta.

c) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko dio, behar bezala beterik eta sinaturik (https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalari. Eskabide horren kopia erantsi beharko dio laguntza honen eskabideari.

d) Elkartea ez badago inskribatuta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, beste erregio bateko edo nazioko elkarteen erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

e) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (eredua III. eranskinean).

2. Dokumentuen izenak honetara osatu behar dira: dokumentuak deskargatzean eduki duen izenari amaiera elkartearen izena erantsi behar zaio, bai eta proiektu-motaren inizialak ere (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, EA; ingurumen-boluntariotzako proiektuak, VA; zientzia herritarreko proiektuak, CC). Mota bateko zenbait proiektu aurkeztuz gero, zenbaki korrelatiboen bidez bereiziko dira.

3. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko zaizkio. Eskabideak modu telematikoan aurkeztu behar dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Bertan identifikatzeko, baliozko ziurtagiri digitala eduki behar da.

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Proiektu mota guztien dirulaguntzaren zenbatekoak taula honetan adierazten diren portzentajeei eta mugei jarraituko die:

PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

DIRULAGUNTZAREN GEHIENEKO %

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTU MOTAKO

Ingurumen Hezkuntza

166.178,00

% 80

9.000 euro

Ingurumen-boluntariotza eta zientzia herritarra

110.785,00

% 90

9.000 euro

GUZTIRA

276.963,00

Lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 6. oinarrian (Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak) ezarritako puntuazio-baremoa hartuko da kontuan.

Entitate bakoitzak nahi adina proiektu aurkezten ahalko ditu; proiektu mota eta entitate bakoitzeko jasoko den dirulaguntza, halere, ez da inoiz aurreko taulan ezarritakoa baino handiagoa izanen.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera.

Ingurumen hezkuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuak baloratzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

Zenb.

IRIZPIDEA

BALORAZIOA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Proiektuaren justifikazioa, zergatik egiten da proiektua?

Jardun-eremuan ingurumenaren arloko arazo batzuk identifikatzen dira, arazo bakoitzaren arrazoiak eta ondorioak aztertzen dira, eta adierazten da zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, eta hori guztia zehaztasunarekin eta egiari lotuta.

10

10

Jardun-eremuan ingurumenaren arloko arazo bat identifikatzen da, arazoaren arrazoiak eta ondorioak aztertzen dira, eta adierazten da zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, eta hori guztia zehaztasunarekin eta egiari lotuta.

5

Jardun-eremuan ez du identifikatzen ingurumenaren arloko arazorik, edo ez ditu aztertzen arazoaren arrazoiak eta ondorioak, edo ez du adierazten zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, edo ez du egiten zehaztasunarekin eta egiari lotuta.

0

2

Metodoa; nola eginen da?

Proiektuko ekintza guztiak faseetan egituratuta daude, hau da, bereizita xehatzen dira lanei ekin aurreko plangintza edo prestakuntza, batetik, eta proiektuko ekintza bakoitzaren burutzapena, bestetik.

10

10

Proiektuko ekintzetako batzuk (ez denak) faseetan egituratuta daude, hau da, bereizita xehatzen dira lanei ekin aurreko plangintza edo prestakuntza, batetik, eta proiektuko ekintza bakoitzaren burutzapena, bestetik.

5

Proiektuko ekintzetako bat bera ere ez dago egituratuta faseetan, hau da, ez dira bereizita xehatzen lanei ekin aurreko plangintza edo prestakuntza, batetik, eta proiektuko ekintza bakoitzaren burutzapena, bestetik.

0

3

Arazoak konpontzeko ikustegia. Zer eginen da arazo bakoitza konpontzeko?

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko bi arazo edo gehiago konpontzeko zenbait motatako ekintzak eginen dira.

15

15

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoetako bat konpontzeko soilik eginen dira zenbait motatako ekintzak.

10

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoak konpontzeko mota bakar bateko ekintzak eginen dira.

5

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoetako batzuk konpontzeko mota bakar bateko ekintzak eginen dira.

0

4

Proiektuaren ebaluazioa. Nola ebaluatuko duzu proiektua?

