108. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Terrazak jartzea eta ustiatzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Doneztebeko Udalak, 2021eko abenduaren 22an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Doneztebeko udalerrian terrazak jartzea eta ustiatzea arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2022ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 20an, bai eta Doneztebeko Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon zen jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.

Jendaurreko epean alegazioak aurkeztu ziren. Doneztebeko Udalak, 2022ko apirilaren 27an egin osoko bilkura arruntean, alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen Doneztebeko udalerrian terrazak jartzea eta ustiatzea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eman manuei jarraikiz, osorik argitaratzen da ordenantzaren testua.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

Donezteben, 2022ko apirilaren 28an.–Alkatea, Leire Ortuoste García.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan egiten den jardueraren osagarri diren terrazak edo beste elementu batzuk, zeinak ordenantzaren I. eranskinean baitaude definituta, jabari publikoan edo pribatuan jartzeko eta ustiatzeko araubide juridikoa eta baldintzak. Halaber, ordenantzaren xedea da arautzea ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez denean administrazioak eman behar duen erantzuna eta aplikatu behar den zehapen araubidea, udalaren eskumenen barruan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

2.1. Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, baita jendearendako irekita dauden espazio pribatuei ere. Hortaz, hauei aplikatuko zaie:

a) Terrazei edo ordenantzak aipatutako beste elementu batzuei, erabilera eta jabari publikoko lurretan jartzen direnean.

b) Terrazei edo ordenantzak aipatutako beste elementu batzuei, espazio irekietan dauden eta erabilera publikorako murrizketarik ez duten titulartasun pribatuko espazioetan jartzen direnean, haien jarduerak zuzeneko eragina badu espazio publikoaren gainean, baita erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazioetan kokatuta daudenean.

Ondorio hauetarako, ez du espazio irekiaren izaera galduko albotik eta/edo bertikalean ixteko elementuak izateagatik.

c) Terrazei edo ordenantzak aipatutako beste elementu batzuei, titulartasun pribatuko espazioen barruan dauden ostalaritzako establezimendu eta jatetxe publikoei erantsita daudenean, espazio horiek igarotzeko eta erabilera publikorako murrizketak dituztenean, hala nola, jendearendako sarbidea mugatua duen ostalaritzako eta jatetxeko jarduera bati lotuta dauden barruko patioak, merkataritzako establezimenduak edo esparru estaligabeak. Halako terrazek ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen araudian ezarritako baldintzak eta parte diren establezimenduak ondorio hauetarako bete behar dituen baldintzak bete beharko dituzte, eta, bereziki, segurtasuna eta ebakuazioa, edukiera eta ingurumenaren gaineko eraginak arautzen dituzten araudietan ezarritakoak. Horrez gainera, jarduera nagusia egiteko lizentzian ezarritako baldintzak edo kokatuta dauden esparruari dagokion lizentzian eta esparru hori gaitzen duten berariazko tituluetan ezarritakoak, hirigintzako arauak eta dagokion jardueraren berariazko arauak beteko dituzte, eta, ordenantza honetan araututakoari dagokionez, haren 16., 12.7 eta 18. artikuluetan eta, hala dagokionean, IV. tituluan eta 6. artikuluan araututako lizentzia lortzeko araubidea.

2.2. Ordenantza honen aplikazio eremutik baztertuta daude hauek:

a) Jabari publikoa okupatzea atrakzioak, feriako etxolatxoak, txosnak edo merkatu txikietan edo ferietan aldi batean edariak edo jatekoak saltzeko jartzen diren establezimendu mugikorrak paratzeko, baita gaitzen dituen titulua duten merkataritza ibiltariko instalazioak paratzeko ere.

b) Jabari publikoa okupatzea erabilera publikoko ondasunen erabilera pribatibo arrunta dakarten eta obra edo instalazio iraunkorrak behar dituzten instalazioak paratzeko. Halakoek beren adjudikazioa arautzen duen agirietan jasotakoa eta administrazio emakidaren araubidea bete beharko dituzte.

3. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen irismena.

3.1. Terrazak edo ordenantzan adierazitako elementuak jartzeko, jabari publikoa okupatzen denean, administrazioaren esku-hartzearen helburua da jarduera hori segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzetan egiten dela bermatzea, hiri ingurumena babestea, bereziki zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jardueretan, eta jabari publikoaren erabilera egokia arautzea, espazio horretan dauden beste ondasun edo zerbitzuei kalterik eragitea saihesteko.

3.2. Terrazak edo ordenantzan adierazitako elementuak jartzeko, lur pribatuak okupatzen direnean, administrazioaren esku-hartzearen helburua da:

a) Erabilera publikoko edo erabilera publikorako murrizketarik ez duten lur pribatuetan kokatutako aire zabaleko terrazetan, jarduera hori segurtasun- eta osasungarritasun-baldintza egokietan egiten dela bermatzea eta hiri ingurumena babestu eta hobetzen dela zaintzea, bereziki zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jardueretan.

b) Jendea sartzeko murrizketak dituzten espazio pribatuetan kokatutako terrazetan, haien funtzionamenduak hiri ingurumenari ez diola eragiten bermatzea, bereziki ordutegiei eta zaratak edo bibrazioak sortzeari dagokienez.

3.3. Jarduera pribatuetan administrazioak duen esku-hartzea arautzen duten printzipioekin bat, honela gauzatuko da esku-hartze hori:

a) Aldez aurreko esku-hartzea, lizentzia eskatuta terrazak edo ordenantzan adierazitako beste elementu batzuk ustiatu ahal izateko, jarduera horrek segurtasunean, osasungarritasunean eta hiri ingurumenean duen eragina dela eta, bereziki zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerei eta jarduera horiek pertsonei eragin diezazkieketen eragozpenei edo haien osasunerako edo ongizaterako ekarri ditzaketen arriskuei dagokienez. Lizentzia eskatuko da lehen instalaziorako edo lehen legeztapenerako, kokalekua publikoa edo pribatua den aintzat hartu gabe.

b) Geroko esku-hartzea, erantzukizunpeko adierazpenaren araubidearen bidez, lizentzia urtero berritzeko, baita aginduzko lizentzia lortu duten terrazen ezaugarriak, elementuak eta antolaketa aldatzeko edo elementuak gehitzeko.

4. artikulua. Espazio publikoaren erabilera arautzen duen araubidea.

4.1. Bide publikoa jarduera ekonomiko bat egiteko, erabilera berezia edo pribatiboa baimentzeko, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) lehen tituluaren bosgarren kapituluaren lehen atalean zerrendatutako ondasun publikoen erabilera arautzen duen araubidea beteko da.

4.2. Ondorioz, gatazkaren bat izanez gero bide publikoaren erabilera pribatiboaren eta herritarren erabilera erkidearen artean, azken hori lehenetsiko da, jabari eta erabilera publikoko ondasunen destino naturala erabilera erkidea eta orokorra baita. Hala ere, udalak lizentziak ematen ahalko ditu, ordenantza honen babesean, jabari eta erabilera publikoko ondasunen erabilera pribatibo arrunta baimentzeko, obra edo instalazio iraunkorrik behar ez duten terrazen eta ordenantza honetan adierazitako beste elementu batzuen bidez.

4.3. Araubide hori ordenantza honen manuak interpretatzeko eta haren aplikazioak eragin ditzakeen zalantzak argitzeko ere erabiliko da.

5. artikulua. Hiri ingurumenaren eta segurtasunaren babesa.

5.1. Bide publikoan edo bide publikoan zuzeneko eragina duten erabilera publikoko espazio pribatuetan jarduera ekonomiko bat egiteko, hiri ingurumena behar bezala zaintzen dela bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko dira, bereziki pertsonei eragozpenak sortu diezazkieketen edo haien osasunerako edo ongizaterako arriskuak ekar ditzaketen zaratak edo bibrazioak sortzeari eta kea eta usainak isurtzeari dagokienez eta pertsonen eta ondasunen segurtasunari dagokionez.

5.2. Ingurumenaren zaintza, etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen babesa, osasunaren eta segurtasun indibidual eta kolektiboaren babesa eta pertsonei eragozpenak sortu diezazkieketen edo haien osasunerako edo ongizaterako arriskuak ekar ditzaketen zaratak edo bibrazioak ez sortzea lehenetsi beharko da, eta, hortaz, halakoen gainean eragina izan dezaketen jarduera ekonomikoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren funtzionamenduak eskubide horiek benetan ziurtatzen dituela bermatzeko.

5.3. Aurreko apartatuan aipatutako eskubideak babestu beharra oinarria izan daiteke lizentzia lortzeko eskabide bat ukatzeko edo dauden lizentziak berritzea ukatzeko, justifikatuta dagoenean eskatutako jarduerak egiteak eragin negatiboa duela eskubide horien gainean eta ezinezkoa dela neurri zuzentzailerik hartzea eragin hori murrizteko.

5.4. Agerikoa denean lizentzian hartutako edo ezarritako neurriak ez direla nahikoak eskubide horiek benetan bermatzeko, aldatzen ahalko dira funtzionamendurako lizentziaren baldintzak, edo, azkenik, lizentzia baliogabetzeko erabakia hartzen ahalko da.

6. artikulua. Lizentzia eskatu behar dutenak.

6.1. Terrazak jarri eta ustiatzeko, aldez aurretik udalaren lizentzia lortu beharko da ordenantza honetan eta aplikatzekoa den sektoreko araudian ezarritakoarekin bat. Ez da lizentzia hori beharko terrazak parte diren establezimendua gaitzen duen tituluak terrazaren ustiapena jasota duenean. Kasu horretan, gaitzen duen titulu hori izanen da arau.

Jabari publikoko ondasunen besterenezintasunari eta preskribazintasunari buruzko oharrekin bat, terraza ustiatzeko, jabari publikoaren okupazioa baimendu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak betetze hutsak ez du eskubiderik ematen okupazio hori baimentzeko.

Terraza ustiatzeko jardueran administrazioak duen esku-hartzea aldez aurretik lizentzia eskatuta gauzatzen da, eta aldez aurreko esku-hartze hori arrazoi hauek justifikatzen dute:

a) Jabari eta erabilera publikoko lurretan kokatutako terrazetan, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) 93. eta 94. artikuluak aplikatuta, terraza ustiatzeko jarduerak hiri ingurumenean eta herritarren segurtasunean duen eraginagatik, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen Foru Legearen (2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa) 6. artikulua eta lotutakoak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84 bis1.a) artikulua direla eta.

b) Jabari pribatuko lurretan kokatutako terrazetan, terraza ustiatzeko jarduerak hiri ingurumenean eta herritarren segurtasunean duen eraginagatik, eta Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen Foru Legearen (2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa) 6. artikulua eta lotutakoak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84 bis.1.a) artikulua direla eta.

6.2. Terraza jarri eta ustiatzeko lizentzia emateko ezinbestekoa izanen da terraza lotuta dagoen establezimenduak gaitzen duen titulua izatea, jarduerarako lizentzia edo irekitzeko lizentzia, edo, erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta badago, adierazpen hori aurkeztea eta udaleko zerbitzuen egiaztapenaren emaitza aldekoa izatea.

Inguruabar guztiak –errealak edo egon daitezkeenak– kontuan hartuta, udalak arrazoituta ukatzen ahalko du terraza bat ustiatzeko baimena, lehentasuna emanda interes orokorrari norbanakoaren interesaren aurrean, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako araubideak eta printzipioak aintzat hartuta.

6.3. Terraza bat jarri eta ustiatzeko lizentzia lotuta eta elkartuta egonen da dagokion establezimenduaren lizentziei, eta, beraz, lizentzia horiek azkendu, eten, baliogabetu edo deuseztatzen badira, ezinbestean azkendu, eten, baliogabetu edo deuseztatuko da terraza jarri eta ustiatzeko lizentzia.

Aldez aurreko jakinarazpen batekin edo erantzukizunpeko adierazpen batekin funtzionatzen hasi diren lokaletan, terraza jarri eta ustiatzeko lizentzia lotuta eta elkartuta egonen da jakinarazpen edo adierazpen horren efikazia eta indarraldiarekin, eta, ondorioz, efikazia eta indarraldi hori arauetan ezarritako edozein arrazoik eraginda galtzen bada, establezimenduari lotutako eta elkartutako terraza jarri eta ustiatzeko lizentzia azkendu edo baliogabetu eginen da.

