84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

638/2021 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreak emana. Haren bidez, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko kide den Tracasa sozietate publikoak finantzatutako laguntza baten deialdia onesten da Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko kontratu bat finantzatzeko.

2021eko otsailaren 19an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Tracasa enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko kontratu bat finantzatzeko. Kontratua tesi bat egiteko izanen da, modua emanen duena sare neuronal sakonen ezagutzan eta garapenean aurrera egiteko, R lengoaiako agregazio funtzio orokortuetan oinarrituz eta horiek irudi medikoko problemetan aplikatuz.

Ikusirik Aholkularitza Juridikoaren txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Ikusirik Ikerketa Batzordeak 2021eko martxoaren 5ean hartutako erabakia, Ikerketako errektoreordeak ontzat eman duena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko kontratu bat finantzatzeko laguntza baten deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko, 22.709,31 euro gehienez. Ikertzaileak 1.269,54 euro-ko soldata gordina jasoko du hilean gutxienez, eta 14 lansari urtean.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da.

2021:

30.30.00.8831 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 11.849,04 euro

30.30.00.8831 - 160.00 Gizarte Segurantza 3.023,88 euro

30.30.00.8831 - 480.02 Matrikularako laguntzak 399,94 euro

2022:

30.30.00.8831 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 5.924,52 euro

30.30.00.8831 - 160.00 Gizarte Segurantza 1.511,93 euro

Hirugarrena.–Laguntza emateko ebazpenean, beharrezkoak diren aurrekontu doikuntzak eginen dira doktoretza aurreko kontratua noiz hasten den kontuan hartuta.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Humberto Bustince Sola Balorazio Batzordeko buruari, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendariari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 15ean.–Francisco J. Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Tracasa enpresak finantzatutako laguntza baten deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesi bat egiteko, Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloan
638/2021 Ebazpenaren eranskina, martxoaren 15ekoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sustatu eta bultzatzeko aurrera daraman politikaren barnean, helburuetako bat ikertzaile gazteak prestatzea da, doktoretza aurreko eremuan ikertzen has daitezen bultzatuz.

2021eko otsailaren 19an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta TRACASA enpresak sinatu zuten lankidetza-hitzarmena da deialdi honen jatorria. Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren inguruko doktoretza-tesi bat egiten laguntzea da hitzarmen horren xedea, jarduketa eremu hori interesekoa baita bi erakundeentzat.

Doktoretza aurreko kontratu moduan gauzatuko da laguntza, eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren babesean sinatuko da (BOE, 2011ko ekainaren 2koa). Kontratuaren helburua doktoretza-tesi bat egitea izanen da gorago aipatutako ikerketa-arloan.

Hori guztia kontuan harturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktoretza aurreko laguntza baterako deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Urtebete iraunen duen laguntza baterako deialdia egiten da, urtero luzatzen ahalko dena 3 urte gehiago egin arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia egiteko, Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloan.

Arlo horren barrenean, doktoretza aurreko kontratuaren bidez eginen den doktoretza-tesiak honako helburu hau izanen du: sare neuronal sakonen eredu berriak diseinatzea, R lengoaian definitutako informazio agregazioko teknika berrien garapenean oinarrituta, eta eredu berri horiek irudi medikoen prozesamenduan aplikatzea mediku adituekin elkarlanean, intereseko elementuak detektatzeko edo sailkatzeko.

Zehazki, neurona-sare konboluzionalen kasua izanen du abiapuntu ikerketak, eta sare horietan datuak prozesatzeko teknika berriak garatuko ditu, arloko literaturan erabili ohi diren arkitekturen emaitzak hobetzearren. Datuak prozesatzeko teknikek kontuan izanen dute, batetik, datuei asoziatutako ziurgabetasun posiblea (mota bateko eta besteko irudi medikoei asoziatutakoa batez ere) eta, bestetik, teknikek nahiko malguak izan behar dutela modu eraginkorrean inplementatu eta arkitektura berriak sortzeko. Ikerketan, aintzat hartuko da, halaber, aldez aurretik nolako aurreprozesamendua egin behar zaien garatu diren sare neuronalen ikaskuntzarako erabilitako datuei, ikerketako irudi medikoen ezaugarri espezifikoen arabera.

