37. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

35/2021 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura 2021-2022 eta 2026-2027 ikasturteen arteko aldirako, Lehen Hezkuntzako etapan.

Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan Lehen Hezkuntzako unitateen hezkuntza ituna finantzatuko duen urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, 2021-2022, 2022-2023, 2023-2024, 2024-2025, 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetarako.

Estatu mailako araudi esparruan, maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak, “Itunak” izeneko 116. artikuluan, ezartzen du hezkuntza itunak sei urte gutxienez iraunen duela Lehen Hezkuntzaren kasuan, eta lau urte gainerakoetan.

Martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenak onetsitako deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Oinarrizko Irakaskuntzetarako eta Lanbide Heziketarako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia bukatuko da ikasturte hau bukatzen denean; izan ere, Lehen Hezkuntzaren kasuan sei urterako sinatu ziren, hots, 2014-2015 ikasturtearen hasieratik 2020-2021 ikasturtea bukatu arte.

Horiek horrela, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean xedatutakoari jarraikiz, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura onestea 2021-2022 eta 2026-2027 ikasturteen arteko aldirako, Lehen Hezkuntzako etapan, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Aplikazio araudia eta betebehar orokorrak.

Deialdi honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

–Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa.

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

–2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza Itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena.

Itunean sartzeko, ikastetxeek aipatu araudian eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

2. Eskaerak aurkeztea.

Abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan ebazpen honen I. eranskinean ageri den ereduaren arabera, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean, honako xede hauetarako:

a) Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetarako hezkuntza ituna berritzea.

b) Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen hezkuntza ituna lehenbiziko aldiz sinatzea.

c) Lehen Hezkuntzako irakaskuntzei dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinatutako hezkuntza itunak luzatzea eta/edo aldatzea.

Eskaerak aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduak.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3.1. Lehen Hezkuntzako etaparako itun berri bat sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Itunaren eskaera, I. eranskinaren arabera, ikastetxeak 1. oinarrian adierazitako araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela dioena.

b) Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

c) Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d) Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ukatu eginen dira.

3.2. Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetarako ituna berritzeko eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ituna berritzeko eskaera, I. eranskinaren arabera, ikastetxeak 1. oinarrian adierazitako araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela dioena.

b) Titularraren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela betetzen ituna onesteko bete beharreko baldintzak, bai eta itunaren aldaketak ere.

c) Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d) Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da. Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori gehitzea ikastetxea aurretik itundua badago eta kooperatibaren estatutuak aldatu ez badira itunak azkenekoz berritu zirenetik.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ez dira berrituko.

4. Eskatzaileak.

Hezkuntza itunak berritzeko edo sinatzeko eskatzen ahalko dute behin betiko baimen edo sailkapena duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako titularrek.

Dena dela, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenbiziko xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, Lehen Hezkuntzako unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek beren ituna luzatzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauek betez:

a) Ituna berritu eginen da ikastetxeak irtenbidea ematen badie bestela konpondu ez daitezkeen premiazko eskolatze beharrei.

b) Ituna 2021-2022 ikasturterako sinatuko da, baina luza daiteke, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko kalifikazioa edo baimena lortzen badu, edo itun horren luzapena arrazoitu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

Hezkuntza itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak Nafarroako ikastetxe ez-unibertsitarioen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskabidea. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo “apud acta” ahalorde-agiria erantsi beharko da.

5. Hezkuntza itunen iraupena.

Ebazpen honen babespean Lehen Hezkuntzan berritzen edo sinatzen diren hezkuntza itunek sei urte iraunen dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Dena dela, 2. oinarriko c) atalean xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza itunak 2021-2022 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak lortutako aldi baterako baimena mantentzen duen eta gainerako baldintzak betetzen dituen bitartean.

6. Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

Honako hauek izanen dira ikastetxe bakoitzean itundutako Lehen Hezkuntzaren unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak, 2021-2022 ikasturtetik 2026-2027 ikasturtera, biak barne:

Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 13ko 132/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezartzen duen kopurua errespetatuko da.

Eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko ikasle kopurua, batez bestekoa, honako hau izanen da:

6.1. Delako maila osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bakarra duten ikastetxeak.

a) Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea): 21 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

b) Nafarroako Foru Komunitateko gainerako herrietan: 19 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

6.2. Delako maila osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeak.

Lehen Hezkuntzarako, etapa hori osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada, ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori bitan banatzen ahalko da, baina ikasketa mailan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

Hezkuntza Itunen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten herriei erantzuten dieten ikastetxe pribatuetako Lehen Hezkuntzako unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu kontsignazioekin bat badatoz.

Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak atal honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

6.3. Hezkuntza ituna berritzean, unitate kopurua 2020-2021 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, baita txikiagoa eta handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontu kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

6.4. Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

6.5. Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

7. Laguntzak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskabidea egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskabideari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura igorriko dira, eskabideak jaso eta hamar egun balioduneko epean.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek baloratu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

8. Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, batzordeburu izanen dena. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako zuzendari nagusia.

–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari bat, batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko diru-izendapenekin.

9. Ebazpena eta jakinarazpena.

Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak berritzeko ebazpena eginen da 2021-2022 ikasturteko eskolatze aurreikuspena kontuan harturik, eta egokituko dira aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

10. Itunen formalizazioa.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itunak II. eranskinetan agertzen den ereduari jarraikiz formalizatuko dira. Eredu horretan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

11. Sinatutako edo berritutako hezkuntza itunen aldaketak.

Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza itunak hurrengo sei urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, interesdunari entzutea eman beharko zaio.

12. Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe itunduak mantentzeko, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste Administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

13. Finantza kontrola.

Ikastetxe itunduak geldituko dira indarrean dauden xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende. Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala, orobat, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuak ere kontrolatuko dute, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: “Bestelako gastuak” eta “Langile osagarriak” moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

14. Hizkuntza itunaren berrikuntza ukatzea.

Arrazoitua izanen den hezkuntza itun baten berrikuntza ukatzen den kasuetan, aplikatzen ahalko da (Hezkuntza Departamentuak edo, kasua bada, Nafarroako Gobernuak hala finkatzen badute) 416/1992 Foru Dekretuaren 44. artikuluan eta uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako luzapen araubidea, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera. Aipatu foru legeak arautzen du batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa.

2. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Ebazpen hau eta eranskinak pertsona edo ikastetxe interesdunen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: www.educacion.navarra.es/eu.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko otsailaren 5ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Hezkuntza itunaren eskaera, Lehen Hezkuntzarako.

II. eranskina.–Administrazio agiria, Lehen hezkuntzako ikastetxe itundu batekin sei urterako hezkuntza ituna formalizatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2102060