Proiektuko ekintzen fase batean honako hauek hartzen dira kontuan:

–Parte-hartzaileak sentsibilizatzea asebetetzeari buruzko inkesta baten bidez edo antzeko zerbaiten bidez (ikus adibidea).

–Lortutako emaitzen ebaluazioa adierazle kuantitatiboen bitartez.

10

10

Proiektuko ekintzen fase batean honako hauek hartzen dira kontuan:

–Parte-hartzaileak sentsibilizatzea asebetetzeari buruzko inkesta baten bidez edo antzeko zerbaiten bidez (ikus adibidea).

–Lortutako emaitzen ebaluazioa adierazle kuantitatiborik erabili gabe.

5

Proiektuko ekintzen fase batean honako hauek hartzen dira kontuan:

–Parte-hartzaileak sentsibilizatzea asebetetzeari buruzko inkesta baten bidez edo antzeko zerbaiten bidez (ikus adibidea).

Baina ez da kontuan hartzen:

–Lortutako emaitzen ebaluazioa.

0

5

Aurrekontua. Zenbatekoa izanen da proiektuko ekintza bakoitzaren kostua?

Aurrekontuaren egitura ekintzen deskribapenaren araberakoa da. Gasturen bat zenbait ekintzari egozten ahal bazaio, bakoitzari egozten zaion gastuaren ehunekoa zehaztu behar da.

5

5

Aurrekontuaren egitura ez da ekintzen deskribapenaren araberakoa edo zenbait ekintzari egozten ahal zaien gastuetan ez da zehazten bakoitzari egozten zaion ehunekoa.

0

6

Proiektuaren beharrak. Zer beharko duzu?

“Proiektuaren beharrak” atalean zehaztutako baliabideak “Proiektuaren deskribapena” apartatuan islatzen dira, deialdiaren baldintzekin bat etorriz, eta horrela haien erabilpena frogatzen da.

5

5

“Proiektuaren beharrak” atalean zehaztutako baliabideak ez dira islatzen “Proiektuaren deskribapena” apartatuan edo ez datoz bat deialdiaren baldintzekin.

0

7

Hedapena. Nola hedatuko duzu proiektuko ekintzen berri?

Proiektuaren deskribapenean ekintza guztiek hedapen-fasea, eta nolakoa izanen den azaltzen da.

5

5

Proiektuaren deskribapenean ekintza guztiek ez dute hedapen-fasea, edo ez da azaltzen nolakoa izanen den.

0

8

Gaiak. Zer gai jorratzen ditu?

Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko bi gai edo gehiago jorratzen ditu, eta eginen diren ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lana.

5

5

Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko gai bat bakarrik jorratzen du, eta eginen diren ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lana.

0

9

Ingurumen-jasangarritasuneko neurriak. Zer neurri ezarriko dira proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna hobetzeko?

Proiektuan burutzapenean izanen diren ingurumen-jasangarritasuneko arazoak zehazten dira, eta bi motako edo gehiagoko neurriak ezartzen ditu horiek konpontzeko.

10

10

Proiektuan burutzapenean izanen diren ingurumen-jasangarritasuneko arazoak zehazten dira, eta mota bakar bateko neurriak ezartzen ditu horiek konpontzeko.

5

Proiektuan ez da zehazten burutzapenean izanen den ingurumen-jasangarritasuneko arazorik edo ez da ezartzen inolako neurririk horiek konpontzeko.

0

10

Gazteek parte hartzea eta adinekoen zahartze aktiboa sustatzea. Norentzat da proiektua?

Proiektua 16 - 30 urte bitarteko herritarrentzat edo 60 urtetik gorakoentzat da.

5

5

Ez da zehazten norentzat den proiektua edo ez da 16 - 30 urte bitarteko herritarrentzat ez 60 urtetik gorakoentzat.

0

11

Lankidetza. Aritzen dira lankidetzan beste entitate batzuk modu altruistan?

Lankidetzan ariko dira deialdiaren 2. oinarriko baldintzak betetzen dituzten beste elkarte batzuk modu altruistan (kontraprestazio ekonomikorik gabe).

5

5

Ez da ariko lankidetzan 2. oinarriko baldintzak betetzen dituen beste elkarterik modu altruistan (kontraprestazio ekonomikorik gabe) edo ez da azaltzen.

