3. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

692/2020 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako deialdia egin, txapelketaren garapena arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza hitzarmenen testua onetsi, eta garatu beharreko jarduerari aurre egiteko gastua onesten duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirola modu jarraian egin ahal izateko, atsegin hartuz, jostatuz eta osasuna hobetuz.

b) Begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jarduerak egin daitezela pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko, eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezela. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola-umeen artean bultzatuko da, josteta edo lehia xede duen ariketa fisikoa eta kirol jarduera sustatuz.

c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolaldian dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatearen betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki entitateekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kirol Jokoen Programa antolatzen eta arautzen du Foru Komunitateko Administrazioak, eskola-umeentzako kirola sustatzeko eta kirol eta kategoria bakoitzean Nafarroako txapeldunak nor izanen diren erabakitzeko, eta Nafarroako txapelketa ofizial bakarra da adin horietako umeentzat.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura eta Kirol Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago ondokoa: Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunak dira, orobat, Nafarroako Kirol Jokoak bultzatzea, koordinatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, genero berdintasuna, kirol inklusiboa eta kiroltasuna bereziki, elkarlanean jardunez Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin, eta, halaber, eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.

Azken hogeita hamahiru ikasturteetan, “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko kirol programa garatu da: Nafarroako eskola-umeei zuzendutako eskaintza bateratua da, non parte-hartze librea bermatu baita beti. Haren antolaketan Nafarroako Kirolaren Institutuarekin elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.

Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako deialdia egitea eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpide orokorrak finkatzea, parte-hartzaileek eskola denboratik kanpo kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan oro har egiten dituzten kirol jarduerak batuz eta Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa ofizial gisa bateratuz.

Horixe da oinarrizko esparrua, aurreko edizioetan egin eta finkatuz joan dena. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen deialdia Kultura eta Kirol Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera.

1.297.776,45 euroko gastua aurreikusten da, guztira, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen antolamendu orokorreko gastuei aurre egiteko.

Horietatik, 403.505,88 euro 2020rako Nafarroako Gobernuaren Aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren kargura izanen dira. Zenbateko horretatik, 110.000 euro daude erreserbaturik eta baimendurik autobus garraiorako, eta 4.088,88 euro, berriz, baimendurik eta esleiturik Nafarroako Kirol Jokoen istripu-aseguruaren poliza kontratatzeko. Eta 894.270,57 euro Nafarroako Gobernuaren 2021erako aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren edo partida baliokidearen kargura izanen dira. Horietatik, dagoeneko 230.000 euro erreserbaturik eta baimendurik daude autobus garraiorako, eta beste 23.320,57 euro, berriz, erreserbaturik garaikurren, dominen eta txapelen hornidura-kontraturako. Eta ondotik zehazten diren erreserbak, Nafarroako Gobernuaren “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoan edo Nafarroako Gobernuaren 2021erako aurrekontuetan sortzen den partida baliokidean: 5.000 euro Nafarroako Kirol Jokoen finalen zuzeneko emanaldietarako; 2.000 euro NKJen memoriaren edizio digitalerako; eta 15.000 euro aplikazio informatiko bat sortzeko, NKJen autobus-garraioaren zerbitzua kudeatzeko.

Arestian azaldutakoa dela-eta, proposamena egiten da hasiera batez 908.367 euroko erreserba egiteko, kirol federazioen antolamendu gastuei aurre egiteko. Horietatik 289.417 euro 2020. urteari dagozkio, eta 618.950 euro 2021. urteari.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 13ko 29/2019 Foru Aginduan, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko espedienteak tramitatzerakoan bete beharreko irizpideak onesten dira. 1.019.376,18 eurokoa da “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko partida ekonomikoak 2021erako duen proiekzio zenbatekoa. Orain eskatzen da 894.270,57 euro urte anitzeko gastu gisa, kopuru horrek aukera emanen baitu aurre egiteko Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoak antolatzeak eta egiteak sortzen dituen gastuei (2020ko abuztuaren 31n bukatuko dira jokoak); hortaz, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan gaitzen ez bada zenbateko handiagoko partida ekonomikorik, ezin izanen da NKJen XXXV. edizioaren deialdia egin.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko akordioen testua onestea (eranskinean ageri da).

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen deialdia onestea, baita txapelketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen den araudiarekin bat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren testua onestea (II. eranskina).

3. 908.367 euroko gastua baimentzea, guztira, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen antolamenduko gastuei aurre egiteko. Horietatik, 289.417 euro dagozkie kirol federazioen antolamendu orokorreko gastuei, eta Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorren “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002 A5110 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura izanen dira. Eta 618.950 euro, kirol federazioen antolamenduko gastuei dagozkienak, partida honen kargura izanen dira: “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoaren kargura edo Nafarroako Gobernuaren 2021erako aurrekontuetan sortzen den partida baliokidearen kargura.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

XXXIV. Kirol Jokoen araudia

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako deia egiten du, 2020-2021 ikasturte honetarako. Deia egiten da zailtasun eta ziurgabetasun handiko une batean, COVID-19aren osasun-krisia dela eta. Pandemiaren egoeraren bilakaerak ahalbidetu edo eragotziko du programan aurreikusitako kirol jarduerak egitea.

Oinarrizko irizpide hauek hartuko dira kontuan Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen araudi orokorrean:

1. Esparrua.

Nafarroako Kirol Jokoak (aurrerantzean, “NKJ”) Nafarroako txapelketa ofizial bakarra dira deialdi honetan sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzeko. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuaren (“NKI” hemendik aitzina) oniritzia beharko da.

NKJen programa Nafarroako Foru Komunitatean eginen da, eta, oro har, larunbat goizetan.

2. Parte hartzea.

NKJen programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (Kirol Entitateen Atala) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

–“Ki’’ Kimua: 11-12 urte. 2009-2010ean jaiotakoak.

–“H” Haurra: 13-14 urte. 2007-2008an jaiotakoak.

–“K” Kadetea: 15-16 urte. 2005-2006an jaiotakoak.

–“G” Gaztea: 17-18 urte. 2003-2004an jaiotakoak.

Aipatu adin eta kategoriak kirol modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen badu.

8, 9 eta 10 urteko umeen benjamin kategoria gehitzen ahalko da (2011n, 2012an eta 2013an jaiotakoak), baldin eta kirol-hasierako proiektu bat aurkezten bada, parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritutakoa, NKJen araudiak kategoria horretarako ezartzen dituen helburu espezifikoekin bat etorriz. Kategoria horretako jarduerak eskualdeka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria honetan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.

Oro har, NKJek ez dute inolako kategoriarik aurreikusten 2013. urteaz geroztik jaiotakoentzat.

Salbuespeneko arrazoiengatik ezin badira programatutako kirol jarduera guztiak egin, lehentasuna emanen zaie gazte, kadete eta haur kategorietakoei, hurrenkera horretan.

NKIk bere gain har dezake federazioak baimenak edo lizentziak emateko duen eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute arau honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.

Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/talde berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, betiere eremu geografiko bereko kategorian talde bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz talde/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Dagokion kirol federazioak horren berri emanen dio NKIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.

Araudi orokorraren puntu honetan jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko kirol federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.

Nafarroako Kirol Jokoen modalitate desberdinak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKIren webgunean argitaratzen ahalko dira. Nafarroako Kirol Jokoetarako inskripzioa egitean, kirol federazioek idatziz eskatu beharko dute parte-hartzaileen irudiak hartu eta zabaltzeko berariazko baimena.

3. Helburuak:

a) Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, eta hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmentzea, zeinak kiroltasunaz arduratzen diren pertsonek koordinatuko baitituzte.

b) Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak baztertu gabe sexua, etnia, ideologia, sexu orientazioa, dibertsitate funtzional edo kognitiboa, erlijioa eta errendimendu maila dela eta.

c) Kirol jarduera fisiko anitzak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.

d) Gutxi errotutako kirol edo josteta modalitateak bultzatzea adin horietan.

e) Lehiaketa proba eta kirol jarduera mistoak sustatzea.

f) Joko garbi, errespetu, inklusio, berdintasun, hobekuntza eta lagunartekotasunaren portaerak eta keinuak sustatzea eta saritzea.

Kirol federazioek 8, 9 eta 10 urteko haurrentzako proiektuak, kirolean hastekoak, aurkezten ahalko dituzte, helburu hauek betetzen badira:

–Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.