II. TITULUA

Terrazak jartzeko baldintzak

7. artikulua. Terrazak jartzeko baldintza orokorrak.

Ordenantza honek terrazak jartzeko baldintza orokorrak ezartzen ditu, batetik, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan aipatutako araubideak eta printzipioak kontuan hartuta, eta, bestetik, baldintza orokor hauetan definitzen diren irisgarritasunaren, espazioaren okupazioaren eta erabiltzeko segurtasunaren arloko irizpideak eta baldintza tekniko eta estetikoak kontuan hartuta.

7.1. Baldintza orokorrak.

Sartzeko murrizketarik ez duten bide publikoetan eta pribatuetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu, eta, beraz, hauek beteko dira:

–Instalazioak ez du oztopatuko oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa. Ez du zirkulazio horren segurtasuna kaltetzen ahalko, eta ez dio eragiten ahalko hurbil dauden eraikin eta lokalen ebakuazioari.

–Irisgarritasunaren eta espazio publiko urbanizatuen sarbidean eta erabileran diskriminaziorik ez eragiteko oinarrizko baldintzak betetzen direla bermatu beharko da, eta ez da oztopo izanen oinezkoendako ibilbide irisgarrien baldintza orokorrak betetzeko.

–Mantentzeko eginkizunak eta lanak bermatu behar dira, baita zerbitzu publiko guztien, udalaren ekipamenduen eta zerbitzuen konpainien sarbidea eta ur-hargune, tapa eta erregistroetarako sarbidea ere.

–Behar besteko distantzia gorde beharko da hiri-altzarien elementuetatik, trafiko-seinaleetatik, zuhaitzetatik, argi-paldoetatik, haien eginkizunari ez eragiteko eta mantentze-lanak ongi egin ahal izateko.

Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bestelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

Udalak terrazak edo antzeko elementuak jartzeko aukerarik izanen ez duten eremuak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa kontuan hartuta, trazatua, kokapena, bide-segurtasuna, obra publikoak edo pribatuak, oinezkoen kopuru handia, saturazioa, ikuspena edo irisgarritasuna edo antzeko beste inguruabarrak direla eta. Halaber, gauza bera egiten ahalko du terrazak jartzeak eta ustiatzeak eragin handia izan balezake jabari eta erabilera publikoko ondasunen erabilera erkidean, bai eta hiri ingurumenean eta segurtasunean ere.

Oinezkoendako eremuetan terrazak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

7.2. Okupatzeko moduak.

Terrazak jartzeko, ordenantza honetan ezarritako baldintzak beteko dira eta modu hauetako bat erabiliko da:

–Espaloian paratzea.

Modu hau lehenetsiko da galtzadan paratzearen aurrean.

–Galtzadan paratzea.

Salbuespen gisa baimentzen ahalko da, betiere gidarien, oinezkoen eta terrazaren erabiltzaileen segurtasunerako arriskurik ez badu, eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

–Ibilgailu/oinezkoendako plataforma bakar mistoaren eremuan paratzea.

–Oinezkoendako eremuan paratzea.

–Terraza establezimendutik bereizita paratzea, galtzada tartean dagoela.

Salbuespenez baimentzen ahalko da.

–Jendea sartzeko murrizketarik ez duen jabari pribatuan paratzea.

–Jendea sartzeko murrizketak dituen jabari pribatuan paratzea.

Terrazak lurzoru publikoan zein erabilera publikoko lurzoru pribatuan jartzeko modalitate horietako bakoitzaren baldintza bereziak 12. artikuluan jaso dira.

8. artikulua. Irisgarritasunaren eta zirkulazioaren arloko baldintza orokorrak.

Jabari publikoa terrazekin okupatzeko, espazio publikoen irisgarritasunari buruzko arauak eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Irizpide orokor gisa, oinezkoak ibiltzeko oztoporik gabeko zabalera bat ezarri da, eta beste bat ibilgailuen zirkulaziorako.

Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioarekin lotutako arrazoi justifikatuak badaude eta udal zerbitzuek ebazpen arrazoitua ematen badute, ezarritako pasabide librea zabaltzen ahalko da.

8.1. Oinezkoen zirkulaziorako baldintzak.

Terrazak jartzen direnean oztoporik gabeko pasabide bat utzi beharko da –irisgarritasunari buruzko arauetan dago ezarrita–, irisgarritasunaren eta espazio publiko urbanizatuen sarbidean eta erabileran diskriminaziorik ez eragiteko oinarrizko baldintzak betetzen direla bermatuta, eta ez dira oztopo izanen oinezkoendako ibilbide irisgarrien baldintza orokorrak betetzeko.

Irisgarritasunari buruzko arauetan ezarritako betekizun guztiak betetzea ezinezkoa den hirigune kontsolidatuetan, ordezko aukerak baimentzen ahalko dira, betiere irisgarritasuna ahalik eta gehien bermatuta eta dagoen egoera ez okertzeko irizpideari jarraituz. Aukera horiek terraza jartzeko lizentzian arrazoitu eta baimendu beharko dira.

Horri dagokionez, hurrengo baldintzak ezarri dira:

–Higiezinaren fatxadaren eta terrazaren artean, oztoporik gabeko igarobidea 1,8 metrokoa izanen da, gutxienez. 1,80 metrotik beherako zabalera duen espaloia duten kaleetan, baimentzen ahalko da igarobidea dagoen espaloiaren zabalerakoa izatea.

–Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera proiekzio bertikal osoan errespetatu beharko da, eta gutxienez 3,50 metroko garaiera arte oztoporik gabea izanen da, zabalera eta luzera guztian.

–Terrazako elementu bakar batek ere ezin ahalko du baimendutako eremua igaro, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako pasabidea -aipatu berri dena- hartu ere.

–Oinezkoendako eremuetan dauden taberna eta antzeko instalazioetako terrazek okupatutako azalera detektatzeko modukoa izanen da, eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonendako arriskutsuak izan daitezkeen elementuak edo egoerak saihestuko dira.

8.2. Ibilgailuen zirkulaziorako baldintzak.

–Terrazak jartzen direnean, oztoporik gabeko igarobide bat utzi beharko da ibilgailuen, larrialdietako zerbitzuen eta beste zerbitzu batzuen sarbidea bermatzeko. Halaber, finken atarietarako eta establezimendu publiko edo pribatuetarako sarbidea eta eraikinetako larrialdiko irteerak errespetatu beharko dira, eta ibilgailuak sartzeko edo irteteko maniobrak egiteko lekua bermatu.

–Igarotzeko 3,5 metroko zabalera librea gordeko da, gutxienez, eta galibo altuera 3,5 metrokoa edo hortik gorakoa izanen da; zabalera eta luzera osoan bete beharko da. Hori dela eta, terrazako elementu batek ere ez du gaindituko baimendutako eremua, ez beste eremuak inbadituko ere.

–Gaur egun 3,5 metrotik beherako zabalera duen errodatze-banda duten kaleetan, oraingo zabalera errespetatuko da, betiere egoera ez okerragotzeko irizpideari jarraituz.

9. artikulua. Espazioa okupatzeko eta kokalekua finkatzeko baldintza orokorrak.

9.1. Kokalekua finkatzeko baldintza orokorrak.

Terrazak 7.2 artikuluan deskribatutako okupaziorako modalitateetako baten arabera jarriko dira, eta, baldintza orokorrez gainera, 12. artikuluan definitzen diren baldintza bereziak bete beharko dituzte.

Oro har, terrazak dagokien establezimenduen aurrean kokatuko dira, fatxadarekiko paraleloan, eta oinezkoak igarotzeko eremu bat utzi beharko da eraikinaren fatxadaren ondoan. Ibilgailuen trafikoa errespetatu beharko da. Instalazioak ezin dio kalterik eragin eraikinaren erabilera onari, ezta ebakuaziorako, erabiltzeko segurtasunerako eta irisgarritasunerako baldintzak dagokion jarduera egiteko –lizentzia edo gaitzen duen tituluaren bidez baimendua– erregelamenduz eskatutako gutxienekoetatik behera murriztu ere.

Oro har, terrazak ez dira paratzen ahalko ondoko leku hauen parean: oinezkoen pasabideak, desgaitasunen bat duten pertsonendako erreserbatzen diren aparkalekuak, autobusen geralekuak, taxien geralekuak eta edukiontziak.

Establezimenduaren fatxadaren zabalera bera edo txikiagoa izanen du terrazak. Hala ere, establezimendua oso estua izateagatik terraza egokirik paratu ezin denean, salbuespenez eta udalak aldez aurretik baimenduta, terraza hori alboko establezimenduetako baten fatxadaren parean jarri ahalko da. Kasu horretan, ezinbestekoa izanen da establezimendu horren titularraren berariazko baimena dakarren agiria aurkeztea; udal baimena baliogabetuta geratuko da establezimenduaren titularrak bere baimena ukatzen duen unean.

Hiri diseinu bateratua eta oinezkoen zirkulazio normala bultzatzearren, zenbait establezimenduk eskatzen badute baimena beren terraza espaloi tarte berean jartzeko, ez dira aldi berean baimenduko terraza batzuk fatxadaren ondoan eta beste batzuk espaloi ertzaren lerroan edo galtzadaren gainean; udal agintaritzak irizpide berari jarraituko dio guztietarako eta, kasu orokorrerako azaldu den moduan, galtzadaren ertzak izanen du lehentasuna terrazak jartzerakoan.

Salbuespen gisa, eta udal agintariak baimen justifikatua eman ondoren, establezimenduaren fatxadaren ondo-ondoan terrazak jartzeko baimena ematen ahalko da, eraikinaren jabetza-eskubidea, haren elementu komunen gaineko araubide juridikoa eta behar diren baimen guztiak kontuan hartuta. Fatxadan, I. eranskinean adierazitako elementuak baino ez dira tinkatzen ahalko. Kasu horietan, I. eranskinean adierazitako baldintza bereziez gainera, terrazak mugatuta izanen dute perimetroa, babes-elementuen edo haize-babesen bidez, eraikinaren fatxadaren luzapena izanen bailiran, eta bermatu beharko da instalazioak ez diela eragiten oinezkoendako ibilbide irisgarriei, eta ez duela diskriminaziorik eragiten espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta espazio horiek erabiltzeko. Betebehar hau ez zaie aplikatu fatxadaren kontra jarritako upelen ilara bakarrez osatutako terrazei, betiere bermatzen bada ez direla egoera diskriminatzaile horiek sortzen.

Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean neurri nahikorik terrazak jartzeko, udal agintariak baimena ematen ahalko du galtzadan gehigarriak jartzeko, haien gainean kokatzeko terraza, aparkatzeko espazioa okupatuta eta ordenantza honetan eta haren eranskinetan ezarritako baldintzak beteta.

9.2. Azalera.

Establezimendu baten terrazaren eremuak edo eremuen gehieneko azalerak ez ditu gainditzen ahalko ordenantza honetan araututako 10 moduluak.

Udalak zehaztuko du okupatu ahal den azalera, dauden inguruabarrak kontuan hartuta, bereziki espazio publikoaren eraketa, eta printzipio gidariak izanen dira bide publikoaren ohiko erabileraren eta oinezkoek bide horretaz egiten duten erabilera erkidearen lehentasuna, zerbitzu publikoak modu egokian ematea, pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta hiri ingurumenaren babesa, batez ere pertsonei eragozpenak eragin diezazkieketen edo haien osasunerako edo ongizaterako arriskuren ekar dezaketen zaraten edo bibrazioen igorpenari dagokionez.

Aurreko irizpideen aplikazio justifikatuaren ondorioz, okupatzeko baimendutako azalera lehenengo paragrafoan adierazitako mugak aplikatuta okupatzen ahalko litzatekeena baino txikiagoa izan daiteke.

9.3. Mugapena.

Terrazak hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistemaren bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pintura markak edo antzeko zerbait. Mugapen hori ez da gainditzen ahalko.

