40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

221/2021 EBAZPENA, 2021eko otsailaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2021eko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2021eko Lan Publikoaren Eskaintza onetsi zen.

ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN 2021. URTEKO LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONESTEN DUENA

2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legeak % 110eko birjarpen tasa ezarri zuen 19.Bat.3.I) artikuluan unibertsitateko katedradunen, unibertsitateko irakasle titularren eta unibertsitateko kontratupeko irakasle doktoreen irakaskidegoetako lanpostuetarako. Muga horren barruan, unibertsitate bakoitzak, gutxienez, eskaintzen diren lanpostuen % 15 gorde behar du Ramón y Cajal programa bukatu duten eta I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat, edo, erreserba hori baliatzen ez bada, I3 ziurtagiria eskuratu duten eta Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetan diharduten beste ikertzaile batzuentzat, bakoitzari dagokion kategorian.

Lege horrek 19. Bat.7 artikuluan ezartzen du, besteak beste, birjarpen tasa nola kalkulatzen den, unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako bidezko prozesuen ondorioz gertatzen direnak nola zenbatuko diren baja gisa, eta unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz hutsik gelditzen diren kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuak hurrengo ekitaldiko birjarpen tasan sartzen ahal direla.

19. artikuluko bigarren apartatuan ezartzen da birjarpen tasa hori balioduna izateko baldintza izango dela horren ondoriozko lanpostuak Lan Publikoaren Eskaintzan sartzea. Gainera, eskaintza hori, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 70. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren gobernu erakundeak onetsi behar du, eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitara eman behar da, edo, bestela, Estatukoan, urtea amaitu baino lehen.

Bestalde, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 62.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, unibertsitateek ahalmena dute unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako lanpostuetarako deialdiak egiteko, betiere irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarri bezala, Lan Publikoaren Eskaintzak, giza baliabideak planifikatzeko tresna den aldetik, gehitu beharreko langileak definitzen eta kopuruak zehazten ditu giza baliabideen plangintza orokorretik eratorritako beharren eta lehentasunen arabera. Beste alde batetik, gardentasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz, Lan Publikoaren Eskaintzan sartu behar dira, beharrezkoa denean, barne igoerarako eskaini nahi diren lanpostuak, txanda librean eskaintzen diren lanpostuekin batera, eta bai barne igoerarako diren lanpostuak bai txanda librekoak argi eta garbi egon behar dira bereiz.

Alde horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen 2021. urterako Lan Publikoaren Eskaintzak barne hartzen ditu aurrekontu esleipena daukaten eta langile berriak sartuta bete behar diren giza baliabideen beharrak, eta jaso egiten ditu, halaber, barne igoerarako eskaini nahi diren unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuak, txanda librekoetatik bereizita.

2020ko ekitaldian Unibertsitate honetan zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopurua eta Unibertsitatean lanean hasi direnena kontuan hartuta –an publikoaren eskaintzen bidez sartu direnak alde batera utzirik–, 17 lanpostukoa da langileen birjarpen tasa, 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19.Bat.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, kontratupeko irakasle doktoreen 6 lanpostu gelditu dira hutsik 2020an, lanpostu baten titularra unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz.

Lanpostu horien guztizkoari % 110 aplikatu behar zaio, gorago aipatu bezala. Horren guztiaren ondorioz, 25 lanpostuko birjarpen tasa dago 2021erako.

Gainera, Unibertsitateak ahalmena du unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako lanpostuak eskaintzeko, betiere irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian.

Azkenik, 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoaren, 19.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, 4 lanpostu erreserbatu egin behar dira, eskainitako txanda libreko lanpostu guztien ehuneko 15 –egiaztapena lortu den kategorian– Ramón y Cajal programa bukatu eta I3 ziurtagiria lortu duten ikertzaile doktoreentzat, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

Irakasle eta Ikertzaileen Batzordeari eta Kontratupeko Irakasleen Enpresa Batzordeari honen berri eman eta gero.

Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposaturik eta Batzorde Akademikoak aldeko txostena eman duenez, honako hau da Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA

Lehenbizikoa.–Irakasle eta ikertzaileen Lan Publikoaren Eskaintza onestea. Hauxe da:

“Lehena.–Lan Publikoaren Eskaintza onestea.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluan eta 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2021. urteko Lan Publikoaren Eskaintza.

Bigarrena.–Txanda irekiko lanpostuak.

Hau da 2021. urtean txanda irekian eskaintzen diren irakasle eta ikertzaileentzako lanpostuen kopurua:

I.–Irakasle eta ikertzaile funtzionarioak.

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko titularra

A1

19 (*)

(*) Lanpostu horietako bat I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gorderik dago, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

II.–Lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasle eta ikertzaileak.

KATEGORIA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Kontratupeko irakasle doktorea

6 (*)

(*) Lanpostu horietako hiru I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gorderik daude, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 19.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak.

Unibertsitateko katedradunen kidegoan 2021. urterako barne igoeran eskaintzen den lanpostu kopurua hau da:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko katedraduna

A1

6

Laugarrena.–Hautaketa prozesuak.

Lan eskaintza honen ondoriozko hautaprobak arautzen dituzten oinarri espezifikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira hiru urteko epean, lan eskaintza hau argitaratzen den egunetik aurrera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoarekin bat.”

Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki-taula elektronikoan argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2102392