83. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 16/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, zeinaren bidez aparteko prebentzio neurriak hartzen baitira Lodosako udalerrian, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken bi asteetan, martxoaren 29tik apirilaren 11ra, SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 99 kasu diagnostikatu dira guztira Lodosan (intzidentzia metatua: 2.046,7 kasu 100.000 biztanleko). Tasa hori Nafarroan epe horretan bertan izandakoaren ia boskoitza da (425,34 kasu 100.000 biztanleko).

Azken asteko kasuei begiratuta, Lodosako eta Nafarroako 100.000 biztanleko tasak 1.178,4 eta 236,95 kasukoak izan ziren, hurrenez hurren. Hau da, 5 aldiz altuagoa zen Lodosan.

Lodosan 14 egunetan metatutako intzidentziaren eta 7 egunetan metatutako intzidentziaren arteko ratioa 1,74 da, goranzko joeraz.

Adinaren arabera, intzidentziarik altuena hauteman da 0-14 urtekoen taldean; ondoren, 45-64 urtekoen eta 65-74 urtekoen taldeetan.

Kasuen %25ean ez da lotura epidemiologikorik topatu.

Hori horrela, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gomendatutako neurrien artean dago udalerriaren konfinamendu perimetrala.

Txosten teknikoak kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da Lodosako udalerrian ezartzea SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Lodosako udalerrian sartzeko eta bertatik ateratzeko mugak.

1. Lodosako udalerrian pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presakoak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Udal-mugartea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Estatuko segurtasun kidego eta indarrekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin.

2. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan aurreikusten diren neurriak 2021eko apirilaren 15etik 29ra arte egonen dira indarrean, bi egun horiek barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 15ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 13an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2105859