291. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

104/2021 FORU DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

1

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak indarra hartzearen ondorioz, aldaketa sakonak gertatu ziren doako laguntzaren juridikoaren (lehengo pobreziaren onuraren) eskubidearen aitorpenean, baliabideen askitasunik eza frogatzen dutenentzat. Lege horrek eskubidea aitortzeko prozeduraren desjudizializazioaren alde egiten du, organo kolegiatu administratibo baten esku uzten baitu, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen esku, hain zuzen ere. Hala ere, espedienteen tramitazioa abokatuen elkargoen aurretiko lanean oinarritzen da, haiek betetzen baitituzte, orientazio juridikorako zerbitzuen bidez, honako lan hauek: eskabideen ohiko tramitazioari ekin, asmoak aztertu eta behin-behineko izendapen edo ukapenak erabaki.

Lege horren lehen xedapen gehigarriak ezartzen du zein diren Estatuaren eskumen esklusiboko aginduak, eta zein oinarrizko legeria osatzen dutenak; autonomia erkidegoek, haien estatutuetako eskumenez baliatuz, horiek osatu eta garatzeko arauak eman ditzakete, betiere bere gain hartu badituzte Justizia Administrazioa baliabidez hornitzearen arloko eskumenak ondorioekin betetzea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60.1 artikuluan jasotako aurreikuspenaz baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu zuen Justizia Administrazioaren arloko eskumenen titulartasuna; aurreikuspen hori gauzatzeko, maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretua onetsi zen, Justizia Administrazioa baliabide material eta pertsonalez hornitzearen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzkoa, ondorioak 1999ko urriaren 1ean izan zituena.

2

Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eskumenak baliatuz, doako laguntza juridikoaren erregelamenduak onesten joan dira Nafarroako Foru Komunitaterako, etengabeko arau-aldaketei egokitzeko helburuz. Azkena, eta orain indarra duena, martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuak onetsitako erregelamendua da.

Argitaratu zenetik 8 urte baino gehixeago igaro direla, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua egokitzea denbora honetan gertatu diren lege-erreformetara. Erreforma horietako batzuk oso garrantzitsuak dira urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak ezarritako doako laguntza juridikoaren sistemarako, eta horien artean nabarmentzekoak dira 3/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, Justizia Administrazioaren arloko tasen araubidea eta doako laguntza juridikoaren sistema aldatzen dituena; 41/2015 Legea, urriaren 5ekoa, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena zigor-arloko justizia arintzeko eta prozesuko bermeak indartzeko; 42/2015 Legea, urriaren 5ekoa, Prozedura Zibilaren Legea aldatzen duena; 2/2017 Legea, ekainaren 21ekoa, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzen duena eta 3/2018 Legea, ekainaren 11koa, Europar Batasunean zigor-arloko ebazpenak elkarri aitortzeari buruzko azaroaren 20ko 23/2014 Legea aldatzen duena Europako Ikerketa Agindua arautzeko.

Aipatutako arauen bidez egindako aldaketek doako justizia sistemaren funtsezko alderdiei eragiten diete, hala nola doako laguntza juridikorako eskubidearen hedapena, ex lege onuradunen eremu subjektiboaren hedapena, doako laguntza juridikoaren batzordeen osaera, gatazkak bitartekaritzaren edo gatazkak konpontzeko judizioz kanpoko beste bitarteko batzuen mende jartzeko aukerari buruzko informazioa, legeak berariaz debekatzen ez dituen kasuetan, eta eskubidearen eduki materialtzat hartzen denean, edo ofizioz izendatutako profesionalak ordezteko aukera.

Beste alde batetik, indartu egiten da prestazio-jarduera hori nahitaezko zerbitzu publikoa dela, eta bermatu egiten da botere publikoek behar bezala ordainduko dutela, aitortuta zerbitzu hori ematen duten profesionalei dagozkien kalte-ordainak ordainduko zaizkiela.

Doako laguntza juridikoaren sistemari eragiten dio, gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko urriaren 26ko 2016/1919 (EB) Zuzentarauak; zigor-arloko prozesuetan susmagarriei eta akusatuei eta atxilotzeko Europako agindu-prozedura baten bidez bilatutako pertsonei doako laguntza juridikoa emateari buruzkoa da zuzentarau hori.

Nahiz eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen xedapen guztiak ez izan oinarrizko legeria, testu arauemailean eginiko aldaketek halako garrantzia dute non, legegintzako teknikarekin lotutako arrazoiengatik, komeni baita araudi berri bat egitea doako justiziaren egungo sisteman aurrera egin, urte hauetan atzemandako akatsak zuzendu, eta zerbitzu publikoaren prestazio bermatzaileago, bizkorrago eta eraginkorragoa ahalbidetze aldera.

3

Otsailaren 22ko 3/2013 Errege Lege Dekretuak, Justizia Administrazioaren eremuan tasen araubidea eta doako laguntza juridikoaren sistema aldatzen dituenak, aldaketak egin dizkio Estatuko legeari, eta Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea erreformatzen duen urriaren 5eko 42/2015 Legeak ere bai, neurri txikiagoan. Aldaketa horiek eskubidearen eremu subjektiboa handitu dute eta pertsona gehiagorengana hedatu da, batez ere kolektibo behartsuen edo kalteberenengana.

Nafarroako Foru Komunitateko doako justiziaren sistemak baditu jada orientazio juridiko espezializaturako zenbait zerbitzu 2002. urteaz geroztik, hala nola Emakumeentzako Laguntza Zerbitzua edo atzerritarren gaietarako eta espetxe arloko letradu-laguntza. Hala ere, horien inplementazioa zenbait kasutan autonomia erkidegoko arau sektorialen bitartez egin zen, doako laguntza juridikoaren arauditik kanpo baina zuzeneko eragina izanik araudi horretan (horren adibidea dugu uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea, indarkeria sexistaren aurkako neurriak hartzeari buruzkoa), eta beste batzuetan hitzarmenez, atzerritarren gaietarako letradu-laguntzaren edo espetxe arloko orientazio juridikoko zerbitzuaren kasuetan bezala.

Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendu berriak ez ditu orientazio juridiko espezializatuko zerbitzu horiek bakarrik jasotzen; horiez gain, ofiziozko txanda espezializatuak sortzea aurreikusten du, bai eta berariazko guardien araubidea ere atzerritartasunaren eta espetxe gaietako laguntzaren arloetan. Horrela, erregelamendu berriak osatu egiten ditu Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean dauden aurreikuspenak.

Errealitate juridiko konplexua eta gure gizarteak duen arau mordoa kontuan izanik, laguntza espezializatuak herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuko du, zalantzarik gabe.

Helburu hori lortzeko, erregelamenduak arreta berezia jartzen dio zerbitzua eman behar duten profesionalen prestakuntzari. Ildo horretan, profesionalak txandetan sartzeko betekizun orokorrez gain, prestakuntzaren inguruko betekizun osagarriak ezartzen ahalko ditu Nafarroako Gobernuan justiziaren arloko eskumena duen departamentuak, kontseilariaren foru aginduz, eta Nafarroako Foru Komunitateko profesionalen elkargoek nahitaez bete beharko dituzte.

Prestakuntza osagarri horren inplementazioan –zeina lehendik existitzen diren edo sortzen diren txanda guztiei edo haietakoren bati buruzkoa izaten ahal den–, beste eragile juridiko batzuen aholkularitza jasotzen ahalko da, eta elkargo profesionalei entzunen zaie nolanahi ere.

Bestalde, guardiako zerbitzuei dagokienez, erregelamendu berriaren abiapuntu den sistemak koherentzia, berdintasun eta lurralde-kohesio handiagoak ditu, hala zerbitzu-prestazioaren aldetik nola ekonomiaren aldetik. Kalte-ordain finkoa kobratzen da guardiako egun bakoitzeko, guardian emandako laguntza-zerbitzuak edozein izanda ere.

4

Urriaren 15eko 42/2015 Legeak, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea erreformatzen duenak, antolaketaren berrikuntza gisa dakar doako laguntza juridikoaren batzordeen osaera. Fiskaltzak jada ez du ordezkaririk batzordeetan, nahiz eta lehenago berak edukitzen zuen batzordeetako lehendakaritza. Hori dela eta, aldatu egin behar da Nafarroako Laguntza Juridikoaren Batzordearen osaera, eta haren lehendakaritzaren araubide berria ezarri.

5

Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 31. artikuluak betebehar profesional bat ezartzen du funtzio prozesaleko jarduna hobetzeari begira, izan ere, letradu bidezko defentsaren kasuan, prozesuan beren interesak defendatuko dituen profesional bat beren kargura izendatzeko baliabide ekonomikorik ez dutenen oinarrizko eskubide jakin batzuk betetzea baitu helburu funtzio horrek. Betebehar horrek esan nahi du profesionalek laguntza eta ordezkaritza benetan eta eraginkortasunez eskaini behar dituztela, harik eta kasuan kasuko auzialdiko prozesua amaitu arte, eta hala behar izanez gero epaia betearazi arte; horrek bere isla du foru erregelamendu berrian, letradu-jardunaren batasunaren printzipio gidarian hain zuzen ere, betiere elkargoek txandak eta zerbitzuak antolatzeko duten autonomiaren errespetuarekin uztartuta.

6

Foru dekretu honek antolaketaren arloko berrikuntzak biltzen ditu; doako laguntza juridikoaren espedienteen kudeaketari eta izapidetzeari eragiten diete, eta eskubidearen aitorpenean eraginkortasun eta bizkortasun handiagoa lortzea dute helburu. Berrikuntza horiek espediente elektronikoari eta Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen osaerari eragiten diete, batez ere.

7

Foru dekretu honek egiten duen erreformaren bidez zuzendu egin nahi dira urte hauetan atzemandako akatsak, emandako zerbitzuen egiaztapenari eta justifikazioari dagokienez, bereziki, bai eta profesionalen elkargoei ordaindutako diru kopuruen geroko erregularizazioari ere, sistema egokituz doako justizia kudeatzeko aplikazio informatikoaren funtzionamenduari, sistema horrek ahalbidetzen baitu ordaindu aurretik ordainketak egiaztatu, justifikatu eta erregularizatzea elkargoek orain arte eskatu izan zaizkien ziurtagiriak aurkeztu beharrik izan gabe –guardiako zerbitzuaren kasuan izan ezik– igorpenak egin ahal izateko, zeren ziurtagiri horietako batzuk zuzenean lortzen baitira aplikazio informatikotik.

8

Foru dekretu honen VI. kapituluak doako peritu-laguntzaren araudia biltzen du. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren uztailaren 8ko 158/2014 Foru Aginduaren edukia jasotzen du, eta, beste berrikuntza batzuen artean, aukera ematen du hiru aurrekontu eskatzeko, hasierako aurreikuspen ekonomikoa atzera botatzen denean, IV-c eranskinean konpentsazio ekonomikorako ezarritako oinarrietan aurreikusten diren zenbatekoak gainditzeagatik, edo aurkeztutako aurrekontua ezesten denean antiekonomikoa izateagatik; hau da, aurreikusitako zenbatespen ekonomikoa handiagoa denean auziaren xede den balioa baino.

