52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

372/2021 EBAZPENA, 2021eko otsailaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, onetsi egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostu bat (euskara) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Gobernu Kontseiluak, 2019ko abenduaren 13an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2019ko abenduaren 24koa), onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen 2019ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostu bat (euskara) jaso zen, funtzionarioen araubidekoa (A maila).

Lan publikoaren eskaintza hori onetsi zen Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legearen 19. artikuluaren Bat.9 apartatuan ezarritakoa aplikatuz. Izan ere, apartatu horretan tasa gehigarri bat baimentzen da aldi baterako enplegua egonkortzeko, eta tasa horretan egiturazko plazak sartzen dira, aurrekontuan zuzkidura dutenak eta 2017ko abenduaren 31 baino hiru urte lehenagotik, gutxienez, aldi baterako eta etenik gabe okupatuta izan direnak. Sektore eta kolektibo jakin batzuetako lanpostuak sartzen dira hor, besteak beste unibertsitate publikoetako administrazioko eta zerbitzuetako langileenak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2020ko irailaren 18an hartutako erabaki baten bidez, arautu zen Unibertsitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen garapena. Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordean ordezkatuak dauden erakunde sindikalekin lortutako akordioarekin bat etorriz, erabaki horretan ezartzen da oposizio-lehiaketa bidez eginen direla Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatuz lan publikoaren eskaintzan sartzen diren funtzionario-lanpostuetarako hautapen prozesuak. Oposizioak guztizko puntuazioaren %70 balioko du, eta baztertzailea izanen da; lehiaketak, berriz, %30, eta balioko du soil-soilik honako merezimendu objektibo hauek kalifikatzeko, izangaiek behar bezala egiaztatu beharko dituztenak:

a) Merezimendu profesionalak (emandako zerbitzuak).

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

c) Hizkuntzen ezagutza.

Aipatutako erabakian garatzen dira atal horiek, baita halako hautapen prozesuetan aplikatzekoa den merezimenduen baremoa ezarri ere.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostu bat (euskara) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea, baita bere oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostu huts bat (euskara) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Bigarrena.–Agintzea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitara dadila.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Komunikazio Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 19an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

DEIALDIA, OINARRIZKO LANPOSTUKO TEKNIKARI LANPOSTU BAT (EUSKARA) OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostu huts bat (euskara), funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez eta txanda librean betetzea. Lanpostuak 523 zenbakia du plantillan.

1.2. Deialdi honen xedea da, halaber, hautapen prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea, deialdiaren 11. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.5. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautapen prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdiaren oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, kasua bada, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskarazko C1 jakite-maila egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute, halaber, beren Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela.

g) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea, edo ordaintzetik salbuetsita dagoela edo hobariren bat dagokiola frogatzea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. “Estatuko Aldizkari Ofizialean” ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Kasu guztietan, hautapen prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

3.2.2. Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkezten ahalko dute eskaera, helbide honetako “Hasi tramitea” botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

Horretaz gainera, zilegi da eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztea (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruña / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia erkidegoetako administrazioetako eta toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian eginen da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

3.3. Igoera sistema aukeratu nahi duten izangaiek eskabidearen “Sarbidea” atalean adierazi beharko dute. Atal hori markatu ezean, izangaiak sarbide libreko sistema orokorrean onartuko dira ofizioz, betiere gainerako baldintzak betetzen badituzte.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Eskaerari, behar bezala bete ondotik, honako dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatze dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatutako tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, eta euskarazko C1 jakite-maila egiaztatzen duen tituluaren edo ziurtagiriaren kopia.

c) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2.b) oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

d) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruzko 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute IMSERSOk edo autonomia erkidegoaren erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautapen prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta “NUPeko oposizioa: oinarrizko lanpostuko teknikaria (euskara)” identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Honela egiaztatuko da inguruabar hori:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskaeran berean horretarako dagoen tokian idatzi.