0

12

Jarraitasuna. Aurreko proiektu baten ondoriozkoa da?

Proiektuak jarraipena ematen die aurreko kanpainan dirulaguntza jasotako proiektu baten lanei.

5

5

Proiektuak ez die jarraipena ematen aurreko kanpainan dirulaguntza jasotako proiektu baten lanei.

0

13

Genero-ikusmoldea. Zer neurri hartuko dira parte-hartzean sexismorik ez izateko?

Proiektuan identifikatzen dira parte-hartzaileen generoaren arabera diferentziak gertatzen ahal diren egoerak, eta diferentziak saihesteko neurriak ezartzen dira.

5

5

Proiektuan ez da identifikatzen parte-hartzaileen generoaren arabera diferentziak gertatzen ahal den egoerarik edo ez da ezartzen diferentziak saihesteko neurririk.

0

14

Parte-hartze inklusiboa sustatzea. Zer neurri hartzen dira parte-hartze inklusiboa bermatzeko?

Proiektuan identifikatzen dira desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusiboa eragozten duten inguruabarrak, eta hori minimizatzeko neurriak ezartzen dira.

5

5

Proiektuan ez da identifikatzen desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusiboa eragozten duen inguruabarrik edo ez da ezartzen neurririk hori minimizatzeko.

0

3.–Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldatu direla dirulaguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio baldintzak, eta onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, laguntza guztia galduko du onuradunak.

7. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1.–Eskabide bakoitzaren puntuazio osoa kalkulatzeko, aipatutako irizpide bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Gutxienez 0 puntu lortuko dira, eta gehienez 100.

a) Norgehiagokako prozeduran sartu ahal izateko, 1 - 7 bitarteko balorazio-irizpideen arabera gutxienez 24 puntu lortu beharko dira, eta guztirako puntuazioa 40 izan beharko da gutxienez.

b) Bi eskabidek edo gehiagok puntuazio bera badute, lehentasuna emanen zaie 6. oinarriko ataletan puntuazio handiena lortu duten espedienteei hurrenkera numerikoari jarraikiz.

c) Dirulaguntza emateko orduan, puntuazio handiena lortu duen proiektua izanen da abiapuntua, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenari jarraituko zaio dirulaguntzak emateko, proiektu mota bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte. Azkeneko proiektuaren guztirako zenbatekoa sartzeko kreditu nahikorik ez badago, hark dagokion zatia jasoko du, gasturako baimendutako zenbatekoa agortu arte.

d) Deialdi honetako proiektu motetako batean eman gabeko krediturik badago, kreditu hori erabiliko da hurrengo taldeetarako, honako lehentasun ordena honi jarraikiz: ingurumen arloko boluntariotza, zientzia herritarra eta ingurumen hezkuntza.

e) Diruz lagundu diren proiektuetako baten onuradunak jakinarazten badu ez duela diruz lagundutako ekintzaren bat egin, askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontu nahikoa ez izateagatik dirulaguntza ukatu zaien proiektuei emateko.

Horretarako, 2022ko uztailaren 1a baino lehen jakinarazi behar da, unitate kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena alda dezan eta diruz lagundutako beste entitate horiek behar den denbora izan dezaten haien proiektuak egin eta justifikatzeko.

Jakinarazpena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko zaio, eta, ahal bada, Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, deialdi honen 4. oinarriaren 2. puntuan adierazitako moduan.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

Inoiz ez da jasotzen ahalko proiektuaren gastuaren % 100 gainditzen duen ekarpenik.

8. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroan, Nazioko Elkarteen Erregistroan, Nafarroako Fundazioen Erregistroan edo Nazioko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute. Elkartea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuta badago, ez dago zertan aurkeztu dokumentazioa, laguntzak kudeatzen dituen unitateak egiaztatuko du eta.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezartzen diren betebehar orokorrak bete behar dituzte, eta ezin dira egon lege horren 13. artikuluaren arabera onuraduna izatea eragozten duten inguruabarretako batean ere.

3. Egunean eduki behar dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik. Ez dago zertan aurkeztu honen frogagiririk, administrazioak egiaztatuko baitu laguntzak emateko prozedura administratiboan.

