32. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2021”. DDBN identifikazioa: 545511.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2021” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 120.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak,

AGINTZEN DUT:

1. “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2021” dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4709-334200: Suspertu Plana. Ediziorako laguntzak enpresa pribatuentzat

2021

120.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

EDIZIORAKO LAGUNTZAK ARGITALPEN ENPRESA
ETA PROFESIONALENTZAT, 2021

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du xede: dirulaguntzak ematea argitalpen enpresei eta profesionalei kultur edukia duten liburuak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, faksimileak, aurrenekoz euskaratutako edo gaztelaniaratutako lanak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (baldin eta azken inprimatzea duela hamar urte baino gehiagokoa bada, eduki berriak gutxienez %15 badira eta liburuek maketa eta ISBN berriak badituzte). Aurkeztutako liburuek genero hauetako batekoak izan beharko dute: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta giza zientziak.

1.2. Deialdiaren helburua da Nafarroan edizioa eta kalitatezko eskaintza anitza sustatzea, egileen literatur jarduna eta lana bultzatzen dituena. Irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legearen atarikoak adierazten duenez, irakurketa garapen pertsonal eta sozialerako oinarrizko tresna da: “Liburua euskarri fisiko bat da, bere baitan giza pentsamenduaren, zientziaren eta literatur sorkuntzaren isla biltzen duena, gizakientzat traszendental eta bakarra den egintza posible eginez, irakurketa alegia”. Irakurketak “aberastu eta garatzen du pertsonen gaitasun kritikoa, hain beharrezkoa dena”. Liburuaren izaera oinarrizkoaz gain, kultura zabaltzeko tresna den aldetik, argitalpenaren sektoreak eragin ekonomiko handia du, industria askok lotura baitute harekin: inprimategiak, liburu-dendak, diseinua, egiletza, itzulpengintza, ilustrazioa, banaketa eta abar.

1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.4. Lanak 2020ko azaroaren 24tik 2021eko azaroaren 23ra bitarte argitaratutakoak izan beharko dira, biak barne.

1.5. Deialdi honen ondorioetarako, honakoak ez dira arte edo kultur liburutzat hartuko:

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatu-tako argitalpenak.

–Testuliburuak, bidaia gidaliburuak, sukaldaritza liburuak, entziklopediak, hiztegiak, saltzekoak ez diren lanak, agendak, dietarioak eta antzekoak, gida didaktikoak edo aldizkako argitalpenak.

–Xede-hizkuntzan argitaratuta dauden lanen itzulpenak: euskaraz edo gaztelaniaz.

–1.1 puntuan (Oinarrien xedea) adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten berrinprimatzeak eta berrargitalpenak.

2. Enpresa edo profesional eskatzaileen baldintzak.

2.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte argitalpen enpresa guztiek; halakotzat hartzen dira soilik merkataritza izaerako entitate pribatuak edo pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Profesionalak:

–Alta emanik egotea EJZren 863. taldean, idazlearenean, edo 476. taldean (Liburuen edizioa).

–Nafarroan erroldaturik egotea 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Egoera hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da, eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

b) Argitalpen enpresak:

–Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratuta egotea.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

–Sozietatearen helburuan sartuta egotea liburuak argitaratzea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden pertsona edo argitalpen enpre-sei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Lege Gordailuaren betebeharra bete ez duten pertsona edo argitalpen enpresei ezin izanen zaie laguntzarik eman.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 120.000 eurokoa izanen da.

3.2. Liburu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa eta gehienez ere 4.000 euro liburuko.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio la-guntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Argitalpen enpresa edo profesional bakoitzak lau liburu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, betiere deialdi honen 1. oinarria betetzen badute.

4.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da.

Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) II. eranskina, obra bakoitzaren datu eta kostuekin.

–Kostuak BEZa gabe jasoko dira.

b) Argitalpenaren aurkibidea eta liburu osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean.

c) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egileen CV laburra.

d) Argitalpen enpresak:

–Entitatearen eskriturak.

–Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen doku-mentua.

–Aurreko bi urteetan (2019-2020) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

e) Profesionalak:

–EJZren 863. edo 476. taldean alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

–Nafarroan 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–EJZren 863. taldearen kasuan, idazlearenean, argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

–EJZren 476. taldearen kasuan (Liburuen edizioa): Aurreko bi urteetan (2019-2020) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

4.5. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d) eta e) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Liburuak 2020ko azaroaren 24tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte argitaratuak badira, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

4.7. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.8. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.9. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, eta liburua argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan eginak badira, mugaeguna 2021eko azaroaren 23a izanik.

Kontuan hartuko dira argitalpen enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu diruz lagungarri hauek:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erreso-luzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Egile eskubideak.

–Itzulpen, idazketa, zuzenketa edo dokumentazio lanak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataforme-kin.

–CDa, DVDa edo multimedia grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada.

–Gastu horiek argitalpen enpresako langileek edo kanpokoek eginak izan daitezke.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Bidalketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubi-dean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan (www.navarra.es/home_eu/). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta argitalpenaren sektoreko aditu bat.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzaileak deialdian onartzeko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.8 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea. Ebaluazio Batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea. Ebaluazio Batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarri-tasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du eskatutako gutxie-neko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Azkenik, Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 35 puntu, gutxienez, “Argitalpenaren kalitatea eta interesa” atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (30).

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sortze-indarra, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (25).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 10 puntu:

–Berdintasuna, aniztasuna, partaidetza eta euskararen presentzia (5).

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiekin jarraitzen bada ere (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gai esparru berriei bide eman nahi zaie, tokia egiteko gaur egunekoagoak diren alderdiei (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak edo arte garaikidea) (5).

c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 10 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutaraz-teko balio duten lanak.

d) Argitalpen enpresak edo profesionalak EJZren 476. taldearekin (Liburuen edizioa) izan duen ibilbidea azken bi urteetan (2019-2020), gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

• 20 liburu edo gehiago: 5 puntu.

• 15 - 19 liburu: 3 puntu.

• 5 - 14 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

• Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

e) Profesional eskatzaileak EJZren 863. taldearekin (idazlearena) izan duen ibilbidea azken bi urteetan (2019-2020), gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

• 10 liburu edo gehiago: 5 puntu.

• 5 - 9 liburu: 3 puntu.

• 1 - 4 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

• Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

7.3. Erabakiak hobeki hartu ahal izateko, Batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8. Dirulaguntza ebaztea.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.es/home_eu/servicios), eta eskabidean emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interes-dunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: ipvpubli@navarra.es

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenas-goaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Enpresa edo profesional onuradunen betebeharrak.

10.1. Pertsona juridikoak diren onuradunek, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa oinarri hauen III. eranskinean kontsultatzen ahalko dira, eta Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, enpresa edo profesional onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

10.2. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du zenbatekoarekin ados dagoela, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.4. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2020ko azaroaren 24tik 2021eko azaroaren 23ra bitartean, bi data horiek barne.

10.5. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.6. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.7. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura eta Kirol Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura y Deporte.», eta, ondoan, logotipo ofizialaren irudia. Logotipo ofiziala esaldi horrekin lotuta agertu beharko da beti.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, argitalpena inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako liburuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.

10.8. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, enpresa edo profe-sional onuradunei aplikatu behar zaizkien merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitar-tean.

10.12. Argitaratutako liburuaren ale bat aurkeztu beharko dute enpresa edo profesional onuradunek.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo mer-kataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun adminis-tratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo mer-kataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administra-tiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, enpresa edo profesional onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2021eko azaroaren 23ra arte, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, enpresa edo profesional onuradunek abenduaren 27a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

13. Laguntza itzultzea.

Enpresa edo profesional onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

14.3. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administra-zioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Di-rulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argi-taratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Obra bakoitzaren datuak eta kostuak (Excel).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2100987