–Abilezia sozialak eta kirolaren balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, lagunartekotasuna eta hobetu nahia.

–Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.

Proposatzen diren helburuak kontuan harturik, joko-arauak egokitzea proposatzen da (espazioa, denbora, kideen edo aurkarien kopurua, materiala, arauak), eta kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunean parte-hartzea eta ekitatea sustatzeko jarduerak ezartzea. Jardueren garapenak bidea emanen du joko garbiaren eta kiroltasunaren agerraldiak atzemateko.

4. Antolaketa.

a) Alderdi orokorrak.

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKIri dagokio, eta horrek Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra.

Kontuan izanik zein den oraingo osasun egoera eta zer bide har dezakeen, Nafarroako Kirol Jokoen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, egin beharreko modalitateei eta jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren. Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke NKIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek, txapelketa hasi baino 15 egun lehenago, garatu beharreko kirol proiektu behin betikoa aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituena: programaren helburuak, kiroltasunaz arduratzen den pertsona, arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, inskripzio prozedurak, txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kirol kategorien edo espezialitateen arabera. Jardunaldi guztiak NKJen XXXIV. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

NKIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita. Jakinarazi beharko da jardueraren egutegian, arautegian edo kirol programan egiten den edozein aldaketa, eta NKIren oniritzia izan beharko du.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuari jarraituz (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), adingabeekin lotura duten langile guztiek, NKJen programa gauzatzeko lanak egiten badituzte, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Kirol federazioek erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eman beharko diote NKIri (III. eranskina).

Kirol federazioek ezarriko dituzte NKJen programan parte hartzeko inskripzio prozedurak, behar den gaikuntzaren bidez. Kirol federazio bakoitzak ezarriko du prozedura. Kirol federazioa, inskripizoa egiteko epea ireki baino lehen, ezarritako prozedura zein den esan beharko du. Beharrezkoa izanen da NKIren oniritzia.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren baimena eskuratu.

Kirolen egutegi bat erantsi da orientazio gisa, bakoitzean parte hartzeko baldintza bereziak azalduta: inskribatzeko epea, jokalarien kopurua eta gordailuak.

NKJei buruzko informazio eta jakinarazpen orotan, programaren logotipoak erabiliko dira, eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak zein diren adieraziko da.

Programan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Kirolaren Institutuak zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, Nafarroako Kirol Jokoen programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.

Parte hartzen duten kirol federazioek azken faseetan kirol egokituak egoten lagundu beharko dute.

Parte hartzen duten kirol federazioek bermatu beharko dituzte pertsona guztien hizkuntza-eskubideak, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera.

Era berean, komunikazio eta kudeaketa guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira.

b) Batzordeak.

Antolaketa batzordea: batzorde bakar bat izanen da kirol guztietarako. Kide hauek izanen ditu:

–NKIren lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako 2 teknikari.

–Kirol federazioen bi ordezkari: bata bakarkako kirolak ordezkatuz, eta bestea taldekako kirolak ordezkatuz. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.

–Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatua.

Besteak beste, eginkizun hauek izanen dituzte:

–NKJen antolaketa orokorra begiratzea.

–Jokoen araudia prestatzen laguntzea.

–NKJen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

Jarraipen batzordea: kirol modalitate bakoitzerako jarraipen batzorde bat eratuko da. Honako hauek egonen dira haietako bakoitzean: NKIren hiru ordezkari (Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako teknikari bat), eta kasuan kasuko kirol federazioaren bi ordezkari.

Jarraipen batzordeek ondoko eginkizunak izanen dituzte, besteak beste:

–Kirol modalitate bakoitzaren antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea, baita txapelketa sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea ere, adinari egokituak eta kirol federazioek proposatuak, eta kiroltasunez jarduten dela eta hura programan aintzat hartzen dela bermatzea.

–Laguntzaileak izendatzea, programaren garapena gainbegiratu, jarraitu, informatu eta hobekuntzak proposatzeko. Jarraipen batzordea eta laguntzaileak baimenduak egonen dira, eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirolaren balioak betetzen diren begiratzeko.

–Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.

–Joan-etorriak direla-eta, partidak jokaleku neutral batean joka daitezela baimentzea.

–Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

c) Joan-etorriak.

NKIk sistema bat zehaztuko du kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako joan-etorrietarako, eta horren berri emanen die parte-hartzaileei kirol federazioen bitartez, inskripzioa egiten dutenean.

Hauek dira joan-etorrietarako arau aipagarrienak:

Talde bakoitzeko, adin nagusiko arduradun bat bederen egonen da joan-etorria hasten denetik bukatu arte, klubak baimendua.

Kluba/Taldea behartuta dago, astero, joan-etorrietarako ezarritako planaren berri jasotzera, ezartzen diren baliabideak erabiliz.

Parte-hartzaileek bete behar dute ezarritako bidaia plana.

Antolakundeak programatutako garraioa erabili behar ez duten taldeek kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna zehaztu baino bost egun lehenago, gutxienez. Antolakundeak programatutako garraioa izanez gero, taldeek hori erabiliko dute bai joateko bai itzultzeko.

Ibilgailu partikularretan egindako joan-etorrietako kalte-ordainak emanen dira, bakar-bakarrik, garraio antolatuaren programazio orokorrean sartzerik ez dagoen kasuetan.

Alde horretatik, joan-etorriei buruzko araudia betetzen ez duen taldeak eskubidea galduko du antolatutako garraioa erabiltzeko eta ibilgailu partikularretan joateagatik jaso daitekeen kalte-ordaina kobratzeko.

Higieneari buruzko araudia eta osasun prebentziokoa, NKJen autobus garraiorako ezarritakoak, VI. eranskinean daude jasota.

Honako hau da araudia ez betetzea:

–Bidaien programazioa argitaratu ondoren, jakinaraztea garraioa ez dela erabiliko, bidezko arrazoiren bat izan ezean.

–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.

–Programatutako bidaiaren autobusa ez erabiltzea, behar bezala jakinarazi gabe.

–Kalteak egitea edo errespeturik gabe jokatzea zerbitzuan.

–Osasun higieneari eta prebentzioari buruzko araudia ez betetzea.

Salbuespenez, joan-etorrien araudiaren urraketa dela-eta alegatzen diren arrazoiak baloratzen ahal ditu jarraipen batzordeak.

Ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrien kasuan, 0,12 euro ordainduko dira kilometroko, joan-etorria 30 kilometro baino luzeagoa bada, eta, bakar-bakarrik, baimentzen diren kirol modalitateetarako.

Ez dira sartzen arbitroen eta teknikarien edo kirol federazioko kargudunen joan-etorrietako gastuak. NKIk antolatutako garraio zerbitzua erabiltzen ahalko dute aurrez eskatuta, betiere tokia baldin badago.

d) Instalazioak.

Kirol instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte.

Egokituta egonen dira kirol instalazioak, Osasun Publikoaren Institutuaren eta NKIren arauetan eta gomendioetan ezarritakoa betez. Kirol instalazioak erabiltzean, errespetatu beharko dira instalazioaren titularrak zehaztutakoa, NKJen berariazko araudia (VI. eranskina) eta kasuan kasuko federazioak ezarritako protokoloak.

Parte hartzen duten entitate guztiek lagunduko dute programan, hura garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.

Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea.

e) Osasun Laguntza eta Aseguruak.

NKJetako kirol modalitate guztietako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko du, oro har.

Gizarte segurantzakoak diren kirolariek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emango die (maiatzaren 15eko 65/2003 F.A.)

Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren kirolarien osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea estaltzen dute bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

–Osasun laguntzarako metodologia.

Ospitaleetako arreta zerbitzuen aurre-fakturazioak saihesteko, honako arau hauek bete beharko dira:

1.–Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute NKJetako parte-hartzaile direla, inskripzio-orria edo kirol federazioak parte hartzeko aurkeztu duen gaikuntza erakutsiz.

2.–Kirol federazioek laukitxo bat jarriko dute inskripzio orrian kirolariaren aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).

3.–Kirol federazioek zuzeneko sarbide bat izanen dute beren web gunearen hasierako pantailan NKJetako osasun laguntzaren berri emateko. Toki horretan argi eta garbi adieraziko da NKJetako parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.

4.–Kirol federazioek emanen diete klubei, eta klubek parte-hartzaileei, araudi honetan biltzen den osasun laguntzaren prozeduraren berri.

NKIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, heriotza eta/edo istripuko galera anatomikoak zein funtzionalak estaltzeko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).

