30. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 3koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretuaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa garatu zen.

Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Plana (SEEP) gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan jasotzen denez, Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19ak eragindako pandemia deklaratu ondoren, Europar Batasuneko estatuek larrialdiko neurri koordinatuak hartu zituzten berehala, herritarren osasuna babestu eta ekonomiaren kolapsoa ekiditeko. Neurri horiek luzatzen ari dira denboran pandemiaren oldarraldiak gertatzen ari direlako bata bestearen atzetik, eta, aldi berean, inpaktu ekonomiko eta sozial larria izaten ari dira Europar Batasuneko herrialde guztietan; beharrezkoa zen, beraz agudo erreakzionatu eta presako neurri zorrotzak hartzea aurrekaririk gabeko krisi honen ondorioak arintzeko helburuarekin, eta premiazkoa, halaber, ahalik eta azkarren suspertze ekonomikoa sustatzea, hurrengo hamarkadetako hazkunderako oinarriak ezartzeaz batera.

Europako Kontseiluak, jabetu baita une historiko honetan beharrezkoa dela aurrekaririk gabeko ahalegina egitea eta planteamendu berritzaile bat baliatzea, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatuko dituena, irismen handiko neurri multzo bat onetsi zuen, biltzen dituena, batetik, 2021-2027 aldirako etorkizuneko urte anitzeko finantza esparru indartua, eta bestetik, Suspertzerako Europako Bitarteko bat abian jartzea (“Next Generation EU”).

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planak eragile ekonomiko eta sozial guztien inplikazioa behar du. Baina planaren proiektuak bultzatzeko eta haien jarraipena eta kontrola egiteko, bai eta Suspertzerako Europako Bitartekoaren funtsak ekartzeko, begi bistakoa da administrazio publikoek, bereziki, protagonista izan behar dutela.

Horregatik, aipatutako plana gauzatzeko, beharrezkoa da eginkizun horiek guztiak beteko dituzten antolaketa egitura egokiak izatea.

Kontuan hartuta, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuan esaten denez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren Konferentzia Sektorialak, gobernantzarako beste egitura batzuen artean, bideratuko duela autonomia erkidegoen parte-hartzea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren proiektuetan, Konferentzia horretan parte hartzen dutela, kide gisa, autonomia erkidego guztietako kontseilariek, eta plana inplementatzeko tresnak eta lankidetza eta koordinaziorako bideak ezarriko direla; kontuan hartuta, halaber, Ogasuneko Ministerioko zuzendaritza zentroa, Europako funtsen arloan eskumena duena, izanen dela agintaritza arduraduna Europako instituzioen aurrean eta berak ziurtatuko duela koordinazioa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planean inplikatuta dauden ministerioekin, erakunde publikoekin, autonomia erkidegoekin, toki entitateekin eta Espainiako nahiz Batasuneko gainerako entitateekin; horrez gainera, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak beteko dituela Europako araudiak esleitutako eginkizunak, Suspertzerako Europako Bitartekoaren kontrol agintaritza den aldetik; eta, azkenik, kontuan hartuta Ogasun Ministerio horretako organoekin etengabeko hartu-emana izanen dela, beharrezkotzat jotzen da SEEParen funtsen koordinazio lanak (finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arlokoak) nahiz haien informazio sistemaren kudeaketakoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan beteko dituen zeharkako organoa zuzendaritza nagusiaren mailakoa izatea eta zuzenean Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren menpe egotea.

Komeni da azpimarratzea orain sortzen den unitate honek aldi baterako izaera duela, eta haren indarraldia bukatuko dela Europako Next Generation funtsak bukatzen direnean; beraz, ez da jaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko egituran behin betiko bihurtzeko. Horregatik, Bulegoaren eginkizunak beteko dira ezertan kaltetu gabe Nafarroako Gobernuko beste departamentuek arlo honetan dituzten eskumenak, bakoitzaren egitura organikoen gaineko arauetan jasotakoak eta, betiere, elkarrekiko koordinazio eta lankidetza instituzionalaren irizpideei jarraikiz.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Aldatzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 1. apartatua. Honela idatzita geldituko da:

“1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Kontu-hartzailetza Nagusia.

c) Next Generation Bulegoa.

d) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

e) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

f) Nafarroako Estatistika Institutua (NEI).”

2. artikulua. Aldatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–3. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere egituran:

a) Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Kontu-hartzailetza Nagusia.

c) Next Generation Bulegoa.

d) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

e) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

f) Nafarroako Estatistika Institutua (NEI).”

Bi.–III. kapituluko 1. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“III. KAPITULUA

Kontu-hartzailetza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

24. artikulua. Kontu-hartzailetza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

1. Kontu-hartzailetza Nagusiak zuzendaritza nagusiaren maila izanen du eta foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, honako arlo hauei dagokienez:

a) Foru sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola.

b) Barne kontrolaren arloko arau eta prozedurak garatzeko proposamenak egitea.

c) Barne kontrolaren eremuan ezartzen den urteko plangintzarako proposamena egitea eta hura betetzea.

d) Kontuen Ganberarekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, Foru Komunitateko Administrazioaren jarduera ekonomiko eta finantzarioaren kontrolari dagokionez.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Kontu-hartzailetza Nagusiaren titularrak Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen Foru Legean eta hura garatzeko araudian esleitutako eginkizunak beteko ditu.

25. artikulua. Kontu-hartzailetza Nagusiaren egitura.

Kontu-hartzailetza Nagusiaren egituran unitate organiko hauek daude:

a) Kontu-hartze Zerbitzua.

b) Finantza Kontrol Iraunkorrerako eta Auditoretzako Zerbitzua.

c) Kontrol Juridikoaren Atala.”