9

Legegintzako teknikaren arloko arrazoiengatik eta arau-sakabanatzea saihesteko, testu berri bat egitea erabaki da, zeinak indarrik gabe uzten baititu Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua, maiatzaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren uztailaren 8ko 158/2014 Foru Agindua, dohaineko peritu-laguntza arautzen duena.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren batean hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onestea.

Onesten da Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua. Haren testua foru dekretu honi erantsi zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Ondorio ekonomikoak.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hiruhileko naturaleko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak. Egun hori baino lehen abiarazitako espedienteak eskubidea onartzen den unean konpentsazio ekonomikorako indarrean diren modulu eta oinarrien arabera konpentsatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duena, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren uztailaren 8ko 158/2014 Foru Agindua, dohaineko peritu-laguntza arautzen duena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Konpentsazio ekonomikorako modulu eta oinarriak berrikusi eta gaurkotzea.

1. Foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren III. eranskinean eta IV-c eranskinean ageri diren konpentsazio ekonomikorako moduluak eta oinarriak, eta orobat, I., II., III. eta IV. eranskinetan jasotako eredu normalizatuak ere, justiziaren arloko eskumena duen kontseilariaren foru agindu bidez berrikusten ahalko dira.

Hala ere, III. eta IV-c eranskinetan jasotako zenbatekoak hiru urtean behin berrikusten ahalko dira kasuan kasuko elkargo profesionalak hala eskatuz gero.

2. Xedapen honetan aipatzen diren konpentsazio ekonomikorako moduluen eta oinarrien berrikuspenerako beharrezkoa izanen da ukitutako lanbide elkargoei aldez aurretik entzutea ematea.

Azken xedapenetako bigarrena.–Baremoen egokitzapena.

Ahalmena ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren III. eranskinean ezartzen diren prozedurak prozesuei buruzko legerian zehazten diren prozeduretara egokitzeko, eranskinean ez badira horrela jasotzen.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta xedapenak emateko.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da honako hauek arautzea Nafarroako Foru Komunitatean: doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura, horretan esku hartzen duten administrazio organoen antolaketa eta funtzionamendua, eta esku hartzen duten profesionalei beren jarduketen ordain ekonomikoa emateko prozedura.

2. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortuz gero, haren titularrak Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluan aipatzen diren prestazioak jasotzen ahalko ditu, edo, hala badagokio, mugaz haraindiko auzietan, arau beraren VIII. kapituluan aipatzen direnak.

Eskubidea aitortzeko, aintzat hartu beharko dira kalteberatasun bereziko faktoreak dituzten pertsonen behar espezifikoak, Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Foru dekretu hau doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpenerako aplikatuko da, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako organo judizialetan bideratzen diren era guztietako prozesuei dagokienez eta administrazio prozedurei dagokienez, edozein izanda administrazio eskuduna; horretarako, prozesu eta prozedura horiek doako laguntza juridikorako eskubidearen eremuan sartuta egon behar dute legez.

Foru dekretu honetako xedapenak gatazkak ebazteko prozesu alternatibo edo osagarriei ere aplikatuko zaizkie, baldin eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen onurak prozesu horietara hedatzen badira edo aplikatzekoa den araudiak hala aurreikusten badu.

II. KAPITULUA

Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen antolamendua eta funtzionamendua

3. artikulua. Lurralde eremua eta eskumenak.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea Iruñean eratuko da, eta Nafarroaren lurralde osoan izanen du eskumena.

2. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, bere lurralde eremuan, doako laguntza juridikoari buruzko Estatuko araudian eta erregelamendu honetan aurreikusten diren eskumenak baliatuko ditu.

4. artikulua. Osaera eta kideen izendapena.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordean honako kide hauek izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko abokatuen elkargo guztiak ordezkatzen dituen abokatuen elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen letradua.

b) Iruñeko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen prokuradorea.

c) Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat, zerbitzua atxikia duen departamentuko titularrak izendatua.

d) A mailako funtzionario bat, zuzenbideko graduduna, justiziaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusikoa, zuzendaritza nagusi hori atxikia duen departamentuko kontseilariak izendatua.

2. Justiziaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak erabakiko du batzordeko kideetatik zein izanen den burua eta zein idazkaria.

3. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko kideak denbora mugarik gabe izendatuko dira. Behar duenak beste pertsona bat izendatzen duenean utziko dute batzordea, edo batzordeko kide izatea ekarri zien kargua uzten dutenean. Azken kasu horretan, kargua uzten duen pertsonak eskuordetutakoek ere batzordea utziko dute.

4. Batzordearen lanen jarraitutasuna eta funtzionamendu ona bermatze aldera, izendapenen ardura duten erakunde eta organoek beste ordezko bat ere izendatuko dute batzordeko kide bakoitzeko, batzordeko buruarena barne. Bai titularrek zein ordezkoek jarduten ahalko dute.

5. Emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izanen dute Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordean, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin.

5. artikulua. Mendekotasun organikoa, sostengu administratiboa eta egoitza.

Nafarroako Doako Laguntza Juridikorako Batzordea, organigramari dagokionez, justizia arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren menpe egonen da eta bertan izanen du egoitza. Hartatik hartuko du aritzeko behar duen sostengu administratiboa eta laguntza teknikoa.

6. artikulua. Doako justizia zerbitzuei buruzko informazioa.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak doako justizia zerbitzuei atxikita dauden jarduneko elkargokideen zerrendak edukiko ditu. Zerrendetan agertuko dira haien helbide profesionalak eta, kasua bada, espezializazioak, jurisdikzio-ordenen edo zuzenbide-arloen arabera.

Batzordearen egoitzan ikusgai jarriko dira abokatuen elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuen funtzionamendu arauak, helbideak eta jendearentzako ordutegiak.

2. Aurreko apartatuan aipatzen den informazioa doako justizia zerbitzuak erabili nahi dituen edonoren eskura egonen da.

7. artikulua. Funtzionamendua.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen jarduna honako hauek zuzenduko dute: Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legea, foru dekretu hau, eta organo kolegiatuetarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak jasotzen dituen arauak; eta, izaera osagarriarekin, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

2. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea hamabostean behin bilduko da, gutxienez. Gai kopurua dela-eta beharrezkoa denean bilkura berezietarako dei egiten ahalko du.

8. artikulua. Ordaina bileretara joategatik.

1. Batzordeko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak direnek izan ezik, Batzordearen bilera bakoitzera joateagatik, idazkariak behar bezala egiaztaturik, 100 euroko kalte-ordain osoa hartuko dute. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da justiziaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru aginduaren bidez.

2. Inoiz ez dira jasoko urtean hogeita bost kalte-ordain baino gehiago. Batzordera joaten den ordezkoak bakarrik hartuko du kalte-ordaina horretarako eskubidea duen titularraren ordez joaten denean.

9. artikulua. Eginkizunak.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean ezarritakoarekin bat:

a) Doako laguntza juridikorako eskubidea onartu edo ukatzea, elkargo profesionalek aurretik harturiko erabakiak berretsiz edo aldatuz.

b) Eskubidea bertan behera uztea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 19. artikuluan aurreikusiriko inguruabarrak agertzen direnean.

c) Doako laguntza juridikoaren eskabideak tramitatzen diren bitartean beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak egitea eta argibideak lortzea, eta, bereziki, kasuan kasuko zerga administrazioari eskatzea eskatzaileek alegaturiko zerga datuak egiazkoak direla berrets dezala. Informazio hori bitarteko telematikoak erabiliz eskatu eta jasoko da, ahal dela.

d) Eskubide hori behin betikoz onartu edo ukatzen duten ebazpenak inpugnatzeko idazkia kasuan kasuko epaitegi edo auzitegitik hartu edo hara eramatea.

e) Letradu defendatzaileak aurkezturiko eskabidea onartezina dela jakinarazteko izapideak egitea.

f) Orientazio Juridikoko Zerbitzuen jarduketak ikuskatzea eta elkargo profesionalekiko harremanetarako organo gisa jardutea, doako laguntza juridikoko zerbitzuen inguruko kexa edo salaketak bideratzeko, ekinbide horiek zuzenean elkargoetan aurkeztu ez direnean.

g) Doako justiziarako eskubidearen onuradunaren egoera ekonomikoak hobera egin duen deklaratzea eta organo judizialari jakinaraztea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Izendatutako profesionala ordezteko eskaerari buruz erabakitzea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 21 bis artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako kasuan.

i) Indarra duten legeek esleitzen dizkioten gainerako eginkizun guztiak.

10. artikulua. Kudeaketa administratiboa.

1. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozeduraren kudeaketa administratiboa egiteko, aplikazio informatikoak erabiliko dira: profesionalen elkargoenak eta justizia arloan eskumena duen departamentuarenak.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, aplikazio informatikoen bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna bermatuko dira.

3. Nafarroako Doako Justiziaren Batzordeak Nafarroako Foru Komunitatean diharduten abokatuen elkargoekin eta Prokuradoreen Elkargoarekin izaten dituen komunikazioetan beti erabiliko dira bitarteko telematikoak.

III. KAPITULUA

Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura

11. artikulua. Abiaraztea.

1. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura interesdunak eskaturik hasiko da beti –erregelamendu honek artikulu honen 6. apartatuan eta 17. artikuluan xedaturiko kasuetan izan ezik–, eskabidearen eredu normalizatua aurkeztuz.

2. Eskabidearekin batera, erregelamendu honen I. eranskinean ageri diren datuak aurkeztu behar dira –batez ere ondareari, egoera ekonomikoari eta zergei buruzkoak, beharrezkoak baitira doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradun izaera egiaztatzeko–, bai eta ezkontide edo izatezko bikotekidearenak eta familia unitateko gainerako kideenak ere, salbu eta eskatzaileak artikulu honen hirugarren apartatuan aipatzen den berariazko baimena ematen duenean.

3. Eskabide ereduan jasoko da artikulu honen bigarren apartatuan aipatzen diren pertsonen adostasuna, hartara abokatuen elkargoek eta, hala badagokio, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak kasuan kasuko administrazioan zuzenean eskatu ahal ditzaten behar dituzten informazio edo ziurtagiri telematikoak eta eskabideari erantsi beharrekoak. Horrek ez du eragotziko Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak duen eskubidea.

4. Aurreko apartatuan aipatutako baimenari buruz beharrezkoa den informazioa jarriko da eskabide eredu normalizatuan, eskatzailea baimen horren nondik norakoez ohartarazteko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatzen ahalko du datuak lortzeko baimena, eta halakoetan berak aurkeztu beharko du beharrezkoa den dokumentazioa.

5. Baldin eta, eskabidearen dataren aurreko sei hilabeteetan, eskatzaileari beste auziren baterako aitortu bazaio doako laguntza juridikorako eskubidea, ez da aurkeztu beharko erregelamendu honen I. eranskinean aipatzen den dokumentazioa, betiere eskatzailearen inguruabar pertsonaletan aldaketa nabarmenik izan ez bada.

Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, aurreko sei hilabeteetan, eskatzaileak auzitan aritzeko baliabideak dituen ala ez kontuan hartu gabe aitortu badio eskubidea Doako Laguntza Juridikorako Batzordeak, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluan ezarritako moduan.