Terraza fatxadaren ondoan jartzen denean, kasu bakoitzean jabegoaren araubide pribatuaren ondorioz behar diren baimenak izanda, okupatzeko baimendutako espazio publikoa itxituren bidez mugatuko da. Itxitura horiek ordenantza honen I. eranskinean xedatutakoa bete beharko dute, eta zirkulaziorako aukera utziko dute, espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta espazio horiek erabiltzeko diskriminaziorik eragin gabe. Instalazioak ezin dio kalterik eragin eraikinaren erabilera onari, ezta ebakuaziorako, erabiltzeko segurtasunerako eta irisgarritasunerako baldintzak dagokion jarduera egiteko –lizentzia edo gaitzen duen tituluaren bidez baimendua– erregelamenduz eskatutako gutxienekoetatik behera murriztu ere.

Terrazaren instalazioa errepideko zirkulazioaren maila berean eta haren ondoan dagoenean, aintzat hartu beharko dira ordenantza honen 10.2 artikuluan definitzen diren segurtasun baldintzak.

9.4. Dentsitatea.

Zeinahi ere diren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazarako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 1,85 × 1,85 m-ko modulu bakoitzeko. 3,50 m²-ko azalera ezarri da 4 pertsonako modulu bakoitzerako, igarotzeko eremua barne dela.

Terrazaren azalera osoak gainditzen duenean 3,50 m²-ko moduluaren multiploa, hortik gorako azalera moduluaren erdia (1,75 m²) baino txikiagoa denean, beheko multiploa hartuko da terrazaren okupaziorako; aldiz, hortik gorako azalera 1,75 eta 3,50 m² artekoa bada, goiko multiploa hartuko da aintzat.

Mahai eta aulkien modulu nagusia (1,85 × 1,85 m) jartzea ezinezkoa denean, dagoen espaziora hobeki egokitzearren, upelak eta tabureteak edo modulu nagusiaren aldaerak jartzen ahalko dira; kasu horietan baimena izanen da honelako moduluak paratzeko: mahai 1 eta 3 aulkiko modulua (1,85 m × 1,35 m) edo mahai 1 eta 2 aulkikoa (1,85 m × 0,85 m).

10. artikulua. Erabileran segurtasuna bermatzeko baldintza orokorrak.

10.1. Terrazaren eremura sartzeko baldintzak.

Terrazara espaloitik edo ondoan dagoen oinezkoendako igarobidetik sartuko da beti.

10.2. Errepideko zirkulazioaren aurrean segurtasuna eta babesa bermatzeko baldintzak.

Terrazaren instalazioa errepideko zirkulazioaren maila berean eta haren ondoan dagoenean, baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

–Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra espaloitik edo oinezkoak igarotzeko eremutik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute, fisikoki, galtzadako, zirkulaziorako eremuko edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik sartzea.

Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes-elementuak edo haize-babesak jarriko dira, ordenantzaren I. eranskinean ezarritako zehaztapenen arabera.

–Eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, ordenantzaren I. eranskinean elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, eta elementu guztiek 2,50 metroko garaiera izanen dute gehienez, eta ez dute inolaz ere galarazten ahalko galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.

10.3. Segurtasun baldintzak eta sarbidea jabari pribatuan kokatutako terrazetan.

Halako terrazetan, dagozkien establezimenduek sarbidean eta ebakuatzeko bideetan bete behar dituzten segurtasunaren arloko araudia eta establezimenduen ebakuaziorako ahalmenari, erabilerari eta irisgarritasunari buruzko baldintzak bermatu beharko dira.

11. artikulua. Baldintza orokor teknikoak eta estetikoak.

11.1. Altzarien eta elementu osagarrien baldintza orokorrak.

Lurzoru publikoan dauden terrazetan eta erabilera publikoko lurzoru pribatuan edo sartzeko murrizketarik ez duen lurzoru pribatuan jarritakoetan, haien jarduerak zuzeneko eragina duenean espazio publikoan, ordenantza honen I. eranskinean zerrendatutako altzariak eta elementuak jarri ahalko dira, bertan adierazitako baldintza teknikoak eta estetikoak beteta, baita baldintza hauek ere:

–Inpaktu akustikoa murrizteko, terrazan erabiltzen diren elementuek, bai jabari publikoan daudenetan, bai jabari pribatuan daudenetan, zarata murrizteko elementuak izan beharko dituzte herrestan eramaten direnerako, eta, kateak erabiltzen badira altzarien segurtasuna bermatzeko, kateekin ibiltzean zarata egitea saihestuko duten materialarekin estalita egon beharko dute.

–Lokalaren izenaren eta merkataritzako markaren publizitatea egiten ahalko da, betiere ordenantza honetan hiri ingurunera egokitzeko ezarritako arau orokorrak beteta.

–Halaber, publizitatea egiten ahalko da ezaugarri bereziak dituzten elementuetan, ostalaritzako ustiapen baterako bereziki diseinatutakoak direnean, hala nola frankiziak eta merkataritzako sareak, zeinen identitate korporatiboaren oinarria publizitatetzat joko ez diren material eta instalazio batzuen diseinua baita.

–Eguzki-oihalek ez dute publizitaterik izaten ahalko hegalean ez bada, non establezimenduaren logotipoa edo merkataritzako izena jartzen ahalko baita.

–Terrazak argiztatuta egon daitezke, ekipo autonomoen bidez, betiere zaratarik edo eragozpenik sortzen ez badute, eta oinezkoak pasatzeko oztoporik ez badakarte eta zolan esku-hartzerik egitea ez badakarte. Nolanahi ere, udalak baimena eman beharko du halakoak jartzeko.

11.2. Terrazen itxiturak.

Terrazak estaltzeko baimena emanen da ordenantza honetan eta haren eranskinetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Baimena emateko, ezinbestekoa izanen da instalazioaren ezaugarriak behar besteko zehaztasunez azaltzen duen dokumentazioa aurkeztea. Udalak baloratuko du, estalkiaren konplexutasuna kontuan hartuta, dokumentazio hori teknikari eskudun batek idatzitako memoria baloratu bat edo proiektu bat izan behar den ala ez.

Udalak terraza estaltzeko eskabidea ukatzen ahalko du, justifikatuta, egoera hauetakoren bat ematen denean:

–Bide-segurtasunerako kalteren bat dakarrenean edo modu nabarmenean eragiten dionean oinezkoen zirkulazioari, bereziki oinezkoen ibilbide irisgarriak oztopatzen edo baldintzatzen baditu, edo espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta espazio horiek erabiltzeko diskriminazioa eragiten badu.

–Eraikin eta lokal hurbiletako segurtasunari eragiten dionean.

–Formaz ingurunearekin egokia ez denean edo bat etortzen ez denean, edo hiri paisaiaren irakurketa zuzena zailtzen duenean.

11.3. Zoruan tinkatzea.

Terrazaren instalazioa osatzen duten elementu guztiak erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ez dira zolan tinkaturik egoten ahalko, eta haren diseinuak (neurriak, pisua, etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko. Erraz desmuntatzeko modukoa izatearen baldintza hori terraza hornitzen ahal duten elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako eta udaleko zerbitzu teknikoek onartutako justifikazioa aurkeztu ondoren, baimena ematen ahalko da terrazaren elementu osagarriak zoruan tinkatzeko. Kasu horretan, lizentziaren titularrari eskatuko zaio berme bat eratzeko zola terraza ustiatzeko lizentzia eman aurretik zegoen egoerara itzultzen dela bermatzeko.

11.4. Fatxadan tinkatzea.

Fatxadan ordenantzaren I. eranskinean adierazitako elementuak baino ez dira tinkatzen ahalko, eta, betiere, kontuan hartuta eraikinaren jabetza eskubidea, haren elementu erkideen gaineko araubide juridikoa eta beharrezkoak diren baimenak.

11.5. Interes estetiko eta kultural bereziko eremuak.

Udalak erabakitzen ahalko du eremu batzuek, duten eraketa bereziagatik, tratamendu estetiko berezia behar dutela, hiri irudi egokia mantentzeko eta hiri paisaiari kalterik ez eragiteko.

Dituen ezaugarriengatik eta interes kulturaleko ondasun (IKO) gisa sailkatuta dagoelako, interes estetiko eta kultural berezikotzat jo da herrigune historikoa.

Eremu horretan ordenantza honen II. eranskinean ezarritako arau bereziak aplikatuko dira.

12. artikulua. Terrazen baldintza bereziak, bakoitzaren okupaziorako modalitatearen arabera.

12.1. Espaloian paratutako terrazak.

1. artikuluan esan denez, terraza espaloian paratzea lehenetsiko da galtzadan paratu baino lehen, aukera hori salbuespena baita.

Zintarria errodatze-bandaren ondo-ondoan dagoenean, ulertzen da erabiltzaileak babestuta daudela zintarriak berak eratutako irtengunea dela eta. Hala ere, kasu zehatzetan eta udalak erabakita, elementu mugatzaileak erabili beharko dira.

Espaloiaren zintarria aparkatzeko eremu baten ondo-ondoan dagoenean, gutxienez 0,50 metroko tartea gorde beharko da zintarriaren mugatik, bidaiariei irteteko lekua uzteko.

12.2. Galtzadan paratutako terrazak.

Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak paratzeko, baimena ematen ahalko da galtzada okupatzeko, establezimenduaren aurrean dauden aparkatzeko lekuak okupatuta, halakorik badago, betiere ez badago arriskurik gidarien, oinezkoen eta terrazaren erabiltzaileen segurtasunerako. Galtzada okupatzeko, establezimendu erabiltzaileei irisgarritasuna eta zolaren jarraitutasuna bermatuko dieten galtzadako gehigarriak erabiliko dira. Espaloiak behar adinako tamaina badu terraza normala paratzeko, ez da baimenik emanen galtzadan gehigarria ezartzeko.

Galtzadako gehigarriak jartzeko, egitura eramaile bat baliatuko da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.

Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak.

Egituraren neurriak ez dira inola ere izaten ahalko establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian).

Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.

Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes-elementuak edo haize-babesak jarriko dira, 10.2 artikuluko zehaztapenen eta ordenantza honen I. eranskinean adierazitako zehaztapen teknikoen arabera.

Halako terrazak jartzeko, memoria tekniko baloratu bat egin beharko da, eta, obrak egin behar badira, aurrekontu xehatua erantsi beharko da. Memoria teknikari eskudunak sinatuko du, eta bertan argi justifikatu beharko da ordenantza honetan eta haren eranskinetan ezarritako zehaztapen guztiak betetzen direla, eta azaldu beharko da zergatik eskatzen den terraza salbuespenezko kokapen horretan jartzea.

Terraza bat jartzeko lizentziaren eskabidea ezesten ahalko da, kokalekuaren baldintzen ondorioz, ez badago behar beste bermatuta erabiltzaileen, oinezkoen edo gidarien segurtasuna.

Galtzadan paratutako terrazei ezarritako segurtasun-neurriak etengabe berrikusiko dira, eta udalak segurtasun-neurri berriak ezartzen ahalko ditu, edo daudenak hobetzeko eskatzen ahalko du edo neurri osagarriak hartzen ahalko ditu, arrazoituta, ibilgailuen edo oinezkoen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa denean.

Terraza galtzadan jartzeko baimena udalak ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna bermatuta ez dagoela uste duenean baliogabetzen ahalko da, betiere justifikatuta.

12.3. Ibilgailu/oinezkoendako plataforma bakar mistoaren eremuan paratutako terrazak.

Baldintza orokorrak betetzeaz gainera, okupatutako eremua mugatuta eta babestuta egonen da, eta 10.2 artikuluan ibilgailuen zirkulazioaren aurrean segurtasuna bermatzeko ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8.1 eta 8.2 artikuluetan ezarritako oinezkoendako eta ibilgailuendako igarobidea bermatu beharko da (fatxadaren ondoan, 1,8 m-koa, edo dagoen espaloiaren zabalera, eta 3,5 m-koa ibilgailuentzat).

Ibilgailu/oinezkoendako plataforma bakar mistoa baliatu den bideetan, zirkulazio biak maila berean direnean, ulertzen da txandaka dela igarotzea, oinezkoak lehentasuna duela, eta, premisa hori kontuan hartuta, ulertzen ahalko da oinezkoendako eta ibilgailuendako eremu horiek 3,5 metroko zabaleraren barruan gainjartzen direla.

