64. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

81E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, 2021. urterako, toki entitateei dirulaguntzak emateko enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 550777.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen helburuen artean honako hauek daude: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta, gizartearen, ekonomiaren, politikaren, lan munduaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea, pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, eta pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Arauen garapen horren bukaera gisa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzuen Zorroan, gizarteratzearen arloan bermatuta ez dauden prestazioen atalean, enplegu sozial babestuko proiektuen garapena jaso zen.

Uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuaren bidez, oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema arautu ziren. Bada, foru dekretu horretan jasota dago ezen Enplegu Sozial Babestuaren Programari laguntzeko langileak finantzatuko direla foru dekretu horrek arautzen duen finantzaketaren kalkuluaren bidez, eta ez urteko dirulaguntzen deialdien bidez.

Orobat, Europar Batasunaren 2014-2020ko kohesio politikak garrantzi handia du inbertsio, hazkuntza eta enplegurako eragile gisa, betiere kide diren estatuen esparruan. Zehazki, Europako Gizarte Funtsa da enplegua sortu eta hobetzera, giza kapitalaren hobekuntzara eta hezkuntzara eta beharrik handiena duen jendea gizartean eta lan munduan integratzera bideratzen den tresna. Helburu horiekin bat, programatu da Europako Gizarte Funtsak, kohesio politikaren esparruan, Nafarroako Foru Komunitateari 2014tik 2020ra emanen dizkion 20 milioi euro ingurutik 6,2 milioi euro bideratzea enplegu sozial babestuko ekintzetarako; horrela, proiektu horietarako sostengua indartuko da Europar Batasunetik heldu diren finantza-baliabide gehiago txertatuz. Hori horrela, enplegu sozial babestua sartuta dago 2014-2020 programa operatiboaren 9. helburu tematikoan, “Gizarteratzearen sustapena eta pobreziaren eta edozein bereizkeriaren kontrako borroka” izenekoan.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aurreikuspenek eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketak ezarritako helburuek bat egin behar dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenekin. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Oinarri arautzaile hauen helburua da toki entitateetan enplegu sozial babestuko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea. Enplegu sozial babestuko proiektuen funtsa da gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak eta babestu gabeko lanpostuak eskuratzeko arazoak dituztenak lanerako kontratatzea, laneratzeko aukerak hobe ditzaten interes orokorreko jarduera batean arituz eta gizarteratzeko eta laneratzeko trebetasunetan eta lanbideko abilezietan trebatuz.

Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea, departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei enplegu sozial babestuko programarako dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea (foru agindu honen I. eta II. eranskinetan bildu dira).

2. 4.717.207,56 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “900003-91600-4609-231602[PEP:E-14/000106-01]: Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020”; eta 538.385,44 euroko gastua baimentzea 2021eko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “900003-91600-4609-231602: Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020”.

3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora, eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera ere.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki entitateei enplegu sozial babestuko proiektuetarako dirulaguntzak emateko

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da araubide bat ezartzea toki entitateei dirulaguntzak emateko, enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Dirulaguntza horien bidez, toki entitateek sustatutako interes orokorreko eta irabazi-asmorik gabeko proiektuak finantzatuko dira, zertarako eta, gizarte-bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonak aldi baterako kontrata ditzaten; zehazki, lan munduan eta gizartean txertatzeko aukerak hobetuko dizkien gizarteratze ibilbide bat egiteko gizarte akonpainamendua behar duten pertsonak kontratatu beharko dira.

3. Enplegu sozial babestuko proiektuek, zein den ere beren tipologia, genero ikuspegia jaso beharko dute, hala horiek prestatzean nola gauzatzean, jarraikiz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoari, hartan ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoen jarduketa-printzipio batzuk, Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin Foru Komunitateko bizitzaren eremu eta etapa guztietan.

Bigarrena.–Entitate eskatzaileen eta kontratatutako pertsonen betebeharrak.

1. Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

2. Proiektuak egiteko kontratatzen diren pertsonek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Lan egiteko adina izatea.

b) Dirulaguntza honen babesean guztira ematen diren hilabeteen %80, gutxienez, programaren bidez kontratatzen diren unean Errenta Bermatua jasotzen ari diren unitateetako kideei egindako kontratuak izan behar dira.

c) Guztira ematen diren hilabeteen %20, gehienez, Errenta Bermatua jasotzen ez duten pertsonei egindako kontratuak izan daitezke, betiere gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan badaude eta gizarte akonpainamendua behar badute gizarteratze ibilbidea egiteko. Azkeneko kasu horretan, oinarrizko gizarte zerbitzuaren txostenaren bidez frogatu beharko da gizarte-bazterketa egoera. Txostena egiteko SIDIS tresnaren kodiagnostikoaren aplikazioa erabiliko da. Gizarte Zerbitzuak baimena izan beharko du Errenta Bermatua jasotzen ez duten pertsonak kontratatzeko. Horretarako, entitateak diagnostiko sozialaren txostena igorriko dio organo kudeatzaileari sincluss@navarra.es helbide elektronikoaren bidez, SIDISen egiaztatzeko pertsona hori gizarte-bazterketaren egoeran dagoenetz. Portzentaje hori handiagoa izaten ahal da udalerri horretan ez badago Errenta Bermatua jasotzen duen inor. Errenta Bermatua jasotzen ari ez diren pertsonak proiektuak irauten duen denbora osorako kontratatzen ahalko dira. Kasu horretan, aipatutako %20 hori handitzen ahalko da.

d) Kontratazioen edo kontratazio hilabeteen %50, gutxienez, emakumeei egindako kontratuak izanen dira, salbu eta frogatzen bada Errenta Bermatuaren emakumezko titularrik edo onuradunik ez dagoela.

e) Aurreko 3 urteak kontuan harturik, enplegu sozial babestuko programaren bidez diruz lagundutako lanpostuetan metatutako denbora 18 hilabetetik gorakoa ez izatea, salbu eta egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

–Esku-hartze sozialak eskatzea parte-hartzaileak denbora gehiago egon behar izatea programaren barruan, alfabetatzen, gako-gaitasunak lantzen edo 1. eta 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko prozesuan ari delako. Horrelako kasuetan, esku-hartzea planifikatua eta egutegi baten arabera antolatua egon beharko da.

–Inor ere ez egotea kontratatzeko moduan eta inork ere ez betetzea baldintza guztiak.

Bi kasuetan, beharrezkoa izanen da hori frogatzen duen txostena aurkeztea, oinarrizko gizarte zerbitzuak emana.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

1. Kontratazioari dagokionez:

a) Entitate eskatzaileek ezin izanen dute enplegu sozial babestuko proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiekturen bat beste toki entitateekin batera aurkezten duten entitateek ezin izanen dute bakarka beste proiekturik aurkeztu.

b) Proiektuek gutxienez 6 hilabeteko iraupena izanen dute, eta 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira. Langileak egun desberdinetan has daitezke lanean, lanean hastea egokituz laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidera.

c) Lan kontratuak aldi batekoak izanen dira, eta indarra duten legeetan baimendutako aldi bateko edozein kontratazio mota erabiltzen ahalko da. Langile bakoitzaren kontratuaren iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da kontratuak bide eman behar duela etorkizunean lana lortzeko behar diren ohiturak eta kualifikazioa eskuratzeko.

d) Lanaldien iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da aplikatu beharreko hitzarmenetan jasotakoa. Kontratatu beharreko pertsonen ezaugarriak direla eta, astean 30 orduko lanaldiak onartuko dira lanaldi osotzat. Astean 30 orduko lanaldi mota horiek egiteko kontratatzen denean, lanaldi erdia astean 15 eta 21,5 ordu artekoa izanen da, eta hiru laurdenekoa, berriz, astean 22 eta 29 ordu artekoa. Laneko denboran sartuta dago proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak betetzeko erabiltzen dena.

2. Egin beharreko lanei dagokienez:

a) Bete beharreko lanek errentagarritasuna izanen dute helburu, hau da, langileek lana lortzeko dituzten aukerak hobetzea, eta, beraz, jardueren bitartez, kasuan kasuko jarduketa eremuan atzematen diren enplegu-sorguneen araberako kualifikazioa emanen zaie langileei. Jarduera garatuko da parte hartzen duten toki entitateen eskumen eremuaren barrenean.

b) Garrantzi berezia emanen zaio emakumeek lana aurkitzeko aukerak hobetuko dituzten ekintzen diseinuari.