6. Prozedura penaletan, ikertuari epaitegian laguntzen dion letradu defendatzailea, edo auziaz arduratzen dena, ahaleginduko da harexek gehienez ere hamar eguneko epean doako laguntza juridikoaren eskaera izapidetu dezan. Epea iraganda, interesdunak ez badu eskaera izapidetu, haren letradu defendatzaileak edo prozesuko ordezkariak egiten ahalko du; betiere, txosten arrazoitu baten bidez frogatu beharko du ikertuak ez duela eskaera izapidetu eta agerikoa dela ez duela nahiko baliabide ekonomikorik.

7. Inprimakiak toki hauetan banatuko dira: egoitza judizialetan, abokatuen elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuetan eta Nafarroako Doako Justiziaren Batzordearen egoitzan. Eskabidearen inprimakia bide telematikotik ere lortzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren eta profesionalen elkargoen webguneetan.

12. artikulua. Eskaera aurkeztea.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, eskabideak –behar bezala sinatuta– eta nahitaezko agiriak prozesu nagusiaz arduratu behar duen epaitegia edo auzitegia non dagoen, bertako abokatuen elkargoko orientazio juridikoko zerbitzuetan aurkeztuko dira, edo eskatzailearen helbideko epaitegian. Azken kasu horretan, organo judizialak berehala igorriko du eskabidea lurraldean eskudun den abokatuen elkargora.

2. Eskabidea, erantsi beharreko dokumentazioarekin batera, paperean edo bide telematikotik aurkezten ahalko da, deusetan eragotzi gabe foru dekretu honen 11. artikuluko datuak lagatzeko baimena ematea; kasu horretan, abokatuen elkargoek eskatuko dituzte behar diren datuak, eta eskubidearen aitorpenari buruzko espedientera bilduko dituzte.

3. Doako laguntza juridikorako eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak behar duen informazioa lor dezan kasuan kasuko administrazioan, eskatzaileek aurkeztu edo alegatu dituzten datuak egiaztatze aldera.

4. Prozedura penaletan eta atzerritarrak kanporatzeari edo asilo eskaerei buruzko prozedura administratiboetan, abokatuen elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek uste badute ezin dela egiaztatu I. eranskinean eskatutako dokumentazioa, abokatu bat izendatuko dute behin-behinean, eta, hala behar denean, Prokuradoreen Elkargoari prokuradorea izendatzeko eskatuko diote, eta espedientea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari bidaliko diote, interesdunak emandako datuekin eta elkargoak edo izendatutako profesionalak egindako kudeaketen egiaztagiriekin batera, eskaeraren tramitazioak aurrera egin dezan.

5. Behar diren agiriak biltzeko modurik ez dagoela egiaztatzen den kasu horietan eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 2. artikuluko d), g), h) eta i) letretan eta lege testu beraren bigarren xedapen gehigarrian jasotako kasuetan izan ezik, ezin izanen zaizkio Batzordeari aurkeztu behar bezala beteta ez dauden espedienteak, eta abokatuen elkargoak foru dekretu honen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko du.

6. Prozedura judiziala hasia bada edo epe luzaezina badago, abokatuen elkargoek doako laguntza juridikoaren eskatzaileei ohartaraziko diete organo eskudunari eskaera aurkeztu behar zaiola prozesua edo epea eten dezan doako laguntza juridikoaren eskaera ebatzi arte. Dena den, behin ohartarazpena eginda, soilik eskatzailearen ardura izanen da organo judizialari eskaera hori aurkeztea.

7. Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2.g) artikuluko pertsonek artikulu horretako kasuetan abiarazten dituzten espedienteak lehentasunez izapidetuko dira, bai eta atzerritarren kanporatzeak, itzulketak eta itzulerak betearazteko espedienteak ere; edo bestelakoak, baldin eta organo judizialak edo prozesuko alderdietako edozeinek presa dagoela frogatzen badu, arrazoiak azalduz.

13. artikulua. Akatsak zuzentzea.

1. Abokatuen elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek egiaztatu eginen dute aurkeztutako dokumentazioa, eta, hura nahikoa ez dela edo eskabideak akatsak dituela antzematen badute, errekerimendua eginen diote interesdunari, argi azalduz zer akats antzeman diren, 10 eguneko epean zuzendu ditzan; halaber, eskatzaileari ohartaraziko zaio akatsak zuzendu ezean eskaera bertan behera utzi duela pentsatuko dela eta besterik gabe eskaera artxibatu eginen dela.

2. Akatsak epean zuzentzen ez badira, abokatuen elkargoak eskaera artxibatuko du eta horren berri emanen dio prozesuaz arduratzen den organo judizialari, behar diren ondorioetarako, baldin eta hark prozesua eteteko agindu badu.

3. Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak funtsezko akats formalak antzematen baditu espedientearen tramitazioan, kasuan kasuko orientazio juridikoko zerbitzuari itzuliko dio espedientea, akatsak zuzen ditzan.

14. artikulua. Behin-behineko izendapenak.

1. Eskabidea aztertu eta, hala behar denean, akatsak zuzendu ondotik, orientazio juridikoko zerbitzuak uste badu eskatzaileak betetzen dituela doako laguntza juridikorako eskubidea lortzeko legez ezarritako baldintzak, abokatua izendatuko du behin-behinean, 15 eguneko epean, gehienez ere. Epe hori Doako Laguntza Juridikorako Legearen 15. artikuluan ezarrita dago. Behin-behineko izendapen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio eta aldi berean Prokuradoreen Elkargoari helaraziko, hurrengo hiru eguneko epean prokuradorea izenda dezan prokuradore batek esku hartzea nahitaezkoa bada, edo nahitaezkoa ez izan arren, organo judizialak berariaz hala eskatzen badu auto arrazoitu baten bitartez.

Prokuradoreen Elkargoak berehala jakinaraziko dio izendapena abokatuen elkargoari, espedientean jasorik gera dadin, eta eskatzaileari ere jakinaraziko dio.

2. Profesionalen izendapenak eginda, abokatuen elkargoak hiru eguneko epea izanen du, bide telematikoa erabiliz espediente osoa helarazteko Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari, bai eta egindako izendapenak ere, egiaztapenak egiteko eta eskaera behin betiko ebazteko.

3. Emakume batek indarkeria sexistaren biktima izatea salatzen duenean, profesionalen elkargoek behar diren neurriak ezarriko dituzte lehenbailehen izenda dadin, behin-behinean, judizio azkarretako ikustaldietan edo agerraldietan esku hartu behar duen letradu defendatzailea, baita prokuradorea ere, hark esku-hartzea nahitaezkoa bada.

4. Interesdunari behin-behineko izendapena jakinarazten zaionean, jakinarazpen agirian ohartarazi beharko zaio doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzen ez badiote berak ordaindu beharko dituela behin-behinean izendatutako profesionalek benetan egindako zerbitzuek sorrarazten dituzten zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomikoak.

15. artikulua. Behin-behineko izendapenik ez egitea.

1. Abokatuen elkargoak ez du letraduaren behin-behineko izendapenik eginen honako kasu hauetan:

a) a) Letraduaren esku-hartzea aginduzkoa ez denean, salbu eta ebazpen arrazoituaren bidezko errekerimendu judiziala dagoenean prozesuko alderdien arteko berdintasuna bermatzeko.

b) Elkargoak uste duenean eskatzaileak ez dituela betetzen doako justiziaren onura lortzeko baldintzak.

c) Elkargoak egiaztatzen duenean eskubidea aitortzeko eskaera pertsona berak asmo berarekin aurretik aurkeztutako beste baten berdina dela eta hura jada Doako Laguntza Juridikorako Batzordeak izapidetu edo ebatzi zuela, honako kasu honetan izan ezik: eskubidea aitortu zenetik 2 urteko epea iraganda prozedura hasi gabe dagoenean.

d) Elkargoak lurralde-eskumenik ez duela egiaztatzen duenean eskubidea aitortzeko eskaerari dagokionez.

e) Demandatzaileak demanda aurkeztu ondotik egiten duenean eskaera, edo demandatuak demandari erantzun ondotik egiten duenean, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 8. artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

f) Doako laguntza juridikoa eskatzeko arrazoi den uzia defendaezina denean argi eta garbi, edo funtsik gabekoa, edo, errepikatuaren errepikatuaz, nabarmenki abusuzkoa.

Errepikatuaren errepikatuaz nabarmenki abusuzkotzat jotzen diren eskaeren kasuetan, arrazoitu egin beharko da izendapenik ez egitea.

g) Eskaera Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluaren eremuan sartzen denean. Halakoetan, abokatuen elkargoak espedientea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari helaraziko dio, interesdunak eskubidea salbuespenez aitor diezaioten alegatu dituen arrazoiekin batera.

2. Artikulu honen lehen apartatuan azaldutako kasuetan, abokatuen elkargoak, 5 eguneko epean, eskatzaileari adieraziko dio ez duela behin-behineko abokatu-izendapenik egin, eta aldi berean eskabidea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari helaraziko dio 3 eguneko epean, egiaztapenerako eta ebazpenerako.

16. artikulua. Eskaera errepikatzea.

1. Abokatuen elkargoak eskaera jasotzen duenetik edo, kasua bada, akatsak zuzentzen direnetik hasita 15 eguneko epean ez badu aurreko artikuluetan ezarritako jarduketetatik bat bera ere egiten, eskatzaileak berriro egiten ahalko du eskaera, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari zuzenduta.

2. Eskaera errepikatuz gero, Batzordeak elkargoari eskatuko dio berehala bidal diezaiola espedientea, eskaerari buruzko txosten bat erantsita, eta aldi berean aginduko dio, bidezkoa denean, behin-behinean izenda dezala letradu defendatzailea, baita, hala behar denean, prozesuko ordezkaria ere.

17. artikulua. Profesionala izendatzeko errekerimendu judiziala.

1. Kasuaren inguruabarrak edo presa kontuan izanda, prozesuaz arduratzen den organo judizialak edo espedientea izapidetzen ari den administrazio-organoak uste badu, prozesu- edo administrazio-legeriarekin bat, berehala bermatu behar direla alderdien defentsarako eta ordezkaritzarako eskubideak, eta alderdiren batek adierazten badu ez duela baliabide ekonomiko nahikorik –hori laguntza juridikorako eskubidea lortzeko baldintza denean–, ebazpen arrazoitua emanen du profesionalen elkargoei errekerimendua egiteko, behin-behinean letradu defendatzailea izenda dezaten, bai eta prozesuko ordezkaria ere, aginduzkoa izanez gero, ez badituzte oraindik izendapen horiek egin.

2. Justizia Administrazioaren letraduak edo administrazio organoak ebazpen horren berri emanen die profesionalen elkargoei, bide ahalik eta lasterrena erabiliz, eta ondoren eskabidea izapidetuko da foru dekretu honetan xedatutakoari jarraituz.

3. Profesionalen behin-behineko izendapena egin eta gero Batzordeak edo organo judizialak doako justiziaren onura ukatzen duen kasuetan, Batzordeak horren berri emanen die eskatzaileari eta izendatutako profesionalei, ebazpen horren arabera jokatu ahal dezaten.