4. Dirulaguntzaren xede diren jarduerak egin behar dituzte, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek ematen dituzten jarraibideekin bat etorriz, eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren egiaztapena onartu behar dute.

5. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman behar diote organo emaileari.

6. Boluntariotzako proiektuen kasuan, dirulaguntza jasotzen duten entitateek Boluntariotzari buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Halaber, entitatearen boluntariotzako ekintzak inskribatu behar dituzte “Nafarroa, Orotan Lagun” baliabidean. Honen bidez inskribatuko dira:

https://navarramasvoluntaria.navarra.es/eu/erakundeak

7. Zientzia herritarreko proiektuetan, entitate kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, eta boluntariotzako proiektu guztietan, proiektuaren entitate arduradunak ziurtatu beharko du jardueretako parte-hartzaileak babestuta daudela aseguru batekin edo bestelako berme finantzario batekin, proiektuaren jarduerak egiteak ekar ditzakeen istripu edo gaixotasun arriskuak estaltzeko.

8. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. Dirulaguntza nork eman duen jakinaraztea proiektuaren gainean egiten den zabalkuntza eta publizitate orotan, betiere zabalkuntza eta publizitate hori dirulaguntza eman ondotik egiten bada.

10. Zabalkunde-lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili behar da, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatzen den moduan (foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatu zuen). Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak aldez aurretik baimendu beharko du Nafarroako Gobernuaren sinboloaren erabilera. Baimen hori eskatzeko, eranskineko eredua bidali behar da publicaciones@navarra.es helbidera. Erantsitako eredua, a la dirección publicaciones@navarra.es.

11. Onuradunek planteatutako jarduketak egiteko behar diren baimen guztiak eduki beharko dituzte.

Entitate eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatuko dute, proiektua diseinatu, gauzatu eta ebaluatzearen arduraduna izan dadin.

12. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Bidezkoa bada, dirulaguntza eman den ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, hasieran eman zituen datuak aldatzen ez badira behintzat.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Instrukzio-organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

10. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

2. Honako hauek izanen dira Balorazio Batzordeko kideak:

Batzordeko burua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko burua.

Idazkaria: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko teknikari bat.

3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Eskabideak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurreko bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskabideak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskabidea jaso ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak. Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio okerrak 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala. Ez badu zuzenketarik aurkezten, eskabideari uko egiten zaiola ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico).

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak eskaerak ebaluatuko ditu 6. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Jarduketak baimendu baino lehen, atal horrek egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie departamentuko beste unitate batzuei, hasierako proiektua hein batean aldatzera behartzen duten lurraldeko ukipenak edota baimena behar duten ukipenak ote diren ebazteko.

3. Aztertu ondoren, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, bertan, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

12. oinarria.–Laguntza-eskabideak aldatzea.

1. Onuradunek, proiektua gauzatzen den bitartean, beharrezko jotzen badute aurkeztutako deskripzio-memorian jaso gabeko jarduerak egitea, betiere justifikatuta badaude eta proiektua handitzea ekartzen ez badute, eta haiek egiteak ez badakar proiektuak lortutako puntuazioa aldatzea, hala jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, aldatutako jarduera egin baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Jakinarazpena eskaera baten bidez eginen da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak onuradunari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean, aipatu aldaketa onartzen den ala ez. Epe hori iraganda, aldaketa onartzearen jakinarazpenik ez bada, ezetsi dela ulertuko da.

3. Edonola ere, ez dira onartuko aurkeztutako aurrekontuaren aldaketak ekartzen dituzten aldaketak.

13. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 6. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio-ordenaren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar egun balioduneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ez du xede bererako laguntzarik eskatzen ahalko hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du dirulaguntza-kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntza hauek emateko, jarduerak egiteko behar diren baimenak beharko dira, hala behar duten jardueren kasuan.

5. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

6. Eskaera ezetsi dela ulertuko da berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

14. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2022ko urriaren 25a izanen da 2022ko kanpainako laguntza-eskaeretarako.

2. Gastuen eta ordainketen justifikazioa modu telematikoan egin beharko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa). Salbuespena: editatutako materialen bat ezin bada digitalizatu, elektronikoak ez beste bide batzuk erabiltzen ahalko dira aurkezteko. Justifikazio-dokumentazioa honako karpeta hauetan antolatu behar da:

1. karpeta: Justifikazio-memoria eta proiektuaren ebaluazioa.

