86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

665/2021 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, hautaproben bitartez bi izangai-zerrenda egiteko deialdiak onesten dira, Liburutegiko oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, bestalde, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako izangai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera eginen baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile beharrak kontuan harturik, eta sortzen direnak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, Liburutegiko oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Bi izangai-zerrenda egiteko hautaprobetarako deialdiak eta beren oinarriak onestea, Liburutegiko oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 18an.–Joaquín Romero Roldán, Kudeatzailea.

I.
DEIALDIA, LIBURUTEGIKO OINARRIZKO LANPOSTUKO TEKNIKARI LANPOSTUAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAI-ZERRENDA BAT EGITEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea izangai-zerrenda bat egitea da, hautaproben bidez, Liburutegiko oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituen 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionarioen zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Izangaiei aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Arau hauen arabera dei eginen zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.
DEIALDIA, IZANGAI-ZERRENDA BAT EGITEKO, LIBURUTEGIKO OINARRIZKO LANPOSTUKO TEKNIKARI LANPOSTUAN PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIEN
EGOERAN ARITZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea izangai-zerrenda bat egitea da, hautaproben bidez, Liburutegiko oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta B, C, D edo E maila edo multzokoa izatea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea -Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia-.

d) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei eginen zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

III.
BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?languageId=100001

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak eta dokumentazioa.

a) Aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide hauetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira:

–Lehiaketan parte hartzeko eskabide ofiziala. Helbide hauetan eskura daiteke:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak)

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran)

–Deialdian eskatzen den titulazio akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak

Horretarako, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

b) Aurkezpen presentziala.

Dokumentazioa telematikoki aurkeztu ezin daitekeen kasuetan baino ez da aurkeztuko presentzialki. Aforoa mugatua egonen da, eta hitzordua eskatu behako da aldez aurretik.

Halako kasuetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da dokumentazioa (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera).

Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, behar besteko denboraz, mugatua egonen baita hitzordu kopurua. Hitzordua eskatzeko:

–Iruñean (kokaleku berria, Ikasgelategian): 948169032.

–Tuteran: 948417800.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

Bi deialdien arau komunetako 2.2 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da zerrenda hori. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non eginen den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Hautaprobetako onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua proba baten bidez eginen da; bi parte hauek izanen ditu:

–Lehen partea: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izanen da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izanen da balioduna. Galderak I. eranskinean ezarririko gai-zerrendaren A eta B multzoei buruzkoak izanen dira, eta erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte.

–Bigarren partea: garatu beharreko galderak edo II. eranskineko gai-zerrendaren B multzoari buruzko kasu praktikoak erantzun behar dira idatziz.

Bi parteak baztertzaileak izanen dira, eta baztertuta geratuko dira parte bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Bi zatien probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik. Lehen proba gainditu dutenei soilik zuzenduko die epaimahaiak bigarren proba.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez, eta horren berri emanen du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emanen du parte bakoitza nola balioetsiko den eta zein den lehen parteko erantzun okerren penalizazioa.

Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi atalak gainditu behar dituzte.

4.3. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak probatik kanpo geldituko dira.

4.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Carmen Echeverría Arambillet, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Concepción Guijarro, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko Zerbitzuen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Carlos del Campo Hilario, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko Irakaskuntzari eta Ikerketari Laguntzeko Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: María José Quintana de Uña, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko Erosketen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Angela Berasategui Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko Ikerketa Bildumen Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Ana Rosa Casimiro Iturri, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Zerbitzuko Kontrol Bibliografikorako Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Kontxi Adrián Uriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko kudeatzailea.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: María Dolores Moreno Ollobarren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko kudeatzailea.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du hautaprobarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, zerrenda hauek argitaratuko dira, bereizirik:

a) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Xedapen Gehigarrietako Zazpigarrenaren 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa bakar bat eginen da berdinketa duten izangaien artean. Zozketan ateratzen den pertsonaren deituretatik eta izenetik hasi, eta berdinketa guztiak ebatziko dira deituren alfabeto hurrenkerari jarraikiz. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jakinaraziko dira zozketaren emaitzak, deialdiaren aipuan.

b) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, izangaien bi zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat etorriz eginen da -Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiak-. Bermatu eginen da, gainera, lehentasuna izanen dutela prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egonen diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu eginen dira hautaketa-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izanen da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eta aldi jakin baterako izanen da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izanen dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza-zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egonen dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izanen du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena-Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

A multzoa: legeak.

1. gaia: Administrazio publikoen jarduna eta administrazio egintzak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. eta III. tituluak).

2. gaia: Administrazio prozedura erkideari eta administrazio-bideko egintzen berrikuspenari buruzko xedapenak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: IV. eta V. tituluak).

3. gaia: 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa: irakaskuntzak eta tituluak; ikerketa eta ezagutzaren transferentzia; ikasleak; irakasleak; administrazioko eta zerbitzuetako langileak (VI. titulutik X. titulura, biak barne).