18. artikulua. Batzordeak prozedura instruitzea.

1. Espedientea jasota, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak 30 eguneko epea izanen du egiaztapenak egiteko, eskatzaileak emandako datuak zuzenak eta egiazkoak direla baieztatze aldera beharrezkoak jotzen duen informazioa lortzeko eta ebazpena emateko, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 17. artikuluan ezarritako moduan. Halaber, kasuan kasuko administrazioei eskatzen ahalko die berrets ditzatela eskabidearekin batera aurkezturiko agirietan dauden datu ekonomikoak, ebazpena emateko nahitaezkoa dela iruditzen bazaio.

Informazio eskaera Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko idazkariak eginen du, lehentasunez, bitarteko telematikoak erabiliz, eta beti errespetatu beharko da datuak babesteko araudia.

2. Gainera, artikulu honen lehen apartatuan ezarritako epean, Batzordeak entzuten ahalko die auzian eskatzailearen kontra diharduten alderdiei edo eskatzaileak haien kontra akzioa baliarazi nahi duen alderdiei, ezagunak badira eta eskatzailearen benetako egoera ekonomikoari buruzko datuak eman ditzaketela uste bada. Alderdi horiek 30 egunak iragan baino lehen agertzen ez badira, Batzordeak espedientea izapidetzen jarraituko du.

3. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozeduraren instrukzio fasea azkartasun eta laburtasun printzipioek gidatuko dute betiere.

4. Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak lehenetsi eginen ditu kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonen eskaerak eta adingabeenak eta adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenenak abusu edo tratu txarren biktima direnean.

19. artikulua. Ebazpena.

1. Behar diren egiaztapenak egindakoan, Batzordeak ebazpen bat emanen du doako laguntza juridikorako eskubidea onartu edo ukatuko duena edo, kasua bada, eskabidearen artxiboa berretsi edo ukatuko duena, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, espediente osoa hartzen denetik hasita.

2. Halaber, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 6. artikuluaren 10. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, eskatzaileak frogatzen badu ondorio askotarako errenta adierazle publikoa baino diru-sarrera txikiagoak dituela, inguruabar hori berariaz aipatuko da eskubidea aitortzen dion ebazpenean.

3. Ebazpenean eskubidea aitortuz gero, berretsi eginen dira elkargoek behin-behinean egindako profesionalen izendapenak, eta, horrenbestez, behin-behinean izendatutako letradu defendatzaileari eta prozesuko ordezkariari legozkiekeen onura ekonomikoei begira ere aitortuko da eskubidea. Izendapen horiek egin gabe badaude, Batzordeak elkargoei berehala eskatuko die izenda ditzatela eskubidearen titularra defendatu eta, hala badagokio, haren ordezkari izanen diren profesionalak.

4. Ebazpenak eskubidea ukatzen badu, behin-behinean egindako izendapenak indarrik gabe geldituko dira, eta horrenbestez, eskatzaileak ordaindu beharko ditu behin-behinean izendatutako profesionalek benetan egindako zerbitzuek sorrarazi dituzten zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomikoak. Hori gorabehera, eskatzaileak nahi dituen profesionalak izendatzen ahalko ditu.

Letradu defendatzaileak inoiz ezin izanen dio zerbitzu-sarien ordainketa erreklamatu ofizioz izendatutako prokuradoreari, ez eta aurkako alderdiarenari ere.

5. Eskubidea eskatu duen pertsonak gerora eskubidearen aitorpena lortzen badu, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpenak ez du atzeraeraginezko ondoriorik izanen.

20. artikulua. Jakinarazpenak eta komunikazioak.

Batzordeko idazkariak hiru eguneko ohiko epean jakinaraziko die ebazpena eskatzaileari, abokatuen elkargoari eta, hala behar denean, prokuradoreenari, bai eta alderdi interesdunei ere, eta ebazpenaren berri emanen dio prozesuaz arduratzen den epaitegi edo auzitegiari, edo tokian tokiko epaile dekanoari, prozesua hasi gabe badago.

Jakinarazpen eta komunikazioak egiteko, ahal dela bitarteko telematikoak erabiliko dira.

21. artikulua. Ebazpen espresurik ez egotea.

1. Espedientea izapidetu eta ebazteko ezarritako 30 eguneko epea iraganik, Batzordeak espresuki ebatzi ez badu, berretsita geldituko dira abokatuen elkargoek aurrez hartutako erabakiak, eta kasu bakoitzean dagozkien ondorioak izanen dituzte.

2. Profesionalen elkargoek ere ez badute erabakirik hartu ezarritako epean, Batzordeak epean espresuki ebatzi ez izanak bide emanen du eskaera baietsitzat jotzeko. Halakoetan, interesdunak, prozesuaz arduratzen den organo judizialak edo, eskaera prozesua hasi baino lehen egin bazen, eskumena duen epaitegi dekanoko titularrak, eskubidea bere osotasunean deklaratuko du eta profesionalen elkargoei errekerimendua eginen die letradu defendatzailea izendatzeko, bai eta, aginduzkoa bada, prozesuko ordezkaria ere.

3. Eskaeraren ustezko baiespena edo ezespena aurkaratu ahal izan dadin, aplikatzekoa izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoa.

22. artikulua. Eskubidea errebokatzea.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 19. artikuluaren lehen apartatuan adierazitako inguruabarrak gertatzen direnean –hau da, doako laguntza juridikoaren eskatzaileek datu okerrak edo faltsuak ematea edo datuak ezkutatzea, datu horiek erabakigarriak izanik eskubidea aitortzeko–, Batzordeak, interesdunari hamar eguneko entzunaldia emanda, eskubidea errebokatuko du. Ondorio horietarako, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak ofizioz berrikusteko ahalak izanen ditu, eta eskubidea aitortu zuen ebazpena deuseza edo deuseztagarria dela deklaratzen ahalko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106. eta 107. artikuluek ezarritako eran.

2. Eskubidea errebokatu ondoren, haren aitorpenaren onuradunek ordaindu beharko dituzte ofizioz izendatutako profesionalek sorrarazitako zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomiko guztiak, bai eta aitorpenaren ondorioz lortutako gainerako prestazioen kostua ere; hori guztia, alde batera utzi gabe egozten ahal zaizkien bestelako erantzukizunak, halakorik bada.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, zerbitzu-sariak jaso dituzten profesional jarduleek profesionalen elkargoari itzuli beharko dizkiote beren izendapenaren ondorioz jasotako zenbatekoak, eta elkargoak, berriz, Administrazioari itzuli beharko dizkio. Itzulketa hori konpentsazio bidez egiten ahalko da.

Administrazio eskudunak ordaindutako diru kopuruen itzulketa eskatzen ahalko die eskatzaileei, betiere, Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorrean ezarritako premiamendu prozedura administratiboaren bidez.

4. Prestazioaren onuradunak baliarazitako uziaren jakitun den organo judizialak, ofizioz nahiz Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak eskaturik, eskubide-abusua, ausarkeria, fede gaiztoa edo lege-iruzurra antzematen badu hura egikaritzean, hala adieraziko du prozesuari amaiera ematen dion ebazpenean, eta errebokatu eginen du doako laguntza juridikoaren onura.

Errebokatze hori Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinaraziko zaio artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako ondorioetarako.

23. artikulua. Ebazpena aurkaratzea.

Batzordearen ebazpenak behin betiko aitortzen edo ukatzen badu eskatutako eskubidea, edo errebokatzen badu aldez aurretik aitortutako eskubidea, edo onuradunaren egoera ekonomikoak hobera egin duela deklaratzen badu, hura aurkaratzen ahalko da Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 20. artikuluan ezarritako moduan.

24. artikulua. Dirua itzultzea.

1. Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenak kostuez erabakitzen badu doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena lortu duenaren alde edo legez eskubide hori aitortua duenaren alde, aurkako alderdiak ordaindu beharko ditu haren defentsaren kostuak.

Horrelakoetan, organo judizialaren ordainketa-agindua, aurkako alderdia defentsa- eta ordezkaritza-jarduketen kostuak ordaintzera kondenatzearen ondoriozko zenbatekoei dagokiena, prozesuan esku hartu duen ofiziozko profesionalaren alde eginen da, eta hark kasuan kasuko profesionalen elkargoari jakinarazi beharko dio, hamar eguneko epean, zenbateko horiek kobratu dituela. Ordainketa-agindua eman ondoren, Justizia Administrazioaren letraduak horren jakitun jarriko ditu profesionalen elkargoa eta kasuan kasuko administrazio publikoa. Administrazio publikoak jada kalte-ordaina eman badio ofiziozko profesionalari, hark elkargo profesionalari itzuli beharko dio zenbateko hori.

2. Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenean kostuak ordaintzera kondenatzen badute doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena lortu duena edo eskubide hori legez aitortua duena, berak ordaindu beharko ditu bere defentsak eta aurkako alderdiarenak sorrarazitako kostuak baldin eta prozesua amaitu eta hurrengo hiru urteetan bere egoera ekonomikoak hobera egiten badu. Bitartean etenda egonen da Kode Zibilaren 1967. artikuluko preskripzioa.

Egoera ekonomikoak hobera egin duela uste izanen da diru-sarrera eta bestelako baliabide ekonomiko guztiek Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 3. artikuluan ezarritako moduluaren bikoitza gainditzen badute edo lege horri jarraituz eskubidea aitortzerakoan kontuan hartu ziren inguruabar eta baldintzak funtsean aldatzen badira.

Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari dagokio adieraztea onuradunaren egoera ekonomikoak hobera egin duen, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 36.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Hark ematen duen ebazpena lege horren 20. artikuluan adierazitako moduan aurkaratzen ahalko da.

3. Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenak kostuei buruz berariaz erabakitzen ez duenean, doako justiziaren onuradunak irabazten badu auzian, berak ordaindu beharko ditu bere defentsak sorrarazitako kostuak, auzian lortu duen zenbatekoaren herena gainditzen ez badute. Zenbateko hori gainditzen badute, heren horretara murriztuko dira, partidak hainbanatuz.

IV. KAPITULUA

Doako letradu-laguntzako, defentsako eta ordezkaritzako zerbitzuen antolaketa

25. artikulua. Zerbitzuak elkargoen bidez kudeatzea.

1. Abokatuen eta prokuradoreen elkargoetako gobernu batzarrek arautu eta antolatuko dituzte doako orientazio juridikoko, letradu-laguntzako eta defentsa eta ordezkaritzako zerbitzuak, printzipio hauek aintzat hartuz: efizientzia, funtzionaltasuna, bizkortasuna, eskuragarritasuna, kalitatea, gardentasuna, txanden banaketa objektibo eta zuzena eta jurisdikzio-ordenen araberako espezializazioa.

2. Ofiziozko profesionalak izendatzeko bitartekoak eta txandak banatzeko sistemak publikoak izanen dira elkargokide guztientzat eta doako laguntza juridikorako eskubidearen eskatzaileek kontsultatzen ahalko dituzte.

3. Profesionalen elkargoek doako laguntza juridikoko zerbitzuen funtzionamendu zuzena zainduko dute eta behar diren neurri guztiak hartuko dituzte herritarrek kalitatezko prestazio profesionala jasotzeko duten eskubidea berma dadin.