4.2. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.3. Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko arrazoiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. 3.4 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako datan ez betetzea eta tasa epean ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan agertzen ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioak egitea eta, kasua bada, egindako akatsak zuzentzen ahalko dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatu eta haiek ebatzita, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du kalifikazio epaimahaia, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira kalifikazio epaimahaiko kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute kalifikazio epaimahaiko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen ahal diren zalantzak, eta behar diren neurriak hartuko ditu deialdian aurreikusita ez dauden egoerak konpontzeko.

6.6. Kalifikazio epaimahaiak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak izateko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

7.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizioaldia lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia 2021eko abendutik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Kalifikazio epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du aditzera, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta kalifikazio epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo kalifikazio epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.3. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.5. Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.5.1. Lehenbiziko proba:

–Proba praktikoa. Bi ariketa izanen ditu:

a) Lehenbiziko ariketa: gaztelaniatik euskarara itzultzea, gehienez bi orduan, epaimahaiak emandako testuak. Probari dagokion gehieneko puntuazioa 22 puntu da.

b) Bigarren ariketa: euskaratik gaztelaniara itzultzea, gehienez ordubetean, epaimahaiak emandako testuak. Probari dagokion gehieneko puntuazioa 8 puntu da.

Bi ariketak ordenagailuz egin litezke, word formatuko dokumentuekin.

Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

7.5.2. Bigarren proba:

–Proba teorikoa. Idatziz erantzutea galdera laburrak edo test galderak (lau erantzun posibleetatik bakarra izanen da baliozkoa), I. eranskineko gaiei buruzkoak. Galdera laburrei euskaraz erantzun behar zaie, non eta enuntziatuan ez den besterik esaten.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 20 puntu da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dutenak.

7.5.3. Hirugarren proba:

–Proba praktikoa.

Euskarazko testuak berrikusi eta zuzentzea.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak.

7.5.4. Laugarren proba:

–Interpretazioa, aldibereko itzulpena.

Aldibereko interpretazio proba izanen da, euskaratik gaztelaniara, gehienez 15 minutukoa.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da. Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak.

Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukaturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

7.7. Hautapen prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, izangaia bazter dadin proposatuko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta aditzera emanen dizkio, orobat, izangaiak eskabidean egindako faltsukeriak edo zehaztugabetasunak, behar diren ondorioetarako.

78. Lehiaketaldia eta balorazioa.

7.8.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketaldia eginen du oposizioaldia gainditu duten izangaiekin.

Oposizioaldia gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide elektroniko honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general “Hasi tramitea” botoiaren bidez.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.

7.8.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako eta justifikatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdiari erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldiaren balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

7.8.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

7.8.4. Epaimahaiak baloratuko ditu izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.

Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan jarriko du jendaurrean balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

8.–Azken puntuazioa.

Lehiaketaldiaren eta oposizioaldiaren puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

Azken puntuazioan berdinketarik izanez gero, oposizioaldian puntu gehien lortu dituen izangaiak izanen du lehentasuna.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, eta oposizioan lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, txandatan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen dio aditzera.

9.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

9.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) 2.1.1.c) eta 2.1.1.d) oinarrietan eskatzen diren tituluen jatorrizko dokumentuak edo kopia konpultsatuak, edo haiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinenak.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, aurkeztu beharko dute beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetua ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena.

9.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

9.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

9.5. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, gainditu dutenen zerrendan (8. oinarrian aipatzen den horretan) hurrengoa den izangaiak beteko du hutsunea, baldin eta baldintzak betetzen baditu, eta harekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, oinarrizko lanpostuko teknikari lanpostuan (euskara) aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautapen prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1.–Gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik altuenetik hasita.

2.–Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautapen prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda. Kasu horretan, gainditutako probetan lortu dituzten puntuazioen batuketa hartuko da kontuan. Berdinketarik egonez gero, deialdi honetan berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da. Hala, berdinketa oro bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, hirugarren eta lehenbiziko probetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea izanen da Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko Erabakian ezarri zuena. Erabaki horretan arautu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa.

12.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautapen prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozesuak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, bat etorriz indarrean dagoen araudiarekin:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. partea.

1. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen-motak. Itzulpenaren printzipio, prozesu, teknika eta baliabideak.

2 gaia.–Itzulgarritasuna eta itzulezintasuna. Itzulpengintza eta kulturak. Munduari buruzko ikuskerak.

3 gaia.–Itzulpen intersemiotikoa, intralinguistikoa eta interlinguistikoa.

4 gaia.–Itzulpenaren teoria: ikuspegi teoriko nagusiak.

5 gaia.–Itzulpenaren teoria: gaur egungo joerak.

6 gaia.–Itzulpenaren teoria: Vinay-Darbelnet.

7 gaia.–Itzulpenaren teoria: E. A. Nida.

8 gaia.–Itzulpenaren teoria: L. Venuti.

9 gaia.–Itzulpenaren teoria: I. Even-Zohar.

10 gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi funtzionalistak: Skopos teoria. C. Nord.

11 gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

12 gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun motak.

13 gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.

14 gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, komunitate-itzulpengintza, crowdsourcinga edo CT3; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.

15 gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.

16 gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

17 gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

18 gaia.–Itzulpengintzaren rola Administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta Administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

19 gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

20 gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

21 gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.

22 gaia.–Estilo- eta hizkuntza-liburuak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.

23 gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Zuzenketa-lana. Irizpide nagusiak. Metodologia. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan.

24 gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.

25 gaia.–Itzultzaile automatikoak: haien erabilera, haiekin lan egiteko prozedurak, postedizioa, euskararako itzultzaile automatikoak.

26 gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak historian barna.

27 gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.

28 gaia.–Interpretazioa: kontzeptua, ezaugarriak eta historia; interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta.

29 gaia.–Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.

30 gaia.–Sekretu profesionala, etika eta deontologia itzulpengintzan.

31 gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Lan-estatusa eta elkargo profesionalak.

32 gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: hiztegiak, entziklopediak, terminologia-bankuak, corpusak, hizkuntza-kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet...

33 gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia-bankuak.

34 gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.

35 gaia.–Terminologiaren problematika itzulpengintza administratiboan. Terminologia administratiboaren baterakuntza euskaraz.

36 gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz. Hizkera sexista ekiditeko baliabideak euskaraz.

37 gaia.–Hitzen ordena perpausaren barnean euskaraz: ordena markatua eta ordena markatu gabea; euskarazko tradizioak ordenari dagokionez; galdegaia, mintzagaia eta iruzkina; testu-antolatzaileen eginkizuna.

38 gaia.–Deklinabidea euskaraz: definizioa; formak eta kasuak; kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera; deklinabide mugagabea; deklinabidearen inguruko problematikak itzulpenetan.

39 gaia.–Euskal lexikoa: hitzak sortzeko bideak; hitz elkartuak eta eratorriak.

40 gaia.–Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.

41 gaia.–Euskal ortografia: arau nagusiak; puntuazio-markak.

42 gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): aldaera tipografikoak, komatxoak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak erabiltzeko irizpideak.

43 gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak erabiltzeko irizpideak eta maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko erak.

44 gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan.

45 gaia.–Zientziarako eta teknikarako euskara arautzeko gomendioak.

46 gaia.–Ortografia eta ortotipografia gaztelaniaz: arau eta irizpide nagusiak; ortografiako eta ortotipografiako eskuliburuak gaztelaniaz.

47 gaia.–Euskarazko onomastikarako irizpide eta erabakiak.

48 gaia.–Estiloa euskaraz: arazoak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak.

49 gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formulak.

50 gaia.–Euskarazko morfosintaxiaren inguruko arazo eta zalantza nagusiak.

51 gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak; argitalpenak; Euskaltzaindiaren webgunea; Euskara Batuaren Eskuliburua eta haren edukiak.

52 gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak.

53 gaia.–Nafarroako euskalkiak: bilakaera, ikerketak eta proposamenak. Nafarreren ezaugarri nagusiak eta haien tokia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren euskaran eta itzulpen-produkzioan.