Bai laguntza emateko bai kontratua urtero luzatzeko, beharrezkoa izanen da behar besteko aurrekontua egotea eta deialdian ezarritako betebeharrak betetzea.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako baldintza hauek bete behar dituzte eskatzaileek eskaera aurkezteko epearen barrenean:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan sartzeko behar diren ikasketen titulua edukitzea. Laguntza emateko aukeratuak izanez gero, aipatutako programako matrikula egin dutela egiaztatu beharko dute, laguntzaren behin betiko kontzesioa argitaratzen denean ezartzen den epean.

–Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterreko titulua edukitzea.

–Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskabideak aurkezteko epea bukatu aurreko hamabi hilabeteetan doktoretza-tesia egiteko beste laguntza baliokideren bat izan dutenek.

–Oktoretza-tesirik ez aurkeztu izana defentsarako.

–Doktore titulurik ez eskuratu izana.

3.–Laguntzaren araubide juridikoa.

3.1. Deialdi honetako laguntzaren onuradunaren eskubideak eta betebeharrak dokumentu hauetan zehazten dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta TRACASA enpresak sinatutako lankidetza-hitzarmenean, eta martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako Prestakuntzan Dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutuan (BOE, 64.a, 2019ko martxoaren 15ekoa).

3.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko du doktoretza aurreko kontratua.

3.3. Balorazio Batzordeak tesiaren zuzendaria nor izanen den proposatuko du, eta laguntza emateko proposamenarekin batera argitaratuko du. Laguntzaren onuradunari doktoretza-tesiaren zuzendariaren ikerketa-talde bera esleituko zaio, eta hark atxikia duen sail berari atxikita geldituko da.

3.4. Deialdi honetako laguntzak ez du inolako konpromisorik ekarriko onuraduna, ondoren, sar dadin Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan, Tracasa enpresan edo, laguntza honen esparruan ikerketa-egonaldiak egiten badira, egonaldiak egiten diren zentro edo enpresetan.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak (apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen aipatutako legea).

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordearen ustez emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez diote.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako tokietako batean.

NUPen egoitza elektronikoan ere aurkezten ahal dira modu telematikoan, helbide honetan hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

“Erantsi fitxategiak” eremuan, 5. oinarrian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu behar dira.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Oro har, eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Inprimaki normaldua (https://bit.ly/2uyMn48).

b) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Merezimenduen zerrenda laburtuaren inprimakia (I.I eranskina).

d) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak. Agiriz egiaztatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko betebehar baztertzailea. Eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimenduak baloratuko, eta ez du eskatuko merezimenduak egiaztatzeko. Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

e) Eskatzaileari doktoretza egiten hasteko modua ematen dioten ikasketen espediente akademiko osoa (masterrarena eta graduarena), zer kalifikazio eta noiz lortu diren jasotzen dituena (batez besteko nota espresuki adierazten duena). Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Kasu horietan, noten baliokidetza ere erantsi behar da, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eskatua:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-universitarios/titulos-extranjeros/equivalencia-notas-medias.html

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

f) Laguntzaren deialdi honetara aurkezteko erabili den tituluaren fotokopia, edo titulua eskatu izanaren frogagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, baina zirkunstantzia hori idatzita jasotzeko eskatu beharko dute idazki batean. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

Behar bezala eta epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan onartutako eskabideak barematzeko.

Balorazio Batzordeak informazio argigarria eskatuko du, beharrezkoa iruditzen bazaio, izangaia aukeratzeko proposamena egiteko.

6.–Izangaien hautaketa.

Eskaeren balorazioa eta laguntza esleitzeko proposamena Balorazio Batzordeak eginen du. Honako hiru kide hauek osatuko dute:

–Humberto Bustince Sola doktorea, unibertsitateko irakasle katedraduna, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia, Balorazio Batzordearen buru eginen duena.

–Francisco Javier Fernández Fernández doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia, Balorazio Batzordearen idazkaria izanen dena.