4. Arautze hori foru dekretu honetan jasotako irizpide orokorretan oinarrituko da.

26. artikulua. Orientazio juridikoko zerbitzuak.

1. Abokatuen elkargoek nahitaez izan behar dute herritarrei zuzendutako orientazio juridikoko zerbitzua, bakoitzak berea. Gobernu batzarrak esleitzen dizkion eginkizunez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu zerbitzu horrek:

a) Doako laguntza juridikoaren eskatzaileei aldez aurretik aholku ematea, haien uziak orientatu eta bideratzeko.

b) Argibideak ematea doako laguntza juridikorako eskubidearen eduki materialaz, hura aitortzeko baldintzez eta haren iraupenaz.

c) Doako laguntza juridikoaren onura onartzen diotela nahiz ukatzen diotela, eskatzaileari bere eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea.

d) Interesdunei eskaera egiteko inprimakiak ematea, eta betetzen laguntzea, beharrezkoa bada.

e) Eskatzaileei eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta horietan dauden akatsak eta hutsuneak zuzentzeko eskatzea. Halaber jakinarazi beharko die baimena ematen ahal dutela, elkargoa eta, kasua bada, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea izan daitezen haien datuak eskuratzen dituztenak.

f) Eskaeran jasotako uzi nagusia aztertzea, ea argi eta garbi defendaezina ote den, edo funtsik gabekoa, edo eskubide-abusua.

g) Gatazkak ebazteko prozesu judizialaren ordezko sistemen edo sistema osagarrien berri ematea.

2. Zerbitzu hau doakoa izanen da doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena eskatzen duten pertsonentzat.

3. Abokatuen elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte orientazio juridikoko zerbitzuak herritarren eskura jartzeko eta non dauden eta zer eginkizun dituzten egokiro ezagutarazteko.

4. Abokatuen elkargoek justiziaren arloko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari informazioa emanen diete orientazio juridikoko zerbitzuen antolaketaz, funtzionamendu arauez, egoitzaz eta herritarrentzako ordutegiez, eta edozein aldaketaren berri emanen diete, herritarrei arreta eraginkorra eskaintzeko xedez.

5. Behar adina espezialistak osatuko dituzte orientazio juridikoko zerbitzuak, zenbat auzitan lagundu behar duten eta zenbat zerbitzu espezializatu sortu diren aintzat hartuta. Abokatuen elkargoek urtero izendatuko dituzte orientazio juridikoko zerbitzuko kideak, prestakuntza eta espezializazioa irizpide dituztela.

27. artikulua. Orientazio juridikoko zerbitzu espezializatuak.

1. Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legean ezarritakoaren arabera, laguntza espezializatua bermatu behar zaie kalteberatasun bereziko faktoreak dituzten pertsonen kolektiboei, eta zerbitzu espezializatu hauek arituko dira horretan:

a) Genero indarkeriaren arloko orientazio juridikoko zerbitzua, indarkeria sexistaren edozein agerpenen biktima diren emakumeei laguntzeko, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean ezarritako moduan.

Letradu-laguntza emanen zaie, halaber, salerosketaren biktima diren emakumeei, adingabeei eta adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonei, abusu edo tratu txarren biktima direnean.

Zerbitzu hau, elkargoen egoitzetan ez ezik, genero indarkeria pairatzen duten emakumeei laguntza integrala emateko taldeen egoitzetan ere emanen da. Talde horiek Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren mendekoak dira.

b) Orientazio eta laguntza juridikoko zerbitzua pertsona hauentzat: desgaitasuna dutenentzat –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duenak, 4. artikuluan aipatzen dituen horientzat–, eta haiek beren kargu dituzten pertsonentzat, osasun kontuekin edo desgaitasunarekin lotura duten prozeduretan jarduten dutenean haien izenean eta haien interesen alde.

2. Aurreko apartatuan aipatutako zerbitzuez gain, abokatuen elkargo batek bere barrutian espetxeren bat badu edo Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitza badu, zerbitzu espezializatu hauek sortzen ahalko ditu:

a) Espetxeko orientazio juridikoko zerbitzua, espetxeko presoei laguntzeko.

Zerbitzu hau foru dekretu honen 26. artikuluan ezarritako moduan emanen da, eta elkargoak espetxearekin adostuko du zerbitzua emateko maiztasuna, beharren arabera.

b) Atzerritarren gaietarako orientazio juridikoko zerbitzua. Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei eta haiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan ezarritako prozeduretarako eta izapideetarako aholkularitza eskainiko du.

Zerbitzu honetan, kasuan kasuko elkargoak egokitzat jotzen dituen hizkuntzetan emanen da informazioa, hizkera egokituan, eta, behar izanez gero, interprete edo itzultzaile bat eskatzen ahalko zaio justiziaren eta migrazio politiken arloetan eskumena duen departamentuari, bai eta kulturen arteko bitartekari bat ere.

28. artikulua. Guardiako txanda.

1. Abokatuen elkargoek, elkargo horiek txikiak direlako horrelakorik behar ez denean salbu, fisikoki bertan edo erraz aurkitzeko moduan egoteko 24 orduko guardia iraunkorreko txanda antolatuko dute atxilotuarentzako laguntza zerbitzua emateko.

Aurreko apartatuan xedatutakoa ez zaie aplikatuko zinpekoen epaimahaiaren bidezko prozedurei edo konplexutasun berezia izateagatik bestelako letradu-laguntza espezializatuaren beharra dutenei.

2. Abokatuen Elkargoek espezializatutako guardien araubide bat ezarriko dute genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei aurretiazko aholkularitza eta berehalako letradu-laguntza emateko, jasandako indarkerian zuzeneko edo zeharkako kausa duten prozesu eta prozedura guztietan, eta hala eskatzen duten unetik, terrorismoaren indarkeriaren biktimei, pertsonen salerosketaren biktimei, eta adingabeei eta adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonei laguntzeko, abusu edo tratu txarren biktima direnean.

3. Atzerritar eta immigratzaileei berehalako letradu-laguntza emateko xedez, atzerritartasunaren osagaia garrantzitsua den kasuetan, Estatuko eta nazioarteko legeriak atzerritarrei aitortzen dizkien eskubideak zaintze aldera, abokatuen elkargoek atzerritarren gaietarako berariazko guardia-txanda bat antolatuko dute.

4. Espetxeko orientazio juridikoko zerbitzuaren ezaugarri bereziak direla-eta, zerbitzu hori guardiako txanda espezializatutzat joko da guardiako txandaren ondorioetarako.

5. Letradu bakarraren printzipioak eta laguntza egiazko eta eraginkorraren printzipioak gidatuko dute txanden antolaketa profesionalen elkargoetan.

6. Etengabeko guardiako txandarik ez duten elkargoetan horrelako bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak onetsi beharko du, elkargoen proposamenez, eta kontuan hartuta egunean batez beste zenbat asistentzia egin diren aurreko ekitaldian.

7. Abokatuen elkargoek justiziaren arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko diote guardiako txandak antolatu dituztela, eta zehaztuko dute zenbat letradu dauden izena emanda txanda bakoitzean, zenbatek osatzen duten guardiako zerbitzua, eta bakoitzaren araubidea eta maiztasuna. Jakinarazpen hori urtero eginen da, eta txanden antolaketan zerbait aldatzen den guztietan.

29. artikulua. Ofiziozko txanda.

1. Foru dekretu honen 30. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, abokatuen eta prokuradoreen elkargoek banaketa zuzenerako sistemak ezarriko dituzte ofiziozko letradu defendatzaileak eta prozesuko ordezkariak izendatzeko. Sistema horiek publikoak izanen dira abokatu eta prokuradore guztientzat, eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek kontsultatzen ahalko dituzte.

2. Gaien eta jurisdikzio-ordenen araberako txanda edo zerrenda orokorrez gainera, hauek izanen dira laguntza juridikoko txanda espezializatuak:

a) Letradu-laguntza genero indarkeriaren biktimentzat, pertsonen salerosketaren biktimentzat, eta adingabeentzat eta adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzat, abusu edo tratu txarren biktima direnean.

b) Letradu-laguntza adingabeentzat zigor arloko jurisdikzioan.

c) Letradu-laguntza atzerritarrentzat.

d) Letradu-laguntza espetxeko presoentzat.

e) Elkargoek ezar ditzaketen gainerakoak, justiziaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak onetsiz gero.

3. Foru dekretu honen 30. artikuluan azaldutako kasuetan izan ezik, elkargo bakoitzak ofiziozko txandarako kudeatzen dituen zerrendetan izena emanda dauden profesionalak izendatuko ditu.

Zerrendak jurisdikzio-ordenen arabera antolatuko dira, eta gainera zerrenda bana eginen da txanda espezializatuetarako.

30. artikulua. Letradu-jardunaren batasuna.

1. Zilegi izanen da abokatu edo prokuradore bat izendatzea prozesu-legeen arabera auzian defentsa edo ordezkaritza beraren pean jardun behar duten eskatzaile guztientzat.

2. Pertsona bat genero indarkeriaren biktima delako abiarazten diren prozesuetan, une oro zuzendari letradu berak lagunduko dio biktimari, betiere era horretan defentsarako eskubidea behar bezala bermatzen bazaio. Horretarako kontuan hartuko dira inguruabar hauek: zein txanda edo espezialitateri dagoen atxikita profesional hori, eta planteatu beharreko akzioek lotura zuzena eta estua izatea biktima izate horrekin.

Biktima hiltzen bada, jaraunsleek ere (edo jaraunsleek gaitasunik ez badute haien legezko ordezkariak) eskubide hori bera izanen dute kaltedun gisa.

3. Arau orokor gisa, eta profesionalen elkargoek antolaketarako autonomia baliatuz erabakitzen dutena galarazi gabe, zigor arloko prozeduretan abokatu bakar batek emanen du letradu-laguntza atxiloketatik hasita, halakorik bada, edo lehen agerralditik hasita, eta abokatu horrekin eginen dira prozedurako fase guztiak.

Zigor arloko prozeduran izendatutako letraduaren laguntza, aurreko paragrafoan adierazitakoarekin bat, pertsonala eta besterenezina izanen da. Aurrekoarekin eta Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunean xedatutakoarekin bat, letraduak modu jarraituan eginen du zerbitzu hori, aurrez aurreko laguntza emanez atxiloketan eta ondorengo jarduketetan eta prozesuko egintza baterako zitatzen duten guztietan; herritarrei informazio zehatza eta osoa emanen die prozedurari eta ematen diren ebazpenei buruz; ahal duen heinean, berehala eta aurrez aurre emanen du jurisdikzio-organoaren aurrean egin duen jarduketaren ondorioei buruzko aholkularitza.

31. artikulua. Prestakuntza eta espezializazioa.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 25. artikuluko eskudantzien esparruan, eta abokatuen elkargoek txostena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak prestakuntzaren arloan nahitaez bete beharreko baldintzak ezartzen ahalko ditu.

2. Txanda espezializatuetan –genero indarkeria, adingabeak, atzerritarrak, espetxea, edo sor daitezkeen gainerakoak– prestakuntza espezializatua eskatuko da bai txanda horietan sartzeko, baita horietan jarraitzeko ere. Betiere, indarkeriaren arloko txanda espezializaturako prestakuntza Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin edo berdintasunaren arloko erakunde eskudunarekin adostuta zehaztuko da.

3. Justiziaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak ekarpena egiten ahalko du, aurrekontuko baliabideen arabera, txandetan eska daitekeen prestakuntza osagarria edo espezializatua finantzatzeko. Helburua da kalitate eta gaitasun profesionalaren maila egokia lortzea, defentsarako eta ordezkaritzarako eskubide konstituzionala berma dadin.

32. artikulua. Abokatuen eta prokuradoreen elkargoen arteko koordinazioa.

1. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeak berekin ekarriko du abokatua eta, hala behar denean, prokuradorea izendatzea, salbu eta uko egiten zaienean Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 28. artikuluan azaltzen den moduan.

2. Profesionalen elkargoak elkarrekin koordinatuta arituko dira kasu bakoitzean behar diren izendapenak aldi berean egiteko; ezin izanen dute jardun aldi berean ofiziozko abokatu batek eta nahieran hautatutako prokuradore batek, edo alderantziz, salbu eta nahieran hautatutako profesionalak idatziz uko egiten badio bere zerbitzu-sariak edo eskubideak jasotzeari, doako laguntza juridikorako eskubidearen titularraren aurrean eta inskribatuta dagoen elkargoaren aurrean.

3. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko eskaera egiten den unean, edo eskubidea aitortutakoan, interesdunek berariaz uko egiten ahalko diote ofiziozko profesionalen izendapenari, eta beren konfiantzako profesionalak nahieran izendatu. Uko egite horrek aldi berean izanen du eragina letradu-defentsan eta prozesuko ordezkaritzan.

4. Gerora izendapenari uko egiten bazaio –horrek ere aldi berean eragin behar die ofizioz izendatutako letradu-defentsari eta prozesuko ordezkaritzari–, berariaz eman beharko zaie horren berri Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari eta kasuan kasuko profesionalen elkargoei, baina ez dira galduko doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzean onartutako gainerako prestazioak. Horrelakoetan, eskubidearen onuradunak itzuli egin beharko ditu izendatutako profesionalei funts publikoen kargura ordaindu zaizkien diru kopuruak.

5. Aurreko apartatuetan xedatutakoaren ondorioetarako, profesionalen elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte profesionalek zerbitzu-sariak jasotzeari uko egin izana eraginkortasunez jakinaraz diezaioten elkarri.

33. artikulua. Betebehar profesionalak.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat, doako justiziako zerbitzuetan inskribatutako profesionalek askatasunez eta irizpide askeari jarraituz jardunen dute, arau deontologikoei eta elkargoen doako justiziako zerbitzuen funtzionamendua zuzentzen duten arau eta gidalerroei loturik.

2. Profesionalei uko egiteko edo desenkusatzeko arrazoiak daudenean salbu, ofizioz izendatutako letradu defendatzaileak eta prozesuko ordezkariak benetan eta eraginkortasunez beteko dituzte beren eginkizunak kasuan kasuko auzialdiko prozedura amaitu arte, eta epaiaren betearazpenean ere arituko dira, baldin eta betearazpeneko jarduketa prozesalak auzialdian emandako ebazpen judizialaren ondoko bi urteetan egiten badira; hori guztia, ezertan eragotzi gabe uko egiteko edo desenkusatzeko legean aurreikusita dauden arrazoiek eragina izatea.

Aurreko paragrafoan aipatutako bi urteko epea iragan ondoren, egindako izendapenak iraungitzat emanen dira, eta beste izendapen batzuk eginen dira, beharrezkoa bada. Zilegi izanen da lehengo profesional berak izendatzea jarduketak ezagutzen dituztela kontuan hartuta.

Egindako izendapenak iraungitzat joko dira, era berean, eskubidea aitortzeko behin betiko ebazpena eman eta bi urtera hasi gabe badago eskubide hori baliarazteko prozedura judiziala.

3. Abokatua defentsan ez aritzeko desenkusatzen bada eta elkargoak desenkusa onartzen badu, abokatuak gainerako prozedurak ere utzi beharko ditu eta beste letradu bat izendatuko da.

4. Desenkusa batean oinarritutako arrazoiengatik prozedura berean bi profesionalek edo gehiagok esku hartzen badute, foru dekretu honen 41.1 artikuluan ezarritako moduan ordaindu beharko zaie guztiei.

5. Letradu defendatzailea zigor arloko jurisdikzioan bakarrik desenkusatzen ahalko da defentsan ez aritzeko, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 31. artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan ezarritako moduan.

6. Atxilotuta edo espetxean dagoen pertsonari letradu-laguntzako zerbitzua emateko, ez da beharrezkoa izanen hark aurretik frogatzea ez duela baliabide ekonomikorik, baina laguntzen dion abokatuak doako laguntza juridikoa eskatzeko duen eskubideari buruzko informazioa eman beharko dio.

34. artikulua. Uzia defendaezina izatea.

1. Prozesu baterako izendatutako letradu defendatzaileari defendaezina iruditzen bazaio doako laguntza juridikoaren eskaera eragin duen uzia, izendatzen dutenetik 15 eguneko epean hala adierazi beharko dio Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari, behar bezala arrazoitutako txosten bat aurkeztuz, non azalduko baititu bere erabakiaren oinarri diren argudio juridikoak (uzia ebaluatzeko behar diren agirien falta dela-eta epe hori eten dadila eskatzen ahalko du). Ondoren tramiteak eginen dira Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 32. artikulutik 35.era bitartekoetan ezarritakoari jarraituz.

2. Txandak antolatzeari begira, defendaezintasunari buruzko txostena egiten duen profesionalak izendapenaren aurretik zegokion lehentasun ordenari eutsiko dio Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen 34. artikuluan azaltzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

3. Abokatuen elkargoek erregistro berezi bana edukiko dute elkargokideek uzien defendaezintasuna formulatu ondoren izapidetzen diren espedienteak bertan jasotzeko.

35. artikulua. Kexak eta salaketak.

Doako laguntza juridikoari buruzko Estatuko araudiarekin bat etorriz, elkargoetako doako laguntza juridikoko zerbitzuen funtzionamenduari eta txandetako profesionalen jarduketei buruz kexak edo salaketak aurkezten ahalko dira profesionalen elkargoetan, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordean edo Arartekoaren aurrean.

Elkargoak kexa bat jasotzen duenean, behar diren kudeaketak eginen ditu hura egiaztatzeko eta erasanak izan litezkeen eskubideak babesteko, diziplina arloko erantzukizunak bideratzeko, halakorik sortuz gero, eta, ondare-erreklamazioa planteatzen bada, erantzukizun zibilaren estaldura kontratatuta daukan aseguru entitateari hura helarazteko.

Ildo horretan hartutako erabakiak eta neurriak Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinaraziko zaizkio.

36. artikulua. Ondare-erantzukizuna.

1. Elkargoetako doako laguntza juridikoko zerbitzuen funtzionamenduak eragiten dituen kalteak administrazio publikoentzat ezarritako ondare-erantzukizuneko arau eta printzipio orokorren arabera ordainduko dira. Arau eta printzipio horiek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 16ko 40/2015 Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota daude.

2. Ebazpena emateko unean, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak edo Doako Laguntza Juridikoaren Legearen 20. artikuluan aurreikusitako aurkaratzeak ebazten dituzten organo judizialek elkargo profesionalek abokatu-defentsaren eta ordezkaritza prozesalaren behin-behineko izendapenei buruz hartutako erabakiak deuseztatzeak edo aldatzeak ez du esan nahi horren erantzukizuna elkargo profesionalei egotzi behar zaienik.

3. Kalte-ordainaren erreklamazioak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 16ko 40/2015 Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera izapidetuko dira, honako zehaztasun hauekin, betiere:

a) Interesdunaren eskaerak abiaraziko du kalte-ordaina erreklamatzeko prozedura. Eskabidea kasuan kasuko profesionalen elkargoari aurkeztu eta zuzenduko zaio.

b) Amaierako ebazpena, kalte-ordainaren erreklamazioa baiestekoa edo ezestekoa, kasuan kasuko elkargoko gobernu batzarrak emanen du.

c) Ebazpena Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinarazi beharko zaio beti.

V. KAPITULUA

Doako laguntza juridikoko zerbitzuen konpentsazio ekonomikoa eta gainbegiratzea

37. artikulua. Elkargoen zerbitzuengatiko konpentsazio ekonomikoa.

1. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak konpentsazio ekonomikoa emanen du, bere aurrekontu-zuzkiduren kargura, abokatuen eta prokuradoreen elkargoek doako laguntza juridikoko zerbitzuak ezarri eta emateagatik.

2. Konpentsazioaren zenbatekoa, funtsean, defentsa eta ordezkaritzako doako jarduketa profesionalak ordaintzeko erabiliko da, baita bitartekotza jarduketetarako ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean aurreikusita baitaude, baldin eta hartzaileek doako laguntza juridikorako eskubidearen berariazko aitorpena lortu badute. Doako laguntza juridikoa kudeatzearen ondorioz elkargoei sortutako gastuak ordaintzeko ere erabiliko da, bai eta, kasua bada, prozesu aurreko aholkularitza eta orientazio gatuak ordaintzeko ere.

3. Bidezko diren zenbatekoak ordaintzeko igorpenak hiru hilean behin eginen dira.

38. artikulua. Elkargoek doako laguntza juridikoa kudeatzearen ondoriozko azpiegitura gastuak.

1. Profesionalen elkargoen funtzionamendu eta azpiegitura gastuen zenbatekoa konpentsatzeko, foru dekretu honen III. eranskinean ezarritako moduluak aplikatuko zaizkio espediente bakoitzari.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoari dagokionez, eta foru dekretu honen 11.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, espediente nagusitzat joko da herritar batek doako justiziarako aurkeztutako lehen eskabidea. Han agertu beharko dira eskatzailearen datu pertsonalak, ekonomikoak eta, eskubidea zein prozesutan baliatu nahi duen, hari buruzkoak.

Espediente lotutzat honako hauek joko dira: jurisdikzioa edozein dela ere, dagoeneko behin betiko kalifikazioa duen espediente bat duten haiek, gerora –sei hilabeteko epean– aurkeztutako bigarren eskabidea eta hurrengoak. Jada espediente nagusian jasota dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko, baldin eta eskatzailearen inguruabar pertsonaletan eta ekonomikoetan garrantzizko aldaketarik izan ez bada.

Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietan bideratzen diren prozeduren eta gizarte arloko prozeduren berezitasuna dela-eta, gai horiei buruzko eskabideak espediente nagusi gisa izapidetuko dira beti, eta inoiz ez da sortuko espediente loturik.

3. Modulua espediente bakoitzarekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoa sorraraziko da behin jasorik gelditzen denean espedientea osorik dagoela eta aplikazio informatiko partekatuan erregistratu dela Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak behin betiko ebatz dezan.

4. Hiruhileko bakoitza amaitu eta hurrengo hilabete naturalean, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko idazkariak Batzordean zenbat espediente oso sartu diren ziurtatuko du. Ziurtatze horren mende eta izan litezkeen akatsak zuzentzearen mende egonen da ordainketarako igorpena egitea.