3. Sostenguari dagokionez:

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aukeratuko ditu proiektuen parte-hartzaileak, zerbitzu horretan arreta jaso dutenen artetik, baloratu ondoren baliabidea nola egokitzen den haien premietara eta laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidean zein puntutan dauden.

b) Proiektuetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak parte-hartzaileei emanen dien sostengua agertuko da, baita sostengu hori nork emanen duen ere, profesional bakoitzaren eginkizunak zehaztuta.

c) Sostengua, funtsean, hau da: lan jardueraren eta prestakuntza jardueren helburuak eta lan plangintza bat finkatzea parte-hartzaile bakoitzarentzat, bai eta haren eguneroko funtzionamenduaren jarraipen indibiduala ere (bertaratzea, puntualtasuna, produktibitatea,...).

d) Proiektuan, honelako jarduerak aurreikusi beharko dira: taldearen kohesioa bultzatzekoak, ager daitezkeen gatazkak konpontzekoak eta parte-hartzaileen trebetasun pertsonalak eta sozialak sustatzekoak.

4. Prestakuntza jarduerei dagokienez:

a) Hauek izanen dira prestakuntza jardueren xedeak:

–Kontratuaren xedeko lanak egiteko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzea.

–Prestakuntza maila edo gaitasun profesionalak lan-merkatuko eskakizunetara egokitzea.

–Norberaren egonkortasuna, bizikidetza orekatua, gizarteratzea eta gizartean parte-hartzea bultzatzeko behar diren elementuak eskuratzea.

b) Prestakuntza jarduerek, alde batera utzita lantegiko monitorearen kontratazioa, kontratuko denbora osoaren ehuneko 15 eginen dute gehienez.

Proiektu guztiek genero ikuspegia jaso beharko dute, hala horiek prestatzean nola gauzatzean, jarraikiz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoari, hartan ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa-printzipio batzuk, Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin Foru Komunitateko bizitzaren eremu eta etapa guztietan.

Laugarrena.–Bateragarritasuna.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

2. Aurrekoa gorabehera, diruz lagundutako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

3. Aurrekoa gorabehera, oinarri hauen ondorioetarako, honako hau hartuko da kofinantzaketa gisa: entitate onuradunak berak, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian adierazten denaren arabera, diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako bere borondatez jartzen duen kopurua. Toki entitateak eskaeran adierazten duen kofinantzaketaren ehunekoa berdina izanen da laguntza eman ondoren ere. Xedapen honek ez du eraginik Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketan.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Enplegu sozial babestuko proiektuak egiteko dirulaguntzetan gehienez ere kontzeptu eta zenbateko hauek sartuko dira:

a) Dirulaguntza, lanpostuengatik: 1.551,67 euro hilean. Zenbateko hori lanbide arteko gutxieneko soldataren %140 da, zeina ezarri baitzen otsailaren 4ko 231/2020 Dekretuaren bidez. Kontzeptu horren barrenean, hileko lanaldi osoko soldata, aparteko bi pagaren hainbanaketa eta gizarte segurantza daude sartuak. Zenbateko horretatik gorako kopuru guzti-guztiak entitate eskatzaileek osorik hartuko dituzte beren gain. Eskaeran ez da onartuko zenbateko horren azpitik dagoen kopururik. Zenbateko hori ezarri da dirulaguntzaren kostu sinplifikatu eta bakar gisa, kontzeptu horrengatiko gastua Europako Gizarte Funtsari aurkezteko. (Unitate kosturako baremo estandarra, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoarekin).

b) Dirulaguntza, prestakuntza jarduerengatik: lanpostuengatik ematen den dirulaguntzaren zenbateko osoaren %15 gehienez. Hor sartzen dira prestakuntza jarduera egiteko behar diren materialak eta hornigaiak, kilometro-ordaina, prestakuntza ikastaroak egitea eta zerbitzu profesionalen kontratazioa, baita “lantegiko monitoreak” izenekoen kontratazioa ere.

2. Ez dira inola ere diruz lagungarritzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak, protokoloko eta luxuzko gastuak eta amortizazioak.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate sustatzaileek 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu eskaera horiek.

3. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz sincluss@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek sincluss@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Entitate sustatzaileak egin gogo duen proiektua, horretarako prestatutako ereduarekin bat. Eredua Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea 7) eta Gizarte Zerbitzuen web-orrian (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahalko da.

b) Enplegu sozial babestuko proiektuan aurretik parte hartu gabeko entitate sustatzaileak direnean, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere erantsi beharko dute.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokion guztian, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Bederatzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Deialdi honen gastuei aurre egiteko, 5.255.593,00 euro bideratu dira, 2021eko gastuen aurrekontuko “900003-91600-4609-231602[PEP:E-14/000106-01]: Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020” partidaren baliokidea den 2021eko aurrekontuko partidaren kargura. Honela banatuko da:

• 4.717.207,56 euro, gastu diruz lagungarrien a) kontzeptua (lanpostuak) diruz laguntzeko aipatutako partidaren kargura. Dirulaguntza hori lanbide arteko gutxieneko soldataren %140 adinakoa izanen da. Kontzeptu horren barrenean, hileko lanaldi osoko soldata, aparteko bi pagaren hainbanaketa eta gizarte segurantza daude sartuak. Zenbateko horretatik gorako kopuru guzti-guztiak entitate eskatzaileek osorik hartuko dituzte beren gain.

Zenbateko horiek unitate kosturako baremo estandar bat erabiliz zehaztu dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67. kapituluan ezarritakoaren arabera.

• 538.385,44 euro aipatutako partida beraren kargura, gastu diruz lagungarrien b) kontzeptua diruz laguntzeko, hau da, prestakuntza jardueretarako dirulaguntzari dagokiona: lanpostuengatik ematen den dirulaguntzaren %15 gehienez.

2. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

3. Dirulaguntza-eskaera aintzat hartua izateko, proiektuak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu.

4. Aldeko balorazioa hartzen duten proiektuetarako eskatutako guztirako diru kopurua ez bada handiagoa helburu honetarako bideratutako aurrekontu-kreditua baino, eskatutako diru guztia emanen da. Bestela, diru kopurua murriztuz joanen da irizpide hauek erabiliz, harik eta aurrekontuaren partida agortu arte:

–Parte-hartzaileak, gutxienez, 6 hilabetez kontratatu beharko dira, eta, gehienez, 925 hilabetez.

–Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, toki entitate bakoitzak aurkeztutako modulu indibidualen batezbestekoa eginen da; horrek erreferentzia egiten dio kontratazio hilabete batek duen kostuari, eta kalkulatzen da eskatutako kopuru osoa proposatutako kontratazio hilabeteekin zatituta. Eskatzaile guztien modulu indibidualen batezbestekoa ezarri ondoren, partidan dagoen dirua (5.255.593,00 euro) modulu horrekin zatituko da, kalkulatzeko zenbat diren deialdiarekin –teorian– kontratatu daitezkeen hilabeteak guztira.

–Hilabete horien %50 honela banatuko da: %50 biztanleriaren arabera, bere erreferentziazko lurralde eremuko biztanle kopurua hartuta, eta gainerako %50a zati berdinetan banatuko da, honako irizpide hauen arabera:

  • Inguru horretako langabeen kopurua, 2020ko batezbestekoa eginda.
  • Inguru horretako txirotasun larriaren tasa (Txirotasun larriko egoeran dauden pertsonen kopurua). (Azken datu ofizialak).
  • Inguru horretan 2020an Errenta Bermatua jaso duten familia-unitateen kopurua.

–Irizpide hori aplikatu ondoren, toki entitate bakoitzari dagokion hilabete kopurua bere modulu indibidualarekin biderkatuko da, entitate eskatzaile bakoitzari banatu beharreko kopurua ateratzeko. Lehen banaketa horretan emanen den gutxieneko laguntza 4 hilabetekoa izanen da.

–Hasierako %50a banatu ondoren, gainerako kopurua proportzionalki banatuko da eragiketa hau eginda (hiruko erregela zuzena):

X=

A x B

C

Azalpena:

X= Banatu beharreko zenbatekoa.

A= Aurreko banaketaren arabera emandako zenbatekoa bider, kasuan kasuko proiektuan, eragiketa honetatik ateratzen dena: lortutako puntuak-50.

B= Aurreko banaketa aplikatu ondoren, partidan gelditzen den soberakina.

C= A-n lortutako zenbateko guztien batura.

5. Proiektuen balorazioa egin ondoren, eta laguntzak modalitateen arabera emateko proposamena ez badator bat baimenetan aurreikusitako banaketarekin, kontabilitate doikuntza egin beharko da bi baimenen artean, kontzesioa egin aurretik. Doikuntza hori Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen da.

Hamargarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio-organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egin daiteke, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea). Tramite hori posta elektronikoaren bidez eginen da, eta dirulaguntzak kudeatzeko Extr@ aplikazioaren bidez.