–Tracasak izendatutako pertsona bat, bi aldeek sinatutako hitzarmenean ezarria dagoen bezala, Balorazio Batzordeko kide izanen dena.

Batzordeburuak eskatuta eratuko da Balorazio Batzordea, eta horretarako kideei dei eginen die. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuak behar diren kudeaketak eginen ditu Balorazio Batzordearen jarduna errazteko.

Balorazio Batzordeak izanen du izangaien eskaerak baloratzeko eskumena, I.II. eranskinean ezarritako aukeratze irizpide hauen arabera:

a) Izangaiak doktoretza-programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espediente akademikoaren batezbestekoa (35 puntu gehienez ere).

Laguntza eskatzeko inprimakian laguntza zein titulaziorekin eskatzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota.

Unibertsitateko master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan.

b) Izangaiaren esperientzia laguntzaren arloan (30 puntu gehienez ere).

c) Ingelesa (10 puntu gehienez ere).

d) Mugikortasuna (2 puntu gehienez ere).

e) Beste merezimendu batzuk: argitalpenak egin izana eta biltzarretan parte hartu izana (13 puntu gehienez ere).

f) Elkarrizketa pertsonalak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta aurreko 3 atalen baturan puntuaziorik handiena duten hiru izangaiei eginen zaie bakarrik.

7.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartutako eskaeren behin-behineko zerrenda onetsiko da Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, baita eskatutako laguntzarako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako agiriak garaiz eta forman ez aurkezteagatik baztertutakoena ere.

Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, eta interesdunei 5 egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bazterketaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, Ikerketa Zerbitzura zuzendua, eta ebazpenean adierazten diren gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Izangaiak ez baditu epe horretan gabeziak zuzentzen edo dokumentazioa osatzen, deialditik baztertuta geratzen ahalko da.

7.2. Ikerketa Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da eta, haren aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea maila bereko Nafarroako auzitegi batean bi hilabeteko epean, ebazpena iragarki-oholean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.3. Geroago, Balorazio Batzordeak onartutako eskaerak ebaluatuko ditu 6. oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioak eta laguntzaren behin-behineko adjudikazio proposamena onetsiko ditu.

Behin-behineko adjudikazioak dituen Balorazio Batzordearen erabakia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta haren kontra interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, batzordeburuari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, proposamen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.4. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Balorazio Batzordeak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena eta itxaron zerrendan dauden izangaiena, puntuazioaren arabera ordenatua, ebazpen baten bidez onets ditzan. Ikerketako errektoreordearen ebazpena, behin betiko esleipena eta itxaron zerrendan dauden izangaien lehentasun ordena aditzera ematen dituena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Laguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.–Doktoretza aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

8.1. Laguntzaren xedea doktoretza-tesi bat egitea izanen da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuaren modalitatean. Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutu edo defendatu duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, laguntza ukatzea ekarriko du horrek.

8.2. Kontratuen xedea Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloan ikerketa-lanak egitea izanen da, eta, zehazki, doktoretza-tesia egitea deialdiko 1. klausulan zehaztutako helburuarekin (“Deialdiaren xedea” izeneko klausulakoa).

Laguntzaren onuradunak, langilea den aldetik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, enplegatzailea den aldetik, idatziz eginen dute doktoretza aurreko kontratua. Kontratuari erantsiko zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan onartua dela adierazten duen agiria, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretzako edo graduondoko eskolak emana, hala badagokio.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, urtebeteko iraupena izanen du, urtebeteko aldietarako luzatzeko aukera egonik doktoretza-programako Batzorde Akademikoak aldez aurretik txostena eginda, edo, kasua bada, doktoretzako eskolak, programan irauten duen bitartean. Kontratuaren iraupena 4 urtekoa izanen da gehienez ere, luzapenak barne.

Horretaz gainera, laguntzaren onuradunak aurkeztutako urteko txostenaren aldeko ebaluazioa egin beharko du tesi zuzendariak, eta behar besteko aurrekontua egon behar da.

8.3. Laguntza emateko aldia honako kasu hauetan bukatuko da:

–Laguntza emateko gehieneko epea betetzen denean, luzapen guztiak barne.

–Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan egoteko aldia bukatzen denean edo onuraduna doktoretza-programan matrikulatua ez badago.

–Doktoregaiak doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren aurkako txostena jasotzen badu.

–Doktoregaiak doktoretza-tesia defendatzen duenean.

8.4. Laguntzaren urteko diru-zuzkidura Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta TRACASA enpresak sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutakoa izanen da, hots, 22.709,31 euro, eta honako hauek hartuko ditu barnean:

–1.269,54 euro-ko soldata gordineko 14 lansari urtean.

–Kopuru horiei Gizarte Segurantzako enpresa kuotak kenduko zaizkie, legedi indardunean ezarritako moduan.

–399,94 euro-ko laguntza doktoretzako matrikularako.

9.–Onuradunen betebeharrak.

9.1. Onuradunak laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetako oinarriak bete behar izatea, bai Tracasak laguntza honetarako hitzarmenean, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzaren jarraipen zientifikorako ezartzen dituztenak.

9.2. Laguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez bada, laguntzari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egun baliodunetan sinatzen ez bada.

b) Atxiki zaion ikerketa-taldean bere lana aprobetxamenduz egitea, baita beste hainbat erakundetan ere, baldin eta beste zentro edo enpresa batzuetan ikerketa-egonaldiak egin behar direla erabakitzen bada.

c) Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, tesiaren zuzendariaren baimenik ez badute. Erabateko sekretua gordetzea bere jarduerak egitearen ondorioz eskuratu lezakeen informazio konfidentzialari buruz, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskuratu lezakeenari buruz, baita ikerketa-egonaldiak egiten dituen zentro edo enpresetan ere, eta ez kontatzea, jakinaraztea eta/edo zabaltzea hirugarren pertsonei, ez osorik ezta partez ere.

d) Onuradunak bere ikerketekin lotutako edozein komunikazio, argitalpen edo zabalkunde-lan egin nahi badu, aldez aurretik tesiaren zuzendariaren berariazko baimen idatzia eduki beharko du. Tesiaren zuzendariak baimen horren oniritzia eskatuko dio Ikerketako errektoreordeari. Edonola delarik ere, baimena emateko edo ukatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Tracasa enpresaren arteko hitzarmenak esaten duena hartuko da aintzat.

e) Tesiaren zuzendariari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari eta Tracasa enpresari bidaltzea egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin eta konfidentzialtasun klausulak errespetatuz.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programako Batzorde Akademikoaren urteroko nahitaezko jarraipen proba berrienaren aldeko txostena edukitzea, kontratua urtero berritzeko. Onuradunak urteroko proba nahitaez egin beharrik ez badu, egindako lanari buruzko oroitidazki bat aurkeztu beharko du tesiaren zuzendariak egindako txostenekin batera.

g) Laguntzak iraun bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Tracasa enpresak emandako finantzaketa eta laguntza honen oinarrian dagoen hitzarmena.

h) Tesi zuzendariari aurkeztea, laguntza bukatzen denean, egindako lanaren azken txostena, baita lan bizitzaren egiaztagiri bat ere.

i) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita. Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emanda eta Doktoretza Programako Batzorde Akademikoak aldeko txostena emanda.

j) Tesiaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuari jakinaraztea laguntzaren esparruan lortzen den edozein emaitzaren berri, baldin eta emaitza hori jabetza intelektualaren edo industrialaren edozein babes-formularekin babestua izateko modukoa bada, edo/eta inolako aplikazio industrial edo komertzial baldin badu.

k) Nafarroako Unibertsitate Publikoari uztea eta esleitzea laguntza honen esparruan sortu diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tracasa enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

9.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, beharrezkoa bada, hala agintzen baitu dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak.

9.4. Laguntzari uko egiteko, idazki bat bidali behar dio onuradunak Ikerketako errektoreordeari, tesiaren zuzendariak sinatua, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun baliodun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.