5. Abokatuen eta prokuradoreen elkargoen betebeharra izanen da doako laguntza juridikoaren kudeaketak hiruhilekoan eragin dizkien azpiegitura gastuak dokumentu bidez justifikatzea, euskarri informatikoan. Diruz lagundutako zenbatekoak ez du inoiz gainditu behar benetan justifikatutako zenbatekoa; gainditzen badu, justifikatutako zenbatekora murriztuko da.

39. artikulua. Baremoaren araberako ordainketa.

1. Ofizioz izendatutako profesionalek zer motatako prozeduretan esku hartzen duten kontuan hartuz finkatutako konpentsazio oinarri ekonomikoak eta konpentsazio moduluak erabiliko dira profesional horiei ordaintzeko.

Konpentsazio ekonomikorako erreferentziako modulu eta oinarriak III. eranskinean jaso dira. Foru dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera aplikatuko dira.

2. Prozedura bat bereziki konplexutzat joko da baldin eta Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusiak hala onartzen eta baimentzen badu, kontuan izanik prozeduraren iraupena, zailtasuna, gaiak eskatzen duen dedikazioa, tartean diren pertsonak, jurisdikzio organoetako eginbide ugariak nahiz bestelako inguruabarrak –profesionalen elkargo eskudunak behar bezala justifikatuak eta salbuespenezkoak–.

Horrelako prozeduretan egindako jarduketen kalte-ordaina foru dekretu honen III. eranskinean konpentsazio ekonomikorako ezarritako oinarrien arabera zehaztuko da.

3. Hala ere, foru dekretu honen 17. artikuluan aipatzen diren gastuei aurre egiteko, eta 11. artikuluaren 7. apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, aurreko ekitaldian jasotako zenbatekoen % 2,5 ordainduko zaio profesionalen elkargo bakoitzari. Kalkulu horretan ez dira sartuko aurreko ekitaldian guardiako zerbitzuagatik jasotako zenbatekoak. Zenbateko hori ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan ordainduko da.

40. artikulua. Guardiako txandaren konpentsazio ekonomikoa.

1. Guardiako zerbitzuak ematen dituzten profesionalei dagokien kalte-ordaina foru dekretu honen III. eranskineko konpentsazio moduluen arabera zehaztuko da.

2. Profesionalen elkargoek elkargo-ziurtagirien bidez justifikatuko dituzte egindako zerbitzuak. Ziurtagiria bide telematikotik igorri beharko diote justiziaren arloan eskumena duen departamentuari, eta bertan jaso beharko dute, nahitaez, zerbitzu bakoitzean zenbat asistentzia egin diren egunean.

3. Profesionalen elkargoei ordaintzeko igorpenak hiru hilean behin eginen dira, gero profesionalen arteko banaketa egin dadin.

41. artikulua. Kalte-ordainaren sortzapena.

1. Ofizioz izendatutako profesionalek ofiziozko txandan jardutean kalte-ordaina sorraraziko dute, ehuneko hauen arabera:

a) Ehuneko 70:

a.1) Prozedura zibiletan, familia arlokoak barne, demanda onartzen denean edo demandaren erantzuna formulatutzat ematen denean.

a.2) Zigor arloko prozeduretan, abokatuak edo prokuradoreak esku hartu behar duen jarduketa prozesalaren eskaera edo eginbidea aurkezten denean, edo ahozko judizioa hasten denean.

a.3) Errekurtsoetan, errekurtsoa formalizatzen denean.

a.4) Formalizatu gabeko kasazio-errekurtsoetan, errekurtsoa bideraezina izatearen arrazoiak azaltzen dituen txostena elkargoari ematen zaionean.

a.5) Gainerako prozeduretan, profesionalak esku hartu duela erakusten duen ebazpen judiziala emandakoan.

b) Ehuneko 30, auzialdiari amaiera ematen dion epai edo ebazpenaren bidez prozedura bukatutakoan.

2. Izendatutako profesionalek, halaber, auzialdiari amaiera ematen dion epai edo ebazpenaren bidez prozedura bukatutakoan sorrarazten ahalko dute ofiziozko txandan jarduteagatik dagokien kalte-ordain osoa.

3. Familia arloko prozesuetan, epaiaren betearazpenak beti emanen du bidea dagokion moduluaren konputurako.

4. Judizioz kanpoko transakzioetan eta uziaren defendaezintasunari buruzko txostenetan, interesdunak sinatutako dokumentua edo defendaezintasun txostena aurkezten denean sorraraziko da kalte-ordain osoa.

5. Atzerritarren Legeko prozeduretan, kalte-ordain osoa sorraraziko da prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren edo administrazio-egintzaren kopia aurkeztutakoan.

6. Bitartekotza prozesuetan, kalte-ordain osoa sorraraziko da prozesuari amaiera ematen dion dokumentua aurkezten denean, bitartekariak sinatuta.

7. Atzerritarren Legeko prozeduretan, kalte-ordain osoa sorraraziko da prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren edo administrazio-egintzaren kopia aurkeztutakoan.

8. Baldin eta, prozedura batean izendatutako lehen pertsonarentzako kalte-ordaina jada sortuta dagoela bigarren profesional bat izendatzen bada, profesionalen elkargoek beharrezkoak diren jarduketak eginen dituzte kalte-ordain horren zenbatekoa bien artean birbanatzeko.

9. Guardiako txanda batean parte hartuz gero, guardia hori amaitutakoan sorraraziko da kalte-ordaina.

42. artikulua. Agiri bidezko egiaztapena.

1. 41. artikuluaren lehen paragrafoan aipatzen den agiri bidezko egiaztapena egiteko, taloia edo justifikazio-zerrenda aurkeztu beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduari jarraituz; agiri horrek sei hilabete iraunen du indarrean, prozedura judizial edo administratiboan emandako azken ebazpena helarazten edo jakinarazten den egunetik hasita.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea taloi edo justifikazio-zerrendarik aurkeztu gabe iragaten bada, kalte-ordainerako eskubidea galduko da kasuan kasuko prozedurari dagokionez.

2. Elkargoek emanen diete taloi edo justifikazio-zerrenda hori profesionalei. Agiri horretan eta beraren matrizean datu hauek jarriko dituzte: eskatzailea, espediente zenbakia, izendatutako profesionala eta izendapenaren data.

3. Izendatuek taloian jarri beharko dute zein diren organo judiziala, prozedura eta prozesuaren fasea. Horrela, kalte-ordaina sorrarazten duen jarduketa profesionala egin ondoren, elkargoak taloia baliozkotuko die.

4. Dokumentuak bide telematikotik aurkeztuko dira, doako laguntza juridikoa kudeatzeko aplikazio informatikoan sartuz.

43. artikulua. Ematen diren zerbitzuen egiaztapena eta kalitatea.

1. Elkargoek egiaztatu egin beharko dute profesionalek zerbitzuak ematen dituztela. Horretarako, aurreko artikuluan aipatzen den agiri bidezko justifikazioa erabiliko dute, eta gehienez ere bost urtez edukiko dute gordeta Administrazioaren eskura.

2. Egiaztapena egin ondoren, profesionalen elkargoek, bide telematikoetatik, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari ziurtagiri bat bidaliko diote, zeinean zerrendatuko baitira aplikazio informatikoan hiruhileko bakoitzean konpentsazio ekonomikorako sartu diren espedienteak.

3. Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, aplikazio informatiko beraren bitartez, elkargoek igorritako ziurtagirian sartutako espedienteak berrikusi eta, kasua bada, justifikatu eginen ditu.

4. Emandako zerbitzuaren kalitatea egiaztatze aldera, justiziaren arloan eskumena duen departamentuak ebaluazio sistemak ezartzen ahalko ditu erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzeko.

44. artikulua. Elkargoek abokatu eta prokuradoreen jarduketa profesionalak finantzatzeko konpentsazio ekonomikoa kudeatzea.

1. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak konpentsazio ekonomikoa emanen die abokatuen elkargoei eta Prokuradoreen Elkargoari, bakoitzari dagokion zenbatekoa, igorpen bakoitzaren aurreko hiruhilekoan egin eta egiaztatutako jarduketa profesionalen arabera eta izapidetutako espedienteen arabera.

Ondorio horietarako, profesionalen elkargoek, hiruhileko bakoitza amaitu eta hurrengo hilabete naturalean, foru dekretu honen 40. artikuluan aipatzen den ziurtagiria bidaliko diote justiziaren arloan eskumena duen departamentuari, honako hauek erantsita: Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko idazkariak emandako ziurtagiriak (aplikazio informatikotik jasoak), zeinetan azalduko baitira elkargo bakoitzak aurreko hiruhilekoan zehar egin eta justifikatutako jarduketen kopurua eta mota; halaber, elkargo bakoitzak izapidetutako espedienteen kopurua eta lotutako guztizko kostu ekonomikoa.

Ziurtagiri horiek aintzat hartuz, organo eskudunak jarraian hiru hilean behingo igorpenak eginen ditu, bidezkoak badira, ezertan eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen erregularizazioak.

2. Profesionalen elkargoek kontu bereizi batean sartuko dituzte igorritako zenbatekoak, eta horiek sortzen dituzten interesekin azpiegitura gastuak finantzatzen ahalko dituzte, doako laguntza juridikoa kudeatzeak elkargoari eragindakoak.

3. Administrazioaren kalte-ordaina jaso ondoren, profesionalen elkargoak ahalik eta bizkorren banatuko du berak justifikatutako jarduketak egin dituzten profesionalen artean.

VI. KAPITULUA

Doako peritu-laguntza

45. artikulua. Prestazioaren edukia.

1. Doako peritu-laguntzan perituek aholkua eta irizpena ematen dituzte prozeduretan, hala eskatzen badute organo judizialak (ofizioz), fiskaltzak edo doako laguntza juridikorako eskubidea duen alderdiak edo auto judizial baten bidez kaudimengabe deklaratutako alderdiak.

Kasu horietan, peritu-frogaren kostu ekonomikoa justiziaren arloan eskumena duen departamentuaren aurrekontu-zuzkiduren kargura ordainduko da.

2. Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluaren seigarren apartatuan aipatzen diren pertsona eta entitateek emanen dute doako peritu-laguntza.

46. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko perituak izendatzeko prozedura.

1. Organo judizialak justizia arloko eskumenak dituen departamentuari eskatuko dio peritu bat izenda dezala. Horretarako, foru dekretu honen IV-a) eranskineko eredua (peritua eskatzeko eredua) bidaliko dio, behar bezala betea.

2. Eskaera jaso ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko departamentu, erakunde edo zerbitzu tekniko egokiari (hau da, peritu-frogarako behar diren ezagutzak dituzten langileak dituenari) igorriko zaio, izendapen-proposamena egin dezan.

3. Izendatutako pertsona identifikatzeko eta berarekin harremanetan jartzeko datuak agertu behar dira izendapen-proposamenean. Hamar egun naturaleko epean idazkaritza tekniko nagusiek justizia arloko eskumenak dituen departamentuari bidaliko diote proposamena, organo eskatzaileari helaraz diezaion.