12.4. Oinezkoendako eremuetan paratutako terrazak.

Terraza oinezkoendako eremu batean badago, eta horretarako aukerak daudenean, udalak erabakita, terrazak fatxaden ondoan jartzen ahalko dira, edo oinezkoendako eremuaren erdialdean. Aukera horren alde egiteko, kontuan hartuko dira kalearen diseinua eta neurriak, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa, inguruaren baldintza estetikoak, hiri ingurumena, espazio publikoen irisgarritasuna, etab. Nolanahi ere, udalaren erabaki horrek bermatu beharko du oinezkoendako eremuak irisgarriak direla, eta bereziki zainduko du ez dela diskriminaziorik sortzen oinezkoendako eremu horietara sartzeko eta eremuak erabiltzeko, eta oinezkoendako eremu osoa zeharkatzeko aukera ematen duen oinezkoendako ibilbide irisgarri bat izan beharko da gutxienez.

12.5. Terraza establezimendutik bereizita paratzen denean, tartean galtzada dagoela.

Udalak salbuespenez ematen ahalko du halako instalazioak jartzeko baimena ibilgailuendako bideen ondoan dauden establezimenduetarako, bide horietan gehieneko abiadura 20 km/h bada. Nolanahi ere, kontuan hartuko dira dauden inguruabarrak, bereziki espazio publikoaren eraketa, eta printzipio gidariak izanen dira bide publikoaren ohiko erabileraren eta oinezkoek bide horretaz egiten duten erabilera erkidearen lehentasuna, zerbitzu publikoak modu egokian ematea, pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta hiri ingurumenaren babesa, batez ere pertsonei eragozpenak eragin diezazkieketen edo haien osasun edo ongizaterako arriskuren ekar dezaketen zaraten edo bibrazioen igorpenari dagokionez.

12.6. Jendea sartzeko murrizketarik ez duen jabari pribatuan paratutako terrazak.

Espazio publikoaren (espaloiak) dauden lur pribatuetan paratutako terrazek titulartasun publikoetako lurretan bete behar diren baldintza berberak bete beharko dituzte, eta ez ditu murriztuko ebakuaziorako, erabiltzeko segurtasunerako eta irisgarritasunerako baldintzak lizentzian jasotako jarduera egiteko erregelamenduz eskatutako gutxienekoetatik behera.

12.7. Jendea sartzeko murrizketak dituen jabari pribatuan paratutako terrazak.

Sartzeko murrizketak dituen jabari pribatuko lurretan paratutako terrazek parte diren establezimendua gaitzen duen tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, titulu horrek terraza ustiatzeko aukera jasotzen badu.

Gaitzen duen titulu horrek terraza ustiatzeko aukera jasotzen ez badu, aukera hori sartu beharko da lehenengo, gaitzen duen titulua aldatuta.

Salbuespenez, jendea sartzeko murrizketak dituen jabari pribatuko lurretan paratutako terrazen kasuan, parte diren establezimendua gaitzen duen tituluak terraza ustiatzeko aukera jasotzen ez badu, terraza jartzeko lizentzia eskatzen ahalko dute, betiere ebakuaziorako, erabiltzeko segurtasunerako eta irisgarritasunerako baldintzak behar bezala betetzen badira, lotuta duen jarduerarako erregelamenduz eskatzen diren gutxienekoen arabera. Hori dela eta, terrazak ez du ekarriko parte den establezimenduaren lokalaren edukiera handitzea, terrazak ez badu ordezko sarbide bat, establezimenduarekiko independentea, erabiltzaileak sartzeko eta ebakuatzeko.

Horrez gainera, aintzat hartu beharko dira aplikatzekoak diren hirigintzako arauetatik edo jardueraren arauetatik eratorritako baldintzak eta mugak, eta bermatu beharko da terrazaren kokapenak ez diela eragiten eraikinaren segurtasun-baldintzei, segurtasun- eta osasungarritasun-baldintza egokiak bete beharko dira eta hiri ingurumena babestu eta hobetu beharko da, batez ere pertsonei eragozpenak eragin diezazkieketen edo haien osasun edo ongizaterako arriskuren ekar dezaketen zaraten edo bibrazioen igorpenari dagokionez.

III. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

13. artikulua. Garbitasunari, higieneari, apaingarriei eta kontsumoari lotutako baldintzak.

13.1. Lizentzien titularrek betebehar hauek izanen dituzte garbitasunari, higieneari eta apaingarriei dagokienez:

a) Terrazak okupatutako espazioa eta terraza osatzen duten elementuak baldintza egokietan mantendu behar dituzte, garbitasunari, segurtasunari eta apaingarriei dagokienez.

b) Terrazako jarduerak sortzen dituen hondakinak biltzeko eta pilatzeko elementuak izan behar dituzte.

c) Terraza funtzionamenduan dagoen bitartean, ez dira pilatzen edo metatzen ahalko jardueraren berezko produktuak, materialak edo hondakinak terrazaren ondoan, bide publikoan edo terrazaren barruan.

Terraza zabalik ez dagoenean, hots, orduetatik kanpo edo oporrak direla-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazaren elementuak:

–Lokalaren jarduerarako baimendutako ordutegia bukatu ondoren, titularrak egunero kendu beharko ditu eremu publikotik honako elementu hauek: upelak eta tabureteak, 9 metro koadrotik beherako azalera babestua ematen duten eguzkitakoak (eusteko oinak barne), apaingarriak eta berogailu eramangarriak, aparatua nahiz erregai-botilak.

–Oporraldietan, titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak. Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, honako elementu hauek dute izaera hori: itxiturak, eguzki-babesak eta eguzki-oihalak. Beraz, horiek guztiak uzten ahal dira eremu publikoan. Horren ondorioz, 9 metro koadrotik gorako eguzkitakoak eta haiei eusteko oinak kendu egin beharko dira. Oporralditzat hartuko da astebetetik gorako aldia, establezimendua itxita dagoenean.

Eremu publikotik elementu horietako edozein kendu beharra titularrak gauzatuko du lokalaren funtzionamendurako ordutegia bukatu eta berehala, eremu publikotik kanpo biltegiratu beharko baitu, leku itxian, bai establezimenduan bertan bai erabilera horretarako baldintza egokiak dituen beste edozein lokaletan.

Eremu publikoan uzten ahal diren elementu guztiak modu antolatuan bildu beharko dira, betiere terrazarako baimendu den eremuaren barnean.

13.2. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honetan araututako instalazioei.

14. artikulua. Debeku orokorrak.

Arau orokor gisa, debeku da elementu hauek paratzea edo ekintza hauek egitea:

–Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.

Salbuespenez, instalazio elektrikorako baimena emanen da, baina soilik terrazak argiztatzeko, eta 11.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.

–Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo antzeko beste edozein.

–Haurrendako josteta makinak instalatzea.

–Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak, etab.).

–Ez da deus ere zoladuran edo eraikinaren fatxadan lotzen ahalko (eguzki-oihalak eta berogailu elektrikoak izan ezik; baimena emateko, aintzat hartu beharko da jabetza pribatuaren araubidea, baita beharrezkoak diren baimen guztiak ere), lizentzian horretarako aukera espresuki ezartzen ez bada behintzat.

–Kanpoaldean ez dira paratzen ahalko terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

15. artikulua. Terrazak muntatzeko, desmuntatzeko eta biltzeko lanak.

15.1. Terraza prestatzeko lanak zabaldu baino ordu erdi lehenago hasten ahalko dira goizenez, eta desmuntatze-lanak terraza ixteko ezarritako ordua bete eta ordu erdi pasatu baino lehen amaitu beharko dira.

Ez da terrazaren funtzionamenduaren ordutegiaren barruan sartzen bezeroekin eragiketak egiteko erabiltzen den denbora, baina itxiera ordutik hamabost minutu erabili izanen dira gehienez. Bezeroei ez zaie utziko terrazara sartzen itxiera-ordutik aurrera, eta hamabost minutuko tarte horretan ez zaie beste edaririk edo jatekorik ateratzen ahalko bezeroei.

Une horretatik aurrera hasiko da terrazak okupatutako espazio biltzeko eta garbitzeko lana. Behar izanez gero, beste 15 minutu erabiltzen ahalko dira, baina terraza erabat hutsik eta bilduta egon beharko da ixteko gehieneko ordutegia bete eta 30 minutu pasatu baino lehen.

15.2. Terrazaren funtzionamendurako ordutegia amaitu ondoren, altzariak eta elementu osagarriak lokalaren barrualdean gorde beharko dira edo terrazak okupatutako espazioan pilatuko dira, ahalik eta azalerarik gutxien okupatuta, oinezkoen bidean eragin gutxien duen lekuan eta eremuan inpaktu estetiko txikiena sortuta. Horrez gainera, ordenantza honen 13. artikuluan araututako produktuen pilaketari buruzko araubidea bete beharko da.

Laneguna amaitzean, eguzki-oihalak haien egituretan bilduta edo tolestuta utzi beharko dira.

16. artikulua. Hiri ingurumenaren gaineko eragina eta kutsadura akustikoa.

16.1. Ordenantza honen 5. artikuluan araututakoa kontuan hartuta, lizentziaren titularrak izanen dira terrazen erabileraren erantzuleak, eta eskura dituzten bitartekoak erabili beharko dituzte establezimenduko erabiltzaileek auzokideei eragozpenik ez sortzeko. Titularraren betebeharra izanen da terraza ixtea erabiltzaileek auzokideei eragozpenak sortzen badizkiete, baita terrazako erabiltzaileek edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpora ateratzea saihestea ere.

16.2. Bereziki, terrazetan gauzatzen den jarduerek zarata edo bibrazioak sorrarazten dituzten jardueren arloko araudia bete beharko dute (135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena, edo dekretu hori ordezteko ematen den araudia), eta, aplikatzekoa den alderdietan, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea ingurumen-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuan eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako ingurumen-zarataren mailak bete beharko dira.

Horri dagokionez, 11. artikuluko baldintza orokorrak, 14. artikuluan oro har araututako debekuak eta ordenantza honen eranskinetan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dira.

16.3. Jarduerak garatzean, jarduera horiek pertsonei eragin diezazkieketen eragozpenak edo pertsonen osasunerako edo ongizaterako ekar ditzaketen arriskuak saihestu beharko dira, terrazaren kokapena publikoa zein pribatua izan.

17. artikulua. Segurtasuna eta bermeak.

17.1. Terraza bat ustiatzeko lizentzia emateko, ezinbesteko baldintza izanen da terrazari dagokion establezimenduaren titularrak establezimendu nagusiaren erantzukizun zibileko aseguru baten eta sute-aseguru baten poliza izatea, indarrean, berariaz estaltzen duena terrazaren jarduera, araudian ezarritakoarekin bat. Bermeen estaldura 300.000 eurokoa izan behar da, eta aseguruan jarduera osoaren arriskuak, terrazakoak barne, sartu behar dira. Edo, bestela, terrazan egiten den jarduerarako aseguru-poliza bat izan behar du, zeinaren bermeen estaldura 100.000 eurokoa izanen baita. Poliza horren estalduraren barruan, terrazaren instalazioak, bertan egindako jarduerak eta espazio horretan lan egiten duten langileek bertan daudenei eta hirugarrenei eragin diezazkieketen kalteak sartu behar dira.

Adierazitako estaldurak dituen aseguru-poliza indarrean izateko baldintza terraza jartzeko lizentzian sartuko da lizentziak efikazia izateko betekizun gisa, eta ez betetzeak lizentzia azkentzea ekarriko du, ordenantza honen 26. artikuluarekin bat.

17.2. Terrazak ustiatzeko lizentzien titularrek lizentzia eman aurretik zegoen egoeran utzi beharko dute bide publikoa, lizentzia ordenantza honetan ezarritako edozein arrazoi dela bide azkentzen denean, eta terrazaren funtzionamenduak eragindako kalteak eta terrazan jarritako elementu osagarrien ainguraketek eragindako kalte guztiak konpondu beharko dituzte.