Hiru.–Indargabetzen da 4. atala, Kontabilitate Zerbitzua.

Lau.–VIII. kapitulua gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“VIII. KAPITULUA

Next Generation Bulegoa

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

52. artikulua. Next Generation Bulegoaren eskumenen esparru materiala.

Next Generation Bulegoak zuzendaritza nagusiaren maila du eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (“Next Generation EU”) kudeaketaz arduratzen da, bai eta Nafarroako Gobernuaren kontabilitate korporatiboaz ere, eta foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu arlo hauei dagokienez:

a) Next Generation Funtsen Esparruan finantzatutako ekintzen koordinazioa, finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arlokoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren bitartez.

b) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planean inplikatutako departamentu, sozietate publiko, toki entitate eta gainerako entitateekin koordinazio lanak egitea finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arloan.

c) Departamentuek SEEP proiektuak prestatu eta betetzearekin lotuta gauzatzen dituzten jarduerak koordinatzea, finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arloan.

d) Planaren zedarriei eta helburuei dagokienez egiten diren aurrerapausoak gainbegiratzea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planean inplikatutako departamentu, sozietate publiko, toki entitate eta gainerako entitateekin koordinatuta.

e) Ogasun Ministerioarekiko hartu-emanak bideratzea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren funtsak eta proiektuak kudeatzeko sortutako estatu organoetan, esate baterako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren Konferentzia Sektorialean.

f) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planean sartutako proiektuen aurrekontu euskarria kudeatzea.

g) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Plana betetzearekin lotutako informazio sistema kudeatzea.

h) Plana finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arloan betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen jarraibideak proposatzea.

i) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Plana bukatu eta ixteko beharrezkoak diren jarduketa guztiak.

j) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren kudeaketarekin (finantzen, kontabilitatearen eta aurrekontuen arloan) lotuta, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak haren esku utzitako guztiak.

k) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontabilitate publikoa antolatzea.

l) Kudeaketa arauak eta prozedurak prestatzea, Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egiten diren eragiketak behar bezala erregistratzeko kontabilitatean, bai eta eragiketak gauzatzen dituzten unitateek benetan aplikatzen dituztela kontrolatzeko ere.

m) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera ekonomiko eta finantzarioari eta haren emaitzei buruzko informazio sistema definitzea.

n) Sektore publikoa osatzen duten entitateen jarduerari eta emaitzei buruzko informazio ofiziala prestatu eta argitaratzea.

ñ) Aurrekontua gauzatzeari buruzko datuen jarraipena egitea, gainbegiratzeko ekitaldia ixtean betetzen direla aurrekontu egonkortasunaren helburua, gastu arauarena eta zor publikoaren helburua, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritako baldintzetan.

o) Aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudian jasotako zerga arauen helburua betetzen den zehaztea eta aztertzea.

p) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

53. artikulua. Next Generation Bulegoaren egitura.

Next Generation Bulegoaren egituran atal hauek daude:

a) Kontabilitate Orokorra.

b) Kontabilitate Nazionala.

54. artikulua. Kontabilitate Orokorraren Atalaren eginkizunak.

Kontabilitate Orokorraren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa ekonomiko-finantzariorako sistema zuzen dabilela kontrolatzea.

b) Nafarroako Gobernuko kontabilitate zentroen arteko koordinazio funtzionala, kontabilitatearen arloan.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateek betetzen dituzten kontabilitate eragiketetan erabili beharreko kontabilitateko prozedurak, liburuak, erregistroak eta dokumentuak ezartzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ukitzen dituzten kontabilitate-idatzoharrak kontrolatzea eta, behar izanez gero, gauzatzea.

e) Hilabeteko eta urteko itxieren kontabilitate-prozesuak kudeatzea.

f) Nafarroako Kontu Orokorrak prestatzea, bai eta Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei lotutako ekonomiari nahiz ondareari buruzko gainerako agiri guztiak ere.

g) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

55. artikulua. Kontabilitate Nazionalaren Atalaren eginkizunak.

Kontabilitate Nazionalaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei da-gokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio ekonomiko eta finantzarioa prestatzea eta Estatuko Administrazio Orokorrari ematea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiaren jarraipena egiteko.

b) Foru sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen informazio ekonomiko eta finantzarioa koordinatzea, jasotzea eta ondoren Estatuko Administrazio Orokorrari ematea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiaren jarraipena egiteko.

c) Foru sektore publikoaren jarduera ekonomiko eta finantzarioaren eragina aztertzea kontabilitate nazionalaren aldetik, aplikatzen ahal den araudi komunitarioaren arabera.

d) Foru sektore publiko osoaren informazio bateratua prestatzea eta argitaratzea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen diren ebaluatzeko.

e) Kudeaketa ekonomikoaren sistemak diseinatzen eta ezartzen laguntzea.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Kontu-hartzailetzaren eta Kontabilitatearen aipamenak.

Kontu-hartzailetza eta Kontabilitate Zuzendaritza Nagusiaz egiten diren aipamen guztiak, bai Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuan bai gainerako arauetan egiten direnak alegia, Kontu-hartzailetza Nagusiaz egiten direla ulertu behar da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan: Kontabilitate Orokorraren Ataleko burua eta Kontabilitate Nazionalaren Ataleko burua, baita Kontu-hartze eta Kontabilitateko zuzendari nagusiarena ere, zeina aurrerantzean kontu-hartzaile nagusia izanen baita.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea eta mantentzea.

Kontabilitate Zerbitzua kentzen da eta Kontabilitate Orokorraren Atalaren menpeko bulegoak mantentzen dira, zein bere izen, eginkizun eta atxikipenarekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honen edukiaren kontra doazen maila bereko edota baxuagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko otsailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2101726