4. gaia: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura eta gobernua (NUPeko Estatutuak: I. eta II. tituluak).

B multzoa: espezifikoa.

1. gaia. Unibertsitateko liburutegiak.

Unibertsitateko liburutegia: kontzeptua, eginkizuna, joerak. Liburutegiak, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabide Zentroak diren aldetik (CRAI). Unibertsitateko liburutegietako lankidetza: sistemak, sareak (REBIUN), partzuergoak, elkarteak eta lankidetzarako beste modu batzuk (G9, DIALNET). NUPeko liburutegi zerbitzua: antolaketa eta funtzionamendua. Zerbitzuen araudia. Liburutegiko arautegia.

2. gaia. Plangintza eta kudeaketa.

Unibertsitateko liburutegietako plangintza eta kudeaketa. Giza Baliabideen kudeaketa. Kalitatearen kudeaketa. Prozesuetan oinarritutako kudeaketa. NUPeko kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak. Plangintza estrategikoa. Zerbitzuen Karta.

3. gaia. Unibertsitateko liburutegien espazioa eta ekipamendua.

Liburutegietako arkitektura, ekipamendua eta espazioen kudeaketa. Liburutegien diseinua eta plangintza. Eraikuntza. Ekipamendua. Altzariak. Seinaleztapena. RFID teknologia liburutegietan. Irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa (RFID). RFID teknologiaren erabilera liburutegietara aplikaturik. NFC teknologia (Near Field Communication) eta liburutegiak.

4. gaia. Unibertsitateko liburutegiko informazioa eskuratzea.

Unibertsitateko liburutegietako informazioa eskuratzea: OPAC. Metabilatzaileak. Esteken kudeatzaileak. Aurkikuntza tresnak. Gaikako gidak. Datu-base espezializatuak.

Informazio iturriak gizarte eta giza zientzietan. Informazio iturriak zientzian eta teknologian. Informazio iturriak biomedikuntzan.

5. gaia. Unibertsitateko liburutegietako bildumak kudeatzea.

Paperezko bildumak eta bilduma elektronikoak kudeatzea: hautaketa, eskuratze-ereduak. Funtsen prozesu teknikoa. Bilduma inprimatua eta elektronikoa ebaluatzea. Material bibliografikoak zaintzea eta kontserbatzea. Liburu eta dokumentu baliotsuak zaintzea. Bilduma digitalak zaintzea.

6. gaia. Dokumentuen hizkuntzak eta deskribapen bibliografikoa.

Prozesu teknikoa eta deskribapen bibliografikoa. Normalizazioa eta formatuak. Katalogazio-arauak. Metadatuak eta liburutegietan duten aplikazioa. Katalogazioaren egungo joerak. Metadatuen formatuak: RDA, MARC, DUBLIN CORE, METS eta PREMIS. Markatzeko lengoaiak: HTML eta XML. Dokumentuen analisia: dokumentuen hizkuntzak eta sailkapen-sistemak.

7. gaia. Erabiltzaileentzako baliabideak eta zerbitzuak.

Erabiltzailea ardatz duen liburutegia: ikasleentzako eta irakasleentzako zerbitzuak diseinatzea. Erabiltzaileei arreta emateko modu berriak: 2.0 weba eta bere erabilera unibertsitateko liburutegietan.

Zerbitzu birtualak eta zerbitzu presentzialak. Mailegu zerbitzua eta liburutegien arteko mailegu zerbitzua. Kudeatzaile bibliografikoak.

8. gaia. Zientzia irekia eta unibertsitateko liburutegiak.

Open access mugimendua. Modu irekian argitaratzeko bideak. Sarbide irekiko argitalpenak. Egile-eskubideak eta sarbide irekia. Egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeak. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 1. artikulutik 41. artikulura (1/1996 Errege Dekretua, bertsio bateratua). Creative commons lizentziak. Zientziari buruzko 14/2011 Legearen 37. artikulua. Gaikako biltegiak eta erakundeen biltegiak. Espainiako biltegiak. Recolecta. NUPeko Academica-e biltegia.

9. gaia. Unibertsitateko liburutegiak eta ikaskuntza.

Unibertsitateko liburutegiak eta ikaskuntza. Europako Unibertsitate Eremuaren eragina (EUE). Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza (informaziozkoak, informatikoak...). Informazio-alfabetizazioa (ALFIN). Ikaskuntzarako laguntza NUPeko Liburutegian.

10. gaia. Unibertsitateko liburutegiak eta ikerketa.

Liburutegiak eta ikerketa unibertsitateetan. Europako Ikerketa Eremuaren eragina (EIE). Emaitzak eta komunikazio zientifikoa. Argitalpen zientifikoen motak. Argitalpen zientifikoaren sistema eta zikloa. Ikerketari laguntzeko zerbitzuak. Jarduera zientifikoaren analisia eta ebaluazioa. Bibliometria. Adierazle bibliometrikoak. Aplikazioak. Legeak. Metodologia. Helburuak. Metrika osagarriak: Altmetrics.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

Iragarkiaren kodea: F2104862