Ez da nahitaezkoa izanen osasun-azterketa egitea kirolariei, non ez duen kirol federazioak hala eskatzen; halakoetan, federazioaren batzar nagusiak onetsi beharko du, eta NKIk oniritzia eman.

f) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak.

NKIk proposatuko du zenbat eta nolako garaikur, domina, txapel eta aitortza emanen diren NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Kirol federazioek zenbat behar dituzten eskatuko diote NKIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago.

Oro har, taldekako modalitateetan/espezialitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Banakako modalitateetan/espezialitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolari sailkatuei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Orobat, kontuan hartuko da kirol modalitate batzuetan, hau da, pilotan, txirrindularitzan, herri kiroletan eta beste batzuetan, irabazleei aurrekoak ez bezalako berariazko jantziak ematen zaizkiela (txapelak...).

Aurreikusitako kirol programa bukatu ezean, dominak ematea eska daiteke, hau guztia aurkeztu ondoan: txosten bat, zehaztuko duena zenbat jardunaldi egin diren programan aurreikusitako guztietatik, podiuma zehazteko araudia, parte hartu duten kluben eta NKIren oniritzia.

Arbitroek eta epaileek jasotzen ahal dituzte kirol proben akta eta erregistro-agirietan eredugarritzat jotzen dituzten kiroltasun keinuak.

g) Kirol diziplina.

NKJak direla-eta, kirol federazio bakoitzean kirol arloko arau-hausteez arduratzen den batzordeak jartzen dituen zehapenak hezkuntzako eta prebentzioko irizpideak kontuan hartuz ezarriko dira; izan ere, programa honen garapenean eta antolaketan, heziketa eta prestakuntza dira oinarri.

Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta aztertutako hutsegite edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita.

h) Kirol programa:

–Modalitateak/Espezialitateak:

1.–Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).

2.–Xakea.

3.–Atletismoa (krosa eta pista).

4.–Automobilismoa (kart lehiaketa).

5.–Badmintona.

6.–Saskibaloia.

7.–Eskubaloia.

8.–Beisbola (beisbola eta sofbola).

9.–Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista).

10.–Kirol egokituak.

11.–Neguko kirolak (iraupen-eskia).

12.–Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, ibilaldi arautuak eta eskalada).

13.–Eskrima. (floretea, ezpata).

14.–Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola).

15.–Gimnastika (NGA, GGA, GE).

16.–Golfa. (Pich and Putt eta zelaikoa).

17.–Halterofilia.

18.–Herri Kirolak. (proba konbinatua, sokatira eta trontza).

19.–Hipika. (Heziera klasikoa).

20.–Judoa eta K.E.

21.–Karatea. (kumitea eta kata).

22.–Kick-Boxing-a (Kick Light-a).

23.–Borroka.

24.–Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua).

25.–Padela.

26.–Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).

27.–Pilota (esku-pilota, zesta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketea, frontballa eta frontenisa).

28.–Piraguismoa (kayaka eta kanoa).

29.–Arraunketa. (iolak eta arraunketa olinpiarra).

30.–Errugbia.

31.–Taekwondoa. (borroka eta poomsae teknika).

32.–Tenisa.

33.–Mahai-tenisa.

34.–Arku-tiroa. (Aretoa eta aire zabala).

35.–Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).

36.–Bela. (Optimist eta laser klaseak).

37.–Boleibola.

Kirol modalitateak alda daitezke gomendagarria denean ingurua-barrengatik. Beharrezkoa izanen da aldez aurretik eskatzea, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzak baimentzea.

XXXIV. Nafarroako Kirol Jokoen jarduerak 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean garatuko dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Orientagarria da ondoko taula, eta aldaketak egin dakizkioke justifikaturik badaude.

KIROL MODALITATEAK

IZENA EMAN DUTEN JOKALARIEN GUTXIENEKO ETA GEHIENEKO KOPURUA

AKTAN AZALTZEN DIREN JOKALARIEN GEHIENEKO KOPURUA

GORDAILUA

Urpeko jarduerak

 

 

 

Xakea (taldea)

4 edo gehiago

4

30 euro

Xakea (banakakoa)

 

 

 

Automobilismoa (kartinga)

Zirkuituaren edukieraren arabera

 

 

Atletismoa (krosa)

 

 

 

Atletismoa (pista)

 

 

 

Badmintona

 

 

 

Saskibaloia 5x5

8-15

12-15

90 euro

Eskubaloia

12-18

16

90 euro; 180 euro 3 talde
edo gehiago

Beisbola

12-18

12

60 euro

Txirrindularitza

 

 

 

Kirol egokituak

 

 

 

Neguko kirolak

 

 

 

Mendiko kirolak

 

 

 

Eskrima (ezpata eta floretea)

 

 

 

Areto-futbola

8-15

12

90 euro

Zelaiko futbola

16-25

16

90 euro

Emakumezkoen 8ko futbola

10-18

14

90 euro

Gimnastika (denak)

 

 

 

Golfa

 

 

 

Herri kirolak

10-16

10

90 euro

Hockeya

5-15

10

 

Hipika

 

 

 

Judoa eta gisako kirolak

 

 

 

Karatea

 

 

 

Kick-boxing-a (kick light-a)

 

 

 

Igeriketa

 

 

 

Igeriketa - Waterpoloa

20

13

 

Padela

 

 

 

Irristaketa

 

 

 

Pilota 36 m-ko frontoian (eskuz banaka)

 

 

 

Pilota 36 m-ko frontoian (eskuz binaka)

 

 

 

Pilota 36 m-ko frontoian (erreminta). Larruzko paleta, gomazko pilota eta pala motza

 

 

 

Pilota 54 m-ko frontoian, zesta, erremontea

Esku-pilota trinketean, gomazko pilota, larruzko p., xarea

Pilota 30 m-ko frontoian, gomazko paleta, gizonezkoak banaka, emakumezkoak bikoteka, frontenis mistoa.

Piraguismoa

 

 

 

Arraunketa

 

 

 

Errugbia

 

 

 

Taekwondoa

 

 

 

Tenisa

H 3-8/K 4-8

30 euro

Mahaiko tenisa (taldeak)

3-6

 

 

Mahaiko tenisa (banakakoa)

Triatloia

 

 

 

Duatloia

 

 

 

Arku-tiroa

 

 

 

Bela

 

 

 

Boleibola

8-14

12

 

Dagokion kirol federazioak talde batean jokalari gehiagok izena ematea baimentzen ahalko du, klubak ezin badu kirolaria sartu parte-hartzailearen adinari dagokion kategoriako beste talde batean.

Modalitate edo kategoria berriren bat gehitzen ahalko da, zehaztuko den moduan, Kirolaren Zuzendariordetzak oniritzia ematen badu.

Izena emateko epeak orientagarriak dira. Kasuan kasuko araudian argitaratuko dira, zeina parte hartzen duten klubei igorriko baitie beren kirol federazioak.

i) Inskripzioak.

Klubek eginen dituzte inskripzioak, bakoitzak bere kirol federazioan, horretarako ezarritako prozedurak kontuan hartuta, xede horretarako prestatutako inprimakien datu guztiak beteta eta kirol federazioei NKJetan parte hartzeko gaikuntzak lortzeko diru-kopurua ordainduta. NKJetan izena emateak bidea ematen du programan kirolari, delegatu, kiroltasun-arduradun, entrenatzaile edo arbitro aritzeko. Horregatik behar-beharrezkoa da klub bakoitzak inskripzioetan jartzea delegatuen, kiroltasun-arduradunen eta entrenatzaileen izenak eta datuak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko.

Erregelamendu horren 13. artikuluaren arabera, inskripzio-orrietan oinarrizko informazioa jaso beharko da datuen babesari buruz, eta adierazi tratamenduaren arduraduna NKIko zuzendari kudeatzailea dela, eta tratamendu-eragilea, berriz, kasuan kasuko federazioa. Horretaz gain, honako hau ere jaso behar da: datu-bilketaren helburua, legitimazioa, hartzaileak, eskubideak eta informazio gehigarria kontsultatzeko esteka bat.

Parte hartzen duten kirol federazioek sinatu behar dute datu-tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen arteko kontratua, V. eranskinean jaso dena.

Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, hala komeni bada. Gazte kategorian, beharrezkoa izanen da NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren eskaera eta oniritzia, aurrez NKJen Antolaketa Batzordearen balorazioa jasota.

Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, Antolaketa Batzordeak balorazioa egin beharko du eta NKIk baimena eman beharko du.

NKIk NKJetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzea baimentzen ahalko du, baldin eta horien klubak, Nafarroakoak izanda ere, beste autonomia erkidego batzuekiko eskualde mugakideetan badaude eta, horrela, horiek parte hartzen laguntzen bada. Dagokion federazioak egoera horretan dauden jokalarien zerrenda eta jokalari horien osasun laguntzaren eta istripuen asegurua jakinarazi beharko dizkio NKIri.

Kimu eta haur kategorietan, kirolariek parte hartzen ahalko dute adinaren arabera dagokien kategoria ez den batean, beraiek baino urte bat zaharragoak direnen kategorian, hain zuzen, baldin eta klubak ezin baditu kirolari horiek sartu haien adinari dagokion talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, adierazten duena taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola. Joko-eremuan ezin izanen da adin handiagoko jokalari bat baino gehiago egon aldi berean.

Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena Nafarroako Kirol Jokoetan. Kirol maila bikaina duten taldeek eskatzen ahalko dute urte bat zaharragoak diren parte-hartzaileen lehiaketa talde batean izena ematea, baldin eta aurreko denboraldiari dagokion txapelketan lehenbiziko hiru sailkatuen artean egon badira. Eskaera dagokion federazioari eginen zaio, NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin.

COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, NKJen XXXIV. edizio honetan parte ez hartzea erabakitzen duten klubetako taldeek eutsiko diote beren kirol kategoriari NKJen XXXV. edizioan. Kasuan kasuko kirol federazioak jaso beharko du bere erregelamenduan horretarako ezarriko den prozedura. Beharrezkoa bada, aldez aurreko kanporaketak ezarriko dira txapelketa hasi baino lehen, XXXIV. edizioko igoera eta/edo jaitsiera kasuetan dauden taldeekin.

NKJen programan sartutako modalitateetan parte hartzen duten haur eta kadete kategorietako taldeetako entrenatzaileek frogatu beharko dute inskripzioa egitean hasierako mailako ikastaroa behintzat egina dutela. Ezinezkoa bada, entrenatzaile tituludun baten babesaren pean egon beharko dute, eta NKJen XXXIV. edizioan zehar Kirolean hasteko prestatzaileentzako ikastaroa egin beharko dute, gutxienez. Kirol guztietan, gomendatzen da titulurik ez duten entrenatzaileak titulua duen entrenatzaile baten babespean egotea. Prestakuntza horren frogagiria kasuan kasuko kirol federazioek egiaztatu beharko dute.

Kirol jokoetan parte hartuko dutenen entrenatzaileek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiria eta kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, inskripzioa egiten den une berean. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.

j) Tasak eta gordailuak.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako kirol federazioak elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean. Kontuan harturik NKJak direla deialdi honetan agertzen diren kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarrak, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela NKJetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).

Kirolari bakoitzak 5 euro ordainduko du NKJetan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasen kontzeptu gisa, 3 kirol jardunaldi edo gutxiago eskaintzen duten modalitateen kasuan, eta 7 euro, hiru kirol jardunaldi baino gehiago eskaintzen duten modalitateen kasuan. Tasa honek NKJetan parte hartzeko bidea ematen du, eta beste edozein kirol jarduera federatu alde batera geratuko da. Behin txapelketa hasita, kirol programa bertan behera uzten bada edo aldatzen bada osasun pandemiaren ondorioz, tasak ez zaizkie parte-hartzaileei itzuliko.

Arbitroek eta entrenatzaileek NKJetan izena emateak ez du ekarriko tasa ordaintzeko betebeharrik.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIren Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia izan.

NKIk eta parte hartzen duen federazio bakoitzak sinatutako hitzar-menetan, tarifa batzuk ezartzen dira arbitraje kontzeptuengatik. NKJetako arbitrajea kasuan kasuko federazioko arbitroen batzordeko arbitro ofizialek egiten dutenean eta kostuak hitzarmenean ezarritako tarifa baino handiagoak direnean, federazioak kostuaren diferentzia kobratzen ahal die klubei, zati berdinetan, federazioaren batzar nagusiak hala onetsi badu.

Modalitate bakoitzerako inskripzio epea bukaturik, NKJen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKIra, kirol bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte, eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.

Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera jarraituko dute NKJen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik baldin bada.

Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKIk aldatzen.

Gordailuak denboraldi osorako txapelketa-egutegi bat dagoen kirol modalitateetan eta txapelketa-koadroak deiturikoen bidez antolatzen diren modalitateetan baizik ez dira jarriko. Gordailuen helburua bikoitza da: txapelketa behar bezala garatzen dela bermatzea eta talde batek txapelketa abandonatuta txapelketa bera aldatu eta faltsutzeko bidea saihestea; eta parte-hartzaileen erantzukizunei aurre egitea. Klub batek bi talde baino gehiago baldin baditu modalitate berean, ezarritakoa halako bi ordaindu beharko du.

Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, kirol federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete elkarteei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

k) Partidak.

Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurantzakoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da. Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada. Osasun pandemia dela eta, kontuan hartuko da NKJen deialdiaren VI. eranskinean ezarritakoa.

l) Atzeratzea.

Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKIk programatutako jardunaldi bat bertan behera utz dezake, guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien federazioen bitartez. Osasun pandemiak irauten duen bitartean, kontuan hartuko da NKJen deialdiaren VI. eranskinean ezarritakoa.

Kirol federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko diete zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.

m) Emaitzen eta gorabeheren jakinarazpena.

NKJen arautegi teknikoan arauturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Epe horretan akta igorriko da, arbitro federaturik ez badago. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, araudi hauen “g” apartatuan (Kirol diziplina) kirol modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.

Klubean kiroltasunaz arduratzen den pertsonak gorabeherak nahiz gatazkak jasoko ditu, bai eta izandako kiroltasun keinu eredugarriak ere, eta, gero, horien berri emanen dio, posta elektronikoz, kasuan kasuko kirol federazioko balioen delegatuari edo NKIko Kirol Jokoen Bulegoari, helbide honetara idatzita: jdn@navarra.es.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasunaren aldetik eredugarriak badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

n) Antolaketa Zerbitzuaren fakturazioa:

NKIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria/abendua, urtarrila/otsaila, martxoa/apirila, maiatza/ekaina eta uztaila/iraila. Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, kirol federazioek faktura elektronikoak (FAKe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, urria-abendua eta maiatza-ekaina aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia eta berehala aurkeztu beharko delako. Kirol federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuen abonurako ebazpenean. Hurrengo gastuen abonurako ebazpenean sartuko dira, programaren aurrekontu ekitaldi eta edizio bereko baldin badira.

NKIk bere gain hartuko du egin beharreko jardueraren kostua, NKIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan. Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte.

Kirol federazioei egotz ezin zaizkien salbuespeneko arrazoiengatik, behin kirol programa hasita, bertan behera utzi behar bada, NKIk federazioari ordain diezaioke administrazio eta kudeaketa gastuei dagokien zatia, hitzarmenean ezarrita dagoena, edo partida edo jardunaldi bakoitzeko gastuen zehaztapenean. Ukitutako federazioak Kirolaren Zuzendariordetzari eskatu behar dio, arrazoiak emanez, bertan behera utzitako jardunaldien administrazio eta kudeaketa gastuen konpentsazioa. Programaren kudeatzaileek aurkeztu diren eskaerak eta ordaindu beharreko zenbatekoak baloratuko dituzte.

Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetan jasotako modalitate guzti-guztietan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, kirol federazio jakin batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta kirol federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako esleitutakoa (garraioa, asegurua, dominak, txapelak eta aitortzak, memoria) agortu ez badu, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua aplikatzen ahalko da programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko, betiere kirol federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horien NKJen programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.

Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta garatzeagatik.

–Finalak antolatu eta garatzeagatik.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.

–Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).

–NKIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan balioen delegatua izateagatik.

Joko-eremuaren barruko balioen delegatuaren figura baimendua duten kirol federazioek fakturan txertatu beharko dituzte barruko balioen delegatu horiek, NKIk hautatutakoak edo kirol federazioak berak NKIren oniritziarekin hautatutakoak, joko-eremuan egoteari dagozkion gastuak.

Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKIren oniritziarekin. Eskaera Kirolaren Zuzendariordetzari egin behar zaio erregistro bidez, gastua egin baino lehen.

Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Garaikur eta dominen gastua zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

NKIk ekarpenak eginen ditu, dagokion kirol federazioak kontzeptu ezberdinengatik aldi zehatz batean egindako gastuei dagokien faktura elektronikoa (FAKe) aurkeztu eta gero.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta garatzea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.

–Finalak antolatu eta garatzea: finalak zein tokitan eta ordutan jokatu diren adierazita.

Osasun laguntzaren zerbitzuengatik: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriak: jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.

–Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak, honako hauek adierazita: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Aurretik NKIren oniritzia beharko da.

Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; “ordaindua” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKIk kirol federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera, salbu eta NKJetako azken faktura denean.

o) Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Eskola-adineko selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak deitzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, kirol federazioek deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute, eta NKIren oniritzia izan beharko dute.

Eskola-adineko selekzio autonomikoek txapelketa horietan parte hartzeko hautaketa irizpideak NKJen arautegi teknikoetan jasoko dira, eta NKIren oniritzia izanen dute.

Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzea estaltzen dute, bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

NKJetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek beren arautegietan zehaztu beharko dute zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.

p) NKIren planak.

1.–Kirolaren balioen ekintza plana: NKIk kirolaren balioak sustatzeko kanpaina bat abiarazi du. Hona hemen kirolaren balioak: joko garbia, laguntasuna, hobetu nahia, inklusioa, berdintasuna eta errespetua. Plan honen barnean, joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradun delegatuaren eta kiroltasun arduradunaren figurak jasotzen dira. Figura horien eginkizunen artean daude, besteak beste, ordezkatzen duen kirol modalitateko txapelketa behar bezala garatu dadin laguntzea, eta agente guztien (kirolari, teknikari eta ikusleen) gorabehera eta gatazka nabarmenen berri ematea, bai eta kiroltasun jarrera aipagarrien berri ere. Klub bakoitzeko kiroltasun arduraduna lankidetzan arituko da NKIk gaitutako joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradunarekin.

NKIk tresna bat sortu du, “Oinarrizko kirolean kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko programa” izenekoa. Tresna horri esker, lehia-kirolaren jardueren kiroltasuna ebaluatu daiteke. NKIk tresna hori aplikatu nahi du futbolean, saskibaloian eta eskubaloian. Kasuan kasuko kirol federazioek eta NKJen programan parte hartzen duten klubek elkarlanean aritu behar dute NKIrekin programa horren aplikazioan eta parte-hartzean. Horregatik, klub parte-hartzaile bakoitzak programan parte hartzeko konpromisoa izenpetu behar du (IV. eranskina), eta kasuan kasuko federazioan aurkeztu NKJen programan izena eman ahal izateko. Klubak edo taldeak ez badu betetzen, lehen aldiz, IV. eranskina dela medio hartu duen konpromisoren bat, idatziz ohartaraziko zaio. Hurrengo ez-betetzeek zehapen ekonomikoa ekarriko dute, inskripzioa egitean utzitako kopuruaren %20.

2.–“Emakumea eta Kirola” plana: eginen diren ekintzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

a) Txapelketa egituratzea NKJen kategoria guztietan eta horretarako behar diren baliabideak ematea.

b) Ikasleen artean berdintasuna bermatzen duten eskola-umeentzako kirol jarduerak antolatzea eta/edo haiek antolatzen laguntzea.

Kontuan izanda NKJak adingabekoei zuzenduta daudela, haien helburu nagusiak hezkuntza eta prestakuntza izanen dira. Inplikatutako agente guztiek (kirol federazioek, kirol klubek, entrenatzaileek, delegatuek, arbitroek, gurasoek eta ikusleek) kirolaren balioak sustatzen lagundu behar dute.

Parte hartzen duten kirol federazioei dei egiten zaie NKJen programan parte hartzen duten klubekin lan egin dezaten eta gai honekin lotutako lan ekintza zehatzak proposa ditzaten.

q) Kalitatea.

NKJen programaren helburua betetzeko eta pixkanaka bere alderdiak hobetzeko asmoz, zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien laguntza eskatzen da ezarritako arauak betetzeko eta programarekin zerikusia duen edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko, bai jdn@navarra.es helbide elektronikoaren bidez, bai webgune honen bidez: https://www.deportenavarra.es/ gaztelaniaz eta https://www.deportenavarra.es/eu euskaraz.

r) Hondakinen Kudeaketa Araudia.

Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira. 

s) COVID-19aren gaineko araudi gehigarria.

Nafarroako Gobernuak, NKIren bidez, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen deialdia egiten du 2020-2021 ikasturte honetarako, zailtasun handiko une batean, COVID-19aren osasun-krisia dela eta. Egoera horrek behartzen gaitu osasun protokoloak ezartzera, errazagoa izan dadin kirola segurtasun baldintzetan egitea; ezin da bermatu, baina, kirol egitea guztiz arriskurik gabe. Kasu guztietan, osasun segurtasuna izanen da lehenetsi beharreko gauzarik inportanteena, baita, oro har, gizartearen segurtasuna ere, eta, zehazki, kirolariekin eta haien inguruan bizi den gizartearena, kutsatzeko arrisku berezia du eta.

Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako protokolo orokorrari (VI. eranskina) berariazko protokoloak erantsiko zaizkio, kirol federazio bakoitzak ezartzen dituenak NKJen jarduerak antolatzeko. NKIko teknikariek gainbegiratuko dituzte. Instalazioaren jabeak ezartzen duen protokoloarekin, neurri murriztaile gehiago erants dakizkieke NKJen protokoloetan ezarritakoei. NKIk eta osasun-agintaritzak unean-unean ezartzen duten araudiak baldintzatuko ditu protokoloak.

Kirol federazioek, klub parte-hartzaileek eta kirolarien familia arduradunek izenpetu beharko dituzte araudi honen VI. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak.

Beharrezkoa da kirol inguruko guztiek errespetatu eta betetzea kirol jokoen araudi orokorreko gomendioak eta jarraibideak, osasun-agintaritzak emandakoak eta kirol modalitate bakoitzerako berariazko protokoloak, federazio bakoitzak NKIrekin elkarlanean ezarriko dituztenak. Antolaketaren, kluben eta taldeen arduradunek lidergoa agertu behar dute, eta eredugarriak izan arauak eta jarraibideak betetzeko orduan.

Funtsezkoa da familiek segituan eta laster ematea osasun-agintaritzari COVID-19aren infekzioa izan daitekeenaren sintomen edozein arrastoren berri, osasun-agintaritzak horretarako ezarritako protokoloa betez.

Egoera epidemiologikoaren bilakaera dinamikoa eta aurreikusi ezinezkoa izan da; hortaz, aldatzen ahalko dira protokoloetako neurriak. Kutsatze komunitarioa gertatuz gero, neurri murriztaileagoak hartu beharko dira, barne daudela bertan behera uztea edo aldatzea kirol modalitate batzuk, osasunerako arrisku handienekotzat jotzen direnak instalazio itxietan egiteagatik eta kontaktu maila handiagatik.

II. ERANSKINA

Lankidetza hitzarmena Nafarroako Gobernuko Kirolaren Institutuaren (NGI) eta Nafarroako federazioaren artean.

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetan parte hartzeari dagokionez.

IV. ERANSKINA

Nafarroako oinarrizko kirolean kirolaren balioak sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko programan parte hartzeko konpromisoa. 2020-2021 denboraldia.

V. ERANSKINA

Tratamendu-eragileentzako kontratuak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

VI. ERANSKINA

Nafarroako Kirol Jokoen osasun prebentziorako protokoloak

1. Sarrera:

Nafarroako Gobernuak, NKIren bidez, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen deialdia egin du 2020-2021 ikasturte honetarako, zailtasun handiko une batean, COVID-19aren osasun-krisia dela eta. Egoera horrek behartzen gaitu osasun protokoloak ezartzera, errazagoa izan dadin kirola segurtasun baldintzetan egitea; ezin da bermatu, baina, kirol egitea guztiz arriskurik gabe. Kasu guztietan, osasun segurtasuna izanen da lehenetsi beharreko gauzarik inportanteena, baita, oro har, gizartearen segurtasuna ere, eta, zehazki, kirolariekin eta haien inguruan bizi den gizartearena, kutsatzeko arrisku berezia du eta.

Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako protokolo orokorrari berariazko protokoloak erantsiko zaizkio, kirol federazio bakoitzak ezartzen dituenak NKJen jarduerak antolatzeko. NKIko teknikariek gainbegiratuko dituzte. Instalazioaren jabeak ezartzen duen protokoloarekin, neurri murriztaile gehiago erants dakizkieke NKJen protokoloetan ezarritakoei. Nafarroako Kirolaren Institutuak eta osasun-agintaritzak unean-unean ezartzen duten araudiak baldintzatuko ditu protokoloak.

Osasun egoera dela-eta beharrezkoa da kirol inguruko guztiek errespetatu eta betetzea kirol jokoen araudi orokorreko gomendioak eta jarraibideak, osasun-agintaritzak emandakoak eta kirol bakoitzerako berariazko protokoloak, federazio bakoitzak NKIrekin elkarlanean ezarriko dituztenak. Antolaketaren, kluben eta taldeen arduradunek lidergoa agertu behar dute, eta eredugarriak izan arauak eta jarraibideak betetzeko orduan.

Funtsezkoa da familiek segituan eta laster ematea osasun-agintaritzari COVID-19aren infekzioa izan daitekeenaren sintomen edozein arrastoren berri, osasun-agintaritzak horretarako ezarritako protokoloa betez.

Egoera epidemiologikoaren bilakaera dinamikoa eta aurreikusi ezinezkoa izan da; hortaz, aldatzen ahalko dira protokoloetako neurriak. Kutsatze komunitarioa gertatuz gero, neurri murriztaileagoak hartu beharko dira, barne daudela bertan behera uztea edo aldatzea kirol modalitate batzuk, osasunerako arrisku handienekotzat jotzen direnak instalazio itxietan egiteagatik eta kontaktu maila handiagatik.

2. Ohar orokorrak.

NKJetan parte hartzen duten kirol federazioek berariazko protokoloari buruzko informazio guztia jaso behar dute webguneetan, toki nabarmen batean, bai eta hari lotutako dokumentazioa ere.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia behar da edozein kirol modalitate hasteko. Federazioek egutegi bat proposatu behar dute, non lehiaketak gutxinaka hasiko baitira.

Oro har, gomendatzen da adin handieneko kategoriekin hastea kirol programa, eta adin txikieneko kategorien hasiera atzeratzea (benjamina eta kimua).

Aire zabaleko kirol instalazioetan egiten diren kirol modalitateekin hasiko da programa, lehentasuna emanez oposiziorik eta/edo kontaktu fisikorik ez dakarten kirol indibidualei.

Pandemiaren egoeraren bilakaerak baldintzatuko du lehiaketaren hasiera, eta ekar dezake hura bertan behera uztea.

–Antolaketarako gomendioak:

Jendea batera bildu ez dadin kirol instalazioetan eta haien ingurunean, gomendatzen da joko-denbora eta atsedenaldiak murriztea eta ordutegiak aldatzea, errazago izan dadin instalazioa uztea beste kirolari batzuek okupatu baino lehen; horretarako, neurriak har daitezke jendeketak murrizteko instalazioaren ingurunean eta sarbidean. Oro har gomendatzen da instalaziora sartzeko ordutegi bat ezartzea, partida edo lehiaketa hasi baino 15-20 minutu lehenagokoa, gutxi gorabehera.

Ahal dela, estali gabeko kirol instalazioetan eginen da lehiaketa, betiere osasun arloko neurriak eta neurri teknikoak betetzen badira.

Liga formatuko kirol proiektuetan, hala dela, hurbiltasun geografikoaren arabera antolatuko dira multzoak, joan-etorriak saihesteko. Hobe da liga luzeagoak egitea talde gehiagorekin multzoan; horrela, kutsatze kasuak badaude, ez dira hainbesteko trabak sortuko lehiaketan. Liga sistemaren bidez egiten diren lehiaketen egutegietan, joaneko eta itzulerako partidak ondoz ondoko asteburuetan izanen dira. Beharrezkoa bada, partiden/jardunaldien kopurua murritz daiteke.

Erregistratu behar dira kirol jardueretan parte hartzen duten kirolari guztiak, kontaktuen jarraipena egin ahal izateko osasun-agintaritzak eskatuz gero, COVID-19aren kasu positiboren bat badago.

–Aldaketak lehiaketari buruzko araudian:

Lehiaketari buruzko araudian ezartzea gutxienez zenbat partida/jardunaldi egin behar diren sailkapena lortzeko. Beste kirol proiektu bat edukitzea, debekatu behar badira kirolarien arteko kontaktua izan dezaketen kirol jarduerak.

Arbitraje erregelamenduetan jasoko da kirolaria kanporatuz zehatuko dela kirol jardunak baino kutsatze arrisku handiagoa dakarren edozein jokabide. Ezarritako protokoloak ez betetzeagatik partida edo jardunaldia bertan behera uzteko kasuak zehaztea.

Berariazko protokolo bat eta jarduteko jarraibideak ezarrita edukitzea lehiaketari buruzko araudian, partidak bertan behera uzteko taldeek kasu positiboak badituzte.

3. Protokoloetan ezarri beharreko oinarrizko irizpideak.

Oro har, kirol jokoen modalitate desberdinak hasteko, bete behar dira NKIk Nafarroako Foru Komunitatearen barnean kirola egiteko baldintzei buruz ematen dituen ebazpenak eta osasun-agintaritzak oro har edo berariaz kirol sektorerako ematen dituen ebazpenak.

Pandemiaren testuinguru batean, arduradunen figurak sortu behar dira, federazioan, kirol-klubean edo kirol instalazioan arituko direnak, kasua zein den, eta erraztuko dutenak segurtasuna bermatuta eginen dela kirola eta jarduera fisikoa.

–COVID-19aren protokoloaren figurak.

NKJen programan parte hartzen duen kirol federazio bakoitzak federazioko COVID arduradun bat izendatuko du. Kluben eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren arteko harremanetarako erreferentzia izanen da arlo horretan.

–Eginkizun hauek izanen ditu:

  • Berariazko protokolo bat prestatu, eguneratu eta ebaluatzea, federazioko kirol modalitateari edo modalitateei buruzkoa.
  • Protokoloak zabaltzea parte hartzen duten kluben artean.
  • COVID-19aren pandemiari buruzko protokoloak ezagutzea, osasun-agintaritzarenak nahiz NKIrenak.
  • Kontrolatzea protokoloak betetzen direla.
  • Zalantzak argitzea protokoloen aplikazioari buruz.
  • Eskatzea eta kontrolatzea klub guztiek aurkezten dutela klubeko COVID arduradunaren ziurtagiria kasuan kasuko federazioan.

Klub bakoitzak klubeko COVID arduraduna izendatuko du. Hura erreferentzia izanen da klubeko entrenatzaileentzat, bai eta federazioaren, kirol entitateen eta osasun-agintaritzaren arteko lotura ere. Oro har, begiratuko du pandemiari buruzko araudia betetzen dela klubeko taldeek etxeko talde gisa partidak dituzten instalazio guztietan.

–Hona hemen haren eginkizunak:

  • Prebentzio neurriak, jardutekoak, eta, kasua bada, diziplinakoak helaraztea entitatean aritzen diren langile eta/edo boluntario guztiei eta kirolarien familiei, kirolariak adingabeak badira.
  • Begiratzea kirolari guztiek sinatu dutela eta entitateari igorri diotela ezagutza, onespen eta konpromiso agiria.
  • Entitatearen jarduerak gainbegiratzea, bermatzeko betetzen direla protokoloan jasotako prebentzio eta higiene arloko neurri guztiak, baita agintaritza eskudunak ezarritako beste edozein arau ere.
  • Jarduera koordinatzea eta behar diren komunikazioak izatea osasun-agintaritzarekin eta/edo ukitutako familiekin edo pertsonekin, COVID-19aren kasu bat atzematen denean edo pertsona batek sintomak dituenean kirol jarduera batean.
  • Proposamenak egitea entitatearen barne-erregimeneko arautegira edo diziplina arautegira eransteko COVID-19ari aurre egiteko neurriak betetzeagatik sortutako arriskuen inguruko arau-hausteak, eta zuzendaritza organora edo gobernu organora igortzea haiek onets ditzan.
  • Proposatzea kasuan kasuko diziplina neurriak har ditzala entitatearen zuzendaritza organoak edo administrazio organoak, protokoloa betetzen ez denean.
  • Egoki diren gestioak egitea protokoloari buruzko informazioa ager dadin eta eguneratuta egon dadin entitatearen webgunean.
  • Protokoloari buruzko informazio eskaerei erantzutea.
  • Protokoloaren etengabeko ebaluazioa egitea eta, kasua bada, doikun-tza proposamenak igortzea entitatearen zuzendaritza organoari edo administrazio organoari.