Bajarik egonez gero, laguntza emateko behin betiko ebazpeneko itxaron zerrendan dauden izangaien ordena jarraituz ordezkatzen ahalko dira, betiere Tracasa enpresak aldez aurretik ados dagoela agertzen badu eta, orobat, tesiaren zuzendariak oniritzia ematen badu, uste duelako laguntzaren xedea bermatua geratuko dela laguntza bukatzeko geratzen den denboran.

9.5. Deialdiko laguntzaren onuradunak bete beharreko zereginak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan eginen dira, eta, hala ezartzen bada, ikerketa-egonaldiak egiteko proposatzen diren beste zentro eta enpresetan, Tracasa enpresa barne. Egonaldi horietan, onuradunak zentro edo enpresa hartzaile bakoitzeko araudia eta berariaz ezartzen diren arau espezifiko guztiak bete beharko ditu.

10.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko ditu laguntzaren onuradunak.

11.–Irakaslanetako lankidetza.

Laguntza honen onuradunak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakaskuntza-lanetan laguntzeko, betiere laguntzaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu har ditzake lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu 4 urteko kontratuan.

2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.

12.–Laguntza etetea.

Laguntza honen onuradunak eskubidea edukiko du Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Aldi baterako desgaitasun, haurdunaldiko arrisku, amatasun, adopzio edo harrera, edoskitzaroko arrisku eta aitatasun egoerek eten eginen dute kontratuen iraupenaren zenbaketa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat.

13.–Jabetza industriala eta intelektuala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak izanen dira laguntza honen esparruan sortutako ikerketa-emaitzei buruzko jabetza industrial eta intelektualeko eskubide guztiak, eta bera bakarrik izanen da eskubide horien titularra.

Hala, laguntzaren onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoari utzi eta esleituko dizkio laguntzaren esparruan sortutako emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tracasa enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

Nolanahi ere, laguntzaren esparruan sortutako emaitzen gaineko eskubideak ustiatu edo uzteagatik lortzen diren mozkinetan parte hartzeko eskubidea aitortuko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak onuradunari, bidezkoa bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 70. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Horretaz gainera, laguntza honen onuradunaren eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.

14.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta bere oinarri juridikoa, botere publikoa baliatzea eta interes publikoa betetzea, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduko 6.1.e) artikuluaren arabera. Zehazki, xedea ikertzaile gazteak prestatzea da, urtero ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdia eginez prestakuntzan dauden ikertzaileen lana sustatzeko.

Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da, eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, esleitutako laguntza eta horren onuraduna nor den NUPen webgunean argitaratuko dira, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

15.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Deialdi hau aplikatzearren emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I.I ERANSKINA

Merezimenduen zerrendaren inprimakia (PDF).

I.II ERANSKINA

Doktoretza aurreko laguntzaren baremoa

KATEGORIAK

PUNTUAZIOA, GEHIENEZ ERE

Espediente akademikoa

35 puntu

Esperientzia, profilarekin bat datorrena

30 puntu

Ingelesa

10 puntu

Mugikortasuna

2 puntu

Beste merezimendu batzuk: argitalpenak eta biltzarretako parte-hartzea

13 puntu

Elkarrizketa pertsonala

10 puntu

1.–Espediente akademikoa, 35 puntu gehienez ere.

Doktoretza-programan sartzeko titulazioaren espediente akademikoaren batezbesteko nota baloratuko da. Ikasketa espedientearen batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

∑ (irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)

titulazioaren kreditu kopurua guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei “Gainditua” kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula 10.

–Bikain 9,25.

–Oso ongi 7,75.

–Nahikoa 5,75.

Unibertsitate masterreko ikasketen kasuan, masterrean eta masterraren aurreko ikasketetan izandako batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulu bakoitzaren iraupenaren arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira, eta 35 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Laguntza eskatzeko inprimakian laguntza zein titulaziorekin eskatzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota.

2.–Lan esperientzia, 30 puntu gehienez ere

Izangaiaren esperientzia espezifikoa baloratuko da, nolako esperientzia duen laguntzaren profilean adierazitako arloekin zerikusia duten lan teknikoak eta ikerketakoak egiten. Hori egiaztatzeko, enpresa, ikerketa-zentro edo unibertsitateek emandako lan kontratuak, laguntzak edo bekak aurkeztu behar dira.