Honen barruan:

Egindako proiektua justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren arabera. Gutxienez honako hauek eduki behar ditu:

–Egindako ekintzen garapenaren deskribapena.

–Aurreikusitako ekintzetarik egin ez bada, horren justifikazioa.

–Helburuen erdieste maila.

–Proiektuari emandako publizitatearen deskribapena.

–Parte-hartzaileen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera xehatuta.

–Ekintzen kronograma.

–Proiektuaren ebaluazioaren emaitzak (ikus VI. eranskina).

–Fakturen zerrenda; faktura bakoitzaren datu hauek eman behar dira: zenbakia, hornitzailea, kontzeptua, zerga-oinarria, BEZ eta PFEZen atxikipena, behar denean.

Gainera, proiektuaren ebaluazioaren frogagiri guztiak erantsi behar dira.

2. karpeta: Editatutako materialak (material grafikoa edo ikus-entzunezkoa soilik).

Dirulaguntza aplikatua argitaratu diren materialen fitxategi informatikoak edo fisikoak.

3. karpeta: Proiektuaren burutzapenaren argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duen argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Fitxategi edo karpeta bat egon behar da proiektuko ekintza bakoitzeko.

4. karpeta: Proiektuaren zabalkuntzaren argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Proiektuaren zabalkuntza egin dela frogatzen duen argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Fitxategi edo karpeta bat egon behar da proiektuko ekintza bakoitzeko.

5. karpeta: Fakturak, nominak, erosketa-tiketak eta ordainketa-frogagiriak.

Honako hauek:

Egindako gastuen fakturak edo nominak (onuradunaren izenean egon behar dira), eta gastu horiek ordaindu direla frogatzen duten bankuko agiriak.

600 eurotik beherako gastuak esku-dirutan ordaintzen ahalko dira, baina erosketa-tiketa edo antzeko agiria aurkeztu beharko da frogatzeko (zer eskuratu den zehaztu beharko da). Ez da aurkeztu beharko ordainketa frogatzen duen banku-agiririk.

Faktura eta ordainagiri bakoitzak bere zenbakia eduki beharko du, hain zuzen ere justifikazio-memoriako fakturen zerrendan ageri den zenbakia. Gainera, fakturaren kontzeptua zehaztu beharko da, eta letra batez zehaztuko da zer den, faktura (F) edo ordainagiria (P). Adibidez: lehen erosketa erratza bada, fakturaren izena 1ErratzaF izan behar da eta ordainagiriarena 1ErratzaP; bigarren erosketa bada, 2ErratzaF, eta horrela beste guztiak.

6. karpeta: Ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuen eskakizun espezifikoak.

Prestakuntza-jardueretan parte hartu duten boluntarioen erregistroa.

Boluntariotzako proiektu guztietan eta behar duten zientzia herritarreko proiektuetan, jardueraren iraunaldia estaltzen duen aseguru-polizaren edo bestelako finantza-bermearen kopia.

7. karpeta: Puntuazioa eragin duen informazioaren egiaztagiriak.

Baremoaren puntuazioa eragin duen informazioa egiazkoa dela frogatzen duten agiriak edo irudiak, betiere hori ez bada frogatuta gelditu justifikatzeko eskaeran. Adibidez, jasangarritasun-irizpideak erabili direlako frogagiriak.

8. karpeta: Bestelako informazioa.

Proiektua egin dela frogatzeko beharrezkotzat jotzen den edo eskatzen den beste informazio guztiak.

Dokumentazio hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera igorriko da. Dokumentazioa telematikoki aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluan arautzen diren kasuetan izan ezik, horietan elektronikoak ez bestelako bitartekoak erabiliz aurkezten ahalko baita.

Aipatutako informazioa osorik ez badago edo ez baditu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala, eta adieraziko zaizkio hurrengo apartatuan aurreikusitako inguruabarrak.

–Agiri horiek epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.

–Baldin eta frogatutako zenbatekoa txikiagoa bada dirulaguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino, dirulaguntzaren ordainketa murriztu eginen da, araberan.

15. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1 Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuten jarduerak burutu direla eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta egindako jardueren balorazioa amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko da.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean in situ bisitak egiten ahal zaizkie onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokitu zaie.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, honako kasu hauetan izan ezik: eskabidean egitatezko akatsen bat egiten denean edo dirulaguntza ematen duen organoak eskatuta aldaketa arrazoitua gertatzen denean.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskatu beharko du justifikazio-memoriako lauki egokia markatuz.

16. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Justifikazio-dokumentazioa aztertu ondoren Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta horrekin batera onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena ere bai. Aurretik ordaintzen den aurrerakina zenbatekotik deskontatuko da.

17. oinarria.–Zigorrak ordainketetan.

Zigorrak ezarriko dira onartua izateko irizpideak/betebeharrak ez betetzeagatik eta laguntza eta ordainketa eskaeraren konpromisoak eta beste betebehar batzuk ez betetzeagatik; hona:

a) Ez-betetze baztertzaileak:

1.–Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldarazi direla eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horren ondorioz, onuradun izaera guztiz edo partez galduko zukeela, laguntza osoa galduko du.

2.–Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira.

3.–Entitate onuradunak ez badu ziurtatzen diruz lagundutako jarduerak jendearen artean zabaldu direla, emandako laguntza osoa galduko du.

4.–Emandako laguntza osoa galduko du tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez dituenak.

5.–Laguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

b) Baztertzaileak ez diren ez-betetzeak.

1.–Ordaintzeko balioetsitako laguntzaren gaineko % 5eko zigorra aplikatuko zaie eskaerei ez badute modu sinesgarrian justifikatzen hasierako proiektuan aurreikusitako jarduerak egin ez izana. Zenbateko hori beti izanen da emandako laguntza baino txikiagoa.

18. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin; esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

20. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabete iragan baino lehen.

II. ERANSKINA

Proiektu mota bakoitzerako zehaztapenak

Ingurumen-hezkuntzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen-hezkuntzako proiektuak erabiliko dira, pertsonek ingurumenaren zaintza hobeki uler dezaten eta gai horretan kontzientzia handiagoa izan dezaten. Ekimenak ingurumen-hezkuntzako tresna hauen bidez gauzatuko dira:

–Informazioa, komunikazioa, interpretazioa eta sentsibilizazioa: informazio, dibulgazio eta gizarte sentsibilizazioko kanpainak egitea; erakusketak, debateak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egitea; ingurumen arloko mundu egunak ospatzea; zine edo bideo zikloak eta saioak antolatzea; argitalpenak; antzezpen artistikoak, ikus-entzunezko materiala prestatzea, eta abar.

–Herritarrek parte hartzea ingurumenaren kudeaketan: ingurumena hobetzeko ekimenak antolatu eta gauzatzea, herritar taldeen parte-hartzearekin.

–Arautu gabeko ingurumen-prestakuntza: prestakuntza proiektuak, ikastaroen, jardunaldien, mintegien, sinposioen eta biltzarren bidez egin daitezkeenak.

–Baliabide natural jasangarriak kudeatzeko jarduerak: ildo horretan sustatutako ekimenak, esaterako, modu jasangarrian kudeatzea baliabide hidrikoak, basoko baliabideak, baliabide mikologikoak, zinegetikoak, arrainei dagozkienak, geologikoak, faunakoak eta florakoak.

–Ekitaldi jasangarriak, halakotzat jotzen baitira ingurumen inpaktu negatiboak gutxitzeko diseinatu, antolatu eta ezartzen direnak eta xedeko komunitatean ondare positiboa uzten dutenak.

Boluntariotzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak elkartasuneko ekintza zehatzak izanen dira, ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzen dutenak, libreki egitekoak, betebehar pertsonalek edo eginbehar juridikoek ez eraginda eta nork bere gain borondatez eta ordain ekonomiko edo materialik gabe hartuta.

Deskripzio-memorian honako hauek jasoko dira:

–Parte-hartzaileak gaitzeko modua.

–Parte-hartzaileen prestakuntza, boluntarioen jardueraren kalitatearen hobekuntza dakarrena eta ingurumena ezagutzearen eta zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzen laguntzen duena.