Zilegi izanen da proposatutako dirulaguntzaren kopurua aurretik jakinaraztea, kontzeptuz kontzeptu, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoari gehitu beharrekoa, horrelakorik badago, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Proposatutako kopurua jakinarazi ondoren, entitateren batek dirulaguntzari uko egiten badio, gelditzen den diru kopurua bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera onetsitako gainerako proiektuen artean banatuko da.

Hamaikagarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa bukatuta, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitzen zaizkion, laguntzen helburua, onartutako aurrekontua, emandako zenbatekoa, eskaeraren arabera gauzatu beharreko konfinantzaketaren ehunekoa, eta laguntzak ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, bai eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.

Hamabigarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Horrez gain, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, aldian behin, Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko du (http://www.mitramiss.gob.es/uafse/es/listado-operaciones/index.htm) laguntza hauen entitate onuradunen zerrenda, EGIFek kofinantzatzen dituenez, Nafarroari esleitutako egitura funtsei gardentasuna eta publizitatea ematearren.

Dirulaguntzak jasotzearekin batera, entitate onuradunek onartzen dute beren izena eta jasotzen dituzten zenbatekoak agertzea argitaratu beharreko zerrendetan.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira dirulaguntzak, jarduera egin dela justifikatu ondoren 14. oinarrian adierazi bezala. Ordainketa partzialak onartzen badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, gastuak justifikatu ahala.

2. Organo deitzaileak ordainketa aurreratua egin dezake, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Horretarako, funts horniduraren beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: likideziaren behar iragankor hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:

a) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, ordainketa bakarrean ordainduko da dena, aurrerakin gisa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

b) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurotik gorakoa bada, honela eginen da: esleitutako zenbateko osoaren %50, ebazpena sinatzearekin batera, eta beste %50a, aurrerakina eta kofinantzaketa (halakorik balego) justifikatu ondoren.

4. Nolanahi ere, ordainketa egiteko azkeneko txostena, beranduenez, 2021eko azaroaren 16an aurkeztu beharko da. Salbuespen gisa, eta, bakar-bakarrik, azaroko azken justifikazio horretan, onartutakoaren %100 likidatzeko, nahikoa izanen da proiektuan parte hartzen duten langile guztien lan kontratuak aurkeztea.

5. Bai ordainketa aurreratuak, bai aurreko puntuaren arabera egiten direnak, hurrengo oinarrian ezartzen denari jarraikiz justifikatu beharko dira.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Entitate onuradunek diruz lagundutako programaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute, inprimaki ofizialean. Eredua Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan eska daiteke, edo oinarrizko gizarte zerbitzuen webgunetik deskargatu.

2. Txosten partzialak edo azkenekoak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta osagai hauek izanen ditu:

a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partziala:

a.1) Diruz lagundutako programa nola garatzen ari den azaltzen duen txosten labur bat, horretarako ezarritako ereduari jarraikiz egina. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan.

Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.

a.2) Idazkariak edo entitatearen fede publikoa duen pertsonak luzatutako ziurtagiria, emandako dirulaguntzaren gastu osoari eta entitatearen ekarpen ekonomikoari buruzkoa, honako hauekin batera:

–Proiektuan parte hartzeko kontratatutako pertsonen zerrenda, eredu normalizatuaren arabera prestatua, honako hauek adierazita: kontratuen iraupena, bakoitzaren lanaldia eta entitateak bere gain hartutako gastua (soldata eta Gizarte Segurantza).

–Lantegiko monitoreen zerrenda, eredu normalizatuaren arabera prestatua, honako hauek adierazita: kontratuen iraupena, bakoitzaren lanaldia eta entitateak bere gain hartutako gastua (soldata eta Gizarte Segurantza).

–Joan-etorrietarako kontzeptu gisa diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, hala proiektuko parte-hartzaileenak, nola lantegiko monitoreenak.

–Prestakuntza atalari dagozkion gastuen zerrenda, eta, orobat, entitateak proiektuari edo proiektuaren kofinantzaketari egotzi nahi dizkion beste gastu batzuena.

–Parte hartzen duten pertsonen lan kontratuak, hamahirugarren oinarriaren 4. puntuan ezarritako baldintza betetzen dela justifikatzeko, betiere justifikazio bide hori aukeratzen bada azken ordainketa egiteko, eta lehendik aurkeztu ez badira.

b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Lortutako emaitzak.