Horretarako, berme bat eratu beharko da jabari publikoan eta haren instalazioetan eragin daitezkeen narriadurak konpontzeko. Bermearen zenbatekoa lurzoruan okupatutako metroko hamar eurokoa (10,00 euro) izanen da, udalak, arrazoituta, beste zenbateko bat ezartzen ez badu.

Edonola ere, lizentziaren titularrak ordaindu beharko ditu eragindako kalteak konpontzeak sortutako gastu guztiak, eta gorago aipatutako bermeak ez du mugatuko eragindako kalteen ondoriozko erantzukizuna.

Terraza ustiatzeko lizentzia eskualdatzen bada, titular berriak bermea eratu beharko du, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorrita. Bermea eratzea ezinbesteko baldintza izanen da lizentziaren eskualdaketa eraginkorra izan dadin, eta titulartasunaren aldaketa jakinarazten denean egiaztatu beharko da bermea eratu dela.

Udaleko zerbitzu teknikoek zolan konpontzea behar duten kalterik ez dagoela egiaztatzen dutenean itzuliko da bermea.

18. artikulua. Terrazen funtzionamendurako ordutegiak.

18.1. Terrazak erabiltzeko ordutegia ez da inoiz izanen establezimendu nagusirako ezarritakoa baino luzeagoa.

Terrazari dagokion establezimenduak baimendua duen gehieneko ordutegia goiti-beheiti, terraza erabiltzeko ordutegia 8:00etatik 23:00etara artekoa izanen da. Larunbat, igande eta jai bezperetan, beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

Herriko bestetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

18.2. Ordutegiaren muga hori ez zaie aplikatuko jendea sartzeko murrizketak dituzten espazio pribatuetan dauden terrazetan, behar bezala gaituta badaude dagokien gaikuntza tituluaren bidez (jarduerarako lizentzia, irekitzeko lizentzia, aldez aurreko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena, hala dagokionean), betiere titulu horretan jasota badago terraza ustiatzeko aukera. Kasu horietan, terrazek dagokien establezimenduaren ordutegian garatzen ahalko dute beren jarduera.

18.3. Udalak terrazen funtzionamendurako ordutegia murrizten ahalko du establezimendu publiko ugariko eremuetan, gehienbat bizitegi-erabilera duten eremuetan, ingurumenaren aldetik babestuta dauden eremuetan edo zarataz saturatuta daudela deklaratutako eremuetan daudenean, auzokideen atsedenerako eskubidea bermatzeko.

19. artikulua. Argitaratzeko betebeharrak.

Erabiltzaileek eta udal agintaritzak ikusteko moduan jarriko dira prezioen zerrenda eta terrazaren planoa, terrazaren gehieneko edukierarekin batera, establezimenduaren kanpoaldetik argi ikusteko eran, dela atean dela itxitura beiraztatuetan; informazio hori altuera egokian jarriko da, ongi argiztatuta. Udal agintaritzak dokumentu eredu bat ezar dezake, establezimenduek ikusgai jartzeko.

Halaber, terrazaren baimen agiria, xehetasun planoa eta/edo proiektu teknikoa, eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere udal agintarien eskura eta erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan.

IV. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazen araubide juridikoa

20. artikulua. Udal lizentziari lotzeko eta erantzukizunpeko adierazpenari lotzeko araubidea.

20.1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak lehen aldiz paratu eta ustiatu baino lehen, udalaren lizentzia beharko da. Doneztebeko Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori. Ez da eskatuko udal lizentzia jendea sartzeko mugak dituzten espazio pribatuetan dauden terrazetan, behar bezala gaituta badaude dagokien gaikuntza tituluaren bidez (jarduerarako lizentzia, irekitzeko lizentzia, aldez aurreko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena, hala dagokionean), betiere titulu horretan jasota badago terraza ustiatzeko aukera. Kasu horietan, gaikuntza titulu horretan ezarritakoa bete beharko dute terrazek.

Halaber, aldez aurretik udal lizentzia lortu beharko da terrazak edo beste elementu batzuk eta haien elementu osagarriak jartzeko eta terrazak ustiatzeko, aurretiaz zegoen lizentzia bat baliogabetu, iraungitzat jo, deuseztatu edo azkendu denean.

20.2. Terraza jarri eta ustiatzeko lizentziak soilik emanen dira irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuan taberna, kafetegi, jatetxe, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa katalogatutako establezimenduetarako eta “kafe-dastalekuak” deritzen establezimenduetarako. Taberna, kafetegia, jatetxea edo antzeko zerbitzuren bat duten kirol instalazioetan, zerbitzu horien espazioari lotuta jarri eta ustiatzen ahalko da terraza, eta zerbitzu horiek arautzen dituen araubidean eta gaikuntza tituluetan ezarritakoa bete beharko dute instalazioek.

20.3. Erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da lizentzia urtero berritzeko, baita aginduzko lizentzia lortu duten terrazen ezaugarriak, elementuak eta antolaketa aldatzeko edo elementuak gehitzeko ere.

21. artikulua. Terraza jartzeko eta ustiatzeko lizentzia emateko eskabidea.

Terraza jartzeko eta ustiatzeko udal lizentzia lortzeko, interesdunak eskabidea aurkeztu beharko du udal erregistroan, eta alderdi hauek agerraraziko ditu:

a) Eskatzailearen izena eta bi abizen. Lizentzia eskatzeko xede den terrazari dagokion establezimendu nagusiaren jarduerarako lizentziaren eta/edo irekitzeko lizentziaren titularra izan behar da eskatzailea.

b) Titularraren datuak: helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokapena.

d) Terraza eratzen duten elementuak, ordenantza honen I. eranskinean ezarritako sailkapenarekin bat etorrita.

e) Memoria idatzia eta dokumentazio grafikoa, honako hau jasotzen duena:

–Planoa edo planoak, eskala egokian, non hauek definitu eta mugatuko baitira: terrazak okupatutako azalera, oinezkoak eta ibilgailuak igarotzeko bideen zabalerak. Planoetan argi ikusi beharko da terrazaren kokapenak ez dituela oztopatzen edo mugatzen erabiltzaileak lokalera sartzeko bideak eta ebakuaziorako bideak.

Planoan, elementu guztien (mahaiak, aulkiak, haize-babesak eta abar) kokapena zehaztuko da eta, oztoporen bat badago (trafiko seinaleak, zuhaitzak, hiri altzariak eta abar), islatu eginen du, baita udal zerbitzuetan izan daitekeen eragina ere (ura, saneamendua, gasa).

–Terrazaren elementu guztien deskribapena.

–Terrazako elementuak eremu publikotik kendu behar direnean, titularrak haiek gordetzeko erabiliko duen establezimenduaren eta bertan erabiliko duen espazioaren deskribapena.

f) Terraza beste establezimendu baten parean ezartzeko eskaera egiten denean, haren titularraren baimen berariazkoa.

g) Terraza erabilera publikoko espazio pribatuak okupatuz ezartzeko eskaera egiten denean, lurraren jabetza egiaztatzen duen agiria edo espazioa erabilera pribatiborako gaitzen duen titulu juridikoa.

h) Aginduzkoa den erantzukizun zibileko asegurua harpidetu izanaren frogagiria. Bermeen gutxieneko estaldura 300.000 edo 100.000 eurokoa izan behar da, estaldurak bere barnean hartzen duenaren arabera (establezimendu osoa, edo terrazaren jarduera baino ez), eta terraza eta haren ustiapena aseguratu behar ditu.

i) Ordenantza hau aplikatuz beharrezkoa den kasuetan, nahitaezko fidantza edo bermea jarri izanaren frogagiria.

j) Ordenantza hau aplikatzeko beharrezkoa den kasuetan, memoria tekniko baloratua edo proiektu teknikoa, teknikari eskudunak sinatua.

22. artikulua. Lizentzia emateko prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.

22.1. Prozeduraren instrukzioan izapide hauek eginen dira:

a) Terraza jabetza horizontalari lotutako eraikin batean dagoen lokal batena denean, jabeen erkidegoari jakinaraziko zaio, alegazioak aurkez ditzan 10 eguneko epearen barruan.

b) Txosten tekniko bat eginen da, non kontuan hartuko baitira terrazaren kokapenarekin eta bertan jarri nahi diren elementu eta altzariekin zerikusia duten gai guztiak. Txosten horretan, hautemandako hutsuneak edo gabeziak zuzentzeko edo murrizteko behar diren neurriak proposatzen ahalko dira.

Terraza bizitegi-eremu batean jarri nahi denean, txosten teknikoak ingurumenaren arloko neurri zuzentzaile gisa proposatzen ahalko du ordutegia murriztea edo beste neurri zuzentzaile batzuk, baita instalazioa debekatzea ere, baldin eta jarduera horren ondorioz etxebizitzei ezinbestean baimendutako mugen gainetik dauden zarata-mailak eragiten bazaizkie edo hiri ingurumenari eragiten bazaio, bereziki zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerei eta jarduera horiek pertsonei eragin diezazkieketen eragozpenei edo haien osasunerako edo ongizaterako ekar ditzaketen arriskuei dagokienez, lehenengo instalazioa edo legeztapena denean, aintzat hartu gabe kokalekuaren izaera publikoa edo pribatua, betiere justifikatuta badago eskatutako jarduera egiteak eragin negatiboa duela eskubide horien gainean eta ezinezkoa dela neurri zuzentzailerik hartzea eragin hori murrizteko.

22.2. Terraza bat ustiatzeko lizentzia emateko prozedura hiru hilabeteko epearen barruan ebatzi eta jakinarazi beharko da, eskabidea aurkezten den datatik zenbatuta. Hala badagokio, kontuan hartuko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorrita gertatu ahal diren ebazteko epearen zenbaketa eteteko aldiak.

Udalak lizentziaren eskatzaileak egiten duen jarduera terraza jarri eta ustiatzeko lizentziaren xede den jarduerarekin bat ez datorrela dakienean, ezetsi edo ukatu eginen du eskabidea. Lizentzia ukatuko da, halaber, Iruñeko Udalarekin zorren bat izanez gero edo udal horrekiko tributu edo zerga betebeharrak bete ez badira.

22.3. 39/2015 Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorrita, ondorio hauek izanen ditu adierazitako epean ebazpenik ez emateak:

a) Jabari eta erabilera publikoko lurretan jarri nahi diren terrazak edo titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko lurretan jarri nahi diren terrazak ustiatzeko lizentzia emateko eskabideen ondoriozko prozeduretan, adierazitako epean ebazpen espresurik eman ez bada, balio ezeslea izanen du, inguruabar hauek direla eta:

–Jabari eta erabilera publikoko lurretan jarri nahi diren terrazak ustiatzeko lizentzia emateko eskabideen ondoriozko prozeduretan, baiestearen ondorioz eskatzaileari jabari publikoaren gaineko ahalmenak transferituko litzaizkiokeelako.

–Titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko lurretan jarri nahi diren terrazak ustiatzeko lizentzia emateko eskabideen ondoriozko prozeduretan, baiestearen ondorioz hiri ingurumenean eragina duen jarduera egiteko aukera emanen litzatekeelako.

b) Jendea sartzeko murrizketarik ez duten espazio pribatu irekietan jarri nahi diren terrazak ustiatzeko lizentzia emateko eskabideen ondoriozko prozeduretan, adierazitako epean ebazpen espresurik eman ez bada balio baieslea izanen du, betiere 21. artikuluan adierazitako agiri guztiak aurkeztu badira eta ordenantza honen 22.2 artikuluan ukatzeko edo ezesteko ezarri diren arrazoiak ematen ez badira.

23. artikulua. Lizentziaren edukia eta ondorioak.

23.1. Terraza jartzeko eta ustiatzeko lizentzia emateak eta, jabari eta erabilera publikoko espazio bat okupatzen denean, tasa ordaintzeak titularrari ahalmena ematen dio lizentzian baimendutako terrazako elementuak jartzeko, terraza baimendutako erabileren arabera ustiatzeko eta lizentzian zehaztutako espazio publikoaren zatia erabiltzeko.

