54. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Sociedad Lodosana para el Deporte y la Salud SL eratzea.

Udal honek, 2021eko otsailaren 17an egindako osoko bilkuran, dagokion aktan onetsiko dena ukatu gabe, xedapen zatian eta estatutuetan honela dioen erabakia hartu zuen:

ERABAKIA:

“1. Behin betiko onestea merkataritza sozietatea eratzeari buruzko justifikazio memoria, Lodosako Udalak zuzenean kudeatuko duena eta kapital guztia Udalarena izanen duena, kudea ditzan aisialdiko eta kiroleko zerbitzuak eta zerbitzu edo lan osagarriak, Lodosako Udalak kudeatutako instalazioetan.

2. Kudeaketa mota behin betiko onestea, zeina zuzeneko kudeaketa izanen den, merkataritza sozietate mugatu bat eratuz, kapital guztia Udalarena duena, kudea ditzan aisialdiko eta kiroleko zerbitzuak eta zerbitzu edo lan osagarriak, Lodosako Udalak kudeatutako instalazioetan.

3. Behin betiko onestea espedientean jasota dauden erantzukizun mugatuko merkataritza sozietatearen estatutuak.

4. Behin betiko onestea “Sociedad Lodosana para el Deporte y la Salud SL” izeneko merkataritza sozietatearen eraketa.

5. Erabaki hau eta estatutuen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Sociedad Lodosana para el Deporte y la Salud SL sozietatearen eraketa eskritura publiko bihurtzea eta merkataritza erregistroan izena ematea, erabaki hau eraginkorra izan dadin, Lodosako Udaleko alkateari edo alkateordeari baimena emanez beharrezko agiriak sina ditzan notarioaren aurrean edo merkataritza erregistroaren aurrean, sozietatearen eraketa erregistroan izena emateari dagokionez beharrezkoa dena argitzeko, zuzentzeko edo informazio osagarria aurkezteko, halakorik bada.

7. Sociedad Lodosana para el Deporte y la Salud SL sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak izendatzea, estatutuen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuta. Honako hauek dira kideak:

–Lourdes San Miguel Rojo andrea;

–Laura Remírez Noguera andrea;

–Ignacio José Alegría Castillo jauna;

–Iván Merino Moreno jauna;

–Ignacio Martínez Martínez jauna.

Izendatutako Administrazio Kontseiluko kideek, zeinak egintzara bertaratu diren, egintza honetan bertan onartu dute karguaren izendapena eta kargua zintzotasunez betetzeko konpromisoa hartu dute. Adierazi dute, baita ere, ez daukatela lege edo estatutu arloko bateraezintasun kausarik.

8. Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, honen kontra, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hura ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da aurkeztu ez gora jotzeko errekurtsorik, ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da berriz aurkeztu errekurtso mota hori bera.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hori ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik.

3.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

ONETSITAKO ESTATUTUAK
SOCIEDAD LODOSANA PARA EL DEPORTE Y LA SALUD SL

Estatutuak

1. artikulua. Izena

Sociedad Lodosana para el Deporte y la Salud SL izeneko merkataritza sozietatea eratu da, erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Estatutu hauek eta aplikatzeko modukoak diren lege-xedapenek arautuko dute sozietatea.

2. artikulua. Sozietatearen xedea

Sozietatearen xedea da honako jarduera hauek gauzatzea:

a).–Aisialdiko eta kiroleko zerbitzuak ematea udalaren kirol instalazioetan.

b).–Zerbitzu edo lan osagarriak ematea zerbitzu nagusiak ematen diren instalazioetan.

3. artikulua. Iraupena

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

4. artikulua. Egoitza soziala

Egoitza soziala honako hau izanen da: Medianil pasealekua z.g. (igerilekuak), 31580, Lodosa (Nafarroa).

Administrazio organoak erabakiz gero helbidea lekualdatu ahalko da udal-mugarte barnean.

5. artikulua. Kapital soziala

Kapital soziala 3.000,00 (hiru mila) eurokoa izanen da, sozietateko 1.500 partaidetza banaezinetan zatitua. Partaidetza bakoitzak 2,00 (bi) euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 1.500era bitartekoak, biak barne. Lodosako Udalak izenpetuak eta ordainduak dira osorik.

Kapital soziala handitzen edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

6. artikulua. Sozietatearen kudeaketa eta ordezkaritza.

Honako hauek izanen dira sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak:

–Batzar Orokorra

–Administrazio Kontseilua

–Kudeatzailetza

7. artikulua. Batzar Orokorra

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da, eta Lodosako Udala denez kide bakarra, horrek beteko ditu Batzar Orokorraren eskumenak, Kapitaleko Sozietateei buruzko Legearen 15. artikuluarekin bat, Udaleko Osoko Bilkurak horretarako deitzen dituen bilkuretan bere borondatea adierazita. Barne jardunean toki araubidearen gaineko legeei lotuko zaio, Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean eta aplikagarria den zuzenbide pribatuko araudi osagarrian xedatutakoa ukatu gabe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 85. ter artikuluak hara igortzen baitu.

Batzar Orokorraren burua izanen da Udaleko alkatea edo hark eskuordetzen duen batzarreko kidea.