Instalazioko COVID arduraduna. Instalazio bakoitzean, arduradun bat egonen da, taldeei eta arbitroei harrera eginen diena, jakinaraziko diena zein den instalazioaren protokoloa eta begiratuko duena protokoloak betetzen direla. Segituan emanen du edozein gorabeheraren berri. Beharrezkoa bada, bertatik bertara eta telefono bidez.

Hona hemen haien eginkizunak:

  • Federazioaren protokoloak, klubarenak eta instalazioaren titularrak ezarritakoak ezagutzea.
  • Begiratzea instalazioak betetzen dituela instalazioaren titularrak ezarritako baldintzak. Instalazioaren titularrari ematen dio atzeman-dako edozein gorabeheraren berri.
  • Instalazioaren barneko sarbideak eta mugitzeko zirkuituak kontrola-tzea.
  • Kanpoko kirolariei ematea instalazioaren berariazko protokoloaren berri.
  • Instalazioan sartzen diren pertsonen erregistroa kontrolatzea, osasun-agintaritzaren eskura egonen dena eskatuz gero.
  • Kirol materiala eta aulkien eremua desinfektatzea, haiek erabili ondoan, instalazioaren titularrak ez badu lan hori egiten.
  • Ezarritako protokoloa martxan jartzea kirolariren bat atzematen denean COVID-19arekin lotutako sintomekin. Horren berri ema-tea osasun-agintaritzari, federazioko COVID arduradunari eta instalazioaren titularrari.

Instalazioaren titularrak ez baditu eginkizun horiek betetzen, etxeko gisa aritzen den taldeko pertsona batek beteko ditu instalazioko COVID arduradunaren eginkizunak. Klubeko COVID arduradunak bete ditzake instalazioko COVID arduradunaren eginkizunak. Topaketen kasuan, federazio antolatzaileak hartuko ditu eginkizun horiek bere gain.

4. Instalazioak.

Askotarikoak dira NKJen kirol programa egiteko erabiltzen diren kirol instalazioak. Kontuan hartu beharko dira horietako bakoitzaren ezaugarriak eta horien titularrak sarbiderako eta erabilerarako ezartzen duen berariazko araudia.

Haietan sartu eta erabiltzeko, indarreko araudia beteko da, baita instalazioaren titularrak ezarritako arau gehigarriak ere.

Kirola aire zabaleko tokietan egiten denean sarbidea kontrolatzeko modurik gabe, entitate antolatzaileari dagokio osasun arloko oinarrizko arauak betetzen direla begiratzea (maskarak erabiltzea, segurtasun tartea, etab.). Ikusten bada orokorra dela ez-betetzea, laguntza eska diezaieke agintariei, eta lehiaketa bertan behera utzi. Segituan, kasuan kasuko federazioari eta NKIri emanen zaio gorabehera horren berri.

–Instalazioan sartzea:

Saihestu behar da jendea pilatzea sarreran eta kirolariek elkarrekin topo egitea instalazioaren barrenean. Talde-kirolen kasuan, taldeka sartuko da, instalazio berean jokatzen duten beste taldeetatik bereiz.

Entrenatzailearen zain egonen dira kirolariak instalazioan sartu baino lehen. Instalazioaren arduradunak baimendutakoan sartuko dira taldeak edo klubak instalazioan.

Taldeka sartuko dira instalazioetan parte-hartzaileak (batean, etxeko taldea, bestean kanpokoa, eta hirugarrenean arbitroak).

Taldeak, klubak edo kirolariak joko-zelaian sartzeko, hura guztiz hutsik egonen da, eta aulkien eremua eta ohar-hartzaileen/epaileen mahaia garbi eta desinfektaturik.

Lehiaketako parte-hartzaileek baino ez dute baimenik kirol eremuan sartzeko, eta jokalarien kasuan, lehiaketan jokatzen ahal dutenek.

Lehiaketa/partida bat baino gehiago ordutegi desberdinetan jokatzen badira, talde bat ezin izanen da instalazioan sartu harik eta aurreko ordutegian jokatu zuten talde guztiak instalaziotik joan ez diren arte. Instalazioak horretarako bide ematen badu, denbora bat ezarri behar da aireberritzeko eta desinfekzio lanak egiteko partiden/lehiaketen artean, instalazio itxien kasuan. Kirol bakoitzaren protokoloan neurriak hartuko dira, ahal dela, bide emanen dutenak instalazioak ezartzen dituen ordutegiak errespetatzeko.

Maskara une oro erabili behar dute kirolari guztiek, beroketak egitean barne. Lehiaketan, kirolariak eta arbitroak maskararik gabe aritzen ahal dira, federazio antolatzailearen protokoloak hala ezarrita badu. Gomendatzen da bi maskara izatea. Bat kirol jardueran erabiltzeko, eta beste bat kirolaren ondoren erabiltzeko.

–Instalazioa:

Instalazioak erabiltzeko, bete behar dira osasun arloan indarra duen araudia, instalazioaren titularrak ezarritako protokoloak eta NKJetarako ezarritako araudi zehatza.

Ikuslerik ezin da sartu kirol instalazioetara. Salbuespenak aurreikus dakizkioke arau honi, indarreko araudiak horretarako bide ematen badu. Kasu guztietan, federazio antolatzaileak, klub antolatzaileak eta instalazioaren titularrak beren gain hartuko dute bertaratutakoek osasun arloko oinarrizko arauak betetzeko erantzukizuna (maskara, tarteak, etab), baita instalazioaren berariazkoak ere (sarbideak, joan-etorriak, etab.).

Kiroldegi batean partida bat baino gehiago batera jokatzen bada, instalazioko gortinak erabili behar dira, halakorik badago, pistak bereiz-teko.

Antolaketan, kontuan hartu behar dira instalazioen edukierak, eta jakinarazi ukitutako klubei zenbat kirolari/jokalari joan daitezkeen deituta.

–Osasunari buruzko kartelak:

Instalazioan kartelak egonen dira osasunari buruzko araudi orokorraren eta berariazkoaren berri emateko: maskara erabiltzea, segurtasun tartea, eskuen garbiketa, desinfektatzaileen erabilera, oinetakoak aldatzea pistan, aldagelak eta dutxen erabilera...

–Mugitzeko zirkuituak:

Une oro errespetatuko dira instalazioan mugitzeko ezarrita egon daitezkeen zirkuituak.

–Aldagelak eta dutxak:

Ez aldagelak ez dutxak ez dira erabiliko. Zerbitzurako baino ez dira erabiliko. Salbuespenez, baimentzen ahalko da aldagelak eta dutxak erabiltzea, baldin eta indarreko araudiak eta instalazioaren titularrak horretarako bide ematen badute eta instalazio bakoitzaren protokoloa betetzen bada. Kanpoko taldeak eta arbitroen taldeak izanen dute lehentasuna, hurrenkera horretan, etxeko taldearen gainetik.

Instalazioaren titularrak baimentzen ahalko du aldagelak erabiltzea norberaren gauzak uzteko (xukadera, poltsak, etab), edo beste leku bat gaitzen ahal du instalazioaren barnean. Norberaren gauza guztiak (xukaderak, poltsak, etab.) pertsonen arteko segurtasun tarterako ezarritako perimetroan mantenduko dira, gainerakoek uki ez ditzaten.

Osasun arloan indarrean dagoen araudia beteko da hura garbitu eta desinfektatzeko.

–Higiene mahaiak:

Honela egonen dira kokatuta instalazioan:

  • Sarreran: gel hidroalkoholikoa.
  • Joko-pistako sarbidean: bi mahai gel hidroalkoholikoarekin, bakoitza talde baterako. Taldearen arduradunak gela eramanen du bere kirolarientzat.
  • Epaileen edo arbitroen mahaian: gel desinfektatzailea, behin erabil-tzeko papera.

Paperontziak jarriko dira, ahal dela, estalkia eta pedala dutenak.

Parte-hartzaileei gomendatzen zaie kit higienikoa eramatea: partidarako maskara, gel hidroalkoholikoa eta xukadera txiki bat.

–Segurtasun tartea:

Jokalekuan baino ezin dira elkarrekin aritu taldeak.