–Boluntarioen ekipamendua. Segurtasunaren oinarrizko arauak betetzeko, eta jarduera hirikoak ez diren kanpoko espazioetan garatzen bada. Nahitaezko elementuen artean dugu boluntario eta monitore guztiek ikuspen handiko txaleko islatzaileak eramanen dituztela, UNE-EN-471 arauaren arabera homologatuak. Txaleko horren ordez helburu bereko beste sistema bat erabiltzen ahalko da, betiere modu egokian justifikatzen bada proiektuaren proposamenean eta segurtasun bermeak mantentzen baditu proiektuaren testuingurua zein den kontuan hartuta.

Ikastaroak, mintegiak edo tailerrak egin beharko dira, beharrezkoa den informazioa jasotzeko zertarako eta: proiektuaren ardatza den ingurumen arloko arazoa ezagutzeko; boluntario lanerako trebakuntza jasotzeko; boluntariotzako proiektuaren gakoak aztertzeko, bereziki haren xedeak, eta boluntario lanean aritzean behar dituzten segurtasun printzipioak kontuan hartzeko, bai pertsonei bai ondasunei dagokienez.

Ingurumen arloko boluntariotzako ekintza bakoitzak 10 partaide izanen ditu gutxienez.

Ez da boluntariotzako jardueratzat jotzen dibulgazio edo informazio materialen argitalpen hutsa edo prestakuntza jarduerak egite hutsa.

Zientzia herritarreko proiektuetarako zehaztapenak.

Fauna eta flora espezieak ikertzeko, horien jarraipena egiteko eta kontserbatzeko lanetan laguntzea, klima aldaketaren, habitaten eta mehatxupeko espezieen jarraipenerako datuak lortzeko aukera egonda.

Ikerketa lanetan laguntzearen eremuan, lankidetza hori ibilbide zientifiko eta ikertzaile ospetsuko entitateekin edo pertsonekin egin behar da.

Ikerketa lanen ondoriozko datuak pertsonen eskura jarri behar dira datu-base zientifiko egokien bidez.

Lan hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

–Programa zabaltzea informazio hitzaldien bidez, parte hartzeko prest dauden boluntarioak aurkitzeko asmoz.

–Trantsektoen sarea diseinatzea boluntarioen kokapenarekin bat etorrita, habitaten ahalik eta ordezkagarritasun handiena bilatuta.

–Trantsektoak bisitatzea horiek aztertu eta beren ezaugarriak emateko.

–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoa.

–Boluntarioak datuak hartzen hastea, eta horien jarraipena egitea.

–Datuak bildu eta antolatzea.

–Datuak bidezko datu-baseetara transferitzea.

–Emaitzen eta ondorioen azken txostena idaztea.

–Boluntarioek datuak hartzeko behar diren materialak.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Entitatearen laguntza-eskabidea (euskara).

Aurkeztutako proiektu bakoitzaren deskribapen-memoriaren formularioa (euskara).

Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena (euskara).

–Laguntzak lehenbizikoz jasotzen badira edo abonatzeko kontua aldatu bada:

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

IV. ERANSKINA

Emandako dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Aurkeztutako proiektu bakoitzaren justifikazio-memoriaren formularioa (euskara).

V. ERANSKINA

Glosarioa

Ekintza:

Proiektuko jarduketa bat, gainerako beste guztiekin lotuta ez dagoena (hau da, hori ez burutzeak ez du eraginik beste guztietan). Zenbait helburu dauzka, burutze hutsaz edo burutzeko laguntzaz harago, eta deialdiko gaietako bat lantzen du batik bat.

Hona ingurumen-hezkuntzako, ingurumen-boluntariotzako eta zientzia herritarreko ohiko ekintza batzuk:

–Ikastaroak, tailerrak, beste prestakuntza-ekintza batzuk.

–Hitzaldiak, solasaldiak, beste dibulgazio-ekintza batzuk.

–Bisita gidatuak, txangoak, interpretazio-ibilbideak.

–Antzerkia, beste arte-adierazpen batzuk.

–Jokoak, ginkanak, beste hezkuntza-jolaseko ekintza batzuk.

–Erroldak, inbentarioak, datuak hartzea.

