64. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Udalaren obra lantaldeko arduradun lanpostu bat merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren otsailaren 8ko 295/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Udalaren obra lantaldeko arduradun lanpostu bat betetzeko merezimendu-lehiaketa bidez.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da, Tuterako Udalaren zerbitzuko obra lantaldeko arduradun lanpostua betetzeko merezimendu-lehiaketa bidez. Plantilla organikoan 0512C02001 kodea du.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Merezimendu-lehiaketa hau ondoko arau hauek arautuko dute: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena (II. titulua, VII. kapitulua); Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua (II. titulua, II. kapitulua, 4. atala); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.

3.–Lanpostuaren ezaugarriak.

Lanpostua lortzen duenak bete beharreko eginkizunak izanen dira Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen balorazioa egiteko azterlanean jaso direnak, bai eta une bakoitzean organo eskudunek ezartzen dituztenak ere. Aipatu azterlana, Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuak prestatua, 2009ko urtarrilaren 30eko osoko bilkuran onetsi zuen Udalak.

Oro har, eginkizun horiek izanen dira obren eta mantentze-lanen programak betetzeaz eta Udalaren azpiegiturak eta ekipamenduak kontserbazio egoera onean edukitzeaz arduratzekoak, lanak antolatuz, lantaldeari atxikitako langileak eta materialak koordinatuz eta gainbegiratuz, eta Udal Biltegia antolatu eta kontrolatzeko zereginak betez, biltegi horrek egoki funtzionatzeko ardura harturik.

Lanpostua eskuratzen duen langileak C mailako ordainsariak jasoko ditu, eta indarra duten xedapenen arabera dagozkion osagarriak.

4.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duen araudian xedatutakoarekin bat, lanpostua betetzeko merezimendu-lehiaketan parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea Tuterako Udalean, Udalaren Ur Batzordea haren erakunde autonomoan edo Tudela Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoan, eta egotea jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailakoa izatea.

5.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

5.1.–Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

Eskabide eredua (PDFa).

Eskabideak erregistratu beharko dira Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Plaza Vieja, 1) edo El Frontón kaleko 1eko bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

5.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira deialdiaren 4 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

5.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.4. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, salbu Tuterako Udalean egin eta aitortutako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio kalifikazio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, eta izangaiek deialdiko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu ondoren, Tuterako Udaleko alkate udalburuaren ebazpen baten bidez onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko; era berean, ohartaraziko da hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, bai eta akatsak zuzendu ere, halakorik egin badute.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Erreklamazioetarako epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak aurkezten diren erreklamazioak ebatziko ditu, halakorik aurkezten bada, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Lehiaketako kalifikazio epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Ángel Miguel Fernández Fernández, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lantaldeen arduraduna.

Ordezkoa: Estefanía Arrondo Sangüesa, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko herri-lanetako ingeniari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Ignacio López Burgaleta, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Esther González Benavente, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: Marta Burgos Ausejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.

Ordezkoa: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.

–Idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Jesús Zueco Sánchez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

7.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia, mahaiburuak deialdia eginda.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

7.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko, eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.

8.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba praktikoa, eta hondarrean txosten psikoteknikoa.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira proba praktikoa hasteko tokia, eguna eta ordua. Txosten psikoteknikoa egiteko iragarkia, berriz, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren webgunean jarriko da.

8.2. Lehiaketaldia:

8.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 60 puntu emanen dira.

Epaimahaiak honako elementu eta puntuazio hauen arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

8.2.2. Izangaiek aurreko atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.2.3. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Izangaiek ez dituzte aurkeztu beharko, 5.4 oinarrian adierazi den moduan, Tuterako Udalean egindako zerbitzuei dagozkien merezimenduen frogagiriak, zeren eta frogagiri horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

8.2.4. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta apartatu bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

8.2.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduei buruz.

8.2.6. Fase hau bukatzean, epaimahaiak ohiko euskarrietan argitaratuko ditu lehiaketaren behin-behineko puntuazioak eta irekiko du erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

8.2.7. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan argitaratuko ditu.

8.3. Proba praktikoaren fasea:

8.3.1. Izangaiek proba praktikoa egin beharko dute deialdiko lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.

Deialdi bakarraren bidez eginen da proba, eta bazterturik geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.3.2. Proba honetan 25 puntu emanen dira gehienez, eta baztertu eginen dira gutxienez 12,50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.3.3. Plika sistemaren bidez eginen da proba, eta epaimahaiak lanpostuaren edukiaren eta eginkizunen gainean proposatzen dituen kasu edo ariketa praktikoak gauzatu beharko dira.

8.4. Proba psikoteknikoa (txosten psikoteknikoa).

8.4.1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; azken hori lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak.

8.4.2. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahaiarentzat. 15 puntu emanen dira gehienez.

8.4.3. Txosten psikoteknikoa ez da baztertzailea izanen.

8.5. Bai proba praktikoa bai txosten psikoteknikoa bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu ohiko euskarrietan, eta erreklamazioak aurkezteko bost egun naturaleko epea irekiko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak onetsi eta euskarri beretan emanen ditu argitara.

8.6. Merezimendu lehiaketako puntuazio osoa ateratzeko, lehiaketaldian, proba praktikoan eta txosten psikoteknikoan lortutako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatzen bada izangaiek lortzen dituzten guztizko puntuazioetan, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, adin handieneko izangaiaren alde ebatziko da.

9.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio, espediente osoarekin batera, deialdiaren 8.3 oinarrian aipatzen den proba praktikoa gainditu dutenen zerrenda, lehiaketako atalen multzoan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera zehaztuta.

9.2. Alkatearen ebazpenaren bidez eginen da puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren izendapena.

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.4. Izangai izendatuak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, karguaz jabetzen ez bada, Tuterako Udalaren obra lantaldeko arduradun bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

10.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko martxoaren 3an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan, mantentze-lanetako lantaldeetako arduradun lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 1,50 puntu.

2. Edozein administrazio publikotan, C mailako beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,75 puntu.

3. Edozein administrazio publikotan, deialdiko lanpostuaren mailatik beherako lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,30 puntu.

Oharrak:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5.–Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bitartean egindako zerbitzuak kontatuko dira aipatu egoeretan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala.

6.–Kontuan hartuko dira administrazio publikoetan langile finko gisa nahiz bitarteko gisa egindako zerbitzuak.

7.–Gehienez ere 35 puntu emanen dira A) apartatu honetan.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 8 puntu.

Oharrak:

1.–Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4. Goi mailako titulazioa izatea: 4 puntu gehienez.

5. Erdi mailako titulazioa izatea: 3 puntu gehienez.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 3 puntu.

Oharrak B) apartatu osorako:

1.–Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2.–Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

3.–Gehienez ere 25 puntu emanen dira B) apartatu honetan.

Iragarkiaren kodea: L2103754