Parte hartzen ez duten bitartean, segurtasun tartea gordetzeko adinakoa izanen da kirolarien arteko distantzia, bai eta epaileen mahairainokoa ere. Hobe da aulkiak erabiltzea, bankuen ordez. Talde-kiroletan, baimenduta egonen da ordezko jokalariak aulkiez bestelako tokietan paratzea, segurtasun-tartea gordetzeko.

–Oinetakoak:

Beti gomendagarria izanen da oinetakoak garbitu eta desinfektatzeko sistemak ezartzea, hala nola alfonbra desinfektatzaileak. Gomendatzen da beste oinetako batzuk erabiltzea kirolean aritzeko instalazio itxietan.

–Higienearen kontrako jokabideak:

Parte-hartzaileetako edozeinen osasunari arriskua dakarkion edozein gauza nahita edo nahi gabe eginda (listua bota, eztula egin beste batengandik hurbil ahoa estali gabe edo burua biratu gabe, aurpegiz aurpegi jartzea, etab.), segituan deskalifikatuko da partidatik hori egin duena.

–Materialak:

Behar bezala desinfektaturik egonen da kirolean aritzeko erabiltzen den materiala. Erabili eta gero, desinfektatu beharko da, eta instalazioko COVID arduraduna arduratuko da horretaz. Talde-kirolen kasuan, insta-lazioa jarraian erabiltzen denean, aulkien eremua eta epaileen eta/edo arbitroen mahaia ere desinfektatuko dira. Talde bakoitzari dagokio aulkiak garbi uztea, zaborrik gabe (botatako paperak, ur botilak, bendak, esparatrapuak); horretarako, etxeko taldeak paperontzi bat edo zabor poltsa bat paratuko du.

Norberak erabiltzeko materiala: kirolari bakoitzak maskara eraman behar du nahitaez. Gomendatzen da hau edukitzea: norberarentzako gel hidroalkoholikoa, ur botila eta xukadera txiki bat, aldatzeko kamiseta, oinetako desberdinak eta kutxa edo poltsa txiki bat maskara gordetzeko jarduera egiten den bitartean. Gomendatzen da ixten den oihalezko poltsa indibidual batean eramatea dena. Kirolarien arduradunek ordezko materiala eraman behar dute (maskarak, gela eta desinfektatzailea), aurreikusita parte-hartzaileren batek ahaztu, hautsi edo galtzen ahal duela berea.

–COVID-19aren gela:

Kirol instalazioak, ahal badu, leku itxi bat izanen du, COVID-19aren sintomak dauzkan kirolari bat bakartzeko. Klubeko arduradun heldu baten zaintzapean egonen da, eta osasun-agintaritzak ezarritako protokoloa bete beharko da. Instalazioak leku itxi eta bakartu bat ez badu, leku bat zedarritu beharko du, bereiz eta behar bezain urrun gainerako kirolariengandik.

5. Kirol jokoen autobus-garraioaren zerbitzua.

Joan-etorriak murrizteko, ahal den neurrian, kirol federazioek eskual-deka antolatuko dute lehiaketa.

–Autobusen edukiera:

Banakako kiroletan, autobusaren gehieneko edukieraren hiru laurdenak izanen da garraio zerbitzuaren muga; hau da, 41 leku 55 leku dituen autobus batean.

Talde-kirolen kasuan, hiru talde joanen dira gehienez autobus berean. Salbuespenez, 4 talde baimen daitezke autobus batean, baldin eta 60 leku baino gehiagoko edukiera badu eta ez badira gainditzen gehieneko edukieraren hiru laurdenak.

Talde bat jaisten bada autobusetik ibilbidearen erdiko herri batean, beste talde batek ezin ditu erabili libre utzitako lekuak. Oro har, hiru taldek baino gehiagok ez dute autobusa erabiliko jardunaldi bakoitzean.

–Autobusetik jaitsi eta igotzea:

Taldeak edo klubetako parte-hartzaileak ordenan igoko dira autobusera. Talde osoa igoko da. Autobusean sartzen den lehenengo taldea atzealdean kokatuko da. Bigarren taldea erdialdean, eta azkena aurrealdean. Jaitsi beharreko taldea hurbilen duen atetik jaitsiko da. Talde guztiek leku berean jaitsi behar badute, talde bakoitza hurbilen dagoen atetik jaitsiko da, ordenan jaitsi ere.

Nahitaezkoa da eskuak gel hidroalkoholikoz desinfektatzea autobusera igotzeko.

–Autobus barneko araudia:

Nahitaezkoa da maskara erabiltzea ibilbide osoan. Debeku da autobus barnean jatea. Edateko baino ezin da maskara erantzi. Kirol taldea bizikidetza-talde egonkortzat jotzen da; horregatik, elkarrekin bidaiatuko da talde bakoitza, ahalik eta urrunen beste taldeetatik. Okupatu gabeko eserlekuek bereiziko dituzte autobusa partekatzen duten taldeak. Kontaktuen jarraipena errazago egiteko, kirolari bakoitzak leku bera okupatuko du joaneko eta itzulerako bidaian. Taldearen arduradunak kontrolatu behar du eserleku bera okupatzen dela; horretarako, kirolari bakoitzaren kokalekua jakin behar du. Gomendatzen da argazki bat egitea taldeari joaneko bidaian, egiaztatzeko bakoitzak leku bera okupatzen duela itzulerako bidaian. Irudia ezabatu beharko da bidaia egin eta 14 egun iragan ondoren.

–Ibilgailuen garbiketa:

Gutxienez 15 minutuz aireberritu beharko da autobusa itzulerako bidaia hasi baino lehen.

–Ibilgailuaren garbiketa:

Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren errepideko bidaiarien garraio publikoa garbitu eta desinfektatzeko Protokoloak ezartzen duen bezala eginen da.

Gainera, kontuan hartu beharko da garraio zerbitzuari buruzko araudia, Nafarroako Kirol Jokoen araudi orokorrean jaso dena eta ebazpen bidez Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dena.

6. Garaikurrak eta dominak banatzeko protokoloa.

–Aire zabalean egitea, ahal dela, edo toki ongi aireberrituetan.

–Eremu bat ezartzea sartzeko eta beste bat ateratzeko.

–1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzea une oro.

–Parte-hartzaileek eta bertaratutakoek elkar ez ukitzea.

–Podiuma erabiliko da baldin eta kutxak independenteak badira eta gutxieneko segurtasun tartea gordetzen ahal bada haien artean.

–Kirolariek maskara eramanen dute.

–Boluntario batek garaikurrak/dominak prestatuko ditu erretilu batean. Maskara eraman behar du.

–Agintari bakarra egonen da podium bakoitzean banaketan.

–Agintariak, maskara daramala, erretilua hartu eta eskainiko die kirolariei, bakoitzak bere garaikurra edo domina har dezan.

–Saridunei ez zaie inola ere dominarik jarriko.

–Erretilua desinfektatuko da podiumen artean.

–Kluben edo taldeen sari banaketan, taldearen edo klubaren ordezkari bakarra onartuko da podiumean.

–Bete beharko dira, halaber, osasun arloan indarrean dauden segurtasun neurriak eta okupatu beharreko espazio publikoaren edo instalazioaren arduradunak eskatzen dituenak.

7. Parte-hartzaileen/kluben/taldeen konpromisoak.

Nafarroako Kirol Jokoen lehiaketetan parte hartzen duten klub edo parte-hartzaile guztiek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Kirol Jokoen araudi orokorrean ezarritako neurri guztiak betetzeko, baita kirol modalitate bakoitzaren berariazko protokoloak, kirol instalazio bakoitzarenak eta herritar guztientzat dauden araudi orokorrak ere.

8. Nola jokatu positiborik bada lehiaketa batean.

Entitate antolatzaileek, familiek eta klub parte-hartzaileek osasun protokoloa bete behar dute COVID-19aren kutsatzearen sintomen eta susmoen aurrean. Klubeko COVID arduradunari eman behar diote talde/klubeko kirolarien osasunarekin ikustekoa duen edozein gorabeheraren berri, eta hark, bere aldetik, federazioko COVID arduradunei.

9. Entitatearen osasun arduraduna izendatzeko eredua: klubeko COVID arduraduna.

10. Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzeko baldintzak eta prebentzio neurriak ezagutu, onartu eta betetzeko konpromisoaren eredua.

11. Federazioko COVID arduraduna izendatzeko eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2014353