78. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 14/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 6koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 25eko 11/2021 Foru Dekretuaren bidez prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Milagroko udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. 2. artikuluaren arabera, neurri horiek apirilaren 8ra arte izanen dute indarra, egun hori barne.

Hartutako neurrien indarraldia bukatzear dagoenez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposatu du haiei eustea, kontuan hartuta intzidentziak altuak direla oraindik, neurriak hartu ondoren bilakaera ona bada ere, kasuen kopuruak behera egin baitu, kontaktu ezagunak nahiz kontaktu ezezagunak dituztenen artean.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena aintzat hartuta eta azaldutako arrazoiak direla eta, bidezkoa da hartutako neurriak astebetez luzatzea, eta jarraipen berezia egitea udalerri horretan kutsatzeek izanen duten bilakaerari.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-Luzatzea Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Apirilaren 15era arte luzatzen dira, egun hori barne, Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 25eko 11/2021 Foru Dekretuaz baliatuz.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 9an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2105414