0,5 puntu emanen dira arduraldi osoz kontratu edo beka batean egin den hilabete bakoitzeko.

Izangai bakoitzaren emaitzak normalizatuko dira, eta 30 puntu emanen zaie balorazio handiena duten izangaiei.

3.–Ingelesa, 10 puntu gehienez ere.

Ingeleseko maila egiaztatzeko, ACLESek eta CRUEk onartutako ziurtagiriren bat aurkeztu behar da. Honako puntu hauek emanen dira:

–C2 maila edo horren baliokidea 10 puntu.

–C1 maila edo horren baliokidea 5 puntu.

–B2 maila edo horren baliokidea 2,5 puntu.

https://www.crue.org/Documentos%20compartidos/Certificados%20para%20la%20acreditaci%C3%B3n%20de%20niveles%20de%20ingl%C3%A9s.pdf

4.–Mugikortasuna, 2 puntu gehienez ere.

Izangaiaren jatorrizkoa ez den unibertsitate edo ikerketa-zentroetan egindako egonaldiak hartuko dira aintzat. Erasmus Programaren barrenean egindako egonaldiak kontuan hartuko dira.

0,2 puntu emanen dira egonaldiko hilabete bakoitzeko.

5.–Beste merezimendu batzuk: Argitalpenak eta biltzarretako parte-hartzea, 13 puntu gehienez ere

Laguntzaren xede diren gaiarekin lotuta aldizkarietan egindako argitalpenak eta biltzarretan izandako parte-hartzea baloratuko dira. Egiaztatu egin behar da argitalpena edo komunikazioa onartu edo argitaratu dela. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpenak balira bezala puntuatuko. Biltzarretara joan izana parte-hartzerik gabe ez da kontuan hartuko puntuaziorako.

Argitalpenak honela baloratuko dira, kontuan hartuta zein motatako argitalpenak diren:

–JCRko lehen kuartilean dauden nazioarteko aldizkarietako artikuluak, 12 puntu artikulu bakoitzeko;

–JCRko beste nazioarteko aldizkari batzuetako artikuluak, 0,5 puntu artikulu bakoitzeko;

–Espainiako aldizkarietako artikuluak edo Espainiako liburuetako kapituluak, 0,5 puntu bakoitzeko;

–Nazioarteko liburuak osorik, 2 puntu bakoitzeko;

–Espainiako liburuak osorik, 1 puntu bakoitzeko;

–Beste argitalpen batzuk, 0,2 puntu.

Azkenik puntuazioak normaltzen dira, gehien baloratzen diren izangaiei 13 puntu emanez.

Biltzarretako parte-hartzea honela baloratuko da, kontuan hartuta zein motatako ekarpena egin den:

–Nazioarteko biltzarretako txosten gonbidatuak, 1 puntu;

–Espainiako biltzarretako txosten gonbidatuak, 0,5 puntu;

–Nazioarteko biltzarretako komunikazioak edo posterrak, 0,5 puntu;

–Espainiako biltzarretako komunikazioak edo posterrak, 0,3 puntu.

Azkenik puntuazioak normaltzen dira, eta 1 puntu ematen zaie baloraziorik onena duten izangaiei. Biltzarretako txostenen kasuan, gonbidaturik egiten badira, beharrezkoa da biltzarreko gonbidapena agiriz egiaztatzea.

6.–Elkarrizketa pertsonala, 10 puntu gehienez ere.

Elkarrizketa pertsonala laguntzaren edukiarekin lotua egonen da, eta Balorazio Batzordeak eginen du. Balorazio Batzordeko kide bakoitzak 0 eta 10 puntu artean emanen dio izangai bakoitzari, zenbateraino datorren bat eskatzen den profilarekin. Izangai bakoitzaren atal honetako azken puntuazioa Balorazio Batzordeko hiru kideen balorazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Baloratu beharreko gainerako atalen batuketa osoan puntuaziorik handiena duten hiru hautagaiei eginen zaie elkarrizketa, ez beste inori.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

Iragarkiaren kodea: F2104747