63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Jendaurreko informazioa, proiektu honi dagokion aurretiazko administrazio baimenaren, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta onura publikoaren deklarazioaren eskaera dela eta: FV Azkoien planta fotovoltaikoa (370 mwp) eta loturik dituen energia ateratzeko azpiegiturak

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1.a) artikuluan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. eta 125. artikuluetan, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17., 18., 18. eta 52. artikuluetan eta lege horren Erregelamenduaren 56. artikuluan (1957ko apirilaren 26ko Dekretua) ezarritakoaren ondorioetarako, jendaurrean jartzen da eskaera hau, “Azkoien” planta fotovoltaikoaren (370MWp) eta loturik dituen energia ateratzeko azpiegituren proiektuaren aurretiazko administrazio baimenari, eraikitzeko administrazio baimenari, ingurumen inpaktuaren adierazpenari eta onura publikoaren deklarazioari dagokiona.

• Eskatzailea: Iberenova Promociones SAU. Helbidea: Tomás Redondo kalea 1, 28033 Madril.

• Eskaeraren xedea: Aurretiazko administrazio baimena, ingurumen inpaktuaren adierazpena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa, proiektu honi dagokionez: “FV Azkoien” planta fotovoltaikoa (370MWp) eta loturik dituen energia ateratzeko azpiegiturak, Azkoien 30/400kV azpiestazio jasotzailea eta energia ateratzeko linea elektrikoa ( 400kV FV Azkoien azpiestazioa-Castejón Promotores azpiestazioa).

• Organo eskuduna: proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaz, eraikitzeko administrazio baimenaz eta onura publikoaren deklarazioaz ebazteko eskumena duen organo substantiboa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusia da. Ingurumen inpaktuaren adierazpena emateko eskumena duen ingurumen arloko organoa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritza Nagusia da.

• Tramitazio organoa: Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionala. Alegazioak Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako arlo horri zuzenduko zaizkio, helbide honetan: Merindadeen plaza, zk.g., 31071 Iruña.

• Instalazioen deskribapena: Proiektatzen den planta fotovoltaikoak Azkoien eta Andosillako udal mugarteetan kokatuko da, azpiestazio jasotzailea Azkoiengo udal mugartean eta energia ateratzeko lineak Azkoien, Funes, Milagro, Cadreita, Valtierra eta Castejongo udal mugarteak ukituko ditu.

Instalazioen ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • FV Azkoien planta fotovoltaikoa (370MWp): 822.212 modulu fotovoltaiko, 450 W-ekoak, ardatz bateko jarraitzaileko instalazio konbinatuko eta instalazio finkoko teknologia dutenak, 1.637 kVA-ko 179 inbertsore (370 MW-eko potentzia guztira).
  • Energia ateratzeko azpiegiturak honela daude osatuta:
  • ST FV Azkoien azpiestazio jasotzailea, 400 kV-ko parkearekin atari zabalean, barra sinpleko konfigurazioarekin, transformazioko bi posizio dituena, bakoitza 250 MVAkoa, eta 400 kV-ko aireko linea ateratzeko posizio bat. Eraikinetan, 30 kV-ko kabinak kokatuko dira.
  • 400 kV-ko aireko linea, ST FV Azkoien azpiestazio jasotzailetik Castejón Promotores 400 kV-ko transformazio azpiestazio kolektorera. Zirkuitu bikoitzeko linea, duplex gisako eroalearekin, 33 km-koa.

• Kalkulatutako aurrekontua: planta fotovoltaikoa: 169.629.757,94 euro; 30/400kv-ko azpiestazioa: 3.482.902,71 euro; 400kV-ko aireko linea: 12.340.081,91 euro.

• Helburua: energia elektrikoa sortzea planta fotovoltaiko baten bidez, eta hura ebakuatzea energia elektrikoa garraiatzeko sarera.

Eskatzaileak eskatu du ingurumen inpaktuaren adierazpena egin dadila goian adierazitako azpiegitura elektriko guztietarako, baita aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa ere.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusiari dagokio aldez aurretiazko administrazio baimenari eta eraikitzeko administrazio baimenari buruzko ebazpena ematea, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloari, berriz, ebazpen horien eskaerari buruzko administrazio espedientea tramitatzea.

Sektore Elektrikoari buruzko 24/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, “energia elektrikoa sortu, garraiatu eta banatzeko instalazio elektrikoen onura publikoa deklaratzen da haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako eta bide zortasuna ezarri eta erabili ahal izateko.

Onura publikoaren berariazko aitorpena egiteko, Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da enpresa interesdunak eskatzea, eta, horrekin batera, bere iritziz desjabetu beharko liratekeen ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza aurkeztuko du.

Onura publikoaren deklarazioak berekin ekarriko ditu Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 56. artikuluan eta goian aipatutako 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan adierazitako ondorioak.

Eta hori guztia aditzera ematen da orok jakin dezan eta aztertu ahal izan daitezen proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lurzati planoak Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalaren bulegoetan (Merindadeen plaza z.g., 37071 Iruña), aurretik hitzordua eskatuta, edo esteka honetan:

https://www.mptfp.gob.es/portal/delegaciones_gobierno/delegaciones/navarra/proyectos-ci.html

Era berean, eta bat etorriz goian aipatutako 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluarekin, proiektuaren ukipenak zehazten dituen eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza jasotzen duen dokumentu teknikoa aztergai egonen da iragarki honetan aipatutako udal mugarteetako udaletxeetan.

Gainera, iragarki hau argitaratzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako, pertsona interesdun guztiek aztertu ahal izan ditzaten proiektuko agiri guztiak eta egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal izan ditzaten.

Interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahal dituzte, arlo honi zuzenduak, iragarki hau argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean, bai idatziz, euskarri fisiko batean, Gobernuaren Ordezkaritzaren Erregistro Orokorrean, bai Estatuko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoaren bidez (https://rec.redsara.es), bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren moduetan.

Ondoren, argitara ematen da, eskatzailearen iritziz, desjabetu beharko liratekeen ondasun eta eskubide ukituen banakako zerrenda zehatza, batzuetan lurren jabari osoa desjabetuz, eta beste batzuetan bide zortasuna ezarriz energia elektrikorako eta zerbitzu osagarrietarako, konparazio batera, sarbideak edo beste instalazio osagarri batzuk.

ERANSKINA

Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda (PDFa).

Iragarkiaren kodea: E2104081