30. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 3koa, urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren II. kapituluan ezarri zen. Aipatu egitura organiko horretan bilduta daude zuzendaritza nagusi horren eginkizunak, atxikia duen zerbitzu bakarrarenak, baita aipatu zerbitzuari atxikiriko hiru atalenak ere.

Europako ekintzak tradizio luzea du Nafarroako Gobernuan. Hainbat izen eta atxikipen eduki badu ere, Espainia 1986an Europar Batasunean sartu zenetik, laguntza eman die mota askotako entitateei finantzaketa lortzeko, eta horrela, komunitaterako interesgarriak diren programen eta tresnen gaineko ezagutza sakona eskuratu du.

Horri esker, Nafarroako entitateek eta enpresek modua eduki dute funtsak eskuratzeko, era nabarmenean. Hala ere, Foru Administrazioak berak gutxiago baliatu ditu funts komunitarioak. Administrazioaren barruan ez dagoenez zerbitzu bat departamentu guztiei informazioa emateko, kontzientziatzeko, aukerak ezagutarazteko eta animatzeko eginkizuna bere gain harten duena, eta proiektuak antolatzeko eta kudeatzeko laguntza ematen diena, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzu bat eratzea planteatu du, egindako lanarekin jarraitzeko eta departamentuei proiektuak hezurmamitzeko eta kudeatzeko laguntza tekniko profesionala emanen diena.

Orain arte, zuzendaritza nagusi honi atxikiriko zerbitzu bakarrak, Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak, alegia, bazeukan, bere funtzioen artean, Europar Batasunarekin zerikusia zuen guztia, ekintzak eta programa komunitarioak barne. Gainera, zerbitzu horrek beste eginkizun hauek ere baditu: mugaz haraindiko eta eskualdeen arteko lankidetzarekin loturikoak, Nafarroatik kanpo bizi diren nafarrentzako NEXT Estrategiaren garapena, sustapena eta koordinazioa, kanpoan diren nafarren komunitateekiko konexioa, beste eskualde ea herrialdeetako nafarren biltokiekikoak, baita Nafarroan aritzen diren eskualdeetako etxeekin ere.

Baliabideen antolaketa, plangintza eta erabilera eraginkorraren ikus-puntutik, arrazoizkoa dirudi Europako gaietan espezializatutako Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzua sortzea, dedikazio erabatekoarekin. Zerbitzu horri atxikiko zaio Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atala. Horrela, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak bi zerbitzu edukiko ditu: Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua, eta Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzua.

Foru dekretu honek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari eta haren Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari ematen dizkien esku-dantzia guztiak, baita haietatik eratortzen diren funtzioak gauzatzea ere (programa, estrategia eta politika komunitarioen gaineko aholkularitza, informazioa eta koordinazioa, eta Europako funtsen itzulera ekonomikoaren optimizazioa) garatuko dira Nafarroako Gobernuaren beste departamentuei, arlo horretan, dagokien eskumenak errespetatuz (beren egitura organikoei buruzko arauetan biltzen direnak), eta kontuan hartuz, kasu guztietan, erakundeen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren irizpideak.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.3 artikuluak xedatzen du zerbitzuak, zerbitzuaren lerruna duten unitate teknikoak eta atalak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez onetsiko direla, erakundea atxikita duen departamentuko titularrak proposaturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 132.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak izendatuko eta kargutik kenduko dituela zerbitzuko zuzendariak, foru dekretu bidez, departamentu eskuduneko titularrak proposaturik.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren hiruan egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua aldatzea, hots, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

Urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren II. kapitulua (8. artikulutik 14.era) aldatzen da Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena. Honela idatzita geldituko da:

“II. KAPITULUA

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumen materialen esparrua eta egitura.

