1. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

431E/2021 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua. Instalazioa Tuterako udal-mugartean dago, eta titularra AR Racking SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 259E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak agintzen du instalazio horren industriako hondakin uren araztegiaren (IHUA) efluentea bideratu eta isuria izan dadila Montes de Cierzo Industrialdeko euri-uren kolektorera, eta ez ur beltzen kolektorera, gaur egiten den moduan.

Beste alde batetik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak hainbat muga ezartzen ditu Poligonoko euri-uren kolektorearen efluenteak ur jabari publikora isurtzen duen kargari dagokionez, besteak beste, honako hauek: Aluminioa 0,019 Kg/egun; Zirkonioa 0,009 Kg/egun; Burdina 0,019 Kg/egun eta Fluoruroak 0,23 Kg/egun.

Era berean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako isuri-baimenak beharrezkotzat jotzen du instalazio horren IHUAren efluentearen isuriak materia organikoaren ondoko muga-balio hauek betetzea: Oxigenoaren Eskaera Kimikoa-OEK 160 mg O2/l eta Oxigenoaren Eskaera Biologikoa-OEB5 40 mg O2/l; horren arabera, gehieneko karga OEKren 2,4 Kg/e eta OEB5en 0,6 Kg/e da, erreferentziazko emaria 15 m³/egunekoa dela.

Instalazioaren ingurumen baimen integratuak ezartzen du, IHUAren efluentearentzat, emariaren mugako balioa eguneko 15 m³-koa izatea, eta horretara iritsiko balitz, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak lehen aipatutako parametroetarako ezarriak dituen isurien gehieneko balioak kontuan hartuta, honako karga hauek isuriko lirateke euri-uren kolektorera: Aluminioa 0,03 Kg/egun; Zirkonioa 0,015 Kg/egun; Burdina 0,03 Kg/egun; Fluoruroak 0,15 Kg/egun; eta OEK 5,25 Kg/egun. Beraz, gaurko baldintzetan, instalazioaren IHUAren efluentearentzat baimendutako isuriak modu nabarmenean gainditzen ditu Poligono osoaren euri-uren kolektorearen efluentearentzat Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezartzen dituen mugako karga-balioak.

Ondorioz, euri-uren kolektorearen efluentearentzat Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezartzen dituen karga-balioen mugak betetzen direla bermatzeko, eta % 20ko erreserba gordeta Aluminio, Zirkonio, Burdina eta Fluoruroen isuri-kargarako, Poligonoan izan daitezkeen bestelako instalazioentzat esleitu daitekeena, beharrezkoa da isurien baldintzak egokitzea parametro horietarako. Era berean, beharrezkoa da isurien baldintzak egokitzea OEK eta OEB5 parametroentzat.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2020ko ekainaren 10ean, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen industria emisioen Erregelamenduaren 16. artikuluan (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoa betez, ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko behar den dokumentazio teknikoa aurkezteko eskatu zion titularrari; 2020ko abuztuaren 26an aurkeztu zuen hark, eta ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzen hasi zen. Dokumentazio gehigarria ere aurkeztu zuen titularrak, 2021eko apirilaren 23an eta 2021eko irailaren 23an.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikustea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Tuterako udal-mugartean dago, eta AR Racking SA da titularra.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarria eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea AR Racking SAri, Tuterako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2117605