–Hezkuntzako eta zabalkuntzako materialak egitea (liburuak, liburuxkak, ikus-entzunezkoak, web-orriak...).

–Erakusketak.

–Guneak sortzea edota birnaturalizatzea.

–Landaketak.

–Guneak garbitzea / atontzea.

Fasea:

Ekintza baten atala, ekintza bereko beste fase baten aurrekoa edo ondokoa; halako bat ezabatzeak eragina dauka gainerako guztietan edo ekintza osoan.

Honako hauek dira proiektuetako ohiko faseak: aurreko prestakuntza, burutzapena, hedapena eta ebaluazioa.

Suntsikorra:

Behin erabiliz gero atzera erabili ezin den materiala, kontsumituta baitago.

Adierazle kuantitatiboa:

Modu objektiboan eta argi behatzen eta neurtzen ahal den ezaugarria, proiektua bere helburuetara hurbiltzen dagoenez jakiteko baliatzen ahal dena.

Adibidez: Helburua herritarrak sentsibilizatzea bada, ekintza batean aritzen diren pertsonen kopurua adierazle kuantitatiboa da.

Inbertsioa:

Ondasunak eskuratzea aldi batez diru-sarrerak edo errentak lortzeko asmoarekin. Adibidez: proiektu honetan inbertsioa da ibilgailuak, makinak eta antzekoak erostea.

Leasinga:

Ondasun bat alokatzea kontratua amaitu ondoren erosteko eskubidearekin. Finantza-errentamendua ere esaten zaio.

Parte-hartze inklusiborako neurriak:

Ingurumen-hezkuntzako jarduerak herritar guztientzat izan behar dira. Eguneroko bizitzan desgaitasunen bat (entzumena, ikusmena, mugitzeko gaitasuna...) duten pertsonek oztopo asko dituzte gainerako pertsona guztiek bezala parte hartzeko. Parte-hartze inklusiborako neurrien helburua oztopo horiek ezabatzea da.

Genero-ikuspegiko neurriak:

Luzaroan gizarteak estereotipoak sortu izan ditu pertsonen generoaren arabera. Oraindik ere indarrean daude, eta jarduerak berdintasunean egitea eragozten dute. Genero-ikuspegiko neurrien helburua da proiektuetan generoaren araberako estereotipoak sortzen ahal diren egoerak identifikatzea eta saihestea.

Ingurumen-jasangarritasunerako neurriak:

Proiektuak ingurumenean daukan eragina murrizteko eta haren jasangarritasuna hobetzeko ezartzen diren neurriak dira. Neurri hauek baloratzeko, ezinbestekoa da proiektuaren burutzapenak ingurumenean edukiko duen egiazko eragin bat identifikatzea.

Helburua:

Ekintza baten bitartez lortu edo transmititu nahi dena. Galdera honen erantzuna izan behar da: zergatik edo zertarako egiten da ekintza?

Gizartearen parte-hartzea:

Herritarrek esku hartzea baliabideen kudeaketaren eta proiektuko ekintzen inguruko erabakiak hartzeko prozesuan.

Zahartze aktiboaren sustapena:

Adinekoen bizi-kalitatea ahalik hoberena izateko jarduerak sustatzea.

Rentinga:

Ondasun higigarri bat erosteko aukerarik gabe epe luzerako alokatzeko kontratua.

Ingurumenarekiko sentsibilizazioa:

Herritarrak ingurumenari eragiten dioten gaiez ohartzea lortzeko prozesua.

VI. ERANSKINA

Gogobetetasun-inkestaren eredua

Inkesta honetan ez da izena eman behar. Balora ezazu jarduera 1 - 5 bitartean (puntuazio baxuena 1 eta altuena 5).

Jarduera egin aurretik jasotako informazioa.

1 2 3 4 5

Edukien tratamendua.

1 2 3 4 5

Bitartekoen eta baliabideen egokitasuna.

1 2 3 4 5

Hizlariaren ezagutza (gaia menderatzen duen edo ez).

1 2 3 4 5

Azalpenaren argitasuna.

1 2 3 4 5

Jardueraren egokitasuna.

1 2 3 4 5

Gogobetetasun-maila orokorra.

1 2 3 4 5

Iragarkiaren kodea: F2207921