4. Izendatutako pertsonak organo judizialak ezarritako toki eta egunean agertu beharko du kargua onartzeko. Peritu izendatu ondoren, prozesu-lege egokiek arautuko dute prozesuan izanen duen jarduna, alde batera utzi gabe agintari judizialek hierarkiako nagusi hurrenari eskatzea prozesuko egintzetara joateko baimenak eta, halakorik behar izanez gero, peritu-txostena garaiz egiteko behar diren lanaldien luzapenak eman diezazkion.

5. Premia larriko kasuetan, organo judizialak behar bezala arrazoiturik, aurreko apartatuan adierazitako epea erdira murriztuko da.

6. Peritu-txostena edo -irizpena egin eta eman dela egiaztatzeko, organo judizialak foru dekretu agindu honen IV-a) eranskineko ereduaren dagokion atala bete eta justizia arloko eskumenak dituen departamentuari bidaliko dio.

7. Eskaera jaso duen departamentuak izendapen-proposamena egiten ez badu, horren arrazoiak azaldu beharko ditu txosten batean, eta justizia arloko eskumenak dituen departamentuari igorriko. Horren berri emanen zaio organo eskatzaileari, foru dekretu honen 47. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko langileek ez dute zerbitzu-sariak jasotzeko eskubiderik izanen peritu-txostena edo -irizpena egiteagatik, zerbitzuagatik bidezko kalte-ordainak jasotzeko eskubidea eragotzi gabe. Kalte-ordainak justizia arloko eskumenak dituen departamentuak ondorio horietarako gaitzen duen aurrekontuko partidaren kargura ordainduko dira.

Elkarlanaren ondorioz lanaldia luzatzen bada, atseden-denborarekin konpentsatuko da.

47. artikulua. Peritutza pribatua.

Peritu pribatuek emandako dohaineko peritu-laguntza bidezkoa da kasu hauetan: kasuan kasuko arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko langile teknikorik ez dagoenean; izendapen-proposamena egitea ezinezkoa denean; edo organo judizialak peritu-jarduera jakin bat bidezkotzat jotzen duen ebazpen arrazoitua ematen duenean.

Doako peritu-laguntzaren xedeak zerikusia badu ondasun higiezinekin, ibilgailuekin, bitxiekin edo ondasun preziatuekin, peritu pribatuek emanen dute doako peritu-laguntza, betiere.

48. artikulua. Peritu-frogen kostu ekonomikoa.

1. Peritu gisa proposatutako pertsonak peritu-frogaren kostu ekonomikoaren aurreikuspena igorri beharko dio justiziaren arloan eskumena duen departamentuari, onets dezan. Horretarako, foru dekretu honen IV-b) eranskinetik hartuko du peritu-frogaren kostu ekonomikoaren aurreikuspenaren eredua.

2. Aurreko ataleko agiria aurkezteko betebeharretik salbuetsita egonen dira guardiako epaitegiek izendatutako perituak.

3. Foru dekretu honen 49.1 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, baztertutzat joko dira irizpenaren xedea kontuan hartuta foru dekretu honen IV-c) eranskineko konpentsazio ekonomikorako oinarriak gainditzen dituzten aurreikuspen ekonomikoak. Kasu horretan, 10 eguneko epe bat irekiko da konpentsaziorako oinarriekin bat egiten duen beste aurreikuspen bat aurkezteko. Epe horretan beste zenbatespen bat aurkezten ez bada, edo aurkezten dena berriro baztertzen bada, foru dekretu honen 50. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

4. Baztertu eginen dira, halaber, orduko 50 eurotik gorako prezioa duten aurreikuspen ekonomikoak.

49. artikulua. Zerbitzu-sariak ordaintzeko prozedura.

1. Zerbitzu-sarien minuta kostu ekonomikoaren aurreikuspenarekin bat etorriko da. Aurreikuspen hori onartutzat joko da baldin eta igortzen denetik 20 eguneko epean organo eskudunak ez badio eragozpenik jartzen haren zenbatekoari. Hala ez bada, edo aurreikuspenik ez badago, ez dira tramitatuko aurkezten diren zerbitzu-sarien minutak, salbu eta foru dekretu honetan xedatutakoarekin bat egiten badute.

Artikulu honetan ezarritako epea erdira murriztuko da kostu ekonomikorako aurreikuspenak 150 euro gainditzen ez baditu.

2. Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak ordainduko ditu peritu pribatuen zerbitzu-sariak, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Prozesuari amaiera ematen dion epaian kostuei buruzko erabakian laguntza juridikorako eskubidearen titularraren alde egiten denean.

b) Doako laguntza juridikorako eskubidearen titularrak auzia irabazi eta, epaian kostuei buruzko erabaki espresurik ez izanik, hark prozeduran lortutako mozkinak haren defentsaren kostuen zenbatekoa halako hiru baino gehiago badira.

3. Ezkontza-sozietatearen likidazioetan edo antzeko prozeduretan, bi pertsonak edo gehiagok parte hartzen badute eta ez badira guztiak doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradun, prozeduran aritzen den kontulari banatzailearentzako edota perituarentzako kalte-ordaina kasuan kasuko moduluaren zati proportzionalaren arabera ordainduko da.

Guztiak badira doako justiziarako eskubidearen onuradun, eta peritu edo kontulari banatzaile bakarrak esku hartzen badu, modulua esku-hartze bakar gisa ordainduko da.

4. Prozesuari amaiera ematen dion epaian doako justiziarako eskubidearen titularra kostuak ordaintzera kondenatzen badute, hark ordaindu beharko ditu profesional pribatuek egindako peritu-lanak, baldin eta prozesua amaitu ondoko hiru urteetan haren egoera ekonomikoak hobera egiten badu.

5. Justizia arloko eskumenak dituen departamentuak zerbitzu-sariak ordainduko ditu organo judizialak peritu-txostena edo -irizpena egin eta eman dela egiaztatu ondoren. Horretarako, foru dekretu honen IV-b) eranskineko eredu normalizatuan dagokion atala bete beharko da; perituak aurkeztu beharko du, dagokion faktura erantsita.

Ordainketa eginen da epaia eman ez bada ere. Horregatik, funts-horniketa egiteko eskaerak ez dira kontuan hartuko.

6. Ordainketa egin ondoren, justizia arloko eskumenak dituen departamentuak horren berri emanen dio organo judizialari, kostuen tasazioaren ondorioetarako.

50. artikulua. Konpentsaziorako oinarriak gainditzen dituzten gastuak baimentzea.

1. Salbuespenez, justizia arloko eskumenak dituen departamentuak baimena ematen ahal du konpentsazio ekonomikorako oinarriak (foru dekretu honen IV-c) eranskinean finkatuak) gainditzen dituzten peritu-lanak ordaintzeko, organo judizialak hala eskatuz gero, honako kasu hauetan:

a) Peritu-lanetan objektu asko baloratzen direnean eta balorazioa bereziki zaila denean.

b) Baliabide bereziki garestiak eta ez-ohikoak erabili behar direnean.

c) Irizpenaren xedea kontuan hartuta, irizpena bereziki zaila denean eta/edo irizpenaren xedea konpentsazio ekonomikorako modulu eta oinarrietan (IV-c eranskinean ezarritakoak) sartzea ezinezkoa denean, analogiaz jokatuta ere.

2. Kasu horietan, peritu gisa proposatutako pertsonak justizia arloko eskumenak dituen departamentuari bidali beharko dio peritu-frogaren kostu ekonomikoaren aurreikuspena egiteko eredua (foru dekretu honen IV-b eranskinekoa), hark onets dezan, bai eta eskaera justifikatzen duen txostena ere, hau da, aurreko ataleko kasuetariko bat dela modu fede-emailean egiaztatzen duen txostena.

3. Gehiegizkoa delakoan aurreikuspena onesten ez bada, horren berri emanen zaio peritu gisa proposatutako pertsonari, 10 eguneko epean beste aurreikuspen ekonomiko bat aurkez dezan. Epe horretan beste aurreikuspen bat aurkezten ez bada, edo aurreikuspen berria ere baztertzen bada, horren berri emanen zaio organo judizialari, eta hark hiru aurrekontu eskatzen ahalko dizkie, aldi berean, txandaren arabera hala dagokien perituei.

Aurreikuspen ekonomikoak Justizia Zuzendaritza Nagusiari igorri ondoren, hark aurreikuspen onena hautatuko du, ez baditu gainditzen lehenago baztertu diren aurreikuspenak, eta horren berri emanen die organo judizialari eta aurrekontua aurkeztu duten profesionalei.

51. artikulua. Dirua itzultzea.

1. Bidezkoa izanen da peritu-lanengatik ordaindutako diru kopuruak itzultzea foru dekretu honen 49. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren kasuetan.

2. Prozesuari amaiera ematen dion epaian kostuei buruzko adierazpena bada eta doako laguntza juridikorako eskubidearen titularraren aldekoa bada, ordaindu behar duen alderdiak peritu-lanen zenbatekoa ordaintzen duenean, kostuak tasatu eta arautzen dituen organo judizialeko idazkaritzak horren berri emanen dio Justizia Zuzendaritza Nagusiari eta ordainketa-agindu bat emanen du haren alde, perituari ordaindutako zenbatekoarekin.

Halaber, foru dekretu honen 49.2 b) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, organo judizialak Justizia Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio zer mozkin lortu dituen auzian doako laguntza juridikorako eskubidearen titularrak.

3. Peritu-lanak ordaindu behar dituen alderdiak, edozein arrazoirengatik, zerbitzu-sarien minuta ordaintzen badio perituari, honek Nafarroako Gobernuak ordaindutako dirua itzuli beharko du, justizia arloko eskumenak dituen departamentuak emandako ordainketa-gutuna erabiliz.

52. artikulua. Peritu zerbitzuetako profesionalen zerrendak.

1. Profesionalen elkargoek eta Prozedura Zibilari buruzko Legearen 341. artikuluan aipatzen diren gainerako entitateek urtero bidaliko diote justizia arloan eskumena duen departamentuari Nafarroan peritu gisa jarduteko prest dauden elkargokideen zerrenda orokorra, eta horren barnean zehaztuko da zein profesionalek heldu nahi dieten foru dekretu honen VI. kapituluan ezarritako baldintzei.

2. Profesionalen elkargoa ez duten edo profesionalen elkargoko kide izateko betebeharra ez duten jardueretan, organo judizialetan peritu gisa aritu nahi duten pertsonek peritu judizialen zerrendetan inskribatzeko eskaera bidaliko diote justizia arloko eskumenak dituen departamentuari, foru dekretu honen IV-d) eranskinean ezarritako eredua erabiliz.

VII. KAPITULUA

Europar Batasunean egiten diren mugaz haraindiko auzietako doako laguntza juridikoa

53. artikulua. Europar Batasunean egiten diren mugaz haraindiko auzietako doako laguntza juridikoa.

1. Europar Batasunean egiten diren mugaz haraindiko auzietako doako laguntza juridikoa Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen VIII. kapituluari jarraituz arautuko da.

2. Administrazioak behar diren baliabideak jarriko ditu onuradunak aurkeztutako agirien itzulpena egiteko, organo judizialak edo Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak eskatu baditu eta beharrezkoak badira auzia ebazteko.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu I. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2117018