54 gaia.–Euskara Nafarroan: egoera juridikoa, demolinguistikoa eta soziala; Europako, Espainiako eta Nafarroako araudia.

55 gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara hizkuntza gutxitua.

56 gaia.–Hizkuntza-normalizazioa: hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa; estandarizazio ereduak; euskararen estandarizazioa.

57 gaia.–Toponimia: haren inguruko baliabideak; problematikak eta kontuan hartu beharrekoak itzulpen-lanean.

58 gaia.–Euskararen egoera Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren azken urteotako plan estrategikoetan.

59 gaia.–Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan. Unibertsitatean Hizkuntza Plangintza Diseinatzeko Oinarriak.

60 gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara erabiltzeko gidaliburua.

II. partea.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasleak eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Araubide juridikoa eta motak. Lanpostuen zerrendak. Ordezkaritza-organoak, lan-baldintzak zehazteko prozedura eta langileen parte-hartzea.

5. gaia.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2017ko ekainaren 7koa).

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua: “Xedapen orkorrak” (1. eta 2. artikuluak). I. titulua: “Prozedurako interesdunak”, I. kapitulua: Egintzarako gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua (3. artikulutik 8.era). II. titulua: “Administrazio Publikoen jarduera” (13. artikulutik 33.era). III. titulua: “Egintza administratiboak (34. artikulutik 52.era).

7. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua: “Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak (53. artikulutik 105.era). V. titulua: “Administrazio-bidezko egintzen berrikuspena (106. artikulutik 126.era).

8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: “Sektore publikoaren xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta funtzionamendua” (1. artikulutik 53.era).

9. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. II. titulua: “Sektore publiko instituzionalaren antolamendua eta funtzionamendua”. I. kapitulua: “Jarduteko printzipio orokorrak” (81. artikulua). VI. kapitulua: “Partzuergoak” (118. artikulutik 127.era) eta VII. kapitulua: “Estatuko sektore publikoaren fundazioak” (128. artikulutik 136.era). III. titulua “Administrazioen arteko harremanak”, I. kapitulua: “Administrazioen arteko harremanen printzipio orokorrak” (140. artikulua), II. kapitulua: “Laguntzeko betebeharra” (141. eta 142. artikuluak), IV. kapitulua “Administrazioen arteko harreman elektronikoak” (155. artikulutik 158.era).

10. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

11. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak.

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua. (1. artikulutik 8.era). I. titulua: “Xedapen orokorrak”, “Botere esleitzaileak” (9. artikulutik 11.era), “Kontratistak” 1. sekzioa. Gaitasuna eta kaudimena (12. artikulutik 21.era). “Kontratu motak eta araubide juridikoa” (27. artikulutik 38.era).

13. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. “Kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak” (39. artikulutik 45.era), “Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak” (46. artikulutik 103.era).

14. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen Orokorrak (1. artikulutik 16.era). I. titulua: “Emateko eta kudeatzeko prozedurak” (17. artikulutik 33 bisera). II. titulua: “Dirulaguntzak itzultzea” (34. artikulutik 37.era). IV. titulua: “Arau-hausteak eta zehapenak” (42. artikulutik 46.era).

15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

16. gaia.–Kalitatea LOUn eta NUPeko Estatutuetan.

17. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala: unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

18. gaia.–19/2013 Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikorako Sarbideari eta Gobernamendu Onari buruzkoa.

19. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubideak eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

20. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Merezimendu profesionalak: eta 21 puntu gehienez ere.

Honako hauek baloratuko dira:

1. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,35 puntu; bost urte gehienez.

2. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.

3. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.

4. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.

Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.

Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.

Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berekoak badira.

Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: eta 3 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 2 puntu gehienez ere.

Oharrak B.1. apartatuari buruz:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3.–Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4.–Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

B.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 1 puntu gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

B.3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu izana edo halakoetan irakasle aritu izana: puntu bat gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

C) Hizkuntzak jakitea: 6 puntu gehienez.

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea baloratuko da; 1,5 puntu gehienez hizkuntza bakoitzeko.

Oharrak C) apartatu osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

Iragarkiaren kodea: F2103161