Udalaren erabakiak, bazkide bakarra bera izanik, Udaleko osoko bilkuren aktan jasoko dira, behar den moduan, eta Udalak berak edo Administrazio Kontseiluak betearazi eta formalizatzen ahalko ditu. Akta horiek Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburuan jasoko dira, buruak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

8. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak

Batzar Orokorraren eskumenen artean, honako hauek daude:

–Administrazio Kontseiluko kideak izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapitaleko Sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Administrazio Kontseilua

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako bost lagunek osatuko dute Administrazio Kontseilua, eta horietako batzuk Udaleko Osoko Bilkurako kideak izanen dira.

Aplikatzekoa den araudian eta gainerako xedapen indardunetan ezarritako bateraezintasun edo debekuak dauzkatenek ezin izanen dute administrazio kargurik bete.

Kontseilukideak lau urterako izendatuko dira, baina Udaleko Osoko Bilkurako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan.

10. artikulua. Karguak kontseiluan

Kontseiluak bere kideen artetik izendatuko ditu Kontseiluko burua (Udaleko alkatea burua izanen da, kontseilaria bada), buruordea (buruaren eskudantzia guztiak izanen ditu, eta haren lekuan arituko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean) eta kontseilukideak.

Era berean, Administrazio Kontseiluak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hizpidea bai baina botorik ez du izanen bilkuretan.

Kontseilari kargua dohainik da.

11. artikulua. Kontseiluaren bilkuretarako deialdia eta quoruma

Kontseilua bilduko da sozietatearen interesak eskatzen duen aldiro eta hiruhilekoan behin, gutxienez. Gutxienez bi kidek eskatzen dutenean bildu beharko da.

Kontseiluko buruari dagokio, edo hura ordezten duenari, deialdiak egitea idatzizko eta banakako jakinarazpen bidez, modu frogagarrian edo “burofax” bidez edo jaso izana frogatzen duen bide telematiko batez, Administrazio Kontseiluko kide bakoitzaren etxera igorrita, eta deialdiaren eguna, lekua eta ordua adierazteaz gainera, eguneko aztergaiak ere azaldu beharko dira. Deialdiak kontseilukideei banan-banan jakinarazi beharko zaizkie bilkurarako ezarritako eguna baino bi egun lehenago gutxienez, jakinarazpena egiten denetik hasita.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat bilduz gero. Edozein kontseilukidek beste edozeini eskuordetu ahalko dio bere ordezkaritza, Kontseiluko buruari zuzendutako gutun baten bidez.

12. artikulua. Erabakiak nola hartu

Kontseiluko buruak zuzenduko ditu eztabaidak eta hura ez dagoenean edo gainerako kasuetan, buruordea arituko da. Erabakiak bertaratzen diren edo ordezkatuta dauden kideen gehiengo osoz hartuko dira.

Kontseiluaren erabakiak akta liburu batean jasoko dira eta buruak eta idazkariak sinatuko dituzte edo, bestela, buruordeak. Idazkariak akta liburuko edukiaren gaineko ziurtagiriak, osoak edo partzialak, egin ahalko ditu, entitateko buruak ikus-onetsita.

13. artikulua. Administrazio Kontseiluaren ahalmenak

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrerako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:

1.–Ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2.–Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5.–Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta horiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria aurkeztea Udaleko Osoko Bilkurari.

14. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan, eta horiek betetzean Administrazio Kontseiluak hartzen dituen erabakiei lotuko zaie.

15. artikulua. Kudeatzailea

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatzen ahalko du, ahalordetze erabakian eta idazkian esleitzen zaizkion zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena.

16. artikulua. Ondarea eta baliabideak

Sozietatearen ondareak biltzen ditu sozietatearen kapitala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo Lodosako Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerrien, Estatuaren edo partikularren lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez lortuak.

Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:

–Sozietatearen kapitala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Prestazioengatik hartutakoak;

–Lodosako Udalak, Nafarroako Gobernuak, beste autonomia erkidego, probintzia eta udalerriek, Estatuak eta partikularrek ematen ahal dizkioten dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak eta ekarpenak.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

17. artikulua. Sozietatearen ekitaldia eta urteko kontuak

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Administrazio Kontseiluak urteko kontuak, kudeaketaren gaineko txostena, emaitza aplikatzeko proposamena eta, hala badagokio, bateratutako kontuak eta kudeaketaren gaineko txostena eginen ditu. Sozietatearen ekitaldia itxi eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu denak. Urteko kontuetan bilduko dira balantzea, galera eta irabazien kontua eta txostena. Kontseiluko kide guztiek sinatu behar dituzte agiri horiek eta sinadura bat ez dagoenean azaldu beharko da zergatik ez dagoen sinatua.

Agiri hauek unitate bat osatzen dute, argi idatzi behar dira, eta sozietatearen ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi zehatza islatu behar dute, Kapital-sozietateei buruzko Legearen testu bateginean eta Merkataritza Kodean ezarritakoarekin bat.

Agiri horiek legezko epearen barnean Osoko Bilkurari aurkeztuko dizkio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Horrekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udaleko Osoko Bilkurak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

18. artikulua. Desegitea

Toki araubideari buruzko legerian eta Kapitaleko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.

Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.

Lodosan, 2021eko otsailaren 16an.–Alkate udalburua, Pablo Azcona Molinet.

Iragarkiaren kodea: L2102680