Lizentziaren agirian hauek finkatuko dira: instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak, okupatu ahal den azalera eta baimenean ezarritako espazioaren neurriak, emakidaren indarraldia, terrazaren edukiera (ez da izaten ahalko terrazaren azaleraren eta bertan jartzen diren altzarien eta elementuen arabera baimendutako gehieneko edukiera baino handiagoa), funtzionamendurako ordutegia, kokalekua, baimendutako elementuak (kopuruak eta ezaugarriak barne), eta erabilera baldintzatzen duten mugak eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako zehaztapenak.

23.2. Lizentziak behin-behinekoa izanen dira beti eta udal agintaritzak lizentziak baliogabetu, eta baimendutako instalazioak desegiteko eta eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko –publikoa edo udalarena– beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela. Bereziki, hala erabakitzen ahalko du bateraezinak direnean gerora onetsitako baldintza orokorrekin, kalteak sortzen dituztenean jabari publikoan, interes publiko handiagoko jarduerak egitea eragozten dutenean edo erabilera orokorra gutxitzen dutenean, baita lizentzian bertan ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan definitutako baldintzak, betebeharrak eta debekuak betetzen ez direnean ere.

23.3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

Lizentzia emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu eginen direla bermatu beharko da.

23.4. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, lizentzia baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

Aldameneko eraikinean edo establezimenduaren eraikin berean jarritako aldamioek eta/edo markesinek terrazari eragiten diotenean, udal agintaritzak ezezkoa eman diezaioke terrazaren instalazioari.

23.5. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

23.6. Lizentziak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

24. artikulua. Lizentzien indarraldia.

24.1. Terrazak jarri eta ustiatzeko udal lizentziak hamabi hilabeteko indarraldia izanen dute gehienez, eta inola ere ez dira izanen ematen diren urte naturala baino luzeagoak. Horrez gainera, kontuan hartu beharko da ordenantza honetan lizentzia berritzeko ezarritako araubidea. Indarraldi hori, betiere, etenik gabekoa izanen da.

Terrazaren lizentzia berritzeko izapidea egiten ez bada, terraza jarri eta ustiatzeko lizentzia berri bat eskatu beharko da.

24.2. Indarraldia amaitu ondoren, titularrak hurrengo ekitaldirako lizentzia berritu ez badu, instalazioa osorik kendu beharko da, eta aurretiaz zegoen egoeran utzi beharko da okupatutako eremua, eta jabari publikoaren ukipen edo narriaduraren gaineko erantzukizunaren araubidea eta ordenantza honetan araututako gainerako erantzukizunak aplikatuko dira.

25. artikulua. Lizentziak berritzeko eta aldatzeko erantzukizunpeko adierazpena.

25.1. Terrazak jarri eta ustiatzeko udal lizentziak urtero berritu beharko dira, eta, horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da urte natural bakoitzeko azken bi hilabeteen barruan. Adierazpenarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Adierazpena, non interesdunak adieraziko baitu lizentzia berritu nahi duela eta terraza bat datorrela aurretiaz eman zitzaion lizentziarekin.

b) Erantzukizun zibileko asegurua berritzeari dagokion aldi guztian indarrean dagoela egiaztatzen duen agiria, eta, aldi hori amaitu baino lehen iraungitzen bada indarraldia, poliza berritzeko konpromisoa, estaldurak terraza funtzionamenduan dagoen aldia osorik har dezan.

c) Hala dagokionean, jabari publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa ordaindu dela egiaztatzen duen agiria.

Lizentzia berritzeko erantzukizunpeko adierazpena adierazitako epearen barruan aurkezten ez bada, lizentzia ondoriorik gabe geratuko da urte naturalaren amaieran.

25.2. Terrazak jarri eta ustiatzeko udal lizentzian baimendutako elementuak, neurriak, ezaugarriak eta gainerako eduki teknikoak aldatzeko, udalari jakinarazi beharko zaio, aldaketak egin aurretik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta. Erantzukizunpeko adierazpen horretan aldaketak definitu beharko dira, eta ordenantza honetan araututako edukiak eta baldintzak betetzen direla frogatu.

25.3. Udalak egiaztatu eginen ditu lizentziak berritzeko eta aldatzeko erantzukizunpeko adierazpenetan sartutako datuak, hilabeteko epean, adierazpena aurkezten denetik zenbatuta.

Egiaztapenaren emaitza aldekoa bada, organo eskudunak jasoko du eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Kontrakoa bada, ikusitako akatsak zuzentzeko epe bat ematen ahalko zaio interesdunari, edo, arrazoi funtsatuak egonez gero, jarduera bertan behera uzteko agindua emanen da akatsak zuzendu arte, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluarekin bat.

26. artikulua. Terraza ustiatzeko lizentzia azkentzea edo etetea.

26.1. Terrazak jartzeko eta ustiatzeko lizentziak hauetakoren bat gertatuz gero azkenduko dira:

a) Azkendutzat jotzen bada, titularrak lizentziari lotutako baldintzak ez dituelako bete.

b) Baliogabetu bada, kasu hauetan:

–Lizentzia ematea ekarri zuten inguruabarrak desagertzen direnean, edo. lizentzia emateko unean egon izan balira, lizentzia ukatzea justifikatuko luketen beste batzuk sortzen direnean.

–Udalak irizpide berriak ezartzen dituenean, terrazak instalatzeko, jabari publikoa okupatzeko baimena emateko.

–Ordenantza honetan xedatutakoarekin bat ez datorrenean, xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

–Establezimendu nagusiak terrazaren jarduera berariaz estaltzen duen erantzukizun zibileko aseguruaren eta sute-aseguruaren poliza harpidetu ez duenean eta indarrean ez dagoenean.

c) Lizentzia emateko egintza administratiboa deuseza bada, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

d) Terrazak lotuta duen lokalaren funtzionamendura lizentzia azkendu bada, edo, kioskoei lotutako terrazen kasuan, jabari publikoko baimena edo emakida azkendu bada.

e) Berritu ez bada.

f) Titularrak eskatu badu.

g) Arau-hauste bat egin bada, eta haren ondoriozko zehapena lizentzia azkentzea bada.

26.2. Terraza ustiatzeko lizentzia azkendu ondoren, jarduketa hauek egin beharko dira:

a) Lizentziaren titularrak 96 orduko epea izanen du, gehienez, terraza eta dituen elementu osagarri guztiak desmuntatzeko.

b) Jabari eta erabilera publiko lurretan dauden terrazetan, libre eta oztoporik gabe utzi beharko da terrazak okupatutako jabari publikoko espazioa.

c) Udaleko zerbitzuek egiaztatuko dute zer egoeratan dagoen jabari publikoa terraza kendu ondoren.

Interesdunari egiaztapena eginen den egun eta orduaren berri emanen zaio, egintza horretan egoteko aukera izan dezan, zuzenean edo behar bezala egiaztatutako ordezkari baten bidez. Egiaztapenaren emaitza akta batean jasoko da:

–Konpondu beharreko kalterik ez badago, inguruabar hori jasoko da aktan, eratutako bermea itzultzeko.

–Hala ez bada, ikusitako kalteak adieraziko dira eta konpontzeko egin behar diren jarduketak zehaztuko dira, baita jarduketa horiek egiteko epea ere.

d) Interesdunak ez badu desmuntatzen jabari publikoan kokatutako terraza a) apartatuan adierazitako epean, udalak desmuntatzeko agindua emanen du, interesdunaren kontura.

26.3. Lizentzia baten ondorioak eteten badira, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da. Lurzorua lizentzian baimendutako erabilerarako benetan erabiltzea eragozten duten interes publikoko inguruabarren ondorioz (hala nola prozesioak, obrak, ekitaldi publikoak, larrialdiko egoerak edo interes orokorreko beste batzuk), aldi baterako eteten denean lizentzia, ez da aplikatuko jabari publikoan eragindako kalteekin lotutako erantzukizunaren araubidea aldi baterako etetea kendu ondoren terrazako elementuak berriro jartzen direnean kalterik eta akatsik ikusi ez bada.

II. ATALA

Egoeraren berrezarpena eta zehapen araubidea

27. artikulua. Etengabeko ikuskapenarekiko lotura eta administrazioaren jarrera ordenantzaren kontrako jarduketen aurrean.

27.1. Udalak etengabe ikuskatuko ditu terrazak, ordenantza honetan jarduera egiteari buruzko eta gainerako manuei buruz ezarritako arauak behar bezala betetzen direla bermatzeko, eta neurri zuzentzaileak ezartzen ahalko ditu. Halaber, ordenantza honetan eta ordenamendu juridikoan egoera berrezartzeko ezarritako gainerako arauak behar bezala betetzen direla zainduko du, egiaztatzen bada terraza ustiatzeko baldintzek ez dutela behar bezala bermatzen segurtasunaren, osasungarritasunaren, apainduraren eta hiri ingurumenaren babesa.

27.2. Ordenantza honetan xedatutakoa urratzen bada edo betetzen ez bada, jarduketa administratiboak eginen dira egoera emandako lizentzian ezarritakoaren arabera edo ordenantza honetan xedatutakoaren arabera berrezartzeko. Halaber, zehapenak jartzen ahalko dira arau-hauste administratiboa diren jokabideen aurrean.

Aurrekoa gorabehera, Administrazioak kalte-ordaina eskatzen ahalko du ondasun edo zerbitzu publikoetan egin ahal izan diren kalteengatik.

27.3. Legezkotasuna berrezartzeko jarduketa administratiboen helburua da ordenantza honen xedapenak urratu dituen jarduketa egin baino lehenago egoera berrezartzea eta ez dute izaera zehatzailerik. Halaber, haien xedea da terraza ustiatzeko lizentzia bat azkendutzat jotzea edo lizentziaren ondorioak etetea. Hortaz, ez dute loturarik egindako jarduketaren ondorioz zehapenak ezartzearekin.

27.4. Zehapen jarduketa administratiboen xedea da interesdunari arau-hausteen ondoriozko erantzukizun administratiboa galdatzea, haren jokabidea zuzentzeko eta jokabidea ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa izan dadin.

28. artikulua. Erantzuleak.

Administrazioaren aurrean, ordenantza hau urratzen duten edo harekin bat egiten ez duten jarduketen erantzule izanen dira terrazak lotuta dauden establezimenduetan jarduera egiteko lizentzien titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak.

29. artikulua. Errekerimendua eta behin-behineko neurriak.

29.1. Terraza baten egoera emandako lizentziaren araberako ez dela ikusten bada edo ordenantza honetan xedatutakoarekin bat egiten ez duela ikusten bada, udalak errekerimendua eginen dio lizentziaren titularrari, 48 orduko epearen barruan, beranduenez, terrazaren egoera lizentzian edo ordenantzaren xedapenetan ezarritakora egokitu dezan.

29.2. Lizentziak ez badu betetzen errekerimenduan eskatutakoa, Administrazioak agindua emanen du terraza lizentzian edo ordenantzaren xedapenetan ezarritakora egokitzeko, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu. Kostua interesdunaren kontura izanen da.

29.3. Errekerimenduarekin batera, edo geroagoko edozein unetan, Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluarekin bat.

29.4. Halaber, agintari eskudunak eta agintaritzaren agenteek edo ordezkariek Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen Foru Legearen (2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa) 14. eta 15. artikuluetan ezarritako segurtasun-neurriak hartzen ahalko dituzte, jarduera etetea eta hustea barne, artikulu horietan araututako betekizunak ematen direnean.

30. artikulua. Udal lizentziarik gabeko terrazak edo instalazioak.

30.1. Udalak agindua emanen du lizentziarik ez duten terrazak eta gainerako instalazioak ustiatzeko jarduera bertan behera uzteko, interesdunari entzunaldia eman ondoren, hiru (03) egunekoa, eta, aldi berean, errekerimendua eginen dio interesdunari lizentzia eska dezan, bi hilabeteko epearen barruan, beranduenez.