–Gauzatzearen adierazleak eta emaitzen adierazleak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

b.2) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen balantzea, kontzeptuen arabera sailkatua.

b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen aurreko paragrafoetan hurrengo ordainketak egiteko ezarritako baldintza beretan.

b.4) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Egozten diren gastu guztietarako, behar diren gastu- eta ordainketa-frogagiriak aurkeztu beharko dira, kontrol organoak egiazta ditzan. Organo horrek lagin bat berrikustea erabaki dezake. Frogagiri horiek fakturak izanen dira, edo, horrelakorik ezean, banku-laburpenak eta ordainagiriak, datu hauek jasoko dituztenak: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua. Langileen gastuak 2.a.2) puntuan aipatutako ziurtagiriekin bakarrik justifikatuko dira.

4. Entitatea behartua dago aurreko puntuan zehaztutako gastu guztien frogagiriak eta egiaztagiriak gordetzera (gastuen frogagiriak, ordainagiriak, fakturak, banku-laburpenak, etab.), baita sinatutako kontratuak ere, bai proiektuan parte hartzen duten langileenak, bai laguntzako langileenak eta monitoreenak, dokumentazio hori berrikusi beharra gertatzen den kasuetarako. Zehazki, hamaseigarren oinarriaren f) puntuan ezarritako epea igaro arte gorde beharko dira, han adierazitako baldintzetan.

5. Jarduerak, dirulaguntza honetaz gain, funts berekiekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatzen badira, justifikatzeko orduan, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa frogatu beharko da, eta ziurtatu proiekturako hartutako finantzazioak ez duela proiektuaren guztirako gastuaren %100 gainditzen. Toki entitateko idazkari lanak egiten dituenak ziurtatu beharko du hori.

Dirulaguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko azken eguna 2021eko azaroaren 16a izanen da.

6. Azken txostena, beranduenez, 2022ko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da.

7. Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera hori.

Hamabosgarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, proiektuaren prestakuntza jardueretan baino ez da onartuko azpikontratazioa. Azpikontratazio gisa hartuko da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xedeko jardueraren exekuzio partziala. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita.

Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki entitate onuradunek Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela frogatu beharko dute.

Hamaseigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Toki entitateak honako hauetara daude behartuak:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak eskaeraren eta ebazpenean onetsitako aurrekontuaren arabera gauzatzea, baita oinarri arautzaile hauetan jasotako baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera ere, eta dirua zer helburutarako ematen den, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea. Azken memoria tekniko eta ekonomikoan, hamalaugarren oinarriko 2.b) atalean adierazitakoa jaso beharko da, prestatutako ereduen arabera aurkeztua. Eredu horiek entitate parte-hartzaileen eskura egonen dira, eta oinarrizko gizarte zerbitzuen webgunean argitaratuko. Azken memorian, besteak beste, proiektua gauzatu bitartean bildutako adierazleak jasoko dira, hala gauzatzeari buruzkoak, nola emaitzei buruzkoak, gero Europar Batasunari jakinarazteko.

c) Proiektuen zabalkundea eta publizitatea egitean, diruz lagundutako entitateek dirulaguntza nork eman dien adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, bai eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa ere. Gainera, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, honela:

Entitate onuradunak EGIFen ekarpena jendaurrean paratu beharko du, web-orrian ondokoa ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Toki entitate honek Europako Gizarte Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGIF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F2103168_0.pdf

Halaber, proiektuak irauten duen bitartean behintzat, DIN A3 tamainako kartel bat jarri beharko du ikusteko moduko toki batean. Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalak emanen dio kartel hori.

Era berean, foru agindu hau argitaratzen denetik aurrera egiten diren kontratu guztietan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dituztela.

d) Nafarroako Gobernuak, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten dituzten egiaztapenak eta litezkeen kontrolak onartzea, eta berorietan laguntzea.

e) Entitate bakoitzaren izaeraren arabera dagozkion kontabilitate-betebeharrak betetzea. Era berean, kontabilitate sistema bereizi bat eraman beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat, kofinantzaketarako aurkeztutako eragiketei dagokienez (proiektuan parte hartzen duten langileen gastuak eta diru-sarrerak). (1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.4.b) artikulua).

f) Bat etorriz 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak noiz aurkezten dizkion Europako Batzordeari eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak, hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren ardura izanen da Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea noiz hasten den epe hori, horrek, bere aldetik, entitate onuradunei jakinaraz diezaien.

g) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeak kontrolatzea, etab.

h) Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile laguntzaileen eta lantegiko monitoreen taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile horien gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

i) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak betetzea.

m) Parte-hartzaileen kontratuak Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalera igortzea, kontratazioaren egunetik hasi eta 15 eguneko epean.

n) Dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartutako edozein baldintza aldatu nahi izanez gero, entitate onuradunek Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta lortu beharko dute.

o) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

p) Entitate eskatzaileek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusten diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

q) Proiektua gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek baimena eskatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren edukia aldatzeko, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamazazpigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Azken justifikazioan formalak baino ez diren ez-betetzeak gertatzen badira, dagozkion dokumentuak zenbat egun aurkeztu diren epetik kanpo hartuko da kontuan, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5eko murriztapena arte.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo hura ez ordaintzea.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hemezortzigarrena.–Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Oinarrien kontra eta berariazko eta ustezko ebazpenaren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auziak arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarritakoaz gainera, aplikatzekoak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua, eta apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretua, Gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, aurrekoei kontra egiten ez dieten heinean.

Hogeigarrena.–Europar Batasuneko Egitura Funtsen kofinantzaketa.

Lanpostuengatiko dirulaguntzek, bosgarren oinarriko 1.a) atalean ezarrita dauden bezala, Europako Gizarte Funtsaren %50eko kofinantzaketa izaten ahal dute, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren bitartez.

Hortaz, aurreko paragrafoan adierazitako laguntzen onuradun diren entitateak Europar Batasunaren aurrekontuetatik datorren finantzabidearen onuradun ere izanen dira, eta, horrenbestez, hamaseigarren oinarriko b), c), d), e), f) eta g) puntuetan kofinantzaketari buruz adierazitakoa aplikatuko zaie.

II. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak

1. Erakundeen ahalmena (60 puntu).

a) Udalen inplikazioa eta eskualdean duen zabalkundea (5 puntu gehienez).

b) Kofinantzaketa konpromisoa (20 puntu gehienez).

c) Programaren ondoren kontratatzeko edo laneratzeko konpromisoa (5 puntu gehienez).

d) Entitatearen ahalmen operatiboa: aurreko urteko aurrekontuen exekuzioa eta aurkeztutako proiektuaren betetze maila. (30 puntu gehienez).

Baloratu beharreko alderdiak aurreko urteko exekuzioari dagokionez:

–Exekuzio ekonomikoa. Aurreko urteko aurrekontuen exekuzioa (5 puntu gehienez).

–Aurreikusitako prestakuntza. Mota eta zenbat denbora eskaini zaion (10 puntu gehienez).

–Emakumeak kontratatzea. Aurreikusitako eta egindako kontratuen kopurua (2,5 puntu gehienez).

–Osasun Mentaletik bideratutako pertsonak, hango jarraipena izanda, aurreikusiak eta kontratatuak (2,5 puntu gehienez).

–Errenta Bermatua bi urte baino gehiagoz jasotzen ari diren pertsonak, aurreikusiak eta kontratatuak (5 puntu gehienez).

–Programaren ondoko laneratzea: aurreikusitako laneratzeak eta lortutakoak (5 puntu gehienez).

2. Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa: (10 puntu).

a) Prestakuntzarako proposamenaren analisia. Aurreikusitako prestakuntza mota eta eskainiko zaizkion orduen portzentajea (5 puntu gehienez)

b) Segimendurako tresnak eta egiaztatze-bideak (5 puntu gehienez)

3. Jarduketarako lehentasunak eta 2021ean kontratatzen diren pertsonen zaurgarritasunaren profilak (30 puntu).

a) Urtebetez edo gehiagoz etenik gabe Errenta Bermatua jasotzen ari diren familia-unitateak (10 puntu gehienez).

b) Osasun Mentaletik bideratutako pertsonak eta/edo han tratatzen direnak, betiere harekin koordinaturik (5 puntu gehienez).

c) Kontratatzen diren emakumeen ehunekoa, betiere nahitaezkoa den %50etik gora (5 puntu gehienez).

d) Jarduketa bereziko eskualdea izatea maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuaren arabera, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako oinarrizko gizarte zerbitzuen zonifikazioa (10 puntu).

Iragarkiaren kodea: F2103168