8. artikulua. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

1. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, honako arlo hauekin loturik:

a) Nafarroako kanpo ekintza planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin elkarlanean.

b) Europar Batasunaren aurrean Nafarroaren interesak ordezkatzea, eta horiek sustatu eta babestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administra-zioaren beste organo batzuei esleitutako eskumenak galarazi gabe.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Europako eta/edo nazioarteko erakundeen arteko harremanak koordinatzea, Nafa-rroarentzat interesekoak diren proiektuen eta programen jarraipena egi-teko.

d) Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoekin koordi-natzea Espainiako eta nazioarteko erakundeekin hitzarmenak, akordioak eta protokoloak izenpetzeko, Nafarroako kanpo proiekzioa sendotzea helburu.

e) Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorre-ko zuzendaritza.

f) Nafarroako Gobernuaren Kanpoko Ekintza Planaren garapena.

g) Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza harremanak bultzatzea eta koordinatzea.

h) Kanpoan dauden nafar taldeekiko harreman eta arreta politikaren plangintza.

i) Nafarroaren irudia sustatzea, haren sustapenarekin eta kanpo proiekzioarekin.

j) Administraziora itzultzeko laguntza, Europako proiektuetan parte hartzearen bidetik.

k) Indarra duten xedapenek Herritarrekiko Harremanetako Departa-mentuari esleitzen dizkioten beste batzuk, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan, eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

2. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren menpe egonen da zuzenean Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorra, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasuneko Eskualdeetako Komitearen lanen jarraipena egitea, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren sareena ere.

b) Europar Batasuneko erakundeek erabakiak hartzeko jarraitutako prozesuaren segimendua egitea eta erakunde horiek arauak sortzeko prozesuetan informazioa lortzea, Nafarroako Foru Komunitatearen interesei eragiten dien neurrian.

c) Seihileko Europarretan laguntzea, autonomia erkidegoek Europar Batasuneko Kontseiluan parte hartzeko akordioaren esparruan.

d) Espainiako Erreinuak Europar Batasunean duen ordezkaritza iraunkorrarekin eta Bruselan kokatuak dauden Espainiako beste autonomia erkidego batzuen bulegoekin edo beste estatu kide batzuetako antzeko entitateekin lankidetzan aritzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko sektore publiko eta pribatuarentzat aukerak bilatzen laguntzea enpresaren eta finantzen arloan.

f) Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren EBren programak eta aukerak zabaltzea eta sustatzea.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

9. artikulua. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:

a) Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zer-bitzua.

b) Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzua.

2. ATALA

Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua

10. artikulua. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herri-tarren Zerbitzuaren eginkizunak.

Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak bultzatu eta koordinatzea, hala nola Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroes-kualdea, Pirinioetako Lan Elkartea, Periferiako eta Itsasoko Eskualdeen Konferentzia eta haren batzorde geografikoa, Arku Atlantikoa eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarritzat jo daitekeen beste edozein.

b) Nafarroako Kanpoko Herritarrentzako NEXT Estrategia garatu, bultzatu eta koordinatzea.

c) Kanpoan Nafarroaren eta Nafarroako komunitatearen arteko lotura babestea eta sustatzea, bai eta beste eskualde eta herrialde batzuetan ezarritako nafarren biltokiekin eta Nafarroan jarduten duten autonomia erkidegoetako etxeekin ere.

d) Nafarroaren kanpo irudiaren diseinuan parte hartzea eta Nafa-rroaren nortasuna kanpoan zabaltzea.

e) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

11. artikulua. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herrita-rren Zerbitzuaren egitura.

Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atala.

b) Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atala.

12. artikulua. Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atalaren eginkizunak.

Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Atalak foru de-kretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eskualde anitzeko lankidetza erakundeetan.

b) Nafarroako Gobernuari aholkularitza ematea eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko ekintzari dagokionez.

c) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren eta Europar Batasuneko beste eskualde batzuetakoen arteko bat-etortze eta osagarritasun puntuak identifikatzea.

d) Europar Batasunaren deialdietara aurkeztutako Nafarroako proiektuen prestaketa, kudeaketa, koordinazioa, tramitazioa, kontrola eta jarraipena.

e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

13. artikulua. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalaren eginkizunak.

Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu ondoko arlo hauetan:

a) Beste eskualde eta herrialde batzuetan ezarrita dauden nafarren biltokiak eta Nafarroan ezarrita dauden erkidegoetako etxeak sustatzea.

b) Nafarroa kanpoan sustatzeko estrategiari laguntzea.

c) Nafarren biltokiak eta taldeak indartzen laguntzea, haien barne-kohesioa eta elkarte-ekintzen eraginkortasuna bultzatuz.

d) NEXT estrategiaren bidez, Nafarroaren eta kanpoan den nafar komunitatearen arteko loturak eta harremanak sustatu, koordinatu, ezarri eta areagotzea, batez ere arlo sozial, kultural eta ekonomikoan.

e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

3. ATALA

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzua

14. artikulua. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuaren eginkizu-nak.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorra-rekin harremana.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen interes sozioekonomikoen alde jardutea, Batasuneko ekintzek edo programek horietan eragina badute.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin informazioa trukatzea, aholu ematea eta koordinatzea estrategia, politika eta programa komunitarioei dagokienez, baita Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren eta Europar Batasuneko beste eskualde batzuetakoen arteko bat-etortze eta osagarritasun puntuak identifikatzea ere.

d) Europako proiektuak Administraziora iltzul daitezen bultzatzea, hauen bidez: informazioa, posizionamendua, sareetan sartzea, foroak egitea, Nafarroa EBren lehentasunarekin bat etortzea.

e) Europar Batasunaren programen mapeatze bat egitea, baita bere tresnen, deialdien, foroen eta sareen mapeatzea ere, eta informazio, komunikazio eta posizionamendu ekintzak egitea, aukerak atzemateko (gida-mapa) eta proiektuak aurkeztea bultzatzeko.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, Europar Batasunaren erakundeekin edo nazioarteko beste erakunde batzuekin dituzten harremanetan.

g) Nafarroako Foru Komunitatea koordinatzea autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko gaietan parte hartzeko akordioetan, bereziki EBrekin zerikusia duten gaietarako konferentzian, autonomia-erkidegoek EBko Ministroen Kontseiluan parte hartzea eta komitologian parte hartzea.

h) Nafarroako entitateen (zentro teknologikoak, enpresak, unibertsita-teak...) ikusgarritasuna eta posizionamendua indartzea kanpora begira.

14. artikulua. (bis) Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuaren egitura.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak edukiko du bere egituran Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atala, bere eginkizunak betetzeko.

14. artikulua. (ter) Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalaren eginkizunak.

Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Plan sektorialekin koordinatzea eta Nafarroako Gobernuak finkatutako Eskualdeko Garapen Estrategia bultzatzen gehien lagun dezaketen estrategiak eta proiektuak identifikatzea.

b) Programa eta deialdiei buruzko informazioa eta, orobat, Europako beste ekimen estrategikoei buruzko informazioa.

c) Informazio publikoko kanpainak egitea Nafarroan EBko ekimenen eta lehentasunen gainean.

d) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren online euskarriak gaurkotzea eta mantentzea.

e) EBko proiektuen erregistroa sortzea eta dinamizatzea, organismo bakoitzak oinarrizko informazioa sartu ahal izan dezan aurkeztu dituen edo esleitu dizkioten proiektuei buruz.

f) Nafarroako Gobernuaren beste departamentuen proiektuen kudea-keta koordinatzea. Proiektuak garatzean, laguntza ematea hautagaitza- eta akonpainamendu-dosierrak prestatzeko.

g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Berresten da Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria izanen dela, lehen izendapenak eduki zituen baldintzekin.

Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten ataletako buruen izendapenak berresten dira, haiek egin zireneko baldintza berberetan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko otsailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F2101727