30.2. Lizentziarik gabeko terraza bat jabari publikoa titulu legitimatzailerik gabe okupatzea dakarren egoera bat da, eta, hortaz, Administrazioak jabari publikoaren edukitza berreskuratzeko eta legezkotasuna berrezartzeko duen ahala egikarituko du. Horrez gainera, jarduera eteteko aginduarekin batera, interesdunari entzunaldia eman ondoren, terraza eta hura osatzen duten elementu guztiak kentzeko agindua ematen ahalko du, kautelaz eta berehala, eta kentzen diren elementuak konfiskatu eta gordailuan uzten ahalko ditu, eta interesdunek ordaindu beharko dituzte elementu horiek kentzeak eta udalaren lokaletan gordetzeak eragindako kostuak. Jabeak lokal horietan berreskuratzen ahalko ditu, dagozkion gastuak eta kalte-galerak ordaindu ondoren. Horrek ez du eragotziko erregelamenduz ezarritako zehapenak jartzea.

Artikulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira udalaren lokaletan. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

30.3. Terrazak edo bestelako elementuak emandako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintariak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, kautelazko eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

30.4. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

31. artikulua. Arau-hausteak.

31.1. Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen Foru Legeak (2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa) eta sektoreko gainerako araudiak tipifikatutako arau-hausteen ondorioz, arau horietan xedatutakoaren araberako zehapenak jarriko dira.

Horrez gainera, ordenantza honetan xedatutakoaren arau-haustetzat jotzen dira haren xedapenen kontrako egintzak edo ez-egiteak, hurrengo artikuluan tipifikatutakoak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluarekin bat.

Ordenantza honen arau-hauste zehatzen tipifikazioa legitimatzen duen titulua da, 7/1985 Legearen 139. artikuluarekin bat, terrazak ustiatzeko jarduerak auzokideen bizikidetza harremanetan eta azpiegitura eta espazio publikoen erabileran duen eragina.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.

31.2. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Hasteko edo ixteko orduak hogeita hamar minutu baino gutxiagoz ez betetzea.

b) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditu gabe.

c) Mahaiak, aulkiak edo elementu osagarriak baimendutako lekutik kanpo kokatzea, baimendutako terrazaren mugetatik irten gabe, eta baimendutako elementuen kopurua eta bolumena gainditu gabe.

d) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk eremu baimendutik kanpo edukitzea tolestuta, pilatuta edo bilduta.

e) Betebehar hau ez betetzea: erabiltzaileek eta udal zerbitzuek ikusteko moduan edukitzea bai terrazako jarduerarako udal baimena, bai ordenantza honek xedaturiko informazio osagarria.

f) Lizentziaren agiria eta xehetasun planoa ez aurkeztea agintaritzako agenteei edo funtzionario eskudunei, hala eskatzen diotenean.

g) Terraza edo hura osatzen duten elementuak txarto jartzeagatik hiri altzarietako elementuetan kalteak eragitea, edo terrazaren funtzionamenduak zuzenean eragindako kalteak sortzea, astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez direnean garrantzi txikikoak direlako.

h) Betebehar hau ez betetzea: terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten zoruko markak beti agerian edukitzea edo, argi ikusten ez badira, udal agintaritzari abisatzea.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, baldin eta astuntzat edo oso astuntzat jotzeko kasuak ez badira.

31.3. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Hasteko edo ixteko orduak hogeita hamar minutu baino gehiagoz eta ordubete baino gutxiagoz ez betetzea.

c) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak %30 edo gutxiago gainditzea.

d) Jabari publikoko azalera bat okupatzea edo baimendutako edukiera gainditzea, gainditutako %30etik beherakoa denean.

e) Terrazak eta/edo ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea nahitaezko udal lizentzia edo baimena eskuratu baino lehen.

f) Funtzionamendu ordutegitik kanpo, bide publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea eremu baimenduaren barnean nahiz handik kanpo.

g) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditurik.

h) Desobeditzea, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean, udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzeagatik.

i) Araudian espazioen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

j) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea kontserbazioari, apaindurari, segurtasunari eta higieneari dagokienez.

k) Hiri altzariak edo baimendu gabeko beste euskarriren bat erabiltzea terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

l) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen astunak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

31.4. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.

b) Hasteko edo ixteko orduak ordubete baino gehiagoz ez betetzea.

c) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak edo/eta beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako eta saneamenduko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipoak, josteta makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak, etab.).

d) Erre daitezkeen instalazioko elementuak (berogailuak, erregai botilak, plastikozko mahai eta aulkiak eta abar) tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea, eremu baimenduaren barnean edo handik kanpo, edozein ordutegitan.

e) Terraza ustiatzean, eragin larria, berehalakoa eta zuzena izatea auzokideen lasaitasunean edo osasungarritasun publikoan, betiere Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan edo aplikatzekoa den sektoreko beste edozein arauditan tipifikatuta ez dauden jokabideak badira.

f) Terrazaren instalazioaren eta funtzionamenduaren ondorioz, hiri altzariei edo jabari publikoari kalte handiak eragitea, kaltetutako elementuak ordeztu behar badira.

g) Okupatutako jabari publikoaren azalera edo gehieneko edukiera gainditzea, baimendutako azaleraren edo edukieraren %30 baino gehiago.

h) Okupatutako jabari publikoaren azalera gainditzea, eta oinezkoek espazio publikoa behar bezala erabiltzea eragoztea, espazio publikoen irisgarritasunerako baldintzak murriztuta edo zerbitzu publikoen edo hiri altzarien elementuen funtzionamendu normalean kalte larria edo garrantzitsua eraginda.

i) Desobeditzea, osorik edo partez, instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko agindua, udal agintaritzak hala agindu duenean trafikoari, urbanizazioari, interes orokorrari edo udal interesari lotutako arrazoiengatik, edo lizentziaren indarraldia azkendu denean.

j) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

k) Bide publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

l) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako bide publikoan paratuta dauden elementuak, edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasunerako elementuak.

m) Bide publikoko lurzorua okupatzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten argitalpen edo elementuekin, edo hiri ingurunea narriatzen dutenekin.

n) Emakidaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

o) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

32. artikulua. Zehapenak.

32.1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60 euro eta 600 euro arteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 601 euro eta 1.500 eurora arteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunak: 1.501 euro eta 3.000 euro arteko isuna.

32.2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteen zehapen prozedurak tramitatuko dira polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzan xedatuaren arabera, eta, halakorik ez badago, zehapenen arloko araudian eta administrazio prozeduran ezarritakoaren arabera.

32.3. Ordenantza honetan ezarritako diru bidezko zehapenak alde batera utzi gabe, ordenantza honetan arau-hauste astun eta oso astuntzat jotakoak egiteak berekin ekar ditzake zehapen osagarri hauek:

a) Lizentzia aldi baterako etetea, eta, ondorioz, legitimatzen dituen jarduerak aldi baterako etetea, gehienez urte baterako.

b) Lizentzia ezeztatzea.

32.4. Zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko da erruduntasun gradua edo egiteko asmorik izan den, arau-haustea behin eta berriro edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak izan diren eta urte batean gisa bereko beste arau-hausteren bat egin ote den, honela deklaratua baldin bada ebazpen irmo baten bidez. Halaber, aintzat hartuko da arau-haustea eginda zer etekin lortu den.

32.5. Zehapenak ezartzeko, prozedura bat izapidetu beharko da, behar den prozedura ireki eta haren instrukzioa egin ondoren; hura bideratuko da administrazio prozedura erkideari buruzko legeria orokorraren arabera.

Hasteko erabakian agintzen ahalko da beharrezkoak diren behin-behineko neurriak hartzeko, etor litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatu beharrez, hala nola legez kanpoko muntadurak kentzea edo haren funtzionamendua etetea.

33. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

33.1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

33.2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

33.3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, horiek ez dira arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

34. artikulua. Preskripzioa.

34.1. Arau honetan xedaturiko arau-hausteei dagokienez, oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita.

34.2. Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

V. TITULUA

Bestelako xedapenak

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek sei hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Terrazetako altzarien eta elementu osagarrien baldintza teknikoak eta estetikoak.

Adiera zabalean ulertu behar da “terraza” kontzeptua, hor hainbat tipologia sartuta (zenbait mota eta neurritako mahai eta aulkiak dituztenak, upelak eta tabureteak, elementu mugatzaileak, eguzki-oihalak dituztenak edo ez dituztenak). Edonola ere, ordenantza hau aplikatzean, bakarrik baimendu ahalko dira ordenantza honek aipatzen dituen terraza elementuak dituzten instalazioak, eta elementu horiek Udalean aurkeztutako baimen eskaeran agertu beharko dira eta eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

1.–Terrazetako elementuak.

Oro har, bakar-bakarrik honako elementu hauek eratzen ahal dituzte terrazak: mahaiak eta aulkiak, bankuak, upelak eta tabureteak, babes elementuak eta haize-babesak, itxiturak, apaingarriak, eguzki-babesak edo eguzkitakoak, eguzki-oihalak, berogailuak eta espaloi handitzeak.

Terraza eratzen duten elementuen arabera, titularrak eskaeran adieraziko du zer elementuk osatuko duten bere instalazioa, eta ez du beste elementu bat gehitzen ahalko, udal baimen osagarria lortu bitarte.

Salbuespenezko kasuetan, aurrekoak ez bezalako terraza elementuak paratzen ahalko dira, titularrak dagokion eskaera aurkezten badu, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoarekin, hartan garbi adierazten dela elementu horren ezaugarriak eta helburua.

Terrazako elementu bat ere ez da zoladuran itsasten ahalko, salbuespenezko baimen berariazkoa lortzen ez bada behintzat; beraz, elementu guztiak eramangarriak edo erraz desmuntatzekoak izanen dira, kasuen arabera.

2.–Definizioak.

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke, hala nola mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, itxitura iraunkorrak dituztenak edo halakorik ez dutenak, edo bakarrik upel eta tabureteez osatuak. Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko. Haien arteko desberdintasunak egitekoan ikusi behar da eserlekuak pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak) izaten ahal direla, eta zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko diseinatuak (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Babesteko elementuak eta haize-babesak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko diren elementuak, establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Itxiturak: kontzeptu honetan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura eramaile batek eratutako elementuak, terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzeko badira, erraz desmuntatzeko modukoak badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki-izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes elementua bakarrik terrazaren eremua estaltzeko hedatu ahalko da, eta ez ditu izanen alboetako babes elementuak, eta, halakoak izanen balitu, itxituraren kategorian sartuko litzateke delako elementua.

–Eguzki-oihalak: terraza instalazio guztietan paratzen ahalko dira dagokien eraikinaren fatxadan lotutako eguzki-oihal hedagarriak, terrazaren erabiltzaileak eguzki-izpietatik babesteko, betiere horizontalki hedatzen badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Berogailuak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko diren elementu guztiak; bai berogailu eramangarri autonomoak bai fatxadari erantsita egonik hornidura elektrikoaren instalazio finkoa behar dutenak.

–Apaingarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz eraman daitezkeen elementuak, eremu publikoan ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk.

–Galtzadetako gehigarriak: Espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak paratzeko, udal agintariak baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, terraza haien gainean paratzeko.

3.–Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

Altzariek diseinu eta tratamendu bateratua izan beharko dute, eta ingurunearekin bat datozen koloretakoak izanen dira. Salbuespenik gabe, elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

Ordenantza honetan berariaz baimentzen diren elementuak bakarrik finkatuko dira zoruan edo eraikinaren fatxadan, besterik ez.

Erabiltzen diren elementuek zarata murrizteko elementuak izan beharko dituzte herrestan eramaten direnerako, eta, altzarien segurtasuna bermatzeko, kateak erabiltzen badira, kateekin ibiltzean zarata egitea saihestuko duten materialarekin estalita egon beharko dute.

Oro har, haien ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

–Mahai eta aulkiak:

Mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta gutxi gorabehera 80 cm-ko alboa edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

–Banku eta mahai linealak:

Salbuespenez, eta aldez aurretik eskaera arrazoitua eginik, baimena ematen ahalko da aurreko atalean deskribatutakoak baino neurri handiagoko banku eta mahaiak jartzeko. Eskaeran azaldu beharko da, elementu horien neurriak eta ezaugarriak ez ezik, titularrak non eta nola gordeko dituen altzari horiek jardueraren funtzionamendu orduetatik kanpo, oporretan etab.

–Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

–Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Oro har, babesteko elementuen bidez mugatuko da terraza, eta haien garaiera 0,90 eta 1,20 metroen artekoa izanen da. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,60 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik gora.

Ez dira lurrean lotzen ahalko, eta haien euskarri moduan, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, landareontzia edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena.

Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, azkar kendu ahal izateko, prozedura arrunten bidez, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

–Itxiturak:

Oro har, oinezkoendako eremuetan baino ez da baimenduko halakoak jartzea.

Baimena emateko, ezinbestekoa izanen da instalazioaren ezaugarriak behar besteko zehaztasunez azaltzen duen dokumentazioa aurkeztea. Udalak baloratuko du, itxituraren konplexutasuna kontuan hartuta, dokumentazio hori teknikari eskudun batek idatzitako memoria baloratu bat edo proiektu bat izan behar den ala ez.

Itxitura hauek egitura autosostengagarri eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena; ez da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotzen ahalko, ezta eremu publikoko beste ezein elementutan ere; egituraren egonkortasuna ziurtatzeko, zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, landareontziz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Oro har, itxituren alboko aldeen garaiera ez da izanen 2,20 metrotik beherakoa, eta egituraren zati batek ere ez du gaindituko 3,50 metroko garaiera edo 1,50 metroko muga kasuan kasuko fatxadako edozein hutsarteren beheko ertzaren azpian.

Terrazak oinezkoendako eremu berean badaude eta horietako batzuek mota horretako itxiturak badituzte, diseinu eta material berberak erabiliko dira.

Oinplano errektangularreko terrazen kasu orokorrean, gehienez ere terrazaren lau aldeetako hirutan paratzen ahalko dira itxiturak, eta libre utziko da beti establezimenduaren sarrera pareko aldea, tarte osoan. Egitura autosostengagarri bera erabiliz, babes sabaia instalatzen ahalko da, ezaugarri eta material berberekin. Gainerako kasuetan, deskribatu diren irizpide berberei jarraikiz eginen da diseinua.

–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak:

Eguzkitakoak eramangarriak izanen dira eta, beraz, egitura arina eta tolesgarria izanen dute.

Eguzki-babesek egitura autosostengagarri eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena, eta, horretarako, egitura arina izanen da eta modu ez solidarioan mihiztatuta egonen da, ez da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotzen ahalko, ezta eremu publikoko beste ezein elementutan ere, eta zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, lore-askaz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Eguzki-babesen eta eguzkitakoen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez eta 3,50 metro gehienez, edo 1,50 metro kasuan kasuko fatxadako edozein hutsarteren beheko ertzaren azpian.

Elementu horiek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

–Eguzki-oihalak:

Oro har, edozein terraza instalaziok babesgarri hau izan dezake. Ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan ezartzen diren eguzki-oihalek honako muga hauek izanen dituzte:

–Elementu horiek eraikinaren fatxadan soilik lotzen ahalko dira, eta tolesgarriak edo bilgarriak izanen dira. Eguzki-oihala plano horizontalean edo makurtuan hedatu beharko da, debekatuta daudelarik alboko eguzki-oihal mota guztiak.

–Eguzki-oihalen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez, garaiera hori isurkiaren beheko ertzeraino neurtuta, halakorik badute, eta gehieneko garaiera 3,50 metrokoa izanen da edo 1,50 metrokoa, kasuan kasuko fatxadako edozein baoren azpialdezko ertzeraino neurtuta.

–Eguzki-oihala eratzen duten elementuetako bakar bat ere, salbuespenik gabe, ez da ateratzen ahalko terrazarako baimendutako eremutik; hau da, erabat hedatu ondoren, eguzki-oihalak espaloiaren planoan duen proiekzio horizontalak ez ditu gaindituko baimendutako eremuaren mugak.

–Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (itxitura, bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola era lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

–Baimendutako ordutegitik kanpo, bilduta egon beharko dute.

–Berogailuak:

Homologatutako modeloak baino ez dira jarriko eta kontsumo txikikoak izan beharko dute.

Berogailuak eramangarriak eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ez dira zolan tinkaturik egoten ahalko. Diseinuak (dimentsioak, pisua etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko establezimenduaren baliabideak erabiliz; arrazoi beragatik, gas-berogailuen kasuan, erregai-botila kentzen ahalko da modu independentean.

Argindarrez elikatzen diren berogailuen kasuan, hornidura elektrikoa instalatu behar denean, soilik onartuko da eraikinaren fatxadan paratzea hori, edo integratua itxituren edo eguzki-babesen egituran, terraza elementu horiez hornituta badago. Kasu horietan, instalazio elektrikoa diseinatuta egonen da titularrak azkar eta aise desmuntatu ahal izateko, inolaz ere ez galarazteko ixteko elementuaren edo eguzki-babesaren desmuntaketa.

Ez da inolako kable elektrikorik paratzen ahalko eremu publikoaren lurrean.

Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu honi finkatutako berogailuen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

–Apaingarriak:

Apaingarriak jartzeko baimena ematen ahalko da (loreontzi-euskarriak, lore-askak edo antzekoak) merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan, establezimenduak bere jardunari lotutako terraza izan ala ez izan. Elementu hauetako mota bat bakarrik ezartzen ahalko da establezimendu bakoitzeko; publizitate mezuren bat badute, kokatzen diren establezimenduari buruzkoa izaten ahalko da bakarrik.

–Oro har, ez da argindarra behar duen elementurik baimenduko.

–Elementu hauen gehieneko altuera 1,60 metrokoa izanen da, eta ez dute hartuko 80 × 80 cm-ko azalera baino handiagoa, proiekzio horizontalean.

–Establezimenduaren beraren fatxadako mugen barneko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

–Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro bat baino gehiago aterako, udal agintaritzak ez badu bestelako antolamendua baimentzen, behar bezala justifikaturiko kasuetan, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten badute oinezkoendako ohiko joan-etorria ez eragoztea.

–Ikusmen-desgaituen segurtasuna bermatzearren, berariaz debekatuta dago tripode tankerako edo antzeko elementuak paratzea.

–Ez dira finkatzen ahalko lurrean edo eraikinaren fatxadan edo eremu publikoko beste edozein elementutan, eta diseinu egokia izanen dute bere kabuz egonkor izateko.

–Apaingarriek ez dituzte inola ere trabatzen edo mugatzen ahalko establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

–Ikusmen-desgaituek haiek hauteman ahal izateko, ez dira baimenduko azpiko ertza zoladuratik 15 zentimetro baino distantzia handiagora duten apaingarriak. Arrazoi beragatik, elementu bakoitzaren gutxieneko altuera 90 zentimetrokoa izanen da, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa, gehienez; muga honetan salbuespen izanen dira landareontziak, uste delako gaineko landareei esker erraz hautematen ahal direla.

–Galtzadetako gehigarriak:

Espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak paratzeko, udal agintariak baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, terraza haien gainean paratzeko.

–Galtzadetako gehigarriak eginen dira metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko paratzeko, udal agintaritza eskudunaren baimena beharko da.

–Instalazioaren diseinuak aukera emanen du, beti, galtzadako euri urak husteko sistema egokia izateko, baita dagoen bestelako edozein instalazio edo zerbitzu publikotarako ere. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan.

–Eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, eranskinean elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, salbuespen batekin: galtzadaren gehigarriaren inguruan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.

–Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ez da zoladuran lotzen ahalko, eta diseinuak (neurriak, pisua, etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

Halako terrazak jartzeko, memoria tekniko baloratu bat egin beharko da, eta, obrak egin behar badira, aurrekontu xehatua erantsi beharko da. Memoria teknikari eskudunak sinatuko du.

4.–Elementuen segurtasuna.

Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak, eta haize bortitzak kaltetu dezakeen beste edozein elementu, tolesten edo jasotzen ahalko dira, haizearen abiadura denean haien egileak segurtasunerako gehieneko abiaduratzat jotakoa bezalakoa edo handiagoa. Eguzki-babesen eta itxituren kasuan, proiektu teknikoak adierazi beharko du zer kalkulu hipotesien arabera diseinatu diren elementu hauen egiturak.

–Terraza haizeak tai gabe jotzen duen alde batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu hauek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

–Segurtasun arrazoiengatik, ez da inolaz ere baimenduko terrazaren elementuak eremu publikoan biltegiratzea, horiek plastikozkoak edo beste edozein material erregaiez eginak direnean.

–Terraza galtzadan jartzen bada, memoria teknikoak justifikatu beharko du galtzada zabaltzeko elementuek funtzionamendurako eta segurtasunerako baldintzak betetzen dituztela.

–Itxiturak jartzen badira, memoria teknikoak justifikatu beharko du galtzada zabaltzeko elementuek funtzionamendurako eta segurtasunerako baldintzak betetzen dituztela.

–Ikusmen-desgaituek hauteman ahal izateko, terrazako elementuen zati bat ere ez da aterako baimendutako eremutik kanpo; orobat, ez da onartuko baimendutako eremuaren perimetroan elementuak jartzerik (elementu mugatzaileak, haize-babesak, itxiturak edo eguzki-babesak), baldin eta haien azpiko ertza 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago zoladuratik. Arrazoi beragatik, elementu hauetako bakoitzaren gutxieneko garaiera 90 zentimetrokoa izanen da, zoladuratik gora, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa izanen da gehienez.

II. ERANSKINA

Herrigune historikoa-IKO eremuaren baldintza estetiko bereziak

1.–Justifikazioa eta aplikazio esparrua.

Ordenantzaren 11.5 artikulua oinarritzat hartuta, “Udalak erabakitzen ahalko du eremu batzuek, duten eraketa bereziagatik, tratamendu estetiko berezia behar dutela, hiri irudi egokia mantentzeko eta hiri paisaiari kalterik ez eragiteko”.

Dituen ezaugarriengatik eta interes kulturaleko ondasun gisa sailkatuta dagoelako, interes estetiko eta kultural berezikotzat jo da udalerriko herrigune historikoa.

Herrigune historikoa-IKO eremuaren barruan, terrazako elementu guztiek artikulu honetan zehaztutako baldintza estetikoak beteko dituzte. Salbuespen gisa, beste eredu estetiko batzuei loturiko elementuak erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak; horretarako, elementu hauek erabiltzeko eskaera berariazkoa egin beharko dio sustatzaileak Udalari, ezarri aitzin.

2.–Elementuen ezaugarriak eta eredu estetikoa herrigune historikoa-IKOn.

Interes estetiko eta kulturaleko eremuetan kokatutako terrazek baldintza berezi hauek bete beharko dituzte:

2.1.–Koloreak eta materialak

Terraza osatzen duten elementuek, hala nola mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, itxiturak eta bestelakoak, metalezkoak, egurrezkoak, zuntz sintetikoz egindakoak edo antzekoak izan daitezke, kolore ilunekoak, gama honetan: “oxiron” beltza, grisa, marroi txokolatea, berde iluna edo granatea. Aluminio leundu eta anodizatuzko akabera metalikoa ere onartuko da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa.

Oihalezko elementuak, hala nola eguzki-oihalak, eguzkitakoak, aulkietako kuxinak, etab., kolore hauetakoak izanen dira: krema, beixa, beltza, grisa, marroi txokolatea, berde iluna edo granatea. Tratamendu bera izanen dute terraza berean.

Ezin dira jarri hormigoizko eta plastiko zuriko oinarriak. Beste kolore batzuk erabiltzen ahalko dira, betiere udala ados badago.

Egurrezko edo metalezko lore-askak baino ez dira baimenduko.

2.2.–Elementuen errotulazioa.

Herrigune Historikoa-IKO eremuan terrazako elementuek haien establezimenduaren publizitatea izaten ahalko dute bakarrik; babes elementuen kasuan (hala nola, eguzki-babesak eta eguzkitakoak), titularrak publizitateko bestelako mezuak jarri nahi baditu, ostalaritzako jarduerarekin zerikusia izan beharko dute eta diseinu apala. Gehienez ere babes-elementuaren tamainaren %10aren baliokide den azalera hartzen ahalko dute.

Iragarkiaren kodea: L2206577